Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / 'Agrius convolvuli' ezkerte-esfingearen dantza koloretsua

'Agrius convolvuli' ezkerte-esfingearen dantza koloretsua

Asier Sarasua 2025/08/28 23:45

Bertizko parkean paseatzen ari ginela, 5-6 txoritxo ikusi genituen urrunera, gau-lore batzuen inguruan. Bertaratu ahala konturatu ginen ez zirela txoriak, ezkerte-esfingeak baizik, Agrius convolvuli

Esfingidoen familia zabal eta ezaguneko kidea da ezkerte-esfingea edo ezkerte-sitsa (1). Geldirik dagoela sits arras apala ematen du, arre-grisa eta bereizgarri nabarmenik gabea, baina hegan hasten delarik piztuko da sinfonia, kolore, soinu eta dantza ederrekoa.

Hasmentan bere neurriak harrituko gaitu, arrunt hazia baita; ondoren, bere gorputz gorri-zuriaren dirdirari begira geratuko gara; akabailan, bere dantzari so.

Halaxe egon ginen gau-loreen inguruan hegan eta elikatzen aritu ziren bitartean, mugikorrarekin 5-6 aleko taldetxoaren goiti-beheitiei begira. Ikusgarriak iruditzen zaizkit abiadura normalean eta are harrigarriago abiadura motelean grabatutako irudietan (bideoaren erditik aurrera).

Ezkerte-esfingea, Agrius convolvuli

Eurasian eta Afrikan nahiko hedatuta dago, baita Australian ere, eta espezie migratzailea da. Esan bezala, neurri handikoa da, Europako lepidoptero handienetakoa baita (85-105 mm bitarteko hego-zabalera). Kolorez grisaxka da, baina bizkarraldean marra arrosa, beltz eta zuri deigarriak ditu. Marka horiek ez dira ikusten animalia atseden hartzen ari den bitartean eta bere kolore gris nabarra lagungarri zaio enborren edo harrien gainean pausatu eta kamuflatzeko. 

Bere gorputza bezain luzea den proboszidea dauka eta nektarra xurrupatuz elikatzen da. Ikaragarria da proboszidea mugitzeko eta loretxoen barruan sartzeko daukan trebetasuna.

Esfinge honek konbolbulazeoen taldeko landareetan erruten ditu arrautzak, ezkerte beltzaren (Convolvulus arvensis) eta ezkerte zuriaren (Calystegia sepium) gainean, adibidez, eta hortik datorkio bere latinezko izena, Agrius convolvuli. Beldarrak kolore bizikoak dira, marroi, zuri edota berdeak, eta nahiko handiak, eta elikatzeko ere ezkertearen hostoak jaten dituzte maiz.

Ezkerteei lotutako espeziea izenik, gure inguruko hizkuntzetan ere ezaugarri horretatik abiatu dira izen arrunta ezartzeko orduan, izen zientifikoari segika: esfinge de la correhuela, borinot de les corretjoles, sphinx du liseron, Windenschwärmer, convolvulus hawk-moth, sfinge del convolvolo eta abar.

...

(1) Euskaraz ez diot izen arrunt espezifikorik aurkitu, baina esango nuke ezkerte-esfinge edo ezkerte-sits egokiak izan daitezkeela. Halaxe erabili dut artikulu honetan, baina jakina, proposamen txiki bat besterik ez da eta askoz hobeto aztertu beharko da proposamen zehatzago bat egin ahal izateko (edo beharbada lepidopterologoek dagoeneko badute beste izenen bat!).

 

'Agrius convolvuli' ezkerte-esfingea - 01

 

'Agrius convolvuli' ezkerte-esfingea - 02

 

'Agrius convolvuli' ezkerte-esfingea - 03

 

'Agrius convolvuli' ezkerte-esfingea - 04

 

etiketak: fauna, natura, izenak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

cc by sa 4.0 - ikonoa

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz