Pratinkola eurasiarrak (Glareola pratincola) alberdanian, eta gure begien pare-parean
Ezertan hasi aurretik, baina, galdera honi erantzun beharko diogu: zer dira izen berezi hori duten pratinkolak? Bada, ezaugarri bitxi samarrak dituzten hegaztiak dira pratinkolak. Izen hori hartzen dute Glareola generoko 8 espezieek eta horien artean dago pratinkola eurasiarra (Glareola pratincola), Euskal Herrian (eta Europa mendebaldean) oro har ikus daitekeen espezie bakarra.
Glareolidae familiako kideak dira, intsektujaleak eta leku idor eta irekietan bizitzera egokitutakoak. Askotan hezegune edo ibaien inguruetan, baina ez haiei hertsiki lotuta, zankaluze gehienak bezala. Itxuraz ere talde desberdinen arteko ezaugarriak dituzte: limikoloen ezaugarriren bat badute ere, enaren hegakera daukate eta, itxuraz ere, hankarinen antz handiagoa dute limikoloena baino.
Gure pratinkolari dagokionez (pratinkola eurasiarra, Glareola pratincola), neurriz txiki samarra da, eta halaxe ditu hankak zein mokoa, horiek ere labur samarrak. Hegalak, aldiz, bere neurrirako luzeak, eta formaz zorrotzak; buztana, bestalde, guraize itxurakoa. Horri esker, hegalari aparta da, zeruan akrobazia harrigarriak egiten iaioa. Halaxe ehizatzen ditu bere elikagai nagusia diren intsektu hegalariak.
Bizkarralde arrea du, sabela argia, eta eztarri inguruan krema koloreko esparru dotore bat, marra beltz batez inguratua. Horri guztiari mokoaren oinarri gorria gehitzen badiozu, ikusiko duzu pratinkola eurasiarra nekez nahas daitekeela beste ezein txorirekin.
Bidaiari nekaezina: Noiz eta non ikus dezakegu?
Pratinkola eurasiarra espezie migratzaile transahararra da. Negua Afrikan igaro ondoren (Saharaz azpiko eremuetan), udaberrian gure latitudeetara jotzen du ugaltzeko. Europako hegoaldera (batez ere Iberiar penintsulara, Frantziako Camarguera eta Italiara) apirila amaieran eta maiatzean iristen da. Euskal Herrian oso gutxitan ikus daiteke eta, ia beti, hego-hego muturrean.
Ebroren Delta bezalako inguruneak maite ditu: gatzagak, landaredi gutxiko buztinezko lursail lehorrak, hondartzak eta, batzuetan, arroz-sailen inguruak.
Ugalketa: maiatzeko zirriak eta kopula
Maiatza da pratinkolen ugalketa-sasoia. Habia lurrean bertan egiten dute, zulo txiki bat aprobetxatuz eta, askotan, batere materialik erantsi gabe.
Behin habiarena bideratuta, gorteiatzea hasiko da. Arrak eta emeak elkarri aurre egiten diote, buztana altxatuz eta hegoak zabalduz, erritual dotore batean. Sarritan, arrak intsekturen bat eskaintzen dio emeari opari gisa. Emeak onartzen duenean, kopula lurrean gertatzen da, oso azkar, eta argazkietan ikus daitekeen bezala, arrak emearen gainean orekari eusten dio hegoak zabalik dituen bitartean.
Eta halaxe aurkitu nituen hiruzpalau pratinkola Deltako hondartza batean, elkarri segika eta zirri-jolasean. Gizakiari ez diote beldur handirik eta ni han nengoela jakin arren, olgetan jarraitu zuten, niri jaramonik egin gabe eta 15-20 metroko distantziara (tarteka baita gutxiago ere).
Emea, arra erakarriz.
Kopula edo estaltzea.
Hurrengo asteetan, 2 edo 3 arrautza errun eta bi gurasoek txandaka inkubatuko dituzte. Txorikumeak nidifugoak dira; hau da, jaio eta gutxira habiatik kanpo korrika egiteko gai dira, harrapariengandik ihes egiteko.
Une hori begien aurrean bizi ahal izatea ederra izan zen. Maiatzeko egun lasai bat, hareatza bakarti batean, pratinkola bikotea alberdanian lasai-lasai... tira, betirako hortxe gordeta izango dudan unea.
