Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Berbak dantzan

Ilun beltzean

Ane Sarasketa 2019/11/20 09:55

Heriotzarekin aurrez aurre topo egitean, berbak falta izaten zaizkit. Halakoetan neronen barne tristura negarraz gozotzen dut nik gehienetan. Baina, aldi berean, ingurukoen mina nola apaldu asmatzeko ahalegin antzuetan aritzen naiz, ezinean. Ez da izaten berba egokirik halakoetan edo nik ez dut asmatzen egokitasunean.

Baina batzuetan kasualitateak opari txiki eta ederrak jartzen dizkigu parean. Gaur goizean, Aitor Sarasuak berak idatzitako, eta, heriotzaren urteurrena dela eta, haren familiak kantatutako bertsoen gozoaz esnatu naiz. Tristuratik zukututako edertasunak hunkituta, oroitze-ariketa egin, eta gorazarre egin nahi izan diot Aitor Sarasuari, nire txikitasunean, nire modura. Gutxi ezagututa ere, miresteko moduko pertsona horietako bat zela iruditu izan zaidalako beti. Poesiaz eta magiaz beteta dauden pertsona horietako bat.

Baina batzuetan kasualitateak opari triste, hotz eta beltzak egiten dizkigu. Eguzkiak bere bidearen erdia egin orduko, pertsona eder bat agurtu behar izan dut.  Ontasunez beteta dauden pertsona horietako bat. Barre urratua zuen lagun baten heriotzak, urratu digu bihotza. Eta haren familiaren mina nola apaldu asmatzeko hitz bila ahalegin antzuetan nenbilela, Aitorren bertsoak ekarri ditut gogora. Ez dira nireak, poeta batenak dira, eta, seguruenik politikoki zuzena ez bada ere, egileari lapurreta txiki bat egin, eta gure lagun horri eta bere familiari eskaini nahi dizkiet hemen; izan ere, dolumina sosegatzeko modurik bada, berbaotan egon litekeela sinesten dut.

Ilun-beltzean

Nork erran du ilun beltzean

bizi hau itzaltzen denean,

dena hortan bukatzen dela?

Oroimenean, bihotzaren magalean,

joan zirenek badiraute airean,

usainak bezala.

 

Etsiturik nagoenean

hutsik sentitzen naizenean

Badakit hemen dagoela

ibiltaria, joanik ere hemen da bidea

eta makila.

 

 Nik badakit gau ilunean

bizi hau itzaltzen denean,

Izar berri bat pizten dela.

 Egilea: Aitor Sarasua. https://goiena.eus/debagoiena/1574064621555-ilun-beltzean

Nik sinisten dizut

Ane Sarasketa 2018/04/27 08:25
Ez da abusua izan, bortxaketa izan da!

Bost animaliek ahoan zakila sartu zioten; bik berriro alutik (batek birritan) eta beste batek uzkitik. Hamaika sarketa guztira. Beste batek dena grabatzen zuen bitartean. Hori ez bada bortxaketa, zer da bortxaketa? Txahala bezala zabaldu behar gaituzte bortxaketa bat dela aitortzeko? Edo hori ere ez al zen nahikoa izango?

Gertaera zuritzen duena konplize bihurtzen da; eta isilik geratzen direnak ere konplize bihurtzen dira. Horregatik, horrela jokatu duten politikari eta erakundeak ere epaitu beharko lituzke herriak.

Ez dago eskubiderik! Nazkagarria da hau guztia!

Eskerrik asko Garitano

Ane Sarasketa 2015/04/27 12:40
Ez naiz ni oso futbolzalea. Mundu arrotza eta urrutikoa iruditzen zait, eta erdalduna gainera. Atzo, ordea, ez zitzaidan hala iruditu. Futbol munduan ere badagoela euskaldun izateko hautua egiten duenik erakutsi zigun aspaldi Eibar futbol taldeko entrenatzaileak. Eskertu egin nahi diot Gaizka Garitanori halako dotoreziaz egindako hautua; eta gonbita luzatu Eibar Futbol taldeari entrenatzaileak egindako bideari jarrai diezaion. Gure eskubidea delako eta gurea delako. Eskerrik asko Garitano.

Haserretzeko modua ere dotorea iruditu zitzaidan Gaizka Garitanorena. Kazetariak euskaraz galdetu eta entrenatzaileak euskaraz erantzun. Nonbait hala egiten da futbol-munduan ere, sen naturalari erantzunez, noski; jarraian ematen omen da azalpena gazteleraz. Almeriako prentsa-bulegoan zegoen kazetariren baten keinu eta mespretxuak jasan behar izan zituen, eta lehenengoan eutsi egin zion. Bigarrenean, ospa egin zuen. Ondo, dotore bezain ausart, bere hautua garbi erakutsiz, duin (bide batez, txalotu nahi dut Almeriako prentsa-arduradunaren lana).

Eta, orain, esan ditzadan beste hainbat kontu:

Esan dezadan euskal hedabideek, irudi- edo audio-korteak behar dituztenean, hala egin behar izaten dutela: itxaron, eta nik dakidala ez dira lotsagabekeriatan hasi izan, ez orain artean behintzat; nahiz eta azken momentura arte itxaron behar izaten duten, sarritan luzeegi.

Esan dezadan, atzo harro sentitu nintzela nire herriko futbol taldearen entrenatzaileaz.

Eta esan dezadan ez naizela harro sentitzen askotan; lotsatuta baizik. Lotsatuta euskal hiztunek gazteleraz erantzuten dietenean hedabideei, euskal hedabideak izan edo ez; lotsatuta euskal selekzioak bere pankarta ingelesez ateratzen duenean -eta esan dezadan, azken selekzioen arteko partidan, katalanek katalanez atera zutela haiena-; lotsatuta gure presidente, jokalari, teknikari, politikari, Lehendakari, parlamentari, zinegotzi, aktore eta abarrek gazteleraz egiten dutenean lehen berba, parean euskal hiztunak egonda ere. Lotsatuta eta triste eta haserre halakoetan.

Esan dezadan, horregatik miresten dudala Gaizka Garitano besteak beste. Mundu horretan euskaldun delako, badakielako, eta hala nahi duelako. Eta nik, nire txoko xume honetatik eskerrak eman nahi dizkiot; miresten dudala eta dotorea bezain ausarta dela iruditzen zaidala esan nahi diot.

Esan dezadan gustatu zitzaidala Gaizka Garitanok atzo sartu zuen gola!

Eta esan dezadan azken kontu bat: Hordagoa jo nahi dut, eta Eibarri berari, Athletic-i, Errealari, Osasunari, Alavesi eta futbol taldeak ez diren beste kirol talde euskaldunei Garitanoren bideari eusteko eskatu nahi diet! Ni bezalako zaletuak bereganatuko lituzkete; beste kontu bat da, ni bezalako zaletuak nahi dituzten edo ez.

Bideoa (iturria: Eitb)

Oraingoan Itxarok ekarri du Milia

Ane Sarasketa 2015/04/17 15:10
Artikulu bat irakurtzeko gonbita egin nahi dizuet soilik. 'Argia' astekariak bere azken alean (2.456) publikatu du Itxaro Borda idazleak idatzitako artikulu eder bat: 'Milia Lasturkoaren itzala; XV. mendeko eresiaren gaurkotasuna'. Zein urruti eta zein gertu.

Nola liteke 500 urte igarota ere, hain ezaguna eta gertua izatea eresia bat? Eresiak Erdi Aroan hildakoak omentzeko kantatzen ziren bertso-baladak dira, gehienetan emakumezkoek kantatuak. Ahoz ahoz eta belaunaldiz belaunaldi kantatu diren gutxi batzuk ezagutzen dira, tartean Milia Lasturkoaren eresia.

Zer ote da andra erdiaren saria?

Sagar errea eta ardao gorria.

Alabaina kontrarioa da Milia:

Azpian lur hotza, gainean harria.

(...)

Ederra bezain tragikoa da, eta zaharra bezain gaur egungoa.

Horrela kontatzen du Itxaro Bordak ere bere artikuluan, baina hain da magikoa kontatzen duen modua, hain da goxoa, tragediaren ederrari are eta tragedia eta edertasun gehiago dariola. Bertatik bertara Miliaren heriotza ikusteko modua sortzen du Itxaro Bordak. Ederra da, benetan.

Ahal baduzue behintzat, hartu tartea eta irakurri; gozatuko duzue eta.

Milia Lasturkoaren itzala (Argia, 2015/04/05)

Ederto pasatu nuen

Ane Sarasketa 2014/10/20 00:49
Eskerrik asko, Eibar.org!

Eibar.org blog komunitateak 10 urte bete ditu, eta iragan asteburuan ospatu genuen urteurrena. Lehenengo aldia izan da Eibar.org komunitatearen ekitaldiren batean parte hartu dudala. Badut bloga, baina gutxi idazten dut bertan, ez naiz oso aktiboa, hainbat arrazoirengatik. Horregatik, akaso, ez naiz sekula ausartu Eibar.org-ek antolatutako ekitaldietan parte hartzen.

Kontua da oraingo honetan parte hartu dudala, eta primeran pasatu dudala gainera.  Jende mordoxka bat desbirtualizatu dut, eta, seguruenik, haiek ere desbirtualizatu naute ni.

Ospakizunean, hainbat hitzaldi, irakurketa eta bideo ikusi eta entzun genituen. Haietako bideo batean entzun nuen esaldi batekin gelditu naiz. Elena Lakak aipatu zuen, nonbait Asier Sarasuari entzuna noiz edo noiz: “Eibar-org komunitateak asko eman dit eta trukean gutxi eskatu dit” (ez dut hitzez hitz jaso, baina esanahia hori da, oker ez banabil behintzat).

Hori berori sentitu nuen nik larunbatean, eta eskertzekoa da benetan. Bejondeizuela, eskerrik asko eta urte askotarako!

Ez da gauza handia trukean eskaini dudana, baina, hala ere, hona hemen urteurrenerako prestatu eta irakurri nuen hitzalditxoa.

 *******

Irigoien blogean aurkitu dut abiapuntua. Hala zekarren bere post batean: ‘Batzutan zati batek osotasuna baino gehiago adierazten du’.  

Niri ere gauza txikiak gustatzen zaizkit. Uste dudalako gauza txikiekin egiten direla mundu handiak. Komunitateak. Gure komunitatea modukoak.

Aritu naiz pentsatzen, eta uste dut gure komunitatea berba, irudi eta hitz xehez osatutako dagoela. Esaterako:

Gurean badira berbarik behar ez dituzten irudiak.

  • Irudi argiak:

 

  • Irudi naturalak:

  •  Arima ederrenak lapurtzen dituzten irudiak:

 

  • Biografia gordinenak kontatzen dituzten irudiak:

 

  • Edo autobiografiak kontatzen dituzten irudiak:

 

Gure komunitatean, badira berbekin elkartu eta politika osoak erakusteko gai diren irudiak:

Anti-gona:  ‘Austeritatea gomendatu, baina 90 jakatik gora izan’

 

 Gurean, badira irudirik behar ez dituzten berbak. Komunitate baten izaera irudikatzeko gai diren berbak.

Logofiloaren txokoa.

 irmotasun. iz. Kanpoko eraginari gogor eusteko ahalmena; kanpoko eraginari erraz amore ez emateko tinkotasuna. Honela dio esaera zahar ingeles batek: Harrokeria txakur ona da, baina irmotasuna hobea.


Gurean, badira irakurle espezializatuak behar dituzten berbak.

Ingelesen hilerria.

Haplotaldeak eta ahaideak [geno-4] .Genographic testarekin jakiten duzun datu nagusia zure haplotaldeak zein diren da.

 

Gurean badira zaplastekoak emateko gai diren berbak.

Eibartik.

Maricón! Oraindik ere, 10-12 urteko mutilen artean horixe: Maricón! Futbolean jokatzen ez duenari, antzerkia edo dantza egiten duenari, desberdina denari: Maricón! Hezikidetza eta berdintasunaren aroan ere, Maricón! Pirritx eta Porrotxen gizarte-eredu koloretsuan hazitako haurren artean ere, Maricón! Urrun dago umeen arteko jolas eta txantxa izatetik. Pentsarazi beharko liguke. Sema-alabak nola hezten ditugun. Zenbat lan oraindik. Maricón!

Eta, gurean, badira lapurtuak izateko idatzi diren berbak ere.

Hala egin dut nik ere, sarrera bateko hainbat pasarte lapurtu eta moldatu egin ditut. Barkatuko al dit Garagoittiko orakuluak, izena aldatu baitiot bere seme Tomaxi eta bere lekua eman Eibar.org komunitateari. Honela:

Garagoittiko Orakulua (moldatua).

Hau despedidia dok, Eibar.org. Ume txikixa izatiari laga detsak, eta epe honetan izan dogun martxa gozua etxuagu barriro ezagutuko.

 (…)

Orduan, bixar arte 10 urtion lez ibilliko gaittuk, Eibar.org. Ederra izan dok, eta berbetan ipiñi gura neuaan, despedida moduan.

(…)

Izan be... bixartik aurrera, epe barri bat hasiko da.

(…)

Horregaittik nahi izan juat, Eibar.org, hirekin eta hemen dauden danekin bizi izandako epe gozo hau oiñ gogoratu. Etapa barrixa hasi aurretik.

(…)

Hala, ba, segi hazten.

 

Azkenean, bukatu da!

Ane Sarasketa 2014/10/14 14:35
Gaur jakinarazi du erabakia Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak. Bukatu da! Egunkariako auzi ekonomikoa artxibatu dute. Hamaika urte eta erdi behar izan dira injustizia-bide hori gelditzeko, eta bidean zenbat bidegabekeri!

Lasaitasuna, poza eta hasperen sakon bat, lehenengo. Haserre-puntua ondoren. Ez dago eskubiderik! Hamaika urte eta erdiko sufrimendua. Nork egingo dio justizia sufrimendu horri?

Musu potolo bana zortziroi! Eskerrik asko babestu dituzuenei! Biba, zuek!

 www.berria.eus

 

 

 

 

Transmisioa aldarrikatu nahi dut

Ane Sarasketa 2014/07/03 01:00
Arduratzen, kezkatzen eta batzuetan haserrea eragiten didan hitza/gaia dela ‘transmisioa’ aitortu behar dizuet. Seguruenik, ezinean ikusten dudalako nire/gure burua. Nahi bai, baina asmatu ezinean. Lanean ere transmisioari begira jartzea egokitu zait aspaldi honetan. Etxean ere ikusten dut kanpo-indarrak gogorrak direla, eta saiatzen naiz benetan guretik edaten ematen. Hala ere, badut barrenean har txikia, ez garela oso-osoan asmatzen ari esaten didan harra.

Etxean eta kalean ikusten ditudanak sentipen gazi-gozoak sortzen dizkit nire barrenean. Badira sentipen gozoak tarteka, esaterako, zazpi urteko alabak esandako esalditxo hau, sinplea esaldia bera, baina baduena atzealdea nire ustez: —“Ama, nik Maialen Lujanbion modukoa izan nahi dut!”.

Azalpenak ematen hasita, esan beharra dago 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia bukatu zeneko gauean esan zidala hori. BECa BECteta BECrari begira, BECrtsotan. Txapelketak sortzen duen zirrara berezia telebista bidez bizi ostean botatako esaldia da hori. Egia esan behar badut, ederra izan zen momentua; ederra alabak esandakoa. "Clan telebista-kateko pertsonaiei konpetentzia egiteko gai da gure Maialen Lujanbio", pentsatu nuen nik, eta, hori, bene-benetan garaipen itzela iruditzen zait.

Baina buelta nadin harira. Momentu gozoetan, euskal munduak baduela zer eskaini uste dut, modu naturalean, dibertsioz, izatez eta izanez; transmisio bidez alegia. Hain zuzen, horretan sinisten dudalako nahi dut transmititu. Transmititu behar dugula ohartu behar dugu orain; etorkizunean, nahigabe, inertziaz transmititzeko gai izan gaitezen.

Amak eta aitak eman didatena jaso dudalako dagokidala orain niri ematea badakit, eta saiatzen naiz horretan; ilusioz gainera momentu gozoenetan.

Baina momentu gazietan ezinean ari garela ohartzen naiz. Amurizak eta Markezek egindako kantuak dioen bezala, badagoela indar bat sumatzen dut, hiltzen utzi ez gaituena orain artean, baina era berean uste dut elikatzen ez den indarra ahuldu egiten dela, eta, litekeena dela, noizbait hiltzea.

Horregatik aldarrikatu nahi dut eta protesta egin. Ozen ahal bada.

Esan nahi dut, umeei begira bizi garen mundu honetan, ez dutela umeek etorkizun euskalduna eraikitzeko giltza. Haiek etorkizuna dira bai, baina etorkizuna helduoi begira (helduon ereduak kopiatuz) eraikitzen dute umeek. Horregatik esan nahi dut ardura gurea dela, helduona, eta kito!

Badakit, eta aldarrikatu nahi dut, ez duela balio seme-alabak ikastolara eramate hutsak, gero besterik ez bada egiten eta bizitzen. Halako ekintza isolatuek ez dutela balio transmisiorik ez bada. Ezin garela euskaldun izan euskal kantak kantatuaz bakarrik. Edo euskal dantzak dantzatuaz bakarrik. Edo txakurrei eta umeei euskaraz arituaz bakarrik. Edo Korrikan parte hartuaz bakarrik. Edo manifestaldietara joanda bakarrik. Gero, euskaldun izanda ere, tabernan, ikastolako atean, kalean, txokoan… helduon artean erderaz egiten badugu. Ez du balio ez delako transmisiorik egongo, hizkuntza behar delako transmititzeko. Gure hizkuntza gurea transmititzeko.

Aldarrikatu nahi dut irakasleek badutela haien ardura, baina ez dela, askok uste duen bezala, batez ere irakasleen ardura. Kalean dago gakoa. Familian dago gakoa. Aisialdian dago gakoa. Hau da: helduongan dago gakoa eta ardura. 

Esan nahi dut ezkutatzen dena ezin dela transmititu, eta gurea maitatzen, kaleratzen eta erakusten hasteko sasoia dela. Garaia gureaz gozatzeko, garaia kontziente eta kontsekuente izateko. Garaia gurearekin dibertitzeko; bai, dibertitzeko. Dibertitzen bagara transmisioa egongo delako. Goza dezagun gureaz berandu baino lehen. Kanta dezagun, gaizki bada ere. Dantza dezagun, malgu eta indartsuak izan gabe ere. Antzez dezagun, zurrunak izanda ere. Ipuinak konta ditzagun, euskara perfektua izan gabe ere. Egin dezagun jaso dugun hori, denetik apur bat, biziko bagara komunitate gisa. Izan gaitezen aktibo gure norbanakotik.

Adierazi nahi dut ez dela hizkuntza kontua soilik, baina hizkuntza kontua ere badela. Euskara tresna bat da, bizitzeko era bat transmititzeko balio duen tresna; oinarrizko ardatza, baina tresna. Maika Etxekopar kantariak ongi esana duen bezala: euskaldun ez direnek oso ongi kantatzen dute euskaraz Zuberoan. Eta nik diot: eta Eibarren.  Baina ezin dira horrela kantuak ulertu; kantuak bizi. Ulermenik ezean hitzak indarra galtzen du eta ez du transmititzen; ez duelako sentitzeko balio; ez duelako ginena eta garena jakiteko balio; ezta izango garena erabakitzeko balio ere. Euskal transmisioak euskara behar du bai ala bai beraz. Baina baita gureaz gozatzea ere. Elkar elikatzen dute ezbairik gabe.

Oihukatu nahi dut arduratuta nagoela. Badakit indar bat "badela hor orain artean hiltzen utzi ez gaituena", baina ez dakit zenbat iraungo duen; eta nik gure alabek nik jasotakoa jaso dezaten nahi dut; gutxienez hori. Gero, tresna horiekin zer egin nahi duten aukera dezaten.

Hori guztiagatik transmisio aldarrikatu nahi dut!

Esan berriz esan

Ane Sarasketa 2014/07/03 00:38
Villabona-Amasan izan naiz gaur. Deskargako obrak nola dauden ikusi eta N1 errepidean gidatzea zer den gogoratu ondoren heldu naiz Subijana etxera, Mintzolak duen egoitzara.

Oporrak begi bistan ditut, baina datorren ikasturtean eman beharko dudan irakasgai bati begira jarri naizelako heldu naiz Mintzolak antolatutako Esan berriz esan jardunaldira. Iparrorratz horri kasu eginda heldu naiz bertara, eta gustura bueltatu ere.

Aretoan sartu eta azkenengo lerroan esertzea egokitu zait; azkena sartu naizenez azken aulkia niretzat, jakina. Mikel Markezek egin du sarrera-hitzaldia: Euskal kantagintzaren transmisioa. Amaia Zubiriak jarraitu dio: Kantua entzun; entzuna kanta. Gero, Maika Etxekopar: Zuberoako kantu transmisioa.  Lehenengo eguna izan da eta beste bi gelditzen zaizkio transmisioaren gaia ardatz duen jardunaldiari: Esan berriz esan: antzerki, bertsolaritza, kantagintza eta ipuingintzaren transmisioa.

Hiru hitzaldietatik zer atera dudan garbi, praktikarako, oraindik ezin dizuet esan. Izan ere, halakoetan denbora behar izaten da entzundakoa norberenera ekartzeko, eta ondorio argi batzuk ateratzeko. Beraz, zer entzun dudan eta zer gustatu zaidan kontatu besterik ezin dut momentuz. Hortaz –nahi duenarentzat, noski– hona hemen nire iragazkitik pasatutako lerro gutxi batzuk.

Gozo entzuteko moduko hitzaldiak izan dira. Amaia Zubiriaren hurbiltasunak segituan bereganatu nau. Emakumearen ikuspuntua jarri du Amaiak, eta asko eskertu dut, ezkutuan dagoen hori ateratzen saiatu delako. Mikel Markezek ere laburbildu on bat egin dut euskal kantagintzaren inguruan, baina sorpresa Maika Etxekopar izan da niretzat. Bere gaztetasun heldua gustatu zait. Kontu eta esaldi ederrak eta sakonak eskaini ditu, naturaltasunetik eta zintzotasunetik; bere-beretik. Kantaria, musikaria, antzerkilaria eta dantzaria. Sortu egiten du batetik, eta bestetik kantu tradizionalei ahotsa jarri. ‘Amaren alabak’ kantu-taldetik ezagutzen nuen nik, baina, Le Petit Théàtre de Pain antzerki taldean ere badabilela jakin dut.

Beretik eta bere Zuberoatik abiatuta azpimarratzeko moduko ideia batzuk eskaini ditu. Hona hemen haietako batzuk–ez hitzez hitz, eta hitzaldi osotik kanpo gainera, baina hausnarketarako oinarrizko datu-ideiak direlako ekarri ditut hona–.

  • Kantu eskolarik ez dago Zuberoan, baina nonahi  eta noiznahi kantatzen da. Gainera, euskararik jakin gabe euskaraz kantatzen du jende askok. Aldiz, hitzak badu indarra, eta, beraz, ez da berdin gertatzen hitzen sonaraztea eta istorioen kontatzea hizkuntza ulertzen denean edo ez denean ulertzen. Transmisioaz ari da.
  • Kanta daiteke euskaraz, euskararik jakin gabe. Baina Maskaradak egiteko euskaraz dakiten 10-15 antzezle behar dira, eta “sines zaila” da hori lortzea. Gero eta zailagoa da beraz.
  • Kantu tradizionala maite du. Jaso egin du kantagintza hori, tresnak jaso ditu, eta tresna horiekin aritzen da orain. Transmisio pasiboa oso garrantzitsua dela dio; ohartu gabe jasotzen den hori. Jasotzen bada norberaren barruan gelditzen da, pausatua, gerora ikasteko balioko duena, eta, ondoren, asmatzeko erabiliko dena. Transmisioa ez baita errepikatze soila, jasotako tresna horiekin sortzea ere bada transmisioa.
  • eta gehiago.

Gustatu zaizkit Maika Etxekoparren hitzak. Bai kantuz, bai hitz eginez. Badu zer kontatu, eta badaki kontatzen. Orain guri dagokigu haurnarketa.

Laboari kontra egin nahi diot gaur

Ane Sarasketa 2014/04/03 15:50
Naturaz kontra aritzen da bizitza batzuetan. Gaur, Mikel Laboari arrazoia kendu nahi izan diot nire gogoetetan; gaur bakarrik. Ez dut uste inoiz eten daitekeenik ama eta seme edo alaba batzen dituen zilbor-hestea. Ez nahi ez dugulako, ezin delako baizik.


Hezur berritan gaudenean gelditzen gara gatibu; zorionaren, arduraren, bizi-pozaren, eta, batzuetan, tristuraren esku artean preso. Nahita eta nahigabe, aldi berean.

Gogoaren zilbor-heste sendoak harrapatzen gaitu biok/hirurok/laurok. Hasieran, sendoa da biontzat lotura; gerora, berriz, sendo izaten jarraituko du amarentzat, ez horrenbeste seme edo alabarentzat, akaso. Horregatik, oreka baten bila, askatasun hori bermatu nahian, bihurtzen da zilbor-hestea ikusezin; baina hor jarraitzen du loturak, pita-haria bailitzan, ikusezin baina sendo.

Norbaitek, zerbaitek, inork pita-haria apurtzen duenean, bortxaz, derrigorrean, orduan, barrua urratzen da; eta, gerora, bihotza ez da bihotz; arnasa ez da arnas; pausoa ez da pauso. Ama batek ez luke semea edo alaba hilda ikusi beharko. Gurasoek ez dute semea edo alaba hilda ikusterik merezi. Naturaz kontra aritzen da bizitza batzuetan, eta injustua bezain gordina da.

Zorionez, ez dut halakorik bizi izan orain artean; baina ez dut uste enpatia-ariketa gogorregirik egin behar denik hala dela pentsatzeko. Ez dut halakorik bizitzerik nahi; ez diot inori halakorik desio. Gertatzen dira halakoak, ordea, eta gertatzen direlako nago haserre. Horregatik, ama-aita-guraso horiek guztiak gogoratu nahi ditut hemen, gaur: gerran, istripuan, lanean, bidean, han eta hemen umea galdu duten guraso horiek laztandu nahi ditut; eta, gaur, bereziki Carmen eta Jose Ramon, sofan galdu dutelako semea Koldo. Laztan bana.

Agur, Koldo.

Emakumeen ahots musikatuak

Ane Sarasketa 2013/12/01 23:36
Aspaldi, bertso-saio batera joan gabe. Oraingoan, …eta Kitto! euskara elkarteak eman dit aukera, eta aprobetxatu egin dut: San Andres bertso-jaialdia, 'Ez da kasualitatea' bertso musikatuak. Kartela polita. Ez-ohikoa, baina polita: Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Alaia Martin eta Oihana Bartra. Gai-jartzaile lanetan, Amaia Agirre (portzierto, lan ederra egin du).

Gustura egon naiz, goxo, epeletan, kanpoko hotzetik ondo babestuta. Bete egin da Portaleako areto txikia. Gutxi baina asko, nola esan.

Bertso musikatuak, 'Ez da kasualitatea' izenburupean. Esperimentua izan behar omen zena esperientzia bihurtu da. Akaso, beste plaza batzuetan izaten den bizkortasun hori ez da egon gaurkoan Eibarren. Ez dira bertso asko izan, eta saioa ere labur antzean gertatu da. Bertsoak ere normalean baino geldoago etorri dira; musikak tartea luzatzen zuen eta. Baina, zera pentsatu dut: “Lasai, Ane. Ez dago presarik”. Izan ere, presarik gabe entzuteko bertsoak ziren. Hitzaren jolasaz gain, saxoaren eta gitarraren soinuez gozatzeko tartea izan delako. Behin sosegua hartuta, benetan gozatu dut; eta hausnarrean aritu naiz gero.

Emakumeak, emakume garen aldetik, ezberdinak gara gizonengandik. Hala ere, batzuetan, zalantza izaten dut guk geuk bihurtzen ez dugun geure burua gizonezkoen eredu batzuen fotokopia, gehienetan baldar: keinu, hizkera, itxura, bizimodu, erronka… Generoaren aldea gutxitze aldera, bestearen esparruetara hurbiltzen garela uste izan dut behin baino gehiagotan; nahi eta ezin batean jokatuko bagenu bezala, beti kanpoan etxean beharrean.

Gaurkoan, aldiz, ezberdina izan da kontua. Ahotsa, pausa, etenak, esanak, sentsibilitateak… Ez dut oraindik asmatu zein zen giroan sumatzen zen aldea. Baina saioaren formatutik haratago, beste zerbaitek jantzi du aretoa. Ez dut hitzik aurkitu oraindik nahi dudan hori ongi azaltzeko. Bertso saio feminista eta femeninoa izan da, eta, asko gustatu zait. Gozatu egin dut, poliki, patxaraz. Gaurkoan, partida etxean jokatu den susmoa dut.

Zuritik zuriegira, bi egunetan

Ane Sarasketa 2013/02/26 14:56
Elurra ari du, etengabe. Larunbat gauean hasi zuen, eta gaur, asteartea, oraindik hala jarraitzen du. Guretzat, mendian bizi garenontzat, zuritik zuriegira pasatzen da kontua, di-da batean.

Ahizpak deitu dit, “zelan?”. “Zuri”, erantzutea besterik ez zait bururatu. Hor behean, Eibarren, kontua ez dela hainbesterainokoa esan dit; eta, iruditu zait zaila egiten zitzaiola sinestea deskribatzen ari nintzaiona.

azpiri elurretan

Kitaniebesa pasatu zela, gutxienez, 27 ordu igaro dira (hau idazten ari naizen honetan; bidean egongo denaren esperantza badut), eta , gutxienez, 40 zentimetroko elurra dugu hemen inguruan; eta, elurra mara-mara ari du, oraindik. Mendian bizitzearen alde onak eta txarrak, agerian.

Dena dela, horrelakoetan, baserritarren eta kalekumeon arteko aldea nabarmena izaten da. Haiek prest daude edozertarako. Autonomoak izaten ikasi dute. Hemen agertu dira Josu eta Ibon, kuatro por kuatro zahar batean, inongo beldurrik gabe, ganaduari jaten eman beharra zutelako. Hala da eta kito. Ni, berriz, kitaniebesa guretik behin baino gehiagotan pasatuko denaren esperantzaz bizi ditut egunok; zeruari begira, noiz atertuko, ia errezoan egongo banintz bezala. Pala esku artean hartu eta inguruak garbitzeari ekiten diot eta kotxea hartzea burutik pasatu ere ez zait egiten (martxan jarri bai, motorra larregi ez hozteko-edo).

urrutira ere elurra mahaiaelurretan2

Maite dut elurra, ederra da oso (argazkian ikus daitekeen moduan),  baina nik nahiago Usartzatik gora.

Erlamiñoak etxean

Ane Sarasketa 2012/08/30 23:40
'Erlamiño-baltzak zurian ataratzen dittu umiak! Hala jaso zuen Toribio Etxeberriak bere hiztegian. Aurten, 'zurian' ez baina, gurean bai; gurean egin dute etxea. Horma biren artean, egurretan ez baina hormigoi artean. Hormaren danborrean danbor-hotsa entzun eta gerrarako prestatu garen arte.
Erlamiñoak etxean

erlamiñoa

Gaueko isiltasunean, zarata batek ohartarazi gintuen. Zer ote? Egur barruan zeudela pentsatu genuen baina, ez, horma artean kokatu ziren. Hasieran, erleak zirelakoan, erlezainak diren lagun batzuei deitu genien. Erleak handik atera eta beste nonbaitera eramateko asmoarekin-edo (hiru kilometro baino urrutiago dagoen erlauntzaren batera, bestela, berriro jatorrizko etxera bueltatzen omen dira-eta). Etorri ziren Manex eta Leire eta erlamiñoak zirela esan ziguten. Beraz, akabatu egin behar zirela. Egia esan behar badut, disgustua hartu nuen! Prestatu ginen gerrarako. Esprai-lantzak esku batean; poliespan-ezpatak bestean; sarezko-armadurak eta eskailera luze batekin heldu ginen haien lubakira. Itxi genien bidea eta bertan itoko zirela pentsatu genuen. Koitaduak, gu! Horma barrutik logela batera egin zuten bidea. Esprai-lantzak erabili genituen orduan, berriro. Baina, nonbait (eta hau nire teoria ez-zientifikoa da), hiltzear dauden erlamiñoek dei egin diete kanpoan gelditu direnei; eta kanpokoak beste batzuei; komunikatu egiten dira, danbor-hotsekin igual. Gerra irabazteko prest beti! Kanpokoek zulotxo bat aurkitu dute eta barrura sartzen hasi dira, etengabe (eta orainaldira pasatu naiz, hala gaudelako oraindik, gerra bete-betean). Ehundaka hil dira logela barruan, ‘Raid’ usainak akabatuta (gu ere akabatu gaitu ia-ia). Baina ez dira nekatzen eta barrura sartzen segitzen dute; gerrarako prest, taldekoei laguntzeko prest. Ea nork irabazten duen. Eskerrak euria heldu den gaur. Ateratako ondorioak: tematiak dira erlamiñoak; etxeak zulo mordoa ditu; guk (eta ez konstruktoreak) bete beharko ditugun zuloak; azkena, erlamiñoaren eztenkadak ez dira goxoak; gerra guztiak dira luzeak, luzeegiak, zentzugabeak.
Aurkezpena

Eibarren jaio eta hemen bizi naiz. Mendi puntan baina Eibarren. Esan ezin dudana idatzi egiten dut batzuetan. Ez nuen txoko honetan bakarrik agertzerik nahi eta bigarren eta hirugarren bati egin diet lekua; akaso, idazten ikasten dutenean lagunduko didate Izarok eta Maulek. Hemen idatzitakoek ez dute mundua aldatuko baina bihotzen bat ukituko balute gu konforme. Sentimenduez ari gara hemen.