Joan Mari Torrealdai eta euskal liburutegiak.
Zorionez Euskaltzaindiaren Euskera aldizkariaren azken alean Joan Marik idatzitako bibliografia jasota dago, gezurra dirudi hainbeste lan ekoiztea. Miraria.
Euskaltzain oso 2007ko azaroaren 30ean izendatzean “Bibliografiatik bibliotekara, esperantzari leihoa" izenburuko sarrera irakurri zuen. Liburuzainok bihotzean daramagu esandako hitzak. Liburutegi Nazionala hartu zuen hizpide. Baikor agertu zen, Euskal Herriko Liburutegi Nazionala amets bezala ikusi zuen, bihar lortzeko modukoa… urteak iragan ahala denok bezala ezkor joan zen bihurtzen.
Liburutegi eremuan Jose Antonio Arana Martijak utzitako hutsartea bete zuen Joan Marik, Euskaltzaindiaren bibliotekari akademikoa izan zen 2017arte, ordutik aurrera ohorezko liburuzaina izan da.da.
Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiaren egindako proposamenak eta lanak goraipatu zituen: Ahoan bilorik gabe mintzatuz, Biblioteka Nazionalaren planteamenduan aitzindari izan da Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia… hainbat lan eta proposamen egin izan diete erakundeei, arrakasta handirik gabe, antza denez… Por ello proponemos la creación de un organismo autónomo para todo el país: La Biblioteca Nacional Vasca, la Biblioteca de Euskal Herria. La ubicación de su sede no debe ser un problema insoluble… pero pensamos que un buen lugar sería Iruñea… Su creación, gestión y financiación correría a cargo de un órgano común de cooperación entre las tres comunidades políticas vascas…
Biblioteka Nazionalaren gaia sakon eta askotan aipatu dute Mintegiko beste kide batzuek ere, Gerardo Luzuriaga batek, Agurtzane Juanenak.
Joan Mari 2007 urtean esaldi hau bota zuen: Euskal Herri Osoko Biblioteka bat ametsa ala ameskeria da?
Urte horretan ameskeria izan ba zen, zer ez esan egun. Joan Mari beste batzuk bezala saiatu zen Biblioteka Nazionalaren alde eskuan zeukan guztia jartzea, jarri zuen baina berak esan zuen moduan Eusko Jaurlaritzak hasiera hartan (1980) ez zuela Biblioteka lehenetsi… eta gero askoz gutxiago (azken esaldi hau nirea da).
Liburutegi eremuan ere eredu bat izan da.
Gerardo Luzuriaga
Liburutegiak EAEn
2022rako Koldo Mitxelena Liburutegiak berrituko du oraingo eraikuntza, 9 milioi inbertituko ditu, aldaketa batzuk izango dira: espazio handiak, bilera gelak, taberna... irakurketa gela lehentasuna jarraituko du edukitzen, gainontzeko espazioak ahaztu barik. Egun Gipuzkoako erreferentea bada, aipatutako obrak egin ondoren zer esanik ez!
Aurten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura sailak (Azkenean, eta hamaikagarren aldiz iragarrita) Euskadi Liburutegi Digitala sortu du. Orain sei langilek kudeatuko dute aipatutako zerbitzua. Ongi etorri!
Euskal Herriko Liburutegi Nazionala
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Euskal Liburutegi Digitala sortzeko proiektua abian jartzeko asmoa dauka. Behin baino gehiagotan, beste leku batzuetan esan dudan bezala, Jaurlaritzak legealdi bakoitzean proiektu bat aurkeztu du. Oraingoak desberdina dirudi; ez da proiektu hutsa. Plangintza garatuta dago. Proiektuarekin batera bermatuta dago lanlekua Gasteizko Eusko Jaurlaritza barruan. Sei funtzionario arduratuko dira egitasmoa aurrera eramateaz: hiru dokumentalista, bi informatikari eta administrari bat, Kultura Ondarearen Zuzendaritzan kokaturik.
Proiektu horrek (lekua, giza baliabideak, baliabide teknologikoak, sistema informatikoak, eta abar) aurreikusten ditu; batzuk ondo horniturik, beste batzuk, berriz, eskas. Proiektuak berezitasunak dauzka, ez da mugatzen paperezko dokumentuak jasotzera, edozein motatako euskal ondareak jasoko ditu, materialak eta materiagabekoak. Zerbitzua digitala izango da, ez du edukiko material fisikorik, baina jaso bai, jasoko ditu mota guztietako materialak (liburuak, liburuxkak, orriak, agiriak, museoko lanak, musika, ahozkoak… ); ez da izango liburutegi klasikoa.
Behingoz badirudi planteamendu serioa dela, ez orain artekoak bezalakoa. Arduradun politikoak arduratsu eta gogotsu daude. Dena den, aurrerapauso handia bada ere, gabezia ugari jarraitzen dugu sumatzen.
Gaur egun paperezko dokumentuek dokumentu digitalei utzi diete lekua. Hori errealitatea da. Etorkizuna dokumentu digitaletan dago. Baina kasu honetan errealitate horrek ezin gaitu itsutu. Euskadin badaramagu 30 urte baino gehiago Euskal Liburutegi Digitala aldarrikatzen. Agerian dago, nahiz eta legealdi guzti-guztietan Euskal Liburutegi Digitala sortu eta izen propio batzuekin bataiatu (Ondarenet, Liburuklik, eLiburutegia, Liburubila, Euskal Liburutegi Digitala), ez direla gai izan hurrengo legealdira arte irauteko. Teorian erraza eta egingarria dirudiena praktikan hutsaren hurrengoa izan da.
Izan ere, gaur egun pentsaezina da liburutegi tradizionala sortzea, ez dauka zentzurik. Ez, ez gara hori eskatzen ari. Egun ez da beharrezkoa paperezko liburutegia edukitzea liburutegi eremuan aitzindaria izateko, nazioartean onarpena edukitzeko; nahiz eta komenigarria izan.
Orain arte Eusko Jaurlaritzako arduradunen akatsik larrienetariko bat Liburutegi digitala berez sortzen dela pentsatzea izan da. Hots, Euskal Liburutegi Digitala sortzea koste ekonomikorik gabe. Oraingo honetan langile talde propio bat eta leku propio bat sortu arren, susmoa daukagu zulo berean eroriko direla berriro. Sei langile nahikoa da proiektu hau abian jartzeko? Ez. Lakua aproposa da? Ez. Aurrerapausoa izan arren, nahikoa ez delakoan gaude.
Oraindik ez dugu ulertzen nola EAJ, Jaurlaritzan hainbeste urtetan agintzen egonda eta alderdi nazionalista izanda, ez den izan gai ezinbesteko erakunde hori sortzeko. Abantailak baino ez dizkigu ekarrriko eta! Euskal Herriak kultura eremu horretan ikur nazionala behar du. Ezbairik gabe oso zeregin ederra egingo luke balizko Euskal Herriko Liburutegi Digitalak. Horretarako ezinbestekoa da egoitza egoki batean kokatzea, euskaldunek eta baita kanpotarrek ere erreferentzia-lekua eduki dezaten, denboraren poderioz Euskal Kulturaren ikur eta jakinduriaren gune bihurtzeko.
Orain arte egindako bigarren akatsa lidergoa hartu ez izana izan da. Oraingo proiektuan, tamalez, akats horrek bere horretan jarraitzen duela iruditzen zaigu. Euskal Liburutegi Digitalak askotariko eginkizunak, ekintzak, ekimenak eta jarduerak bete beharko ditu, ez soilik dokumentu digitalak jaso, zaindu eta zabaldu; horretaz gain, Euskal Herriko dokumentazio-eremuan erakunde aitzindaria eta berritzailea izan beharko luke.
Benetako Lidergoa edukitzeko baldintza batzuk bete beharko ditu: ahalmen ekonomikoa, juridikoa, hierarkikoa, politikoa, intelektuala bere baitan eduki behar ditu Euskal Herriko erreferentzia izateko, Euskal Herriko dokumentazio-eremuko erakunderik prestigiotsuena izan behar du. Proposatutako proiektuan lidergo hori ez da inon ageri. Foru Aldundien liburutegiek eta erakunde pribatuen liburutegiek jarraituko omen dute lidergoa edukitzen.
Ontzat ematen dugu lankidetzan aritzea; izan ere, lankidetza komenigarria bada edozein eremutan, zer esanik ez dokumentazio-eremu honetan. Erakunde publikoen eta pribatuen arteko lankidetza da bidea, lehentasuna ematen diogu kooperazioan lan egiteari. Europan Europeana izeneko Liburutegi Digitala Europako liburutegi guztien artean sortu den bezala, Euskal Liburutegi Digitala Euskal Herriko liburutegi eta dokumentazio gune guztien artean sortu beharko da, digitala izateak aukera hori ematen baitu.
Orain arte ez dugu lortu Euskal Liburutegia sortzea. 11/2007 Legea, Euskadiko Liburutegiaren Legea, lankidetza-printzipioan oinarrituta zegoen, dena ondo antolatuta, dena kontrolpean zegoen: “Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak lankidetzan jardungo du… liburutegi-zerbitzuak sustatu eta hobetzeko”, “Euskadiko Liburutegia sistemaren burua izango da Euskadin… Euskal Autonomia Erkidegoan alor honetan diharduten gainerako erakunde publikoekin koordinatuko da, horiek osagarri izango dituelarik”. Aipatutako Legea inoiz ez da jarri indarrean; lankidetza-printzipioak inoiz ez duelako funtzionatu, porrot egin zuelako indarrean jarri baino lehen. Izan ere, Eusko Jaurlaritzari lidergoa falta zaio eta akats bera sumatzen dugu oraingo proiektu honetan.
Lankidetzan aritzeko ezinbestekoa da erakunde horrek benetako autoritatea edukitzea, Euskal Herriko benetako erreferentzia bihurtzeko. Protagonismoa erakunde guzti-guztiek edukiko badute ere (Foru Aldundiek, udalek, unibertsitateek, Euskaltzaindiak, Eusko Ikaskuntzak, Antso Jakintsuak… ) eta erakunde guztiek parte hartuko badute ere, Eusko Jaurlaritzak hartu beharko du ardura Euskal Herriko Erakunde Nazionala sortzeko eta eremu horretako erreferentzia izateko, edo hobeto Nafarroako Jaurlaritzak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin erabakiko balute beharrezkoa den erakunde nazionala sortzea, hori izango litzatekeelako biderik egokiena kultur ikur nazional bihurtzeko.
Gerardo Luzuriaga
Euskal Herria berriro indarrean
EAJk Kultura-ondarearen lege proiektua aurkeztu zuen, eta EH Bilduren ekarpen balioetsiari esker laster Lege bihurtuko da.
Aspaldiko partez kultura eremuak berri pozgarria eman digu. Kultura-ondarearen Legeak euskal kultura bere osotasunean hartuko du; hots, Euskal Herria.
Espero dugu Legea indarrean jartzean adostutakoa kontuan hartzea. Ez da lehenengo aldiz Legeak alderdi hau ondo jasotzen duela eta gero politikoengatik edo funtzionarioengatik hutsaren hurrengoan geratzen dela.
Aurreko mendeetan, baita frankismoan ere ohikoa zena orain indarrean jarriko omen da. Tamalez, Euskal Herriko zatiketa administratiboak eta politikoak zatiketa kultural ere ekarri digu. Haize berriak datoz. Ongi etorri. Garaia zen akats hau gainditzeko.
Joana Albretekoek behin eta berriro aldarrikatu dugu politika hau. Gaur egun Lege honi esker kulturak ez du zatiketa administratiboez ulertuko. Izan ere, Nafarroa, Ipar Euskal Herria eta Diasporaren hainbat ondare kultural euskal kulturaren parte dira eta lege berri honek horri ere erreparatuko dio.
Espero dugu Lege honek jarraibidea ematea eta hemendik aurrera horrela izatea gainontzeko ekimenetan, Liburutegi Nazionala lekuko. Kultura eremuko egitasmo guztietan Iparraldeko, Nafarroako eta Euskadiko Gobernuen artean elkarlanean eta kooperazioan aritzeko.
Gerardo Luzuriaga
Euskaltzaindiaren urgazlea
KREA berriro
KREA berriro
Ziur aski zuetariko baten batek gogoratuko du nola duela urte batzuk (2014, 2016) komentatu nuen: “Gasteizko Betoñoko KREA leku aproposa zela Euskal Liburutegi Nazionala sortzeko”. Zenbat arazo eta zenbat burukomin saiheztu genituzkeen behar dugun eraikin hori leku horretan dagoeneko sortuta egongo balitz.
Aste honetan ezagutu dugu PPk eta EAJk defenditzen duten Krearen trukearen aurkako hirugarren epaia. 2006an Gasteizko Udalak (jabea) Vital Kutxako Gizarte Ekintzari 30 urterako utzi zion; hortaz, 2006. urteko akordioaren arabera Vital kutxak ez zeukan aukera azpiegitura hori erakunde pribatuei uzterik. 2014.urtean PPren udal gobernuak araua aldatu zuen, KREA hirugarren eragile bati alokatzeko edo saltzeko aukera emateko. EAJk ere horren alde egin du.
EH Bilduk Gasteizko Udalean bertan helegitea aurkeztu zuen, baina ez zuten onartu; hortaz, Epaitegira jo zuen, eta hiru epai horren alde jaso ditu.
Gakoa jabego publikoan datza; hots, Betoñoko eraikuntza horretan soilik kulturarekin lotuta dagoen erakunde publikoren bat koka daiteke, zer baino aproposago Liburutegi Nazionalaren egoitza?
Gerardo Luzuriaga
eLiburutegia
eLiburutegiak liburu digitalak eskaintzeaz gain hemendik aurrera audiobisualak eta filmak eskainiko ditu. 1.600 film eta 600 audioliburu ere aurrerantzean ikusi eta entzun ahalko izango dira.
Proiektu honek ondo funtzionatzen du. Iaz 45.000 liburu jarri ziren maileguan. Oso proiektu interesgarri!
Dena den berriro azpimarratu nahi dugu proiektu honek ez daukala zer ikusirik Euskal Liburutegi Digitalarekin.
Euskal Liburutegi Digitalaren gabeziak (I)
1. Ikusi dugunez euskal liburutegi digitala sortzeko saio ugari egin dituzte. Legealdi bakoitzean bat.
Ondarenet (2008), Liburuklik (2011), eLiburutegia (2014), Euskal Liburutegi Digitala (2018)
2. Proiektu horiek gabezian oinarritu dira. Aurrekontu eskasarekin eta pertsonalik gabe sortu baitira. Sortu moduan desagertu dira.
690.000 euro (2011), 100.000 euro (2018)
3. Helburu aproposak eta zabalak, baina baliabide materialik eta pertsonalik gabe.
2008. Ondarenetek, Euskadiko ondare digitalaren fitxategi elektronikoak, Euskal Herriko ondare digitala babestu eta hedatu nahi du. Hau da, euskal gizartearen ikuspegi guztietako jakintzaren edo adierazpenen emaitza diren baliabide elektronikoen multzoa gorde eta zabaltzea du helburu.
2011. Liburuklik. Liburuez gain partiturak, aldizkariak eta prentsa digitalizatuta izango da hemendik aurrera (Antonio Rivera)
2014. eLiburutegia. Urte amaieran 3.000 lan baino gehiago egongo dira eskuragarri, eta 2015ean, 15.000.
2018. Euskal Liburutegi Digitala. Liburutegiak XX. eta XXI. mendeko 3.000 liburu digital inguru izango ditu. Hasierako egitasmo hau izango da etorkizuneko Euskal Liburutegi Nazional Digitala garatzeko oinarria, historian zeharreko hainbat kultur arlotako euskal egileen lanak bilduko dituen asmo handiagoko egitasmoa.
Historian zeharreko euskal egileen lana eta pentsaera biltzeko bokazioz sortu da egitasmo hau.
Euskal Liburutegi Nazionalaren proiektua haratago doa eta ikus-entzunezko, margolaritzako edo musikagintzako ekoizpena ere bildu nahi dugu, eta denboran atzerago joan.
HARTZAREN EGUNA (IV)
2018ko urtean Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak EUSKAL LIBURUTEGI DIGITAL proiektua sortu du.
Lehen oinarrizko liburutegiak XX. eta XXI. Mendeetako 3.000 liburu izango ditu. Etorkizuneko Euskal Liburutegi Nazional Digitalazren oinarriak ezartzeko helburuz.
XI. legealdia (2016-) EAJ: Cristina Uriarte sailburua, Jose Angel Maria Muñoz sailburuordea, Mikel Xabier Aizpuru zuzendaria.
HARTZAREN EGUNA (III)
2014ko urtean Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak eLIBURUTEGIA-EUSKAL LIBURUTEGI DIGITAL proiektua sortu zuen. Euskadiko Liburutegi Digitala abian da. Urte amaieran 3.000 lan baino gehiago egongo dira eskuragarri, eta 2015ean, 15.000. Lanak euskarazkoak eta gaztelaniazkoak izango dira.
Kasu honetan nahiz eta horrela izendatu e-liburutegia ez zen liburutegi digitala, ez zuten asmatu izenarekin. Hau konkretuki Euskadiko Irakurketa Digital Publikoko Sarea izan da, eta egun indarrean jarraitzen duena (Komunitate Autonomo guztietan bezala); baina proiektu honek ez dauka zer ikusirik EUSKAL LIBURUTEGI DIGITALAREKIN.
X. legealdia (2012-2016) EAJ: Cristina Uriarte sailburua, Jose Angel Maria Muñoz sailburuordea, Imanol Agote zuzendaria.
https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/23301-arranca-biblioteca-digital-euskadi?track=1
HARTZAREN EGUNA (II)
2011ko urtean Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak LIBURUKLIK proiektua sortu zuen. Plataformaren bidez, euskal bibliografia ondarea zaintzeaz gain, ikerlariek eta herritar guztiek ondare horretan sartzeko aukera izango dute. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak euskal liburutegi digitala aurkeztu du gaur.
Liburutegi digitala 3.000 titulu inguru eta 350.000 irudi baino gehiagorekin sortu da, urtea bukatu aurretik 300.000 orri gehiago gehituko dira
Egitasmo hau sortu zen moduan agortu zen.
IX. legealdia (2009-2012) PSE-EE: Blanca Urgell sailburua, Antonio Rivera sailburuordea, Jose Luis iparagirre zuzendaria.