Makaon tximeleta (Papilio machaon): gure zelaietako harribitxi hegalaria 🦋
Gaur goizean Egozkue ingurura joan gara mendira, Anue ibarrean, eta Oiartzabal mendi tontorrean geundela hantxe azaldu zaigu Euskal Herrian dugun tximeletarik ederrenetako bat, makaona.
Hara-hona etengabean, kosta zaigu geldirik harrapatu eta ganorazko irudirik ateratzea, baina azkenean lortu dugu zeozertxo. Eskumako hegoaren zati bat falta zitzaiola konturatzeko balio izan digute irudiok. Gehienetan apur bat argiagoak izan ohi dira, baina gaurko ale hau hori kolore ilun samarrekoa zen.
Makaon tximeleta (Papilio machaon) Papilionidae familiako intsektu handi eta ikusgarria da. Euskal Herriko eskualde gehienetan ikus dezakegu, baina ez da ugariegia ere. Mundu mailan, klima epeleko lurraldeak maite ditu (Europa mendebaldetik Japoniaraino, eta baita Ipar Afrikan eta Ipar Amerikan ere), 2.000 metroko garaiera arteko belardietan.
Ederra da oso, eta orotara 37 azpiespezie ezberdin ditu munduan zehar barreiatuta!
Makaon tximeletaren (Papilio machaon) ezaugarri nagusiak
- Tamaina handia: Emeek zein arrek 32-55 mm artean neurtzen dute eskuarki eta aurreko hegoak 3,5 cm inguruko zabalera izan dezakete.
- Anatomia berezia: Beheko hegaletako luzapen edo "isats" horiek bere familiaren (papilionidoen) ezaugarri nagusia dira. Horrez gain, aurreko hankak oso iletsuak dira eta orrazi modura erabiltzen ditu.
- Kolore biziko hegoak: Horia eta beltza dira kolore nagusiak. Azpiko hegoen ertzetan gune urdinak ditu, eta atzeko "isatsen" ondoan bi puntu gorri. Arren kasuan, hegoen azpialdean ere agertzen dira orbain urdin eta gorri horiek.
- Egoera: Ez dago sartuta ez EAEko ez Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoetan, gure lurralde osoko belardietan nahiko ohikoa baita (ez dakit zein den bere egoera legala Ipar Euskal Herrian).
Nolakoa da bere bizimodua?
Udan erraz samar ikus dezakegu mendietako zelai eta belardietan. Hegalari azkar eta nekaezina da, lorez lore ibiltzen dena. Bereziki unbeliferoak eta errutazeoak xurgatzea maite du, hala nola, anisa, mihilua eta erruda. Askotan, eguzkitan atseden hartzen ikus daiteke, bere hego ikusgarriak erabat zabalik. Halaxe harrapatu dugu guk ;)
