"La colmena", Camilo José Cela (Emecé, 1951)
Filma aspaldi ikusi nuen eta gogoratzen dut asko gustatu zitzaidala bere garaian, baina liburua irakurri gabe neukan eta duela aste batzuk ekin nion Espainiako eleberrigintza modernoan mugarri izan zen lana irakurtzeari.
Izan ere, Camilo José Celaren "La colmena" eleberria Espainiako gerraosteko narratibaren mugarri nagusietatiko bat da, batez ere bere berrikuntza teknikoagatik eta ausardia estilistikoagatik. Obraren egitura bitxia ere azpimarragarria da, puzle eran osatutako eleberri kolektiboa baita, protagonista barik, 1943ko hiru egunetan zehar Madrilgo kale-tabernetan gurutzatzen diren 300 pertsonaia baino gehiagoren ibilerak kontatuz.
Pertsonaien bidez (edo, hobeto esanda, euren ibileren eta elkarren arteko harremanen bidez) garaiko gizartearen erradiografia zehatz eta gupidagabea egitea lortu zuen, literatura espainiarra modernitatera bultzatuz.
Cela maisua da giro itogarri hori marrazten eta errealismo gordin hori islatzen, elkarrizketa bizi eta naturalen bidez gizartearen miseria, gosea eta etsipena bikain marraztuz. Garai ilun baten lekukotza sozial indartsuenetakoa da, hartara, "La colmena".
Egia da tarteka-marteka astun samarra ere badela, alperrikako hitz-jarioa ere badela pasarte gutxi batzuetan, eta 300 pertsonaien artean dauden loturak buruan izatea batzuetan zorabiagarria dela, baina oro har liburu ederra dela esango nuke.
Filma berriz ikusteko gogoa ere sartu zait. 1982an Mario Camusek zuzendu zuen, garaiko aktore nagusiek osatzen duten casting amaigabearekin: Victoria Abril, Ana Belén, José Luis López Vázquez, Concha Velasco, Francisco Rabal, José Sacristán, Charo López, Agustín González, Imanol Arias, José Sazatornil "Saza", Fiorella Faltoyano, Luis Escobar, Mary Carrillo, Emilio Gutiérrez Caba, eta abar, eta abar.
* Liburu honetan ikasi nuen 'Tupí' hitzaren jatorria eta handik harilkatu Eibarko Tupi-azpi tabernaren historia.
