Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / "The Most Perfect Thing", hegaztien arrautza, gauza perfektu hori (T. Birkhead, 2016)

"The Most Perfect Thing", hegaztien arrautza, gauza perfektu hori (T. Birkhead, 2016)

Asier Sarasua 2026/06/19 17:25
Egunero ikusten dugun gauza bat, oilo baten arrautza. Gauza xinple askoa, ezta? Bada, Tim Birkheadek liburu oso bat idatzi du gai horren inguruan eta erakutsi digu eboluzioan zehar sortutako mekanismo ikaragarri konplexu eta perfektua dela hegaztien arrautza, bere ehunka forma eta egiturarekin. "The Most Perfect Thing: Inside (and Outside) a Bird's Egg" liburua bidaia zoragarria da arrautzen historia ebolutiboan zehar.

Afaltzeko, zer? Tortilla bat? Bota ditut arrautza biak plater sakonera eta hantxe agertu zaizkit bizitzan lehenengoz txalazak, blastodermoa, barne-mintza, aire-ganbera... Bizi guztian izan ditut begien aurrean, baina orain arte ez diet jaramon handirik egin. Gaur arte. Birkheaden liburuak begiak ireki dizkidan arte.

Lehenago ere izan dugu hizpide Birkhead blog honetan (Los sentidos de la aves). Ornitologo eta ekologo britainiarra da, hegaztien portaeran eta bilakaeran munduko aditu nagusietakoa. Horrez gainera, zientzia dibulgazioan daukagun idazlerik borobilena ere bada, eta bere lanen artean aipagarrienetakoa da irakurri berri dudan The Most Perfect Thing: Inside (and Outside) a Bird's Egg. 2016an idatzi zuen eta zenbait sari jaso ere bai; gaztelaniaz ere badago, Una sutil perfección izenburupean (Libros del Jata, 2018).

Egileak goitik behera miatzen ditu arrautzaren ezaugarri, egitura eta lorratz ebolutibo guztiak. Izugarri ondo dokumentatuta eta ehunka datu tekniko emanez, baina betiere modu ulergarri eta erakargarrian. Izan ere, horixe da Birkheaden gaitasuna, xehetasunik txikienera ere iristen dela, baina betiere testu irakurgarri eta erakargarriak onduz. XIX. mendeko pottorroen arrautzen bilduma batetik abiatuta, hamaika espezieren inguruko xehetasunak aurkituko ditugu liburuan barrena, baita dinosauroen aipamenen bat ere. 

"The Most Perfect Thing", Tim Birkhead

 

Arrautza: bizitza berri bat lurreko baldintza gogorrenetan babesteko eta garatzeko diseinatutako mekanismo miragarria

Liburuaren muinean galdera garrantzitsu bat dago: nola izan daiteke hain objektu "arrunta" benetan horren konplexua? Birkhead-ek arrautzaren bizitza-zikloa aztertzen du, sorreratik eta ernalkuntzatik txitaldiraino. Galdera askori erantzuten die: Non eta noiz sortzen dira gorringoa eta zuringoa hegaztiaren barruan? Noiz eta nola gogortzen da arrautzaren oskola? Eta nola sortzen dira maskorraren koloreak eta ereduak, hainbeste forma eta itxura desberdinekin? Arrautzaren zein mutur ateratzen da lehenbizi errutean: mutur borobila ala punta zorrotza? Nola moldatzen da arrautza ingurumen-baldintza anitz eta muturrenetan bizirauteko? Noiz eta nola apurtuko du txorikumeak oskola? 

Eta 'nola' galdera bakoitzaren ostean, 'zergatik' galderari erantzuten ere ahalegintzen da egilea, nahiz eta batzuetan erantzuna oraindik ezezaguna edo irekia izan zientziarentzat. 

Horrela, 200 orrialdeetan zehar, arrautzaren zatiak ezagutzen joango gara: 

  • Oskola: kanpoko estalki gogorra, kaltzio karbonatoz egina. Porotsua da, enbrioiak arnasa hartu ahal izateko (oxigenoa sartu eta karbono dioxidoa atera), baina aldi berean bakterien sarrera oztopatzen du.
  • Mintzak (kanpokoa eta barnekoa): Oskolaren azpian dauden bi geruza finak, arrautz gogorra zuritzean aurkituko duguna. Hezetasuna eutsi eta bakterioen sarrera oztopatzeko bigarren geruza bat dira. Oskolaren aurretik sortzen da, arrautzaren lehenengo forma eta estalkia bihurtuz.
  • Aire-ganbera: arrautzaren mutur borobilean egoten den hutsunea da. Txitoak arrautza puskatu aurretik behar duen oxigeno gehigarriaren iturria. Hau ere, arrautz gogorra zuritzean nabarmena.
  • Zuringoa (albumina): enbrioiarentzako ur eta proteina iturria. Kolpeak xurgatzeko eta enbrioia babesteko ere balio du. Eta, gainera, mikrobioei aurre egiteko hainbat osagai ere baditu. Arrautza hegaztiaren barruan sortzen hasten denean, geruza txiki bat besterik ez da, baina ondoren hidratatu eta hazi egiten da. Espezie bakoitzaren bizitokiaren eta jatorri ebolutiboaren arabera, arrautzaren zati handiagoa edo txikiagoa hartuko du.
  • Gorringoa (biteloa) koipez eta proteinaz osatutako elikagai biltegia; hauxe da enbrioiarentzako elikagai-iturri nagusia da. 
  • Disko germinala (blastodermoa): gorringoaren gainazalean dagoen orban zuri txikia. Ernalduta badago, hortik abiatuko da enbrioiaren garapena.
  • Txalazak: zuringoan dauden bi kiribil txiki dira, eta euren lana da gorringoa arrautzaren erdian esekita mantentzea, oskolaren kontra jo ez dezan. Tortila bat egitean ere erraz ikus litezke, firu zuritxo batzuk dira, bata bestea baino luzexeagoa.

 

Tira, laburbilduz, izugarri liburu ona dela Birkheaden "Gauzarik perfektuena" hau. Animalien fisiologia, zoologia eta zientzia gogoko duten frikientzat bakarrik? Baliteke. Baina esango nuke naturazale orok ere erraz eta interesez irakurtzeko moduko liburua dela. Ezinbesteko lana naturan dagoen mekanismorik garrantzitsuenetako bat ezagutzeko.

Amaitzeko, AAri galdetu diot zer ote den arrautza bat, definitu dezala. Halaxe egin du: Arrautza bat eboluzioak sortutako kapsula organiko autosufiziente bat da; bizitza berri bat lurreko baldintza gogorrenetan babesteko eta garatzeko diseinatutako mekanismo miragarria. Ba, horixe.

 

Hegazti arrautza, zatiak

  1. zuringoa
  2. gorringoa
  3. disko germinala
  4. txalazak

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

cc by sa 4.0 - ikonoa

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz

Azken erantzunak
hamazortzi Sainz arana, 2026/06/12 19:08
Ederra! Zorionak. Amatiño, 2026/03/10 21:51
Ño! Ahaztuta, ziharo! ;) Tira, 15 urte bakarrik ... Asier Sarasua, 2026/01/11 15:56
Egin juagu berba honen gaiñian, neuri be asko ... Oier G, 2026/01/11 10:14
Bai, hitzaldi ederra! Gustora egon giñan, eta ... Asier Sarasua, 2026/01/05 11:22
Bai, que viva Jalisco! Eta Javi Martín be bai! ... Jose Antonio Azpilicueta Albizu, 2026/01/04 11:11
Aupa Azpilikueta! Orduan, 1955 inguru izan bihar, ... Asier Sarasua, 2026/01/01 19:44
"Tupixa, Petit Tupinamba" (1950 inguru?). Argazki ... Jose Antonio Azpilicueta Albizu, 2025/12/31 18:16
Lan ederra egin dabe, bai! Asier Sarasua, 2025/11/18 08:38
Bene-benetan... Zorionak! Amatiño, 2025/11/17 15:11