Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak

Blogak

Volga Sarietarako deialdia

2007/04/22

Behinola, aspaldi, erresuma urrun batean, literatur sariak balore seguruak ziren, Parnaso mendiaren sustrai sendo eta gorakorrak, dohain literarioen gotorleku segur eta ahaltsuak. Baina, ai!, o tempora, o mores, egun batean susmoaren eta ustelkeriaren lizuna itsatsi zitzaien literatur gailu aingerutiar horiei, eta orduz geroztik maldan behera doaz, erremediorik gabe, gainbehera osora bideratuz: ezbairik gabe, honako hau sarien krisialdirik latzena dugu, Antoine D'Abbadiek lore-jokoak asmatu zituen egun zoriontsu eta beneragarri hartatik behintzat. Frogei lotzen gatzaizkie: Euskadi Saria eskuratzeko irabazleak bere auzoko batzokian bazkaldu behar du astean bi aldiz gutxienez (ekintzaren argazki eta ticket justifikatiboak notarioaren aurrean egiaztatu behar dira); Espainiako Kritikaren saria irabazteko Jon Kortazarren lagun mina izatera behartuta dago idazlea (edo gutxienez hori sinetsi behar du katedradun jaunak); Espainiako Sari Nazionala lortzeko idazleak Konstituzioari zin egin behar izan dio gutxienez hiru aldiz, alderantzizko San Pedro bat legez (eta zintzotasun osoz: ez du balio lege-aginduz egitea); Igartza sarira aurkezteko, laginarekin batera, oinarrien arabera, 30x60ko idazlearen argazkia gehitu behar da, eta ez dira gutxi uste dutenak erretratuaren sex-appeal-aren arabera aukeratzen direla irabazleak; lukuru asmorik gabeko Elkarlanean Fundazioak deitzen dituen Jaka Bekei dagokionean, berriz (zure saiakera- edo poemategi-lagina haur eta gazte literatura alorrean saritua izateko arriskua alde batera utzita), kontua da behin bakarrik esleitu zaiola (eta ez beka potoloenetako bat) odol-analisietan positibo eman zuen idazle bati (positibo Rh-an, noski), susmagarri samarra dena; Durangoko liburu salduenen zerrendarekin eta Zilarrezko Euskadi sariarekin, bestalde, badakigu zer gertatzen den, eta Beterriko Liburuaren sariari buruz, nola sinetsi irakurleek ematen omen duten sari batean, euskarazko irakurlerik apenas dagoela gauza jakina denean?

Volga Sarietarako deialdia - Gehiago irakurri