SAALDA badago
Hezur-salda solidarioa saltzen duen online denda bat montatu dut.
Aurretiaz bi diru-bilketa solidario eginak dauzkat Zegama-Aizkorri eta Gipuzkoa herriz herriren aitzakian, hurrenez hurren ADEMGI eta Biogipuzkoaren alde. Baina lagunak behin eta berriz nire arroparekin estorsionatzeak ez du bide luzerik. Nahikoa txiste egiten dizkidate jada koadrilakoek. Beste zerbait behar nuen.
Halakoan Elorrioko Delikatetxe kooperatiboak ezagutu nituen. Artistak dira salda egiten. Euren markarekin zein besteentzat egiten dituzte saldak. Tartean kolagenoan aberatsa den hezur-salda. Honi buruz hitz egin zidaten...
Bi ideiak nahastu eta ... SAALDA!
Orain, beste enpresa estandar bat gehiago sortzeak merezi zuen? Patroi berarekin mozturiko antzerako beste proiektu bat?
Zergatik ez saiatu mundua toki pixka bat hobea bilakatzen? Ze, ingurura eta urrunera begiratuta, badauka beharra koitaduak.
Hori da SAALDAren helburua. Mundua toki pixka bat atseginagoa izatea.
Nola? Enpresaren irabaziak bezeroek aukeratzen dituzten Gobernuz Kanpoko Erakundeei emanda. Irabaziak = salmentak - gastuak.
Behi-hezur salda saltzen hasi gara. Proiektuak egin dezala bere bidea. Produktu berriak salgai jarriz gero, ondo dihardugun seinale.
Irribarre bat irudikatzen du SAALDAren logoak. Asmatu du Jon Ander Artola diseinatzaileak horrela azalduz proiektua. Sumatu du irribarre gehiago egiteko nahia dagoela SAALDAren balioen atzean. Pozten naiz hori transmititu izanaz (eta berak hori harrapatzeaz, noski).
Egin dezagun irri eta hobetu dezagun mundua denon artean.
To, hemen SAALDAren webgunea.
5 urte eta 100 mendi-tontor
Jakingo duzu honezkero 2018ko otsailaren 3an antzeman nuela lehen aldiz esklerosi anizkoitza (eta bestela, to nire kaparrada).
Ondoren etorri zen olatuak makina bat ideia eta arau berri ekarri zizkidan.
Esan zidaten arau horietako bat logikoa iruditu zitzaidan, gaitzak ekar zitzakeen ondorio larriei erreparatuz gero: ez egin epe luzerako planik.
Lehen egun, asteetan, horrela jokatu nuen. Hein handi batean arau horri eusten. Baina amestea libre da. Eta neurologoari esan nion 2028an Nepalera joango naizela!
Jo, urruti zegoen 2028a eta zerbait mundutarragoarekin hasi nintzen: etxe inguruko mendiak igotzen.
Mendiak aplikazioan ikusten nuen zeintzuk ziren gertuen neuzkan mendi-tontorrak eta haiek bisitatzera joaten nintzen.
Ordurako banekien Asier eta Mikel lagunak 100 mendien lehiaketa osatzen zihardutela eta ez dut gogoan noiz erabaki nuen neuk ere arreta horretan jartzea. Apuntatuta daukadana da 2019an hasi nintzela igota neuzkan mendien zerrenda osatzen.
Gaitza lehen aldiz igarri nuenean Topinburu eta Galdaramuño mendietan barrena korrika nindoan, esan moduan 2018ko otsailaren 3an. Eta erabaki nuen mendi horiek izango zirela nire 100 mendien hasiera eta amaiera.
Hasiera eguna zein zen argi zegoen: 2018ko otsailaren 3 hura.
Eta amaierak otsailaren 3 batean izan behar zuen. Hilabete eta egunari urtea gehitzea falta zen, amaitzen banuen, noski. Beti datorrelako nirekin ziurgabetasunaren mamu alu hori. Bihar eraso berri bat izan eta hankaka mugitu barik geratuko naiz? Auskalo. Ez naiz zain geratuko. Harrapa nazala!
Gaur, 2023ko otsailaren 3an, amaitu ditut nire 100 mendiak!
Mamu alu hori baino azkarrago ibiltzen saiatu naiz denbora honetan. Baita lortu ere!
Bihar zer gertatuko den ezin jakin, baina lagaidazue bitartean egindakoak utzi didan pozaz pixka bat gozatzen :-)
To nire 100 mendien argazki-laburpena, eta behean mendien zerrenda.
Printzesa bat gehiago etxean
Beldurra genien zakurrei.
Pluralean diot, bai.
Alabek zakur bat ikusten zuten 100 metrora eta ihesean hasten ziren. Parte batean txiki-txikitan gainera etorri zitzaielako bat. Eta bestean nigandik jasoa.
Ze, nik ere beldur puntu bat nien. Zakur bat oldartu eta zaunkaka hasten bazitzaidan urduri jartzen nintzen, nire onetik kanpora.
Arazo bat geneukan. Nola konpondu?
Shock-terapia.
Martxoan Leia ekarri genuen etxera. Goizegi ekarri ere, gerora ikasi genuen moduan, hilabete t'erdi zeuzkala.
Asier eta familiak daukaten Gisatsen ahizpa gaztea, hurrengo umealdikoa. Txakur bizia bezain maitekorra.
Hasiera ez zen samurra izan. Etxean txakurrekin esperientziarik ez. Bi haur txiki bizi etxean. Koitadua urduri jartzen zen eta koska egiten zuen, jolasean, baina kosk.
Uda aurretik pentsatzen hasita nengoen ez ginela berarentzat jabe aproposenak.
Baina pixkanaka joan gara ohitzen eta neurria hartzen. Hezitzaile baten laguntza izan dugu eta Interneten makina bat baliabide daude, gehienbat gure estiloarekin bat egiten duen erlazio-moduarekin bat datozen pertsonekin.
Oraindik bide luzea daukagu aurretik, oreka gehiago izateko eta, adibidez, bizikleta bat ikustean honen atzetik ez joateko. Baina iritsiko gara. Optimista naiz, honetan ere.
Hasieran geneukan helburua lortu dugu. Alabek galdu diete beldurra zakurrei, eta nik ere bai, Leiari esker.
Eta, sekretu bat, Hiru Haundiak amaitu badut, besteak beste, Leiari esker izan da. Zenbat paseo eta mendi buelta eman ote ditugun azken hilabeteetan!
Ah, bai, Star Warseko printzesagandik datorkio izena. Ez diot nik jarri izena. Ez naiz etxeko friki bakarra.
Txo, hurrengo erronka lan arlokoa izango da
Astelehenean itxi nuen CodeSyntaxeko atea denboralditxo baterako. Hamabost hilabeteko borondatezko eszedentzia hartu dut. Ez da erraz hartzen den erabakia izan, topikoa dirudien arren, lankideak lagun nituelako. Eta, bizi osoan eskertuko diet bereziki azken hiru urte hauetan eman didaten maitasun eta tratua; ez daukat ahazteko. Pentsa, atzo justu bi urte horrela hartu ninduten Zegama-Aizkorriren biharamunean.
Aldaketako pausua eman badut, nigatik izan da, ez haiengatik. Diagnostikoa jaso berritan garrantzitsua izan zen niretzat lanera azkar xamar itzultzea, nire burua produktibo ikustea. Gerora etorri ziren kirol-erronkek lagundu zidaten hobeto aurkitzen, aurrera egiten. Ordura arte egin gabe nituen lorpentxo horiek bizipoz puntu bat eman zidaten. Ondoren etorri zen MUn ikasitako masterra; honek lagundu zidan nire buruari goroldio apur bat kentzen, "dabilen harriari goroldiorik ez" hori gogoan hartuta.
Lan arloan ere behar nuen motibazioa berreskuratzea, erronka interesgarri bat edukitzea. Zerbait propioa sortzearen beharra neukan, zerbait horri forma ematen joatea, bidea egitea eta bideaz gozatzea. Zaharra naizenean atzera begiratzean ez dut damurik eduki nahi saiatu ez nintzelako.
Horregatik, borondatezko eszedentzia sasoi hau baliatuko dut Txo izeneko egitasmoa bultzatzeko. Marketing digitalaren alorrean jardungo dut eta hurrengo egun/asteetan egitasmo berriari forma eman eta marka sortzen/lantzen jardungo dut.
Hartu arnasa, bagoaz aurrera.
Gipuzkoa herriz herri
Iaz, Zegama-Aizkorriren aitzakian 150 kamiseta saldu nituen lagun eta senideen artean, ADEMGIri 700 euro emanaz. Aurten, Hiru Haundiak lasterketan parte-hartu behar nuela eta, diru-bilketa bat egitekotan nengoen, baina lasterketa bertan behera geratu zen. Nire kasa erronkaren bat antolatzeko ideia eduki nuen, nahiz eta bizikletan harturiko kolpeak planak atzeratu dizkidan.
Sendatzen eta sendotzen dihardut, pixkanaka, besteak beste inguruan dudan jendeari, pentsamolde optimistari eta kirolari esker. Horrela eman diot forma erronka honi.
Dena ez da koronabirusa, badaude beste gaitz batzuk
Mundu-mailako pandemia izanik normala da koronabirusaren txertoa lehentasuna bilakatu izana, baina ez ditzagun alboan laga sendabiderik ez duten gainerako gaitzak, eta hauek dituzten/ditugun pertsonak.
Horregatik, ekimen honen baitan bilduko dudan diruaren etekin guztia Biodonostiari emango diot, esklerosi anizkoitza ikertzen jarraitu dezaten.
Gipuzkoa herriz herri
Gipuzkoa osatzen duten 89 udalerriak bisitatu nahi ditut bizikletan. Guztira 600 kilometro pasatxo. Presarik gabe, hamar edo hamabi egunetan. Gutxi gora-behera David adiskideak Arabako herriekin egin zuen moduan. Beraz, ez espero errekor bat. Ekimen hau pentsatze hutsa ikaragarria da jada.
Gabonetan hasteko asmoa daukat, eguraldia eta agendaren arabera joango naiz etapak egiten. Twitterren eta Instagramen joango naiz kontakizuna egiten. Urtarrilaren amaierarako espero dut amaitzea.
Beste pertsona batzuen esperientziak jaso
Zientziak demostratu du kirola neurrian egiteak hainbat abantaila dituela, fisikoak zein mentalak. Eta ezagutu nahi ditut bizitzan kolpe handiren bat jaso arren haien pentsamolde edota kirolari esker aurrera egitea lortu duten pertsonak. Horrelako pertsonaren bat ezagutzen baduzu asko eskertzen dut informazioa; idatzi mikellizarralde (a bildua) gmail.com helbidera.
Nola egin eskaria?
Orbea Orca markako arropa teknikoa salduko dut (kamisetak, maillotak, kuloteak eta txapelak). Irudian ikusi daitezke diseinuak eta prezioak. Ateratako etekin guztia Biodonostiari emango diot. Erosi barik ere, zuzenean egin diezaiokezu ekarpena Biodonostiari.
Laguntzea nahi baduzu, idatzi mezu bat mikellizarralde (a bildua) gmail.com helbidera. Bizi.eus-en joango naiz jasotako diruaren berri ematen.
Bidelagunak
Konpainia onean urrunago iristen denez, bidelagun hauek izango ditut:
- Orbeak primerako bizikleta bat utzi dit erronka burutzeko.
- SD Eibar Fundazioko adiskideek komunikazioan lagunduko didate.
- CodeSyntaxeko lan-taldeak, eta bereziki Nagore eta Maitek, lagundu didate webgunea eta irudi grafikoa prestatzen.
- Fisioariman laguntzen didate beti min eta kolpeetatik sendatzen eta sendotzen.
Ze nezesidade?
Ba, gogoa daukadalako eta egin dezakedalako, kitto :-)
Sendatu eta sendotu
Pasa den asteko asteazkenean erori egin nintzen bizikletan Arrate jaisten nuen bitartean. Errebuelta batean sartzean jabetu nintzen azkarregi nindoala, gogorregi frenatu, gurpilek patinatu eta errepide bazterreko babes metalikoa jo nuen gorputzaren enborrarekin, hira besarkatuz amaitu nuen, nolabait. Lepauztaia eta 3 saihets hautsi eta lepo zein sorbaldan zauri itsusiak emaitza modura. Kolpea ikusi zuen behetik gora zihoan neska batek deitu zion anbulantziari.
Iragarri zidaten demaseko minik ez dut izan orain artean. Gaitz erdi, pentsatzen dut ispiluaren parean ubelduak, besoa eta zauriak ikustean. Esklerosi anizkoitza topatu zidaten sasoiari begiratuta pentsa dezaket hasiera ez dela gozoa izango, baina apurka-apurka sendatzen eta sendotzen joango naizela. Itxiko dira zauriak, hezurrak gogortu. Erronkatxoekin aurrerapausoak emanaz. Eta, sendotzen diot esperientzia honetatik gauza onak ere etorriko direlako. Ikasiko dut zerbait, besterik ez bada bizikletan Arrate mantsoago eta adiago jaisten, eta nire buruaren bertsio pixka bat hobea izango naizelakoan.
Primerakoa, beste behin, artatu ninduten guztien gertutasuna, kotxea geratu zuen neskatik hasi, anbulantzia eta udaltzainetatik jarraitu eta Mendaroko ospitaleko langileekin amaituta. Eta, zoragarria etxeko, lankide eta lagunen babesa. Denboraldi luze batean susto gehiagorik ez ematen gogor saiatuko naiz.
Ez dut heroikotasunik transmititu nahi lerro hauekin. Alderantziz. Larrituta begiratzen diot gertatu zenari, lotsa puntu batekin ingurukoei eragindako ardurarekin. Ehun aldiz baino gehiagotan jaitsiko nuen Arrate bizikletan eta primeran ezagutzen dut, baina, hortxe lehen akatsa, gehiegizko konfiantza. Bueltaxka emanda, Ixuatik jaitsi, umeak jaso, ... amaitua zegoen bizikleta-buelta nire buruan, baina bueltaxka ez da amaitzen etxera iritsi arte.
Hiru haundiak 2020, aurten bai
Murgian irten eta Araian amaitu. 101 kilometro. 10.000 metroko desnibel positiboa, besteak beste Gorbeia, Anboto eta Aizkorri igoz. Astakeriatxo bat.
Hiru aldiz eduki dut dortsala. Aspaldi xamar jada. 2008an irteerarik ere ez nuen hartu. 2010ean Kurtzetaraino, 50 km. 2012an Urkiolaraino, 40 km.
Ondo bidean, urriaren 17an Murgiako irteeran egongo naiz. Eta aurten Hiru Haundiak amaitzeko moduan egongo naizela uste dut, aurrekoetan baino dezente arinago, sasoi hobearekin eta buruz oso sendo igartzen naizelako.
Ez dut espero, irakurle maite, ulertuko duzunik halako astakeriatxo bat egiteko borondatea izatea, bereziki esklerosi anizkoitza edukita. Eta, hain zuzen ere, horregatik egin nahi dut, amaitzeko gai sentitzen naizelako. Hurrengo urtean ez dakit nola egongo naizen, inork ez daki nola egongo den. Hemen eta orain, lasterketa hau egin nahi dut. Geratzen diren ia zortzi hilabete hauetan egingo dudan bideaz gozatu. Arantzatxo hori atera. Bizirik sentitu. Ez dut ezer demostratu nahi, ahal dudalako egin nahi dut.
Iazko Zegama-Aizkorri ikaragarri ederra izan zen. Nire aurtengo Hiru Haundiak haren laurdena bada, ni pozik.
Ez dut espero, irakurle maite, ulertuko duzunik, baina bidean elkar ikustea espero dut.
Bi urte
Astelehena, otsailaren 3a, San Blas eguna. Astelehenean hasi zen Egunean Behinen hirugarren denboraldia. Eta astelehenean bete ziren bi urte esklerosi anizkoitzaren lehen ondorioak igarri nituela. Bi urte mendian korrika nindoala bikoitza ikusten hasi nintzela.
Sinbolikoki, mendi buelta berdina egin nuen astelehenean, Topinburu eta Galdaramuñon barrena. Ospatzekotan, hemen eta orain ondo nagoela ospatzen nuen, ez gaitza edukitzea. Gainera, menditik jaistean gutxitan ikusi arren apreziatzen dudan pertsona batekin gurutzatu nintzen; gerturatzean galdetu nion ea Serafin ote zen, ni Mikel Lizarralde nintzela. "Mikel Lizarralde!" esan eta demaseko besarkada eman zidan. Besarkada horren indarrak nirekin darrai.
Bitxia dirudien arren, eskerrak emateko modukoa da gertatzen ari zaidana, bizitza hobea daramadala uste baitut gaur egun, gaitza antzeman aurrekoarekin alderatuz, gehiago apreziatzen dudala. Ulertzeko bezain zaila da hori azaltzea. Hurrengo urtean berriz akordatuko naiz otsailaren 3an. Ospatzekotan, Serafinek emandako besarkada beroa ospatuko dut. Eskerrik asko, Serafin, muxu haundi bat!
Zu
Zeinen indartsuak eta hauskorrak garen aldi berean. Euforiatik tristeziara, eta alderantziz, eraman gaitzakete lau berbak.
Iragan asteazkenean neurologoarekin neukan txanda. Konfiantzaz beterik nindoan. Nire burua sasoi betean ikusten nuen, aldartea zein gorputza ondo. Nola nengoen galdetzen zidatenei, "oso ondo" erantzuten nenbilen aspaldian. Donostiara bidean emaztearekin, komentatzen gindoazen primeran nengoela, baina nik medikuaren ziurtagiria behar nuen, ia-ia emantzat jotzen nuen ondo egotearen baieztapena.
Medikuak esan zuen emaitzak onak zirela. Erresonantzian orban berri bat agertu zela, baina ondoriorik antzeman ez dudanez, ez emateko garrantzirik. Hau entzutean larritu egin nintzen, esan nahi baitu gaitza ez dagoela lo eta botika ez dagoela bere lana egiten. Dena den, hurrengo erresonantzia urtebetera egiteko eskatu zuen medikuak eta botika berarekin jarraitzeko agindu. Nire buruan ez zetozen bat bi ideia hauek: batetik, emaitza onak eta urtebete erresonantzia gabe, eta, bestetik, orban berri bat, gaitza ez dago lo. Eta medikuak fokua jarri ez zuen azken honi bueltak ematen hasi nintzen. Kontsultan sartu aurretik lasai egotetik, gaitza kontrolatua neukala pentsatzetik, beldurrak dominatuta egotera, ondorioak arrapataka pairatuko ditudala pentsatzera.
Etxera bidean, emaztearen laguntzarekin, egoera onartzen ahalegindu nintzen. Diskurtsoa lantzen. Nik neuk ez neukan lasaitasuna ingurukoei transmititzeko, gehienbat. Medikuak esandakoa errepikatzen nuen, barneratu eta onartu nahi nuen dena ondo zegoela, hala ere, nolako gaitasuna daukagun arreta puntu beltz bakarrean jartzeko. Beldurrak hartu ninduen. Hasi nintzen pentsatzen alferrikakoa izan zela dieta aldaketa, kirola egitea, baita botikaren albo-ondorioei aurre egitea ere. Kronikoa, degeneratiboa, sendagaitza. Esklerosi anizkoitzaren abizen eta ondorio guztiek desfilatu zuten nire aurrean. Zertan egin dut kale? Dieta saltatu nuen aste hura? Gaixorik sukarrarekin egon nintzenekoa? Gehiegi arduratu eta ernegatu nintzen beste hura?
Eta, hortxe, berriz ere zuloaren sarreran nengoela, agertu zinen zu, Maria, beti Maria. Hitz, isilune edota besarkada egokiak gehien behar nituenean. Lagundu zenidan ulertzen erresonantzia batean agertu baina ondoriorik sortu ez duen 6 milimetroko orban batek ezin nauela animoan eragin. Gogoratzeko kontsulta aurretik nioena: ondo aurkitzen nintzela, bada, gozatu momentua, hemen eta orain. Ez dakit dieta aldaketak, kirolak edo optimismoak laguntzen ote duten gaitza geratzen, eta ezin da jakin. Baina, agian, hortxe egon da nire akatsa, pentsatu dudala gaitza geratu nezakeela.
Egunek aurrera egin eta denak ondo jarraitzea da nire sendabelarrik eraginkorrena. Giza botikaz gain, noski. Ze, aizu, nolako zortea daukadan inguruan halako jendea edukitzeaz! Asteburua behar nuen horixe izan zen. Egun pare ederra pasa dut etxekoekin, urtebetetzea primeran ospatuz eta 40 urteak ganoraz estreinatuz. Aitak, amak, arrebak, alabek eta emazteak, besteak beste, lagundu didate konfiantza berreskuratzen, jabetzen diagnostikoa edota igartzen ez diren orbanak ez direla muga bat. Pairatu ez ditudan ondorio hipotetiko batzuek ezin dutela nire egoerari analisi hotza baldintzatu.
Hartutako erabaki eta bidearekin ez daukat damurik: dieta aldaketa, mendiko lasterketak, ... harro eta pozik nago egindakoekin. Gainera, nork daki egindakoak kalte edo mesede egin didan? Auskalo, agian orban gehiago azalduko ziren bestela.
Eta, hau guzti hau orban ziztrin bat agertu delako. Ai ene. Ederra drama. Zer pentsatuko luke Ibrahima Baldek? Hartuko luke nire lekua?
Ni ez naiz diagnostiko bat
Alaba zaharrenak, sei urte, galdetu dit ea zer izen duen nire gaixotasunak. Hasieratik hitz egin izan dut gaitzari buruz modu irekian, alabekin ere bai, nahiz eta txikiak diren oraindik. Nire egoeraren inguruko diskurtsoa nik emandakoa bada, uste dut hobeto ulertu daitekeela zer daukadan eta zer ez.
Alabari azaldu diot gaixotasun bat daukadala, baina ez nagoela gaixorik, berak ikus dezakeen moduan bizitza normala daramadala, sasoi betean gainera: lanera noa, kirol dezente egiten dut, eurekin jolasten dut, etxeko ardurak partekatzen ditut, ... bizitza normala. Oraingoz lo dagoela gaixotasuna, izan liteke berriz gaixotzea egunen batean, edota gaitzaren berririk ez izatea berriz bizitza osoan.
Esklerosi anizkoitzari buruz hitz egitean, publikoan zein pribatuan, gaitza ezagunagoa egin nahi dut, nire bertsioa kontatu. Mila aurpegiko gaitza deitzen diote esklerosi anizkoitzari. Batzuk gainbehera azkarra daukate. Beste batzuk ez dute beste erasorik izaten bizitza osoan. Nik nire bertsioa kontatu nahi dut. Oraingoz, aurpegi atsegin xamarra erakutsi dit gaitzak, nire egoerari begiratuta. Iazko irailean egoera hobetzen hasi zen. Gero etorri ziren Zegama-Aizkorri edota Irati Xtrem-eko abenturak. Astero jartzen dudan botika da, ia-ia, gaitzarekin daukadan harreman bakarra. Apaltasun dosi handi bat da asteazkenetan izterrean jartzen dudan ziztada. Hori bai, ostegunek izugarri egin dute hobera eta ia ez dut bixamonik (pasa den astean, adibidez, unibertsitateko ikasleei ERPei buruzko hitzaldi bat eman nien eta arratsaldean ETBrekin Twitterri buruzko elkarrizketa bat grabatu). Jarraitu dezala horrela!
Nire lorpentxoekin jarraitu dut, Getaria-Zarautz igeri-zeharkaldia egin nuen uztailean, irailean Sorginen lasterketa Atxondon eta Picos de la Demandako 24 kilometroko mendi lasterketa. Erronka fisikoei orain beste bat gehitu diet eta Mondragon Unibertsitatean master bat ikasten hasi naiz. Gaitzaren balizko ondorio fisikoei kirola eginez erantzun diet, eta balizko ondorio kognitiboei ikasgelara itzuliz. Emazteak dio gaitzak nigan dudan onena ateratzen lagundu didala, eta, nolabait, honetan ere arrazoia eman behar diot.
Publikoki diagnostikoaren berri eman nuenean ez nuen bilatzen pena ematea. Egia da terapia ekintza bat izan zela, ideiak ordenatzeko modua, baina, batez ere, kontakizuna nigandik entzundakoa izatea nahi nuen, nik zuzendua, nire egoera hobeto ezagutu ahal izatea, eta diagnostikatu berria den norbaiti beldurrak uxatzeko balio badu, ongi etorria izan dadila. Diagnostiko bat ez dadila muga izan. Ni ez naiz diagnostiko bat.
Penarik ez, baina laudorioak ere, neurrian. Eredugarria naizela esan izan dit batek edo besteak. Estimatzen ditut hitz horiek, benetan, baina "eredu" hitza handia egiten zait, handiegia, akaso. Ni ondo nago, besteak beste, gaitza ondo doalako, eta inguruan babes handia izan dudalako. Meritua duela horrelako egoera bati bizipozarekin buelta emateak? Bai, baina gaitzaren itzalak hor darrai. Ni ez naiz diagnostiko bat, baina euforiarik ez, noan egunez egun. Hemen eta orain.