Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Josu Leokanne

Eibar, igela ur epeletan

Josu Mendicute 2018/10/24 07:55
Zenbait astetik hona, Kirol Hiriaren kokalekua bihurtu asmo digute gure kezka nagusi. Bi toki mahai gainean, Eibar Kirol Elkarteko akziodunok bata ala bestea aukeratu dezagun.

Hiruzpalau futbol zelai eta gehienok sekula erabiliko ez dugun eraikin bat. Hamabost-hogei milioi inguru urrenez urren, Ipurua futbol zelaitik edo Untzaga plazatik hamar-hamabost minutura dauden lekuetan. Ipuruak leku berean jarraituko omen du. Baina erabiltzaileena ez ezik, herri osoarena omen da kezka.

Urez betetako ontzi bi ikusi ditu igelak. Hor dago, zein edo zein aukeratu.

Lurzorua zein udalerritan dagoen kezkatzen gaitu, bilbotarrak gisa. Eurak ere kezkaz daude, ea zein astapotrori bururatu ote zaion aireportua Loiun, erakustazoka Barakaldon, parke teknologikoa Zamudion eta Athleticen kirol hiria Lezaman egitea. Onartezina! Eibarrera ere iritsi da oinarrizko zerbitzuen deszentralizazio-prozesua.

Uretara salto egin du igelak eta konturatu da ura irakiten dagoela. Ur berotan, zipristinak hara eta hona. Korroskada berbal baldarren bat edo beste ere irten zaio. Jauzi bezain laster konturatu da igela. Ura irakiten, erretzeko arriskua. Azkar batean egin du ihes, ez du kiskalita hil nahi. Hor utzi du lapikoa, irakiten, eta joan da alboko lapikora.

Ura epel dago han. Goxotasunak eman dio pentsatzen hasteko aukera. Nola liteke Burger King eta El Corte Inglés gurera datozen garaiotan Eibar KEak hiritik ospa egitea!, pentsatu du. Triangelu berdeko merkatalgunearena kontu zaharra da, baina hanburgesen erregearena? hori berritasuna da. Eibarko mendebaldeko auzoen macdonalizazioa esango luke Ferminek.

Fabrika hutsak kolorez estaliko dituzte, opariak paperez estaltzen ditugun bezala. Oparia jaso eta ireki aurretik, edukiak baino inpresio handiagoa egiten digu kanpoko paperak, zelofanak, lazoak, eta “Zorionak!” dion pegatina diztiratsuak. Oparia ireki ondoren datoz pozak eta desilusioak. “Kaka paperian batuta” ote den, ireki arte ezin jakin… usaina ez badiogu aurretiaz hartzen.

Ongietorria fastfood horri gurera. Eibarrera baldin badator, lasai: ez da izango baserri bati baratza okupatzeko, horiek ere maldan dauzkagu eta Eibar Valleyn. Lekua egin diogu fabrika esplotatzaile eta kutsatzaileak itxi edo kanporatuta. Museorako argazkiak atera (iraganaz harro egon beharra daukagu!), eraikina bota, eta Gipuzkoako periferiako Megapark sortu beharra daukagu. Zertarako? Enplegua sortzeko, noski. Ez zara ba aurka egongo? Eske ez dakit ez ote duen lana prekarizatuko, pentsatu du batek. Betikontra dela leporatu dio besteak, izan ere, dena da enplegua.

Agur esan genien Jazzmaneko bokatei, agur Txistuko kroketei. XXI. mendean gaude, haisuek!, hain gara inportanteak, whopperrak ere izango ditugula Ospitalaren alboan. Dena osasunaren alde. Popatik Merkatu Plazako desmadrea (nola liteke Udalak ez ikuskatzea gure baserritarren tomateen trazabilitatea!, dio baten batek). Beharko dituzte hogei, hogeita hamar, berrogei urteko sasibekadunak patatak frijitzeko, zaborra botatzeko. Lana langabezian daudenentzat. Prekarioa? Langabezia baino hobe, nola egon zaitezke aurka?

Ur epeletan dago igela, eta pentsatu du ea zergatik egon behar ote den Otaola berritzearen aurka. Industriarik ez da sekula santan etorriko gurera. Nola egin enpresa bat hona etortzeko? Oso zaila da fabrika zaharretan negozio berriak ezartzea. Planeamendu urbanistikoak zailtasun handiak dauzka gure ezaugarridun udalerrian.

Eta orografia!

Aitzakirik ez zaio falta igelari ur epeletan egoteko. Baina lapikoa sutan dago. Tenperatura igotzen. Eta igela hor dago, barruan. Gorputza moldatzen zaio uraren tenperaturari. Horretan gastatuko du daukan energia, eta urak irakiten duenean, galdua izango du indarra berriro jauzi egiteko. Lehenago edo beranduago itoko da igela. Baina berak ez daki, gustora baitago ur epeletan. Aitzakien mundua elikatzen jarraitu du bere plazerrean. Lurzoru industriala? Ez dago eta maldarik gabeko ingururik. Izan ere, berotuko, asaldatuko, suminduko gara daukagun bakarrean ez baditugu entrenamendurako futbol zelaiak egiten. Epel-epel, lodi-lodi, punta motza… paperez ondo batu dezagun Mari Andresan korotza.

 

  • Artikulu honen bertsio laburtua ...eta Kitto! aldizkariaren 1074. alean argitaratu da. Alea PDF formatuan
  • Moztutako irudia. Jatorrizkoa (CC BY 2.0): andrezzinho 

Sebastian Aizpiri gogoan

Josu Mendicute 2018/05/25 11:54
Hilak 25 hartatik pasa dira hiru hamarkada. 1988ko maiatzeko azken astelehena zen, eta pasata ziren arratsaldeko zortziak.
Sebastian Aizpiri gogoan

Labaderokua (Eibar)

Harategia zeukan Elgoibarren, jatetxea Eibarren. Ondo ezagutzen dugu eibartarrok jatetxe hori (gure amama ere bertan lanean aritua zen, beste hiru hamarkada atzerago). Enpresari gazteak betetzeke zeuzkan 40 urteak, harategitik jatetxera bidean zihoan egun hartan. Baina ez zen iritsi Ego Gainetik Isasira. Tartean, oraindik ilun xamarra den puntu batean, pistoladunak zituen zain. Tiroz akabatu zuten pertsona haren bizia. Eibarren.

Erahil arte jendeak ez du erreakzionatu”, esan zuen garai hartako ordezkari politiko batek. Lagun batek, duela egun gutxi, sare sozial batean esan zuenez, “manifestazio hartan txistua bota ziguten. Eta diru beltza ondo generamala esan ziguten”. Nik ezin oroitu, baina orduko kazetari batek duela zenbait urte pasartetxo bat kontatu zuen. Aita gazte bat, 30 urtera iristen ez zena, haurra bizkar gainean joan omen zen. “Ikusi hori, kanpainan dago”, esan omen zion nagusiak kazetariari. Milaka pertsona altxatu ziren gure herrian, Sebastian Aizpiriren erahilketa salatzeko. Eta ez, ez zen kanpaina kontua: arrazoi etikoz eta gizalegez eman zuten pausua.

Indarkeriaren amaiera oinordetzan jaso duen gazte gisa, nire esker ona adierazi nahi diet pertsona ausart guzti horiei. Tartean, haurra lepoan eraman zuen aita hari. Bere semeak ez zuen horren berririk izan, aita hil eta urte batzuk pasa arte. Gaur, lerro hauen bidez, eskerrak ematen dizkio aitari, manifestazio hartara eramateagatik.

Euskara ikasi zenuen herri honi hezkuntza bere hizkuntzan emateko

Josu Mendicute 2016/09/12 22:22
Langile publiko euskaldunak ematen dio aukera-berdintasuna herritarrari ematen dion zerbitzuan. Harro nago zure ahaleginaz, Ama.

Galdetzen diot nire buruari (galdetuko nioke Idoia Mendiari) eta posible dudan Administrazio Publikoan lan egin eta espainola ez jakin. Edo jakingo ez banu bezala egin.

Datorrela herritar bat zerbitzu-eske, eta ea erantzun ahalko nion "barkatu, ez dut espainolik hitzegiten, niri euskaraz edo zoaz beste batengana".

Nola ulertuko luke hori Mendiak? Inposizio gisa ala aukera-berdintasunaren izenean defendatuko luke nire jarrera?

Hegoaldeko euskaldunak transbertsalak gara Hego Euskadin, Iparraldekoak Ipar Euskadin diren bezalaxe. Prest gaude bertako hizkuntzan zein Estatu osoan ofiziala den hizkuntzan lan egiteko. Langile publiko euskaldunak ematen dio aukera-berdintasuna herritarrari ematen dion zerbitzuan.

Eta... gaur egun herritarrok aukera-berdintasun dexente zabala daukagu euskara ikasteko. Halaxe egin zuen gure amak (eta asko eskertzen du horretarako eman zioten aukera): gogor saiatu zen euskara ikasten, herri honi hezkuntza-zerbitzua bere hizkuntzan emateko gai izan zedin. Ama, harro nago zutaz.

Ezin erabagi erabagitzeko eskubidiaren aldeko nahixa

Josu Mendicute 2016/04/21 17:00
Eibarko Alkatiak (PSOE) blokeatu eiñ dau moziño bat, Euskal Herrixaren erabagitzeko eskubidiaren alde egitten zebana. Uko eiñ detsa testua eztabaidatziari.
Ezin erabagi erabagitzeko eskubidiaren aldeko nahixa

1994an Udaletxian jarritako plaka, Euskadiren askatasun eta burujabetasunaren alde

Juan dan aprillaren 14an, Espaiñiako Republikia aldarrikatu ta 85 urte beranduago, moziño bat aurkeztu genduan Eibarko Udalian. Testuan errekonozidu egitten genduan 1931n zinegotzixek izandako ausardixa, ta euren borondate demokratizatzailliaren oiñordeko gisa, eskatzen genduan Eibarko Udalak aldarrika zezala Euskal Herrixak herri gisa dakan erabagitzeko eskubidia.

Moziñua ez dogu Udalbatzan eztabaidatuko, Alkatiak (PSOE) blokeatzia erabagi dabelako. Apaindu leike milla modutara, baina jarrera argixa da: erabagitzeko eskubidia ez da eztabaidagarrixa. Izatez, hala bihar leuke: eskubidiak ez dira eztabaidatzen, berezkuak dira. Baina hamen blokeatu egitten da ez eskubidia, baizik eta horren aldarrixa. Alkatiak aukera kendu detsa Udalbatzari, eztabaidatu eta bozkatu zezan herri honen erabagitzeko eskubidiaren (eskubide oiñarrizkua ta demokratikua, tranbertsala biharko lukiana) aldeko eskabidia. 

PSOE harro agertzen da Udalak Espaiñiako Republikia aldarrikatu zebalako. Baiña billurra detsa Euskal Herrixak erabagitzeko eskubidea dakala adierazteko aukeria ireki leiken ekiñaldixari. Udalbatzan dakan gutxiengua agerixan lagatzeko arriskuaren aurrian, eztabaida blokeatu eiñ dau.

Erabagi hori blokeatu dabenek, ba al dakixe zer diñon Udaletxeko aurrealdian daguan plakak? Edo, euskeraz daguanez, ez detse jaramon haundirik eiñ?

Moziñua (PDF)

Eibar eta “Euskadi Eredua”

Josu Mendicute 2016/04/05 15:26
EAEko langabeziaren bilakaeratik urrun xamar dago Eibarko udalerrian ematen ari dena. Udal lidergoa behar dugu egoerari buelta emateko, gure Hiri Eredugarri honek etorkizunik izango badu.
Eibar eta “Euskadi Eredua”

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Armeria Eskolan

Atzoko datua: duela urtebete baino 17.469 pertsona gutxiago daude EAEn, gaur gaurkoz, langabezia-egoeran. %10,19 jeitsi da. Gipuzkoako langabeziaren liderra den udalerrian, Eibarren, bilakaera ez da hain positiboa izan. 

2015eko laugarren hiruhilekoan (hori da Lanbidek ematen digun azken datua), 2.078 pertsona ziren Eibarren lan bila zeuden herritarrak, aurreko urtean baino 172 gutxiago. Bilakaera %7,5ekoa izan da. 

Kalkuluak ez digu balio azterketa serio gisa. Baina hori aitortuta, egoeraren laburpena egiteko eta bere larritasunaz jabetzeko nahiko erakusgarria da: demagun bilakaera konstante bat emango dela datozen urteotan… 150.016 pertsona langabetu daude EAEn. Beraz, urtero 17.469 langabetu gutxiago egonda, 8 urte eta 7 hilabetean langabezia osoa asetzeko beste lan sortuko genuke. Eibarko datuak aintzat harturik, berriz, 14 urte eta bi aste beharko genituzke.

Gauza jakina da industri-politikak Eusko Jaurlaritzari dagozkiola, eta zerga-politikak, berriz, Foru Aldundiari. Egia da, izan, ekonomia berpiztea ez dela, bere horretan, udalen eginkizuna. Baina urrutira joan gabe badauzkagu ereduak. Elgoibarren eta Ermuan, asmatu edo ez, bertako alkateek apustu argiak egin izan dituzte industria garatzeko, berrikuntza bultzatzeko eta, finean, lanpostuak sortzeko. 

Eibarko EAJ-PNVren eskutik udal hauteskundeetarako hautagaitzan parte hartzea erabaki nuenean, argi ikusi nuen aukera bat zela gure herriko industri-ehuna laguntzeko, ekintzailetza sustatzeko edo bertako merkataritza bultzatzeko. Hori da behin eta berriro Udal Gobernuari eskatu izan dioguna, eta hori eskatzearen ondorioz, eztabaida sutsuak izatera ere iritsi izan gara… zoritxarrez.

Udal aurrekontua aztertu eta gure proposamenak egiteko orduan, hori izan da guk mahai gainean jarri duguna:

  • enpresa-proiektuen inkubagailua (200.000€)
  • enpresa berriak sortzeko laguntzak (30.000€)
  • bikaintasun-bekak (50.000€)
  • merkataritza biziberritzeko plana )20.000€)
  • enpresa txiki eta ertainen berrikuntza proiektuak bultzatzea (100.000€)
  • enplegu-plana (300.000€)

Guztira, 750.000€ gure hiriko egitura ekonomikoa biziberritzeko, eta Plan Estrategikoa martxan jartzeko baliabideak ezartzea.

Neurri txikiak herri batentzat... handiak, nik uste, udal oposizioko talde baten ekimena izateko. Jarraipena baldin badute eta Plan Estrategikoan jasotako ildotik lan eginda, akaso lortuko dugu Eibarko Udalak azken urteotan izandako politika ekonomikoen noraeza zuzentzea eta hauteskunde-kanpainan adierazi bezela, eibartarrona beti izan den eta ondo funtzionatzen duen Euskadi Eredura itzultzea.

Amantala berdea

Josu Mendicute 2016/02/04 11:07
Astelehenean estreinakoz izan nintzen Udaleko Berdintasun Batzordean. Gizonezko zinegotzi gutxik parte hartu izan dugu batzorde horretan. Beti uste izan dut berdintasunaren aldeko lana eta borroka ez dela (edo ez dela izan behar) emakumeena soilik.


Gogoan dut nola txikitan, eskolan, amantala urdina eramaten genuen mutilok, eta arrosa neskek. Bazegoen urdinez janzten zuen neskarik, baina nekez egingo zuen aurkako bidea mutilak, ez bazituen ikaskide guztien barreak jasango. Oroitzen dut Iturburun Lehen Hezkuntza hasierako egun hura, 6 urte genituela, gu baino urtebete nagusiagoa zen mutiko bat ikusi nuenean amantala berdea jantzita. Faszinantea iruditu zitzaidan. Orduan kuestionatu nintzen lehen aldiz zergatik jantzi behar nuen urdinez.

Uste dut badagoela oraindik ere indar handiz eta gogo biziz parekidetasunaren defentsa egiten duen emakumerik, uste duena eurei -emakumeei- dagokiela tamainako aldarrikapena. Nire ustez, ez da berdintasunik lortuko, aldarrikapena amantala arrosa besterik jantzi ez dutenen esku dagoen bitartean... amantala urdindunok gure jokamoldeak ispilu aurrean jarri eta amantala arrosa, berdea edo morea jartzeko kemenik ez dugun bitartean.

Errebal, bullying eta Neverending Story

Josu Mendicute 2015/11/19 17:50
10 urteko bullyinga edo istorio amaiteziña dendari ta basarrittarreri. Azken txanpan gagozela siñistu nahixan.
Errebal, bullying eta Neverending Story

Errebalek zentralidadia galdu dau 8 urtiotan

Bastian Baltazar Bux bullyinga jasaten daben ume bat da. Ihesi zoiala, bullynga egitten zetsen umiengandik ihesi, Kreander jaunaren liburudendan sartu da eta han liburu bat hartu zeban: Die unendliche Geschichte (Neverending Story).

Azkenaldiko jarrerak ikusitta, nun Alkate jaunak leporatzen deskun proposamen ilegalak egitten dittugula, –kostau jako tasen inguruko eztabaidari Udaletxian heltzia, ez hedabidietan-, danon hobebiharrez, saiatuko naiz girua baretzen. Eta hortaz, ez dot esango Udalak bullyinga egin detsenik Merkatu Plazako dendari eta baserrittarrei, baiña bat etorriko zarie danok esaten badogu dendari eta basarrittarrek Istorio Amaitezina bizi izan dabela urtiotan.

Uste dot proiektu hau, adostasun mailla berarekin, martxan egon zeikeala aspaldi. Bittartian, Zona10 izenaz ezagutzen dogun ingurua degradaziño ekonomiko eta urbanistikua ari da pairatzen. Urte askoko atzerapenaz, Eusko Jaurlaritzaren injekziño ekonomikuaz eta negozio asko pikutara bidali ostian, badirudi hastiar dagozela lanak. Izan deixala amaiera (ahal dan neurrixan) zoriontsua eta besarkada haundi bat burruka hontako bidelaguneri.

Eibar KE, behar ez duen kapital-handikuntza egitera behartuta

Josu Mendicute 2014/02/17 20:15
Errege Dekretu baten ondorioz bere kapitala %408 handitzera behartu dute Eibar Kirol Elkartea. Lehen (edo Bigarren) mailatik 2.B mailara jeitsiko litzateke, lortuko ez balu. Dekretuaren helburua da morositateari aurre egitea, eta bere ondorioa izan liteke Espainiako Ligan eredu den talde baten jeitsiera.
Eibar KE, behar ez duen kapital-handikuntza egitera behartuta

"Gorriteando un poco - SD Eibar"

Duela 15 urte, Espainiako Gobernuak 1251/1999 Errege Dekretua onartu zuen. Bere helburua zen futbol taldeen zorrak ekiditea.

Egin beharreko handikuntza

Arau horretan (eta hori aldatzen duen 1412/2001 Errege Dekretuan) zehazten da, 3. artikuluan, zein den futbol profesionalean diharduten klubek izan beharreko kapital soziala. Horretarako ezartzen duen formula honako hau da:

  1. Diharduen Ligan, gastu handiena eta txikiena izan dituzten bi taldeak baztertu.
  2. Gainontzeko guztien gastuen batez bestekoa egin.
  3. Batez besteko horren %25 kalkulatu.
  4. %25 horri, sozietateak duen ondasun negatiboa gehitu.

Zenbat diruz ari gara?

Eibarrek zorrik ez duela-eta, kalkulu horren arabera, Eibar KEak izan beharreko kapitala 2.146.525,95€koa da. Gaur egun Eibar K.E.ak duen kapitala 422.253€koa izanik (beharrezkoa baino 5 aldiz gutxiago), egin beharreko handikuntza 1.724.272,95€koa da.

Nola lortu?

Hainbat aukera daude:

  1. Herritarrek akzioak erostea. Abonatutako bazkideek erosteak dirudi lojikoena. Kontuan izanik bazkide abonatuak 3.500 lagun direla, horiek hartuko balute parte akzioen erosketan, bakoitzak 493 euro jarri beharko lituzke bataz beste. Horien erdiak ikasleak (tartean umeak), langabetuak, eta zailtasunak dituzten beste hainbat kolektibo direla kontuan hartuta, erdiak izango luke nolabaiteko ahalmena akzio-erosketan parte hartzeko. Horrek ekarriko luke bazkide arrunt batek 985 euroko inbertsioa egitea.
  2. Kanpoko inbertsoreek akzioak erostea. Kasu horretan, Eibar KEaren jabetza deslokalizatuko litzateke, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Gaur egun Eibar KEaren jabetza herriko biztanle askoren artean zati txikitan banatuta dago.

Eta lortuko ez balu?

Abuzturako kapital-handikuntza bukatzea lortuko ez balu, taldea kanporatuko lukete liga profesionaletik eta 2.B mailara jeitsiko litzateke. Une honetan, Bigarren A mailako lehen postuan dago Eibar, 1. mailara igotzeko postuetan, baina kirol-merituen bidez igoera lortuta ere, mailaz jeitsiko litzateke.

Zergaitik orain eta ez azken 15 urteotan?

Errege Dekretua onartu zutenean, Eibar KE zegoeneko Bigarren mailan zegoen. Dekretuaren arabera, ez zaie handikuntza aplikatzen dagoeneko maila horretan daudenei, baldin eta ez badira bi denboraldi baino gehiagoz hortik azpiko kategorietan egon. Eibar KE 3 urtez egon da 2.B mailan; eta orain igo denez gero, behartuta dago handikuntza egitera.

Ondorioz, Dekretuak mugak jartzen dizkie kirol-emaitza onak lortzen dituzten talde txikiei.

Inposaketa geldiarazteko ekimenak

  • EAJk Kongresuan galdera egin dio Kirolerako Estatu-idazkariari, azaldu dezan Dekretu hori aldatzeko asmoa duen. Dekretua aldatzea izango litzateke bidea Kirol Kontseilu Nagusiak handikuntza ez exijitzeko.
  • PSEk ez du eskatu Dekretua aldatzeari, baizik eta Dekretua ez betetzea. Juridikoki ez dirudi posible denik hala egitea, baina hori eskatu du. Horretarako, eskaera bera erregistratu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Legebiltzarrean, eta Kongresuan.
  • EAJk Gipuzkoako Foru Aldundiari galdetu dio, jakiteko ea egoeran eskuhartzeko zein ekimen aurreikusten duen. Oraingoz, Foru Aldundiak (Bilduk) PSEren eskaera bera egin du: Dekretua aldatu bitartean, Eibar horren aplikaziotik at geratu dadila.
  • Interneten Ignacio Barahona sinadurak jasotzen hasi da. Eskaera Futbol Profesionaleko Ligari egiten dio, Legea aldatu dezan. Berez, eskaera Espainiako Gobernuari egin beharko lioke, Dekretua aldatu dezan; baina funtsean, terminologia alde batera utzita, argi dago eskaeraren helburua berbera dela.

Funtsean, badirudi EAJ, PSE eta Bildu, hala nola Interneten sinatzen dihardutenak, eskaera desberdinak egin arren, ados daudela oinarri-oinarrian: Eibar KEari exijitzen zaion kapital-handikuntza ez da bidezkoa.

Baina eskumena Espainiako Gobernuarena da. PPren esku dago. Egingo al du zerbait egoera aldatzeko? Ikustear dago, baina denbora ez dauka soberan.

Zenbat denbora dago geldiarazteko?

Oso gutxi. Izan ere, abuztuaren 6rako egon beharko litzateke bukatuta kapital-handikuntza. Horren aurretik, gaur egun akziodun direnek onartu beharko lukete hori egitea; eta horretarako, Zuzendaritza Batzordeak Ez-Ohiko Batzar Orokorra deitu beharko luke.

Oraindik ez du deialdirik egin, baina egunotan egingo du. Estatutuen arabera hilabeteko epeaz egin behar du deialdia, eta hortaz, badirudi martxoko bigarren hamabostekoan izango dela.

Hori guztia aintzat harturik, handikuntza geldiarazteko epea, gehienez ere, Batzar Orokor horren eguna izango litzateke. Presioa egiteko hilabete eskas dago, beraz.

Irudia: Gorriteando un poco - SD Eibar

 

Eguneraketak

2014/02/18 13:47: Errege Dekretua vs. Legea

Hainbat lekutan irakurtzen ari naiz lege bat dela. "Existe una Ley que se creó para evitar la morosidad...". Berez, ez da lege bat, baizik eta Errege Dekretu bat (Real Decreto).

Zein da desberdintasuna? Legeak parlamentuak onartzen ditu (botere legegileak). Errege-Dekretuak, berriz, Gobernuak (botere exekutiboak). Zehazki, Ministroen Kontseiluak hartu behar du erabakia, eta erabaki hori berretsi behar dute bai Juan Carlos de Borbón y Borbón errege Jaun Txit Gorenak, bai Espainiako Gobernuko presidenteak (Mariano Rajoy jaunak) edo eskumena duen ministroak (José Ignacio Werth jaunak).

Horren garrantzia handia da: batetik, oposizioko alderdi politikoek ez dute eskumenik proposamenik egiteko. Eskaerak baino ezin dituzte egin. Baina bestetik, tramitazioa lege batena baino azkarragoa da. Datorren astean bertan, arazorik gabe, Ministroen Kontseiluak Errege Dekretua aldatu lezake, nahi baldin balu.

Muturrak beti mutur, eta beti muturtuta

Josu Mendicute 2013/12/13 11:17
Dani Maeztuk Legebiltzarreko Erregelamendua hautsi du. Presidenteak hitza kendu dio hiru aldiz abisatu ondoren, eta EHBilduko legebiltzarkideek ospa egin dute.
Muturrak beti mutur, eta beti muturtuta

EHBilduren aulkiak, hutsik

Legebiltzarrean, eztabaidatzen diren gaiak aurrez zehazten dira. Taldeek ekimenak Erregistroan aurkeztu, eta Mahaiak onartzen ditu. Gaia eztabaidatzeko momentuan,ez dira beste kontuak eztabaidatzen. Eztabaida antolatua da.

EHBilduk Interpelazio bat aurkeztu zuen, Toki Administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunerako legeari buruz. Interpelazioa da ekimen parlamentario bat, Jaurlaritzaren jokabidea ezagutzeko gai jakin baten inguruan. 10 minutu aurkezpena egiteko, 10 minutu Jaurlaritzak erantzuteko, eta 5na minutu bigarren txandarako (III. Kapitulua, 1. Atala).

Minutu horiek erabili behar dira gai hori jorratzeko. Eta ez besterik. Beste gai bat lantzeko, prozedimenduari ekin behar zaio: "beste gai bat sartu nahi denean, beteta eduki beharko ditu gai horrek gai-zerrendan sartu ahal izateko Erregelamenduak ezarritako tramiteak" (II. Kapitulua, 78. artikulua, 4. puntua).

Legebiltzarkide batek ezin du bere diskurtsoa erabili bestelako gai bat jorratzeko: "Gaiari lotzeko deia egingo zaie hizlariei aztertzen ari den gaitik kanpo jarduten diren bakoitzean" (VIII. Kapitulua -Legebiltzarreko disziplina-, 2. Atala -Gaiari lotzeko eta ordena zaintzeko deia-, 114. artikulua). Eta artikulu berak zehazten du, legebiltzarkide batek hala jokatuz gero, hitza kenduko zaiola: "Hizlari bati gaiari lotzeko deia hirugarren aldiz egin behar badio lehendakariak esku-hartze berean, kendu egingo dio hitza".

Maiatzean Gorka Maneiro (UPYD) izan zen horrelako numeritoa egin zuena. Gaur Dani Maeztu (EHBildu) izan da. Interpelazioa egin du "Toki Administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunerako legearen inguruan", eta aprobetxatu nahi izan du beste gai batzuk jorratzeko. Presidenteak hiru aldiz eskatu dio bere gaira mugatzeko, eta ez du nahi izan. Erregelamendua eskuan, hitza kendu dio. Eta Maneirok egin zuen bezala, ospa egin du, EHBilduko gainontzeko legebiltzarkideekin batera.

Pataleta-eskubidea dute Maneirok eta EHBildukoek, eskubidea dute muturtuta aritzeko eta muturreko jarrerak izan eta muturreko proposamenak egiteko; baina ez dute eskubiderik arauen mugak hausteko, ezta bere betebeharrei uko egiteko ere. Izan ere, "Legebiltzarkideak derrigortuta daude beren portaeran Erregelamenduari jarraitzera" (III. Kapitulua, 3. Atala, 18. arikulua). Gaur Dani Maeztuk egin duena arau-haustea da, eta bere taldekideak muturtu egin dira, Presidenteak hori ez baimentzeagatik.

Legebiltzarreko Erregelamendua (pdf).

EITBk alderdiei eskeinitako denbora

Josu Mendicute 2013/11/28 17:09
EHBildu EITBk alderdiei eskeinitako denboraren datu partzial bat ari da sareratzen. Interesgarria da konparazioak egiteko, Iturbek zuzendari daraman denbora osoko datu guztiak elkartzea eta ondorioak hortik ateratzea. Datuak hemen, nahi duenak azter ditzan.
EITBk alderdiei eskeinitako denbora

Zegokiena baino zenbat puntu portzentual gehiago edo gutxiago izan duten denera (elkarrizketak kontutan hartu gabe)

EITBk Alderdiei eskeinitako denbora informazio publikoa da. Legebiltzarrean horren berri ematen du aldiro-aldiro, eta (egia bada ere ez dagoela formatu oso erabilgarrian) datu horiek herritarren esku daude nahi duenak aztertzeko. Datu horiek excel batean batu ditut errazago elkarbanatzeko.

Martxoan izendatu zuten Maite Iturbe EITBren Zuzendari, eta aproposa iruditu zait lagina hurrengo hilabetean hastea. Legebiltzarrean erregistratutako azken datuak uztailekoak dira. Hortaz, batu ditut 2013ko apirileko, maiatzeko, ekaineko eta uztaileko datuak. Dokumentua partekatzen dut hemen nahi duenak begiratzeko, eta bertako ondorio nabarmenenak doaz jarraian.

Elkarrizketak

  • EAJri boto portzentaiaz legokiona baino 10 puntu portzentual gutxiago egin dizkiote.
  • EHBilduri, legokiona baino 10 puntu portzentual gehiago.
  • PSEri, legokiona baino puntu portzentual 1 gehiago.
  • PPri, legokiona baino 7 puntu portzentual gehiago.
  • Eta UPYDri, legokiona baino 0,58 puntu portzentual gutxiago.

Ondorioa: Elkarrizketetan oso kaltetua irten da EAJ, oso pareko geratu dira UPYD eta PSE, eta zegokiena baino denbora dexente gehiago izan dute PPk eta EHBilduk.

Albistegietan denbora vs. hauteskunde-emaitzak

  • EAJri, botoz legokiona baino 15,2 puntu portzentual gutxiago.
  • EHBilduri, legokiona baino 4,6 puntu portzentual gutxiago.
  • PSEri, legokiona baino 2,9 puntu portzentual gehiago.
  • PPri, legokiona baino 13 puntu portzentual gehiago.
  • UPYDri, legokiona baino 1,6 puntu portzentual gehiago.
  • Gainontzeko alderdiei, legokiena baino 1,6 puntu portzentual gehiago.
  • EHBildu eta beste alderdiak batuta, legokiena baino 3 puntu portzentual gutxiago.

Ondorioa: oso kaltetua irten da EAJ. Kaltetua, neurri askoz txikiagoan EHBildu. Zegokiena baino apur bat gehiago eskaini zaie PSEri eta UPYDri eta dexente gehiago PPri. Beraz, ez da bidezkoa -inondik inora- EHBildu sare sozialetan egiten ari den kritika.

Informazio hau askoz zehatzago, eta Excel horretako informazioa txosten moduan aurkeztuta deskargatu dezakezue PDF dokumentu honetan.

OH: Laneko ordenagailuan ez daukat flash instalatzerik, eta hortaz ezin izan dut pdf txostena SlideSharera edo Scribdera igo.
Josu Mendicute

Goizaldean jaio nintzen, gurasoek koadrilarekin afaria amaitu eta Korrika Eibartik pasa artean. Urte batzuk geroago Eibarko Alkate izateko hautagai izendatu naute.