Eretza (Sodupe, 887 m), Kadagua ibarreko zaindaria #100mendi
Euskal Herriko mendien artean toki esanguratsua dauka Enkarterrietan dagoen Eretzak (887 m). Inguruko garaienetakoa, Mendizale Federazioak bere 100 mendi garrantzitsuenen zerrendan gehitu du eta Eibarko Klub Deportiboak Euskal Herriko 100 mendi ederrenen artean. Tira, ez da gutxi!
Sodupe eta Gueñes artean dago Eretza eta haraxe jo dugu asteburuan, Sodupera. Beti etortzekotan, baina badakizue zein urrun dagoen Kamerun gipuzkoarrentzat. Eta mendi erraz-erraza ere ez da Eretza, altuegia ez den arren. Malda exijenteak ditu eta aukeran errazera joten dugu guk.
Baina tira, logistika aldetik goizean goiz Bilbon egon beharra geneukala aprobetxatuta, hango kontuak amaitu eta goizeko 8.30 ingururako Sodupeko Iorgiko auzoan geunden, Eretzarako igoera egiteko hasiera-puntu ohikoena eta Grazal PR-aren abiapuntua.
Sodupe - Grazal - Eretza (PR BI 105)
Eretzara igo eta jaisteko 2 bide nagusi daude Sodupetik eta normalean ibilbide zirkularra egin ohi da (ikus Wikiloken), batetik igo eta bestetik jaitsi. Igoera zuzenenak 5 km ditu, malda gogorrekin; Grazal erreka jarraituz egiten bada igoera, ibilbidea luzexeagoa da (7 km), baina maldak apur bat lasaiagoak (ez asko). Erreka jarraituz igotzeko asmoa geneukan guk, baina despistatu samar gindoazen eta lehenengo gurutzebidean eskuinetik jo genuen, zuzenean gorantz. Eta behin hasita... segi! Tira, ibilbidea antzekoa da bide bietatik. Malda gogorra bietan! ;)
Iorgi auzotik irten eta hauxe da lehenengo gurutzebidea. Eskuinetik igo eta ezkerretik itzuli ginen. Bide guztia garbia da, nahiko ondo seinalizatuta eta aise jarraitzen da bidea.
Hasiera zatarra da, eukaliptu artean. Ixiltasuna nagusi. Hemen ez da ez zomorrorik, ez mamarrurik eta ez moxorririk. Are gutxiago txoririk. Eukaliptuen basamortu hila.
Lehenengo zati luze bat eukalipto artean egiten da. Behin horiek pasata, pago eta haritz bakan batzuk ere azalduko zaizkigu, baina gorago ere exotikoak dira nagusi, pinuak zein altzifreak. Hala ere, erditik aurrera pixkat irekiagoa da bista, apur bat politagoa ingurua.
Igoeraren azkenengo zatia, berriz, mendiaren ertzetik egingo dugu, Kadagua ibarrera ematen duen labarraren ertzetik.
Azkenengo zati honetan ere zuhaitz exotikoen landaketak nagusi, baina zati hau ederragoa da. Han goian ikusiko dugu Eretza, bidea garbia da.
Azken 300 metroetan ikuspegia erabat irekiko da mendizalearen begien aurrean. Belardi zabala eta Sodupe han behean. Bista ederra dago goi-goitik, Ordunte mendilerroa hegoaldean eta Ganekogorta sortaldean, Kadagua ibarraren beste aldean. Ganekogorta eta Eretza, nor baino nor, ea nork aginduko Kadagua ibarraren paraje hauetan.
Esfortzu pixkatekin, pare bat orduan tontorrean gaude, berdantza horien eta belatxinga mokogorrien kalapita artean. Begiratoki honetan gaudela ulertzen dugun zergatik den Eretza ingurumari honetako tontorrik ezagun eta igoena. Horren lekuko gailurrean aurkitu ditugun mendizale guztiak, dozenatik gora.
Han behean Sodupe.
Tontor inguruan belardiak nagusi, ira eta ote gutxi batzuekin batera. Ez dugu ia ganadurik ikusi, halere.
Han goitik itsasoa ikusten da.
Eretzako postontzi zaharra.
Eretza, tontorra (887 m).
Beherako bidea egiteko Grazal errekarantz jo dugu. Oraingoan ere malda pikarrean behera. Tontorretik 20 minutu ingurura Eretzako aterpetxea dago (itxita zegoen). Itxura txukuna dauka eta onena: iturria ere badu. Garrantzitsua, batez ere hegoiak agintzen duen horrelako egun erreetan.
Bideak zuzen-zuzen egiten du aterpetxetik errekazuloraino, beste ordu erdi inguruan, oraindik ere malda dexenterekin. Behin erreka bazterrera heltzean, bideak askoz itxura atseginagoa hartzen du, freskoagoa, naturalagoa. Pagoak, haritza, arteak... eta erreka bazterrean batez ere haltzak eta hurritzak. Errekatxoaren kantuari jarraituz egin ditugu azkenengo 3-4 kilometroak, txiri-txiri, Iorgi auzoko aparkalekuraino.
Eretzako aterpetxea.
Grazal erreka eta PR Bi-105 ibilbidea. Natura 2000 sareko Meatzaldeko Paisaia Natural Babestuan dago sartuta.
Sodupen bueltan. Han goian Eretza.
Eta hortxe amaitu dugu gaurko abentura, Sodupe ezagutzen, garagardo fresko baten laguntzarekin. Ezin esan Euskal Herriko nire mendi faboritoen artean sartuko dudanik Eretza, baina merezi izan du, zalantzarik ez! Azken batean, 100 mendien lehiaketaren filosofia gustatzen zaigulako: hara-hona joatea, Euskal herriko mendi, paraje, eskualde, haran eta herri berriak ezagutzera.
