Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona

Dantzari eta bohemio itxura izan nahi baduzu...

Leire Narbaiza 2018/10/03 12:59

Zinemaldia da Euskal Herri gris honetan glamour pixka bat dakarkigun ebentoa. Orain arte alfonbra gorritik promenatzen ibili diren ia guztiak urrunetik etorritako izarrak izan dira, izaki distiratsu eta etereoak, askotan

Baina azken urteotan, euskaldunen presentzia sail ofizialean ia konstante bat da, zorionez. Eta festibalean paseoan ibiltzea film bat aurkezteko beste buru-hauste bat ere badakar: zer jantzi!

Tira, gizonek erraz dute traje klasiko bat aukeratuta, baina janzkera hori ez da denen gustukoa eta berrikuntzak beti dira ondo etorriak.

Irrikan nengoen jakiteko nola egingo zuten agerraldia "Dantza" filmekoek, euskaldunak ez ezik, ezagunak ere badirelako (eta horrek eragiten duen morboa ikaragarria da!). Hemen argazki bat:

Dantza filmekoak
Gari Garaialderen argazkia

Ikusi nuenean, pertsona bakar bati ezin nizkion begiak gainetik kendu: Josu Garateri. Bai, asmatuko zenuten, katxutxa (gorra) daramana. Hasieran gonaz jantzita zegoeka pentsatu nuen, baina beste argazki batzuetan begiratuta, ezetz konturatu nintzen!

Geniala bere janzkera! Horrelako jaialdi baterako look ausart eta aproposa, artista bohemio itxura ematen diona!

Zinemaldia Josu
Gari Garaialderen argazki batetik moztuta

Itzela iruditzen zait praka labur horiek janztea, mutil batek, gainera. Baina ez dira praka motz hutsak, arabiar estilokoak ere badira, baggy-ak cagado (kaka egina) ere esaten zaie gaztelaniaz, oso arruntak, bestalde, dantza garaikideko entseguetan (bertsio erosoan). Oso aproposa Dantza izeneko film bat aurkezteko.

Dantzarako janzkeraren itxura hori beste elementu batzuetan ere sumatu (nahi izan) diot Josuri: txalekoa eta alkandora zuria (uste dut). Gizonezkoak baserritar janzten direnean,  arrunta da txalekokoa eta alkandora beltza. Garatek zeroazen txaleko beltz gurutzatua, papar-hegalduna eta botoi-ilara bikoitza duena; alkandora zuria mao idunekoa, gizonezko edozein dantzarik duena. Zelan ezer txarrik esan, janzki biak ala biak ikaragarri maite ditut-eta!

Zinemaldia jarrita
Gari Garaialderen argazkia

Gainera, soinagaineko hori, txanoduna ere izan zitekeen euskal janzkerako brusa ren interpretazio modernoa, txanoduna. Katxutxa buruan. Txapela jantzi beharrean gorra horrek ukitu desberdina ematen dio konjunto osoari, janzkera tradizionaletik harantzago.

Gustuko ez dudan zerbait ere esan beharko dut, ezta? Bai, oinetakoek ez naute larregi konbentzitu. Saskibaloi zapatila horiek ez ditut egokiak ikusten. Baina irtenbide gaitza du arazoak. Zapatak desegokiagoak izango lirateke. Abarketak, agian? Gehiegitxo. Sandaliak? Baliteke, baina segun zeintzuk. Beste zapatila mota bat, beharbada, ez hain bota, baxuagoak orkatilan. Koloredunak izatea gustatu zait, beltzetik edo zuritik ihes eginda.

Gizonezkoetan look ausartak gustatzen zaizkit, igartzen da. Baina konjunto honi atrebitua ez ezik, egokia ere baderitzot; izan ere, itxura bohemioa ondo lotzen zaio zine-festibal bati, ahaztu barik dantzari-jantziari egindako keinuak. Ederto baten, Josu!

Besteok, ondo; baina oso normal jantzita, gutxi komentatzeko, sentitzen dut!

Dotorezia bertsolaria

Leire Narbaiza 2017/11/29 14:25

Igor Elortza

Argazkia: LUIS JAUREGIALTZO - ARGAZKI PRESS 

Argazki honek txundituta nauka. Behin baino gehiagotan begiratu diodan arren, segitzen du ni liluratzen. Ohituta ez gauden seinale.

Dotorezia dario janzkerari: abrigua, tapauka, betaurrekoak... Eta jarraitzen dugu harrituta. Ez genuen espero ikustea jantzita galburu-berokia gizon euskaldun bat, batez ere, Hegoaldekoa izanda. Are gutxiago, bufanda eder eta zabal batekin hornituta, eta biak juegora. Halakorik!

Berokia idatzi dut, baina baliteke jaka luzea izatea, argazkian ezin da apreziatu. Abrigo laburra balitz, orduan bai zoramena!

Amaitu da kirol arroparekin jantzita joatea bertso saioetara, gore-texa mendirako (edo euri asko denerako) lagatzeko garaia da. Bufandak eta fularrak janzteko unea iritsi da!

Bada sasoia dotorezia oholtza gainean eta kalean erakusteko. Jarraitu Elortzaren ereduari, mesedez!

Lehen harria jartzeko looka

Leire Narbaiza 2017/06/01 18:10

Erraustegiaren lehenengo harria
Dani Blacoren argazkia, Argiatik hartuta

Erraustegiaren lehenengo harria jartzeko ekitaldian politikari talde bat elkartu da Zubietako orube horretan. Prest daude izerdia ateratzeko hogei segundoan, argazkirako.

Denak gizonak, traje ilunez jantzita. Ia denak gorbata iduna estutzen, erretraturako posea jartzen. Lan arriskutsuan dabiltzanez, txaleko berde iksugarria daramate, obretako beharginak bailiran, edota A8an automobila hondatu izan balitzaie legez. Zeren beldur dira? Hondeamakina batek harrapatu dituelakoan, ala?

Buruak, obretako kaskoa jantzita: kaskoan kaskoa. Euren burmuinak balio duelako, babesa behar dutelako, hain da lan arriskutsua gaurkoa! Ganora handirik ere ez dute burukoa janzten, eguneroko kontua ez den seinale.

Denak ilaran, traje, txaleko eta kaskoa jantzita fotografiaren zain.

Parean, argazkilariak, trumilka. Elkarren kontra, angelurik egokienaren bila. Eulien moduan, platano helduegi baten gainean legez.

Eta orain galdera: hain leku arriskutsua bada, zergatik ez ote dituzte argazkilariek txalekoa eta kaskoa jantzi? Euren buruek ez ote dute merezi babesik? Ala politikoena itxurakeria eta eszenaratze hutsa, anzterkia baino ez da? 

Galderak...

Save

Alkandora koloretsuak

Leire Narbaiza 2017/03/30 16:45
Edu Lartzangurenen ideia batetik

Alkandorak, klasizismoaren ikur hori. Gurean, koadrodunak dira jaun eta jabe. Sarrionandiak ere halako bat aukeratu zuen berragerpenaren argazkirako. Sarri koadrodun

Eta kodrodunak sasoi honetan modernoetan modernoenek ere janzten dituztenez, gure gizon klasikoenak pozarren daude. Izan ere, gurean modan daude alkandorok 70ko hamarkadatik! Klasiko bat, beraz! Gainera, ez du adinean diskriminatzen; jantzi lezake urte biko umeak, zein bere 80 urteko aititak. Biek ala biek eroango dituzte gustura.

Zorionez, badugu gure artean klasikotasun (edo klasikokeria) horri aurre egiten diotenak. Alkandora liso kolore solido fuerteak jazten dituztenak. Esate baterako Martxelo Otamendi

Martxelo more
Tolosaldeko ataritik hartua

Martxelo gorri

edo Iban Zaldua 

Zaldua naranja

 

Zaldua more

Oso eskertuta nago beraiei; izan ere, gorbata bakoendako look formala eraiki dute: alkandora polita kolore fuerte bakarrekoa praken gainetik, eta amerikana iluna kolore bakarrekoa. Ederki!

Alkandoren mundu gatzil honetan benetako alaitasuna Joseba Irazokik ekarri zigun, Tumatxak etb1eko saioan. Programa ederra zen, gustura ikustekoa, baina bazuen beste pizgarri bat hainbatendako: nolako alkandora jantziko du gaur Irazokik? Inoiz ez zuen defraudatu!

Irazoki kountri

 

Irazoki Zara

 

Irazoki nahasia

 

Irazoki Hawai

 

Irazoki bateria

 

Irazoki kantuan

Antza denez, Irazokik zabaldu zion bidea estanpatu koloretsuari. Eta dirudienez, hawaiarrak modan jarri dira letradun gizonen artean ezkontza informaletara joateko. Bestela nola azaldu Luistxo Fernandez, Henrike Olasolo eta Markos Zapiain horrela agertzea aurretik ados jarri barik??

hawaiarrak

Alkandora hawaiarrak ez ditut gustuko, baina koadrodun monolaborantzaren artetik haize freskoa dira! Bejondeizuela, ederrok! (esan behar dut Ana Malagonen soinekoa ez zela hawaiarra, estilo asiatikoagoa zuela, eta oso eder zegoela!)

Baina post hau eragin zuen alkandora hauxe da, behean dagoena, Pello Lizarraldek Argian Kepa Matxaini eskaini zion elkarrizketan jantzita zeroana. 

Lizarralde beltz-zurian 

Pena da Dani Blancoren argazkia beltz-zurian izatea. Horregatik, Matxaini eskatu nionean zein kolore zuen erantzun poetiko hau eman zidan:

@txargain @edulartzanguren nola ez ba: zerua ortotsak noiz joko dagoeneko urdin-iluna nahasirik menda-belar ihar koloreko lore estanpatuekin

— Kepa Matxain (@kmatxain) 2017(e)ko martxoak 6f45756d162/@@images/image/preview" />

Imajina nezake, nahiz eta gusturago ikusiko nukeen koloretan. Horrela, behintzat eder-ederra da, oso gustukoa dut! Baina Lizarralderen beste alkandora eder bat ere aurkitu dut sarean, behekoa, hain zuzen

Lizarralde estanpatuaOso gogokoa! 

Zergatik ez ditugu sasoi berriekin batera gizonezkoon atorrok bizitzen, alaitzen? Ausar zaitezte! Gustura hartuko zaituztegu! 

Bush aitaren galtzerdiak

Leire Narbaiza 2017/02/08 17:10

Bushen kaltzetiñakObamaren agintaldia amaitzear zela, komunikabide batzuek argazki bildumak argitaratu zituzten. Bat edo beste nituen. Batzuetan argazki bitxiak ziren, eta beste batzuetan argazki ofizialak. 

Bereziki honek eman zidan atentzioa, eta ez Obamagatik; baizik eta George Bish aitaren galtzerdiengatik. Gurpil aulkian jarrita dagoenez ederki ikusten zaizkio, belaunak tolestu eta prakak igo zaizkiolako.

Atentzioa, galtzerdiak arrosak direlako eta gorbatarekin konbinatzen dutelako! Joko egiten dute! Beitu argazki honetan:Bush aittaren kaltzetiñak

Gainera, gertutik ikusita, konturatuko gara galtzerdiok estanpatuak zirela! 

Nork esango zigun Bush zaharrak hain kontserbadorea izanda (suabe esatearren) horrelako kolorerik irabiliko zuenik bere traje batekin? Zahartzaroak dakarren erreparo galtzea ote?

EAEko emakume politikarien estilo konbinatua

Leire Narbaiza 2016/06/05 23:51
Argazki batek erakuts lezakeena, tontamentean!

Hegoaldeko emakume politikariak

Ezkerretik eskuinera: Rosa Martinez (Equo-Ahal dugu), Nerea Llanos (PP), Idoia Mendia (PSE-EE), Onintza Enbeita (EH Bildu) eta Itsaso Atutxa (EAJ).

Goizane Landabasok eman zidan argazki honen berri. Diario de Noticias-en argitaratua, "Emakumeak eta genero arrakala" izeneko mahai-inguru baten ateratakoa. Gutxitan irudi batek eman ditu hainbeste pista. Seguru nago, nahi barik egin zutela. Baina kointzidentziek hizpide ederra eman digute!

 

Bost emakume politikari sofa batean, hiru leku duen jarlekuan. Horregatik, bik besoetan jesartzea beste erremediorik ez dute. Metafora bat da hori ere? Gizartean eta politikan lekurik ez dugula emakumeok adierazten ote du besaulkiak?

 

Binaka sailka genitzake, nahiz eta horrela bat kanpo geratzen zaigun, ezezagunena, berriena (guretako behintzat). Bikoteak eginda, eskumako biak, Atutxa eta Enbeita, beltzez jantzita daude, praka eta alkandora. Baina soingainekoa (jaka eta txalekoa) beixak dira. Zer adierazi nahi digute? Egoera beltza dela, baina argitasuna ematera datozela? Abertzaleen munduak geruza argia behar duela? Ez da kointzidentzia larregi? Akordioetara iritsiko dira etorkizunean?

 

Beste bikotea, konstituzionalista, alegia, rockeroago jantzi dira, larruzko jaka beltzekin, nahiko antzekoak, gainera. Idun bakoak, papar-hegalik (solaparik) ez! Itxura modernoagoa eman behar duelako konstituzionalismoak EAEn? Baliteke. Bitxia da, gainera, Mendiak eta Llanosek –Mendia eta Llanos? Zer da, hitz-jokoa?–  baina, abertzaleen kontrara daramatzatela koloreak; izan ere, kamiseta edo alkandora beixa dute txuparen azpian! Zer mezu helarazi nahi digute? Baikorregi ote daude barrutik, baina goibeltasun puntu bat erakutsi beharrean daude?

 

Martinez geratu zaigu bakarrik. Bera ez dago inorekin konbinatuta. Lastima. Hori bai, Equokoa izanda alkandora berdea du. Azpimarratzeko bere ideologia? Tira, Martinez eta Enbeita ere ileagatik elkar ditzakegu: biek dute ile laburra, biak ezkerrekoak direlako?

 

Beste hirurek, ordea, ile luzea dute, nahiko klasiko, lisotuta. Formal eta zintzo itxura ematen diena. Mendia eta Atutxa ile-hori tonu desberdinak. Horia ere Enbeitak du, platino kolorea goiko aldean, look berriarekin.

 

Arropara itzulita, behe aldean, praka beltz bi, bakero bi. Gona bakarra, beltza. Eta ez da Enbeita, Llanos baizik. Hortik ere ondorioztatu genezake estatuko zentro-ezkerrak bakeroak nahiago dituela? Euren identitatearen erakusgarri?

 

Pena da argazkian oinik, eta beraz zapatarik, ez agertzea! Ziur naiz mezu ezkutu mordoa aurkituko genituzkeela. Ezta, lagunok? Kontua da, Cuarto Milenio ikusten ari naizela eta Iker Jimenezek misterioak nonahi ikusarazten dizkidala…

Arnaldo Otegi meets Elizabeth II.a

Leire Narbaiza 2016/04/26 00:30
Bloga berpizteko, saski-nahaskia otu zait!

Kartzelatik irten denetik nonahi dugu Arnaldo Otegi. Indartsu eta gogotsu atera da, antza. Baina blog honetan ez dugu politikaz jarduten, politikarien janzkeraz baizik. Eta orain urte batzuk komentatu genuen elgoibartarraren estiloaren kontua. Egia da, Otegik joera markatu duela politikarien artean, gizonezko trajeen uniformizazioaz aldendu zelako, eta esan genezake it-boy bihurtu dela politikaren munduan, luzaroan barruan egon bada ere.

Horregatik harritu gintuen hainbeste Azpimarra+ etb1eko saioan, lehenengo euskarazko elkarrizketa luzean, Maddalen Iriarteri emandako hartan alkandora zimurtua jantzi izana. otegiren alkondara zimurtua

Ni ere ez naiz batere plantxazalea. Baina egia da, ez zuela oso ondo ematen pantailan. Ziur naiz, goizean etxetik irten zenean, lisatu eta dotore zegoela, baina egun osoan hala eman ondoren, jantzi berriko freskotasuna galduta zuela.

Otegik janzkerari dagokionez beste sorpresa bat eman digu: gorbata jantzi du! Halakorik! Londresen dago eta Jonathan Powellekin biltzeko jarri du zintzilikarioa! Ezustekoa izan da, halakorik ez nuen espero! Gorbaten kontrako iraultza, pikutara! Ai! Gainera, gorbata ere zimurtuta zegoen! Ze pasatzen da Elgoibarren? Ez dago lisaburdinarik? Deba errekako haize umelak ez du lisotasuna lortzen lagatzen? Ikertu beharrekoa!

otegi korbatiakin

Eta aprobetxatuz Otegi Britainia Handian dela, beste protagonista bat ekarriko dugu hona: Elizabeth IIa. Izan ere, pasa den astean 90 urte bete zituen gure amamaren lehengusinak! Bere look-a oso berezia da, beti dena konjuntatuta kapelarekin! Tira, boltsomari emakume izendatu genuen, beti boltsoa aldean zeramalako. 

Isabel II loibekin eta boltsua!

Urteurrena ospatzeko familia argazkia atera dute, amama zaharra iloba eta birlobekin. Boltsoa ezin falta. Itxura denez, hurrengo belaunaldian badu boltso kontu horrekin oinordekorik, eskuko-zakua gustura eroango dionik. Familiako neskatila gazteenetakoa!

Orain pentsatzen jarrita, Otegik Londresen jantzi du gorbata. Elizabeth bizi den hirian. Kasualitatea? Ez dut uste! Bertan ez dakit elkartu diren, baina Antigonak juntatu ditu aste honetako protagonistak.

Sabin Bikandiren dotorezia Max sarietan

Leire Narbaiza 2015/05/21 21:02

Astelehen gauean banatu ziren Bartzelonan Espainiako arte eszenikoetako Max sariak, eta Sabin Bikandik jaso zuen konposizio musikal onenaren saria Kukai dantza taldearen "Gelajauziak" espektakulurako egindako musikagatik

Ez da lehenengo aldia Bikandi blog honetara dakarkiguna. Aurreko baten txapela zein egoki janzten zuen komentatu genuen. Oraingoan, ostera, antzinakotasunaren klasea erakutsi zigun

Traje dotorea, urdin bilbao kolorekoa, itxura onekoa. Alkandora iluna, gorbata beltza eta betiereko txapela, era berezian jantzita. Ikusi nuen lehen irudia bere esker ematea izan zen eta gerritik gora baino ez nuen ikusi. Atentzioa txapelak eman zidan, gauean horrelako ekitaldi baten zeramalako

Baina geroago, photo-call-eko argazkia ikusi nuen, goikoa, alegia. Orduan bai haluzinatu nuela! Abarketa beltzak daramatza!!!! galtzerdi beltzekin! Eta ze ondo geratzen zaion? Sekula ez nuen pentsatuko!

Kontua da bere diskurtsoa eta janzkera bat datozela goitik bera: musikari tradizionalaren look-a baitarama, dotorezia osoz! Bikaina, Bikandi! Ederra iruditu zitzaidan, eta ez zuen desentonatzen, gainera!

Zorion bikoitza: saria eta arropagatik!

Intelektual itxura izateko zer behar den (edo nola jantzi sari literario bat jasotzeko)

Leire Narbaiza 2014/12/17 22:52

Nola jantzi intelektual itxurak egiteko? Gaur egunean sarritan planteatzen zaigu galdera hori, hainbat ebento, sari-emate eta ekitaldi daude non intelektual plantak egin behar diren, batez ere zalantza duena sari-jasotzailea bada.


Bizi garen gizarte “eskaparatista” honetan, itxura denez garrantzitsuena, pista batzuk eman nahi diet gure lagun gizonezkoei; izan ere, intelektual piura izateko ezinbestekoa da gizona izatea, jakina baita emakumeok oraindik ez dugula halako loriarik iritsi. Ez bekit gaizki uler, ez diot emazteok ezin gintezkeenik intelektualak izan, baina postureoan, oraindik ez dugu benetako espazioa lortu. Betorkigu berandu baino lehen!


Hara hor lehengo baldintza, gizona izatea. Bigarrena, aurpegian ilea izatea. Hala da, kausitu ote duzue idazle edo abeslari coolik bibote, bizar, kokospeko, papilota/patilla edo abarrik gabe, hori hipster edo modernoegi izan barik ere.


Buruko ilea, baldin eta oraindik bada, luzetxo, baina ez gehiegi eta desorraztuta, baina ez larregi. Natural antzean, baina oso estudiatua.Hori da komeni dena, jakinekoa baita azaluskeria dela helburu,


Hirugarrena, jaka janztea baitaezpadakoa da, amerikana izan behar du, gura dena, nahiera, baina hor ez dago eztabaidarik. Omendua rokero zaharra, makarra edota oso alternatiboa bada, onartuko zaio larruzko txupa , kremaileraduna, jakina.


Jakaren azpian, prefosta, alkandora eramango du sariztatuak, lisoa, kolore bakarrekoa eta praketan sartu gabe, arduragabekeria airea emateko lookari. Norbaitek originala izan nahi badu, tanto txikiko alkandora ere jantz lezake, baina beti oso leuna bada estanpatua. Alternatibo eta abozinatuendako tixerta ere erabil liteke, beti ere okasiorako kostumizatuta badago; alegia, slogan edo leloa ad hoc badu serigrafiatua.


Modelo hau nahikoa intelektual iruditzen ez zaionak ttattarra ere lot lezake idunean, hori bai, atorraren barrenak praketan sartu beharko ditu bai ala bai, narraskeriarik ez lagunok!

Erretzaileek pipa ere eroan lezakete, edo zigarretak eramateko iragazi luze horietako bat. Agian eztabaida ere sortuko du aretoan pipatzeak, baina pentsalariari zer ardura ote dio, ez da, bada, bera eguneko protagonistak?


Eta errematea, pastelaren ginga: fularra! Zer da intelektual ustezkoa fular gabe? Bai, txikia eta erabilia bada ere, zer axola dio? Tapauka ere izan liteke, baina ez oso negukoa. Estiloarekin jarrita. Jakin ezean, inguruan izango da emakumeren bat badakiena kolokatzen. Eska lekioke laguntza, beti egongo da abat edo bat prest zorionduari lepoan eskua jartzeko.


Eta argazkietarako mementoan interesante aurpegia jarri. Lehenengo planoa bada, eskua okotsean bisajeari eusten legez, eta ezpainak "muturtxoa" eginez, ez sobera, hauteman ez dakizuen. Beti oro era oso sotilean.


Hau da, estimatuok, Anti-gonatik errateko duguna. Kontuan hartuz gero, ikusiko duzue nolako arrakasta izango duzuen inguruan, saria elkarte gastronomikoaren ipuin lehiaketakoa bada ere. Berdin dio, hemen garrantzitsuena plantak egitea da, azalutsen erreinuan bizi baikara, oraindik ohartu gabe zeundeten, ala?


Disfrutatu premioaz eta hurrengo galan gonbida gaitzazue.

Pertsona publikoen arropa eta sexismoa

Leire Narbaiza 2014/11/21 11:39
Euskadi irratirako Faktorian egindako kolaborazioa

Karl Stefanovic-ek Australiako Channel Nine-ko albistegiko aurkezleak urte osoan jaka bera jantzi du. Alkandora eta gorbatak aldatzen zituen, baina alkandoren kasuan denak zuriak edo kolore argikoak ziren. Time-lapse bat egin dute eta nabarmen geratu da bere ondoko emakume aurkezleak egunero modeloz aldatu zuela, baina berari ia nabaritu ere zaiola egiten. Urtebetean aldatu barik eta inork ez du igarri.

Jakin gura nuke andrazko baten kasua izan balitz zer esango zioten. Ziur naiz, astea amaitu orduko jendeak antzemango ziola eta nonahi agertuko “eskandalua”. Izan ere, emakume batek arropa errepikatzea eskandalua da. Anormala den zerbait.

Agian, orain denbora gutxira arte jende arruntak arropa gutxi zuelako, eta asko izatea aberatsen kontua zelako. Orain, armairuak gainezka dauzkagu eta, gainera, gutxi dugula iruditu. Kontsumismoa, arropa merkea, eta modaren konbinazio zoroak eraman gaitu egoera surrealista honetara.

Aitortu behar dizuet niri ere gustatzen zaidala arropa aldatzea, eta kritika nigandik hasi beharko nukeela. Baina aldatzearenaz gain, uste dut hor ere badagoela sexu edo generoari dagokion osagaia: emakumeok txukun eta egoki janzteaz gain (honetaz ere asko hitz egin genezake), modan eta dotore jantzi behar dugu. Emakume publikoak (ejem) izanez gero, erakusleiho ere izan behar dugu. Hala gertatzen zaie ministro emakumeei, aurkezleei eta abarrei. Cécile Duflot-en kasuaz hitz egin izan dugu,Cécile Duflot eta soineko loraduna

edo Loyola eta Ana de Palaciori ahizpei egindako kritika zorrotzak estilo berezia zuelako.Loyola de Palacio

Bestalde, aktore, abeslari, printzesa eta abarrek arropa errepikatzen dutenean, artisten kasuan, kritikatu egiten da; printzesen kasuan, ostera, koipea emanda, xumea dela esaten dute, berrerabiltzen badakiena. Baina birritan baino gehiagotan errepikatzen badu denboran zehar (ez bi egunetan jarraian, hori ezinezkoa litzateke), zikoitz eta xuhurtzat hartuko dute, glamourrik ez duela ere esango dute. 

(Bilaketa bat egin dut Googlen: Letizia repite vestido, eta 70.000 sarrera irten zaizkit!)

Baina oreka mantentzea ere zaila da; izan ere, arropa gehiegi edo nabarmenegia jantziz gero ere, kargu hartuko diote emakume publikoari, Teresa Fernández de la Vegaren kasuan bezala: dirua xahutzen zuela zioten. Nola asmatu, baina?

Gizonezkoen kasuan askoz errazagoa da, Karl Stefanovic-ek demostratu duen bezala: kontrol gutxiago, kritika gutxi, eta dena errazago. Egia da, Lorenzo Milak La Dos kateko albistegian gorbata barik agertu zenean hautsak harrotu zituela, baina alergiadunek ere ez lukete igarriko hauts hori! Amatiñok ere pajaritekin, ttattarrekin eman zuen zeresana (gutxiago). Eta Pedro Toledok Banco Bilbao Vizcaya (BBV)ko kopresidentea izan zenak ere eman zuen zeresana trajea utzi eta sarri praka bakeroak, gorbata eta jaka janzten zituelako, orduan nahiko modernoa. Baina boterea eta dirua izatea zer ote, kritika gutxi jaso zituen! Pedro Toledo

Dena de, irratiaren kasuan erraz-erraz daukagu, bainu jantzian edo pijaman egon gintezke eta zuok ez zenukete inoiz jakingo! Ahotsa janztea da hemen arazoa!

Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera