"Hazitik ogira" proiektua
Xabi Akizu ogi-frogetan orearen testura behatzen
" Baserriko Ogia" elkartea 80 hamarkadan sortu zen Xabi Akizu eta Marilu Gardokiren bultzadaz. Arrasatear hauek kaletik Ezkioko Hariztizabal baserrirako jauzia egin eta harrezkero Frantzian nahikoa garatua zegoen "artisau erako ogi biologikoa"ren ideia ekarri zuten Gipuzkoa-aldera. Aintzinako ogia egiteko era gaurkotzeko ahalegin bisionarioa; hots, honako aldagaiak kontutan hartzen dituena: orantza , zereal tratatu-gabea, egurrezko labea, hartzidura luzeak, harrizko errota, ogi-frogak, albeograma,....
Ogi-frogen emaitzak gari desberdinen ezaugarriak ezagutzeko
Segituan taldea osatu eta beste hainbat baserri ildo berean jarri zen lanean: Mokoroa, Pikunieta,Sosola,Aldaba zahar... Asmoa argia zen, baserria biziberritzeko okintzaren iharduera XXI. mendera ekarri kalitatezko ogi osasuntsua eskeiniz, gizakiontzat zein ingurugiroarentzat. Esan gabe doa, hor ere hutsune demasa zegoen, industriak eragindako ogiaren kulturaren atzerakada izugarria.
Urteen joanean, "Baserriko Ogia" Biolur nekazaritza ekologikoa sustatzeko elkarteak barneratu, eta gaur egun bertako batzorde modura funtzionatzen du. Horrela, modu kolektiboan hainbat beharrizan asetzen dira, izan formaziozkoak, erosketa bateratuek erakartzen dituztenak, edota aldarrikapenak egin behar direnean administrazioaren aurrean.
Betidaniko gure arazo nagusienetakoa, nagusiena ez bada, "kalitatezko" gari edo orohar zereala lortzea izan da. Kantaurialdekoa aspaldi desagertru zenez, barrualdera jo dugu bila, Araba eta Nafarroara lehentasunez, eta Espainiako lurretara gero. Neke handiarekin baina aitortu behar urtero lortu izan dugula gure errotak martxan jartzeko ale nahikoa. Gustora batzutan lortutakoarekin; bestetan konforme zetorrenarekin, Beharko egon, izan ere, hamarkadetan lur-sailetan ekoizpen-sistema intentsiboak ezarri dira. Ongarri eta belarrilkari kiminoek ekoizpena bermatzen dute, baina aldi berean lurraren materia organikoa desagertarazi eta bere emankortasuna zeroan utzi. Horrexegatik, gaur egun, insumo horiek gabe garia ekoizteko deliberoa hartu duten nekazariak oztopo handiekin aurkitzen dira. Lurrak ez die eskatutakoa ematen, ezin du eman, denbora behar bait du bizi-indarra berreskuratzeko. Horrezaz gain, tokian tokiko lur eta eguraldira egokitutako barietateak desagertu ziren eta hori ere oztopo gaindiezina suertatu zaie. Edozelan ere, piskanaka-piskanaka, teknika eta jakinduria zahar-berriekin aurreratzen ari direla esan behar. Hala nola, arbasoen barietateak berreskuratzen eta zabaltzen dihardue han ere. Betiere, zalantzarik gabe, horrelako mozkinak eskatzen dituen herritarren kopurua emendatuz doalako.
2017 gari-azauen bilketa auzolanean
2010an Biolur eko hiru etxaldek garia ereiten hastea erabaki genuen. Hasieran sail txikiak zirenak, handitzen joan dira, dezenteak izan arte. Ikastaro, harreman eta dinamika berrien oretik emaitza eta erronka berriak hartzitu dira. Besteak beste, zergatik ez beste lekutan egiten duten bezela aintzinako barietate zaharrekin saiatu gu ere?
Lau helburuok lortze aldera:
1. Kalitatezko zereala eduki.
2. Agrobiodibertsitatearen aldeko bihitxoa jarri.
3. Funtzio pedagogikoa, hau da, barietate zaharren amuaz bezeroa okintzaren barrunbetan murgilduarazi.
4. Gure ogiari balio erantsi bat eskaini, gero eta lehiakide gehiago ditugula ahazteke.
Gauzak horrela, 2021ean Leatiker kooperatibarekin eginiko lotura eta elkarlanari esker eta Jaurlaritzaren ikerketarako diru-laguntza batekin, Errezilgo Irure Txiki, Solaka eta Eibarko Sosola baserriak "Hazitik Ogira" proiektua garatzen ari gara. Horren baitan, Neiker ikerketa-zentruak, bere garaian Madrileko hazien bankura jo zuen. Hazi-gordailu horretan orain dela 60 bat urte Euskal Herrian egin zuten laginketa masiboko ehundaka barietate daude zarrajetan lozorroan aita- edo ama-puntakoen zain. Etxaldez etxalde ibili omen ziren bilketa-lanean gerra-ostean. Horiek guztietatik Neikerreko teknikariek 7ren hautespena egin zuten orain bost-bat urte. Aurre-lan hori probestuz, gure desmartxa honekin 7 aldaerok gehiago multiplikatu eta euren ezaugarriak aztertu eta ezagutuko ditugu laborantza- zein okintza-prozesuetan.
2018ko garitza Sosolako etxaburuan
Hazien ugaritzea baserrietan egiten ari da. 300gr eskas zirenez bakoitzetik, 5mX4m sailetan erein dira. Eta haien ondoan kontroleko beste bi gari-barietate ezagun: Rex eta Florencia Aurora. Horietatik lau Errezilgo Solaka baserrian (Motxo Gipuzkoa, Gipuzkoa,1,2 eta 3). Eta beste hirurak Sosolan (Motxo belloso - motz ilaunduna?, Bergara goiztiarra, Martzela). Beste horrenbesteko kopuruko hazi-zorrotxoaz ari dira multiplikazioa egiten Neiker-ek Arabako Eskalmendin duen experimentazio-eremuan .
Gari-mota zaharren lehenengo aleak (300gr bakoitzetik).
Irailean, dena ondo badoa, bildutako uztarekin ogi-frogak egingo ditugu. Protokolo eta fitxa-sistema zorrotz bati jarraituz garion portaera ezagutuko dugu, eta hemen horren berri emango, eguraldia eta osasuna gure lankide eta aliatu badira, jakina.
Erromara
Erromara (ataka) soro, baratze edo belardietako sarrera gobernatzen duen ateari esaten zaio. Azkenaldian burdinazko eredu estandarra hedatzen ari den arren, erromararen diseinuan aniztasun handia dago. Horren froga, ez agian estetikoena, berrerabilitako palet ezagunak edota ohetako somier zaharrak. Baina horiek berriak dira. Lehen ez zen halakorik eta inguruko natur baliabideak erabili behar ziren halabeharrez.
Mandiola bailaran, artikulu-sail honetan aspertzeraino errepikatu dudan modura, naturak arbel-harri bereziaz hornitu gaitu. Bersatila oso, erabilpen ugari baimentzen dituena, nola ez, erromarak egiteko baita ere. Hori bai, gure parajetan atakaren armazoia gaztainezkoa izaten da ia beti. Omen erromatarrek ekarritakoa erromara bihurtua. Izan ere, gaztaina egur gogorra, arina, iraunkorra eta gozoa da lanerako. Ez du ezer txarrik, usaina ere ederra. Hori gutxi balitz, su bizi txinpartatsuaz berotzen gaitu eta fruitu goxoa eskeintzen digu negua igarotzeko zein abereak eta piztiak elikatzeko. Dena du ona gaztainadiak; mendi-lurra ondo jakinean da.
Ardatz nagusi bakarrari lotutako 4-5 oholek osatzen dute zurezko egitura. Bidearen zabaleraren araberakoa izango du berea ere, eta altuera abereak jauzi ez egiteko modukoa. Ardatzak jira-biran ibili behar du eta horretarako bi harri zulodun erabili ohi dira: Bata, harlauza zabal (1mx50mx10zm) eta zuloduna (15zm) da. Ingurune aldapatsu eta mugetan aberatsa den hauetan, bisagra-harria 2mko altueran kokatzen da paretako harriekin bat eginda eta tinko jarrita.
Behean txoria bigarren harrian sartuta. Ardatzaren oinarrian burdinazko ziria bere harri-kabian ibiliko da. Orain erlojuaren zentzuan, orain bestera, jira eta bira, mugimendu bakoitzean harritzarraren habi-zuloa handituz.
Amaitzeko, aspaldiko pasadizo neretzako hunkigarria;
25 urte inguru izango dira, baserrian Xabi Akizu eta Marilu Gardoki izan genituen bisitan, euren seme Ortzi eta Zuhaitz-ekin batera. Kaletik baserrira 60 hamarkadan bizitzera joan eta gure nekazaritza txikian erreferente ezinbesteko bilakatu dira. Gaur, erretiroa hartuta daude biak ala biak. Frantziako okintzako jakinduria landu, dibulgatu eta hainbat baserritar hezi dituzte hamarkadetan zehar, beti eskuzabal eta beti fin. Benetako auzolanaren adierazle eta dinamizatzaile bikainak Marilu eta Xabi.
Esandako modura, Sosolara etorri ziren estraineko aldian(geroztik sarri izan ditugu sukaldean arrasatearrak) gure amama Josefina bizi zen oraindik. Eta nola ez, ohi bezela, eta beste edonorri bezela, harrera adeitsu eta alaia egin zitzaien suaren zaindaria buru. Xabi eta Marilu harri eta zur gure zaharraren bizi-poz eta energia-emari izugarriarekin. Baina hara non, batbatean, begia urrutira bota eta zer dioskun amamak: - " Han!! Lugarriko erromaria zabalik geratu da, bainoia istera, ointxe nator". Korrika txikian abiatu zan gajua ongietorria erdizka utzita. Nik, nere sukar marxistak eraginda:
-" Batenbatek erakutsi zion horri biharrian, horrettio...."
Xabik, beti bezain zorrotz eta zentzudun, apur bat kopeta zimurtuta nere gaztekeriagatik:
- "bai,.... bizitzak"
PD: "Amaiñ emon deskue". Hala esaten da Eibarren preso edo konfinatuta dagoen aberea libre lagatzen denean: txakurra edo behia katetik, ardia artokitik, txoria kaiolatik, oiloa oilotegitik. Nere baserriko bizi-aldian ezagutu ez dudan jendetza dabil baserrietako estrata eta mendi-bideetan azkenaldian. Ibili, gozatu mendiaz, eta hartu arnasa, baina mesedez, pasatakoan, itxi erromarak.
Konfinamenduaren harriak (+ lehiaketatxoa)
Gogoan dituzue Harriketarrak? Aspaldiko marrazki bizidunak bai. Pedro, Pablo, Wilma eta enparauak harrizko trepetxuz inguratuta bizi ziren neolitiko bete betean. "Picapiedras" ezizena jasotzeko boleto guztiak erosten nabilela jakinean, hona beste adibide bi aldatzera nator neolitikoa XX. menderarte luzatu zuten hargin haiek dibulgazio-saio hau eta gehiago ere irabazita dutelakoan.
Inguru hauetako negu heze, hotz eta luzeak aberea ikuiluan sartzera behartzen du abeltzaina. Eguraldiaren gaiztakeriaz gain, paraje malkar hauetan abelburu handien apatxek lursailak zulatu eta hondatzen dituzte. Horrezaz gain, belardiak ere deskantsua behar du udaberrian indarberrituta etorri dadin. Ondorioz, ganadua neguan konfinatzeko ohitura izan da baserrietan. Kortan, buru bakoitza bere tokia izaten du etzateko eta jateko bere aska, edo ganbela. Azken hau munta handikoa da, zergatik eze animalia udan bildutako belar ondu preziatuarekin mantenduko denez, ezin da gramorik ere galdu hankapeetan. Beraz, ondo itxi behar da behi edo txahalaren lepoan bazka-galerarik ez egoteko. Horra beheko argazkian, aspaldikoek inguruak eskeinitakoarekin aurkitutako aterabidea: harrizko ganbela. Sinesgaitza den arren, adardunak asmatzen zuen burua sartu eta ateratzen hain tarte estutik, lepoa berak zekien bezela bihurritzen, gosea lagun.
Despedidarako birus-itxiladia arintzeko lehiaketa xumea:
Ea nork asmatzen duen beheko irudiko harlauza landuaren erabilpena zein zen. Gurean bi daude horrelakoak. Egun, itxitura modura berrebilita badago ere, ez da hori bere jatorrizko funtzioa ( abereak ez dira aparte orain ere).
Asmatzaileari lagunarteko ogi-gaztai-sagardo otordua. Etxealdia amaitu bide denerako, jakina. Eutsi goixari!!!
l(e)iñu-harria
Aspaldian lotuta dago liñarria, etxeko hormari itsatsita hormigoiarekin. Lehen ez, lehen atariaren ertzean egoten zen kareharri puska galanta. Umetan bultza eta tira egiten genion alferriko ahaleginean. Izan ere, entzuna genuen etxejaunak, Josek, gaztetan, zorutik bereizi egin zuela eta guk ere gauza bera egin nahi genuen gartsu. Azkar etsitzen genuen. Beharko.
lihoari buruzko aipamen apurrak harri horritxi lotutakoak izan dira gurean. Putzuan beratutako landarea harrian jarri, eta liñu-mazoa astinduz zuntz preziatuak ateratzen zitzaiola zioten zaharrenek, eurak ere aurreko bati entzundakoa errepikatuz.
Liñarria nik eserleku bihurtua ezagutu dut. Etxeko atarian, behin ahalguztidun izandako agurearen atsedenerako tronu. Urkusuko plazan harria, zein baserrian harlauzak nahieran eta trebezia ikusgarriz maneiatzen zituenaren belaun hondatu eta minberatuen igurtzi-leku. Begi eta mingain zorrotzekin ingurua mugiarazten zuen liderraren talaia.
Jose lemazainak, segurtasun harro eta harrigarriaz, leiñuaren noranzkoa zalantza-izpirik erakutsi gabe markatzen zuen. Abereak zuzen eta errez hezitzeko dohai aparta zuen itzaina. Zirkinik egin gabe, baserriaren mugen jakitun, ama eta anai-arrebak etxaldetik "bialdu" zituen maiorazgoa. Ezina etorritakoan ere, aginte-makilari eutsi zion buruzagi hotz eta gogorra, harria bezalakoa; poeta erbesteratuak nahiko lukeen modukoa: "ez pentsazeko, ez sentitzeko."
Euskal Herriko baserriaren gainbehera azaltzeko hainbat faktore aipatu dira sarritan: Europako Nekazaritza Politika, orografia zaila, etxaldeen lur-azalera eskasa, lurzoruaren espekulazioa, agintarien utzikeria,... Baina gutxitan aipatzen da lehenengo sektoreak berezkoa duen gaitza: agintekeria. Autoritatearen interpretazio zahar honek gazteak egotzi egin ditu laborantzatik, otzan izaten nazkatuta eta muntadun erabakirik hartu ezinik. Agintekeriak kontzientzia ezabatu egiten baitu, baserritar izatearen sakoneneko harrotasuna azaleko harrokeria bihurtuz. Izan ere, erregimen zaharrean etxeko ordenari eusteko balekoa zen nagusikeri-portaerak porrot egin du XX. mendetik honuntzako famili ustiategietan. Zorionez, orain, jendeak azalpenak eta zergatiak eskatzen ditu, arrazoiak. Maila batean bederen, giza-aberea "deshezitzea" lortu dugu. Alta, oraindik, zoritxarrez, ez dugu ikasi besteenak entzunaz batera aditzen eta gure argudioak ganoraz igortzen. Zuloa betetzeko hezitzaileak baino, nik irakasleak amets.
Begirada zabalduz gero, portaera bera errepikatzen da baserri-munduko elkarte, kooperatiba eta sindikatuetan, non elkarbizitzari eusteko eta erabaki kolektiboak hartzeko sekulako zailtasuna dagoen, eta gatazka zein desadostasunak bideratzeko ezintasuna. Muineraino sartuta dugun agintekeri/sumisio dialektika horren ondorioz, jauntxokeria eta bezerokeria ernetzen dira han eta hemen. Eta nola ez, jarrera zatar eta bortitzak ez dira aparte. Ondorioz, etsigarria da esatea baina nekazaritzan, hainbat egoera bidegabeen aurrean, iritzi kritikoa plazaratzeko beldurra dago.
Leiñu-harri larregi dago solte baserri eta dorretxetako atarietan. Baserritarrok geronek bakarrik ezin dugu harritzarra irauli, eta jasotzea ezinezkoa bada ere, soseguz, itzulika-itzulika, bazterrera eraman eta hormari lotu. Denok batera egin beharko dugu ahalduntze-ariketa, nekazaria izan edo ez. Honetarako ere, Iparraldeko anaiarrebak itsu-neskamutil bikainak izan daitezke.
Karbonoaren bideak
Bada gure bailada estuan baserrien arteko bide dotore bat. Harri lau handiek 200m inguruko amildegia gainditzeko moduko pasabidea osatzen dute. Harlauza itzelok zoru malkartsuan finkatutako harri hutsezko horma batek eusten ditu. Ia lurrik gabeko haitzarte humela, errekatxo baten sorburua da.
Lan handia garai bateko uztarrientzat. Auzolanean egin bide zen. Hilabete askotan eta neke handiekin, eta min hartzeko arriskuaren ezpata beti buru-gainean. Lan handiegia, bi baserriren arteko pasabide soilerako. Bestelako azalpenen bat egon behar du tamainako eraikuntzaren zergatia arrazoitzeko. Adiskideren batek, bide horrek aintzinatean auzokideen artekoa baino, trafiko zabalagoa jasango zuela aipatu dit, zehazkiago, Markina zeharkatzen duen Done Jakue bidearekin bat egingo lukeen adar bat. Nik beste beste hipotesi bat dut, akaso bere altzoan egindako hamaika joaetorrietan, harek xurxulatutakoa.
Eibarko Arrajola baserria ezagutzen duzuenok badakizue zein sail bikainak dituen. Mugarte bikainak eta 3-4 hektareako soro ikusgarriak baratzegintzarako. Gure udalerrian ez dago beste halako lur-sailik. 1970 hamarkada ingurutik belarrak estaltzen duen arren, aurretik laboreak ziren nagusi, barazkiak, arto eta garia. Emankortasun handiko lur honek Karbono eta nitrogeno erlazio egokia behar du, urtez urte bizimodua ateratzeko lain mozkin lortzeko. Izan ere, K/N indizea da lurraren egoera erakusten diguna. Horrela, erlazio horren balioa lurrean 8.5 eta 11.5-en artean izatea komeni zaigu, onena 10ekoa izanik. Beraz, lurrari fruitua kentzeko aurretik eman egin behar zaio, ongarritu egin behar da, nitrogeno eta karbono eduki nahikoari eutsi diezaion.
Konpost, luhar edo zimaurra erabili ohi da gure inguruan horretarako. Abereen gorotz eta azpiarriak osaturiko nahasketa honen K/N-a, kasu!!, 40koa izan behar du. Alegia, karbono edukia askosaz handiagoa nitrogenoarena baino. Azken hau abereen esteek eraldatzen dute eta guretzat eskuragarri utzi. Eta karbonoa, nondik lortu? Izan ere, azkar eta oparo lortu ezean, eta nahasketa aguro egin ezik, nitrogeno preziatua erabilezin bihurtu eta ura hatzaparren artean bezela ihes egingo du.
Arrajolako laborari finek iñaurkinez aberatsa den mendira igarobidea behar zuten, karbono-bide azkar eta segurua. Eta bai eraiki ere pasabide bikaina bertako landare estimatua etxeratzeko: iratze arrunta, ir(i)a, garoa (pteridium aquilinum).
Gure etxeko terrenoetatik igarotzen den bidetik pasatzen zen gurdikada handia atzean zama gehigarria zeramala, "erremolke bikoitza". Ikusgarria izaten ei zen pasatzeko unea. Arrajolako Salbadora-k aipatu zidan behin, iria ugaritzeko mendia goldatu ere egiten zutela, iratza biziberritzeko. Gaur egun, "landare txartzat" duguna Gipuzkoako Aldundiko mendiko arautegi zaharretan, bere mozketaren debekua ageri zen iraila baino lehenago, galtzearen beldurrez. Izan zuen garrantziaren tamainaz jabetzeko landare-izena duen hilabetea izatea. Eta nola ez, hainbeste abizenen erro: Iregi, Irazabal, Iradi, Irazabalbeitia,Irasuegi,Irastortza,....
Nafarrek Iratitik karbonoa ustiatzen jarraitzen dute. Garorik apenas, egurra da bertatik ateratzen dutena. Abuztuko egunetan iharduten dira joan-etorri etengabean aterpetxo eta etxe-inguruetan basotik ekarritakoa txikitu, bringak egin eta txukun tolestuta pilatzen, txinurriak lez. Etxeak berotzeko biomasa itzelaren jabe direnaren jakitun dira. Horregatik zaintzen eta kudeatzen dute ganoraz mendia. Eskerrak horri, guk, kanpotarrok ere, goza dezakegu inguru aparta. Irakaspen hoberik ba ote ingurumenaren kudeaketa iraunkorraren inguruan?
Eibartarron ira-sailak ere desagertzen ari dira sasien itzalpean. Urteetako iratzaren hondakinok karbonoz asetuko dute lurra, gero, sasiek, oteak besteak beste, nitrogenoz hornituko. Guk baratzean, urtero egin ohi duguna naturak 2 edo 3 hamarkadatan egingo du. K/N erlazio egokia lortzen saiatuko da, izan ere, zuhaitz gazteen beharrak handiak dira. Materia organikoaren metatzea geldituko duen suterik gertatu ezean, emaitza ikusgarria izango da: basoa. Eibarko garapenean horrenbesteko garrantzia izan zuten ikazkinek ondo zaintzen zuten altxorra, eta gure ondorengoei egoki pasa beharko genieekena balizko energi krisiaren atarian, Karbono-bide berriak eraikiz.
Hasteko, zergatik ez aspaldi ez komunalak ziren eta prezioan behea jota dauden mendi-sailak erosi, ondoren kudeaketa-plan egokiak egiteko?
Bi txio tiro bakarraz.
"Belar txarrak" esaten zaie lurgorria babesgabea estaltze-lanetan banguardian iharduten duten landare goigaikarrioi. Soroan nola, basoan ere antzera gertatzen da haizete, eurite edo sute batek lurzorua biluzten duenean. Sortutako zauria sendatzera ekosistemak bere "plaketak" bidaliko ditu. Egun gutxi batzuren buruan (hutsaren hurrengoa baso heldu baten bizitzan) landare-geruza finak estaliko du soil-gunea.
Horixe bera gertatu ohi zaigu baratzean eremu bat gorritzen dugunean guri komeni zaigun barazkia ekoizteko. Gero eta lur emankorragoa izan, landare inbaditzaile eta oportunista gehiago izango dugu. Belarron presentzia oparoa lurraren emankortasunaren seinale da hortaz.
Eta sarrera guzti hau zertarako? Gure etxeko esaera baten mezu bikoitz eta irmoa uler, eta zuek zeuok osa dezazuen:
Garai batean, soroan arto-sail handiak izaten ziren. Laupabost lagun elkartu eta ilaran jarrita, barrenetik hasita jorratu egiten genuen; hau da, aitzurraz artoa ukitu gabe inguruko "belar txarrak" kentzen genituen, tarteka eskuaz tira eginda. Arestian esan bezela sail handiak ziren, egunetako lana izaten zen eta goeneko ertzera iritsi orduko, garbitutako barrenean, "belar txarrixak" berriz be temati ernetzen ziren artoarekin lehian. Bijorra eman behar zitzaion, eta hau arinagoa izan arren, gaztetxoak ginenontzako benetan etsigarria izan ohi zen. Alferrik ari ginenaren sentipenarekin, itzalean eserita begirale zegoen aitajaunarengana jo eta gure penak kontatu ondoren, hara zein izan zen bere erantzuna (baietz zeuk osatu):
"Umeak negarra eta artoak ........"
Ehiztari amorratuak bi txio zorrotz tiro bakarraz.
Azak eta energia
Xabier Arzalluz-en profezia izan zen: "Lemoizko Zentral Nuklearra eraiki ezean, aza baino ez dugu jango". Eta bai gero asmatu politikari zendu berriak. Izan ere, energia fosilen aroa amaitzear da; petrolio merkearen zibilizazioarenak egin du; hemen dugu deshazkundea; batzuk lan bikoitza egin behar bizitza-mailari eusteko, eta besteak pobreziatik atera ezin lanean ihardun arren. Eskerrak erregai fosilen belaunaldikoen "koltxoiari", bestela, gaixoak gu!
Bestalde, beganismoaren izurritea hedatzen ari da azkoitiar igarleak aurrikusi bezela. Eibarren bertan, kontsumo-elkarte modakoaren izenari erreparatzea baino ez dago mugimenduaren indarraz ohartzeko:Azataporru. Aldi berean, Trantsizio Energetikoaren ideia, antisistema eta etxekalteen burutazioa izatetik, ministeritza eta jaurlaritzetara igaro da. Eta hori gutxi balitz, klima-aldaketa eta Co2aren isurketen aurkakoen mugida lurrikara soziala bihurtu da Greta Thunger nerabearen eskutik.
Testuinguru honetan guztian, Gipuzkoako hainbat baserritar elkartu eta "Energia Sortzen" izeneko proiektu pilotua jarri dugu martxan. Goiener kooperatibaren aholkularitzapean, baserrien energi kontsumoaren diagnostikoa egin eta autohorniketarako aukerak aztertu ondoren, orokortu daitezkeen konklusio interesgarriak atera ditugu. Besteak beste: inbertsio txiki aurrezpen esanguratsuak lor daitezke etxaldetako baliabide berriztagarriak erabiliz, izan eguzki-plaka fotoboltaikoakin, izan ur-turbinakin. Horrela, baserriaren errentagarritasuna hobetzeaz gain, soberakina merkaturatzeko aukera ere izango litzateke.
Hortaz, arriskuen garaian aukera berriak azaltzen zaizkigu laborarioi. Ingurumena kudeatzeko ezinbesteko langile eta euskera hegemonikoa den iharduera ekonomiko bakarreko zaindari izateaz gain, energia sortzaile ere izan daiteke baserritarra, jakina, aza-ekoizle izateari utzi gabe. Izan ere, aza-jendea gara euskaldunak. Portugaletik Suediarainoko arku atlantiarreko kide gara kulturalki, edo behintzat, hala beharko genuke, hau da, prkakmatiko-arrazionalagoak eta ez hain latino-emozionalak. Honakoan ere asmatu ote zuen ba Xabier Arzalluz-ek? Alegia, OTAN/NATO/*IAIE militarrean sartu behar genuela esatean, horixe zuen buruan? Aza atlantiarra?
*IAIE (Iparreko Azajaleen Itunaren Erakundea)
P.D.: Agerre-azpiko Joanjo-ren udako aza-buruak, aspaldian jan ditudan goxoenak. Jan aza eta uda ona pasa!!
Armagin antimilitaristak
Ubitxako troskoen lokalean. Hantxe elkartzen ginen astero-astero, asteartetan. Toki ederra, zabala, argia eta koloretsua. Bigarren pisuan eta igogailurik ez, horixe txarra. Izan ere Ohianak gurpildun aulkia peoran laga eta makuluekin igotzeko nahiko lan. Eskerrak gehinetan laguntzaile finekin etortzen zela: Fani eta Leire. Hirurak institutuko hitzaldi saioetatik erreklutatu genituen kideak.
Bilera hasi orduko kaskarriloak. Tantaka-tantaka kideak azaltzen eta batzarra osatzen. Karibeko erritmoan. Etxejauna gehienetan presente, gltza soinean: Kakitzat-eko Roberrek Bilboko koordinadora eta abokatuarekiko harremana eramaten zuen. Tarteka KEM (Kontzientzia Eragozpeneko Mugimendua)eko berri ere ekatzen zigun. Gehienetan bezela, Jarrai-koak berandu, baina sekula hutsik egin gabe, galtzarbean kanpaña berriko kartelak eta euren egiturako proposamenak eskuan mahaigaineratzeko antsiaz.
Kea eta barrea, algarak. 7etan hitzordua, 8ak pasata eta jendea falta. "Honezkero ez dira etorriko" Xabik, ganora-faltak ernegatuta. Bubu, Bangi eta Pantzer mahaian serio demonio. Neskak lehenengoak esertzen, finenak. Aitor eta Iker patuak uste baino gehiago lotuko zituela susmatzeke, kontu-kontari ertzean. Patxi eta Antxon ixilik, hausnarrean. Mariano berritsu Sosolaren aldamenean.
Eguneko gai-ordenari ekin orduko, kanpoko atearen bisagren aujiak bakarren baten sarreraren berri eman du. Hara! Beste bat. Berria hau ere: "ba,.... fulanitok esan desta hona etorri eta zuekin egoteko. Karta hau jaso dot eta ez dakitt zer egin". Akabo batzarra. Lehentasuna haretxek. Azalpenak eman eta lasaitu. Umorea eta kritika. Beldurra eta errepresioari, utikan. Eztabaida estrategiko eta ideologikoak hurrengoan. Hau ez da jolasa baina "kausinok esaten daben moduan...ez diamante ez perla ez urre gorririk, alegrantzia baino ez dago hoberik." Lagunartearen babesa, segurtasun-giroa eta sarkasmo-festa kolektiboa. Bizi-poza.
Berak baietz esan arren, antzeman diogu, ez da bileretara etorriko. Edo agian bai, baina gaurko bilera eta asmoak pikutara joan dira. Beste bat. Orain kalera eta kartelak ipintzera, danok danonak.
Aurreko eta ondorengo beste hamaika bileretarako zereginetan: Pankarta kontaezinak, pintadak, lau katuko manifa eta elkarrateratzeak narrutsian, entzierroak (Sanferminekoak eta Udaletxeakoak), barauak, entregak, antzerkiak, karrozak Euskal jaian, "legionario" txerri ondo gisenduaren destinoa?, mintegiak Santagrazin (bai Iparraldera joan ginen talde-dinamika indartzeko), liburu-aurkezpenak (Maual Pràctico de la Desobediencia Civilen egilea ekarri genuen Madriletik), Ermuko Talde Antimilitarista indartsuaren konpartsa-lanak, hitzaldiak, Institutuko etikako irakasleari astebeteko oporrak oparitu, eztabaidak, eztabaida sutsuak, erakusketak, iritzi-artikuluak, prentsaurrekoak, udaleko osoko bilkurak (mozioak), afariak, Intsumisio-egunak (Bermeo, Oiartzun, Agurain) .....
Eibarko Talde Antimilitarista (ETA): Norbanakoa eta kolektiboa orekan dauden askatasun-eremu eta borroka-tresna atsegin eta eraginkorra. Patxi Argaratek dioen modura: Adiskide hasi eta adiskidetuta jarraitzen duen talde anitz eta hetereogeneoa. Alegia, sutsu eztabaidatu eta sekula ados jartzeko esperantzarik izan ez arren, herrari fobia dion jendea.
Nostalgia?.... Apurtxo bat, bai.
Uraskak
Izan ere, esnea janari oso eta aberatsa da. Ugaztunon hazkuntzarako lehenengo elikagaiak kumeen behar guztiak asetzen ditu. Besteak beste premia hidrikoa. Halabaina, aldi berean, egunean 10 litro ematen dituen behi horrek aurretik 100 litro ur edan behar ditu. Berebiziko garrantzia du hortaz ur-honiketa nahikoa eta jarraitua izatea behiak berea eman dezan.
Uraska etxearen atarian ageri zaigu inguru hauetako baserrietan. Funtzio bikoitza duenez erdibitua egon ohi da. Alde batek abereak asetzen ditu eta bestea lixibaska da. Abereek edaten duten harrizko kutxatik bete egiten da, eta lixibia egiten den tokitik kanporatu, etenbako jarioan. Harlauza hutsez egindako ur-almazena da harraska hau. Harrien arteko erpinak egun zementuarekin hartuta egon arren, lehen buztinarekin isten ziren. Harri bikain, zapal eta landuek ur-kutxa perfektua osatzen dute. Eibarko harlazuzaren izaera moldakorraren adibide apartak dira.
Arrajolako askako harlauza landua
Askan pago-enborra egoten zen sartuta, urpean. Harekin uztarri berria egingo zen premia izanez gero. Enborraren inguruan alga berdeak nonahi, eta inguruan zapaburu- saldoa. Eskua gehiago luzatuta, belarria bustitzen zen sakoneraraino, hondo-hondoko sedimentu finean, txitxiburduntzien larba zatarrak, umetan beldulgarri egiten zitzaizkigunak. Ekosistema urtarraren lagin eder eta didaktikoa da uraska. Anfibioen babesleku aproposa. Uhandre, igel, apoek errun eta kumatzeko ezinbestekoa.
Hala ere, zomorroon zoritxarrerako urtean behin garbitu beharra dago harraska. Horretarako, kainuaren pareko harlauzak azpialdean zulo hadia du, kanpotik barrura sartutako egurrezko ziri batek isten duena. Hala suertatzen denean, barrutik kanporako kolpeak, ziria atera eta irekiko zaio pasoa urari erabat hustu eta pilatutako "zikinak" ateratzeko.
Sosolako aska lixibarri eta guzti
Eibarko Jardiñeta kalean jaiotako Josefinak ez zuen sekula (zuzenean) urik edan. Ez eta uztail errean belarretan ginela izerdi nahikoa bota ondoren. Hori bai, galtzarbeak eta garondoa askako ur berriarekin freskatzea baino gauza atseginagorik gutxi. Eibartar berba-maileguzale peto eta kaletar baserritartu ipurterreak esaten zuen modura: "alberkako ur ederra".
Harrizko itxiturak
Txarrantxadun alanbrea eta sare metaliko iraganezinak nagusitu zaizkigu aspaldian. Itxitura gogorrak abereak estu hartzeko, edota sarritan, haren aitzakian, norbere jabegoa ondo markatu eta agerian jartzeko.
Abere belarjalea zaindu beharra baitago eta kontrolpean eduki. Libre utziz gero gozoa jan eta zaila utzi egiten du. Bere kasara lagata, belar ez hain gustagarriek abantaila izango lukete gozoagoen aurrean eta denboraren poderioz belardian nagusi bihurtu. Beraz, ugaztun belarjalea behartu beharrean gaude ez hain gustukoa alhatzera, eta horrela belardi emankorra iraunkortuko da bien arteko sinbiosiari esker.
Ez hain aintzina ez zen apenas itxiturarik. Etxaldeetan unai eta artzainak larrean egoten ziren abereekin. Akuilua eta orroa ozenak haizatuz mantentzen ziren behi eta ardiak arrastoan artzain-txakurren joan etorriek lagunduta. Familia ugarietako umeen lana izan ohi zen zainketa eta kontrola. Langintza horretan ibilitakoek ondotxo dakite jakin pasatako tratu txarra abere zital gosetuei eusten. Izan be, ume koitaduek baino gehiago zekiten behi eta ardi zahar haiek.
Lanok arintzeko hesi eta itxiturak jarrita hobe. Berezkoak izango ziren lehenengoak, sasi eta zuhaizkekin eratutakoak. Zurezkoak ere ez ziren aparte izango erromaraz hornituta. Baina ikusgarrienak zalantza barik harlauzazkoak dira. Batzuk gelditzen zaizkigu oraindik. Gure harriaren ezaugarri bereziak Eibarko harlauza aproposa egiten du zeregin horretarako. Menditik ateratako eran paratuta zirrikitu ahalik eta txikiena utziz, dotoreak dira. Sarritan huntzak eta likenek apainduta, eta begia piska bat zorroztuz gero miloika urteko fosilen muralak direla konturatuko gara.
Paisaiarekin bat etortzeaz gainera bere abantailak ukaezinak dira. Ez dira hesi gotorrak. Itxitura metalikoekin alderatuz, aberea atzeratzen du, baina nekazari, mendizale eta ehiztariak edozein puntutan igaro dezake jauzi txikia eginaz, alikateekin moztu beharrik gabe, eta erromarak irekita uzteke. Era berean, sasi-txakurren erasoa egonez gero, itxitura modernoetan, ardiak piloa egin eta ito egiten dira. Aldiz, harrizko hauekin izuak eragindako ihesa gertatu eta etsi-etsian suertatuz gero, salto egin eta igaro ahal izango dute. Hala nola, harriaren arrimuan animaliek freskura eta itzala topatuko dute uda beteko eguzki galgatan egon beharrean.
Hesi biguna da harrizko itxitura. Premia larrian dagoenari pasatzen uzten diona. Eremuak banatu baina erabat bereizten ez dituena. Abeltzantza industrialak ez du itxiturarik behar. Abereak pabiloi handietan "bizi" dira, preso, eguzkia, euria, elurra edo haizea ezagutzeke. Bizitza motza eta latza jasan behar dute abereok. Beganoek egoera hori bistaratu nahi dute, salatu. Eztabaida sustatu eta informazioa hedatzen duen neurrian, betor beganismoa. Abereak beste era batera zaintzen ditugunak ezagutzera ere betoz. Beste haien aldean, gure abeletxetako ateak zabalik daude, eta gainera itxiturak iragazkorrak dira.