Pierra Caubet "Xübüko Arhan"
Maulen, Allande Etxarten dendan dokumentu xelebre eta ederrak topatzen dira. Esku tartian dakatena, 14 pajinatako dossier xume bat da, eta azkenengo pajinan CD bat daka. Autoediziño bat da, “fanzine” bat esango genduke. Baiña hain itxura sinpliakin zelako altxorra...!
Ikerketa aldizkarixetan hainbeste artikulo eder eta interesgarri agertzen dira beti, kulturalak nahiz historikuak. Baiña agertu ahala, han geratzen dira apaletan lurperatuta. Ikerlarixak baiño ez darabixez esku artian, eta kaleko jentiak usaindu be ez dittu egitten. “Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra” aldizkarixan Iruñako Gaiteroak 1977 urtian ikerketa musikologiko bat argitaratu zan, 180 pajinatakua. Allandek ikerlan hau hartu, aztertu, itzuli eta laburbildu egin dau modu didaktiko baten, dibulgatzeko asmoz. Eta zergaittik? Bere herrixan, Altzaien , umetan ezagututako gizon lotsati, pobre eta marjinatu harek altxor kultural haundi bat gordetzen zebalako: azken txanbelarixa zan.
Pierra Caubet 1913an jaixo zan Altzaien. Laborari familia pobrekua izanda, morroi biharretan jardun zeban gazte-gaztetandik. 10 urtekin, bere auzoko gizon zahar batek (Agerre abizenekua) bere aittana izandako txanbela bat emon zetsan. Agerrek 85 bat urte zittuan artian, beraz txanbelia 100 bat urte lehenagokua zan. 1927ttik aurrera hainbeste kantu txapelketetan hartu zeban parte eta orduantxe hasi zan txanbelia jendaurrian joten. Hainbeste emanaldi egin zittuan handik eta hamendik; Etxahun Irurikuakin ibilli zan, Charles Chaplinendako jo zeban... badiruri, dana dala, ordurako nahikua gauza “exotikua” zala, eta iñok ez zebala txanbelarik joten.Gero instrumentuari behi-adarrez egindako mihiña hondatu jakon eta akabo, ezin jo; gaiñera 1935an Aña Salaber-ekin ezkondu zan (Xübüko Arhan basarrira) eta azkenian txanbelia baztartuta geratu zan urte batzutan. 1965rarte ez zeban modurik edo astirik topau bera konpontzeko; orduan hasi zan plastikozko bat egitteko aprobekin, eta azkenian barriro ipiñi zeban joteko moduan.
Iruñako Gaiteroak taldekuak 1972xan topau zetsen pistia. Pariseko Euskal Etxean bere senide baten bittartez Altzaiko Pierra Caubeten barri izan zeben. Beñat Grange koiñatuak, traste arraro bat erakutsi eta “Nere koiñatuak halako bat jotzen dau” esanda, ikerlarixak bere atzetik jarri zittuan.
Gero 1977 urtian, Pierra Caubetengana juan ziran, Altzaiko Xübüko Arhan etxera, txanbela soiñuak grabatu eta ikertzeko asmoz. Hasieran uzkur agertu jaken Pierra, “berandako txanbelia fini zala” esanda-eta. Altzaien iñork gitxik zekixan txanbelia joten zebanik be, etxe barruan bakarrik jarduten zebalako. Bere esanetan, jentiari ez jakon gustatzen musika hori; bere emaztiari ostera gustatzen ei jakon, eta horregaittik berandako bakarrik jotzen zeban, sutonduan. Naparrak insistidu egin zeben baiña, eta azkenian onartu zeban bere musikia erakustia.
Hasieran, Iruñako ikerlarixak instrumentua bera ikertzeko asmoz juan ziran. Baiña laster konturatu ziranez, txanbelia ezin zan ikertu isolatuki: antxiñako musika forma honek berezkua zeban abotsakin laguntzia.
“Cuadernos...”etan agertzen dan 180 pajinatako ikerketan, Pierrak berak idatzittako oharrak irakorri leikez: "... nula hasi nintsan tchanbelakin hamar ourtheren üngürunian nintsan. Gisoun chahar batek eman seyon tchanbela chahar bat ene anaiari; ordian hasi nintsan ikhasi nahis; denbora hartaik eta 1965 ourthila egon da gorderik, ichil, espeitsian mihiduarik. Eta ordian eskia gagna esari hasi nis mihiduabaten egin nahis eta..." halan kontatzen desku Pierrak bere hasieria.
Azken urtietan musika ikerlarixak behin eta barriro aittatzen dabizenez, Xiberuan lehen beste erara kantatzen zan, beste tonalidade batzukin, eta “aintzinako molde” honek oin dala 100 bat urterarte iraun zeban. Iruñeko Gaiteruen arabera, oingo eta lehenagoko kantatzeko hónek formon arteko desbardinttasun haundixa “modal” eta “tonal” arlokua da. Pierre Laffitte euskaltzaiñan esanetan, 14ko gerra ostian izan zan antxiñako kantatzeko forma honen atzerakada haundixa. Berak aittatzen dau organista haren kaso esanguratsua: antza danez, bere eliztarrekin hasarre haundixak izan zittuan, ezin zittualako egokittu jentian kantatzeko formia eta organua. Laffittek diñuanez, antziñako kantatzeko era honetan asko erabiltzen ziran tono herenak eta laurdenak, molde barrixan kontuan hartzen ez dirazenak. Oingo kantarixen artian (“oingo” kantarixak esatian, 1920tik hona jaixotakuak esan nahi da) musika “tonala” nagusittu da, berezittasun xiberotar batzukin; “aintzinako moldeko” kantua, ostera, musika “modalian” oiñarritzen da.
Pierra Caubet kantatzeko forma tradizional honen dekadentzixian lekuko zuzena izan zan, txanbelian dekadentzixiakin batera; baiña zorionez, berak bai bata eta bai bestia jaso eta gaur egunerarteko “zubi-lan” garrantzitsua egin dau. Biharbada ez bere borondatez; izan be, Pierra Caubet bere herrixan desterratua lez bizi izan zan beti. Allande Etxartek goguan dakanez, nahikua pertsonai marjinatua izan zan Altzai herrixan...
Caubet lotsatu egitten zan. Behin eta barriro aittatzen dau elkarrizketetan: “Iñork kantatzen entzungo banindu, antxiñako modura, esango leuke: Caubet hori burutik eginda dago”.
Xubüko Arhaneko etxekojaunan doiñuak gaur eguneko belarrixekin entzutzian, batek pentsatu leike Caubet “desafiñatzen” dabillela. Eta ez da hori: kontua da, gure belarri estandarizauak ez dagozela usauta antxiñako moldeko tono laurdenak eta herenak entzutzen. Jakiña, gauza bera gertatzen da erritmuakin; Iruñako ikerlarixak egindako transkribapenetan, Caubeten doiñuak ezin izan dira musika modernuan tempuetara (3/4, 5/8, etc) egokittu, eta “erritmo librian” emoten dittu, kantuan silabismuak markautako erritmo objetibuan (ez solfeuan erritmo subjetibuan). Askatasun honengaittik, antxiñako moldian emondako musikan oso gatxa da akonpañamendu bat egittia abotsez nahiz musika tresnaz.
Iruñako Gaiteruak egindako 1977ko ikerketa honetan, Xiberuako hainbeste zahar elkarrizketatu zeben txanbelian gaiñeko informaziño gehixago bildu nahixan. Ostera, zaharrenak baiño ez zeben ezagutzen, eta hala eta guzti be gehixenendako txanbelia “umetan entzundako gauza erdi-ahaztu” bat baiño ez zan.
Musika tresnia ixa zihero galduta topatu arren, gauza kurioso bat topatu zeben. Txanbela “berbia” bai da ezaguna, baiña metaforikoki erabillitta: kantari bat abots fin eta ederrez aitzian, jentian komentarixua “Egiazko txanbela!” edo “Txanbela bezala ari da kantatzen!” izaten da. Beraz instrumentua galdu arren, herri subkonszientiak haren edertasuna goguan gorde dau.
Txanbelan jatorrixa ez dago bape argi. Instrumentuak berez asko bidaiatzen dabe, millaka urtietan kultura batek bestiari erakutsi eta kopiatzen detsaz, bakoitzak bere erara moldatuta. Txanbeliak be, antza daka Pirineo mendi inguruko beste instrumentu askokin: gaita naparra, caramillo, charamela, chirimia... baiña badiruri txanbela-txanbelia, Pierra Caubeti jasotako tipokua, Xiberuan bakarrik jo izan dala. Hala diño Pierrak behintzat, “manexendako gauza ezezaguna” izan dala, eta berak juan dan 50 urtian egindako bidaietan ez dabela sekulan ikusi ezta jakin be halakorik egon izan danik.
Txanbelian beherakada haundixan azalpen bat dantzia izan leike. Ikerlarixen ustez, txirulia hobeto egokitzen ei zan dantzarako txanbelia baiño, eta horregaittik festa giruan batak bestiari lekua kendu zetsan pizkaka.
Txanbelia herri instrumentua zan: bortüra igotzian, hamaiketakua arbolapian jateko, bortütik jaistian, ardi eta aberiekin denporia pasatzeko... edonoiz jotzen zan eta ez zekan ezelako helburu edo errepertorio jasorik. Halan, Pierra Caubeti egindako grabaketako kantu gehixenak ezagunak dira, hori bai, txanbelarako moldatuta. Esandako moduan, txandaka kantatu eta jota.
“Xübüko Arhanek” bere kantuen egitatiaz asko insistitzen dau; ez ei dira olerkari baten asmakizunak, baizik eta benetan gertatutako gauzak. Hain da eze, kantatzerako orduan Pierrak “süjetaren” papera guztiz bereganatzen dau. Honek be antxiñako kultura honekin kontaktuan jartzen gaittu: iñoiz pertsona zahar bat entzun badozue sorgiñen istorixa bat esaten, gauza batekin konturatuko ziñazien. Esakeria da “ez da siñistu bihar ba diranik; ez da esan bihar ez diranik”, eta lehengo zaharretan ondo igartzen da hori: adimenakin ipoiñok eziñezkuak dirala jakin arren, tripak kontrakua diñotse. Euren begixen honduan ikara briztada bat somatzen da Marimunduko sutan jarri zanekua kontatzian, eta Lamiñen zulora sartu eta gero, oiñaz atzeraka urtengo dabe, badaezpada.
Iruñeko Gaiteruen grabaketia Xübüko Arhan etxaldian bertan egin zan, eta asko igartzen da soiñuan kalidadian -antza danez Pierrak grabagailluen aurrian jotia onartu zeban, baiña ez zeban nahi estudio batera urten-. Iruñeko ikerlarixak 40 bat minutuko grabaketa saio bat proposatu zetsen Caubeti, eta berorrek aukeratu eta antolatu zittuan kantuak. Gaiñera aurkezpen testutxo batzu idatzi zittuan, eta hurrengo juan ziranerako dana prest zekan. Pierrak maisutasun eta seguridade haundixa erakutsi zeban denpora guztian, eta pieza guztiak bata bestian atzetik grabau zittuan, errepikapen barik. Hau ez da gitxi, kontuan hartzen badogu Pierrak ordurako 64 urte zittuala.
Iruñako Gaiteruak, ikerlari modura, ondo ezagutzen dittuez antxiñako kantu bildumak. Halan, txanbeliakin jotako piezetatik asko bilduma hónetako pentagrametatik ezagutzen zittuezen. “Zuzenian” entzutzian, ostera, konturatu ziran liburuetako transkribapenak ez zirala fidelak. Lehen aittatu doguzen arrazoiengaittik, berez “antziñako moldian” emondako kantu batzu musika moderno idatzixan ipintzian, bere esentzia, berotasun eta indarra galtzen zebela ohartu ziran iruñarrak. Pierra Caubeten musikia entzutzian topatu zeben esentzia, berotasun eta indar hori.
Amesetan hasten ba gara –espekulatzen, edo kultura-fikzioan- pentsatu geinke oin dala 500 urte “aintzinako molde” hori normalena izango zala Euskalherri osuan, ez bakarrik Zuberoan. Halan, sasoi hartatik datorkuzen erromantze zaharrak berez, estilo horretan sortuko ziran, baitta kantau be. Gaur eguneko musikaz ezagutzen doguzen “Bereterretxen kanthoria”, “Jaun Zuriano”, “Brodatzen ari nintzen” eta bestelakuak, antxiñako musika modalaren ñabardurak izango zittuezela...
Pierra Caubetekin kontaktua izandako beste ikertzaillia Juan Mari Beltran izan da. Bera be nahikua txundituta geratu zan antza, eze, 1984 urtian “Txanbela” izeneko talde bat jarri zeban martxan. Beltranek kontautakua da, Gaiteruak Pierra Iruñara ekartzia lortu zebeneko pasadizua: “Polita izan huen Lakuntzak Iruñeara ekarri zuenean grabazio bat egitera zuzenean. Eszenatokira atera huen. Hartu zian txanbela eta jotzen hasi huen. Jendeak ez zian musika hori ezagutzen. Ez zekien ez noiz hasten zen, noiz zen arnasa hartzeko geldiunea, noiz amaitzen zen kanta... Isil isilik zegoen jendea. Hori ikusirik eszenatokitik alde egin zian Pierre Caubetek. Honela esan zion Lakuntzari: «Jendeak ez du musika hau atsegin. Atera daitezela hurrengoak. Talde horien musika gustatuko zaie eta ondo pasako dute». Jabier Lakuntzak hori ikusirik zer egingo eta jendeari esan. Bai, han aurrean jarri eta hola ta hola. Txaloka hasi zen jendea segituan eta han sartu zen Pierre bere txanbelarekin jotzera. Isiltzen bazen txalo jendeak. Orduan segi berak... Jaialdia bukatzeko izan hituen kontuak gero”.
Amaitzeko, hauxe da esku tartian dakaten CD-ian agertzen diran piezak:
1- “Hasteko erranen deizüet...” (Pierra Caubeten aurkezpen pertsonala).
2- “Lehenengo koblakarien ahaidia” (txanbela).
3- “Haur abandonatüaren kantoria” (txanbela).
4- “Haur abandonatüaren kantoria” (kantoria).
5- “Gizon ordisaliaren kantoria” (txanbela).
6- “Gizon ordisaliaren kantoria” (kantoria).
7- “Xarmegarri bat badüt” (txanbela).
8- “Xarmegarri bat badüt” (kantoria).
9- “Goizetan jeikitzen da” (txanbela)
10- “Arno hunaren gozua” (txanbela)
11- “Bortüan Ahüzki” (txanbela).
12- “Bortüan Ahüzki” (kantoria).
13- “Zü zira zü ekhiaren pare” (txanbela). Pierran esanetan, kantatzeko eta joteko kantu gatxa.
14- “Zü zira zü ekhiaren pare” (kantoria).
15- “Zelüko izarretan” (kantoria).
16- “Andere eder bat” (kantoria).
17- “Desertür baten kanthoria” (kantoria). Pierrak bere emaztian amamangandik ikasittakua da, umia zala.
18- “Brodazaliaren kanthoria” (kantoria).
19- “Arratsalde bat pasatü dügü...” (Pierra Caubeten agurra). Ostian, 4 txanbela doiñu katiatzen dittu ezelako aurkezpenik barik.
Oso politta Pierre Caubet-en ingurukon kontu hau!!!
Nik Beltran-en Euskal Herriko Musika bideotik bakarrik ezagutzen neban Caubet eta bere txanbela, eta arrasto sakona uzten dute irudi horiek, baina oraindik gehiago hemen idatzi dituzunak irakurrita. Adineko gizona ageri da bideo horretan, nahiko justuan ikusten zaio,... esango nuke, Juan Aiestak bezala, nahikoa lan duela txanbelari putz egiteko. Baina nahikoa jotzeko eta kantatzeko beste modu bat darabilela konturatzeko.
Jakina da Zuberoako kantuak ezagutarazten lan bikaina egin dutela Benito eta enparauek, baina horrekin batera aspaldi azpimarratu izan den bezala, itzalean geratu da Zuberoako kantakera tradizionala, eta horrek baditu (edo bazituen) beste ezaugarri batzuk oraindik bereziago egiten dutena.
Inbidia ederra eman didazu CDarekin. Apuntatu behar dut Zuberoarako hurrengo bisitan aurkitu ahal izateko.
oier.