Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Sateruak (satitsuak, sataginak, sahatsuriak)

Sateruak (satitsuak, sataginak, sahatsuriak)

Asier Sarasua 2011/10/11 23:55
Lehen begiratuan sagu txikitxoak dirudite, baina ez dira saguen taldekoak, sator eta kirikiñoen multzokoak baizik. Euskal Herriko ugaztunik txikienak. Nahiko ugariak izan arren, ez dira larregi ikusten eta ezezagunak dira askorentzat.

Gaur arratsaldean animalia txiki batzuk aurkitu ditugu etxe parean. Zelai txiki bat dago eta aste honetan belarra moztu dute. Hantxe aurkitu ditugu. Lehenengo bat; handik gutxira beste bi. Sateroak ziren. Sateroak, edo beste toki batzuetan esaten duten moduan, satitsuak, sataginak edo sahatsuriak.

Saguen tankera daukate baina ez dira karraskarien taldekoak. Sator eta kirikiñoen taldeetatik askoz hurbilago daude (garai batean Insectivora ordena izendatzen zena).

Mundu guztian 270 espezie inguru daude, gehien-gehienak lurtarrak eta txiki-txikiak. Euskal Herrian bertan ere hainbat espezie ditugu, Sorex, Suncus eta Crocidura generoetakoak (denak ere Soricidae familiakoak).

Zentimetro gutxitako luzera, arin-arinak, begitxikiak eta muturluzeak. Eta oso jatunak. Animalia biziki aktiboak dira (ugaztunik aktiboenak) eta egun osoa jaten pasa dezakete. Gehienbat intsektuak, baina baita zizareak, bareak eta beste ugaztun txiki batzuk ere. Mugitzen den ia dena jaten dute. Espezie batzuen kasuan, esate baterako, egunero euren pisua beste jan behar dute bizirik irauteko. Eta 5-6 orduz jan gabe igarotzen badituzte, hil ere egin daitezke. Hain metabolismo bizkorra izateak desabantailak ere baditu: urtebeteko bizi iraupena daukate. Eta larregi estresatzen baditugu, bihotzekoak jota hiltzen dira.

Garrasi txikien bidez komunikatzen dira (askotan entzun ezin ditugun ultra-uhinak). Lurrean bizi dira, orbel eta belar artean. Normalean zulotxoetan bizi eta ezkutatzen dira (sator-zuloetan, saguek utzitako habietan, harri artean, eta abar). Ugariak izan arren, ez dira larregi ikusten eta ezezagunak dira gehienontzat (batez ere, saguekin nahasten ditugulako sarri).

Euskal Herrian barrena hainbat izen hartzen ditu. Oro har, satitsu. Horrez gain, sateroa (Bizkaia-Gipuzkoa aldean), satagina (Nafarroan) eta sahatsuria (Iparraldean). Beste aldaera batzuk ere jaso izan ditut, han eta hemen: satotxo, satantxo, sator-sagu, eta abar.

Saterua (satitsua, satagina)

 

Saterua (satitsua, satagina)

 

Sateruak (satitsua, satagina)

 

Oier A.
Oier A. dio:
2011/10/13 01:06

Ez neban ezagutzen "saterua" berba. 8-9 urtekin, Iturburun ikusi naban bat estrainekoz, eta azkenengoz, eta orduan ikasi naban "satitsua" berbia, harrezkero berriz apenas erabili dotena. Jolastokitik zelai aldera jaitsita genbizela, animalia zalia zan Daniel-ek ekarri zaban buztanetik txintxilika neri sagutxo bat begittandu jatana, baina berak azkar argitu ziguna: "Satitsu bat da!". Ahhh! Eta 30 urteren ostian, Asierren blogian ikusten dot bigarrena, eta berakin berba berrixa, "saterua". Ba berriz be, ahhh!

Uxune
Uxune dio:
2011/10/13 11:21

Guk "satutxu" esaten dotsagu eta baserrian makinatxo bat ikusi izan doguz, batez be katuek harrapatu eta etxera ekartzen ebezelako. Baina ekarri eta bertan ixten ebezen, lurrean, jan barik. Gure amak sarritan esandakoa: satutxuak mingotsak diez eta katuek be jan gure ez.

Patxitrapero
Patxitrapero dio:
2011/10/13 10:39

Bati baino gehiagori, xaguekin daukaten antzarengatik, hotzikara eragingo die, baina neri maitagarriak zaizkit. Txikitan, oso misteriotsuak iruditzen zitzaizkidan zelaietako buztin-menditxo harrotuak, arik eta, norbaitek jatorria argitu zidan arte. Esan ere egin zidan, baserritarrek ez dituztela oso gogoko. Neuk, bizirik, bakarra ikusi det, hain zuzen, baserritar baten atxurrapean. Ez zuen asmatu eta, eskerrak. Artean nahikoa lan baneukan, etxera ekartzen zituzten untxiak lapikoan bukatzen zutela eta, depresioa gainditzen. Kaletar petoa izateak holako ajeak ditu. Gertu gertutik hala ere, holako detailearekin, inoiz ikusi gabe nengoen satorrik, eta eskerrikasko, erakusteagatik!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz