Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ate adina maratila

Eskuak eta burua

Xabier Etxaniz 2015/06/25 23:29
Ez, zoritxarrez, ez gaude "erabakiaren aroan"...

                ESKUAK ETA BURUA

 

                Uda iritsi da eta, zuen baimenaz, bloga stand-by egoeran utziko dut pare bat hilabetez. Batetik, ohitura-gizona bainaiz, Berrian genuen ohiturarekin jarraitzeko, eta, bestetik, bukatu gabe ditudan bestelako lan batzuk bukatu ahal izateko. Baina ez nuke agur esan nahi joan den igandekoari buruz pare bat hitz esan gabe.

                Kritika eta iritzi asko irakurri ditut egunotan eta denak balekoak iruditzen zaizkit: bateko "hunkigarrismoa" eta besteko "superpotentzia emozional bat gara", bateko  "aulki huts horiek bete behar ditugu" eta besteko "bada masa zibil handi bat"...  Eta guztiak  balekoak iruditzen zaizkit, hain zuzen ere, guztiek egiaren parte bat daramatelako barnean ezkutaturik. Ziurrenik naif-egiak gara orain. Ziurrenik irrienlagunizaturik gaude, oro kolore eta oro marrubizko musu. Ziurrenik lehen baino gehiago gara, bai, baita behar baino gutxiago ere. Ziurrenik garenak baino ez gara eta ez dakigu nola bete aulki huts horiek...              

                Alabaina, iritzi uholde honen erdian bada asebetetzen ez nauen esaldi bat, desiratik gehiago duena errealitatetik baino. "Erabakiaren aroan" gaudela dioen horretaz ari natzaizue.

                Ez, ez gaude "erabakiaren  aroan". Ezta "behin betiko fasean" ere.

                Zoritxarrez.

                Eta bai, galdeketak egin ditzakegu Diman eta Ispasterren, galdeketak egin ditzakegu Goierrin eta Etxarri Aranatzen. Egin ditzakegu, eta egin beharko ditugu, zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto. Eta emaitzak txalotuko ditugu. Eta poztu egingo gara. Baina galdeketa horiek ez gaituzte de-facto "erabakiaren aroan" jartzen.

                Nago ezen garaipenak bainoago porrotak behar dituela GED-k

                Nago ezen alferrik izango dela Diman galdeketa egitea baldin eta Guardian galdeketa hori bera egiteko gai ez bagara. Eta are: ez gara "erabakiaren aroan" egongo harik eta Guardian galdeketa egin eta Espainiari lotuta jarraitzeko aukerak galdeketa erraz irabazi arte.

                Egun horretan bai. Egun horretan de-facto egongo gara "behin betiko fasean".

                Bada, ordea, beste arrazoi bat "behin betiko fasean" ez egoteko. Erabakitzeko eskubidea gure esku dago, bai, baina buruan EAJk agintzen du. Badakit errazkeria dela EAJ eta Ezker Abertzalearen arteko batuketa batek dena konponduko lukeela esatea. Eta badakit, halaber, Gemma Zabaleta (chapeau, Gemma, chapeau) gehiago beharko ditugula ezer lortuko badugu. Baina gauza bat argi daukat: EAJrekin izango gara edo ez gara izango.

                Eta oraingoz EAJ ez dago prest. Arzalluz eta Ibarretxe bai, baina EAJ ez. Egia da EAJk deialdia egin zuela iganderako, baina Andoni Ortuzarren jarrera nik euskaltegiko arduradunak HABEko burokrazia betetzeko esaten didanean izan ohi dudan berbera izan zen: egin, egiten dut, gogorik gabe baina, bertan pasio tanta bat bera ere jarri gabe, ahalik eta azkarren bukatzeko gogoz. Gutxienekoa egin eta aurrera.

                Ortuzarrek berdin: alderdia martxan jarri beharrean, txio bat bidali zuen Twitterrera.

                Edonola ere, ez nau harritzen: oreka instituzional betiereko batean bizitzeak txaloak jasotzeko balio du, baina, izugarri nekatzeaz gain, denbora kentzen dizu txikikerietarako.

                Ez, ez gaude "behin betiko fasean", baina izan gaitezen baikorrak: orain ez egoteak ez du esan nahi egongo ez garenik eta zorionez gurean badago bidea zein den dakienik: "Erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioa masiboa eta jarraitua izango da independentziaren aldeko apustua ongizatearen aldeko apustua dela gizarteratzen denean" esan zigun Jule Goikoetxeak joan den asteartean Berrian eta ni guztiz bat nator berarekin.

                Izan ere, gizarteari ikustarazi behar diogu independentziarekin hobeto biziko garela.

                Irailean bueltatuko naiz. Ondo pasa uda.                                     

  

 

7 minutukoa

Xabier Etxaniz 2015/06/04 14:58
Garitanok Almerian jarraitzen du

7 MINUTUKOA

7 minutukoa. Hori izan zen, iraupenari dagokionez, gaztelerazko “Aupa Athletic” eta euskarazko “Athletic zuzenean” saioen arteko aldea. 7 minutu gehiago gaztelerazko saioak euskarazkoak baino. Ez du ematen aldea handia denik, batik bat, kontuan hartzen badugu saiook ia launa ordu iraun zutela. Eta aldea txikia izan zenez, zoriondu beharko dugu EITBko zuzendaritza. Izan ere, hizkuntza bakoitzari eskainitako denborari dagokionez, behinik behin, hizkuntza-parekotasuna lortu baitzuen EITBk, gure gizartean gutxitan lortzen den balentria…

Bejondeizuela!!

Beno... bale…  Ironiatik hasi naiz baina argi dago motz geratzen ari naizela...

Utz dezagun, beraz, pintzel fina eta har dezagun brotxa lodia.  

Zertarako “Athletic zuzenean” saioa finala T5n zegoen bitartean? Eta zergatik? Zertarako ekoiztu inork ikusiko ez duen lau orduko saio bat euskaraz? Zenbat balio du Sara Gandarasen lan-ordu batek? Zenbat Joseba Urkiolaren hitz-jario etengabeak? Zenbat kamerak Bermeora bidaltzeak?

Eta are: kazetariak alferrik lan egitera bidaltzeak dakarren errespetu falta baino haratago, zein da EITBren mezua? Zale zuri-gorri oro informazio gosez dagoenean, gazteleraz. Zaleok -kolore guztietakook- kanala aldatu dugunean, euskaraz.

Zergatik? Zertarako?

Nola justifikatu? Zein irizpidepean? Nork erabakita?  

Erraza da Almerian Garitanori gertatu zitzaionaren harira sutan jartzea. Eta erraza da, halaber, hurrengo egunean Joseba Urkiola Azpimarra saiora eramatea kazetariak estranjeria aldean izandako jarrera txalotzeko.

Zaila, benetan zaila dena, euskararen normalizazioa da. Eta are zailagoa izango da baldin eta gure telebista bakarrak berak ikusezin bihurtzen badu euskara, baldin eta ETBk gure hizkuntza zokoratzen eta guztiz alferrikako bihurtzen badu.

Eta horixe bera egin zuen joan den larunbatean.

Garitanok Almerian jarraitzen du oraindik...                

 

 

               

 

Bi liburuxka

Xabier Etxaniz 2015/05/21 16:28
"Propaganda electoral" esan zidan gazteak...

BI LIBURUXKA

 

Gauzak diren bezala: solairuartekoetan bizi garenontzat atezain automatikoak guztiz alferrikakoak dira. Dagoeneko ahaztu zait noiz izan zen "Bai, nor da?" atezain automatikotik galdetu nuen azken aldia. Izan ere, atezainak jotzen duenean, botoia zuzenean sakatzen dut, eta, jarraian, etxeko atea zabaltzen dut nor den jakitearren. Esan gabe doa gure postariak dagoeneko ezagutzen nauela eta jada zuzenean ematen dizkidala posta arruntaz iristen zaizkidan gutunak.

                Atzo, ordea, postaria ez, propaganda banatzailea izan zen txirrina jo zuena.  Gazte marokoar bat zen eta ni eskailera-burura ateratzerako han zebilen, postontzi guztietan bina liburuxka ahalik eta azkarren sartzen, liburuxkako beharrean segundoko ordainduko baliote bezala.

“Propaganda electoral" esan zidan ikusi ninduenean.

Eta, une batez, txalotzen hasteko zorian egon nintzen. Izan ere, bi alderdik propaganda banaketa egiteko banatzaile bera kontratatzea  aurrerapauso itzela iruditu baitzitzaidan. Oso erraza da erakunde publikoen bikoiztasunaz hitz egitea baina bada garaia detaile txikietan ere aurreztea posible dela ohartzeko.

                Marokoarrak alde egin zuenean hustu nuen postontzia. Lehenengo liburuxka hauteskunde propaganda zen, egiazki. Bertan, hautagai batek bera alkaterik onena izango dela ziostan gaztelera ederrean eta, jarraian, 32 orrialdeko publirreportaje eder batean gure hirirako dituen asmoak -asmokeriak, ameskeriak, asmakeriak…- azaldu zizkidan.

                Gazte marokoarrak utzitako bigarren liburuxkak besaulkiak iragartzen zituen eta “Rincon Relax” eskaintzari esker jakin nuen 599 euroan eros dezakegula altxatzen den besaulki eroso horietako bat.

Bat-batean publirreportaje hura diru-xahutze nabarmena iruditu zitzaidan, gehiegikeria galanta –eskaintza ikusi besterik ez zegoen horretaz ohartzeko-, baina ez nion bestelako garrantzirik eman. Gehiago izorratu ninduen, ordea, bikoiztasunen kontuarekin oker nengoela ikusteak.

                Gaia bat eta bakarra izanik, bi liburuxka ordaintzea ere...

Handitan

Xabier Etxaniz 2015/05/14 17:05
Nire lagun Felixen seme bikiek ondo dakite...

HANDITAN        

                Nire lagun Felixen seme bikiek hamarna urte dituzte. Hamarna urte, eta aitaren gene  bihurri berberak zeluletan barreiaturik. Normala dela esango didazue, horrela  agintzen baitu naturak, eta nik ezinbestean emango dizuet arrazoia. Baina, zer nahi duzue nik esatea, aukeran nahiago nuen amaren aldekoak balira...

                Lehengo batean, Felixekin terraza batean nengoela, guregana hurbildu ziren biak baloi bana besapean zekartela. Aitarekin jolastokitik itzultzeko ordua negoziatu -eta negoziaketa horretan garaile atera- ostean, nik zera galdetu nien, ea handitan futbolariak izan nahi ote zuten.

                Galdetu banien, galdetu nien ba!

                Ezetz erantzun zidaten, profesionala izateko oso ona izan beharra dagoela eta haiek erdipurdikoak zirela. Hamar urteko bi umeren ahotan, oso ikuspuntu errealista iruditu zitzaidan, eta zoriondu nituen horren ume argiak izateagatik. 

                Geroago jakin nuen agian argiegiak zirela...

                Anaietako batek politikoa izan nahi zuela esan zidan halako batean. Oraindik ez zekiela zein alderditan, baina politikoek bazekitela bizitzen kolpe zorrik jo gabe, eta aukera ona zela. Beste anaiak ere toki berera iritsi nahi zuen, nahiz eta horretarako beste bide bat jorratzeko asmoa izan, eta, inolako lotsarik gabe, aitortu zuen handitan jubilatua izan nahi zuela.

                "Beraz, bi mukizu hauek dituk etorkizunean gure pentsioak ordaintzeaz arduratuko direnak..." esan nion, durduzaturik, nire buruari, eta horrela egon nintzen harik eta nire ikuspuntua ez zela oso errealista ohartu nintzen arte.

                Izan ere, mundu puta honek neo-liberalismorako duen joera ikusita, Felix eta biok jubilatzerako ez da ez pentsiorik ez prestaziorik ere egongo, eta, gauzak horrela, Felixen seme bikiek euren buruaz baino ez dute arduratu beharko.

                Eta horrela ikusita, ez dago gaizki txikitatik gauzak argi edukitzea...     

Sarrera

Xabier Etxaniz 2015/05/07 22:30
Indiana Jones banintz bezala...

 

                 Gero eta nekezagoa egiten zait maiatzaren hasiera guztietan idatzi ohi dudan Maratila idaztea. Zehazki, gero eta nekezagoa egiten zait Maratila honen sarrera idaztea. Argi izaten dut zer kontatu nahi dudan, baina uste dut dagoeneko erabili ditudala testu bati ekiteko ohiko sarrera guztiak, eta, zoritxarrez, ideiarik gabe geratzen hasia naizela. "Gutxi falta da, ene azterketari maitea", "...urtero bezala, hemen naukazue, laguntzeko prest...", "...aurki HABEk prestatutako azterketei egin beharko diezue aurre eta..."... Ene lagunok, ez da erraza, ez, hamaika aldiz esandakoa berria balitz bezala aurkeztea, ez horixe! Eta nik, zuek bezalaxe, sarrera on bat behar dut testuari ganoraz eta taxuz ekingo badiot. Topatuko ahal dut!

                Izan ere, sarrera on batek oro leuntzen baitu. Ondo idatzitako sarrera batek ideia nagusiaren muina parametro egokietan jartzen du. Ondo idatzitako sarrera batek gure unibertsoaren erdian kokatzen gaitu, eta, handik, askoz ere errazagoa da testua nahi dugun tokira eramatea. Sarrera on bat  gure eskuarea da: bide-zidorrak berdindu eta sastrakak kentzen ditu. Sarrera eskas bat, ordea, zapatan sartutako harri-txintxarra da: ibiltariak aurrera egin dezake, egia, baina harritxoak izorratuta, ez du paisaiaz gozatuko. Eta azterketari maiteok, argiak baitzarete, zuek badakizue ez dela komenigarria aztertzaile jator horrengan ezinegonaren eta susmo txarraren hazia ereitea. Ez, behintzat, irakurtzen hasi eta berehala.

                Beraz, badakizue, aztertzailearen gogoa goxatu nahi baduzue, gai honi behar besteko garrantzia eman eta sarrera txukun bat  -hainbat adibidek joriturikoa, akatsgabea  zuzentasunari dagokionean, tesi argi baten jabea- idatz ezazue. Eta, bukatu aurretik, gogora ezazue plagioak oso fama txarra daukala. Ez erabili azterketarako eman dizueten txosteneko informazioa hitzez hitz. Ez da itxurosoa.

                Beno, zuek idazlana egituratzen duzuen bitartean, nik sarrera galduaren bila jarraituko dut, Indiana Jones banintz bezala...                             

Euskaltzaindian berriro

Xabier Etxaniz 2015/04/30 16:53
Pepelerdo hutsa naiz...

EUSKALTZAINDIAN BERRIRO

 

                Pepelerdo hutsa naiz. Eta okerrena da ez dudala ikasten.  Izan ere, atzera ere egotzi bainaute Euskaltzaindiaren egoitzatik.

                Burumakur, esku-hutsik eta lotsatuta.

                Beno... Zehazkiago, burua ertzain baten eskuak makurrarazita, eta -zilegi bekit hitz-jokoa- atxilo(tsa)tuta.

                Euskaltzaindiko langileak berehala ezagutu ninduen, baiki.

                - Zu ez al zara iaz "Racingsantanderrarena egin" esamoldea hiztegi batuan sar genezan proposatu zuena?   

                - Bai, neu naiz.

                -Eta zer nahi duzu orain? -galdetu zidan telefonoa hartzen zuen bitartean.

                Ahal bezain solemne, bi proposamen interesgarri nekarzkiela jakinarazi nion langileari, bai eta han bertan geratzeko asmoa nuela ere, artatua izan arteko eseraldi irmoan .

                - Hitz egin Sarasolarekin edo Aita Villasanteren espiritu santuarekin, baina ni hemen geratuko naiz, bai horixe!

                Telefonoa eskegitakoan ea zeintzuk ziren nire proposamenak galdetu zidan.

                - Lehenengoa "Gaizkarena egin" esamoldea.

                -Gaizkilearena?

                - Ez, Gaizkarena. Duintasunak ipurdian atximur egin eta salto egitera behartzen zaituenean erabiltzeko oso aproposa da.

                - Ez dakit ba, ez dut uste "duintasuna" eta "ipurdia" nahastea gustatuko zaienik... eta bigarrena?

                - "Pasalgo".

                - "Pasalgo"??? Eta hori zer demontre da?

                - "Ergel" hitzaren sinonimoa. Esaterako:" hi, pasalgo!, zerbait gertatzen al zaik?". Ergel hitza baino zatarragoa izanik, Elhuyarrekoek "tontolculo" jar lezakete ordain gisa... Ez dauka tradizio handirik baina euskara modernizatuko badugu...

                Une hartantxe bi zinpeko zaindari agertu ziren zeintzuek, oso modu zatarrean, gonbidatu ninduten kalera ateratzera. Nire protesta baketsua izan zen harik eta irainak hasi ziren arte. Burutik omen nengoen, zeharo jota. Halako batean duintasunak atximur egin zidan ipurdian eta salto egin nuen bi gorila horiengana.  

                Bai, arrazoia duzue: "Gaizkarena" egin nahian "gaizkilearena" egin nuen eta damu naiz. Horren damua daukat, bai eta gorputza porru eginda ere, jipoi ederra eman baitzidaten...

                Hortik aurrerakoa ezagutzen duzue...

                Arestian esan bezala, pepelerdo hutsa naiz... pasalgo erabatekoa...   

Gaia

Xabier Etxaniz 2015/04/23 13:20
Nire lagun Felixen leloa...

GAIA

                Kasualitateak zer diren, nire lagun Felixekin garagardo batzuk hartzen ari nintzela iritsi zitzaidan Euskal Idazleen Elkartearen posta elektronikoa esku-telefonora. Une hartantxe gaurko Maratilarako gaiaz ari ginen eztabaidan, zertaz idatziko nuen erabaki nahi eta ezinean. Nik zera nuen buruan, egun hauetan Afrikatik Europa zaharrera iritsi nahian Mediterraneoan hil (hiltzen ari?, hilko?) diren (ditugun?, dituzten?, ditudan?) etorkinez hitz egitea, baina, ikus dezakezuenez, ez neukan batere argi ikuspuntua. Felixek, ordea, argiago zeukan gaia nahiz eta hasieran ez zitzaidan hala iruditu.

                - Hi pitzatuta hago, Felix! "Anfibioen metamorfosia: zapaburutik igelera"??

                - Hik egidak kasu, Xabi. Har ezak Asier Sarasuak bere blogean zintzilikatu duen bideo bikain hau, eta egin ezak paralelismo bat zapaburu eta Marotoren artean. Edo bestela igelen eta De Andres diputatu nagusiaren artean. Irudikatzen ari nauk, Xabi: "Gizakiaren metamorfosia; normaltasunetik faxismora". Ez al duk ikusten??

                Aitor dut une batez amore ematekotan egon nintzela. Erraza zatekeen Asier Sarasuaren bideoa moldatzea jendilaje horri egurra emateko, baina ez erabiltzea erabaki nuen. Izan ere, errespetu handia diet anfibioei.

                Horrelakoetan geundela iritsi zitzaidan arestian aipatu mezua. Gonbidapen bat zen, Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira ekintza xume eta eder batean parte hartzeko. Proposamena sinplea zen oso: liburuak eta liburuaren eguna sustatzeko leloak asmatzea eta #liburuareneguna traolaren erabiliz mundura zabaltzea. Ideia bikaina iruditu zitzaidan.  

                - Liburuen alde leloak sortzea ideia ona?? Hi haiz, hi, leloa!!

                Zur eta lur geratu nintzen, Felixen purrustada ulertu gabe.

                - Leloak gauza guztietarako behar dituen mundu zikin honetan liburuaren sektorea duk leloak sortzen ez dituen bakarra...

                Esan gabe doa gustura ordaindu nituela garagardoak... 

600 metro

Xabier Etxaniz 2015/04/16 14:34
Oker nengoen... Zenbatzaile zehaztu eta zehaztugabeak.

 

600 METRO

 

                1993an hasi nintzen AEKn lan egiten.

                22  urte. Bizitza erdia. Milaka ikasle. 10 Korrika. Hamaika fotokopia. Ezin konta ahala bilera, ezin konta ahala txosten. Kamioikada bete eztabaida eta galtzak bete lan. 5 barnetegi urrun. 7 bat euskaltegi txukun. Txanda dezente txosna barruan. Trago gehiegitxo txosnatik at. Berrogeitaka ikasgela. Beste hainbeste arbel. Hirurogeitaka ikastalde. Kilometro askotxo. Dozena bat biltzar nazional aspergarri. Ehundik gora lankide jator. Kabroi gutxi batzuk. 1993ko 80000 pezeta eta koska. 2015eko 1000 euro inguru.  Lagun franko. Etsai batzuk. Hainbat lagun-min. Makina bat ale ahaztutako aurpegien kutxan. Ale batzuk ezin ahaztuzkoenean.

                22 urte. Bizitza erdia.

                Eta ideia bat.

                Ideia bat, inoiz aldatu ez dena, letania moduan txostenez txosten errepikatutakoa, mantra budista baten moduan buruz ikasia, fededunen indarraz sinetsitakoa baina fedegabeen ezintasunaz behin eta berriz atzeratua.

                   Ideia bat zeina, isil-isilik eta adi-adi geratzen bazarete, urrunean entzun dezakezuen haizearen firfirarekin batera.

                Doakotasuna... doakotasuna...  doakotasuna...

                Aitor dut: 22 urte hauetan beti pentsatu izan dut doakotasuna ezin lortuzko helburua zela, ideia bikaina, bai, baina erabat ezinezkoa.

                Amets ezin ukituzkoa, kimera lortezina, utopia soila.  

                Eta, batez ere, abstraktua.  

                Orain badakit oker nengoela: doakotasuna zerbait ukigarria da, neurgarria, kuantifikatzeko modukoa eta ez da abstraktua.

                Gipuzkoan doakotasuna Abiadura Handiko Trenaren 70 metroko tarte txiki bat baino ez da.

                Eta Euskal Herrian, zenbat "AHT metro"? Kilometro erdia? Hor inguru ibiliko da... 500 metro inguru. 600, gehienez ere.

                600 metro.

                Bi urtean behin 2500 kilometro korrika egiten duen herri batentzat, huskeria.  

Benidorm Berria

Xabier Etxaniz 2015/04/09 11:47
Pentsatu eta esaten diren gauzak...

BENIDORM BERRIA

 

                Ez, ez nuen gaizki hartu. Har nezakeen, baina gero ohartu nintzen haiek ez zekitela nor den Harkaitz, eta ez nuen egin. Isiltasuna aukeratu nuen. Azken batean, jakin beharra baitago non zauden eta norekin, eta horren arabera jokatu. Eta ni Caceresen nengoen, El Torno-n, Jerteko bailararen magalean, gereziondoak loretan eta garagardoa pitxarretan, Benidorm Berria izeneko terraza batean. Eta norekin? Ba, bertako sei lagunekin, sei "indigena" atsegin eta prestu, lanak El Torno-tik deserriratutakoak eta Aste Santuak herriratuak, jatorrak baino jatorragoak seiak. Eta espainiarrak baino espainiarragoak.

                Halako batean jakin zuten idazlea nintzela eta ziztuan hasi ziren galderak. Ea zer idazten nuen, ea zerbait argitaratuta ote nuen, eta ea nire liburuak internetetik jaisterik ote zeukaten.

                "Jaitsi ditzakezue, baina ez duzue ezer ulertuko. Euskaraz idazten dut."

                Ez baita lehenengo aldia, jakin badakit euskaraz idaztearen kontu horrek ezustean harrapatzen dituela erdaldunak, zabuka uzten dituela une batez, nola jokatu eta zer esan jakin gabe. Eta jarraian, behin gauza exotiko baten aurrean daudela onartuta,  gehienak galderetara itzultzen dira, ea zerbait itzulita ote daukadan eta horrelakoetara.   Gehienak itzultzen dira, bai, baina ez denak.

                Izan ere, horrelakoetan beti baitago nire hautua okerra dela pentsatzen duenik. Beti dago euskaraz idaztea absurdutzat jotzen duenik, alferrikakotzat eta txokokeriatzat. Haiena da unibertsala eta kosmopolita, merkatuak irekitzen dituena, handia are handiago eta ederra are ederrago bihurtzen duena. Gurea ez, ordea.   

                "Gazteleraz jakin eta euskaraz idaztea ere"...  Pentsatu eta esaten ez diren gauzak, Harkaitz Cano handiak esango zukeen bezala. Alabaina, Harkaitz ez baitute ezagutzen, haiek esan egiten dute pentsatzen dutena.

                - Perdona pero te estas infravalorando...

                Ez, ez nuen gaizki hartu. Har nezakeen, baina isiltzea erabaki nuen. 

                Alferrikakoa zatekeen azaltzea zergatik idazten dudan euskaraz.

                Euskaraz idaztea bezain.       

Dena azkarregi doa

Xabier Etxaniz 2015/04/02 19:06

 

DENA AZKARREGI DOA

Azken bolada honetan triste nago. Nekaturik eta makal. Ez kezkatu, pasako zait. Ez da lehenengo aldia horrelako zerbait gertatzen zaidana. Zeinek daki! Agian joan den astean kolpatu ninduen depresioaren azken arrastoak dira. Agian neguaren luzeak tristurara bultzatzen nau egun batean bai eta hurrengoan ere bai. Edo, bestela, agian dena errazagoa da eta arazo bakarra zera da, zahartzen ari naizela…

Ez dakit. Batzuetan pentsatzen dut hemendik aurrera ezer ez dela izango behinola izan zena. Dena azkarregi doala, eta ni, ordea, egunetik egunera mantsoago. Aldaketa gehiegi gertatzen ari direla eta daukadana baino garun malguago bat behar dudala berrikuntza horiek guztiak ulertuko eta onartuko baditut.

Ez dakit…

Berriki bi gertaerak eman didate atentzioa. Bata euskaltegian lanean ari nintzela gertatu zitzaidan. Halako batean zera galdetu nien ikasleei, ea parrandan ateratzen direnean zenbateko “botea” jartzen duten. Ez dutela boterik jartzen erantzun zidaten alai asko. Nik sinetsi ezinik geratu nintzaien begira, ulertu gabe, nork bere zorrotxoa patrikatik aterata eta zerbitzariari zenbat zor duen galdezka imajinatu nahi eta ezinean. Gazteak direla erantzun zidaten, baina nik begiak itxi eta, larunbatero Trintxerpeko Harpo taberna ixten genueneko garaiak gogora ekartzen ditudanean, ezin dut horrelako irudirik topatu. Kataluniarrengandik gauza asko ditugu ikasteko baina ez zehazki hori…

Bigarrena Korrika 19 abuztuaren 31 kaletik pasatzen ari zela ikusi nuen. Halako batean lagun bat ikusi dut lasterka. Lagunak egurrezko makil bat darama eta makil horren puntan euskal preso baten argazkia. Haren ondoan ezagutzen ez dudan beste korrikalari bat doa. Honek ere makil bat darama eskuineko eskuan, baina berea ez da egurrezkoa. Makilaren puntan bideo kamara ñimiño bat. Bata bestearen ondoan hainbat metro egin dituzte, nork bere makilari helduta. Lagunak ia 60 urte ditu. Ezezagunak 20 inguru.

Ni erdian nagoela pentsatu nahiko nuke baina pentsamendu horren ordez  beste pentsamendu bat datorkit burura.

Ezer ez da behinola izan zena izango.

Eta, jarraian, beste pentsamendu bat: nire aitaren gero eta antz handiagoa daukat.     

Aurkezpena

Xabier Etxaniz Rojoren bloga da hau. Donostiarra. Trintxerpetarra. Idazlea. AEK-ko beteranoa. Zutabegilea. Errealzalea. Pipa erretzailea. Aita (biologikoa zein adopzio bidez). Elkarte gastronomikoan sukaldaria. Txiolaria (@xabietxaniz). 2014ko irailetik, Eibar.org komunitateko blogista.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.