Musikaren inguruan
Errepikapen desberdinaren jolasa
Negua itzuli zen. Gogoratzen nuen nolakoa zen aurreko negua, baina aurtengoa desberdina zen. Aurrekoaren antzekoa, baina desberdina. Udaberri, udazken edo uda guztiak bezala: denak nahiko antzerakoak, baina, noizean behin, desberdinak.
Itsasoan, berriz, itsasgorak, itsasbeherak, olatuak, errepikatu bai, egiten dira, antzerakoak ere badira, baina etengabe aldatzen dira, gauak, egunak eta gure arnasa nahiz bihotz-taupadak bezala.
Pittin bat desberdintzen direnean gure arreta pizten da, eta aldaketa handi samar bat gertatzen denean, ezeroso ere sentitzen gara.
Abesti baten isurian bezala, hau da, kantua hasten denetik bukatu arteko jarioan zehar errepikapen-jolas bat ematen da.
Hasieran, akorde, motibu musikal, esaldi edo errima batzuk entzun eta behin eta berriz errepikatzen direla sumatzen dugu.
Erritmo bat bezala jaso eta berriro noiz gertatu zain gaude, errepikatzea espero dugu erlojuaren kanpaien moduan, edo taupaden moduan. Hala bada, lasai geratu eta agian, gustua ere hartuko diogu.
Ezin da ordea, beti-berdin, beti-berdin, beti-berdin jarraitu, gogaitu ere egin gabe, kanpandorreko kanpaiak etengabe jotzen arituko balira bezala, edo antzinako disko arraiatuek musika zatitxo bat etengabe errepikatzen zutenean bezala.
Hortaz, abestiaren isuriak errepikapenak bai, baina aldaketak ere eskatzen ditu (isil dadila kanpai zoro hori, edo kendu disko arraiatu lerdo hau).
Libratu gara errepikapenaren sorgin-gurpiletik, eman da aldaketa. Ondo, baina zerbait desberdina dago, ez da hasierako errepikapen ezagun hura, orduko erritmo eta taupadak, eta orain ezeroso ere senti gaitezke, ezagunetik ezezagunera pasa garelako.
Horregatik eskertuko dugu, aspertzen gintuen beti-berdin haren ondorengo aldaketaren ostean, lehengo erritmo ezagunera nola edo hala itzultzea.
Eta horixe da jolasa, dantza edo errituala: ezaguna-ezezaguna-ezaguna; behin-berriro-aldatu eta atzera lehengora itzultzea, joan eta etortzea, olatuak, itsasaldiak, gauak, egunak edo urtaroak bezala. Bitartean melodia bat isuri da, testu bat agertu da, eta, begira, askotan, bukaeran, koro bat, lelo bat errepikatuko da, behin eta berriro. Errepikapen desberdinaren jolasa.
Irudien mundu hau
Historikoki musika dantzarako, jaiak alaitzeko, edo, noizean behin, besterik gabe entzuteko ere izango zen.
Behin irratia asmatu eta zabaltzen denean, jendea bere lanetan irrati bat lagun duela datorkit gogora, irratiak bazeudeneko sasoikoa bainaiz. Orduan, urruneko irratietan gauetan entzuten genituen musika estilo desberdinak, baita irratia propagandarako tresna indartsua ere bazen.
Baina entzuteak muga bat zuen, ez zuen arreta zeharo bahitzen, barneko irudi eta pentsamenduak geuk sor genitzakeen eta. Telebistaren etorrerak ez zuen gehiegi aldarazi panorama hura hasieran, bakana eta mugatua izan zen neurrian.
Gaur egun, ordea, desberdintasun nabaria aurkitzen dut: jasotzen dugun informazio guztia, dela artea, albisteak edo artikuluak, ohiko kanaletatik nahiz sare sozialetatik irudiz osatuta datozkigu, argazki nahiz bideo, eta horrek, alde batetik, informazio beteagoa eskaintzen digu, eta, bestetik, eragin zuzenagoa ere badu guregan, gure pentsamenduetan nahiz emozioetan, gure iragazki pertsonal edo kritiko indartsu bat eraiki ezean.
Horregatik, piska bat pentsatuz gero, kantari nahiz musikoak “ikusteko” afan hori, nola halako adorazioa, alegia, eragiteko ahalegina, marketing musikala deitzen denak, kantuen bideoak edo haien irudiak, boladako arropekin, beti-gazte itxuran, … musika bera, kantua, irudien soinu-banda bihurtzen du.
Eta musikaz gozatu ez, beste helburu bat duelakoan nago: izarrak sortzea, hau da, fama eta dirua.
Isiluneak musika talde baten barruan
Isilune desberdinak daude: garraxi baten ondorengo isilunea, galdera baten ondorengo isilune adierazgarria (beldurrezkoa, mespretxuzkoa, errukizkoa, ...), ekintza bat hasi aurreko isilunea, batagatik edo besteagatik (inoren loa ez galarazteko adibidez) inolako hotsik atera gabe garatu nahi den ekintzaren isilunea, edo buru-belarri egon nahi duguneko isilunea.
Musika barruko isiluneez ari naiz orain.
Norbere esaldi musikalen isiluneak dira talde baten barruko kideenen arteko loturak abestia janzteko orduan. Norbere interpretazioaren partea ikasi ondoren, bigarren itzuli batean, entseguan, akonpainamenduko parte bakoitza besteen parean jarriz, zer zeren gainean geratu den arakatu eta noiz zer murriztu behar litzatekeen aztertzen dugu, hau da, bakoitzak noiz eta non isildu behar duen bere ekarpena, dela nota gutxiago aplikatuz, dela apalago joz, edo isilduz, alegia. Hori dena melodia, bere testuarekin, garatzen doan neurrian.
Orduan, plazer berezia sentitzen da testuaren edota melodiaren une bati enfasia emateko baliabideak aurkitu eta interpretatzerakoan, izan ere, aurrez hitz eginda, adostua eta kontrastatua dago. Talde sentimendua dago. Zirrara.
Entsegu bakoitza eta jendaurreko bakoitza zirrara edo emozio kolektibo horren etengabeko bilaketa da, kantaz kanta, zatiz zati, egun bakoitzean eta errepikaezina.
Hortik sortzen den emozio kolektiboari, kontzertu batera doan entzuleak atxikiz gero, plazer berezia partekatzea da helburua.
Musika eta abestiak gustagarriak izan litezke edo ez, baina esperientzia hori zaila egiten zait disko bat entzunez edo bideo bat ikusiz osorik senti daitekeela imajinatzea.
Euskaldunok euskararen bueltan beti
Irakaslea izan nintzen euskara ikasi berri nuenetik, izugarrizko ahalegina egiten ari zen ikastola batean eta noizean behin bihotzera iristen zaizkit hor zehar irakurtzen ditudan gauzak.
Nire ikuspuntutik euskaldunok geure euskararen erabilpenaren ahuleziaren errua hara eta hona botatzeko tentazioa izan ohi dugu, baina, nire iritziz, giltzarria guk euskaldunok euskara erabiltzeko asmoa eta gogoan datza, euskaltzaleak izatea, alegia, kanpainarik gabe eta gobernuen diru-laguntzen zain egon gabe. Nahi dugulako eta kitto, Eibarko aldizkariak dioen bezala. Euskaraz eta kitto.
Euskaldun haurrek beste hizkuntza batzuk ere ikasten dituztela? Eta zer? Makina bat lotsa eta mespretxu sufritu behar izan zituzten euskara besterik ez zekiten haiek.
Beren gurasoek parra-parra euskaraz egiteko joera duten galdetuko nuke.
Erdaldunak eta atzerritarrak geletan sartzen direla? Zergatik da txarra hori?
Garai batean euskal eskolaren inguruan eztabaida handia egon zen B eta D ereduak zirela eta. Ba, orduko irakasle eta guraso askok, areago, erdaldunek, D eredua hautatu zuten, murgiltzea zekarrelako. Horrela ikasten dira hizkuntzak eta. Eta horrela orduko ume asko gaur egun guraso euskaldunak dira.
Funtsezko bi ideia dira, nire ikuspegitik behinik behin: euskararen jabea izateak naturalki eta bolontarioki euskaraz aritzeko joera eskatzen duela eta bestalde, irakasten duenak, familia, eskola, nahiz gizarteak, gure hizkuntzarekiko maitasuna sentitu behar duela, hori baita kutsatzen dena.
Proiektua jendaurrean aurkeztu zen
Urriaren 20an aurkeztu genuen "Burua makurtu gabe" proiektua jendaurrean Elgoibarren.
Egun berean Berria egunkariak diskoaren kritika argitaratu zuen. Hona hemen.
Bi urte pasa buru-belarri prestatzen jardun ondoren, harrera bat jasoz gero, pozik geratzen da bai norbera, baita ekipo guztia ere beren aldetik proiektua eraikiz egindako ahaleginaren ondoren.
Aretoa leporaino bete, entzuleak gustura geratu ziren eta antolatzailea (Elgoibarko udala) beste hainbeste. Elgoibarko Barren astekariak hauxe idatzi zuen eta Badok (Berriaren euskal musikarako sailak), berriz, honako hau.
Honezkero alguilloalkimistak.eus weguneko blogean ikus nahiz entzun egin ditzakezu kontzertuaren pasarte batzuk. Youtubeko kanalean ere bai.
Musika entzuteko plataformetan ere, hala nola, Spotify, Apple Music, Deezer, Youtube music eta abarretan dago proiektu osoa entzungai.
Aurrera egin eta jende gehiagorengana iristeko animoa ematen dute erreakzio hauek.
Alderantziz
"Alderantziz" abesti honek lotsagatik norbere asmo, amets eta ilusioak zapuzten direneko amorrua agertu nahi izan dugu eta interpretazioan emozio hori azaleratu dugu. Taldearen adierazmen guztiak agerian geratzen direla ere esango nuke.
Sare sozialetan laburpen bat, teaser bat entzungo bada ere, hemen aurreko albisteetan bezala osorik entzun daiteke nahi. izanez gero.
Alderantziz
Alderantziz
Zure ondoan nola edo hala egoteko aukera on baten bila nenbilen une guztietan
Egia esan, alferrik izan da ametsak zapuztu zaizkit behin eta berriro errealitatean
Alderantziz.
Alderantziz, baietz, alderantziz
Behin batean, txora-txora eginda, “Aspaldi ez zaitut ikusi” moduren batez esan nahi nizun
Egia esan, ez zen hala izan, mozolo-mozolo, isilik, mutu egon nintzen, hitzik esan gabe
Alderantziz
Alderantziz
Alderantziz
Alderantziz
Galdu dut gogoa, joan zait animoa zurekin egoteko ametsak lausotu egin zaizkit. Hau da zoritxarra!
Halaxe da eta, alderantziz dena, intentzio eta asmo guztiak okertu egin zaizkit, galdu dut iparra
Alderantziz
Alderantziz
Alderantziz
Alderantziz, baietz, alderantziz
Alderantziz
Alderantziz, baietz, alderantziz
Oraindik ametsetan
Antzinako baladen 12/8 konpasaren gainean eraikitako balada. Uda amaitzen deneko nostalgiazko abestia, hutsunea somatzen dugunekoa: ...Ez zara itzuli, enara...
Zeruko gris urdinean
kalatxorien zuria,
uhinak denak segidan,
itsasoaren musika
Itsasertzera itzuli naiz
zurrumurrua entzutera,
olatuen esamesak,
haizeak dakazkienak
Haize leuna, esadazu,
haren berririk baduzun,
bizi beharko ote dudan
oraindik ametsetan
Non zaude, non sartu zara?
Negu luze bat pasa da.
Banuen nik esperantza, baina,
ez zara itzuli, enara
Haize leuna, esadazu
haren berririk baduzun,
bizi beharko ez ote dudan
Oraindik ametsetan
Heldu da egunsentia
Tristuraren eta atsekabearen gau luzean, une batean, zeru izarratuari erreparatu eta egunsentia, itxaropena dator.
Inor ez esnatzeko moduko martxa darama, harik eta zeru izarratuaz ohartzen den arte.
Ilusioz itsu-itsu amodioaren magalean
hamaika asmo eta amets egiten bere baitan
Bat-batean bizi-pozak aldegin zion eta
ezer ere argitu gabe zer dela eta zihoan
Bi malko irristatu ziren haren masailetatik
arratsaldeko argiaren printzeetatik ihesi
Ilunabarrak, ordea, urregorriz erabat,
Bi malko haien distirak bihurtu ditu izar
Zeru izarratuari norbait ari zaio begira
liluraz sumatu ditu gaurko argi berriak
Heldu da egunsentia
Heldu da egunsentia
Nire esku
Kantu honekin irekitzen da CDa.
R & B (rhythm'n blues) kutsu argia du, akordeetan eta melodiaren eskalan. Ahotsetan, berriz, emakumeen koruak gospel kutsu erritmiko finkoa ematen dio abestiari.
Testuak, berriz, haserrea adierazten du, norberak senti dezakeen itomen bat adierazi nahi du eta hori hartu genuen kontuan kantua eraikitzen ari ginen bitartean. Hona hemen:
Hor zabiltza etengabe
Egizu hau eta bestea
Zure ustez on beharrez, eta
Beti horrela
Nik badakit aspalditik
Neure burua antolatzen
Dagozkidan kontuetan, nik neuk
erabakitzen
Gogoan hartu behar duzu
Nire gauzak nire kontu
Porrot egin ala asmatu
Nire gauzak, nire esku
Deseroso sentitzen naiz
Zaila gertatzen ari zait
Hainbeste aholku entzutea, eta
Horrela ez dut nahi
Gogoan hartu behar duzu
Nire gauzak nire kontu
Porrot egin ala asmatu
Nire gauzak, nire esku
Nire gauzak nire esku
Nire gauzak nire esku
Gogoan hartu behar duzu
Nire gauzak nire kontu
Porrot egin ala asmatu
Nire gauzak…
Buruan sartu behar duzu
Nire gauzak nire kontu
Porrot egin ala asmatu
Nire gauzak, nire esku
"Burua makurtu gabe" musika-proiektua
Pare bat urteren ondoren kalean da honezkero "Burua makurtu gabe" musika-proiektua. Nire 11 abestik osatzen dute eta melodiak eta armonia nagusia, batetik, eta, bestetik testuak ere prestatu ditut.
Horren ondoren etorri da, kanta bakoitza jantzi behar zuten musikariekiko lankidetza: abesti bakoitzaren airea edo orientazioa (estiloa), patroiak eta harmonizazioak iradoki eta musikariok nork bere esperientziatik, ahalik eta ekarpenik egokiena sortzea.
Teknologia berriei eskerrak gai gara musikari bakoitza geure grabaketak prestatu eta elkarri bidaltzeko, horrela, entseatzeaz gain, ikuspegi globala sarri askotan aztertu izan dugu produkzioa burutuko zen estudiora eraman baino lehen.
Ez ohiko elementuak ditu Alkimistak taldeak: bateriaz gain, perkusio jolea, eta hiru emakumeren korua, bestetik.
Eta musikak rock hezurdura badu ere, kanta bakoitzari estilo desberdinen kutsua nabarituko dio entzuleak, zuk zeuk datozen asteetan igarriko diezun bezala, izan ere, datozen egunetan abesti bat aurkeztu eta iruzkin batez osatuko dut blog honetan.
Hala ere, jadanik proiektuaren xehetasunak arakatu nahi izanez gero, Alguilloalkimistak.eus webgunean aurkituko dituzu, baita abestiak berak ere.
Hemen berriz, testuak eta zenbait bideo labur aurkituko dituzu.

