Zimitz marradunak (Graphosomoa lineatum) gure perrexilaren gainean
Eibarren imutxa deitzen ditugun intsektu berezi hauek, zimitzak alegia, Pentatomidae familiako kideak dira. Munduan 900 genero eta 4.700 espezie inguru ezagutzen ditugu, bost kontinenteetan zabalduta.
Horien arteko hainbat aurkituko ditugu Euskal Herrian eta, deigarrienetakoa, eguerdian lorategian aurkitu dudan hau da, Graphosoma lineatum (zimitz marraduna). Bizkarrean dituen marra gorri-beltzei esker intsektu nahastezina da zimitz txiki hau. Sabelaldean, aldiz, marrak baino puntutxo beltzak ditu. Bestela, zimitz guztien itxura pentagonal sendo eta trinkoa dauka.
Europa erdi-hegoaldeko lurralderik gehienetan bizi da zimitz marraduna eta Euskal Herrian ere ohikoa da, batez ere hilabeterik epelenetan (negua erdi-lo igarotzen du).
Kolore bizi horiek ez dira kasualitatea: zimitzek "abisu" gisa erabiltzen dute euren kolore gorri bizia, hegaztiei eta bestelako harrapariei adierazteko zapore txarra dutela eta jan ez ditzaten (aposematismoa deitzen zaio fenomeno biologiko horri). Gizakiontzat, ostera, ez dute inolako arriskurik.
Euskara estandarrerako ZIMITZ hobetsi bazen ere, beste hainbat aldaera ere baditu hizkeraz hizkera, imutxa eta imitxa Eibar inguru honetan, tximintxa ere bai bizkaieran, tximutxa eta abar gipuzkeraz, ximitx eta tximitx Ipar Euskal Herrian zein Nafarroan...
Lehenago ere ikusi izan ditut zimitz edo imutxa marradunak, baina gaur dozenaka eta dozenaka zebiltzan perrexil artean, ehundik gora ere bai, seguru asko. Han-hemen begiratuta, ez omen da arraroa horrelako kontzentrarioak aurkitzea giroa epeltzen denean, gehienbat eurentzat jaki goxoa diren landareetan, perrexila, mihilua edo azenarioa, adibidez. Landare horien zukua eta, batez ere, haziak jaten dituzte.
Elikatzeko ez ezik, ugaltzeko ere aprobetxatzen dituzte horrelako kontzentrazioak. Tira, ba, argazki batzuk atera eta hantxe utzi ditut berriz, jardunean.
