Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bergetxeko ataipian

Tipo... superra

Aintzane Agirrebeña 2007/11/12 14:31

Batzutan esan izan deste beti ezkortasun puntu batekin idazten dotela eta gaurkuan positibotasunez idaztia pentsau dotenez, izenburua be halakotxia ipini detsat zutabetxo honi: superra. Bueno, superra izatiak ez dakit berez ona izatia esan nahi ete daben, baiña bueno. Dana dala, modako berbia danez, ba, neuk be zegaittik ez neban aukeratuko? Nere lagun bat hasarre bizixan jartzen da "super" entzuten daben bakotxian. Superrona, supertxarra, superguapua... eta superguayxa bada, ze esanik be ez! Baiña halakotxia da modako berbeta berua.

Eta super-ekin batera badabil bolo-bolo "komodin" moduan esaldi guztietan sartzen dan beste berba bat be: tipo. Gaztelaniazko hiztegixetan ibili naiz definiziño billa:

  1. Modelo, ejemplar que puede imitarse
  2. Clase
  3. Ejemplar característico que...

Adibidiak be irakurri dittut, baiña ez, ez, ez dago nik kalian entzuten doten “tipo” horretako “tipo”-rik. Bueno, ez nabil “tipo” baten gaiñian, “tipo” berbian gaiñian baiño. Ene! Azkenian neu nahastau naiz berbionekin!

Ba, hori, ez daguala halako adibiderik hiztegixan: "Jo, erosi dittut fraka batzuk TIPO holan... a cuadros, ta gero juan giñan Marian etxera eta TIPO jai bat ein gendun ta jo, tio... gero Mikel TIPO txarto jarri zan ta...".

Modako berbeta berua. Baiña euskeraz dan artian ni behintzat pozik!

Santu santu santua

Aintzane Agirrebeña 2007/09/26 16:28

Atzo suegrianera juan nintzan afaltzera. Azkoittin bizi da bera, Altzibar auzuan. Peorako (edo, Azkoittin, bebarruko) eskillaretan gora goiazela konturatu giñan aldamenekuakin atez ate zeguala barriketan pasillora urtenda. Gu allegau "kaixo", "kaixo" eta "agur" eta bakoitza beran etxera.

Atia itxi eta kajatxo bat laga zeban sarreran. Pentsau neban kajoiren bat edo zala eta ez netsan inportantziarik emon. Baiña pasilluan aurrera noiala Enekok esan zestan:

  • Aintza, zuk ez dozula sekula holakorik ikusi?

Atzera bueltau eta kajatxua zabaldu zeban. Bi tapa zekazen, bakoitza alde banatara zabaltzen zala (basarrixetako "persianen" antzera). Zabaldu eta zer ikusiko... SANTUA!

  • Bai, etxerik etxe juaten da santua.

Baiña nik ezin neban oso ondo ulertu. "Zetarako?"... Eta orduan esan zestan Enekok euren basarrixan bi santu be egon izan zirala eta bera mutikua zanian auzoko beste basarri batera eruanda daguala bi santu be, esku banatan hartuta.

"Eta santu hau ze, holan ibiltzen da etxez etxe?" galdetu neban. "Bai. Ez dakit hau Altzibar auzoko santua izango dan ala herri guztian ibiliko dan".

Oin Azkoittin bizi naizela arduratan nago, ia noiz etorriko ete jatan santua ate-joka.

Tribuen berbak

Aintzane Agirrebeña 2007/07/06 12:07

Herri guztietako jentia ikusi leike ETBko Mihiluze programatik pasatzen eta herri guztietako etxietako telebisiñuetan ikusiko da seguramente. Gure etxian be zain-zain egoten gara, lehiaketia noiz hasiko, batez be “tribuen berbak” izena dakan atala. Uste dot bati baiño gehixagori gustatzen jakon atala dala hau. Gure herrixetako berba kuriosuak, barregarrixak, originalak... asmau ezinda ibiltze hori asko gustatzen jaku eta batzutan barre galantak egitten doguz halako edo bestelako berbiakin. Urriñekuak diranian "Zelako berba xelebria" edo "berba hori adierazteko ze modu xelebria" pentsatzen dogu; baiña hurrekua danian? Ezaunak egitten jakuz hor azaltzen diran berbak? Lehiaketan bertan be ikusten dira partehartzailliak euren herrixetako berbak azertau ezinda; eta guk asmatzen ete doguz geure herrikuak?

Sarrittan ez dakit ze kutxa edo armaixotatik etaratako berbak izango dira hor ipintzen dittuenak, baiña beste batzutan biharbada ez dira hain aspaldikuak izango, eta ez gara konturatzen hori altxorrori denpora gutxixan galdu egin dogula. Galdu eta, gaiñera, oin barre egitten detsegu horreri berbori, beste planeta batekuak izango balitzaz moduan.

Egixa esan, Mihiluzeko atal horrek ondo ipinitta daka izena: “Tribuen berbak”. Izan be, horrek berbok lehenagoko “tribuak” erabiltzen zittuen berbak dira, ez dake gurekin zerikusirik, ez dake zerikusirik gu garan “hiritar zibilizauekin”.

Mª Dolores Pradera (2)

Aintzane Agirrebeña 2007/07/06 11:58

Ekainaren 16an Maria Dolores Praderaren kontzertua zegoen Durangon. Azkenengo momentuan jakin nuen, baina, hala ere, ezin joan, Durangon bertan ezkontza genuen eta. Leirek egin zuen kontzertuaren kronika irakurri eta gero ezin nere esperientzia kontatu gabe geratu.

Niri ere beti gustau izan zait Maria Dolores Pradera. "Arraroa" naizela horregatik pentsa dezake jendeak, baina, egia esan, ohituta nago, beti pentsatu izan dut-eta ez naizela kanonetan sartzen. Ermuan ikusi nuen nik Maria Dolores Pradera orain dela urte batzuk. Ze ederra izan zen! Ze dotorea den bere larogetaka urterekin ere! Beti bere zapi dotore horiekin! Eta ze musika ederra. Ze ahots ederra.

Durangon ezin izan nuen ikusi. Larunbat horretan ezkontza; kasualitatez, Durangon bertan, hotelean. Gauean juerga lasai egin ahal izateko bertan geratu ginen lotan koadrilako gehienok.

Kaletik bueltan hotelera heldu eta hantxe zegoen bera! Butaka haundian eserita, beti bezain elegante! Aldamenekoari esan nion: "Maria Dolores da! Maria Dolores da!". Bihotza azkar-azkar hasi zitzaidan eta guztiz alteratu nintzen. "Zein? Amona hori?" galdetu zidan. Baina ni ordurako berarengana hurbiltzen ari nintzen. "Derrigorrez berba egin bihar dot berakin, zenbat gustatzen jatan esan bihar detsat, autografua eskatu bihar detsat", besterik ez nuen pentsatzen. Eta pentsatu eta egin. "Dame dos besos" esan zidan eta amarentzat autografoa eskatu nion.

Dagoeneko ekainaren 17a zen, nire urtebetetze eguna. Opari ederra izan zen niretzat. Eta nire amarentzat ere hala izan zen biharamonean autografoa eman nionean. Zelako ohorea gurea.

Badiharduzue?

Aintzane Agirrebeña 2007/05/14 10:46

Ze, badiharduzue? Horixe ei zan basarrittarrak alkarri berba emoteko erabiltzen zeben esaeria. Eta ortuan edo beste zeozetan lanian ziharduen beste basarrittarrak Bai, badihardugu, ba erantzungo zeben. Basarrittik kalera edo kaletik basarrira batenbatekin topo egindakuan be Ze bazoiaz? edo Ze, bazatoz? esan eta bestiak Bai erantzundakuan hau edo bestia kontatzen zetsen alkarri. Honen inguruko anekdota txiki bat be badago. Behin bi ehiztarik kaletik etxera zetorren basarrittarrari adarra jotia pentsau zeben: Hi, adarra jo bihar jetsagu horri basarrittarrorri. "Ze, bazatoz?" galdetu biharrian, "ze, bazakoz?" galdetuko jetsagu eta "Bai" erantzungo jok eta hemendik aurrera "Bazakoz" deittuko jetsagu. Hala, zain geratu ziran basarrittarra kalera noiz etorriko, eta goittik behera ikusi zebenian, bidian gora abixau ziran. Tope egin zeben bide erdixan, eta ehiztarixok: Ze, bazakoz? ta basarrittarrak Zuek be bai?. Isil-isilik eta amorratuta geratu ziran ehiztari adarjotailliok, eurak be "Bazakoz" izango zirala ta.

Guk BADIHARDUGU, baina zenbat aldatu diran gauzak! Lehen elkarrizketa baten hasieria markatzen zeban esaeria gaur egun ixa erabili be ez da egitten! Zenbat aldiz esan bihar izan doten Badihardugu Elkartian izena hitzez hitz! Badi... Zer? Zelan? Pentsau, telefonoko fakturetan "Badithadugu" gara (papeletik kopixau zeben!). Ta zuek, ze, BADIHARDUZUE?

Adarkaie

Aintzane Agirrebeña 2007/03/16 09:58

Eibarko Inazio Zuloaga institutora bisittia egin gendun juan zan astian. Koldo Zuazok beran azkenengo lanan gaiñian jardun zetsen bertako gaztieri eta euskara batua, euskalkixak eta abar jorratzen jardun genduan. Koldok beran ikasle-denporan euskerian egoeria zelako kaskarra zan eta zelan aldatu dan azaldu zeban, baina bertan esan zeskuenagaittik kontua ez dala hainbeste aldatu konturatu ginan. Hau da, ondiokan be euskara hutsian berba egin eta gaztelaniaz hankia sartzen dabeneri barre egitten jakuela (ez okurridu alderantziz halakorik egitterik, e!).

Bertako ikasle azkoittiar batek beran esperientzia kontau zeskun. Harrittuta zeguan Eibarren ikasten dittun berba barrixekin: tangana, fijo, tope... eta beran kuadrillakueri kontatzen ei detsez Eibarren ikasittako berbok. Jakiña, Azkoittin ez dittue ezautzen halakuak; ez gaztelaniaz gaizki moldatzen diralako, gaztien artian euskeria besterik erabiltzen ez dabelako baiño.

Aste honetan "vaya polvo tiene esa/ese" esateko zenbat modu dakezen kontau deste: "Horrek zaukek adarkaie", "Ixoko al hixoke horri", "Horrek zaukek astindue" eta beste dozena bat gitxienez. Eta ez dira liburuetan bakarrik jasota daren kontuak, kalian erabiltzen dira. Guk adarkaie ez, baiña lotsia bihar genduke. Eibarko ikasle azkoittiarrak pozik dare Eibarren gaztelaniaz ikasi eta Espainiara juateko moduan prestatzen diralako. Aupa gu!

Umiekin eta txakurrekin Berbetan

Aintzane Agirrebeña 2007/01/30 11:53

Euskaldun zaharrak topau ezinda zebizela esan zestenian ezin neban sinistu. Eta Kittok martxan ipini daben Berbetan proiektuan euskaldun barrixeri euskeria ahozkotasunian lantzeko aukeria eskaintzen jakue euskaldun zaharrekin tertulixak egiñaz.

Izena emondako euskaldun barrixendako berbalagun euskaldun zaharrak topau ezinda zebizela jakin nebanian, jo ta ma geratu nitzan. "Ez ete dago euskaldunik Eibarren?" pentsau neban, "Ez, ezin da izan". Pentsatzen jarri ta... biharbada euskaldun zahar batzuk euren euskeria txarra dala-ta halakuetan izena emoten lotsatu egingo ziala pentsau neban. Baiña ez.

Egunero urtetzen dot kalera, ta berihala konturatu nitzan zer dala-ta pasatzen zan hau fenomenuau. Kalian dabillenak badaki hango barri. "Hola, ¿qué tal te va? Aii... qué niña más bonita... Hola, maittia, ze, amatxokin ondo, ezta? Apapa zoiaz amatxokin? Ay, chica, cómo ha crecido, cómo ha pasado el tiempo... bla, bla, bla...".

Zer esan nahi doten honekin? Umiekin eta txakurrekin bakarrik euskeraz berba egitten dan herri honetan normala dala halakuak pasatzia. Jakiña, euskaldun zaharrok eguneko euskara-dosisa ume eta txakurrekin gastatzen dogu, eta ez jaku dosi hondarrik geratzen euskaldun barrixeri eskaintzeko.

Umieri euskera batuan?

Aintzane 2007/01/03 01:01

Aspaldi hontan umieri euskara batuan berba egitteko joeria igarri dot neure inguruan "Eske gero ikastolan be horixe ikasiko dabe". Horixe da gure gerria.

Badihardugu Elkartia aurten hasi da ikastetxietan ze maillatan erabiltzen dan euskalkixa aztertzen. Ezkorra da emaitza, momentuz. Ez da hemengo arazua bakarrik, baiña, jakiña, euskerian egoeria be ez da bardiña herri danetan.

Azkoittiko neska-mutikuak grazia egitten deskue gero bertara juan ta sano-sano "Hi haiz arraixe" edo "Eman ingoat!" esaten deskuenian. Ta esaten dogu: "Jo, honek bai salauak, zelan berba egitten daben!". Baiña horixe dalako euren herriko berbetia. Ta guria txarraua ete da, ba? Eurak bardiña esango leukie hona etorri eta Eibarko neska-mutikuak sano-sano "Etxata gustatzen" esango balebe. Baiña bildur gara gure seme-alabak ez ote daben euskara batua ikasiko.

Bai, bai, euskara batua ikastia inportantia da, baiña... ta gure betiko berbetia? Euskaldun barrixa dan nere ezaun bat euskaldundu eta gero Eibarko euskeria ikasten ibili zan EUSKALDUN OSO, benetako euskaldun sentitzeko. Eta euskaldun zaharrak gure seme-alabak euskaldun berri bihurtzen gabiz?

Azkenaldixan herri askotan bertako euskeria jasotzeko bekak etaratzen dihardue: Zarautzen, Beasainen... Euskalkixak gainbehera doiazela usainduko zeben, biharbada, eta berandu baiño lehen euren euskeria sikieran papelian jasota geratu dein nahiko dabe.

Ji tta Jau

Aintzane 2007/01/01 01:01

Batentenbatek biharbada pentsauko jon indixuen hizkeran-edo nabillela. Baiña ez. Nere amak jiñon eurak "ji tta jau" egitten dabela berba. Eta halaxe egitten jone, gaiñera: jittunat, jaonaz, jatonaz...

Aste honetan Badihardugu Euskara Elkartiak laster kaleratuko dittun Oñatiko eta Eibarko aditz-tauleri errepasua emoten jardun jonat eta benetan penia emoten jestan zenbat aditz-forma laga doguzen atzera ikustiak! Halako aberastasuna eukitta dana galtzen laga? Ez, ba! Horregaittik egin jonat zutabe hau "ji tta jau", ixa galduan dagon berba-moldian, idazteko ahalegina. Gizonezkuok, parkatidazue; nokako formia aukeratu juat, nesken arteko moldia mutillena baiño askoz egoera txarraguan dagolako.

Lehengunian gaztetxo batek esan jestanan kuadrillan egin izan dabela hika jardutzeko ahalegina. Aupa! Hori seiñale ona don, gitxienaz batenbat arduratzen don oindiokan. Bajakiñat, bai. Gaztiondako ez don erreza dana hika egittia, sarrittan ez jonau jakitzen forma guztiak ondo erabiltzen eta. Baiña, ze? Ez gaittun ahaleginduko? Bape saiatu barik burua makurtu bihar jonau? Poliki-poliki hasiko gaittun, aditz-taulak hartu ta hikako adizki errezenak erabiltzen. Ez don hain zaila izango! Ez dozue uste hikako moldiak lagunarterako konfiantza-puntu bat emoten dabela? Gaztiok, zer dala-ta egin bihar dozue igual-igual berba irakasle, guraso edo lagunekin? Gure altxorra aprobetxau bihar jonau!