Adi mendia (1.457 m): Kintoako behatoki nagusia Urkiagako lepotik
Adi mendia (1.457 m) Nafarroako Pirinioen atarian dago kokatuta, Erroibar udalerrian, Kintoa mendigune ezagunaren bihotzean. Eskualdeko gailurrik garaiena eta ikonikoena da eta bere tontor belartsu eta biribilduak mugarri garrantzitsua osatzen du paisaian.
Horrekin batera, inguruak balio ekologiko handia ere badu, batez ere gailurra inguratzen duten pagadi zabalengatik eta Sorogain aldeko larre ederrengatik.
Horri guztiorri gehitzen badiogu tontorretik dagoen bista panoramiko bikaina (Kantauri itsasotik hasi eta Pirinioetako gailur garaienetaraino, Orhi, Hiru Erregeen Mahaia, Anie, eta abar), ulergarria da Euskal Herriko mendizaleontzat tontor handia izatea, eta guretzat ere aspaldiko asmoa izatea Erroibarko tontor nagusia den Adi igotzea, 100 mendien lehiaketaren barruan.
Eta azkenean egin dugu, Aste Santuko oporrak aprobetxatuta.
Urkiagako lepotik Adi tontorrera, GR-11 jarraituta
Gailuerrera heltzeko biderik ohiko eta samurrena Urkiagako mendatetik abiatzen dena da, pagadi arteko igoera atsegina eskaintzen duena (nahiz eta amaieran malda pikarra izan). Sorogaineko haranetik edota Zilbetitik ere igo daiteke, bide luzeagoak erabilita.
Guk errezetik jo genuen, Urkiagako lepotik, alegia. Puntu garrantzitsua da Kintoako lepo hau, Banka (NB) eta Erroibar (NG) arteko mendate ezaguna.
GR-11 eta GR-12 ibilbideak bertatik igarotzeaz gain, Kintoan barrena ibilbideko puntu garrantzitsua ere bada.
Urkiagako lepoa, informazio-kartelak
Mendizaleentzat puntu estrategikoa izanda, Adirako igoera guztia oso garbia da eta zalantzarik gabe dago seinalizatuta. Kontuan izan GR-11 (Transpirenaika) ibilbidean zehar mundu osoko mendizaleak pasatzen direla hemendik, Kantauritik Mediterraneorako bidean.
Kintoa eta pagadiak
Kintoa (Quinto Real) Nafarroako baso-eremu zabal eta aberatsenetako bat da, Erroibar, Esteribar, Baztan eta Aldude artean kokatua. Bere izena Erdi Aroko "kintoaren" zergatik dator (erregeari ematen zitzaion bazka-baliabideen 'bostena'), eta gaur egun kudeaketa bereziko parajea da, mugako itunek arautua. Pagadi amaigabeak dira nagusi bertan, eta fauna aldetik balio handiko tokia da; bereziki ezaguna da udazkenean oreinen marrualdia (arrak orroka hasten diren garaia) entzuteko eta ikusteko eskaintzen duen aukeragatik.
Paisaia berde eta hezea, erreka garbiak eta historiaz beteriko bideak dira Kintoaren nortasun-ikur nagusiak eta hegaztiak behatzeko ere eremu paregabea da, batez ere okilak ikusi nahi badituzu, okil beltza, handia, berdea, txikia... eta Euskal Herrian hain urria den okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos) behatzeko leku onenetakoa delako Kintoa.
Kintoako basoek ez dute Iratikoek adina izen eta oihartzunik, baina naturaz gozatu nahi duenari behar duen guztia eskainiko dio Kintoak, Iratik adina bai bederen.
Urkiagatik abiatzen den ibilbideak ere pagadian barrena egiten ditu hasierako kilometroak, zelan ez. Hegaztiei dagokienez, espezie forestalak nagusitzen dira hasiera honetan: garrapoak, gerri-txori edo katanarrak, txontak, kaskabeltz eta amilotxak, okilak, zozo-birigarroak, eta abar.
Kintoako pagadia
Bioletak
Bizpahiru kilometro egin ostean, Gorosti bizkarra edo Adiko soroa izeneko parajera helduko zara (1200 metro inguruko garaiera). Handik aurrera, pagoak desagertu egiten dira eta goi-larreek hartzen dute haien lekua. Hegaztiak ere aldatu egiten dira, mendi inguruneetara hobeto egokitutako espezieak agertzen baitira: hegatxabalak, mendi-txirtak, garraztarroak, miru gorriak... ugatz bat ere ikusi ahal izan genuen.
Betiko moduan, ikusi-entzundako espezieen zerrenda eBird-era igo genuen.
Ikuspegia ireki egiten da eta Nafarroa Behereko haran eta mendiak agertzen dira gure begien aurrean.
Hortik gorako igoera gogortzen hasten da. Malda pikarra, izterrak berotzen hasteko aproposak!
Ahaleginak beti merezi du. Tontorretik ikuspegi bikaina daukagu eta txorixo-ogibitartekoak ez dauka preziorik. Mendebalderantz Aralar, Aiako harriak, Mendaur, Larhun eta Kantauri itsasoa. Ekialderantz, Iparla, Baigura, Ortzantzurieta... eta barrenean Pirinioak zuri-zuri. Auritz aldea ere ber-bertan ikusten da.
Beheranzkoan Adatungo mendatera jaitsi gara (ekialderantz), hau ere GR-11 eta GR-12 ibilbideen puntu estrategikoa, eta handik bueltan-bueltan itzuli gara igotzeko erabili dugun puntu berera.
Adatungo mendatea (1200 m)
Aztarna arkeologikoak eta historikoak
Ibilbidean zehar hainbat aztarna arkeologiko ikusi daitezke, Adiko soroko tumuluak, adibidez, eta gerra zibilak hutsitako markak ere nabari-nabariak dira Urkiagako mendatean bertan eta igoeraren lehen zatian, hormigoizko bunkerrak ikusiko dituzulako. Pirineoetako Lerroaren (P Lerroa) parte dira, Francoren diktadurak 40ko hamarkadan eraiki zituen, aliatuen balizko inbasio bati aurre egiteko. Gaur egun berdeak erdi estali dituen arren, oraindik ere gure historiako garai beltz baten oroigarri garbiak dira.
Frankismoak eraikitako bunkerra Urkiagako lepoan
Datu teknikoak
- Distantzia: 9 km inguru (joan-etorria).
- Desnibela: 550 metro inguru.
- Iraupena (igoera): 1,5 - 2 ordu inguru.
- Zailtasuna: ez du zailtasun teknikorik, baina azken aldapa, Adiko lepotik tontorrera, pikoa da.
- Seinaleztapena: Oso ona (GR-11 eta GR-12, marka zuri eta gorri garbiak).
