Eklipseak marisorgina ekarri digu afaltzera.
Ba, bai. Eklipsea ikustetik bueltan, hantxe jarri zaigu marisorgina mahai gainean, afaritan. Ohiko berdearen ordez arrea, baina beti bezain magikoa.
Marisorgina intsektu harrapari bakartia da. 180° mugitu dezakeen buru triangeluarra dauka eta "otoitz egiteko" jarrera ezaguna (hortik bere izen zientifikoa, Mantis religiosa).
Geldi-geldi paratzen da landare artean, ondo kamuflatuta, eta han itxaroten die bere harrapakin diren mamorro txikiei.
Bere kanibalismo sexuala ere berezia da (emeak arra jan ohi du ernalketaren ostean, arrautzak garatzeko elikagai aberats eta erraza).
Eta kamuflajearen kontua ere deigarria da, espeziearen mimetismo eta egokitzapen gaitasunaren froga. Hazte-prozesuan zehar (muda bakoitzean), inguruneko hezetasunak, argi-mailak eta tenperaturak zehazten dute azken pigmentazioa: ingurumari heze eta berdeetan mantisak berdeak dira, hostoen artean aise mimetizatzeko; giro lehorragoetan, ostera, pigmentu marroiak garatzen ditu, adar edo belar horituen artean guztiz kamuflatzeko.
Aurtengo lehortearekin, Euskal Herrian ohiko diren mantis berdeak arre bihurtu zaizkigu.
Betoz mantis berdeak lehen baino lehen!
