Mugarri historikoa euskal ornitologiarentzat: euskara mundu mailako zerrenda eta datu-base nagusian!
AviList 2026 aurkeztu da, DB eta bilatzaile berriarekin
2025eko albiste ornitologiko nagusia izan zen AviList zerrenda aurkeztu zela: munduko hegazti guztien zerrenda taxonomiko bakar eta bateratua. Albiste handia ornitologiaren historian. Txoriak.eus webgunean argitaratu genuen berria eta Eibartik blog honetan ere saiatu nintzen sintesi historiko txiki bat egiten hegaztien zerrenda eta izendegien inguruan.
AviList zerrenda urtero eguneratzen da eta duela pare bat aste aurreratu nizuen aurtengo zerrendan espero genituen aldaketa taxonomiko nagusiak. Eta azkenean aste honetan kaleratu du AviList-ek 2026ko eguneraketak biltzen dituen zerrenda berritua: AviList v2026.
Urteroko eguneraketa taxonomikoak interesgarriak dira horrelako kontuak atsegin ditugun frikiontzat, baina aurtengo benetako aldaketa da orain datu-base osoa jarri dutela online, bilatzaile eroso eta sendo batekin, eta bertan... euskarazko izenak agertzen direla!
Mundu mailako datu-base eta erreferentziako zerrenda bateratuan euskarazko txori-izenak agertzen zirela ikusi nuenean, daitort, sekulako emozioa sentitu nuen.
Hemen probatu dezakezue: https://explore.avilist.org/
Nola heldu da euskara hara?
AviList proiektuan parte hartzen duen erakunde nagusia Cornell Unibertsitatea da, bere eBird plataformarekin batera. Eta euskal txorizaleak aspaldi ari gara lanean mundu mailako plataforma hori euskaraz izateko eta bertan erakusten diren txori-izenak euskaraz ere bilatu eta erabili ahal izateko (2023an munduko 12. hizkuntza izan zen euskara eBirden agertzen). Gainera, urtero eguneratzen ditugu euskarazko izendegiak, aldaketa taxonomikoetara egokitzeko eta euskarazko izenik ez duten espezieentzat proposamenak eginez. Hemen 2023an euskarazko izendegian izan ziren aldaketa nagusiak eta 2024ko eguneraketakoak, blog honetan bertan.
Komeni da gogoratzea Euskal Batzorde Ornitologikoaren baitan lantalde zabal bat ari garela 2020. urtetik munduko hegaztien euskarazko izen arrunten zerrendak eguneratzen eta osatzen.
AviList-eBird konexioari esker, orain euskarazko izendegi osoa (beste hainbat hizkuntzakoekin batera) AviList zerrendara gehitu da eta izenok datu-basearen bilatzailean agertzen dira. Erakunde horien sentsibilitatea ere aintzat hartzekoa da, ez baita ohikoa izaten horrelako nazioarteko egitasmo erraldoietan hizkuntza txikiei lekurik egitea.
Txorizaleontzat duen garrantziaz gain, euskararentzat duen izaera sinbolikoa ere ez zait txikia iruditzen, eguneraketa honek nazioarteko panorama zientifikoan jartzen duelako euskara, munduko hizkuntza handienen pare.
Azken batean, elkarlanaren emaitza. Euskal txorizaleon arteko elkarlana eta nazioarteko erakundeen artekoa. Eta elkarlanak onurak besterik ez dakartza.
AviList 2026: aldaketa taxonomiko nagusiak
Joan zen astean aurreratu genituen aurtengo aldaketa taxonomiko nagusiak, ez ditut hemen denak errepikatuko (eta PDF honetan eBird plataformak kaleratu zuen laburpena).
Urtero bezala, espezie berriak deskribatu dira, espezie batzuk zatitu egin dira (splits), beste batzuk bateratu (lumps) eta zerrenda taxonomiko guztia orraztu da (izen zientifikoak eta hurrenkera bera).
Euskaldunon ikuspegitik 3 aldaketa aipatu daitezke:
- Euli-txori grisa (Muscicapa striata): Gurean ezagutzen dugun euli-txoriak Muscicapa striata izaten jarraituko du. Hala ere, lehen espezie honen barruan zegoen Mediterraneoko (tartean Baleareetako) populazioa espezie independente gisa onartu da orain, Muscicapa tyrrhenica (euli-txori mediterraneoa) izenarekin.
-
Txantxangorria (Erithacus rubecula): Txantxangorriaren Erithacus generoa monotipikoa zen orain arte, hau da, genero horretan espezie bakarra zegoen, txantxangorri ezaguna. Kanariar Uharteetako populazioa orain bereizi egin da, genetikoki desberdina izateaz gain, oso kantu eta dei bereizgarriak dituelako. Erithacus superbus (txantxangorri kanariarra) izango da espezie berria.
-
Berdantzen aldaketa handia: Ikerketa genetikoek eraginda, orain arteko Emberiza generoa lau generotan banatu da. Gure hezeguneetan hain ohikoa den zingira-berdantza, esaterako, Schoeniclus schoeniclus izatera pasa da. Berdin beste hainbat, adibidez, berdantza txikia Schoeniclus pusillus bihurtu da eta baso-berdantza Schoeniclus rusticus.
Orain zer? Euskal Batzorde Ornitologikoaren erronka
Albiste handi hau pizgarria da euskarazko hegaztien izendegi estandarrarekin lanean ari garen txorizaleontzat. Egindako bidea ez da txikia izan, baina hemendik aurrera ere ez dugu izango aspertzeko aukerarik!
Europako hegaztien izendegia prest daukagu (1.000 izen inguru) eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordearen behin betiko onarpenaren zain gaude. Ondoren Euskalterm Banku Terminologiko Publikora eramatea ere garrantzitsua litzateke, noski.
Munduko hegaztien zerrenda osatzeko urrats sendoak ere eman ditugu eta dagoeneko 2.500 espezie baino gehiagoren proposamenak ditugu, txosten terminologiko espezifikoekin. Landu ditugun azkenengo taldeak motmotak, pinguinoak, atalarrak eta karrakak izan dira, bakoitza dagokion txostenarekin.
Gainera, Wikipediarekin ere ari gara elkarlanean. Wikipedia AviList-ekin dago lerrokatuta honezkero, gu bezala, eta horrek ahalbidetzen du munduko erreferentzia nagusienetakoa den Wikipedian euskarazko izena duten milaka txoriren fitxak prest izatea. Hori guztia posible izan da Euskal Wikilarien Elkartearen eta Galder Gonzalezen lanari esker, mila esker hemendik!
Txoriak.eus webgunean ere bilatzaile bat egokitu dugu kontsulta azkarrak egiteko.
Eta munduko hegaztien izendegia osatzeaz gain, urtero-urtero taxonomian gertatzen diren aldaketei ere erantzun beharko diegu, ikerlariek zehazten dituzten aldaketa taxokonimoek euskarazko izen arruntetan egokitzeko (aurten txantxangorriarekin edota zingira-berdantzarekin gertatu den bezala).
Laburbilduz, albiste garrantzitsua izan dela aste honetan ezagutu duguna, pozgarria bezain hunkigarria, eta lanean jarraitzeko pizgarri izugarria!
Segi dezagun!
AviList 2026 zerrenda: munduko hegaztien taxonomian etorri(ko) diren aldaketak
Urte askoan zehar, ornitologoek eta hegaztizaleek hainbat zerrenda taxonomiko ezberdin izan dituzte lehian (batez ere eBird/Clements, IOC World Bird List eta HBW/BirdLife). Historia apur bat egin genuen blog honetan bertan: Historia apur bat munduko hegaztien zerrenden inguruan (2025eko abuztuan). Horrek arazoak zekartzan, zerrenda bakoitzak irizpide ezberdinak baitzituen espezie bat onartzeko, eta ez zegoelako munduko hegazti guztien zerrenda ofizial eta bateraturik. Egoera hori konpontzeko, nazioarteko aditu nagusiek lantalde bat sortu zuten (Working Group Avian Checklists), 2024. urtearen amaierarako hiru zerrenda nagusiak bateratzeko ikerketa-fase nagusia amaitu zuten eta 2025eko ekainean argitaratu zen ofizialki AviList, mundu mailako zerrenda bateratua (v2025).
Zerrenda bateratu hori etengabe jarraitzen dute gainbegiratzen eta egokitzen, zientziaren aurkikuntza berrietara moldatzeko. Gaurko egunez, urriaren 13an, AviList lantaldeak ez du oraindik aldaketa horien berri eman, baina eBird.org plataformak bai argitaratu du v2026 dokumentua, iazkoarekin alderatuta zenbait aldaketa dakartzana (ikusi hemen, 2026ko iraileko bertsioa, PDF). Ikusi behar ea AviList zerrenda ofizialean gauzatuko diren, baina eBird-ek argitaratu baditu, zalantza gutxi laster erabat onartuko direla.
Eguneraketa (2026/10/23): AviList v2026 argitaratu da urriaren 20an, hemen aipatzen diren kontu guztiak onartuta.
Hasteko: zer gertatu da eBird eta IOC zerrendekin 2026. urtean?
Horixe da lehenengo puntu garrantzitsua: nola daude une honetan, 2026. urtean, eBird eta IOC zerrenda klasikoak? Erabat onartu dute AviList zerrenda bateratua?
Ba, bai, halaxe ematen du, 2025eko egokitze-fasearen ostean, 2026an beste urrats bat eman dutela eta hemendik arrera AviList izango dela euren erreferentziazko zerrenda taxonomikoa.
-
eBird / Clements zerrenda: eBird-ek, Cornell Unibertsitatearen babesarekin, AviList onartu du bere zerrenda ofizial gisa. 2025-2026 prozesuan, Clements zerrendak bere ibilbide taxonomiko independenteari amaiera eman dio. Gaur egun, eBird, Merlin aplikazioa eta Cornell-eko Birds of the World plataformak AviList erabiltzen dute beren oinarri taxonomiko bakar bezala.
-
IOC World Bird List: Bide beretik, IOC-ek ere bere lan taxonomiko independentea bertan behera uztea erabaki du. Orain arte urtean bi aldiz argitaratzen zuten beren zerrenda, baina aurtengoa izango da euren azkenengo eguneraketa (v15.2) independentea (dagoeneko AviListen parekoa). IOC-eko batzordea AviList-en garapenean sartu da bete-betean.
Laburbilduz, 2026an jada ez dago eBird eta IOC zerrenden arteko gatazkarik. Munduko ornitologia-erakunde nagusiek bat egin dute AviList-en inguruan, kontserbazioarentzat, zientziarentzat eta hegaztizaleentzat hizkuntza taxonomiko bakarra eta bateratua sortuz. Eguneraketak (aurtengo split, lump eta izen aldaketak kasu) talde bateratu horretatik ateratzen dira orain, urtero.
2026ko aldaketen laburpen orokorra
Iazko jauzi handiaren ostean, aurtengo eguneraketak ez dira izango horren handiak mundu mailako taxonomia orokorrean. Hala ere, izan badira eta, euskaldunon kasuan, aintzat hartzekoren bat, gainera.
Hauxe eBird-ek egin duen aurrerapena:
- Zatiketak (Splits): Atalik handiena da, urtero bezala, eta 29 proposamen zerrendatu dituzte. Adibide pare bat jartzearren, hontz virginiarra (Bubo virginianus) 3 espezietan banatuko da: Bubo virginianus, B. nigrescens eta B. nacurutu. Edota kolibri erraldoia (Patagona gigas) bi espezietan: Patagona gigas (hegoaldeko populazioa) eta Patagona peruviana (iparraldekoa). Horrelako beste 27 kasu azaldu dira.
-
Bateratzeak (Lumps): 2026ko zerrenda berrian 4 bateratze proposatu ditu adituen lantaldeak. Nabarmentzekoak, esate baterako, Apus nipalensis espeziea Apus affinis (sorbeltz txikia) espeziearen barnean sartu izana, eta Tyto nigrobrunnea zein Tyto rosenbergii hontzak Tyto javanica espeziearen subespezie izatera igaro direla.
-
Espezie berriak: Zientziarako 2 espezie berri onartu dira aurten: Crypturellus resonans (Slaty-masked Tinamou) eta Ptilorrhoa urrissia (Hooded Jewel-babbler).
-
Izen zientifikoen aldaketak: bukatzeko, izen zientifikoetan gertatutako aldaketak daude, aurtengoan 43 aldaketa-proposamen zabaldu dira. Adibidez, txepetxen generoa den Troglodytes generoaren zati bat Nannus generora pasatzekoa.
3) Euskal Herriko espezieen ikuspegia: txantxangorria eta euli-txori grisa
Euskal Herriko hegaztiei dagokienez, aldaketek ez dute gurean dauden txorien estatusa edo izena zuzenean aldatuko, baina espezie horien definizio globala murriztu dute:
- Euli-txori grisa (Muscicapa striata): Gurean ezagutzen dugun euli-txoriak Muscicapa striata izaten jarraituko du. Hala ere, lehen espezie honen barruan zegoen Mediterraneoko (tartean Baleareetako) populazioa espezie independente gisa onartu da orain, Muscicapa tyrrhenica (euli-txori mediterraneoa) izenarekin. Ikerketa genetikoek erakutsi duten aldea eta kantuak dituen desberdintasun nabarmenak eragin dute banaketa hori. IOC erakundeak lehendik ere bazeukan aldaketa hau bere zerrendetan, baina eBirdek aurten onartu du.
-
Txantxangorria (Erithacus rubecula): Txantxangorriaren Erithacus generoa monotipikoa zen orain arte, hau da, genero horretan espezie bakarra zegoen, txantxangorri ezaguna. Hemendik aurrera, Kanariar Uharteetako populazioa bereizi egingo ei da, genetikoki desberdina izateaz gain, oso kantu eta dei bereizgarriak dituelako. Erithacus superbus (txantxangorri kanariarra) izango da espezie berria.
Beraz, Euskal Herriko ikuspuntutik, bi hegazti hauen kontzeptua "mugatu" egingo da (restricted concept), beren ahaide isolatuak espezie mailara igo direlako.
4) Emberiza generoaren iraultza
Beharbada aurkeztu den aldaketa taxonomiko sakonenetako bat berdantzen Emberiza generoarena izan da. Ikerketa genetikoetan oinarrituta, genero hau lau genero berritan zatituko baita: Emberiza, Fringillaria, Schoeniclus, eta Melophus.
Euskal Herriko espezie gehienei ez die eragingo aldaketak (Emberiza generoan sartuta jarraitzen dute), baina hezeguneetan aurki dezakegun zingira-berdantza Schoeniclus schoeniclus izatera pasa da (orain arte Emberiza Schoeniclus). Era berean, Europa mendebaldean pasean edo neguan noizbehinka agertzen diren beste berdantza batzuek ere genero berria hartu dute; esaterako, berdantza txikia Schoeniclus pusillus bihurtu da (lehen Emberiza pusilla), eta baso-berdantza Schoeniclus rusticus (lehen Emberiza rustica).
...............
* Hasieran esan bezala, hemen zerrendatu ditugun aldaketak oraindik proposamen egoeran daude, AviList berria argitaratzeko zain, baina eBird-ek argitaratu baditu eta 2026ko zerrenda berrian onartu baditu, ia-ia segurutzat jo dezakegu hurrengo AviList zerrendan ere agertuko direla.
Zamakola lantegi-etxea (Otaola, Eibar). XIX. gizaldiko taillar bat XXI. gizaldirako tresna
Eibarko historia eta industria apur bat ezagutzen dudala pentsatu arren, Zamakola tailerra ez nuen ezagutzen. Entzuna nuen, Otaola auzoan bazela 100 urtez ia-ia ukitu barik zegoen kanoi-fabrika zahar bat, baina ez nekien askoz gehiagorik.
Hainbat urtez ordenantzatik kanpo eta desagertzekotan egon ostean, 2015ean Jaurlaritzak Kultur Ondasun izendatu zuen eta babestuta dago harrezkero. Oraingoz ez dago bisita antolatuetarako egokituta, baina oinarrizko egitura eta sarbidea pixkat txukundu dira eta bertako alaba den Ilde Zamakola bisita gidatuak egiten hasi zen duela urte batzuk. Aurtengo urrian 3 bisita antolatu direla aprobetxatuta, hantxe egon gara aste honetan eta zorabiatuta irten genuen han aurkitutakoarekin. Denboraren makinan sartu eta XIX. mendera heldu ginen 5 eskilara jaitsita.
Izan ere, XIX. mendean eraiki eta harrezkero ia-ia ukitu barik dagoen eraikina da zamakolatarren tailerra. XIX. gizaldiko lantegi bat, 1870. urtean eraikia (seguru asko antzeko funtzioa zeukan beste baten gainean, eta bere jatorrizko egitura, ubide-sistema eta uhal bidezko transmisio-sistema gorde duena. Lantegian 5 beharginek egiten zuten lan eta 1969ko maiatzean itxi zuten.
Zamakola lantegi-etxea eta kanoi-fabrika
Ilde Zamakolak bisitaldian emandako informazioa Wikipedian eta ...EK! aldizkarian dagoen informazioarekin osatu dut eta pare bat paragrafotan laburbildu dut Zamakola tailerraren inguruko informazio nagusia. ...eta kitto!-n Ilderi egindako elkarrizketa interesgarria dago, gainera.
Zamakola lantegi-etxea 1870. urte inguruan sortu zen Eibarko Otaola auzoan, Ego errekaren bazterrean. Zamakola anaiek sortutako tailer hau hasieratik aritu zen armagintzan, zehazki, burdinezko hagetatik abiatuta eskopeten kanoiak egiten. Ziur aski, aurrez ere ola edo antzeko egituraren bat izango zen inguruan, eta errekan pixka bat aurrerago errota bat ere egon zen orain gutxira arte (XX. mendean okindegi bihurtu zena). Hasieran, lantegiak uraren indarrarekin funtzionatzen zuen, indar hidrauliko hori transmisio-uhalen bidez makinetara eramanez. Funtzionamendu horren lekuko, gaur egun oraindik ere ikus daitezke antzinako ubidearen eta kunboaren aztarnak, uhalen bidezko transmisio-sistema osoarekin batera.
XX. mendean zehar, lantegiak zenbait aldaketa izan zituen: uraren indarra pixkanaka alboratu eta argi-indarra hasi ziren ezartzen makinak mugitzeko, eta, era berean, tailerraren gainean etxebizitzak eraiki ziren, harrezkero Zamakola familiaren bizileku izan direnak. Kanoigintza inoiz utzi ez bazuten ere, mende erdialdetik aurrera "El jabalí" markako eskopetak ere ekoizten hasi ziren. Azkenean, lantegiak 1969an utzi zion lan egiteari. Hala ere, jatorrizko egitura, habeak, hormak, transmisio-uhalak eta armagintzarako hainbat tresna ia ukitu gabe gorde dira hasieratik. Horrek Eibarko eta Euskal Herriko historia industrialaren lekuko bakan eta zoragarri bihurtzen du eraikina, eta horregatik izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak "Monumentu" 2015. urtean. Egun, lekuaren xarmak bizirik jarraitzen du, tarteka Ilde Zamakolak tailerra ezagutzeko trebezia handiz egiten dituen bisita gidatuei esker.
Zamakola tailerra, bista orokorra, transmisio-sistema osoarekin.
Leihoa Ego erreka gainean, tailerreko erreminta zaharrekin.
Bisita gidatua.
Bulego zaharra, 1969ko maiatzeko egutegiarekin, tailerra itxi zenekoa.
Bista orokorra.
Ura irekitzeko giltza.
El Jabalí markako eskopeta, grabatu eta damaskinatuarekin 8ez da ikusten).
Zamakola kanoi-fabrika, bista orokorra.
Sollube (684 m), Bizkaiko mendi historikoetako bat, egun gizakiak zikindua
Bizkaiko mendi garrantzitsu eta historikoenetako baten aurrean gaude, zalantzarik gabe. Bizkaiko deiadar mendietako bat da eta Gerra Zibilean ere guda garrantzitsua izan zen bertan, Sollubeko guda, non 1000 lagun inguru hil ziren 1937ko maiatzean.
Arrietako (Bizkaia) lurretan kokatuta, Sollubetik (684 m) sekulako bistak zabaltzen dira. Serantesetik Ogoñoraino, eta Bizkaiko kostalde zati honetako mendi zein eskualde nagusiak begien aurrean geratzen dira: Mungialdea, Urdaibai eta Busturialdea batetik, eta bestetik, Serantesetik hasi eta Ganekogorta, Gorbeia, Mugarra, Anboto, Urko zein Ogoño bera biltzen dituen panorama zabala.
Tamalez, gaur egun tontorrak ez du lehengo xarmarik, gizakiaren esku-hartzeak erabat eraldatu baitu ingurunea. Pinu- eta eukalipto-landaketak daude nonahi, baso-lanek utzitako sasitzak zein hondakinak albo guztietan eta gailurrean bertan 6-8 antena eta hainbat instalazio elektriko pilatzen dira. Gainera, tontorrerainoko bide zabalak zein pinuak ateratzeko irekitako pista zatarrak direla eta, igoera gehienek garai bateko edertasuna galdu dute.
Hala ere, hori guztia egia izanda ere, bisita merezi duen tontorra da Sollube. Besterik ez bada, gero Bermeo, Mundaka eta Urdaibai ingurura jaitsi eta egun-pasa jarraitzeko.
Ondorengo irudian, Sollube baino beheraxeago dagoen Iturrieta mendian ateratako argazkia.
Makaon tximeleta (Papilio machaon): gure zelaietako harribitxi hegalaria 🦋
Gaur goizean Egozkue ingurura joan gara mendira, Anue ibarrean, eta Oiartzabal mendi tontorrean geundela hantxe azaldu zaigu Euskal Herrian dugun tximeletarik ederrenetako bat, makaona.
Hara-hona etengabean, kosta zaigu geldirik harrapatu eta ganorazko irudirik ateratzea, baina azkenean lortu dugu zeozertxo. Eskumako hegoaren zati bat falta zitzaiola konturatzeko balio izan digute irudiok. Gehienetan apur bat argiagoak izan ohi dira, baina gaurko ale hau hori kolore ilun samarrekoa zen.
Makaon tximeleta (Papilio machaon) Papilionidae familiako intsektu handi eta ikusgarria da. Euskal Herriko eskualde gehienetan ikus dezakegu, baina ez da ugariegia ere. Mundu mailan, klima epeleko lurraldeak maite ditu (Europa mendebaldetik Japoniaraino, eta baita Ipar Afrikan eta Ipar Amerikan ere), 2.000 metroko garaiera arteko belardietan.
Ederra da oso, eta orotara 37 azpiespezie ezberdin ditu munduan zehar barreiatuta!
Makaon tximeletaren (Papilio machaon) ezaugarri nagusiak
- Tamaina handia: Emeek zein arrek 32-55 mm artean neurtzen dute eskuarki eta aurreko hegoak 3,5 cm inguruko zabalera izan dezakete.
- Anatomia berezia: Beheko hegaletako luzapen edo "isats" horiek bere familiaren (papilionidoen) ezaugarri nagusia dira. Horrez gain, aurreko hankak oso iletsuak dira eta orrazi modura erabiltzen ditu.
- Kolore biziko hegoak: Horia eta beltza dira kolore nagusiak. Azpiko hegoen ertzetan gune urdinak ditu, eta atzeko "isatsen" ondoan bi puntu gorri. Arren kasuan, hegoen azpialdean ere agertzen dira orbain urdin eta gorri horiek.
- Egoera: Ez dago sartuta ez EAEko ez Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoetan, gure lurralde osoko belardietan nahiko ohikoa baita (ez dakit zein den bere egoera legala Ipar Euskal Herrian).
Nolakoa da bere bizimodua?
Udan erraz samar ikus dezakegu mendietako zelai eta belardietan. Hegalari azkar eta nekaezina da, lorez lore ibiltzen dena. Bereziki unbeliferoak eta errutazeoak xurgatzea maite du, hala nola, anisa, mihilua eta erruda. Askotan, eguzkitan atseden hartzen ikus daiteke, bere hego ikusgarriak erabat zabalik. Halaxe harrapatu dugu guk ;)
Eklipseak marisorgina ekarri digu afaltzera.
Ba, bai. Eklipsea ikustetik bueltan, hantxe jarri zaigu marisorgina mahai gainean, afaritan. Ohiko berdearen ordez arrea, baina beti bezain magikoa.
Marisorgina intsektu harrapari bakartia da. 180° mugitu dezakeen buru triangeluarra dauka eta "otoitz egiteko" jarrera ezaguna (hortik bere izen zientifikoa, Mantis religiosa).
Geldi-geldi paratzen da landare artean, ondo kamuflatuta, eta han itxaroten die bere harrapakin diren mamorro txikiei.
Bere kanibalismo sexuala ere berezia da (emeak arra jan ohi du ernalketaren ostean, arrautzak garatzeko elikagai aberats eta erraza).
Eta kamuflajearen kontua ere deigarria da, espeziearen mimetismo eta egokitzapen gaitasunaren froga. Hazte-prozesuan zehar (ninfaren muda bakoitzean), inguruneko hezetasunak, argi-mailak eta tenperaturak zehazten dute azken pigmentazioa: ingurumari heze eta berdeetan mantisak berdeak dira, hostoen artean aise mimetizatzeko; giro lehorragoetan, ostera, pigmentu marroiak garatzen ditu, adar edo belar horituen artean guztiz kamuflatzeko*.
Aurtengo lehortearekin, Euskal Herrian ohikoago diren mantis berdeak arre bihurtu zaizkigu.
Betoz mantis berdeak lehen baino lehen!
** Horri gehitu behar zaio, urterik lehorrenetan mantis arreek bizi-itxaropen handiagoa dutela eta, uda amaierarako, gehiago direla bizirik iraun duten marisorgin arreak berdeak baino.
Biañezko San Andres parrokiako freskoak (XVI. mendea), Karrantzan
Biañez auzoa Karrantzan dago, Bizkaiko Enkarterrietan. Auzoaren erdigunean bertan aurkituko dugu gaur egun San Andres eliza berria, XIX. mende amaieran Romualdo Txabarri indianoak eraikia estilo berritzailean. Baina jatorrizko San Andres eliza zaharra oraindik ere zutunik dago, Biañezko sarreran dagoen muino txiki batean.
XV. mende inguruan eraikia, horixe izan zen 450 urtez Biañez auzoko parrokia. Ehun urtez erdi-itxita egon ostean, 1980 inguruan oso egoera kaskarrean zegoen eta eraberritze lanak hasi zituzten. Eta hara non, zaharberritze-lan horietan zehar, 1988. urtean, Euskal Herriko margolan baliotsuenetako batzuk azaldu ziren. Ordura arte bistan zegoen XVII. mendeko zurezko erretaula barrokoa kentzean, zharberritzaileek fresko eder batzuk topatu zituten azpian.
Errenazimendu garaiko margolanak dira, 1535 eta 1540 urteen artean eginak, eta 90 metro koadroko azalera hartzen dute. Estilo berezi samarrean daude eginda, nahiko modu xinplean, eta bistakoa da egilea ez zegoela oso jantzia kontu historikoetan eta, seguru asko, Karrantza ingurukoa izango zela eta munduan zehar gutxi bidaitutakoa. Hala ere, detaile eder eta interesgarriak ere ez dira gutxi eta, orotara, gure inguruko muralik eder eta garrantzitsuenetakoak dira. Altxor handi bat.
Kolore zuri, beltz eta gorriak dira nagusi eta sasi-erretaula bat irudikatzen dute horman bertan. Azken Afaria, San Andresen martirioa eta Kristoren Pasioaren 12 eszena erakusten dira. Irudien kokapena eta historiaren jarraipena ere ez da ohikoa, eszenak modu zirkularrean daudelako antolatuta, eta ez behetik gora, eskuinean dagoen azken afarian hasita eta handik bueltan-bueltan, erlojuaren zentzuan antolatuta, Jesusen bizitzaren historia eta bizitzaren ziklikotasuna iradokiz. Erdi-erdian San Andres gurutziltzatua dago, elizaren zaindaria.
Euskal Herriko margolan baliotsuenetakoak dira, baita zabalenetakoak ere, eta 1993an amaitu ziren zaharberritze-lanak. Biañezko San Andres eliza zaharra, gaur egun, berriztuta dago eta museo (txiker) bilakatuta. Karrantzako Turismo Bulegoak oso bisita gidatu interesgarriak antolatzen ditu bertatik abiatuta.
San Andres eliza zaharra, Biañez (Karrantza)
San Andresko margolanen historia eta ezaugarriak ez ezik, Biañezko auzoaren eta Karrantzaren historia, Indianoen mugimendu historikoa eta Txabarritarraren gora-beherak ere jasoko dituzu bisitaldian. Nahi izanez gero, Concha auzoan dauden indiano-etxeak ezagutzeko aukera ere badago.
Eskerrik beroena gidari izan genuen Iraideri, bisita osoa hain modu interesgarri, erakargarri eta gozoan egitearren.
Azken afaria
Romualdo Txabarri indianoaren bizitza eta Conchako indianoen etxeak
Freskoen ezaugarriekin batera, San Andres elizan lurperatuta dagoen Romualdo Txabarri de la Herrera biañeztarraren historia ere deigarria da. Historiak duela 200 urte inguru du bere abiapuntua, 1819. urtean jaio baitzen Biañezen Romualdo Txabarri. Oso inguru pobrea zen Karrantza garai hartan eta Romualdok Ameriketarako bidea hartu zuen, XIX. mendean beste hainbat auzotarrek ere egin zuten bezala.
Ameriketara joandako euskaldun gehienek ez zuten lortzen aberasterik, noski, baina Romualdok dirutza egin zuen ehungintzarekin Puerto Ricon.
Ameriketatik bueltan, Romualdo Madrilen instalatu zen, non are diru gehiago egin zuen burtsan, baina ez zuen sekula bere herria ahaztu. Horren lekuko, umetan utzitako sorterria hobetzeko egin eta ordaindu zituen lan guztiak, besteak beste, errepidea, latsarria, iturria, eskola eta tren geltokia (trena bera Karrantzatik igaro zedin emandako eskupekoak ahaztu barik).
Heriotzeko orduan, Romualdok bere herriko eliza zaharrean nahi izan zuen lurperatzea. Garai hartarako hildakoak elizetan lurperatzea legez debekatuta zegoenez, osasun kontuengatik, Romualdok herriko San Andres eliza zaharra erosi zuen, pribatizatu, eta kripta pribatu bat eraiki zuen elizako aldare azpian. Halaxe egin zion zirkin elizaren eta administrazioaren debekuari eta hantxe dago egun ehortzita, bere dozenaka seniderekin batera, XV. mendeko San Andres parrokiaren aldare azpian. Romualdo 1899. urtean hil zen.
Bere herria, Biañez, ezin zuenez elizarik gabe utzi, hil aurretik San Andres eliza berria eraiki zuen herriaren erdi-erdian, eskolen, iturriaren eta latsarriaren parean, garaiko indiano aberatsen estilo modernistan.
1902. urtean, Biañezko herritarrek, esker onez, Romualdo Txabarriren omenezko estatua handi bana jarri zituzten eliza bakoitzaren sarreran. Eliza zaharrekoa duela gutxi lapurtu zuten, egun argiz, grua handi bat erabilita; eliza berrikoa hantxe dago oraindik, Biañez erdi-erdian.
Romualdo Txabarri zenaren omenezko estatua (1902). Ibañez, Karrantza.
San Andres parrokia zaharra (XV. mendea), Ibañez auzuneko kanpoko aldean (Karrantza).
San Andres parrokia berria (Ibañez, Karrantza).
Ibañezko eskola zaharreko materiala San Andres elizako museoan.
Portillo txaleta (XX. mende hasiera), indiano etxea, Eusko Jaurlaritzak legez babestutako ondare arkitektoniko historikoa.
Eretza (Sodupe, 887 m), Kadagua ibarreko zaindaria #100mendi
Euskal Herriko mendien artean toki esanguratsua dauka Enkarterrietan dagoen Eretzak (887 m). Inguruko garaienetakoa, Mendizale Federazioak bere 100 mendi garrantzitsuenen zerrendan gehitu du eta Eibarko Klub Deportiboak Euskal Herriko 100 mendi ederrenen artean. Tira, ez da gutxi!
Sodupe eta Gueñes artean dago Eretza eta haraxe jo dugu asteburuan, Sodupera. Beti etortzekotan, baina badakizue zein urrun dagoen Kamerun gipuzkoarrentzat. Eta mendi erraz-erraza ere ez da Eretza, altuegia ez den arren. Malda exijenteak ditu eta aukeran errazera joten dugu guk.
Baina tira, logistika aldetik goizean goiz Bilbon egon beharra geneukala aprobetxatuta, hango kontuak amaitu eta goizeko 8.30 ingururako Sodupeko Iorgiko auzoan geunden, Eretzarako igoera egiteko hasiera-puntu ohikoena eta Grazal PR-aren abiapuntua.
Sodupe - Grazal - Eretza (PR BI 105)
Eretzara igo eta jaisteko 2 bide nagusi daude Sodupetik eta normalean ibilbide zirkularra egin ohi da (ikus Wikiloken), batetik igo eta bestetik jaitsi. Igoera zuzenenak 5 km ditu, malda gogorrekin; Grazal erreka jarraituz egiten bada igoera, ibilbidea luzexeagoa da (7 km), baina maldak apur bat lasaiagoak (ez asko). Erreka jarraituz igotzeko asmoa geneukan guk, baina despistatu samar gindoazen eta lehenengo gurutzebidean eskuinetik jo genuen, zuzenean gorantz. Eta behin hasita... segi! Tira, ibilbidea antzekoa da bide bietatik. Malda gogorra bietan! ;)
Iorgi auzotik irten eta hauxe da lehenengo gurutzebidea. Eskuinetik igo eta ezkerretik itzuli ginen. Bide guztia garbia da, nahiko ondo seinalizatuta eta aise jarraitzen da bidea.
Hasiera zatarra da, eukaliptu artean. Ixiltasuna nagusi. Hemen ez da ez zomorrorik, ez mamarrurik eta ez moxorririk. Are gutxiago txoririk. Eukaliptuen basamortu hila.
Lehenengo zati luze bat eukalipto artean egiten da. Behin horiek pasata, pago eta haritz bakan batzuk ere azalduko zaizkigu, baina gorago ere exotikoak dira nagusi, pinuak zein altzifreak. Hala ere, erditik aurrera pixkat irekiagoa da bista, apur bat politagoa ingurua.
Igoeraren azkenengo zatia, berriz, mendiaren ertzetik egingo dugu, Kadagua ibarrera ematen duen labarraren ertzetik.
Azkenengo zati honetan ere zuhaitz exotikoen landaketak nagusi, baina zati hau ederragoa da. Han goian ikusiko dugu Eretza, bidea garbia da.
Azken 300 metroetan ikuspegia erabat irekiko da mendizalearen begien aurrean. Belardi zabala eta Sodupe han behean. Bista ederra dago goi-goitik, Ordunte mendilerroa hegoaldean eta Ganekogorta sortaldean, Kadagua ibarraren beste aldean. Ganekogorta eta Eretza, nor baino nor, ea nork aginduko Kadagua ibarraren paraje hauetan.
Esfortzu pixkatekin, pare bat orduan tontorrean gaude, berdantza horien eta belatxinga mokogorrien kalapita artean. Begiratoki honetan gaudela ulertzen dugun zergatik den Eretza ingurumari honetako tontorrik ezagun eta igoena. Horren lekuko gailurrean aurkitu ditugun mendizale guztiak, dozenatik gora.
Han behean Sodupe.
Tontor inguruan belardiak nagusi, ira eta ote gutxi batzuekin batera. Ez dugu ia ganadurik ikusi, halere.
Han goitik itsasoa ikusten da.
Eretzako postontzi zaharra.
Eretza, tontorra (887 m).
Beherako bidea egiteko Grazal errekarantz jo dugu. Oraingoan ere malda pikarrean behera. Tontorretik 20 minutu ingurura Eretzako aterpetxea dago (itxita zegoen). Itxura txukuna dauka eta onena: iturria ere badu. Garrantzitsua, batez ere hegoiak agintzen duen horrelako egun erreetan.
Bideak zuzen-zuzen egiten du aterpetxetik errekazuloraino, beste ordu erdi inguruan, oraindik ere malda dexenterekin. Behin erreka bazterrera heltzean, bideak askoz itxura atseginagoa hartzen du, freskoagoa, naturalagoa. Pagoak, haritza, arteak... eta erreka bazterrean batez ere haltzak eta hurritzak. Errekatxoaren kantuari jarraituz egin ditugu azkenengo 3-4 kilometroak, txiri-txiri, Iorgi auzoko aparkalekuraino.
Eretzako aterpetxea.
Grazal erreka eta PR Bi-105 ibilbidea. Natura 2000 sareko Meatzaldeko Paisaia Natural Babestuan dago sartuta.
Sodupen bueltan. Han goian Eretza.
Eta hortxe amaitu dugu gaurko abentura, Sodupe ezagutzen, garagardo fresko baten laguntzarekin. Ezin esan Euskal Herriko nire mendi faboritoen artean sartuko dudanik Eretza, baina merezi izan du, zalantzarik ez! Azken batean, 100 mendien lehiaketaren filosofia gustatzen zaigulako: hara-hona joatea, Euskal herriko mendi, paraje, eskualde, haran eta herri berriak ezagutzera.
Doluerdi tximeletak (Melanargia sp.) Toloño mendilerroan
Seguru asko 'doluerdi arruntak' izango dira (Melanargia galathea), Euskal Herrian daukagun tximeleta espezierik arruntenetakoa, baina 'doluerdi nafarrak' ere izan daitezke (Melanargia lachesis), Toloño mendilerroan bi espezieak bizi direlako (eta bien arteko hibridazioa ere dokumentatuta dagoelako).
Bata izan zein bestea, espektakulu polita izan zen talde handi bat zelai bateko loreen artean elikatzen ikustea, bertatik bertara.
Urtean belaunaldi bakarra daukate eta ekaina-abuztu bitartean ikus daitezke. Gramineoz betetako eremu irekiak gustatzen zaizkio eta garaiera ertaineko mendiak. Pipaon eta Cervera artean ikusi genituen guk, Toloño mendilerroan (Araba), 500 metro inguruko garaieran.
*Gaztetxoentzat azalpena: gertuko norbaiten heriotzean ohikoa zen garai batean dolua egitea eta beltzez janztea, baita bizi osorako ere. Dolu hori nolabait "arintzen" zenean, edo hildakoa ez zenean senide zuzen-zuzena, dolu-erdia egiteko aukera zegoen, beltzarekin batera arropa zuriak eta grisak ere jantziz. Euskal Herrian ditugun bost Melanargia espezieak zuri-beltzak direnez, horregatik bataiatu dira "doluerdi" izenagaz.
"The Most Perfect Thing", hegaztien arrautza, gauza perfektu hori (T. Birkhead, 2016)
Afaltzeko, zer? Tortilla bat? Bota ditut arrautza biak plater sakonera eta hantxe agertu zaizkit bizitzan lehenengoz txalazak, blastodermoa, barne-mintza, aire-ganbera... Bizi guztian izan ditut begien aurrean, baina orain arte ez diet jaramon handirik egin. Gaur arte. Birkheaden liburuak begiak ireki dizkidan arte.
Lehenago ere izan dugu hizpide Birkhead blog honetan (Los sentidos de la aves). Ornitologo eta ekologo britainiarra da, hegaztien portaeran eta bilakaeran munduko aditu nagusietakoa. Horrez gainera, zientzia dibulgazioan daukagun idazlerik borobilena ere bada, eta bere lanen artean aipagarrienetakoa da irakurri berri dudan The Most Perfect Thing: Inside (and Outside) a Bird's Egg. 2016an idatzi zuen eta zenbait sari jaso ere bai; gaztelaniaz ere badago, Una sutil perfección izenburupean (Libros del Jata, 2018).
Egileak goitik behera miatzen ditu arrautzaren ezaugarri, egitura eta lorratz ebolutibo guztiak. Izugarri ondo dokumentatuta eta ehunka datu tekniko emanez, baina betiere modu ulergarri eta erakargarrian. Izan ere, horixe da Birkheaden gaitasuna, xehetasunik txikienera ere iristen dela, baina betiere testu irakurgarri eta erakargarriak onduz. XIX. mendeko pottorroen arrautzen bilduma batetik abiatuta, hamaika espezieren inguruko xehetasunak aurkituko ditugu liburuan barrena, baita dinosauroen aipamenen bat ere.
Arrautza: bizitza berri bat lurreko baldintza gogorrenetan babesteko eta garatzeko diseinatutako mekanismo miragarria
Liburuaren muinean galdera garrantzitsu bat dago: nola izan daiteke hain objektu "arrunta" benetan horren konplexua? Birkhead-ek arrautzaren bizitza-zikloa aztertzen du, sorreratik eta ernalkuntzatik txitaldiraino. Galdera askori erantzuten die: Non eta noiz sortzen dira gorringoa eta zuringoa hegaztiaren barruan? Noiz eta nola gogortzen da arrautzaren oskola? Eta nola sortzen dira maskorraren koloreak eta ereduak, hainbeste forma eta itxura desberdinekin? Arrautzaren zein mutur ateratzen da lehenbizi errutean: mutur borobila ala punta zorrotza? Nola moldatzen da arrautza ingurumen-baldintza anitz eta muturrenetan bizirauteko? Noiz eta nola apurtuko du txorikumeak oskola?
Eta 'nola' galdera bakoitzaren ostean, 'zergatik' galderari erantzuten ere ahalegintzen da egilea, nahiz eta batzuetan erantzuna oraindik ezezaguna edo irekia izan zientziarentzat.
Horrela, 200 orrialdeetan zehar, arrautzaren zatiak ezagutzen joango gara:
- Oskola: kanpoko estalki gogorra, kaltzio karbonatoz egina. Porotsua da, enbrioiak arnasa hartu ahal izateko (oxigenoa sartu eta karbono dioxidoa atera), baina aldi berean bakterien sarrera oztopatzen du.
- Mintzak (kanpokoa eta barnekoa): Oskolaren azpian dauden bi geruza finak, arrautz gogorra zuritzean aurkituko duguna. Hezetasuna eutsi eta bakterioen sarrera oztopatzeko bigarren geruza bat dira. Oskolaren aurretik sortzen da, arrautzaren lehenengo forma eta estalkia bihurtuz.
- Aire-ganbera: arrautzaren mutur borobilean egoten den hutsunea da. Txitoak arrautza puskatu aurretik behar duen oxigeno gehigarriaren iturria. Hau ere, arrautz gogorra zuritzean nabarmena.
- Zuringoa (albumina): enbrioiarentzako ur eta proteina iturria. Kolpeak xurgatzeko eta enbrioia babesteko ere balio du. Eta, gainera, mikrobioei aurre egiteko hainbat osagai ere baditu. Arrautza hegaztiaren barruan sortzen hasten denean, geruza txiki bat besterik ez da, baina ondoren hidratatu eta hazi egiten da. Espezie bakoitzaren bizitokiaren eta jatorri ebolutiboaren arabera, arrautzaren zati handiagoa edo txikiagoa hartuko du.
- Gorringoa (biteloa) koipez eta proteinaz osatutako elikagai biltegia; hauxe da enbrioiarentzako elikagai-iturri nagusia da.
- Disko germinala (blastodermoa): gorringoaren gainazalean dagoen orban zuri txikia. Ernalduta badago, hortik abiatuko da enbrioiaren garapena.
- Txalazak: zuringoan dauden bi kiribil txiki dira, eta euren lana da gorringoa arrautzaren erdian esekita mantentzea, oskolaren kontra jo ez dezan. Tortila bat egitean ere erraz ikus litezke, firu zuritxo batzuk dira, bata bestea baino luzexeagoa.
Tira, laburbilduz, izugarri liburu ona dela Birkheaden "Gauzarik perfektuena" hau. Animalien fisiologia, zoologia eta zientzia gogoko duten frikientzat bakarrik? Baliteke. Baina esango nuke naturazale orok ere erraz eta interesez irakurtzeko moduko liburua dela. Ezinbesteko lana naturan dagoen mekanismorik garrantzitsuenetako bat ezagutzeko.
Amaitzeko, AAri galdetu diot zer ote den arrautza bat, definitu dezala. Halaxe egin du: Arrautza bat eboluzioak sortutako kapsula organiko autosufiziente bat da; bizitza berri bat lurreko baldintza gogorrenetan babesteko eta garatzeko diseinatutako mekanismo miragarria. Ba, horixe.
- zuringoa
- gorringoa
- disko germinala
- txalazak
