Gipuzkera/bizkaiera mugako "haura" hori
Hirugarren mailako erakusleen artean, bi forma dira nagusi euskaraz: mendebaldeko 'ha' eta ekialde zabaleko 'hura' (bere aldaerekin, 'gura/kura', Aezkoa-Erronkari bitartean, adibidez). Baina bizkaierak eta gipuzkerak bat egiten duten Debabarrenean, bada beste forma berezi bat 'hura' erakuslearentzat: 'haura'.
Elgoibar inguruan oso indartsua dena (Mutrikun, Mendaron eta Deban), baina auzoerrietan ere erabiltzen dena, batez ere Deba Ibarreko Soraluzen eta Bergara-Antzuolan, eta baita Azkoitia-Azpeitian ere.
Zer ote "haura" hori? Ez dakit, baina beti pentsatu izan dut ez ote den horrelako zeozer:
- Bizkaian: Ha
- Gipuzkoan: Hura
- --> Mugan: ha+hura > haura
Beharbada hau/hura arteko analogia moduko bat ere izan daiteke. Edo hasierako "(h)a" hori beste zeozer ote? Auskalo. Dakienak emango digu argibiderik.
Bitartean, datu gutxi batzuk bere hedaduraz eta indarraz. Ahotsak.com proiektuko Ahozko Tradiziozko Corpus zoragarriak datu esanguratsuak ematen dizkigu. Hara, "hura" erakuslearen fitxari dagokion laburpena, bere aldaerekin eta formen hedadura geografikoarekin:
- Mutriku-Mendaro-Elgoibar-Soraluze-Bergara-Antzuola: Haura formaren gunerik indartsuena: haura %85-100 inguru; ha %0-15.
- Alboko Eibar, ostera, askoz bizkaitarragoa da (ezaugarri dialektologiko gehienetan bezala): ha %92; haura %8
- Haura formaren agerpen gutxi batzuk daude, era berean, Deba ibarreko Elgetan, Arrasaten, Oñatin, eta baita Urolaldeko Zumaian ere.
- Azkoitian eta Azpeitian datu gutxiegi dago Corpusean ondorioak ateratzeko, baina han ere erabiltzen dute (hare forma). Bertako informanteek esan didatenez, horixe da herriko forma nagusia, eta Zestoaraino iristen da.
Hemen, adibiderako, Antzuolako Juliana Arangurenen berbak (orain 10 urte grabatutakoak, 2004ko irailaren 29an, Itziar Alberdik egindako grabazioan):
Bizkaiko kostaldetik beste bi ohar egin dizkidate. Oier Txikillanak Eibartarrak zerrendan aipatu zuen (handik dator gaia) Lekeition forma indartu moduan (edo) erabiltzen dela "hauri". Gerora, Ana Moralesek Twitter bidez aipatu dit Bermeon ere izenorde enfatikoa dela "hauri" (eta "haura"?). Aritz Abaroaren iritziz "horixe"-ren ordezkoa-edo da "hauri".
Paboi handiaren (S. pyri), Europako tximeleta handienaren beldarra
Paboi handia izeneko sitsa da Europako lepidoptero edo tximeletarik handiena. Saturnia pyri du izen zientifikoa, 15 cm inguruko zabalera du, eta Europa hegoalde osoan bizi da, nahiz eta leku guztietan ez den erraz aurkitzen.
Beldarra ere halakoxea du, handi-handia, 16-18 cm bitartekoa. Joan zen astean ikusi genuen Urkuluko urtegian. Laranja edo berde kolorekoak izan daitezke, tanto urdinekin.
Polita benetan!
Eta bideo laburra:
Eta zuk, badaukazu ilerik eskuetako erdiko falangeetan?
Genetistek aztertzen dituzten milaka eta milaka karaktereen artean, bada bat MPH deitutakoa. Middle Phalangeal Hair (MPH) edo mid-digital hair indizea da, eta eskuetako erdiko falangeetan ilerik baduzun neurtzen du (hau da, 4 atzapar luzeetan, hatz lodiak ez duelako erdiko falangerik).
Ez omen dago erabat garbi ezaugarri horren oinarri genetikoa zein den; ezta ere giza populazioen azterketarako erabilgarri ote den. Baina munduan zehar hainbat neurketa eta ikerketa egin dira, populazio bakoitzaren MPH indizea aztertuz. Zenbat diren iletsu, zer proportziotan, zein atzaparretan gehiago, sexuen araberako aldeak, eta abar. Ile bakarra izatea (edo hobeto, folikulo bakarra), nahikoa da MPH+ izateko.
Nik askotan begiratzen diet nire atzaparren erdiko falangeei, eta hortxe daude, ondo iletsu. Bigarren hatzean izan ezik, beste hiruretan ileak ditut erdiko falangeetan (eskumako zein ezkerreko eskuetan). Eta hortxe imajinatzen zaituztet, zuek ere, atzaparretara adi-adi begira... Eta, zer? ilerik bai?
Munduan zehar oso proportzio ezberdinak aurkitu dituzte. Afrikan eta Asian oso gutxi dira MPH+ direnak; Europan askoz gehiago, nahiz eta proportzioa oso aldakorra den populazio eta herrialdeen arabera.
Inoiz inon entzun edo irakurri dudanaren arabera, badirudi Euskal Herria dela (beste lurralde batzuekin batera) MPH+ tasa handiena duen lurraldeetako bat. MPH+ garenok, hortaz, ez gara bape originalak gure inguru honetan.
Satorra ikusi dugu (eta oso itxura onarekin)
Satorra (Talpa europaea) animalia ugaria da Euskal Herrian. Hala ere, animalia lotsatia izaki (nagusiki gautarra eta lur azpian bizi dena, gainera), ez da hain erraza ikustea. Ez bizirik, barrena.
Azkenaldian ikusi ditudan gehienak hilda zeuden, zapalduta, zanpatuta eta erdi-ustelduta. Aste honetan ikusi dugunak, ostera, itxura ona zuen. Orduan bertan bihotzekoa jota hil izan balitz bezala, koittadua.
Saguekin nahasten den arren, satorra beste talde batekoa da (sorikomorfoa, eta ez karraskaria), sateroak bezala. Haragijalea da eta lur azpian bizi da, dozenaka metro izan ditzaketen galerietan. Batez ere zizareak jaten ditu, baina baita beste edozein mamorro ere.
Beltza, 10-14 cm ingurukoa, begi txiki-txikiak, belarrigabea eta muturluzea. Muturtxo hori eta bertan dituen ile eta biboteak oso sentikorrak dira eta horien bidez mugitzen da.
Aurreko hankak oso zabal eta indartsuak dira, lurra zulatzeko ezinbestekoak.
Lur azpiko karrajuetan barrena habia egiten du, orbela eta belarrak erabilita. Oso gutxitan ateratzen da lur azalera, hain ezagunak diren sator-zuloak eginez. Zulo horiek bikotea aurkitzeko erabiltzen dituzte, edo beste animaliak batzuk ehizatzeko ("tranpa" horietan jausten diren animaliak ere jaten ditu).
Asteburuan behatutako hegaztiak (Aralar eta Mendixur)
Aralar (2014/08/23)
Atzo Aralarrera joan ginen. Kotxea Albin laga, Unako putzutik Hirumugarrietara igo, eta Igaratzatik barrena Guardetxera eta atzera berriro Albira. Mendiko espezie tipikoak ikusteko aukera izan genuen, eta harrapakari eder parea ere egokitu zitzaizkigun pare-parean, gabiraia eta belatz handia.
- Saia (G. fulvus) +20
- Zapelatza (B. buteo) 1
- Belatz handia (F. peregrinus) 1, Hirumugarrietan
- Gabiraia (A. nissus) 1 arra
- Udako txirta (A. trivialis) 1
- Buztanikara (M. alba) 1, Unako putzuan
- Tuntuna (P. modularis) 5
- Buztangorria (P. ochruros) 4
- Buztanzuria (O. oenanthe) 3
- Pitxartxar nabarra (S. rubetra) 1, Mendiaundi
- Pitxartxar burubeltza (S. torquata) 2
- Zozoak (T. merula)
- Txantxangorriak (E. rubecula)
- Kaskabeltzak (P. major)
- Beleak (C. corone)
- Belatxingak (P. graculus)
- Txontak (F. coelebs)
- Txokak (C. cannabina)
- Mendi txirriskila (S. citrinella) 6
Mendixur (2014/08/24)
Gaur, berriz, Ulibarriko urtegi inguruan igaro dugu eguna, eta etxeruzkoan kuku txikia egin dugu Mendixurren. 10-15 minutu eskas, eta eguzkia kontra genuela, baina hegazti gutxi batzuk ikusteko astia eman digu.
- Koartza gorria (A. purpurea) 1
- Lertxuntxoa (E. garzetta) 2
- Murgila (P. cristatus) ++
- Amiamokoa (C. ciconia) 1
- Antxeta mokogorria (C. ridibundus) 1
- Ubarroia (P. carbo) 5
- Kopetazuria (F. atra) +++
- Uroiloa (G. chloropus) 1
- Murgilari arrunta (A. ferina) ++
- Ahate gorrizta (N. ruffina) 1
- Basahatea (A. platyrrynchos) +++
- Ipar-ahatea (A. strepera) ++
- Kuliska iluna (T. ochropus) 1
- Kaskabeltza, zozoa, txantxangorria, txorrua, enarak eta okil berdea.
Plaiaundiko Parkean (Txingudi) behatutako hegaztiak 2014/08/21
Aurrerago ere aipatu izan dut Plaiaundiko Parke Ekologikoa blog honetan. Txingudiko badian kokatuta, Irunen, Euskal Herrian hegaztiak ikusteko tokirik onenetakoa da (eroso eta egokiena bai, ziurrenik, Salburuarekin batera), eta Urdaibaiko Biosferarekin batera garai batean euskal kostaldean ugari ziren paduren eredu garrantzitsuena.
Aste honetan berriro izan naiz seme-alabekin. Oraindik ez da hasi bene-benetako migrazioa, baina hegazti-parrasta polita ikusteko aukera izan genuen. Eta baita koipu inbaditzaile bat ere, ea-ea eskuekin ukitzeko distantziara.
- Txilinporta (T. ruficollis) +10 (kume eta guzti)
- Ubarroi handia (P. carbo) 7
- Lertxuntxo txikia (E. garzetta) +30
- Lertxuntxo handia (E. alba) 1
- Koartza (A. cinerea) 16
- Beltxarga (C. olor) 1
- Basahatea (A. plathyrrynchos) +20
- Ipar ahatea (A. strepera) 3
- Zertzeta (A. crecca) 1
- Uroiloa (G. chloropus) 2
- Kopetazuria (F. atra) 7
- Txirritxo handia (C. hiaticula) 8
- Harri-iraularia (A. interpres) 4
- Txirri arrunta (C. alpina) 2
- Kurlinta bekainduna (N. phaeopus) 4
- Kurlinta buztanbeltza (L. limosa) 1
- Kuliska txikia (A. hypoleucos)
- Kuliska iluna (T. ochropus) 1
- Kuliska zuria (T. nebularia) 2
- Kuliska bernagorria (T. totanus) 1
- Bernagorri iluna (T. erythropus) 1
- Kaioa hankahoria (L. michaellis)
- Antxeta mokogorria (L. ridibundus)
- Martin arrantzalea (A. atthis) 4
- Enara azpizuria (D. urbica)
- Buztanikara (M. alba)
- Belea (C. corone) 2
- Txepetxa (T. troglodytes) 1
- Sasitxoria (H. polyglotta) 1
- Eulitxori grisa (M. striata) 1
- Txantxangorria (E. rubecula) 2
- Zozoa (T. merula)
- Hormatxoria (P. domesticus)
- Txonta (F. coelebs) 2
Empordako padurak eta Parke Naturala (Girona)
Empordako (Girona) Parke Naturala (Parc Natural dels Aiguamolls de l'Empordà) Fluviá eta La Muga ibaien inguruan dagoen padura-sistema da. 4824 hektarea ditu eta Kataluniako 2. hezegunerik garrantzitsuena da (Ebroren Deltako Parkearen ostean). Garai batean Rosesko itsasgolko osoa hartzen zuen hezegune-sistema honek, Rosesen hasi eta Palseraino, Fluvià eta Ter ibaien artean. Hala ere, gizakia gutxinaka padurak idortuz joan zen, lehenengo nekazaritzarako eta, ondoren, 60. hamarkadatik aurrera, zerbitzu turistikoak eraikitzeko. 1976an herritarrek eta ekologistek hasitako kanpaina bati esker, hezegunearen zati bat salbatzea lortu zen eta 1983az geroztik babestuta dago.
Rosesko golkoa. Iparreko muturrean (ezkerretara) Cap de Norfeu (Roses); hegoaldekoan Montgrí (L'Escala). Bien artean urmael-sistema zabala.
Parke Naturala
Uda partea Gironako kostaldean igarotzen duen turistari, kosta egingo zaio pentsatzea gunerik turistikoenen artean, jendez eta etxez inguraturik, horrelako harribitxia egon daitekeenik. Naturaz gozatzeko aukera egoki-egokia, gehienbat txorizalea bazara.
Naturgunea ondo antolatuta eta zainduta dago, eta ederto seinalizatuta. Oinez zein bizikletaz ibilbideak egin daitezke eta txoriak ikusteko hamaika behatoki aurkituko ditugu urmael gehienetan. Zenbait tokitara ezin da bizikletaz sartu, baina egun pasa joan nahi bada, bizikleta erabiltzea aholkatuko nuke.
Padurak aurkitzea ere erraza da. Bisitariak hiruzpalau aukera ditu:
- El Cortalet. Hauxe da gune nagusia, urmael gehienak ere bertan daude eta harreragunea ere hantxe dago. Sant Pere Pescador eta Castelló d'Empuries artean dago eta erraz aurkituko duzue. Ondo seinalizatuta dago. Parkina ordaindu egin behar da (5 euro eguna). Harreragunetik bertatik 3 ibilbide abiatzen dira, parkeko gune nagusietara: Mas del Mata-ra (PDF), Les Llaunes hondartzara (PDF) eta L'Estany Europara (PDF).
- Estany Europa. Empuriabrava alboan, La Muga errekaren bazterrean. Hezegune-sistema txikiagoa, baina hau ere oso aberatsa. Cortaletetik joan daiteke (oinez edo bizikletaz, 4 km), edo Empuriabravan bertan kotxea utzita (200 m).
- Vilaüt. Izen bereko auzoan, Pau herri aldamenean. Barrurago dago eta abifauna apur bat ezberdina da. Kotxez baino bizikletaz iritsiko zara errazago, mendi-bideetatik joan behar delako.
- Ter eta Daró ibaiak. Natur Parketik kanpo daude, Baix Empordà eskualdean, baina babestuta daude (Natur Parkeko zati izateko zain). Ez dira hain ikusgarriak, baina bizikletaz ibiltzeko inguru aproposa da (Torroella de Montgri-tik abiatuta).
Natur Parkeak ez dauka ganorazko webgunerik, Facebook orri xixtrin bat besterik ez, baina informazio apur bat aurkituko duzu ondorengo orrialde eta dokumentuetan:
- Informazio ofiziala (Generalitat)
- Castelló d'Empuriesko udal webgunea
- Diptikoa, mapa eta informazio orokorra (PDF)
- Parkeko 50 hegazti bereizgarrienen gida (PDF)
Fauna
Fauna aberatsa dauka. Ornogabe, anfibio eta narrastietatik hasi, eta ugaztunetaraino. Ipurtatsa, erbinudea eta katajineta ugariak dira; zer esanik ez azeria eta azkonarra. Gainera, azken urteotan igaraba eta adarzabala ekarri dituzte (berriro) parkera.
Txorizaleentzat ere, jakina, disfrutatzeko tokia da. Are gehiago euskaldunontzat, gurean gutxi ikusten diren hainbat espezie aurkituko ditugulako. Han aurkitu ahal izango ditugu, besteak beste: Europako lezkari eta benarriz espezie gehientsuenak, ahate eta zertzetak (Anas querquedula zein Anas crecca), harrapakari asko (Pandion haliaetus, Circus aeroginosus eta Falco vespertinus, adibidez), uroiloak eta uroilandak, karraka (Coracias garrulus), pratinkolak, eta dozenaka hankaluze eta limikola (Charadrius dubius, Charadrius alexandrinus, Calidris minuta, Calidris temminckii, Calidris alpina, Philomachus pugnax, Tringa ochropus, Tringa glareola, Pluvialis squaterola, eta abar).
Ingurune bereziki ona da, adibidez, ardeidoak (eta zikoniformeak oro har) ikusteko. Goiz bakarrean ia espezie guztiak ikusi nituen, eta ikusi ez nituenak ere inguruan zebiltzan: txori zezena, amiltxoria, amiltxori txikia, lertxuntxo itzaina, lertxuntxo karramarrozalea, lertxuntxo txikia, lertxuntxo handia, lertxun gorria, lertxun hauskara, amiamokoa, beltzarana, mokozabala eta flamenkoa. Izugarria.
Ikusitako espezieen zerrenda osoa hurrengo post baterako utziko dut. Bitartean, hurrengo bisitaldia planifikatzen hasiko naiz. Ahal bada udaberrian; apirila-maiatzeko pasean eta ur gehiagorekin, ikusgarria izan beharko da.
"Senillosa behatokia" (Mas del Matá ingurunean). Garai bateko arroz-biltegia txori-behatoki bihurtuta. Egun, Parkearen ikurretako bat.
Karrakelak, magurioak eta mangoliñuak
Edu Lartzanguren kazetariak Twitterren botatako txio honek seeeeeekulako erantzun-sorta jaso zuen atzo. Zelan esaten zaie itsasoko barraskilo txiki horiei? Karrakelak? Magurioak? Eta non erabiltzen da bakoitza?
Azken urteotan euskal arratzaleen artean egindako bilketaren datuak emango ditut nik. Hauxe kostaldeko herrietan jasotakoa, gehienak zuzenean arrantzaleei batuta; batzuk bibliografia bidez. Aldaera gehiago ere izango dira, ia seguru:
- Lapurdi: (itsas) kurkuilu (generikoa)
- Hondarribia: malla (ikus azalpenak)
- Pasaia: karrakela
- Donostia: karrakela
- Orio: karrakela (Rikardo Uzkudunek), karrakailla
- Zarautz: murliyo, mauliyo, maoliyo
- Getaria: maulidxo, maoliyo
- Zumaia: maulidxo, maoliyo
- Deba: maulixo
- Mutriku: mangoliño
- Ondarroa: mangoliño, mongoliño
- Lekeitio: maguridjo (?)
- Mundaka: maguridjo
- Bermeo: maguridjo
- Bilbo inguruan (baita gaztelaniaz ere): magurio
Eta Eibarren? Esango nuke Eibarren biak direla ezagunak, magurioak zein karrakelak; "beraneanteak" nora joten duen udan, ba, huraxe.
Bixente Esteibar Ixkiña zumaiarrak kontatu zizkigun, esate baterako, maulidxotako hainbat kontu.
Argazkia: Karrakela (Wikipedia), Guttorm Flatabø.
"Poliedroaren hostoak", Joan Mari Irigoien (Erein, 1983)
Joan Mari Irigoien (Altza, 1948) idazle joria da, euskal literaturari hainbat lan utzi dizkiona. Honako hau ez da, beharbada, bere lanik ezagunena, baina interes berezikoa iruditu zait. 1983an Ereinek argitaratua (eta, oker ez banago, urte batzuk lehenago idatzia), nik 1995eko argitalpena irakurri dut ("Liburu berdina baina aldatua", idazleak hitzaurrean ohartarazten digunaren arabera).
Bost belaunaldiren ibilerak biltzen dituen saga familiarra dugu, gutxienez 150 urte hartzen dituena: 1830 inguruan hasi eta 1980ra arte. Belaunaldiak garai historiko eta liskar-garai zehatzetan kokatzen ditu idazleak:
- Lehenengo karlistaldia.
- Bigarren karlistaldia.
- XX. mende hasierako "ziklo aldaketa" (karlista eta liberalak, jelkide eta sozialista bilakatzen hasten direnekoa).
- Gerra zibila.
- Trantsizio garaia.
Azken belaunaldi horretako kide den "J" da liburuaren egilea (Joan Mariren trasuntoa). Lehenago bere osaba Joxek egindako lana bildu eta bukatuko du. Idazleak berak kontatzen digu hori guztiori hasieran, nola batu zituen osabaren testu zaharrak, nola garbira pasatu, eta nola gero jarraitu zuen.
Liburu trinko eta konplexua da, besteak beste teknika eta antolaketa berezikoa. "J" delako idazleak berak aipatzen du sarrera gisako lehenengo atalean:
- Orri gutxitan pertsonaia anitz.
- Denboraren eta espazioaren aldaketa etengabeak; errealitatea plano diferenteetan hautsi beharra.
- Hizkuntza eta teknika aldaketak.
- Heriotzaren presentzia.
Bestalde, liburuak bloke handi bi ditu (ia-ia liburu bi direla ere esan daiteke): bata osaba Joxerena, 1830-1940 bitartea hartzen duena; bigarrena "J" idazleak berak idatzitakoa. Lehenengoan saga familiarra kontatzen da. Maitasun, hilketa, intzestu-gura, gorroto historiko... guztia ere errealismo magikoaren printzez betea: amona haritz bihurtzen da maiteminez, sator-zuloak baztanga bihurtzen semearen azalean, kukuak heriotza aurreikusten du, baita 120 urte lehenago ere;...
Bigarrenean, aldiz, "Poliedroaren hostoak" izenekoan, idazlearen osaba eta gurasoen belaunalditik abiatuta, idazlearen beraren gora-beherak ezagutuko ditugu. Bera ere izaera hautsia, lekua aurkitu ezinik dabilena... osaba Joxeren heriotza ikertzen dihardu, haren bizitza beti inguratu zuen misterioa argitu nahian.
Estilo eta teknika aldetik ere, atal eta estilo ezberdinak aurkituko ditugu, moldez ere bakoitza nahiko ezberdina. Hildakoen hitzetan jasotako pasarteak (kanposantuan luze dauden hilak dira istorioaren ardatz nagusiak kontatzen dizkigutenak, katabutetik), herriko ehorzlea narratzailea den atala, "J" berak 1. pertsonan idatzitakoa, osaba Lazaroren bakarrizketa modukoa,... Eta horretaz aparte, eranskin, erdi-sarrera eta kapitulu huts pare bat ere badaude.
Liburu "konplikatu" samarra, hortaz; ez arin-arin irakurtzen diren horietakoa, behintzat. Ez da liburu nahasia, hala ere, eta niri asko gustatu zait. Irakurle naizen honentzat, zatiren bat astun samarra izan da (150-200 orrialde inguruan; baita amaieran ere), baina gustura irakurri dut. Ez dut esango nire liburu kuttunenen artean sartuko dudanik, baina bai gogoratuko dudan horietakoa izango dela, duda izpirik gabe. Elizalde eta Ibargoyen, betirako nire barruan. Izan ere, gu guztion zatiak daude liburu honetan, gure zuhaitz genealogikoaren hostoak poliedrikoak baitira.
"Poliedroaren hostoak", Irigoien 1983
"Haize eta lurrezko pertsonaia haiek ez nituela nabaritu izaki arrotz batzuk bezala, hein batean nigan erroturik zeuden pertsonaiak bezala baizik. Izan ere, zenbat gauza ezezagun norberaren baitan!, zenbat pertsonaia bizi ote den gugan eta gu ohartu ere ez! (...) Eta espazio hartan ere, planu diferenteetan banaturik, arbaso eta ahaide guztien erretratuak ikusi nituen, garbi-garbi ikusi, eta inolaz ez nigandik at bizi ziren pertsonaiak bezala, zeren eta espazio delokatu hura gorputzaren kontra estutuz zihoakidala somatu bainuen, estutuz eta estutuz, baita arestian arraildutako gorputzaren arrakaletatik josiz ere, harik eta nire azalaren osagai bihurtu ziren arte. Eta pertsonaia guztion odol-denborak, zainetan zehar igarri nituen, bihotzean korapilatzen zirelarik azkenik, odol eta denbora hautsi bakar bat osatuz. Eta orduan bai, denboraren atarian beste denbora berri baten oihartzuna entzun ahal izan nuen, nireak ez ziren beste baten oihartzun taupadak..."
"Eta bi hormen arteko korridore batetik bakar-bakar zihoala zeritzon. Ezkerreko horma bizitzaren muga zen eta, hormaz bestaldeko munduan, bilobak eta birbilobak zekuskien, denborak desitxuratutako hitz ulergaitzak ezpainetan. Eskuineko hormak, aldiz, heriotzaren muga adierazten zuen eta, hormaz bestaldeko eremuan, denborak oraindik garbi gordetako Robustianoren imajina zekusan. Eta Martzelina azken horma hau eraitsi nahian zebilen, Robustiano besarkatzeko, alferrik alabaina, horma honen oinarriak Basajaunaren profeziaren izpiritu hauskaitzaz egina baitzirudien eta izpiritu hura denborak berak bakarrik apur baitzezakeen epea betetzean."
Eguneraketa (2014-06-14): Hona hemen Beñat Sarasolak Sautrelan egindako iruzkina.
Gure Esku dago - Dena prest Eibarren
Gure Esku Dago / Sanblas Zati bat
Gero eta hurbilago dugu ekainaren 8a eta giza katea ahalik eta egokien antolatzeko asmoz, egun horretarako aholku eta gomendio hauek zabaldu nahi ditugu parte-hartzaileen artean:
- Eibartarroi Bergarako 31. kilometroa egokitu zaigu (ikusi Bergarako egitaraua).
- Ahal den neurrian kotxerik ez erabili. Kotxez joanez gero, jakin ezazu kotxeak aparkatzeko bi gune besterik ez direla izango eta biak, Eibarri dagokion kilometrotik nahiko urruti.
- Autobusak erabili. Egun horretan, joan-etorrirako autobusak egongo dira baina autobus sarrerak aldez aurretik erostea komeni da. Sarrerak erosteko azken eguna ekainaren 4a izango da (gaur).
- Autobus sarrerak, bost eurotan: Juanito-Manuel, Kultu, Depor, Guridi eta Eibarbusen egongo dira salgai. Hiru urtetik beherako haurrak altzoan joan ahal izango dira, baina lau urtetik gorakoak berriz, bakoitza bere jarlekuan joan beharko du.
Autobusen ordutegia honakoa izango da (Untzagatik irtenda):
.- Irteera: 09:00etatik aurrera. Autobusak bete ahala irteten joango dira.
.- Itzulera: 14:00etan eta 19:00etan.
Eraman ezazu “Gure Esku Dago” ren kamiseta, zapia…
Bukatzeko, antolatze lanetan dihardutenak behar bezala egongo dira identifikatuta eta beraien iradokizunei kasu egin.
ZAILA DA ERRONKA, BAINA GURE ESKU DAGO. HORREXEGATIK GAUDE SEGURU:
LORTUKO DUGU!