Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

BIDAIAK 003

Jon Etxabe 2023/07/25 10:35
FRANTZIA. NORMANDIA: S.Michel. BRETAINIA:, Cancale, S. Malo, Dol de Bretainge, Dinan, , Rennes, Vitre.

Maiatzaren 13a.  Asteartea.  N:1-1.a

 

Asteartea, 13, argi gaurko egunarekin: “martes y trece” diote gaztelarrek.

Goizeko bederatziak ondo jota atera gara udaberri oroko ibilira. Lainopean tontorreria, giroa lorrintzen,  euri lardatsa.

 

175.265 kilometro kontagailuan

 

Greba eta manifestaldiak dituzte gaur Frantzian erretreta lege berria dela eta. Zabalik aurkitu ditugu tarte motzeko autobideko bi pasagune, doako ibilia beraz tarte batez, baina agertu zaizkigu bai bidelapurrak, bere etxoletan gordeak, arma elektronikoz zerga ezarriz.

 

Erabat zabaldu zaigu ikuspegia Nantesera bideratzean, autobideak ez du hesirik, lurraldeak ez du mendirik, zeru-marraraino luzatzen dira begiak. Zuhaitz ilarak han-hemenka, zuhaixkak erretenetan soro eta belartzak banatuz. Dena dago berde. Ez dago etxerik ez herririk, autobidea herrietatik urrun doa, ohi denez. Noizbehinka eliza-dorre puntazorrotza zuhaizti baten ostean. Behi aldrak, zuri kolorgetutako behi zuriak, lixibaz argitutako larru kolorekoak. Larrean. Ez da beste aziendarik.

 

Nantes. Hiria zeharkatzen du errepideak, agian okerretik jo dugu bidegurutzeren batean ezetz uste badugu ere. Korapilatsua izan da bidea, urduri jartzekoa zenbait kale-gurutze, baina onik eta zuzen atera gara. Hiri ederra eta ikustekoa iruditu zaigu, tentagarria. Etorriko gatzaio inguruok zehatzago ezagutzea erabakitzen dugunean, pare bat urte barru inguru.

 

 

BRETAINIA

 

Gorabehera leuneko lurraldea, ederra, dena zuhaitz, dena belardi. Granitozko etxe ilunak arbelezko teilatuarekin. Behe solairuko etxeak.

 

Rennes. Bretainiako hiriburua. Etxe-orratz ilarak ikusi ahal dira. Ertzetik saihestu dugu. Dudan geunden hurrengo egunetan etorriko gatzaizkion, aurrekoan ez baikenion gaur arte oroitzapenean iraun digun apartekorik aurkitu.  Ez zaigu akuilagarri izan gaur ikusitakoa ere.

 

 

NORMANDIA

 

Ez da Bretainiakoagandik askorik aldatu lurraldea, agian pikoagoak dira hemen teilatuak. Zehatzago erreparatu behar diegu hurrengo egunetan herrialde biotako etxeoi ia ze ezberdintasun duten. Behi holandar ugari.

Lurralde atsegina.

 

Kanpalekua. Pontaubault herrian kokatua, itsasadar antzerako baten mutur muturrenean, baina ez dago itsasoaren arrastorik ere.   Zortziak jota ziren heltzean. San Michel inguruan, lehen aurkitu dugun kanpalekuan kokatu gara, nekatuegi eta errepideaz aspertuegi geunden kanpin egokiagoren bat bilatzen hasteko. Aldats behera dagoen belardi aparta batean kokatua dago. Zuhaixka-hesi batez inguratua. Ingeles etxatoi bat besterik ez. Zozoak dabiltza belartzan, zozo ugari, hasi da zozoen festibala. Bazter patxadatsua. Pozik geunden tokiarekin baina erabat okertu zaizkigu gauzak: luze joan zaigu etxatoia kokatzea, eta aldats beherak zaila bihurtu digu nibelean jartzea. Leher eginda bukatu dugu, azken lanon nekea erantsi zaio genekarren nekeari.

Zerbitzugune bera da emakumezko zein gizonezkoentzat, unixex, beraz. Ez dut gogoan beste inon izan dugunik.

 

840 kilometro, 11 ordutan Normandiara ekarri gaituztenak

 

Bidaiek zuten abentura sentipen hura gabe ateratzen gara gaur egun errepidera. Ohitu egin gara errepide, herri eta gizarte ezberdinetara, eskarmentuak erakusten digu borobilduko dugula bidaia. Segurtasun osoz. Jakin  eta ikus mina ditugu akuilu, baina abentura kutsuari moztu egin zaio ezten-puntu hura.

Leher eginda oheratu gara, gauerditik aurrera. Hemen gaude, bihar argituko da egun berria.

 

 

Maiatzaren 14a.  Asteazkena.  N:2- 2.a

 

“Deserriko karrikak”. Mikel Ibarguren:

* “Nik ezin dizut eskatu tristeziaren txostenik irakurtzeko, / Astiroago begiztatu beharko genituzke / muga-ertz honen zedarriak”. Lerro tristeak idatziko nituen bart, hain izan ziren aldrebesak 11 orduko gidatze etengabearen ondorengo lehen uneak. Asmaezinak eta ustekabekoak dira ibilbide baten zedarriak.

* “Baina beti gordeko dugu azken berba / maitatu gabe utzi genituen haien gorazarrerako”. Beti gordeta ditu bidaiariak azken bidaietako irudi, bizipen, oroitzapenak, toles-gune bilduenean, ibili den lurraldea gogoratzeko.

* “Ahulak dira ezinaren amarrak”. Baina ze zailak mozten.

* “Kosta egingo zaigu mailadi luzeok igotzen, / baina aitzina beste biderik ez dugu”. Aurrera egin besterik ez du bidaiariak bidaiari izan nahi badu, bidaia mailadi piko luzea bilakatzen zaionean ere. Aurrera egitea da bidaiariaren funtsa.

* “Bada oraino maitatzeko adina teilatupe, / horditzeko hadina botila hondo”. Bidaiariak beti eta edonon aurkitu ahalko du maitatuko duen xehetasunen bat, hordituko duen edertasun izpiren bat.

 

Iratzargailurik gabe esnatu gara. Behar zuen gorputzak eta.

Mota beltz saltariak dira zozoak belartzan mokoka, mesfidati, zuhaixka-hesitik gertu. Makalagoa da bakoitza bere ingurutik  urrunduz. Zozook ez dute kantatzen, denek aurkitua dute nonbait bere bikotea. Kukua aldiz ozen dabil inguruan, txantxangorriren bat engainatu nahian. Gerra-hegazkinaren burrundara zorrotzak eragin digu goizean goiz, eguerdi aldera utziko zigun berriro bere abesti gerraria, St.Michel santutegi-irla dardaraziz: Irakeko gerraren kontrako politikoak  etekina emango dien hurrengo gerrarako trebatzen.

 

S. Michel irla eta santutegia dugu gaur helburu.

 

Atzoko paisaia bera: mendixka leunek osatzen duten lurraldea, zuhaitz ugari, basoxkak eta sail banatzaile diren zuhaizka ilarak, granitozko etxe ilunak arbelezko teilatu pikoekin. Zainduak, apainak, behe solairuko txikiak dira etxeak. Nekazari eraikinak:  nekazaritzatik bizi den, bizi izan den, herria. Ez dugu inor ikusten etxe inguruetan. Latorrizko teilatuak dituzte korta eta zerbitzu-txabolateriek, etxeek aldiz arbelezkoak.

 

Azal-azala da S.Michel aurreko lautada: padura itxurako belartza erraldoi zabala, plater ipurdia bezain berdina da itsas kontrako lur-saila, milaka buruko artaldearen mota zuriz zipriztindutako berdegunea, Holandako polsterrak gogarazten dizkigu barruranzkoak, kolore argi-argiko lur-sailak, harea zurikoak, erabat landuak, goldatuak baina oraindik ezer erein gabe, haziaren zain.

Irlatik gertu, bertako jitea duen etxeteria, jantoki eta antzerako zerbitzugunea.

 

S. Michel irla. Urrutitik eskaini digu bere irudi ahantzezina: eliza-dorre puntazorrotzean bukatzen den konoa, amaiera gabeko hondartzaren erdian. Eraikinak eraikinen gainean, mole puntazorrotz iluna gorenean. Urreratuz, argitzen doaz multzoaren zehaztasunak. Bere edertasun osoan agertu zaigu azkenik urre koloreko orratzean bukatzen den erpin zorrotz kono zoragarria: itsas barrenetik gora, miraria bailitz, oreka ozta-ozta gordez, gero eta estuago pilatzen doazen   eraikinak,  zeru-marrarainoko hondartzaren ertzean.

Erabat aldatu dizkiote inguruak guk ezagutu genuen S. Michel hari: errepide estu batek lotzen zuen irla lurrarekin, padura antzeko berdegune bat besterik ez zen itsasertza. Gaur egun errepide zabala doa sarreraraino, aparkaleku zabalak osatzen dute aurrealdea, dozenaka autobus eta ehunka autok dute pausalekua bere atarian, errepide ertzean. Ezin da gaur egun birbizi izan genuen arrats bakarti zoragarri hura.

Harresi sendoek inguratzen dute irla osoki, ez itsasotik babesteko, garai bateko itsaslapurrengandik baizik. Hiribildua da irla osoa, etxeteria behean, monasterioa goian. Kale estu bakarrak lotzen ditu harresiak monasterioarekin: kinkila-denda bihurtutako kale estua, antzinako granitozko teilatu pikoko etxez osatua. Dena da turismo-gune, dena dago bisitariz lepo. Dena da mailadi, dena da zirrikitu, dena da aldats piko. Erdi Aroko herritxoa monasterioaren oinetan, harresien gainean  zein babesean. Mila zirrikitu eta xehetasun erakargarri. Goizeko poema gogarazi didate St. Micheleko konta ezin haina mailadi  luze eta pikoek, “Kosta egingo zaigu mailadi luzeok igotzen, / baina aintzina beste biderik ez dugu”. Igo egin ditugu kontaezin mailok, goian baitzegoen bila genbiltzan altxorra.

 

Monasterioa. Bukatzen ez den labirintoa, dena zirrikitu, dena pasabide, dena gela eta areto elizatzarren pean, eliza ez den denak dirudi kripta, areto eta gela oro baita gainekoari eusteko zutabe eta sabai gotiko. Dena da mole granitozkoa, herri osoa bezala. Gotorlekua dirudi. Ezagun du, kanpotiko begiratu batez,  zatika, aldi ezberdinetan, eraikitakoa dela. Harritzekoak hormateri izugarri garaiak, harritzekoa elizaren iparrerakoa, elizaren horma oro beirategi eta leiho. Hegorakoak, aldiz, monasterioaren hormak dira; gotorrak eta ia leihorik gabeak, leihorik ez dute areto eta gelek, ez jantokiak, ez idaztokiak, ez..., hormok goiko eraikintzarrei eutsi behar baitiote, sendoak behar dute izan, konpaktuak, arkitekturak ez zuen goiko pisuari eusteko beste biderik nonbait oraindik.  Mila xehetasun eta mila zoko deigarri, batez ere mila mailadi, tartean eskailera kiribila, mailak bere baitan biltzen den horietako luze-garaia. Amaierarik ez duen labirinto bat osatzen dute monasterioko ohiko osagaiek. Eliza: gorenean dago, isiltasuna eskatzen du letreroak sarreran, baina barruan dena da giden harrabotsa. Erromaniko aparta da behe-aldea eta gurutzadura: sekulako giroa ematen diote elizari albo bietako pasaguneko arkuek, arku bakoitza da ezberdina, bika daude; zurezko leuna da ganga, kolorgetua dirudi; erromanikoa da gurutzadurako alde bateko horma, bestekoa, aldiz, gotikora bitartekoa: oso interesgarria da alderatzea; absidea, aldiz, gotikoa, ohiko zutaberi, lehioteri eta arkuteria: luzeak, estuak eta ugariak, flambeau edo antzera deitzen dioten estiloko ugariak. Nabarmena da dorre garaiari eusteko egitura dela gurutzadurako erdia. Hainbat taila eta santu-irudi eder daude. Nolanahi oso austeroa da, ia ez du apaindurarik, monasterio osoak bezala. Klaustroa:  bi zutabe mehe leuneko arkutxo ilara lau aldeetan, pospolin itxura du, zenbait apaindura ere bai hormetan. Jantokia: handia ez ezik ederra, hormetan soilik ditu zutabeak,  deigarria irakurlearentzat pulpitua. Erromesen jangela: sekulakoa, zutaberia nerbiodun gangekin, bi behe-su erraldoi ditu: egoki eta goxo tratatu nahi zituzten nonbait bisitariak. Idazgela: hau ere zutabe-baso dotorea, ganga kurboarekin: garrantzitsua zen hemengo lana, bi behe-su handi bertan. Zutabeen kripta: zutabe borobil pila jaso zituzten, elkarri arkuz lotuta, koruari eusteko: aukera aparta eraikinon teknika ikusteko. Zabaltza: zabala, eliza aurrean, bertatik zeru-marrarainoko ikuspegia zabaltzen da lau haizetara, itsasoa, hondartza, lur barrua, dena begien menpe, gozamenerako, baita garai batean zelatarako ere. Dorrea:  bitxia, apaina, batez ere luzera eta zorroztasunagatik, erdian dituen ziritzar eta puntarengo S.Migel aurreko loreengatik ere. Igogailua:  ikusgarria: gainbehera ia bertikal batek lotzen du barrena, harresi gainetik, monasterioko baogune zabal batekin: han ardatz batean bildurik dago soka lodia; ardatza, aldiz, zurezko gurpil izugarri erraldoi batekin mugi ahal da indar gehiegirik gabe; sokamuturrari lotuta lera batek egiten zuen gora-behera tronko borobilez osaturiko dozena erditik gora gurpilen gainean; erabat bitxia; ez da gaurkoa injinerutza.

 

Nola jasotzen ote dituzte gaur egun ere goian behar dituzten gaiak, kalea bukatzen denetik gora ez baitago bide leunik, inolako gailurik ibiltzeko aukerarik ere, dena da han mailadi. Seguruenik bada gaur egun gordeta dagoen igogailuren bat.

 

Ez zaituzte harritzen edertasunak, apainduriak, barruan dituen artelanek. Austeroa da dena, barrutik zein kanpotik, biluzia, apainduriarik gabekoa, kapitel apal zizelatu batzuk ezik. Bere osotasunean ikusteak harritzen zaitu. Nola ahal den horrelako eraikuntza erraldoi bat hain tontor estuan.

Bi museo ikusi ditugu iragarrita, ziegena bata.

Mundu guztitik datozkio bisitariak, japoniarrak ere zer esanik ez; bazen espainiar ikasle talde zaratatsua, italiar koadrilaren adinako zaratatsua; Irizar autobus bat zen euskal presentziaren oinordeko.

 

Haize hotza dabil gaur, oso hotza, baina bero dugu etxatoiko leiho ostean; arratsalde patxadatsu zoragarria, irakurri, idatzi eta zozoei tarteka begiratu, bertaraino urreratzen baitzaizkigu hemengo isiltasun eta baretasunean: hasi da urteroko Europa Iparraldeko zozoen ikustaldia.

 

34 kilometro, S.Michelera joan-etorrikoak.

 

Tren-hotsa heldu zaigu ozen eta garden. Beti da trenbideren bat kanpaleku orotik gertu.

Filmetan  ikusi ohi dira halako irudiak, ikuskizun bitxia, asmatua bezala, eragina lez. Ilunabarrean, hiru behik zeharkatu dute zuhaitz artetik ikusgai geratzen zaigun ortzi-muga aurreko mendi-lepoaren hegi berde leuna, mantso, ohiko ibilian; eguzkia osteratuta izaki, hiru zilueta beltz izan dira zeru argiaren aurrean, arratsalde bare, lasaiaren lekuko izan nahiz bezala.

Gora dago ilargia, betera hurbil. Bera da gauerdiko nire oinak ihintzaz bustiz zerbitzugunera joanean belartzako argi bakarra. Izartegia osoa dago dir-dir. Eguneko une zoragarria.

 

“Ipuin batean bezala”. Joan Mari Irigoien:

* “Diktadura batean kartzela baita hitzaren ordaina”. Eta zenbait demokrazietan ere, Aznarrenean kasu.

* “Amodioari distantzia apur batekin begiratzeko moduan nengoen, beraz”. Distantzia apur batekin begiratu behar dio ere bidaiariak dabilen herriari. Maitemindu gabe. Ez baita izango bestela era bat zuzena eta zehatza bere iritzia, ezta orekatua ere bere soa.

 

 

Maiatzaren 15a.  Osteguna.  B:1- 3.a

 

“Deserriko karrikak”. Mikel Ibarguren:

* “Bake-atelierrak dira ugaritu direnak / erretako kontainerren segidan”. Egunero zerua zeharkatzen duen gerra-hegazkinari, ke zuriz “bakea” hitza marraztea soilik falta zaio.

* “Egunak joan badoaz / gelditutako erlojuarentzat izan ezik”. Mapan eguneko ibilia marrazten duen marra gorria da egunak badoazkigula erakusten diguna. Gure bidaia-orratza. Geldituta dagoen erlojuari ere joan doazkio egunak, herdoildu egiten baita bera ere. Geldirik egotea ez da  adinean ez areagotzeko bidea.

* “Hotz egiten du, / ez dabil nehor deserriko karriketan”. Zozoak eta gu biok,  bizidun bakarrak dirudigu: baina hor da ihintza, hor txori hotsa, hor kolore berde joria, hor zeruko lainoak... natura osoa bizi da, zozoak bezain tirtirin agertzen ez bada ere.

* “ez baita nehoiz jakiten ahal / zer gerta daitekeen adio bakoitzaren ostean”. Bidaiariak ez daki zer gertatuko zaion kanpalekuari agur esaten dion bakoitzean.

 

 

BRETAINIA

 

Normandian lekutu garen arren, Bretainian eginen ditugu hurrengo hiru egunak.

Bretainiako lurrak ditugu beraz helburu gaur, itsas bazterrak eta S.Malo-Dinan hiriak. Ezagunak arren bazterrok,  ikusmina sortarazten digu dugun oroitzapenak.

“Badiako ibilbidea” deitzen dioten bidea egin dugu lehen zatian, S.Micheldik bestalderakoa. Atzoko ibilgune bera, itsasoari lapurtutako lur axal zurietan zehar. Mugan gaude, antzerakoak dira bi lurraldeen alde biak, bai lurrez, bai eraikinez.

Ez diogu igarri noiz aldatu dugun lurraldez. Normandiak iragarri zigun bere muga, Bretainiak, aldiz, ez, ez ote dio Frantziako Estatuak horretarako eskubiderik ere onartzen.

 

Behi holandarrak dira nagusi, baina bada lur koloreko behi lixibatu aldrarik ere. Pate-ekoizleak iragartzen dira.

 

Lurmuturretik zehar egin dugu S. Malorakoa. Ibilbide aparta, sekulakoa, maria beherarekin ikusgarria. Etxe bretainiarroi so: etxeko mutur baten gainean dute tximinia zabal bat hormaren luzapen karratu bezala, gailur luzearen erdian beste bat: etxeko hormen jarraipen bezala dira, sendoak, garaiak, lau aldeko luzexkak, sukaldekoa behar du izan batak, egongelakoa besteak, etxe osoa berotuz. Etxe orok du leihoa teilatuan, gelak dituzte nonbait teilatu azpian ere, gureetako ganbaretan. Horma sendoko etxe gogorrak dira hauek, gogorra baita eguraldia bera ere;  hemen ez dute balio Andaluziako horma meheko etxeek. Herritxo batean izan da lastozko teilatudun etxe bat, leiho-gain kurbo klasikoarekin: agian horrelakoak ziren, hemen ere, antzinatean etxebizitzak. Eliza-dorre puntazorrotzak dira herrietako ezaugarrietako bat. Granja ugari dago, bertako jitea gordeaz denak. Txabola handia dute alboan zenbait nekazal etxek, bertan ikusi ahal da laba izan behar duenaren irten kurboa, tximinia du bere gainean. Ugariak dira itsas kontran errotak: eraikin harrizko borobilak, kapelu konikoarekin: etxebizitza bihurtuta daude asko, izan da etxe koadroa erantsi dioten bat;  errota batek soilik izan ditu besoak; errotariaren etxebizitzatxoa dute alboan batzuk. Herri denak, ohi denez, apainak dira, aratzak, dotoreak bere xumean ere. Inguru idilikoa da Bretainiako hau, baina denok dakigu nolako arazoak dauden bizi-baldintzetan zein politikan. Iruzurra dakar berarekin askotan itxurak. Ondo-biziak bizi dira ondo hemen ere. Turismo-gunea da: hotelak, ohe eskaintza oparoa, jatetxeak... Grisak dira hilerriak: grisa bizitza, grisa heriotza ere.

Itsasertzak agian ez du bitxikeriarik, irla diren haitzek ematen diote erakargarritasuna, bitxiak dira baita maria beheko ertz likindunak ere. Padura diruditen belar itxuraz latzez estaliak daude lautadak, belartzak, non milaka ardiko artaldeak dabiltzan larrean. Muna sendo batek babesten du bide luzean lur barrua itsasotik, Holandako polderretan bezala. Ostra eta mejiloien eskaintza dago herri orotan.

Kostalde guztitik ikusi ahal da S.Michel, laino meheak eta urruntasunak lausotuta, baina bera da ezaugarri nagusia.

 

Larronier. Erreten edo ubide sakonetan sartzen da itsasoa lur barrura; lurrak itsasotik babesteko bide batek, ezpondako erreten zabal sakonak, osatzen dute herria.

 

Bertan gelditzera erakartzen zaituzten herritxo xarmantak dira. Gelditu, egon, eta inguru atseginari, etxeetako tximinien sinfoniari, etxe aurreen txukuntasunari... begiratu.

 

Cancale. Aipamen berezia behar du herri honek, hain dira bitxiak itsas kontrako etxe ilara, portua eta ostra-gunea. Turismo herri peto-petoa,  dotorea, agian turismoagatik dotorea, edo dotoreagatik turistikoa. Itxura argia dute etxeok harrizkoak izanik ere. Geratzera deitzen zaitu eta geratu ondoren bisita luzatzeko tentazioa sartzen dizu. Aparteko grazia du itsasgaineko etxe ilarak, egituraz eta kolorez, besteen antzekoa izanik ere. Zurez eginak daudela dirudi portuko moilak. Ostrak eta tigreak salgai denean: itsasertzean daude jarrita marea igotzen denerako halako burdinateria eta beraiei lotuta sarez eginiko zakuak; ez dakigu nola hazten diren, zeren zerbaitez betetako zakuak jartzen baitituzte burdinotan. Bertan jaiotzen dira ala haztegietatik ekartzen dituzte bertan gizendu daitezen?. Museoa ere badute ostrok. Txaletxo pila barrualdera, ondo-bizien udalekua da beraz, ez da harritzekoa itsas bazter hau ikusita.

 

Cancaletik aurrerako itsasertza dena da itsasoak jandako labarra, haitz zurikoa. Itsaso erabat garbia. Jende asko dator itsasertz honetara, aparkaleku ugari dago errepide ertzean. Lur landuetan, aldiz, sekulako azalore sailak, jaso berriak gehienak, sartu berriak batzuk. Zuhaitz asko dago, basorik, ordea,  ez.

 

S. Malo. “Fleuri”, hiri loratua, deitzen dio errepideko iragarkiak, baita arte eta kultura hiria ere. Granitozko hiribildua itsasertzean. Hiri grisa, dotorea eta txukuna. 5 solairuko etxez osatutako kale artezak elkar gurutzatuz osaturiko harresi barruko hiria da S. Malo Zaharra. Frantziako erregeen alde eta  ingelesen aurka borrokatzen ziren itsaslapur eta kortsario ospetsu guztien gorde eta babesleku.  Ondo-bizien hiria izandakoa, gaur egun turista-gune oparoa. Dena denda, dena jatetxe, dena ostatu. Ez du xarmarik, edo inguruak ematen dio duen xarma, agian erakusten duen indarrak, botere jiteak eta gotortasunak. Badu gaztelu eder bat, erabat gotorra, iria gordeaz. Katedrala: dorre zorrotz garaia eduki behar zuen, eta du, baina gargolak egin zaizkigu guri deigarri: irudi luze eta meheak, mutur eta aurpegi zorrotzekoak; bi alde nabarmentzen zaizkio barrutik: hiru nabeko sarrerakoa gehi gurutzadura, eta presbiterioa gehi absidea; egon ere pare bat metro beherago dago presbiterioko aldea: alde biak dira gotikoak, bi gotiko erabat ezberdinak baina, zabalkotea eta gotorra zaharra, lirain garaia bestea; austeroa izanik ere, bada zeri begiratu: hilobiak, hilarriak, jauntxoen irudi tailatuak, 17. gizaldiko arrosetoi-beirategi aparta, ur bedeinkatu ontzi antzinako bitxia, bataiarri eder bat, santu-irudi zenbait, erromatar jantzitako tipo berezia… Bada eliza gehiago ere. Bada eraikin ederrik: kaleetan ibili, eta begiratu. Tximinien sinfonia aitatu behar, ehunka edo milaka tximinia,  era guztietakoak; aipatzekoak ere teilatuetako leihotxoak: txikitxo pospolinak, oso goian, neskameen geletakoak seguruenik. Berdegune ugari…

 

Ingurua du ederrena, deigarriena; zoragarria da harresien gaineko ibilbidea hiria inguratuz, itsasora edo kale zuzenetara begiratuz. Dena da harkaitz-irlatxo, ikasia behar zuen haitzartean ausartzen zena bere ontziarekin; ugariak dira itsasargiak haitzotan,  baina baita gotorlekuak ere: hainbat han-hemenka sarrera gotortuz, igaro ezina bilakatuz. Hainbat portu-gune ezberdin, bata bestearengandik banatuta: industria portua, bidaiari-ontziena, belaontziena... Aipatzeko alde berriaren itsasotik babesteko hormadi kilometrotako luzea zuhaitz-enborrez babestuta, jarraian tinko, zut, inkatutako enbor sendo luzeak, uhinen golpea leuntzeko, gure portuetan jartzen diren harritzar eta zementuzko moleen ordez.

Urrutian S. Maloko beste zati bat, dotorea, hondartzekin.

 

Hiri izugarri zabala, sarreran eta ateratzerakoan ziurtatu dugu: inguruko auzo-guneak oso zabalak dira, baina ez du etxebizitza garairik, denak dira berdegune eta hesiz inguraturiko behe solairuko etxetxoak, txaletxoak. Hiribildutik kanpo ere bada erdigune modernoa, etxe ederreko kale luzearen inguruan, estilo berean forma ezberdinekoak, bertako jiteko etxeen sinfonia edo erakusketa dirudi.

Ikurrina eta Ireland pegatina zeraman Bretainia departamenduko zenbakia zuen auto batek. Ezin uka jabea bretainiar abertzalea denik, bertako ikurrik ez badarama ere.

Bisita orduetan luzatzeko aukera ematen dizun hiria. Hala doakio ere bisitaria. 

 

Eskolaume koadrilak dabiltza hiri osoan. Gaur osteguna, gelaz kanpoko ariketa eguna nonbait. Edo ikasturte bukaerako txangoan daude. Dabiltzan tokian ez da zalapartarik falta.

 

Neke punttua erakutsi digu gorputzak, Dinan  biharko utzi, eta etxera egin dugu. Bidaiek erakutsi diguten filosofia.

 

143 kilometro, kostaldeko erabat atseginak

 

Eliza-dorrea dugu orduen iragarle, iraganetan bezala.

Zintzo datorkigu trena arratsaldeko hitzordura.

Eguneko azken argiarekin jo du kukuak, habiratzeko lagun bila edo.

Isiltasun osoak bildu nau M.Luisa oheratzean, txorien gaueko txorrotxio isil barea datorkik, soinu bakar: adi egon natzaie elkarrizketoi mezuen frekuentziaren bat asmatu nahian. Jolas paregabea, ezer uler ezin badut ere.

Adineko bizar zuria da ingeles auzo gizakumea: nahi izan du harremanetan jarri nirekin, ilargi distiratsua aitatu dit beso-keinuz hitzak azpimarratuz, baina barretxotik haratago ezer gutxi ahal du nire ingelesak.

 

“Ipuin batean bezala”. Joan Mari Irigoien:

* “Umoreak, izan ere, bizitzari buruzko beste ikuspuntu bat dakar: ...”. Bidaiariaren osagai premiazko da umorea, oreka eskainiz gain bidaia bera ere arinduko diolako.

* “Bizitza osoan ez dut ametsetan sinetsi, baina amets hartan bai, sinetsi egin nahi izan nuen”. Gure ametsak ziren bidaiak duela ez urte asko. Sinetsi egin genuen, egi bihurtu ditugu.

* “... nahiago baitut denbora neure mende izan ni denboraren mende bizi baino”. Denbora mende izatea da bidaiaria izatearen baldintzetako bat. Denboraren menpe harat-honat korrika, egitarauaren edo hitzorduaren esklabo dabilena ez da bidaiaria, gehienez bisitari presatia.

* “Ikusi egiten zuen edertasuna, baina ez zuen sentitzen”. Gertatzen zaio bidaiariari begi lausoegiak izatea aurrean duen edertasunerako, nekeak, bestelako ardurak, barne gaitasun ezak, giza dotoreziarik ezak, hainbat gabeziak eraginda. Zenbat gozamen aukerak ihes egiten digun bidaietan.

 

 

Maiatzaren 16a.  Ostirala.  B:2- 4.a

 

“Deserriko karrikak”. Mikel Ibarguren:

* “Gauaren betzuloetan pilatu ditugu garaitza amestuak”. Amets zapuztu gelditzen dira bidaia amestu gehienak. Baina nolako poz-irri, ze begi argi, nolako eleketa, eta bizi-gogoa nabari zaien bisitari gehienei herriotako zirrikituetan. Bidaia gauzatu batek mila amets zapuztu berdintzen ditu.

* “Kale hartuotan dena dago irabazteko, / bakea izan ezik”. Paisaia idilikootan, herriotako jendarte lasaian, kanpalekuko isiltasun ia haustezinean, bakerik ote galdetzen dut nik. Bidaietakoak ohi dira nire urteko ordu bareenak.

 * “Oraindik badugu ortuts ibiltzeko adina amildegi, / forentseak mende hau jasotzeko agindua eman arte / gutxienez”. Hurrengo bidaia hasia da jadanik gorpuzten garunetako toles gunetan.

* “Hendaiako kale hutsen isiltasunak / ez zuen bere bularraldea baretu”. Barne barea barnetik sortzen da, ez kanpotik. Bare ateratzen ez dena, ez da bare itzuliko bidaiatik.

* “Ducados bat erre eta gero / goizeko seietan ate joka etorriko zena / esnezalea izango ez zen ziurtasunarekin”. Inor ate joka etorriko ez zaigula, hori da bidaiaren liluretariko bat. Baina gaur egun lilura hori hautsi dezake segapoteak.

* “… eta bakarrik heldu behar izan du egunsentiak”. Lainoz lagundurik, edo euriz bustia, etorri ohi da sarri eguna bidaiaria goibelduz. Gaur, adibidez.

* “... ahanzturaren aurkako borrokak / ez du gehiagorako eman”.”Ahanzmenaren aurka egiteko / arrazoien bila nabil ainubeotan”. Bideoa, argazkiak, idaztea, liburuak, egunkaria... horiek dira bidaiariaren baliabideak, sarri ez dute askotarako ematen.

 

Birigarro bikotea izan dugu bisitari leiho aurreko esparruan. Hara non. Pozez agurtu ditut, aspaldian ikusi gabeko lagunak ikusteak ematen duen pozaz. Tente, harro, tirtirin, zozoei desafioka bezala, mota iluneko papar argia erakutsiz.  Barka eskatu diet tarteka zozo lumaje argiko zozoekin nahastu izan ditudalako.

Gizenak daude zozoak, handiak ere badira. Oparoa zaie udaberria. Moko horian trabeska zizare potoloa zuela hurreratu zaigu bat. Zizare gajoa, zozo zoriontsua.

Zozo gosetiak eta gu biok gara kanpalekuan zuhaitz artean, berdegune gaineko bizikide bakarrak, gaur goizean joan baita  ingeles bikotea.

 

Barnealderako lurraldea dugu gaur bisita-leku. Lanbrora ere heltzen ez den euri ganoragabeko batek lardastu digu bidaiako lehen zatia. Bretainian jarraitzen dugu oraindik, igandera arte, Normandian lekututa badugu ere etxatoia. Astun temati tristea dago zerua, ilun  mehatxatzaile ez arren. Misterio kutsua areagotzen dio S.Michel zilueta sorginduari goi lausoak. Dena dago berde, jori; dena da udaberri. Etxe bakar asko dago herritxoez gain. Ez da bertako jitea ez duen eraikinik, jitea gordetzen duen herriak sena ere izanen du.

Kanpotik begiratuta ez ezik, barnetik ere herri oso txukunak dira Bretainiako herriok, hainbat zeharkatu baititugu gaur: herri-bideetatik egin dugu ia ibilbide osoa. Jauregiak edo eraikin dotore harroxkoak dira jauntxoen etxeak, Bretainian ere. Eliza-dorre puntazorrotzak dira herriotako ezaugarri, herriaren aitzindari urrutiko begientzat: zerura jasoarazi nahi ote dute herritarren soa, ala beste betekizunen bat ote dute bere zeregin.

Ugariak dira galsoroak eta arto-sailak barne aldeko lurrotan. Baina belartza da nagusi. Ez da ia fruta-arbolarik, gereziondo batzuk eta ezer gutxi gehiago: “sagar sagardoa” iragartzen da, baina ezin izan hemengo sagarrondoko sagarrekoa. Zuhaitz asko dago, baina ez basorik, ilaretan daude zuhaitzok edo zelai erdian bakarti. Zuhaitz ilarak erabat inausita, enborra soilik: gizendu daitezen mozten dituztela horrela entzun izan dut: ez dira galdu behintzat, erabat kimu berriz berdetuta dute enborra. Granja asko dago, baina ez da hainbeste behi ikusten larrean, daudenak aldra zabaletan daude, holandar behiak dira.

Birziklatzeko edukiontziak daude herri txikienetan ere.

 

Pontaubault. Kanpalekua lekutzen den herria. Txikitxoa, aratza eta pospolina. Arbel teilatuko granitozkoa, Bretainian bailego.

 

Dol de Bretagne.  Joan, kale nagusira jo, eta ibili: zura ageriko etxeak, arkupedunak, harrizko sarreradunak... etxe bilduma xarmanta, begien gozamenerako. Katedrala:  harrapatu egin gaitu kanpoaldeko berezitasunak: buru bikoitzeko dorre berantiarra, horma-bularrak, arrosetoia, leiho eta leihotxoak, zenbait apaingarri zizelatu, alboko sarrerako hiru arku-gain tailatuak, batez ere arkuetariko bat hirunakako gizairudi tailatuz edertu eta loriatua... dena ilun eta heze, goroldio mintz batek hartua bezala, Bretainiako giro umelaren zantzu bailitzan; eliza osoari eman behar zaio buelta; areagotu egin du gure baikortasuna barrutik: gotiko pinpirina, halako sentipen baikorra sortaraziz; egiturak eragiten dion liraintasuna dario lehen unetik: hiru estaiako arkuteria, dena da tamaina guztietako arku eta arkutxo zorrotz eta zutabe, estuak eta finak erdiko zutabeak; austeroa soilik dela esanen nuke, biluzia eta hustua dirudien arren; beirategi apartak, ur bedeinkatu ontziak, kapera zenbait, XIV. gizaldiko  Amabirjina polikromatu xarmanta, nire bildumarako Ecce Homo naif zoragarria, XVII. gizaldiko gotzainaren ohore-aulkia, koruko XIV. gizaldiko  aulkiteria tailatua... badu zeri erreparatu, zertaz gozatu.

 

Dinan.  Lugorekin jumelatuta, anaituta, dagoen hiri aparta. Dena da hemen xarmanta, dena erakargarria, dena liluragarria. Joan, ibili eta gozatu; jaitsi ibairainoko kale osoa, pikoa arren, ez duelako begiratzeke uzteko etxe bat bera ere. Jite guztietako etxe xarmantak, plazak, mila xehetasun, kontatzeko luze baina begiratzeko gozagarri. Osotasunean inguratzen du harresiak, 3 kilometrotako ibilbide ikuspegiz, atez eta ohiko osagaiez oparoa. Erlojuaren dorrea:  goietatik zelatatzen zaitu edonon zabiltzala ere. Elizek ere merezi dute sartu-irtena: S. Malo, zutabe sendokoteko eta arku zabaleko gotiko austeroa, beirategi zabal eta garaiek protestanteen elizen jitea damaiote; hainbat bitxikeria du begiratzeko. Salbatore gerta zaigu erabat bitxia eta ezberdina, dorrea bera ere puntazorrotza izan ordez popeen kapeluaren antzekoa da, arbelez estalia hori bai: bi nabekoa izatez, baina hirukoa izan behar zena. Hiru arkuko erromaniko ederra da sarrera; albokoa, aldiz, nabe gotikorako sarrera, arku zorrotzeko xumea da. Erromanikoa zen eliza zaharra; gurutzadura artekoa soilik da gaur egun erromanikoa: erori egin zen edo berritzeko bota egin zuten, eskuineko horma ederra geratzen zaio soilik, horma guztia arkuz osaturik. Nabe gotikoa gehitu zioten ezkerrean, baita presbiterioa eta abside edo transeptoa ere, gotikoak hauek ere, noski. Eskumako aldea prest zegoen hirugarren nabe gotikorako baina ez zen egin. Pulpitu sendoa, eta hainbat osagai ditu begiratzeko. Horrez gain, edertasunez panpox ez den arren, aurkitu daiteke ukitu ederrik edo begiratzea merezi duenik. Ibai ertza: txoko liluragarria da ibiltzeko edo garagardo bat hartzeko. Joatea damutzen ez zaizun herria, liluratuta agurtzen duzuna. Gozamenerako hiria.

 

Leiho ertzari helduta, zut egon ezinik ikusi dugu lehenengoz gure mozkorriloa, ordulariaren dorre osteko plazatxoan agertu zaigu lasterrera, balantzaka, ozta-ozta tente; zoruan kiribilduta zetzan brastada baten ondoren. Dozena erdi bat ginen, denok begiratu diogu eroritakoari, denok begiratu diogu ondoren elkarri, zer egin ez zekienaren aurpegia genuen denok, bakarrik jaikiko ote zain, lagunduz gero bere makulu izan beharko ginen beldur, gure beharrik izanen ez zuen itxaropenez, lurretik jaikitzeko ahaleginetan zegoenari so. Ahal zuen bezala, ibilian bezala mugimendu ezin motelagoekin, azkenez zutitu, eta han galdu da etorri eta jaiki den bezain geldo eta motel arkupean, oreka ezin desorekatuagoan, arnasa lasaitu zaigu denoi abia kili-koloan ikusi dugunean berriro. Ezeroso sentitu arazi gaitu mozkorrak. Gizatasunik gabe erreakzionatu dugu denok gure geldotasunarekin. Gu geu bera baino geldoagoak. Ez gara inola ere solidario izan. Adinekoa edo ezindua izan bazen denon laguntza izanen zuen. Mozkorra ere ezgai bat da, ezindu bat, elbarri bat, elbarritasun pasakorra badu ere. Zergatiak zergati. Zenbaitzuk axolagabekeriaz gidatzeagatik daude elbarri, larregi erretzeagatik beste zenbait, jan-edan neurrigabekoengatik asko, gizarte honetako norberaren eta aurrerakoen kontaezineko gehiegikeriengatik... Zergatik mozkorrak ez du merezi ezindu, ezgai edo elbarri ororen tratamendu bera gizartearen partetik?. Harra geratu zait barnean hain ezgai eta hain sentiberatasun kamustuko porta naizelako gure mozkorriloarekin.

 

Hiriotako kaleak harri karratu txikitxo sendoko enkatxoz zolatuak daude

 

Adinak ezartzen du bere legea, eskarmentuak haina, orain ez ditugu ez asmatu ez gauzatzen garai bateko eguneko ibilbide luze eta neketsuak. Gaur ere nahiko dela erabaki dugu, ez gara gelditu  ikusi asmo genituen bideko bi herrietan. Herri-bideetatik egin dugu, nolanahi, etxerakoa, bideberri azkarretik ordez.

 

Meillak: une batez bazirudien elizan bukatzen zela errepidea, eliza aurreko etorbidea zela.

 

Combourg. Apaina, txukuna, dorretxoak ditu lau kantoietan eliza dorreak. Eliza denok leiho edo beirategi garai eta zabalak dituzte, protestanteenak irudi. Eliza-dorre apaindua eta apaina du, halakoa da eliza bera ere.

 

Antrain. Burumotza du eliza-dorrea. Fede gutxikoak dira nonbait.

 

Grisak dira hilerriak denean: bizitza eta heriotza, kolore grisez bilduak.

 

Han hemenka lurraren sakoneretan, urmael edo lakutxoak.

Ez da ia inor ageri herritxoetan, ageri dena adinekoa, agian gazteagoak lanean daudelako gu gabiltzan orduetan. Txukun baina xume jantzita. Adinekoa da nagusi ere herri koskortuetan; arrazoi berdinagatik seguruenik, dottoretxo jantzita ohi dira herriotakoak. Gazte eta ume asko ikusten dugu herrietan, eskolaume eta ikasleak eguerdi aldera.

 

Amerikarren hilerria iragartzen dute gure herritik hurbil. Hainbat dira Normandian, gerran nahastu ziren nazio guztietakoak, Alemaniakoenak ezik. Alemaniar soldaduek ez zuten merezi nonbait leku jakin eta ezagunean ehorzterik. Irabazleen mendekua. Ez dira existitzen, beraien amek negar egin ez balute bezala. Jauntxoen onerako bizia eman zuten pobre gizajo alemaniar beraiek ere, amerikar, frantziar, edo ingelesak bezala.  Ez gara joango hilerriotara, gogoan ditugu amaierarik gabeko gurutze edo taket ilaren basoak.

 

Leihoetako gortinak lirateke Bretainiako ezaugarrietako bat: gortina finak, baita merkeak eurak ere, erabat dotoretu eta xarmant bihurtuz leihoak, halako deigarritasun bat emanez.

 

134 kilometro, merezi izan digutenak.

 

Bakarti dirau kukuak, arratsean ez ezik ilundu ondorengo beranduan ere.

Beleak dirudite belartzako zozoek, hain dira handiak. Birigarroak ere hor dabiltza zozoekin jumalajean. Ondorioz agian, bada ez zozo ez birigarro den bien arteko nahasketa behar duen kasta bat, zozoen tribukoa, ez birigarroena. Pituitarioa ote zozoek?, azken argi izpiarekin ere baitabiltza zenbaitzuk belartzan. Aspaldi sartu ziren oilategira pituitariorik gabeko oiloak.

Gaur arratsez ere zeharkatu dute behiek urrutiko hegi berdea. Baina ez zerien misteriorik, ez zuten xarmarik, ez ziren zilueta, behi marroi geldoak baizik: gaur ez zuten ostean  eguzkirik, laino beltza baizik. Ez ziren asmakizunezko lau hankako izaki kankailuak, behi marroiak ziren gaur. Argi ezak ikuskizun bihurtu dezake gertakizun arrunt bat, argiak aldiz ikuskizun bat lausotu. Eta alderantziz.

Urteetako bidaietan lehen aldiz, bakar-bakarrik gaude biok kanpalekuko belartza zabalean. Elkarrekin gaude, ez, bakarrik.

Laino astunak estali du zerua, ilargiak ez du kukurik egiteko aukerarik ere. Erabatekoa da iluntasuna nire zerbitzugunerako ibilian. Txorien gaueko txortxorra bera, apalagoa da gaur gauean.

 

“Ipuin batean bezala”. Joan Mari Irigoien:

* “Hobe nuen momentuko lotsa geroko damua baino”. Izan ohi ditu berantago damua ekarriko dion jokabide eta erabakiak berantago damua ekarriko dion jokabide eta erabakiak .

* “Batzuetan metro erdian egon daiteke mundu osoa”. Zenbait une bakarrak merezi du bidaia osoa.

 

 

Maiatzaren 17a.  Larunbata. B:3-5.a

 

“Deserriko karrikak”. Mikel Ibarguren:

* “Berun usain sarkorra duen lurretenean / larru-ontzaileak ikus daitezke larru eske”. Eguzkia eskatzen dugu bidaiariok lainoek berunaren astuna duten egunsentietan.

* “Maratila behartuak daude gure bizkarrean”. Ikusten ez ditugun zenbat maratila behartu gabiltzan herriotako jendearen bizkarretan, zenbat ikusten ez diguten maratila behartu herriotan gabiltzan bidaiarion bizkarretan.

* “Hemen odolak bere kasa ikasi du orkatiletarako bidea, / eta bolbora usaina itsasten da memorian / polena kristalean bezala”. Gerraren goraipamena nabaria da herri orotan, zaldi gaineko brontzezko jenerala, gerretan galdutako soldadu xumeen irudi tailatua, galdutakoen zerrenda luzeak zizelatutako oroitarriak... gerraren goratzarrea besterik ez dira;  udaberriko zeru urdin baketsua  zeharkatzen duen gerra-hegazkinak, poliziaren gerriko pistolak, errepidean aurkitzen ditugun armadako kamioi konboiak… ofizialtzen dute aurkariaren odola isuri beharraren erritoa. Politikoek ofizialdutako gerrak, eliza orok bedeinkatutakoak, herri xeheak halabeharrez jasan beharreko gerrak.

* “Antxetek zerua hartu dute agorril sargorian, / Abiadura Handiko Trena iritsi da Hendaiako geltokira, / ez da ordea inor jaitsi, / eta nire eskuek zure gorputza dute ments”. Zozo tirtirinek hartu dute sega-makinak orraztu duen belartza berdea, trenaren traka-traka lasterrak bete du inguruko airea, ez dugu inor ezagunik mila kilometrotako tartean Frantziako kartzeletan gatibu ez bada,  baina oraindik gure nostalgiak ez du aberria ments.

* “Gaur ezberdin da dena”. Gaur ere lanbrotsu esnatu zaigu eguna, atzo lez.

* “Min emango digute enaren hegaldi hurbilek”. Oraindik ez dugu enararik ikusi ez Bretainian ez Normandian. Paraje hotzak dira nonbait hauek.

* “Zapi garbi bat bezala urratu da argia zeruertzean”. Lainoak urratuko diren itxaropenez abitu ohi da bidaiaria eguneko ibilbidera egun euritsuenean ere.

* “Maitatua sentitu dut neure burua / kontuarrak edalontziz beteriko ordu txikietan...”. Maitasunez beteriko ordu txikiak usu ohi ditu bidaiariak karriketan zein lur zabaletan.

 

Moko jaikitik lurrerainoko zizare potoloa hein batetan irentsi du zozo batek. Gosea, abilezia, ala indartsuago batek kenduko ote eskarmentua.

Zozoa eta hibridoa elkarri jakia emanez mokotik mokora, zizarea maitekiro konpartitzen, mokoka, bikoteek musuka bailira. Naturaren opari maitagarriak.

 

Denagatik beti eskerrak ematen ibiltzeak ezohikoa bilakatzen du egiten duzuna. Ohikoa beharko lukeelako elkarri laguntzea, inolako ordainik gabe, ezta eskerronarenik ere. Ezohiko egoeretan soilik legoke eskertzea, elkar laguntzea arnasa hartzea bezala behar luke izan eta; ez diogu naturari arnasaldi bakoitzean eskerrak ematen.

 

Gaueko zaparraden ondoren urdindu zaigu zeru erdia, itxaropena sortuz.

 

Bretainian egingo dugun azken ibilia. Gure herrian bezalatsu sentitzen gara jadanik hemen. Ohituraren poderioz. Herri-bideetatik egin dugu bidea. Galsoroak eta arto-sailak nagusitzen dira gaur ere. Plastikoa jarri dute zenbait artasorotan, non eginiko ebakiduretatik datorren artolandara: artajorrarik ez egiteko, artoa miheztu-bakandu beharrik ez izateko, umeltasunari, agian berotasunari, eusteko...

Dena belar, dena zuhaitz, dena soro, dena berde eta dena umel.

Zenbait elizak balkoi-korritua du dorrea zorrozten hasten den unean, agian zabaltza zuen dorreak eta ondoren jaso zuten dorrea.

Gerra madarikatua omentzen duten oroitarriak zenbait herritan.

 

Ouen,  burumotza da herriko eliza.

 

Lorategi bihurtzen dute errepide bazterra margaritek.

Hegazti harraparia errepide ertzeko argindar harian, autoen ardurarik gabe: zelatan edo patxadako digeritzean.

Auto batek atoian zeraman antzinako auto deskapotable pitxi bat. Rallyren bat da nonbaiten. Erakusketa mugikorra gertatu zaigu errepidean, museorako pieza baizen.

 

 Antrain. Mendi-muino luzea iluntzen duen arbelezko orban beltza da gaur guretzat, argitzen duen granitozko ukituekin.

 

Etxe berriak ez dira granitozkoak, zarpeatutako horma zurikoak baizik. Garesti dago nonbait harria. Jite berdina gordetzen dute, baina, egituran.

Errepidea bera ere galipot beltzekoa denez  herri ilun ilunak dira hauek. Baina aldi berean herri alegerak, airosoak, garbitasunagatik, txukuntasunagatik… maitagarriak, erakargarriak. Herri austeroak nolanahi.

Hemengo etxeen teilatuek bizpahiru maila dute, metro inguruko mailaz, seguruenik badu zerikusia barneko funtzionaltasunak.

 

Romazy, izugarri polita egiten du herriko elizak etxe multzoa, pope kapeluen antzerakoa da behealdean dorrea, baina puntazorrotz bukatua.

 

Betton. “fleuri” herri loratutzat iragartzen dute hau ere, etxe bakaneko herria da, bere lorategitxoa du etxe bakoitzak inguruan, baina askok eta askok hesi berde garai isolatua dute etxea eta lorategia, beraz ezer gutxi loratua da kanpotik goazenontzat.

 

Rennes. Bretainia herrialdeko hiriburua. Ezer gutxi eskaini zigun oroipena nuen, ez-bai etorriko egon gara. Ez zaigu damutu etorria. Adiskidetu naiz hiriarekin. Eraikin dotoreek damaiote nagusigoaren seilua, zura agiriko etxeek antzinakotasunarena. Hiri klasikoa. Bi orduko ibilbide ezin atseginagoa eskaini digu, eta izanen genuen beste bi ordurako ere. Kaledi barrenean zehar eraikinei eta herritarrei erreparatuz. Antzinako zura ageriko etxeak bata bestearen segidan alde zaharrean: sute batek erre baitzuen ia hiri osoa 18. gizaldian. Ez dugu elizarik bisitatu, ugariak badira ere, nahikoa izan dugu kale-giroarekin. Eskulanen tailer eta erakusketa zen Santa Ana plaza, irudimenak zer nolako emaitza ederrak sor ditzaken erakutsiz: zeramikatik zaku-telaz eginiko katuetara tartean iturgintza eta arotz lanak aurkitu ahal dira. Kalearte zabal batean lora eta ortuarien azoka, arrandegi eta bestelako hainbat txosna, non ostrak eta ganbak diren nagusi; jendeak erosi erosten ditu ostrok, ugari gainera, baita txosnan bertan jan ere. Koloretsu zeuden kaleok jendearen jantziz zein lorez eta ortuariez. Jendez gainezka zeuden  kaleok, sekulako herri giroan. Larunbata izaki, erruz dabil jendea kaleetan. Jai giroa, bizipoza. Ez da eraikin zoragarririk, edo aipagarririk; zura ageriko erakinak dira hiriko ikuskizun, hainbat eta hainbat daude. Begien gozamena. Kaleetan ibiliz, erreparatu, aurkikuntza bakoitzaz gozatu. Musikari asko kaleetan, jite eta gaitasun guztiko musikariak; eskale soilak ere; ezagutzen ez genuen instrumentu erabat ezezaguna zuen batek, txistu kurboa edo saxofoi moztua izan zitekeena, soinu arrarokoa. Epaitegi Jauregia aipatu behar eraikinen artean, handia eta sendoa, urre kolore biziko irudi laukotearekin apaindutako teilatu ertzekin: ikustekoa omen barrutik, gaur ez zegoen sartzerik, justiziak ere jai egiten du asteburuan, astebarruan ere bai seguruenik Bretainian ere: ez omen justiziarik politikoen mende dagoenik, baina gaur egun justizia politikoen baliabide bat gehiago besterik ez da. Bada ubide, ibai edo kanala ere hiri barruan. Beti dotoretzen du kalea horrelako ubideak, baina ez du apartekotasunik doan tokian, nahiko hiri ertzean baitago, kaledi hiletan.

 

Bide-gorria du Rennes-ek, marra berdez marratuta. Herri zabala denez, luze doa erdigunera sarrera, erdigunetik irteera. Baina onik egin ditugu sartu-irtenok. Tximinien festibala izan dugu bai sarreran bai irteerako auzuneetan: zein baino zein politagoak dira tximinia lauki-luze gaineko tututxoak.

Gaur lehenengoz ikusi ditugu bretainieraz idatzitako kartelak, kale izenak iragarriz; ez dugu, aldiz, bretainierako hitzik entzun, nekazariei ere.

 

Eurizirinak lardastu dizkigu Rennes-eko lehen pausoak, baina errespetatu gaitu gero.

Ikurrina zeraman bertako auto batek. Beranduegi ibili naiz oraingoan ere, tutua jo eta agurtzeko.

Ejertzitoaren konboi luzea errepidean: gora gerra eta gerrariak eta gerratik bizi direnak.

 

Vitré. Frantziako gidaliburuak ez du aipatzen. Bretainiakoak aldiz antzinakotasuna hobekien gorde duen herria del dio. Zer aurkituko joan gara. Liluratuta utzi gaitu. Sarreran bertan, gaztelutxoa dirudien eraikin nano-nano potxolo xarmanta. Ezustez ezuste joan zaigu ordubeteko ibilia ondoren, harriduraz harridura, ahozabalik ia beti, begiei atseden eman ezinik. Sekulako antzinako etxeak, zura agerikoak, zein baino zein; arkupedunak dira hainbat, lehengo hartan iraun duen kaledi zaharrean; antzerakoak dira etxe denak, baina aldi berean denak ezberdinak, zerbait berri eskainiz denak; etxeen egitura ez ezik, sortzen den kale arteko giroa da xarmangarria, antzinaterako jauzia eraginez ibiltariari. Joan eta ikusi, ezinezkoa baita deskribatzea. Gaztelua: lubaki erraldoiz babestua alde batetik, harresi, horma labarrez, bestetik, sekulakoa tamainaz eta egituraz; ipuinetako gaztelua irudi, dorre borobil eta arbelezko teilatu konikoekin, baina ipuinkerietarako ez den gotorleku sendoa. Santa Maria eliza: zutabe sendokoteek eutsitako arku zabaleko hiru nabe, harri argikoak baina ilunak: bitxikeria izan zaigu urrezko ezkon urteurrenak ospatzen zuen bikotea, ezkon egunean bezala ezkondu ziren aldare beraren aurrean; kanpo aldetik, aipatzekoak zenbait gargola ezohizko, baina batez ere loriatsu egiten duen albo bateko apaindurak eta Bretainiako zenbait ingurutan ohikoa den kanpoaldea, eliza-hormari itsatsiko pulpitua, harrizko zizel lanez apaindua: eliza barrutik duela sarrera. Patxadan ibiltzeko herria. Herri lasaia. Ez gara presaka ibili, ordubete soilik egin dugu, baina luzatuko ginen ordutik kanpo ibili ez bagina, bidaiari senak esan ez baligu itzultzeko ordua zela.

Euriak errespetatu gaitu Vitrén

 

Egunotan lehenengoz ikusi dugu Bretainiako bandera, haizearen eraginez kulunkan; gazteluan izan da.

 

 

Vitré-tik Fougeresera bidean granjak dira nagusi, sekulako behi aldrak larrean, kanpalekuko zelaian zozoak bezala, belartza zabaletan barreiatutako mota beltzak dira behi ilunak.

 

Fougeres. Erdi Aroko gaztelurik handiena iragartzen dute errepidean, baina elizatzar bat besterik ez dugu ikusi errepidetik.

 

Belartzan zegoen ehunka ahate pila izan da ikuskizun deigarriena.

 

Euri-jasa hasi zaigu etxera bidean eta ez zaigu atertu ilunabarrera arte.

 

180 kilometro, Bretainiako azkenak

 

Malenkoniatsu edo maitasun-egarri jarri ditu euriak edo euri osteak zozo eta birigarroak. Inguruko airea zulatzen zuten txistu bizi eta luzeek. Oin bustiek utzi arazi didate bikoteen dei-erantzunak lotze jokoari.

 

“Ipuin batean bezala”. Joan Mari Irigoien:

* “Nekatu eta ahitu egiten baitzuen nork bere buruaren kontra borroka egin behar izateak”. Nekatua eta ahitua geratzen da bidaiaria zenbait tartetan, pausoak okertzen zaizkionean, norabiderik gabe gelditzen denean.

* “Izan ere batzuk bete egiten dugu ametsa, eta beste batzuek ez...”. Amets gauzatua da bidaia bakoitza. Pertsonek aitortzen dute  bidaiatzeko irrika, baina zein gutxik asetzen duten: frustrazioen aztarnak.

* “Lorategi txiki ongi zaindua deserturik handiena baino beteagoa izan daitekeen bezala, bizitzaren ikuspuntutik”. Urte guztikoek  haina gozamen ekar dezake bidaia batek, pentsatu dut lehenik; gero, baina, antzua eta tristea litzakeela horrelako urtea otu zait. Bidaia bezain oparoak behar dute izan urteko egun guztiak bidaia deserturik handiena baina  lorategi beteagoa izan dadin, urtea desertu zaion bidaiariari desertuaren luzapena izanen zaio bidaiatzea ere.

GIZARTE BERRI BATEN BILA

Jon Etxabe 2023/07/17 12:15
5.- OPOSIZIOA. 6. ALBO GAIAK

Zenbait aburu

Beti dago aldaketa sakonago baten beldur den oposizioa bat, beldur izan ohi dira pausoak ematen hasteko, fedea falta zaie, erabakitasuna, ondo-biziak ohi dira eta dutenari etsita jarraitzen dute, etorri daitekeenari beldur.  Jotzen dituzte estatu kolpeak sozialdemokrata edo erreformistek, baina ez dute gizarte eredurik sustraitik aldatzen, bere oinarriei eusten diete, mugiezinak dira,    menderatzaileen ideien eta moralaren mende eta morroi jartzen dira. Ondo-biziek ez dute bere ondo-bizitza uzten, ez dira etor daitekeenari aurre egin edo ekiditeko gai ere, arrisku unetan ere. Zikoitzak ohi dira eguneroko arazoei buruz. Estualdian, besteen eskuetan utzi nahi izaten dute arduradunek arazoaren konponketa. Elkartu ordez, banatu egiten ditu beldurrak oposizioaren indarrak. Ez da izan ohi norberarekiko beldurra, giza maila osoaren hondoratzearen beldurra baizik.

 

Eraldaketen aurkako jarrera hartzen dute gehienetan adostasun zale eta bitartekariek.

 

Legebiltzarra, Parlamentu edo beste erakunde ofizialetan egon edo boikota egin, hori da oposizioaren eztabaidetako bat; talde edo alderdi horren indarra eta ahuldadea ere erakusten du erabakiak, herriaren iritziari eragingo baitio erakundeotan erakutsitako jarrerak. Erakundeek erakusten dute indarren korrelazioa, ezbaian egon daiteke barnetik aldatu daiteken edo ez indarren korrelazio hori. Aldaketarako borroka soziala ala oposizioko lan politikoa, hor egon daiteke eztabaidaren mamia: borroka politikoak ezin dezake baztertu borroka soziala. Oposizioak zuzen eta argi irakurri behar du ez aurkariak diona, bere asmoa baizik.

 

Irtenbiderik gabe aurkitzen direnean, bere statusa ahalik eta ondoen gorde ahaleginean, ez da aurkaria izanen oposizioa.

 

Beti sortzen dira talde aurkariak, kontrairaultzaileak, sarri botereak sortaraziak edo hauspotuak. Beti agertu ohi dira ere erdibidetik egoera konpondu nahi duten apostoluak.

Ohiko politikaren mugarriak ezbaian edo arriskuan jartzen dituztenean, zerbait berria eraikitzera behartuta sentitzean, halako gandu batek biltzen du dena, etsaiak ere egokitzen ahalegintzen dira, mimetismo batek eraginda bezala, ahalik gutxien ahultzeko, ordura artekoa osagai berri batzuekin konbinatu besterik ez du egiten aginteak, ondo-biziek eurek ere, premiazko ahalegina soilik  egiteko prest daude, defentsa harrera harten du arriskuan dagoenean, babes bila, legearen estaldura bilatzen du, baina baliabide bortitzenak hartuko ditu bere estatusa galduta ikusten duenean oposizioak. Egoera jasanezinez altxamendua eragin duten horiek dira eraldaketaren aurkari eta etsai nagusiak.

 

Ados etorri eta konpondu daiteke arerioarekin zehaztasunetan, baina halabeharrezko edo hil  ala biziko gaietan ez.

 

Erregimen batek, dena delakoa dela, bai politikoa, bai soziala, ez du bere boterea utziko dituen baliabide guztiak ahitu arte, herriaren presioaren eraginen larrialdia heltzen zaionean aurkariak menderatzen ahaleginak eta bi eginen ditu, benetako aurpegia erakutsiz. Ohiko esaldi eta hitz-jarioan babesten dira goi-mailakoak egoera estutzean. ahaleginduko da itunak egiten, aurkaria desbideratu edo erasoa ahuldu asmoz, mugimendua gelarazi eta itotzeko, mugimenduaren kide izan daitezkeenekin paktuak eginaz sarri. Agintaritzan postu bat, boterearen izpi bat, eskaintzea izaten da arerioaren etsaiarekiko amarruetako bat.

Botereak ahaleginak eta bi eginen ditu mugimendua edo oposizioa  itotzen: sortzen diren arazoen errudun edo erantzule eginen du, ahaleginduko dira arazoak beraiek sortzen, ekonomian, gizartean, produkzioan, oposizioa zatitzen… une larrietan bortxa erabiltzen dute aurkarien kontra, arazoa konpondu eta arriskua saihestu ordez. Hauteskundeetan alderdiek ez dute begiratzen boto-emaileak iruzurgileak, mozkorrak, traidoreak edo zer diren, nahiz gero arerioa salatuko duen horrelako salaketak eginez.

 

Kalumnia, difamazioa eta gezurra dira botereak erabili ohi duen baliagarri edo tresna erabilienetariko bat aurkarien kontra.

 

Indarkeriaren bidezidor kontrajarrietan

Aldaketa sakonek ez dute behar indarkeriarik, jasanezin politikoan jarri behar da boterea amore eman dezan, bateraezinak dira indarkeria eta jarrera baturagile edo adostatzailea. Berea du indarkeria eta krudelkeria edozein iraultzak, beti egonen da indarkeri erabiltzeko tentazioa. Agintariengan konfiantzarik ez duenean jotzen du herriak gehiegietara. Indarra baino iruzurra eta azpilana erabili ohi ditu gehien bat gaur egun kapitalismoak, herria maneiatzeko, beraz erru handia, zentzugabea eta inozoa litzake  indarkeria erabiltzea taktika horren aurka. Indarkeriaren erabilpena bihurtzen da buruhauste nagusienetakoa gatazka bat gori-gori jartzen denean. Krudelkeria ankerrena bihur daiteke ezordu edo ez garaiko eskuzabaltasuna.

 

Moralistek esanen dute indarkeria zilegi den ala ez, baina iritzion gainetik dago historia.

 

Ez dago aldaketa sakonik, are gutxiago iraultzailerik, astinaldi bortitzik gabe. Nahikoa oinarri-indar eta berme dagoenean soilik erabiliko da indarkeria, eta behar den neurrian soilik, ondorio latzak etor daitezke bestela. Une erabakigarria heltzen denean, sakoneko aldaketa batean, ezinezkoa da bide baketsuak soilik erabiltzea. Pausoz pauso egiten du bidea iraultzak, baina azkenean indarkeria erabili beharko da, indarkeria erabiliko duelako botereak ere bereari eusteko. Erasokorra izan behar du ekinak eraldaketan, baina defentsak ere asko erakusten du, eraginkorra bihurtu behar da.

Indarra erabiliz arerioa menderatuko duela ustea da agintearen tentazioetariko bat. Egoera egonkor aldekoa zaienean defendatzen du botereak indarkeria politikoaren  aukako morala; egoera arriskuan jartzen bada, aldiz, ez du atzera eginen indarkeria bortitzena erabiltze orduan. Indarren korrelazioan dago koska, zalantzak desorekatu egiten dute uneko oreka edo korrelazioan norbera indartzeko aukera. Liberalismoak ezinbestekotzat jotzen du polizia, anarkismoak, aldiz, liberalismoa garaitu eta suntsitu nahi du polizia ezabatuz.

 

Bortitz bilakatzen dira bakezaleak egoera gogortzen denean.

 

 

Kontaketa

Lan historiko batek ez du behin ere izan behar jarrera politiko baten apologia, zehatz eta sakon arrazoitu eta hausnartutako prozesuaren egiazkoa azalpen bat baizik, gertaeren bere nahitaezko naturaltasunean.

Metodo zehatzez zintzo bilatu eta aztertu gertakizunak, sinpatiak eta antipatiak kontutan hartu, gertaeren arteko loturak alderatu eta egiaztatu, beraien arteko legeak aurkitu: hau da soilik objektibotasun historiko bakarra.

Askoz errazagoa da gerta ondoren marraztea altxamendu baten teoria eztanda egin aurretik izango dena asmatzea baino.

Ustekabeko zirkunstantziek ekarri dutela altxamendua, hori izan ohi da gertaera leuntzeko edo desitxuratzeko joera, alderdia idealizatu izanaren ondorio izan ohi da.

 

Ezinezkoa da inpartzialtasuna historiaren kontakizunean. Gehienetan atzerakoien pozoia eraman ohi du.

 

 

Arazo nazionala

Bi estatu mota daude: nazionalitate homogeneoa dutena litzateke bat, heterogeneoa dutena bestea. Lehenak zentripetak dira, zer bakarrean batzera jotzen dutenak; zentrifugak bigarrenak, banatzeko joera dutenak; funtzio bera eragin dute biek: batasun nazionalaz baliatu dira ekonomiaren euskarri edo tresna bezala.

Kontraesanean dago jarrera inperialista arazo nazionala konpontzeko borondatearekin. Nazioz gaindiko itxura hartu ohi du nazio inposatzaileak bere estatusa  iraunarazteko edo lortu duena gordetzeko, bakezale jitea erakutsiz. Gutxiengoa den herriak isilik dirauen bitartean talde inposatzailea ez da aztoratuko, baina gogor erasoko dio ezinegona agertzen duenean.

Kontzeptu korapilatsua da herri atzeratuaren iritzia, kontraesankorra: herri atzeratua ez doa herri aurreratuaren atzetik hurreratuz, distantzia bera mantenduz baizik. Bere buruaz baliatu ahal izateko eskubidea onartzea da herri zapalduen konfiantza lortzeko bide bakarra. Kolonietako burgesia ere ez da iraultzaile bihurtzen, kanpoko kapitalaren agentzia bezala aritzen da, bere alboan, une erabakigarrietan, independente izateko gaitasunik gabe.

 

Banaezinak dira nazio eta klase borroka.

 

Klase zapaltzailearena izan ohi da hizkuntza ofiziala, horrek nazio txikien kultura garapena eragozten du.

Hizkuntza da gizakien arteko loturetarako tresna nagusia, ondorioz ekonomiarena ere. Hizkuntza bat nazio hizkuntza bilakatzen da merkataritza zirkulazioa bateratzeak herrialde bat batzen duenean. Ardatz horretan sortzen da estatu nazional bat: hori da harreman kapitalisten moldaerako eremu eroso ohikoen eta onuragarriena.

 

Ukatu egin behar zaio estatuari hizkuntza ofiziala inposatzea gutxiengo diren herriei.

GIZARTE BERRI BATEN BILA

Jon Etxabe 2023/07/10 10:55
Trotskyren “Historia de la Revolucion Rusa” irakurriz.

4.- GIDARITZA

 

 

Nolakoa

Une edo aldi batez bi egoeren elkarbizitza bat egongo da, baina ahal den bizkorren hartu behar  da egoeraren gidaritza, arbuiagarria da une erabakigarrietan gidari izan nahi duenak, dela pertsona, alderdi edo erakunde, boterea hartu nahi ez izatea. Gizarte batek, gizarte horretako talde batek ere,  agintaritza bateratu bat behar du, krisi egoera iraunkorra dakar berarekin boterearen dualtasunak, herriaren zatiketa ere erakusten du. Zuzendaritza berri bat egokitu behar da edo daudenak aurrerapausoak ematera behartu.

 

Nahitaezkoa da barne demokrazia alderdi batean.

 

Gidaritzaren zeregina da diskurtso zehatza, logikoa, argia, arrazonatua, trinkoa, kontzentratua eskaintzea,  iskin egin gabe arazoei aurre egiten diona, eskuratu nahi duen botere edo eskumena erabiltzen dakiena. Bizitasun eta bizkortasun agorrezina beha du eraldaketa bat eragin nahi duen alderdi, talde edo erakundeak, argi mahaigaineratu eta eztabaidatu behar ditu funtsezko arazoak eta gaiak. Beti erakusten digu zerbait eraldaketarako mugimendu batek, hitz egiten du, ondorioz laborategi bat izan behar du zuzendaritzak: errealitateko osagaiak eta baldintzak  sakon eta zuzen aztertu eta geroak behar dituen beharrak aurreikusi eta nahitaezko pausoak ikertu eta antolatu, hori da bere betebeharra, egoerak eskaintzen dizkion aukerez jabetu, aukerok maneiatzen jakin, kontsignak gertakizunen eta esperientzia kolektiboaren arabera lantzen diren laborategi bat   izan behar du herrian oinarritutako alderdi batek, ez alderantziz, herriaren bilakaera zuzentzen duten  lege horiek antzeman eta bideratzea izan behar da  estrategiaren ardatza.

 

Jende orok boza ematen dion alderdia ez da alderdi bat.

 

Ezinbestekoa da gidaritzak funtsezko arazoak estrategia eta taktikaren erdigunean kokatzen jakin beharra. Etenik gabe aztertu behar du egoera kontsignak gertakizunekin ezkontzen diren ala ez, ezinbestekoa da atzera pausoetan, porrotetan ere: buruzagiak ezin du adorea eta norabidea galdu. Uneko egoerarekin bat ez datozen bere iritzi eta ideiak, uneko iraupen baldintzak ere, aldaketa behar dituen baldintzetara egokitu behar ditu aldaketa bat ekarri nahi duen alderdi edo erakunde batek, beharrezko distantzia jarri behar du uneko egoerarekiko. Errealista izan, ez exageratu, desitxuratu, ez garrasika norberarena inposatu.

 

Kritika erabili behar da herria ez iruzurtzeko.

 

Egonen dira kontraesanak gidaritzan, horrek zirikatu dezake herria ekintzetara, baina aldi berean izan daiteke ere galga bat. Nork gidatuko duen mugimendu bat, nork egin deia… horretan egon ohi da zatiketa, hortik dator hainbat ekintza  antzua edo eragin urrikoa izatea. Gutxiengo baten helburua ezin daiteke izan boterea edo zerbaiten zuzendaritza eskuratzea, baizik gehiengo baten iritzia, nahia eta harrera bereganatzea, indarren erlazioak hala agintzen duenean soilik ahaleginduko da buru izaten. Betebehar garrantzitsua dute alderdi eta sindikatuek bai une lasaietan bai korapilatsuetan: unean uneko helburu eta jarrerak edo jokamoldeak alda daitezke, baina inola ere ez funtsezko zereginak.

 

Ez zaio beldurrik izan behar gutxiengoan gelditzeari.

 

Ekintzen eta  hitzen arteko kontraesana: ez da nabarmentzen egoera bat lehertzen denean, baina hizka-mizka, liskar eta tirabira asko eta sakonak sortarazten ditu une horretatik at: batzuk aurrera jo nahi dute, besteek atzealdean edo itxaronaldian geratu.

Abantaila handia da borroka batean arerioaren kideak konfiantza galtzea buruzagiengan.

Zuzendaritza batek ezin du barkatu edo baliatu gabe utzi arerioaren edozein labainkada edo hanka-sartze. Irmo egon behar du arerioaren aurrean honek ahula dirudienean, jarrera honek sekulako eraginkortasuna du, konbentzitzeko indarra.

 

Boterearen berezitasuna: ez da babes neurrietatik harago joaten.

 

 

Programa

Programaren arabera da alderdi bat liberalago edo zikoitzagoa,  ez hitzen edo hizkeraren  arabera. Burukide talde batek soilik du programa politiko bat, gertaerek lehenengo eta herriak gero onartu eta bermatu beharko dute. Ideia, ikuspuntu, ikusmolde  eta helburu argi eta finkoa ez duen borondate oneneko politikoa bera ere zalantzaren pipiak joko du gertakizun garrantzitsu eta korapilatsuen aurrean.

Gizarteko krisiak berak erakutsi beharko ditu programaren nondik norakoak,   beraren zehaztasunak; funtsezkoa da horretan oinarritzea; bere esku hartzearekin jabetu beharko da herria helburu eta helbururanzko eman beharrezko pausoez. Gizarteak bizi dituen arazoen irtenbidea gauzatuko duen egitura bat mamitu eta eskaini behar du buruzagitzak. Funtsezkoa da aurreko helburuekin uneko baldintzak bereiztea, prozesuak berak eragin behar du helburu subjektiboak herriaren interesen defentsaren menpe jartzea.

 

Alderdi edo talde batek izan ditzake baliabide eta osagai baliotsuak, baina, alferrikakoak izanen zaizkio ez badaki zer egin beraiekin edo nola erabili.

 

Kontaezin bide eta nondik-norako berri lortu dezakete kontsignek, uneak eta klaseak dituen premiei erantzuten badie, tamalez kontsigna politikoak gehiago dira sarri bestelako interes batzuk estali edo ezkutatzeko, egoera eta arazoak bere gordinean eta egian azaltzeko baino. Hitz-jario eta berritsukeri antzuekin nahastu nahi izaten dute buruek herria, mugimendua ito, edo gutxienez geldiarazi, aldi berean beldurrak berak ere plangintza zuzen eta zintzoenen porrota dakar askotan.

Zaila zaie buruzagiei borroka baten norakoa zehaztea: arazo larria ohi da teoria, analisia eta prestakuntzetatik ekintzetara pausoa ematea, hori baita azken kate-begia. Asanbladak, biltzarrak, hizlari, hitzaldiz edo edonolako hitz-jarioz  asebetetzea… betiko bide eta bidezidorretatik ibiltzea da, bestelako jokamoldeak eskatzen ditu aldaketa sakon batek.

 

Indartsua eta gogotsua denean, mugimenduak berak sortzen ditu ideia eta bide eraginkorrak.

 

 

Atakak

Gidaritza edo zuzendaritzak goitik begiratu ohi izan die herri mugimenduei, ezbaian egon ohi dira, erabakiak hartzeko dudaz, atzean geratzen dira eta ez dute herriaren borroka zuzentzen. Herriaren prozesua ezagutuz, prozesu horretaz jabetuz soilik aztertu eta ezagutu ahal dira alderdi baten norabidea eta buruzagien amarru eta jukutriak.

 

Eragin politikorik ezaz, zuhurtasunaz eta zolitasunaz mozorrotu ohi dute zenbait buruzagik  ardurak hartzeko beldurra.

 

Ondo-biziak, intelektualak, lanbide liberala dutenek… burgesiarantz bideratu ohi dute herriarekiko sentiberatasuna. Zuzendaritza eta erakunde ondo-bizi ez erradikalak herriaren beldur izan ohi dira: azaleko erreformak soilik egiten dituzte goi mailetan, adabakiak jarri besterik ez, ez dute errotik arazoa konpontzen, beraien boterea jarriko litzakeelako arriskuan edo eztabaidan, aldaketok ere beraien boterea bermatzeko edo sendotzeko ahaleginak besterik ez dira.  Herriak agintaritzari boterea, ahalmena edo pribilejioak kenduko dizkion beldurrak mugiarazten ditu.

 

Zalantza da edozein taldek izan dezaken jarrera larri et arriskutsuena, ebakuntza batean osagilek bisturia sartzerakoan zalantza egitea bezalakoa.

 

Gorenera heltzen denean borroka, kontraesanak gori-gori jartze direnean, nabarmentze dira indar politiko eta alderdien jarrerak, ez funtsezko arazoetan jada argi daudenez, bai xehetasunetan, bestelakoetan, bigarren mailakoetan. Beti ohi dira arazoak zuzendaritzan kinka larri eta une erabakigarrietan, aukera egin beharrak sortarazten ditu eztabaidak eta tentsioa: herrirekiko jarrera izan ohi da dezadostasunen ardatza, goitik behera eragingo duen politika ala herriaren nahi  eta egoerari jarraituz eratutakoa. Erreakzio gotor batek ekidinezineko krisiak eragiten ditu alderdietan, aldi berean barne krisi horiek egokiarazten dute alderdi edo talde bat egoera batera. Tamalez, alderdi barneko liskarrak edo eztabaidek geldotu egiten dute mugimendua, aldeko egoerak alferrikaldu eta herri giroa epeldu.

 

Porrotean botereak ez du bere akatsetan boterea galtzearen arrazoia ikusten, besteengan baizik.

 

Klase ezberdinen gainetik, arazoetarako botere-buru ararteko edo arbitro bat jartzeko joera izan ohi da krisi aldietan, bonapartismoa ere deitua: indar ezberdinen oreka bat du beharrezkoa bonapartismoak, baina botere ahula izango da nahitaez, ez da epaile neutrala izanen, burgesiaren botere kontzentratu edo elkartua baizik.

 

Bakegile eta bitartekariek eskuinaren esku uzten dute irtenbidea kinka erabakigarrietan.

 

 

 

 

 

 

 

 

4.- GIDARITZA

 

 

Nolakoa

Une edo aldi batez bi egoeren elkarbizitza bat egongo da, baina ahal den bizkorren hartu behar  da egoeraren gidaritza, arbuiagarria da une erabakigarrietan gidari izan nahi duenak, dela pertsona, alderdi edo erakunde, boterea hartu nahi ez izatea. Gizarte batek, gizarte horretako talde batek ere,  agintaritza bateratu bat behar du, krisi egoera iraunkorra dakar berarekin boterearen dualtasunak, herriaren zatiketa ere erakusten du. Zuzendaritza berri bat egokitu behar da edo daudenak aurrerapausoak ematera behartu.

 

Nahitaezkoa da barne demokrazia alderdi batean.

 

Gidaritzaren zeregina da diskurtso zehatza, logikoa, argia, arrazonatua, trinkoa, kontzentratua eskaintzea,  iskin egin gabe arazoei aurre egiten diona, eskuratu nahi duen botere edo eskumena erabiltzen dakiena. Bizitasun eta bizkortasun agorrezina beha du eraldaketa bat eragin nahi duen alderdi, talde edo erakundeak, argi mahaigaineratu eta eztabaidatu behar ditu funtsezko arazoak eta gaiak. Beti erakusten digu zerbait eraldaketarako mugimendu batek, hitz egiten du, ondorioz laborategi bat izan behar du zuzendaritzak: errealitateko osagaiak eta baldintzak  sakon eta zuzen aztertu eta geroak behar dituen beharrak aurreikusi eta nahitaezko pausoak ikertu eta antolatu, hori da bere betebeharra, egoerak eskaintzen dizkion aukerez jabetu, aukerok maneiatzen jakin, kontsignak gertakizunen eta esperientzia kolektiboaren arabera lantzen diren laborategi bat   izan behar du herrian oinarritutako alderdi batek, ez alderantziz, herriaren bilakaera zuzentzen duten  lege horiek antzeman eta bideratzea izan behar da  estrategiaren ardatza.

 

Jende orok boza ematen dion alderdia ez da alderdi bat.

 

Ezinbestekoa da gidaritzak funtsezko arazoak estrategia eta taktikaren erdigunean kokatzen jakin beharra. Etenik gabe aztertu behar du egoera kontsignak gertakizunekin ezkontzen diren ala ez, ezinbestekoa da atzera pausoetan, porrotetan ere: buruzagiak ezin du adorea eta norabidea galdu. Uneko egoerarekin bat ez datozen bere iritzi eta ideiak, uneko iraupen baldintzak ere, aldaketa behar dituen baldintzetara egokitu behar ditu aldaketa bat ekarri nahi duen alderdi edo erakunde batek, beharrezko distantzia jarri behar du uneko egoerarekiko. Errealista izan, ez exageratu, desitxuratu, ez garrasika norberarena inposatu.

 

Kritika erabili behar da herria ez iruzurtzeko.

 

Egonen dira kontraesanak gidaritzan, horrek zirikatu dezake herria ekintzetara, baina aldi berean izan daiteke ere galga bat. Nork gidatuko duen mugimendu bat, nork egin deia… horretan egon ohi da zatiketa, hortik dator hainbat ekintza  antzua edo eragin urrikoa izatea. Gutxiengo baten helburua ezin daiteke izan boterea edo zerbaiten zuzendaritza eskuratzea, baizik gehiengo baten iritzia, nahia eta harrera bereganatzea, indarren erlazioak hala agintzen duenean soilik ahaleginduko da buru izaten. Betebehar garrantzitsua dute alderdi eta sindikatuek bai une lasaietan bai korapilatsuetan: unean uneko helburu eta jarrerak edo jokamoldeak alda daitezke, baina inola ere ez funtsezko zereginak.

 

Ez zaio beldurrik izan behar gutxiengoan gelditzeari.

 

Ekintzen eta  hitzen arteko kontraesana: ez da nabarmentzen egoera bat lehertzen denean, baina hizka-mizka, liskar eta tirabira asko eta sakonak sortarazten ditu une horretatik at: batzuk aurrera jo nahi dute, besteek atzealdean edo itxaronaldian geratu.

Abantaila handia da borroka batean arerioaren kideak konfiantza galtzea buruzagiengan.

Zuzendaritza batek ezin du barkatu edo baliatu gabe utzi arerioaren edozein labainkada edo hanka-sartze. Irmo egon behar du arerioaren aurrean honek ahula dirudienean, jarrera honek sekulako eraginkortasuna du, konbentzitzeko indarra.

 

Boterearen berezitasuna: ez da babes neurrietatik harago joaten.

 

 

Programa

Programaren arabera da alderdi bat liberalago edo zikoitzagoa,  ez hitzen edo hizkeraren  arabera. Burukide talde batek soilik du programa politiko bat, gertaerek lehenengo eta herriak gero onartu eta bermatu beharko dute. Ideia, ikuspuntu, ikusmolde  eta helburu argi eta finkoa ez duen borondate oneneko politikoa bera ere zalantzaren pipiak joko du gertakizun garrantzitsu eta korapilatsuen aurrean.

Gizarteko krisiak berak erakutsi beharko ditu programaren nondik norakoak,   beraren zehaztasunak; funtsezkoa da horretan oinarritzea; bere esku hartzearekin jabetu beharko da herria helburu eta helbururanzko eman beharrezko pausoez. Gizarteak bizi dituen arazoen irtenbidea gauzatuko duen egitura bat mamitu eta eskaini behar du buruzagitzak. Funtsezkoa da aurreko helburuekin uneko baldintzak bereiztea, prozesuak berak eragin behar du helburu subjektiboak herriaren interesen defentsaren menpe jartzea.

 

Alderdi edo talde batek izan ditzake baliabide eta osagai baliotsuak, baina, alferrikakoak izanen zaizkio ez badaki zer egin beraiekin edo nola erabili.

 

Kontaezin bide eta nondik-norako berri lortu dezakete kontsignek, uneak eta klaseak dituen premiei erantzuten badie, tamalez kontsigna politikoak gehiago dira sarri bestelako interes batzuk estali edo ezkutatzeko, egoera eta arazoak bere gordinean eta egian azaltzeko baino. Hitz-jario eta berritsukeri antzuekin nahastu nahi izaten dute buruek herria, mugimendua ito, edo gutxienez geldiarazi, aldi berean beldurrak berak ere plangintza zuzen eta zintzoenen porrota dakar askotan.

Zaila zaie buruzagiei borroka baten norakoa zehaztea: arazo larria ohi da teoria, analisia eta prestakuntzetatik ekintzetara pausoa ematea, hori baita azken kate-begia. Asanbladak, biltzarrak, hizlari, hitzaldiz edo edonolako hitz-jarioz  asebetetzea… betiko bide eta bidezidorretatik ibiltzea da, bestelako jokamoldeak eskatzen ditu aldaketa sakon batek.

 

Indartsua eta gogotsua denean, mugimenduak berak sortzen ditu ideia eta bide eraginkorrak.

 

 

Atakak

Gidaritza edo zuzendaritzak goitik begiratu ohi izan die herri mugimenduei, ezbaian egon ohi dira, erabakiak hartzeko dudaz, atzean geratzen dira eta ez dute herriaren borroka zuzentzen. Herriaren prozesua ezagutuz, prozesu horretaz jabetuz soilik aztertu eta ezagutu ahal dira alderdi baten norabidea eta buruzagien amarru eta jukutriak.

 

Eragin politikorik ezaz, zuhurtasunaz eta zolitasunaz mozorrotu ohi dute zenbait buruzagik  ardurak hartzeko beldurra.

 

Ondo-biziak, intelektualak, lanbide liberala dutenek… burgesiarantz bideratu ohi dute herriarekiko sentiberatasuna. Zuzendaritza eta erakunde ondo-bizi ez erradikalak herriaren beldur izan ohi dira: azaleko erreformak soilik egiten dituzte goi mailetan, adabakiak jarri besterik ez, ez dute errotik arazoa konpontzen, beraien boterea jarriko litzakeelako arriskuan edo eztabaidan, aldaketok ere beraien boterea bermatzeko edo sendotzeko ahaleginak besterik ez dira.  Herriak agintaritzari boterea, ahalmena edo pribilejioak kenduko dizkion beldurrak mugiarazten ditu.

 

Zalantza da edozein taldek izan dezaken jarrera larri et arriskutsuena, ebakuntza batean osagilek bisturia sartzerakoan zalantza egitea bezalakoa.

 

Gorenera heltzen denean borroka, kontraesanak gori-gori jartze direnean, nabarmentze dira indar politiko eta alderdien jarrerak, ez funtsezko arazoetan jada argi daudenez, bai xehetasunetan, bestelakoetan, bigarren mailakoetan. Beti ohi dira arazoak zuzendaritzan kinka larri eta une erabakigarrietan, aukera egin beharrak sortarazten ditu eztabaidak eta tentsioa: herrirekiko jarrera izan ohi da dezadostasunen ardatza, goitik behera eragingo duen politika ala herriaren nahi  eta egoerari jarraituz eratutakoa. Erreakzio gotor batek ekidinezineko krisiak eragiten ditu alderdietan, aldi berean barne krisi horiek egokiarazten dute alderdi edo talde bat egoera batera. Tamalez, alderdi barneko liskarrak edo eztabaidek geldotu egiten dute mugimendua, aldeko egoerak alferrikaldu eta herri giroa epeldu.

 

Porrotean botereak ez du bere akatsetan boterea galtzearen arrazoia ikusten, besteengan baizik.

 

Klase ezberdinen gainetik, arazoetarako botere-buru ararteko edo arbitro bat jartzeko joera izan ohi da krisi aldietan, bonapartismoa ere deitua: indar ezberdinen oreka bat du beharrezkoa bonapartismoak, baina botere ahula izango da nahitaez, ez da epaile neutrala izanen, burgesiaren botere kontzentratu edo elkartua baizik.

 

Bakegile eta bitartekariek eskuinaren esku uzten dute irtenbidea kinka erabakigarrietan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

   

 

 

 

 

 

   

 

GIZARTE BERRI BATEN BILA

Jon Etxabe 2023/07/03 10:25
Trotskyren “Historia de la Revolucion Rusa” irakurriz.

HERRIA

 

 

Euskarria

Eraman handikoa da herria, halaz ere ez da edonola moldeatu daiteken buztina. Ikuspegi argi baten premia du aurrera egin ahal izateko. Beti errespetatu behar da bere nahia eta iritzia, aurrera egin nahi bada. Zoritxarrez erabili egiten dute politikoek eta alderdiek herria, mesprezatuz: prozesu politikoak herriari nola eragiten dion ikertuz soilik ondu beharko litzake alderdien eta buruzagien jokamoldea.

 

 Oso zaila  da aldaketa bati buruzko herriaren jarrera aurreikustea, ondorio kontraesankorrak emango lituzke erreferendum batek, herriaren hizkuntza ez baita hizkuntza ofiziala, egia izanik ere mugimendu oroko jarraitzaileak baduela beste edozeren gainetik jartzen duen bere taldearekiko jarrera mistiko bat. Urteetako lana da herria heztea edo egoera berrietarako janztea. Zer galdu duena da bere eskubideen alde mugitzen azkena. Oso zaila da herriaren kontzientziaren aldaketak ikertzea.

 

 

Indarra

Beharrezkoa da gidaritza organizatu bat, ezinbestekoa ere herriaren indarra eta eragina. Eragin zuzena dute herri mugimenduek politikoen eta alderdien goi-bileretan, ezkerrerago egon ohi da ezkerreko alderdi et erakundeak baino. Herriaren kontzientzian bilakatzen diren aldaketak ez dira behin ere autonomoak edo independenteak, bere izaerak baldintzatuta dago herri horren kontzientzia, horregatik bilatu behar da argibidea eta zergatia herri horren berezitasunetan.

 

Une erabakigarrietan, herriak badaki azkar ikasten, erabakiak hartzen ere, nork gidatu badu, horretan dago hain zuzen ere bere indarra,  indar horrek ematen dio egiatasuna mugimenduari, aldi berean egiatasunak indartu egiten du mugimendua. Grebek erakusten dute herriaren jarreraren nolakotasuna eta irrikaren norainokoa.

Ez du herria beste ezerk gehiago ahultzen zuzendaritzaren zalantzak baino. Zain egote antzu horrek irekiko ez zaien atean jotzera eramaten du herria, jarrera bortitz alferrikakoetara.

 

 

Pausoka

Herriaren aldaketa-kontzientzia ez doa ekintzen pauso berdinean, denbora gehiago behar du duen jarreratik egoera berri baten premiarantz kontzientzia bilakaerarako. Herriak ideia eta asmo bat bereganatzen duenean, gauzatu dadin nahi du, praktikan jarri. Gertakariak mende hartzea lortzen den heinean elkartzen  da. Sarri ez daki ze izen jarri bizi eta nahi duenari, baina garbi ditu bizi duena eta nahi duena. Herriaren iritziak ez dira hutsik gabeak, baina ez da ez itsua ez inozoa, badaki, prozesu sakon batean, ikusten eta bizi duenaren aurrean egiatik hurren dagoen juzkua egiten, buruzagien zeregina da sentipen eta uste hori jaso eta bideratzea.

 

Esperientziak egin behar ditu, beste irtenbideak ez direla irtenbide praktikaz esperimentatu, azkenik beste pauso bat ematera ausartu. Esperientzia egin behar du aldi batez aurrea pauso bat emateko, bere emaitza antzuak esperimentatu, esperientzia horrekin teoriko eta irakasle jakintsuek baino sakonago irakurtzen du herri xeheak berak egoera eta honen bilakaera.

Tarteka atzera pausoak emanez egiten du aurrera, ez da homogeneoa, atzamarrak erreaz ikasten du sua indartzen. Herriaren gogoeta eta jarreren aldaerak ez dira gertatzen ari denarekin bat joaten gehienetan, pausoka ematen da batasunerako bidea. Ez du bat batean eta batera jarrera aldatzen eta bateratzen, ezta azkenean batasun horretara helduko direnean ere: hor datza zuzendaritzaren lana.

 

Herria, auzoak eta talde ezberdinak ere, pauso eta etapa ezberdinen,  borrokaren gorabeheren jabe eta jakitun egon behar dute, informazio zehatza eta argia behar dute, batasuna ematen dio horrek borrokari, ezin zaio arerioari jarraitzaileok sakabanatzen utzi. Momentuko gorabehera batek ez du herriaren harreraren bilakaera aldarazten, baina gertaera edo  egoera gaiztotze batek dakar sarri edo gehienetan herriaren jarrera biziberritzea. Ezin dakioke ezer inposatu, herriak berak konbentzitu, jabetu, eta onartu behar du aldaketa gauzatu behar duela. 

 

 

Ekinean

Herriak bere irakurketa  propioa egiten du egoera eta gidarien aginduei buruz, zuzena bada, herria jabetuko da azkenean norabideaz, elkartzen joango dira herritarrak, ez baitute beste irtenbiderik. Herriak ikasi egiten du une erabakigarrietako kontraesanak gainditzen, konpontzen ditu, baina berehala berriak sortzen zaizkio.

Herriaren bilakaera politikoa ez doa norabide berean, marra zuzenean gauzatzen, sigi-saga joan ohi  da, baina sakonean eta orokorrean norabide bera da, eraldaketa-borrokak ez du logikarik, herri bizia da gizartea, jarrera ezberdinak hartu lezake une bakoitzean. Gutxiengo batek soilik daki zeri eta nori ematen dion boza, aurrez hartzen du herritar askok ze alderdi babestu, bozketan batez ere: horregatik lan sozialetan irabazi behar da erabaki horren norakoa.

 

Prozesu bat helburuetara heltzean barnerainoko krisi sakona sortzen da jarraitzaileengan, arazoak konpondu gabe daudelako oraindik, biluzik bezala uzten dituelako egoerak, une gorietan, egonezin larrietan, herriak erraz jotzen du ekintza zuzenetara. Legez kanpoko ekintzak izan ohi dira kontzientzia hartzeko eskolarik eraginkorrena. Gidarien nortasunak badu zerikusia, baina uneko baldintza sozial zein ekonomikoek erabakitzen dute azkenean.

 

Akidura eragiten dute porrotek, porrotaren zenbaterainokoak eragiten du akiduraren iraupena. Une bakoitzean zintzo eta argi azaldu behar dira egoera  eta norabidea, eta horrela herria hurrengo pausorako gertatu eta indartu, jakitun jarri.

GIZARTE BERRI BATEN BILA

Jon Etxabe 2023/06/26 10:15
Trotskyren “Historia de la Revolucion Rusa” irakurriz.

BALDINTZAK

 

 

Funtsezkoak

Gizakiak dira eraldaketa-mekanismo multzoko torlojuak, kontaezin eta ikusezinak, baina nahitaezkoak. Ez dago sakoneko aldaketarik ahaleginak ez badu oinarrian herri-mugimendu sakon, zabal eta eraginkor bat; hori gabe alferrik dira buruzagi eta zuzendaritzaren kontsignak. Nahitaezko baldintza da herriak bere etorkizun berrian esku-hartze zuzena hartzea. Herri gehiengoaren esku-hartze zuzena egon behar du gertakizunetan, ezaugarri nagusietako bat  da hori, herritarrok dira baliabide bakarra. Herriak beregan duen konfiantza izan behar du mugimenduaren oinarria.

 

Zuzendaritza bat eta gidariak behar ditu herriak aldaketara bidea egiteko. Zuzendaritza eraginkor bat da ere baliabide ezinbestekoa, bi osagai baititu gizartearen errotikako aldaketa batek: herriren ezinegona eta zuzendaritza baten programa egokia, nahitaezkoa da bi baldintza horien konbinaketa.

 

Ezarri nahi den estatus edo sistema berriak aurrekoak gainditu ezin zituen arazo eta premiak askatzea lortu behar du. Errotikako aldaketa horretarako ideia argi eta egokiena gauzatzeko erabaki zintzo eta irmo bat ez badu malgukia hondatu zaion ordulari bat bezalakoa da aldaketarako ahalegina. Ekintzara zuzendua izan behar du teoria oro, hau da, gauzatzeko pausoekin lotua. Aldi berean ezinbestekoa da zerikusia duen ororen indarrak baloratzea, eta norberarenak ondo neurtzea.

 

Nahitaezkoa da diziplina edozein askatasun borrokan, baina mugimenduak berak ezarritako diziplina behar du izan, ez besteek ezarritakoa, are gutxiago aldatu nahi duzun klase horretako buruek ezarritakoa. Ezer gutxi egin ahal da osagai edo ahalbide bakar soilekin, osotasunean eta batasunean erabiltzeak du eragina. Nolanahi mugimenduak ez du zergatik homogeneo izan behar, bizi-baldintzak  eta ezusteak lehertzen badira ere.

 

Hiru arau: 1: ez fida burgesia eta ondo-biziez. 2: gidariak hertsiki eta hurretik zaindu. 3: norbere ahal eta indarrak soilik kontuan hartu.

 

 

Ezinbestekoak

Aurreko egoera eta aldaketa uneko oreka hautsi behar da. ezin daiteke bidezidorretan galdu, diagonaletik jo, ezin daiteke irten norabide zuzenetik.  Bi helburu egon behar dira beti presente bidaldiko aldi bakoitzean: 1: herria indartu eta indartze hori azaldu. 2: zapaltzaileak isolatu eta ahuldu.

Aldaketa ez da berehala egiten, une batetik bestera, aurrez aldaketarako lehen pausoak ematen dira: ideiak, sustraiak, botatzen hasi behar da.

 

 Bitartekariak baino herria gertatzea, herria heldua egotea da beharrezkoa ez ezik funtsezkoa. Alferrikakoa da beste dena giroa gertatzen ez bada,; uneko giro edo baldintza egokiak ez dira nahikoa aurretik prestaketa lana egin ez bada herriaren jarrera eta erabakia sendotzen. Aurrera pausoak eurak soilik ez dira nahikoa, herriak izan behar du aurrerapenen horien berri, berehala eta argi, eta aurrerapausoen garrantzia barneratu, batez ere aurrera pausoa eman eta garaipena lortzeko, berandu izan baino lehen; historian bada hutsegite horiengatik izan diren porrotak, ezinbestekoa da gertakizunen hedapen eta ondorio halabeharrezkoez jabetzea; direla gaipenak zein porrotak, gezurrak, kalumniak zein salaketak.

 

 

Helburuak

Sakonean bi botereren teoria soilik egon ohi da nagusiki gizarte baldintzen eraldaketa batean. Ekintza zuzenetara jo aurretik herriak bere behar, nahi eta errebindikapenei buruzko kontzientzia argia izan behar du. Helburu argiak eta zehatzak behar ditu aurrera egiteko. Patxadaz eta emeki azaldu eta argitu behar dira, aurrez eta garaiz egoera, asmo eta ideiok. Plangintza zehatzak eskaini behar dira, bete ezin badira ere: ziur dauden herritarrak bere horretan indartzen dira, eta ezbaian daudenak erakartzen; hausnarketara bultzatu eta  jarrerak argitzera behartzen du gainera.

 

Zehatzak eta argiak izan behar dute errebindikapenak, zenbat eta abstraktuagoak, orokorragoak, izan eskabideok, motelagoa eta ahulagoa izanen da herriaren erantzuna. Metodo jakin bat behar du herri mailan azpiratuen askatasun borrokak, aldi berean ezin da egon inolako nahasmenik ez zuzendaritzako kideengan ez taldeetan. Kontzentratu edo biltzeko ezaugarria izanen den sinbolo edo helburu bat ere behar da.  Estatistikek ez dute beti arazo funtsezko bat erakusten eraldaketetan, beti sortu ahal daiteke ezusteko ekintza edo gertaera bat.

 

 

Bidelagunak

 Eraginkorra ez ezik oinarrizkoa izanik ere banakakoen lana gehiengoa edo taldea mugiarazteko, ezinbesteko baldintza da, beti eta edonon, azpiratutakoak elkartu eta batzea. Txikia den talde batek  aldaketa bila dabiltzan beste talde batzuen bermea eta eusgarria bilatu behar du, aurreko egoerarekin disgustura eta bere auka dagoen herritar horiek erakarri behar ditu ezarri nahi den estatus edo sistema berriak.

 

Funtsezkoak dira klase ertaina, burgesia txikia edo ondo-biziak; ezbaian egon ohi dira eraldaketa batean, jarrera erabaki arte, konfiantza gehien eskaintzen dionari jarraitzen dio, jarrera ezegonkorra izan ohi du, gora-behera askokoa da.

Errepresio indarrak jarri behar ditu bere alde herriak, funtsezko pausoa da hau, horretarako zuzen-zuzenean hitz gin behar du, aurrez-aurrekoen lekuetan, erakundeen eskuetan utzi gabe.

Ez da posible demokrazia bat ejertzitoarekin: ejertzitoa indarkeria da, eta indarkeria lotezina da demokraziarekin, aldi berean baina, ezinbestekoa da ejertzitoa eraldaketa politikoan: bere parte hartze zuzena edo onespena gutxienez behar da, ejertzitoa landu behar da, edo gutxienez kontutan hartu.

 

 

 

 

 

 

 

GIZARTE BERRI BATEN BILA

Jon Etxabe 2023/06/19 10:55
Trotskyren “Historia de la Revolucion Rusa” irakurriz.

Argibide gisa

 

Duela asko, Zamorako Konkordatu kartzelan,  irakurri nuen Trotskyren “Historia de la Revolucion Rusa”. Iraultza-utopia bizi genuen garaia zen. Diktaduraren azken urteak. Gizarte eta politikaren eraldaketa baten txingarra hauspotzen genuen, garra atera esperantzan.  Zenbait ohar eta iritzi orokor jaso nituen irakurketatik iraultza boltxebikearen zehaztasunez harago.

 

Hor zeuden multzoan koaderno batean liburutik jasotako burutapen edo oharrak.

Sailkatu egin ditut, nolabaiteko ordenu bat jarriz, nolabaiteko forma, gorputz edo batasuna emanez.

 

Errusiako Iraultzaz ari da Trotsky, iraultza hari buruz ari dela egiten dituen gogoetak dira jaso nituenak. Baliagarri deritzet iraultza baterako ez ezik, edozein gizarte edo politika aldaketa sakon edo eraldaketa baten hausnarketarako. Iritzi baliagarriak direlakoan nago, gogoetarako hari-mutur asko eskaintzen ditu. Gaur egungo egoera sozial eta politikorako ere.

 

Ordenagailuko isilean gorde baino blogeko esparru agirian jartzea erabaki dut.

 

Atal hauek ditu:

1.- Zer den iraultza bat.

2.- Baldintzak.

3.- Herria.

4- Lidergoa.

5 - Oposizioa.

6.- Zenbait albo-gai

 

Iraultza

 

Zergatia

Historiaren tren-makina da iraultza, gizartearen edozein eraldaketa sakon bat. Herriak edo gizarteak bere egonezinari bilatzen dion irtenbide bat besterik ez. Ez dago beste baten berdina den iraultzarik, ez dago beste baten pausoak jarraitzerik, etapak imitatzerik.

 

Jasanezina suertatzen zaionean ezarritako ordenua, une erabakigarrietan, hautsi egiten ditu langak herriak, erorarazten ditu agintariak eta hasera ematen dio egoera berri bati. Baldintzak egokitzen direnean, sistema zaharra beherantz doanean, egitura eta gidaritza zaharra tumore bat bezala bilakatzen direnean gauzatzen da. Baldintza bereziok sortzen direnean soilik esnatzen da orain artekoa hausteari eutsi ezina.

 

Egoera jasanezina behar du izan herriarentzat, leherketa bat bezala, gizarte zaharkitua jasanezinak darama herria errotikako aldaketara. Epe motz batean agertuko da agian aldaketa premiaren sentipena, baina, aurrez  luzaroan joaten da umotuz. Aurreko oreka hausten denean ematen da aldaketa.

 

Behetik hasten da sakoneko edozein aldaketa, buruzagitzaren iritziaren aurka gehienetan, honek ordua ez dela heldu  oraindik uste dutelako. Zirkunstantziek eragiten du, beste biderik ez dagoenean gertatzen da, kontraesanak gori jartzen direnean. Goi mailetara ere etorri ohi da egoera iraultzeko nahia eta jarrera, agintaritza edo inguruetara,.

 

Kontraesanak sortzen dira zuzendaritzaren erabakien eta herriaren nahi eta jarreren  artean: hor kokatzen da eraldaketaren aukera. Oszilazio edo gorabehera asko izan ohi da borroketako kontziliazio edo elkar aditzeetan. Konfrontazioa heltzean, amore emanen du aldi batez zenbait arazotan botereak ere,  baina gainbehera ez da geldituko, denbora arazoa da aldaketa noiz gerta.

 

 

Zertan datza

 Ez da nahikoa boterea eskuratzea, iraunarazi egin behar da. Errotikoa, geroari begirako oinarrizkoa izatea eskatzen du eraldatze sakonak.

 

Indar gehigarri bat bilakatzen da datorrena aurreikustea, gertakizunen nondik norakoa ulertzea. Kritikatik ekintzetara jauzia da  eman beharreko lehen aldaketa. Eraginkortasunak ematen dio ekintzari garaipena edo porrotaren neurria. Gizartearen harreman materialek marrazten dute gauzatu beharko den prozesuaren bidea.

 

 Aurreko erregimena botatzeak ez du esan nahi aldaketa sozial sakonik egonen denik. Isilik, ezkutuan bezala, mamitzen dira gizartearen kontzientzia kolektiboaren bilakaerak, tentsioa areagotzen denean, egoera tenkatzean, orduan azaleratzen dira oreka berria gauzatuko duten baldintzak, jendearen izpiritua, ideia berriak, ekintza ezberdinak… nahiz hauek ere ezegonkorrak izanen diren.

 

Arrazoiak eta logikak ez du balio krisialdian, uneko dialektika historikoetan, porrotera doaz iraganari eutsi nahi dutenak. Lehian dauden gizataldeetako kontzientzian jarrera bilakaerek eragiten dute zuzenki gertakizun eta gorabeheren nondik norakoa. Gizakiak sakonen ezagutu edo bizi dituen arazoen fruituak dira aldaketa sakonenak.

 

Erabakigarriak dira gertaeren dinamikan herriaren psikologiaren aldaketa azkar, tenkatu eta bortitzak; ekonomiaren egoera eta herriaren ongizate maila ez dira nahikoa arrazoi. Barne krisiak gainditu eta gertakizunetan eragiteko gaitasunak eragiten ditu aldaketak. Egituren eta buruzagien atzerapen kronikoak eragiten du egituren erorketa, ez demagogoen lanak. Izan dezakete ere eragina ekintza eta egoera zirikatzaile edo probokatzaileak.

 

Gizartearen egiturak zein egoera berri baten nahiak edo premiak ez du bultzatzen herria aldaketa eragitera, menpekotasunari men egiteko joera baitu berenez. Bere sakoneko kontserbadoretasunak eragiten du herriaren ideia eta jarreren aldaketa azkar eta ustekabekoa, ez aldakorra izateak. Altxamendu bat ez du eragiten formula edo teoria batek, ez eta etenik gabe goitik datozen aginduek, sendotu eta landu egin behar da behin eta berriz, haragi eta hezurdun gizakiek gauzatzen baitute aldaketa sakon bat.

 

 

Pausoka

Pausoka, zapaltzen eta lotzen duten indarren aurkako garaipenak lortuz,  egiten du aurrera naturak, gizarteak, gizakiak berak ere. Mailaz maila egin behar du gora aldaketa. Luzea ohi da prozesua. Gizarte aldaketa batean ere. Denbora behar du, herriaren iritzia eta jarrera sendotzeko pauso erabakigarriagoak eman behar dira aurretik. Herri horren kultura  eta egoera ekonomikoaren arabera jauzi berri bat eginen da agian zenbait etapa alboratuz.

 

Bilakaera ezberdina izaten du eraldaketa bakoitzak, eskemek ez dute balio, jauzika egiten da. Geldialdi eta atzera pausoak izan ohi ditu, luzeak sarri, kontraesan asko egon ohi baita egoera aldatu nahi dutenean artean, horrek luzatu eta zailtzen du aurrerapausoak  ematea. Kinka-uneak egon ohi dira, laburrak gehienetan. Aurrera pausook eman eta eutsi egin behar zaie emandakoei. Eragozpenak eta ezinak sortuko dira etsipena eta ezaxolakeria sortaraziz herrian,  kontrako indarrak indartuz.

 

Denbora gutxiko tarte batean egon ohi da sarri garaipena edo porrota: ez dago ez arduratzeko unerik politiko sozial edo edozein gisako borroka batean. Eragina izan ohi dute prozesuan ezustekoek eta halabeharrek, horiek gainditzeak, baita horiez baliatzeak ere, eragin zuzena izan dezake. Luze dirauen aldaketak maiz behar du arrakasta edo aurrerapen nabarmen bat.

 

Ekidinezina dira beheraldiak edozein prozesutan,  ezinezkoa da gelaraztea, eutsi eta irentsia edo arrastatua ez izatea da aterabide bakarra. Buruzagien zenbait jarrerak atzeratu dezake aldaketa, baina inola ere ez eragotzi baldintzak suertatzen direnean. Herriak, masak, aurrera pausoak ematean, erakunde teoriaz ordezkaria oztopo eta galga izatea da arriskua. Buruzagitzak aurreikusitako plangintza albo uziz egin ahal da aurrera, tarteko etapak gaindituz gehienetan.

 

Tregoa bat oso arriskutsu da borroka batean.

 

 

Zenbait gogoeta

* Zapalduek ez dute idazten Historia, gauzatu egiten dute bere bizitzarekin.

* Teoriaren atzetik joan ohi da praktika politikoa, zailtasun handiagoz aldatzen baita jokamoldea ideiak baino.

* Helburu eta asmo ororen mami bilakatu ohi dira premia politikoak, herriaren premietatik urrun.

* Mugimendua  zalantzati jartzea eta gelditzea, porrota izan daiteke. Amore ematea edo luzapena esan nahi du Konstituziora jotzeak.

* Garrantzia izugarria du norberaren indarren neurketa eta ebaluaketak indarren korrelazioa eta norberaren pausoak neurtzerakoan.

* Eraldaketa guztietan beti dago erabakigarria den une bat. Une erabakigarriak izaten ditu aldaketa sakon batek, aukeratu beharreko unea izaten da: azaleko aldaketa arinak edo sakonekoak egin.

* Ondo neurtu behar dira erabakiak, aho biko ezpata izan daitezke. Kinka larrietan ezin daiteke erdizka jokatu.

* Gerra eta iraultza garaietan erabakitzen dira herrien eta klaseen etorkizuna ez ezik existentzia bera ere.

 * Eraldaketaren gorabeherek uzten dute agirian, pauso berri bakoitzean, boterearen nolakoa, ahala eta nondik norakoa; disimulatu edo estaliko ditu botereak, baina berriro agertuko dira bere biluzian.

* Gizakiaren ahuldadeak azpimarratu besterik ez dute egiten aldaketen garrantzia.

* Gutxi batzuen ekintza isolatuak ez dute eragin sakonik, abentura kutsukoak izanen dira ekintza bakartiak.

* Komunikabideak ez dira gai teknikoa soilik aldaketa batentzat, arazo politikoa bilakatzen dira ere.

* Porrotetan eta desengainuetan, une zailetan, azaltzen dira gainditu gabeko aurreiritziak eta arrakalak, arerioak helduko die horiei erasotzeko, gehienetan kalumnia gehituz.

* Tarteka, zenbait aldaketa unetan, zentzuduna bilakatzen da zentzugabea, eta  gertakizunek behartzen dutenean zentzugabea bilakatzen zentzuduna: absurdoaren eta arrazoizkoaren interferentzia eta bilakaerak.

*  Esperientzia da gertakizunen kaosean ordena jartzen duena.

* Arerioak akuilatzea behar izaten  du mugimenduak batzuetan.

* Alderdi eskuindarrei lekua hartzen die ezkertiarragoek, aldi berean hauek herriaren presioa jaso behar dute.

* Indar ezberdinen korrelazioaren ondorengo porrotak aldatu egiten du korrelazio hori, galtzailearentzat desabantailan, irabazlearen konfiantza berengan sendotzen baita, galtzailearena, aldiz, ahultzen.

* Arrasto sakonak uzten ditu errepresioak, unean ez bada, gero emango diren urratsetan.

* Beti uzten du arrastoa, ondorioa, egoera aldatzeko edozein ahalegin indartsuk.

* Espioitza ohi da boterea lortzeko borrokako tresnetariko bat.

* Mundu osoko tamaina hartzen duenean ekonomiak, herri atzeratuek, aurreratuen presioz, zenbait erdiko maila gainditzen dituzte. Eurenez egitura sozial eta tradizio finkatua ez edukitzeak erraztu egiten du aurreratuen teknika eta pentsaera bereganatzea. Bi ertzeko polo gauzatzen dira bilakaera honetan: talde atzeratuak eta aurreratuak, biek burgesia erasotzen dute.

BIDAIAK 2002 - ITALIA

Jon Etxabe 2023/06/12 10:40
MOLISE. ABRUZZO. San Vito Chietino. Chieti, Campo Imperatore, Fonte Cerreto, Isola, Lanciano, Guardiagrele, Maiela Mediak, Cazoli, Maiela estrata, Forchueta, Lama di Peligni, Piano Cinquemiglia, Pesco Costanzo, Sulmonta, Vasto. * LAZIO. Orvieto, UMBRIA. TOSCANA, Figline Valdarno, Valdarno, Firenze.

Ekainaren 17a.  Astelehena. 46.a-I:44.a

 

“Hyperion”. Friederich Holderlin:

* “Ahantz dezagun denbora bat badela eta ez ditzagun egunak zenbatu”. Bidaiariak zehatz zenbatu behar ditu egunak: denbora bat egon bada, besterik da ditugun egunak denborarik ez balego lez gozatzea.

* “Oso gutxi mintzatzen ginen”. Bidaiariak isilune asko behar ditu, bere baitan gordetzeko uneak.

* “Arrosak urrezko errautsean pozten diren bezala, esaten genuen, horrela pozten du lurra eguzkiaren argiak bere izpiekin”. Edo kiskaltzen. Zenbat aldiz zapuztu du bisitaldia beroak, zenbat aldiz bisitariak etxerakoa hartu behar izan du sapa derrigortuta, zenbat aldiz ez du gozatu  hiri bateko altxorrez galdaren zamagatik.

* “Zer da gizakiek mendeetan egin eta pentsatutakoa, maitasunaren istant baten ondoan”. Gizakiek utzitako kultura, artelan, pentsaera, bizimodu, biziera... maitasun instanteen ondorioak dira gehienetan, askotan.

 

Aldaketa eguna. Egun kopuru zehatza geratzen zaigu, datorren astean etxean egonen gara eta. Partidaren azken pausoetan gabiltzan sentipena dut. Nekaduraren arrastoak ere hasiak dira. Hasi da etxerako garaia heltzen.

 

Bederatziak, 28 graduko hozberoa atera garenean. Bihozmin handirik gabe uzten ditugu aurrean ditugun Gargano mendiok, atzo gogaitu baiginduten, batez ere itsas bazter uste genituen baina lur barrukoak izan zitzazkigun bihurgune amaigabeek.

 

Santa Maria di Siponto. Mantso joan gara errepidean bere aurretik. Erakargarria da ikusi ahal izan duguna: zizelatu aparta dirudi sarrerako ateak, potxoloa da absidea: ezberdina kaperaren baten irtentxo arkudunarekin, harrizko teilatua... hainbat arrasto eder ikus ahal zaio. Irudi paregabea eskaintzen du osotasunean, badirudi monasteriotxo bat zela: tximinia antzerako dotoreak, eraikin osagarriak... Maparekin argitu dugu errepideko zenbakiari esker, hau da bilatu behar genuena, eta ez Siponto auzoan bila ibili gintzaizkion hura.

 

Berotegi sail erraldoia Foggia aurretxoan, hiri handia beti da bermea nekazari ekoizlearentzat. Bada ere argindar tantai erraldoien sare trinko-trinkoa, norabide guztietan, argindarra doa edo dator, agian Manfredonia portu ondoko tximiniateria, itsasgaineko bide eta gainetiko erraldoikeria hura argindar zentral bat da.

Gargano mendiak inguratuz egin dugu 60 kilometroko lehen zatia, urrutitxotik, baina hor daude, oso gertu sentitzen ditugu. Galsoroetan goaz egunotan lez, irudi bitxia eskaintzen dute ehunka gari lasto fardel borobilek urrezko alper-harriak soroetan barreiatuta bailira, argazkilari batek badu zenbait argazki deigarrirentzako motiboa, angelua, nondik begiratu, bilatzen jakinez gero. Ez dugu jakin-mina argitu: sail trinko berde ilunak zer ote diren, hainbat  daude, ondo zainduak denak.

 

S. Severo. Inguruko herrien irudi bera eskaintzen du: etxe multzoa lautadako goranzko leungune  batean, etxe berriak nagusitzen dira, zeintzuei piramide tankerako teilatuzko dorre lerdenak gailentzez zaizkien.

 

Berdetu zaigu lurraldea mahasti eta olibondoekin.

Poglio aldean dozena erdi bat mendi-tontor, ez nolanahikoak, harrobi baten hondakinez hasiak. Mendirik ez denez lur azpitik datoz nonbait hondakinok.

Lesina inguruan izen bereko lakua, luzea eta zabala, alde bakoitzak herri bana erakusten du, ur ertzean bertan biak

.

Itsasoa agertu zaigu urdin eta lasaigarri. Tarteka, orain ikusgai, orain ez, gertu edo urrutitxo, lagun izan dugu aurrerako bide osoan.

 

 

MOLISE

Olibadi eta mahasti itsasorantz, galsoroak barru aldera, ordoki dena da berdegune, mendi-muino leunetako malda bigunak soilik dira galsoro. Hala egin dugu  probintzia honetako ibilbide motza.

Iparrerago goaz. Herri bakoitzak industrigunea du.

Beti daude gandupean urrutiko mendi-muinoak, bertaratuz, aldiz,  eguzkitsu.

Goizeko hamarrak eta 30 graduko hozberoa.

Astoei kabestrua bezala, antzerako zerbait jarri digute autobideko bidaiarioi, helburu berdinarekin: begientzako pentsu bila denborarik ez galtzea albora begira; lorezko horma ederrak dira, baina harantzagoko ikuspegia lapurtzen digute. Errepidera begiak mugatzea beste aukerarik ez du autobideko gidariak. Kukuka joan behar dugu, garbigunetan ia zer eskainiko inguruak. Dottorea baina itsua da autobidea, aspergarria gainera. Isolatzailea, gizartetik eta naturatik ateratzen zaitu.

 

 

ABRUZZO

Izen bereko mendiak ditu altxor preziatu, hurrengo egunetako gure ibilbidea. Lurralde menditsua: mendi-muino gero eta hasiagoak izan ditugu lehenengo, menditzar izugarriak agertu zaizkigu azkenik, elurtuta oraindik, gandupean misteriotsu: Italiako Gran Sasso mendiak dira. Hurrengo egunetan ezagutuko dugun lurralde atsegina, dena da uhin sakon eta garaia, berde berdea, etxe zuriz zipriztinduta. Mahastia da berdegunean nagusi, baina basoa da zenbait mendi-kasko. Lasaigarria. Gustura sentitu gara.

Aspaldi ahaztuta genituen autobideko zubiak agertu dira berriro, trunka-trunka goaz jauzika bezala.

 

Kanpalekua. S. Vito Chietino herrian dago egon, baina herriko Marinan. Gainbehera piko eta bihurgune zorrotzekoetan egin dugu itsasora. Ez dago, baina, espero eta nahi genuen bezala itsas kontra, hurrean arren. Itsasoaren ordez igerilekua dugu. Ezki pean kokatuta arren ez dago eguzkiari ihes egiterik. 30 gradutik gorako hozberoarekin gaude. Kanpin guztiak lez, hau ere Uztailerako gertatzen ari da, dena pintatu, txukundu eta konponduz. Sekulakoa behar dute izan kanpalekuok udan, jatetxe, dantzatoki, taberna, etxola... mundu bat dator herriei edo hiriei ihesi. Agian beroari ihesi, beroari aurre egiteko aukera egokiago baten bila.

 

Etxeko patxada aukeratu dugu, herri bateko katedrala ikusteagatik sapa jasan ordez. Eman diot freskatualdi bat gorputzari.

 

185 Kilometro, Abruzzo probintziara, eta izen bereko mendi inguruetara.

 

San Vito Chietino. Itsas gaineraino zuzen eta garai sartzen den lurmutur baten gainean kokatua, behatoki batez bukatzen den herri luzea. Izan berri ditu jaiak, bonbilladun arkuz erabat dotoretuta daude kaleak.

Marina:  ez du apartekorik, hondartza ezik. Harrizko hesiz, harri-lubetaz babestutako hondartza da, eguzkitako eta etzatekoz ia uretara arte erabat josita hondartza, alboko hondartza lakar eta zabarrera joan behar du etzan eta itzal zatia alokatu nahi ez duenak, ez baitu tarterik aurkituko hondartzan.  Hortik kanpo ohiko jatetxe, kafetegi eta gainerakoak besterik ez dago.

 

Manfredoniako Golkoko  itsasertzean ikusi genituen arrantza tresna bitxi pare bat aurkitu ditugu moilan: izugarrizko tresneria, dena zuhaitz enborrez egina, plataforma erraldoia sekulako haga luzearekin: sarea bota eta jasotzen zuten bertatik. Kriston tramankulu tzarra.

Gazteleraz egin diogu burdindegikoari. “Espainolak?” galdetu digu beste erosle batek?. “Euskaldunak”. “San Sebastian” esan du, “Sansebastiano” besteak.

 

Bikote oso nagusia dugu auzo. Agian gorrak dira, erabat ozen jartzen dute telebista. Telebistako esatariarekin egiten du elkarrizketa gizonak: “jokoz kanpo”, “zergatik”,  ekonomiako aholkuak eta bere iritziak ematen dizkio aparailuko ahotsari erantzunez.

Bero itogarria egiten du, zabalik ditugu leiho-ateak aire apur baten itxaropenez. Etxoletan eta etxatoietan ez dugu inork argirik pizten gauez. Moskitoen beldur. M. Luisak erabat pinporta gorri mingarriz josiak ditu berna eta orkatilak.

 

“Satorrak baino lurperago”. Pedro Alberdi

* “(Xabier Letek) Gramatika zientzia bat da. Literatura, berriz esankizun bat, zerbait adierazteko premia”. Edozer eskakizun, zerbait adierazteko premiaz idatzitako edozer ez da literatura. Gramatikazko oinarri gutxieneko bat behar du. Nik ez dut uste nire bidaia kontakizunok literatura direnik, zerbait adierazi nahiz idazten dudan arren, oinarri gramatikala ahula du, eta kontaera hankamotza, joskera molde handirik gabekoa. Zerbait oinarrizkoagoa eskatzen du literaturak.

 

 

Ekainaren 18a. Asteartea.  47-I:45.a

 

“Hyperion”. Friedrich Holderlin

* “ Beti zirudien gutxi zioela, eta asko zioen”. Gutxi dioela dirudigun herri eta herrialde xumeenak berak ere asko dio, asko du adierazteko: entzuten, irakurtzen, itzultzen, interpretatzen jakin behar du bidaiariak. Urritasunaren errua ez dago herri horretan, irakurlearengan edo entzulearengan baizik. Ezin dute errealitate aberatsena ere ikusi begi lausotuek.

* “Lan bat, gerra bat niretzat, horrek animatuko ninduke”. Herri orotan aurkitu dugu beti ejertzitoa gerrarako prest, eta politikoak gerra asmatzeko bidean . Politiko orok du nolabaiteko gerra bat bere buruan, krisi baten irtenbide. Odoltsuak ez badira ere gerrok, beti dira mingarri, samin eta bortitzak. Ekonomian, aurrekontuetan beti du eragina ejertzitoak.

 

Norbait bainu-bataz ikusten baduzu zerbitzugunera bidean, badakizu italiarra dela.

 

 

ITALIAKO SASSO HANDIA – GRAN SASSO d´ITALIA

 

Mendi arteko eta paisaiez gozatzeko ibilbidea.

Bederatziak, hogeita hamar graduko hozberoa.

 

Zati erabat ezberdinak izan ditu gaurko ibilbideak, denak ikusgarriak:

Itsasertzekoak izan dira gaurko ibiliko lehen  eta azken zatiak, itsasertzetik genbiltzan baina ez genuen itsasoa lagun, hur arren, ez baikenuen itsasorik ikusten; herriak, aldiz, bata bestearen ondoren etorri zaizkigu, edo joan gatzaizkie, bakoitza bere semaforo eta auto uholdez hornituta.  Herriotan ez dago urbanizazio astakeriarik, ez behintzat etxetzar erraldoirik. Kale luzeak, ibiliak ez du zer begiratu askorik eskaintzen, baina nekadura handia damaite.

 

Chieti. Gain batean kokatua, aldats luze eta pikoa igo behar da bertaratzeko. Hiri moderno arrunta iruditu zaigu. Etxetzar pilo erraldoiek osatua dirudi. Erditik pasa behar izan dugu, eta ez zaigu inola ere erakargarria egin. Gidaliburuak aipatzen ditu hainbat interesgune: hurrengo egunetan ikusiko dugu joaten gatzaizkion ala ez. Italiako Giroa pasa zen bertatik, hor da oraindik ongietorria emanezko kartela.

 

Barruko bailarak: kosta zaigu mendietara bideratzea: bata bestearen ondoren datoz herriak, trinkoa eta nahasia da  herriarteko bide sarea. Bideratu gara azkenez. Adeitsuak eta argiak dira italiarrek galderei erantzuten.

Ardoaren ibilbidea iragartzen dute errepideko bidegurutzean.

 

Begien eta arimaren gozamena izan da ibilbidea:  aurrez-aurre menditzar lerroa alderik alde zerumuga edertuz, harkaitz-menditzarrak albo banatan, zoko elurtuak maldetan,  eta baso diren mendiak erdigunean; harkaitz tontorreria berri gehiago agertzen da bidea aurreratuz  han ostean. Bailara zabalak mendi barrenetan, mahasti eta olibondoz erabat berde; ugariak dira fruta arbola eta baratza txikiak ere. Beste aldera, aldiz, itsasorainoko ordoki zabal-zabal gorabeheratsua, lauki berde argi, lauki berde ilun eta lauki horiz osatua, dena etxe zuriz zipriztinduta. Han hemen herriak, denak gaintxoetan, mendi-muinoen txapel. Sekulako ikuskizuna. Paraje pribilegiatua, sendoa, landua, txukuna, erabilia, zaindua, lurralde inola ere ez utzia.

 

Areagotu egiten da ikuskizuna errepideak gorantz egiten duenean: sekulakoa da goitikako ikuspegia. Harrizko  mendi biluziak, baso diren mendiak, bailara zabalak... Begien zoramena, barnearen gozamena. Gorantz egin dugu, malda pikoetan kokatuta daude herriak, ia zintzilika; mendiko herriak dira, bertatik ez dute ezer, errepidetik edo aurreko muinotik, aldiz, irudi erakargarri bitxia eskaintzen dute. Herri ilunak, pintatu gabeak, haitz kolorekoak. Herri zaharrak dirudite, aspaldiko gunea nabarmentzen zaie, eliza dela beti gandor goienean.

 

Penne, Farindola...: mendiz, basoz, zuhaitzez inguratutako herriak, sarri eskutada bat etxe besterik ez da herria, tontortxo batean. Izugarriak dira Farindolatik ikuspegiak, alde batera zein bestera begiratu, izugarrizko bailara eta mendiarteak ikusi ahal dira.

 

Menditzarrotan isogurdi nanoa egurrez gainezka, trastua eta gidaria, biak egurpean ia ikusezin, bitxikeria egin zaigu.

 

Basoan sartu gara: nork esan ez geundela San Migelera bidean; pagadiak kilometroetan errepidearen alde bietan, menditzarra erabat kolonizatuz, pago sustraiek pitzatu dituzten haitz karstikoen artean; bakanketa lanetan ari dira: muluekin egiten dute garraioa errepidera; metroko luzeran ebakitako enbor zatiak dira. Pagadian egin dugu luzaro gorantz; tarteka beheko lautadan, ia behean, gelditzen ari zaizkigu mendiak, gero eta ikuskizun deigarriagoa bilakatzen zaigu. Aisia-leku pila dago, udalekuak gertatzen ari dira, aterpe, egonleku eta ohiko osagaiz. Mendikarak egin nahi dituenak badu non ederrik hemen. Piko-pikoak dira maldak.

 

24 gradura jaitsi zaigu hozberoa. Bada zerbait.

Behetik ikusten genituen menditzarrak zeharkatu ditugu: han zegoen gure bidea, tontor haien ostean gure eguneko hurrengo ikuskizuna.

 

Kukua entzun dut zerbait grabatzera gelditu garenean. Lehenengoz aurten Italian, heldu da kukua basootara ere.

 

Campo Imperatore. Ez genekien zer izango zen; mendi-gain bitxi eta ezohizkoa da: harkaitz-menditzarrek alde batetik eta tontor leunek bestetik inguraturiko lautada izugarri zabala. Haitzak ez dira kare-harrizko argiak, ilunak eta zimurtuak baizik, elurra nabarmentzen zaie ebakidura eta haitz erretenetan. Mendi biluziak, ez da zuhaixkarik, ezta sastrakarik ere.  Dozena erdi bat Urbia bata bestearen jarraian, harkaitzik eta zuhaitzik gabekoak, baina. Bata bestearen ondoren datoz lautadak, mendiarte batek banatuta; dena da belarra, artalde pila dago, egonean, denak pilatuta baitaude, geldi; ile ilunekoak dira, ez Urbiako zuriak; behiak ere asko, zaldiak ere badira; ardi txakur zuriak, handiak, sendoak, gogorrak behar dutela itxurakoak, ardiei ez ezik gizakiari ere beldurra sartzekoak. Burdina-harizkoak dira eskortak, uralitazko ate gabeko hitsak, txabolak. Izar-behatokia, aterpeak, eta beste hainbat zerbitzugune daude iragarrita. Jendea badator, ez da harritzekoa, tontorreria goxoa du, nahiz biluzia; gaur ere baziren, motxila bizkarrean mendirantz egin dutenak. Nola ez, alemaniarrak eta holandar errariak aurkitu ditugu, autoz, etxatoiz zein autokaranabaz.

 

Ez da mendi polita, ez da ederra, agian ezta erakargarria ere, baina sekulako zirrara sartzen du: lautada biluzi berdeak, bukatzen ez direnak, bat zeharkatu eta beste bat duzu azkena uste zenuenaren ondoren. Oraintxe dituzu tontortzar izugarriak gainean, eta beste tontortzar bat duzu hurrengo ordokian, ostekoak Sasso Handiko tontorreria jarrai berdeak dira. Mutu uzten zaitu, harrituta, bihotza kizkurtuta. Paisaia zabala, argitsua. 2910 metroko altuera du hauetako tontor batek.

 

Hemen nonbaiten eduki zuten preso Musolini:  soldadu alemaniarrek askatu zuten.

Oso baxu zeharkatu du gerra-hegazkin batek lautadetariko bat, geundenon bakea hautsiz.

24 gradutan dirau goiotan hozberoak, autotik kanpora haizea, graduak gradu, freskoa ere bada.

Autobiak menditzarra zulatzen du beheko bailaratik hasita auskalo noraino.

 

Fonte Cerreto, mendi edo elur zaleak tontorretara jasotzeko tresneria du, postetzarrak mendian gora, kabinak edo eserlekuak zintzilikatzeko antolamendua.

 

Erreka-zuloa: Bukatu zaizkigu ordoki berdeok. Behera egin ondoren, gora egin behar izan dugu berriro. Magal erditik zeharkatu ditugu azken mendi berde biluziok; bailara zabala genuen behean, herriz eta etxez josia; zubi luzez zeharkatzen du mendi bat autobideak, ia tontorretik beheraino baso den beste mendikate bat dugu aurrean. Luze joan da Campo Imperatore biltzen duten mendi berde  biluzion maldak zeharkatzea.

Erreka-zulora egin dugu azkenik, Vomano izan dezake izena bailarak edo bailararen beheko zatiak, osagai hori baitute zenbait herrik: ez dugu erreka ikusten baina hor joan behar du zuloan. Pare bat urtegi txiki ere izan dira, ia hutsik. Mendiarte estuan doa errepidea, ia arroila dirudi, menditzar eta harkaitz tzarrak ditugu gainean alde bietan, burugainean zintzilikatuta, dena da baso pikoa, ia plomuan. Mendi-zuloko errepidea, dena haitz, dena baso. Herritxoak tarteka, lauzpabost etxe,  lekurik ez dutenez errepide ertzak ematen dien zabaleran, ilaran; kolore biziz pintatuta edo erabat kolorgetuak; argindar zentral bat noizbehinka. Mendi maldako ertz eta tontor edo hegietan agertzen diren herriak dira parajearen osagai deigarriak:  kukuka bezala daude herriok, baina izan da pare bat erabat barnea irauli digutenak, agian utziak daude herriotako alde zaharrok, behin ere pintatuta izan ez diren etxeak dira, harri edo lur kolorekoak, erabat biluziak, ia beltzak, arre ilunak, herri baten hezurreria gehiago dirudite herri bat baino, zintzilikatuta bezala bakarren bat, magal pikoko tontorgunean.

Montorio: baditu zaharraren alboan etxeteria berri eta kale zainduak. Urrutiko magaletan ere agertzen dira herriak, zuhaitz artean gordetako herri ilunak, haitzak bailira, herri izateaz ere lotsatuta bezala, zuhaitz artean ezkutatu nahiko balute lez.

34 graduko hozberoan gara berriro zulora egin dugunean.

 

Isolara bidea. Beste aldetik hurreratzen gatzaizkie orain jada ezagunak zaizkigun Sasso menditzarroi. Ikuskizunak  darrai. Zoragarria da mendi elurtuok aurrean  ditugula bidaiatzea. Nekatuak gauden arren harritu egiten gara, mendiokin eta paisaiarekin maitemindu ere. Beheko bailaren ikuskizuna eta mendi barreneko herrion kokagune paregabea miresten ditugu berriro. Agian bizimodua ez da erraza bertan, guretzat hain ederra den parajean, eta seguru garai batean erabat gogorra izan zela hemen bizimodua. Idilikoa da, aldiz, bidaiari pasakorrontzat.

 

Isola. Sasso mendietako tontor baten barren-barrenean dago, lurrari itsatsita. Eliz dorre edo kupula bitxi berezia du, harri latzeko ortogonal itxurako xumeago ezina, baina irudiz eta kokagunez ezberdina.

 

Aparteko aipamenik ez herriei edo inguruari buruz. Villa Petto herrian mutiko bat sartu zaigu  bidera bandera italiarra astinduz, gizonezko taldetxoa ari zen bizi-bizi taberna aurrean: Italiak irabazi du nonbait futbol partidua. Eszena berdinak errepikatu dira etxerako bidean

Bagenekien luzea izanen zela gaurko ibilbidea, neketsua izanen zela. Hala izan da, izan ere.  Ederra izanen zela espero genuen. Aparta izan da.

 

312 kilometro, zazpi ordu nekoso gozagarriak Sasso mendietan

 

Etengabeko jardun ozen monotonoa alboko etxatoian, ez dakigu sarri telebista den, ala agurea.

 

Satorrak baino lurperago”. Pedro Alberdi:

* “(G. Aresti)Euskal Herriak ez du ezer errespetatzen, eta errespetatzen baldin badu, beldurragatik”. Herri gehienek bezala, beldurra izan da mota guztiko agintearen tresna nagusia, erabiliena. Doan herriko historia begiratu besterik ez du bidaiariak, artelanen historian ere nabari da, artelan euretan ere.

 

 

Ekainaren 19a.  Asteazkena. 48.a-I:46.a

 

“Hyperion”. Frie drich Holderlin:

* “Galdetzen didazu nola joan zitzaidan denbora hura?. Dena irabazi nahian dena galdu duen norbaiti bezala”. Gertatu izan zaio bidaiariari dena ikusi nahian oso gutxirekin geratzea; asimilatu dezakeena soilik planifikatu behar du bidaiariak, eta barneratzeko bitartekariak jarri. Gerta ohi dakio ere, geroago aukera hobea izango duelakoan zerbait utzi, eta gehiago aukerarik ez izatea, edo duen aukera baliatzeagatik denbora eman eta aukera oparoagoa geroago izatea.

* “Esperantza bota nuen, makuluak nahi ez dituen elbarrituaren antzera”. Ez dago bidaiaririk ez bidaiarik esperantzarik gabe. Itxaropenak bultzarazten du bidaiaria bidean jartzera. Une, bidaia  eta bidaiari bakoitzak bere itxaropena du, itxaropena dago bidaia ororen oinarrian.

* “Askotan hain neke baita pentsamendua finkatzea”. Nekea da bidaiariaren etsairik nagusienetarikoa, indarrak neurtu eta atseden hartzen dakien bidaiaria da urrutien heldu edo luzaroen edo sendoen irauten duena. Lagun txarra da nekea idazteko ere, ze antzu eta lehor eguneko bizipenak idazteko. Irudimena, oroimena eta gozamena kamusten ditu nekeak.

* “Izan zen eta bada, zure baitan”. Barne bidaia bat du berarekin bidaia orok. Barne bidaiak bilakatzen du bidai-ibilaldi bat.

* “Bilatzen duzuna denbora hobea da, mundu ederrago bat”. Beste garai batera jauzia da sarri bidaia, edo beste gizarte mota batera. Zerbait berriren bila.

* “Zergatik baztertu zenuen hura, soilik jainko bat ez zelako?”. Bidaia-agentzietako eskaintzak dira askorentzat aukera balezkoak, beste aukera piloa baztertuz norbere parte-hartze zuzenagoa eskatzen digulako. Iniziatibarik ezak sasi jainkoak bilatzera eramaten gaitu, nortasuna murrizten diguten bidaietara eramaten.

* “Gau izartsua nire elementua egin zen”. Izarrak dira nire gaueroko zerbitzugunerako bidelagun. Zita gozagarria dut beraiekin gauero.

* “Horrela nengoen neure maitasunak asmaturiko irudiaren aurrean, neure ametsetako idoloaren aurrean”. Bidaiariak beti darama idolo edo ametsen bat, errealitatea eta irudikatua alderatzea da bidaiaren mamietako bat.

* “Hilkortasuna itxura hutsa da, eguzkira luze begira egon ondoren, begietan dir-dir dauzkagun koloreak bezala”. Natura, unibertsoa, mundua, ez da hilkorra, baina guk orain dugun eta bizi dugun forma konkretu hau bai, desegin egingo da eta.

 

Gaurko ibilbideak ez digu eman ezer berririk; atzokoak sentipenak berrituz, lautadako paisaia eta atzo urrutitik ikusi genuen menditzar elurtuaren ikuspegia hurretik gozatzea izan da; La Maiella mendikateko tontorrak izan ditugu aurrean, agian horietako bat da 2795 metroko garaierakoa. Harri zuria da itxura guztien arabera urrutitik elurtua zirudien mendi-gaina, ebakidura eta erretenetako, tontorretakoak ere, elur lerro zuriak hagitz zuriago eta ezberdinagoak baitira. Haitz oso argiak dira. Izugarrizko amildegiak, plomuan erortzen diren labar ikaragarriak.  Agian garaiagoak dira gaurko muinoak, koskortuak.

Atzoko bizipen bera jaso dugu Abruzzo herrialde honi buruz: ondo-bizien herria, lur landuak, etxe txukun zainduak, mendi-muino gainetako herri argiak, harkaitz diruditen mendi maldetako herri arre ilun lotsatiak. Ibilbide erabat atsegin eta gozagarria izan da gaurkoa ere, errepikagarria arren, inola ere ez aspergarria. Seguruenik bizimodu gogorreko herriak, lurrari itsatsiak bizitzari eutsi beharrez.

 

Lanciano. Mendi-tontor elurtuak ikus daitezke zenbait kale eta plazatik. Tontortxoan kokatua: kale artezko Alde Berria eta Erdi Aroko Alde Zaharra, kale luze aldapatsu nahiko nahasiak hainbat pasabide eta elkarlotze esturekin, mailadiak... Bisitari asko datorkio, turisten autobusentzat aparkaleku zabal berezia dute herriko ertz batean. Kaleetan ikusi dugu Pio santu berriaren irudiko zapiak lepoak zituen koadrila. Dorrea, XIV. gizaldikoa, karratu sendoa, arku garaiko hiru solairu zabaltzan bukatuz. Katedrala, plaza berean, XVII. gizaldikoa, 4 zutabe erraldoi fatxadan giro neoklasikoa emanez, barrua aldiz nabe bakarrekoa da, dottore itxura ematen dio marmol gorrixkak; koadrotzarrak aldareetan ohi denez, eta santu-iruditzarrak aldaretako horma zuloetan ia ezkutatuta. Miraculo Eukaristico, eliza, argia, eliza gehienok lez ganga pinturaz edertuta: hona datoz hainbat autobuskada, atzerritarrenak, baina baita italiar adinekoenak ere: entzulez beteta zegoen eliza, elizkizunen batean zegoen, beheko kapera bat ere kantu eta otoitz marmarioek erakusten zutenez. Kinkila-denda bihurtuta daude eliza-azpi, klaustro eta inguruak: izan zen mirariren bat, baina ez gara enteratu zer gertatu zen. Sta.Luzia elizak  fatxada bikaina du, errosetoi eta ate tailatu bikaina ere; abside gaina xumea da, baina ezberdina, kanpai-horma txiki batekin.

 

Guardiagrele. Ez dakigu “grele” hitzak zer esan nahi duen, baina bai bada “guardia”n, zelatan, dagoen herria. Tontor garai batean; luze eta bihurrituz egin behar du errepideak goraino; behatoki aparta da beraz, itsasorainoko mendi-muinozko lautada berde hori herriz zipriztindua, menditzarren ikuskizuna da bertatik ikuspegia. Ez du apartekorik kale-sareak: kale luzeak aldatzean, zeharkako kale eta zeharbideekin, inondik ere ez arteza eta koadrikulatua. Burdina lantzen duten fama dute, lauzpabost denda ikusi dugu sarrerako ate nagusian; burdinazko lan politak dituzte salgai, bada burdina artistarik beraz; errementari bat ere ikusi dugu lanean, pozik ikusi nau bideoz grabatzen, eta kantuz eta gartsu egin du, mailuaz burdina goriari mailukadaka gartsu, bera eta bere lana ikuskizun zela jabetuta; kalera begira, ate atean egiten du lan, lana ikuskizun bihurtuz. Sta. Maria Maggiore, fatxada zuri zuria du, xumea baina aldi berean lantxo eder askorekin eta itxura deigarriarekin apaindua; bi kanpaitzar ditu elizpe gaineko teilatua erakustoki dela; freskoak ditu elizpean, oso ilunak edo ilunduak, berreskuratzen lanetan ari dira; bada bestelako zizel-lan ederrik ere elizpe bietan. Gaztelutxoa, gorengo plaza zabalean dorre gotor bat, bestaldean dagoen bigarren ate batekin ingurua dotoretuz edo girotuz.

 

Gerizpe haizetsuan izan dugu autoa, halaz ere 32 graduko hozbero da auto ingurukoa.

Etxerakoan izan dugu Chieti aurrean eguneko aldagai berria: mendi malda erabat erosionatuak, harri biguna da nonbait; batelen branka edo harri aroko aiztoen ahoak dirudite, silex labanak, malkar osoa ertz zorrotz edo aizto-aho kontaezineko bihurtuta,  zabal, han hemen zabalera handian, lurraldeko sinfonia berde hori horizontala etenez.

 

95 kilometro, bero sapan ere ikuskizun.

 

Beroa ari zaigu nagusitzen, geriza bila gabiltza herri bateara heldutakoan, eta etxerako amets eguerdirako, gutxienez arropaz arintzeko. Gure egitaraua ere laburtu eginen dugu, ez da girorik herririk herri katedral bila hasteko. Igerilekuko freskuraren liluraz luzatuko ditugu hemen egun batzuk, egun pare baterako soilik utziko dugu Firenzze, etxera azken pauso luzea eman aurretik.

Gure auzoko bikote nagusiak, ia gure NA Navarra den, Euskara tutik ulertzen ez den hizkuntza dela, “Sansebästian” andreak eta buruari aska egin ondoren “Donosti” esan du gizonak, etxatoiarekin Igeldoko kanpalekuan egon zirela esan digute azkenean.. Gauean beraiekin kalakan ari den neska bati, napolitartzat hartzen gaituenez, “Ez da Napoli, Navarra baizik” esan diote.

 

“Satorrak baino lurperago”. Pedro Alberdi:

* “(G.Aresti)Euskaldun-fededun slogan intolerablea haizatu dugu eguzkiaren lau puntuetara”. Euskal Herriko lau puntuetara soilik, apaiz interesatuek zabaldutakoa. Europako edozein herritan aldiz aurkituko dugu Euskal Herrian baino eliza eta kristau monumentu askoz ugariago eta bikainagoak, katedralak ez ezik, plazetako izurrite eta erlijio inguruko zutabe eta iruditeriak. Euskaldunak ez du mamitu oroitarrietan fede handirik, fede apala baizik. Gainera, fededun ala beldurti gara euskaldunok?.

 

 

Maiatzaren 20a. Osteguna. 49.a-I:47.a

 

“Hyperion”. Friedrich Hölderlin:

* “Bizitzan badira ordu handiak”. Bidaietan ere!

* “Atenas Alexandroren ohaidea zen eta mundua heriotzaraino xerkaturiko orein bat”. Hala da agintari oro herriarekiko eta herria agintariarekiko. Aldagaiak aldagai, herri orotan ikus daitekeenez.

* “Giza izaera ondu ezean, edozein diziplina eta arterentzat sobera goiz da”. Hainbat bidaiari goizegi doa bidaiara, bidaia ibilaldi edo jai-giro bihurtzen zaio. Ondua behar du sena bidaiariak bidaiaz gozatzeko.

* ”Atenastarrak hain libreki bizitzeak, bortizkeria mota guztietatik kanpoan, egin zituen hain bikainak, eta soilik horrek egin zitzakeen”. Ez da inperio bat bortizkeriarik gabe eraikitzen, ez da herri bat aberats bizi beste bat bortizki zapaldu gabe, eta atenastarrek nahitaez herriak zapaltzetik bizi ziren libre eta libreki, eta filosofatzen, eta artezale...

* “Baina gizakia jainko bat da, gizakia denez gero”. Herri guztietako gizakia zenbateraino den jainko kaskarra erakusten du bidaiatzeak.

* “Artea da giza edertasunaren, jainkozkoaren, lehen umea... Edertasuna jainkozkoaren lehen umea artea da”. Gozatu egiten dugu arteaz, baina artea moda bat da. Eta abilezia bat, eta jardunaren ondorioa, eta trebezia ikasia... Babesle diruduna behar duena.

* “Edertasunaren bigarren umea erlijioa da”. Herri orotan, jauntxoen tresna eraginkorrena.

* “Atenasen izpirituaren edertasunetik dator libertatearen beharrezko sena ere”. Mitoa. Ez dago espirituaren edertasunik gose den herri batetan. Eta ase bizi den herria inoren lanetik edo bizkar elikatzen da.

* “Poesiarik gabe sekula ez zatekeen jende filosofoa”. Ia inork ez du poesiarik irakurtzen, beraz ez da filosoforik. Edo poeta eta filosofoek, kate itxi bat osatzen dute eurek soilik”.

* “Soberazko indarrak erabilpena bilatzen du”. Beldurtu egiten naute herri aseek eta herri indartsuek. Eta herri armatuek.

 

Nire urtebetetzea, naturak egin dik lehen oparia: zozoa izan dut leiho aurrean gosari bila, bi mika ere hurreratu zaizkigu, edari bila iturriko konketara.

 

Etxera bidean dugu gogoa, “datorren astean” goaz, janaria neurtu dugu, zenbat arropa beharko dugun kalkulatu, garbitu edo ez erabaki, gaurkoa da programatutako azken ibilbidea, Erromarakoa baztertu ondoren eta Firentze ezaguna zaigunez... Natura hilezina da, naturaren zatiok hilkorrak, eta bukaera dute ere gizakion bidaiek.

 

Maiella Mendia.

Gaurko  ibilbideko ikur nagusia.

Atzoko ibilbideko lehen zatia izan da gaurkoa ere, ezaguna arren, atzo bezain erakargarria. Maiella mendiak ditugu uneoro ikuskizun eta gozamen, tontor horietako batek izan behar du Amaro tontorra, bere 2993 metrorekin. Ez dugu damurik berriro ibilia berregiteko, bakoitzean baita berdinean ezberdina. Deika dugu Maiella, bertara joateko konbita luzatuz uneoro, jainkosa tentagarria, misteriotsua, ahaltsua, sendoa, buru zuria gona berdearekin, aldakorra, hurrago zein  alborago itxuraz aldatzen zaiguna, keinu ezberdinez kilikatuz, aurpegia aldatuz, beti bera eta uneoro ezberdin. Tentagarri. Eta berarengana goaz joan.

Behatoki zoragarria bihurtu da bailara gaineko zubia, berde-hori alde bietara bailara zabalak, Maillea aurrez aurre, herritxoa tontor gainean... behatoki bat bertan ateratzea falta zaio soilik zubiari. Mendiarteak ez dira bailarak, mendi-zulo zabalak baizik, mendiarteko ebakidura berdeak, lurraren zauri berde zabal bat besterik ez. Mendi maldak aldiz gainbehera leunak lauki berde eta horiz osatuak, lurreko jeinuak xake berezi bat jokatuko bailuke bertan.

 

Bizkar eta mokor zabal,  bernak  urkilatuta, eskorga eskuan, edozein lurraldeko emakume nekazari lanean zailduaren itxura berdina du Italian ere nekazari andre helduak.

Ez da hainbeste isogurdi ikusi ahal inguru honetan, bai ordea traktorea.

Gidaria argien bidez elkar babesten da gidaria poliziengandik  errepidean, solidaritatea bizirik dirau Arbuzzoetan ere.

Cazoli inguruan badira silex haitzen aho lerratuak diruditen malkor higatuak, atzo Chieti inguruan ikusi genituen antzerakoak, irudimena mitologiara zirikatzen dutenak.

        

Cazoli: Izugarri erakargarria agertu zaigu urrutitik, dotorea, Maillearen azpian; mendi konikoaren txanoa dirudi, izan ere hala da, harro, zut,  gris iluna, arrea, bera ere haitz. 384 metroko goiera du: erakargarriagoa uste genuen guk behetik hain tontorrean ikusiz.  Urrutitiko lilura galdu egiten du bertara helduz: mailaz maila doa gainbeheran teilateria, mailadi erraldoia, diganteen mailadia bezala. Gora eraman gaitu errepideak bide piko luze eta sigi-sagakoan; zeharkatu dugu alde berria  eta zaharreko goiko plaza izan daitekeenera mugatu dugu bisita: ez du apartekotasunik. Gelditzea erabakitzen duen bidaiariak bilatuko dio bere edertasun izpia, ez baita ederretik ezer ez duen herririk, biztanle zein egituren aldetik.

 

“Comune antitransgenico” iragartzen da errepidean: errespetua eta adeitasuna sortarazten ditu gutxienez.

 

Maiella estrata. Mendiaren magaletik egin dugu hurrengo zatia, goitik erabat, basoan, erreka-zulo zuloa dugula behean;  etxerik jasotzeko lekurik ere ez dago, urtegi batena da laugune bakarra, alboko basoek berdez tindatutako ur-azalarekin. Eskukada etxe dira herritxoak, han hemen paisaian barreiatuta, multzoka baso erdian, beti tontortxo batean, maldan bada ere; zenbait herritxo bakan  zeharkatzen dugu, mendi mendikoak dira, apalak, xumeak; izanen dute zer kontatu bertako biztanleek, historia eder eta aldi berean gordin ere egon behar du, baina horrek ez du gelditzera bultzatzen bidaiaria, beraiek ere ez dute inor geldiarazteko nahirik, gaitasunik edo ahalbiderik. Herritxo horietako batean bada herriko garbitegia: bertan zegoen emakume bat lixibaginan. Mendien, eta beraien malda berde eta horien sinfonia da ibilbidea, batez ere urrutitik begiratuz dira edertasunaren ispilu; arruntak dira bertatik, bortitzak eta gogorrak dira mendi biluziok basoaren tapakia galduz biluzten direnean, azpian hartzen zaituzte, menperatu, jan, ezereztu; gain gainean sentitzen dituzu, erraldoi baten azpian sentitzen zara, ahul, nano.

 

Errepide bat baino gehiago da mendiarte hauetan, tentagarriak dira, herri, pasabide eta paisaia erakargarri franko egon behar du zulo eta gain horietan; ez mapan ez gidaliburuan agertzen ez diren giza eta geografia paisaiak.

Bidaiariak garbi eduki behar du bere plangintza, ibilbidea eta ibilbidekoa: herri bakoitzak  du bere eskaintza, gezi marroiz bidaiariari eskainita interesgune bezala. Ezinekoa da eskaintza orori baiezkoa ematea, tentaldi bakoitzean erortzea, egutegiak, interesguneak, kemenak eta indarrek mugatzen dute beti ibilbidea.

 

 Lama d. Peligni: erabat erakarri gaitu, mendi mendiko herria, plaza moinoinoa eta eliza gutxienez ezberdina zituen, baina aurrera egin dugu.

 

Goi goiotan bidaiatuz, dena dela  ikuskizun, dena paisaia gozagarri, tarteka gari-sailek  urre koloreko laukiz soiltzen baino apaintzen dituzten basoez berdetutako mendi magalak, kriston aitzarrak burugainean, txapeltxo gorrixkara herritxoak mendi tontortxoetan ... bihurguneek baino paisaiak berak behartzen gaitu mantso joatera beraiez gozatzeko. Behatoki paregabea bihurtu zaigu errepidea zenbait kilometrotan. Egokitu eta apainduz sekulako behatokia bihurtu dute mendia zulatu ondoren mendi muturrean gelditu den bide zaharra. Zabaldu egiten da bailara, herri bat hedatzen da behean gorri berdegunean, teilateria besterik ez baitzaio ikusten; aurrean aldiz Palena herria dugu harkaitzak bezain  arre mendi azpian. Kobazuloak, mendiko ibilbideak, aterpeak... iragartzen dira errepide bazterretan: bidaiaria badator, inguruak erakarrita, eta bisitari bihurtu nahi dute duten eskaintza ezberdinez.

 

Basoa izan dugu ikuskizun gorantz egiten dugun heinean, basoak bilduta, basoaren altzoan, segurtasun osoz egin dugu bidea. Argindar zutabe burdinazko erraldoiek zeharkatzen dute mendia eta basoa: burdinazko egituratzarrok alderik alde zeharkatzen dituzte Maiella mendiak Anibalek elefanteekin Alpeak bezala. Interesa dagoenean edozein oztopo gainditzen du gizakiak.

 

Forcheta, 1276 metrotako goieran dagoen herria.

 

Piano dei Chinquemiglia. Bost miliako lautada. Mila metrotik gorako goierako goilautada; erromatarrak deitu omen zuten horrela, bost milia dituelako. Mendiarteko lautada luze eta zabala, belardi amaigabea, baso, basoa ez denean belardi den mendiz, inguratuta. Ez dago, baina, ez ardirik, ez behirik, ez belar ebakirik.

 

Eskiatzaileen parajea da: Campo di Jove, “maitasunaren eremua”, iragartzen dute eski-gune bezala, poeta dira italiarrak; badator eski zalea azpiegiturak erakusten duenez.

 

Pescocostanzo: 1200 metroko goieran, mendi mendiko herria. Herri zaindua, bisitariak datozkiona, bisitariengandik bizi dena, bisitarientzako janzten eta dotoretzen dena. Mendixka baten gailurrean dago, malda bateko tontorrean, mendiz inguratuta, ordoki-belartza zabaltzen zaio barrenean. Goialdean zabaltzen da kaledi nagusia eta maldan behera zabaltzen kaledi xume eta urriena. Erdi Aroko herrietan ohi den kale bihurri, pasabide, mailadi pikoak eta zokoak. Artelanen eta bitxigile edo urreginen herria: hainbat bitxigile dago; artisauak dira, bakoitzak bere dendan egiten du lan erosle edo begiluze edozeinen aurrean. Eskultura pila dago, plaza eta parkeetan barreiatuta, pila, denak handiak, figuratiboak denak, nire oso gustukoak asko. Bai bitxiak bai eskulturak, begien gozamen, ibilbide gozagarri ezberdina egiteko aukera izan dugu kaleetan zehar. Plaza xarmantak ditu, elizakoa eta udaletxekoa, elkarren aurrez aurre, kale batez bilduak, plaza bakarra bailira. Deigarri edo bereizgarrienak etxe sarrerako mailadiak edo eskailerak egin zaizkigu: soto edo biltegia dute behe solairuan, lehen solairuan dago etxebizitza, harrizko eskailera da bertara sarbidea: ia etxe orok du bere kanpotiko eskailera. Ugariak dira jauregiak, udaletxea da agian ederrena eta handiena. Burdinazko gako edo tresnak ditu pare bat etxek leihoetan, ez diogu antzik ematen zertarako, baina oilar burutxoz landuak dira gakoon puntak; etxe gehienek behe solairuko biltegi edo delakoek bao-gune obalatu txikiak dituzte, biziki deigarriak. Elizak: Santa Maria del Colle: 5 nabe ditu, ia karratua, ez baitu gurutzadurarik; errenazentista; sekulako gangak, organo ederra, korua eta korupeko ganga,  pulpitua...  zurezko lanak dira, pinturez inguratuta edo eurak ere pintatuak, urre kolorea da nagusi; forma ezberdineko mila koadrotxoz edertua eta apaindua bezala, saloi bat bailitzan, erabat deigarria eta atsegina bilakatzen da; bataiategian bada olioak gordetzeko harrizko zulo nanoa, zizel-lan bikaina; Kristo berezia, herriko tailagile batena seguruenik, bitxiki pintatua, posturaz ere erabat ezberdina. Ezin da argazkirik atera, ez filmatu, eta segurtatzeko han dago begirik kentzen ez dizula gizontxo zaparrotea, seguruenik sakristaua. Jesus y Maria: areto dotoretxoa dirudi, dena pintura, dena behatoki, dena santu-irudi, dena aldare, dena koloretsu: ederra da Jesusen eta Mariaren irudia. Kaperatxoa: irudi bitxiak ditu. Bada behatoki apartekorik ere. Egur trokoteak ere pilatzen dituzte etxe aurretan, mendiko herriotan ohi denez.

 

Herritik alde ezinik luzatu gara, herri xarmantean, oraindik geu ere beroak eraso gabe, goialdeko freskuran...

 

Pescocostanzo bestaldean bada bigarren ordoki berde bat, hau ere dena belardi, belardi eta baso diren mendiz inguratua, agian lehen aipatu eta aurkitu ordoki berde haren luzapena besterik ez da.

 

Eta goilautadako zabalgune nagusira heldu gara: aurrekoaren paretsua ikuskizunez edo paisaiaz, baina erabat luzea, hau da bost miliakoa. Hemen bada landutako sail berderik, ez dakigu lora sailak ala mitxoletak diren batzuk. Zirraragarria, lautada berdea mendi berdez inguratua; basoa da mendia alde batera, belartza bestera. Ez du ezer berezirik aipatzeko, poeta edo irudimen handikoa behar nuke izan ikuskizun berde hau deskribatzeko. Horrelako gaitasunik ezean zirraragarria dela esanez mugatu behar astindu nauen bizipena. Baina sekulakoa da zirko berde hau. Hemen borrokatu zuten ez dakit nongo jainkoek ez dakit zergatik ez dakit nork irabazteko. Edo hemen izan ziren Abruzoetako akelarreak. Edo hemen biltzen ziren basoetako jeinuak mus txapelketa amaigabeetan. Duda izpirik gabe, hemen bota dute izerdia eta bizkarrezurra eten goilautadako edo mendi-zuloetako nekazariek  bizimodu latzari iraupena bermatzeko. Baina bertan ez da gaur egun ez herririk ez nekazal gunerik behi granja bat ezik.

 

Bada Sulmonara beste bide bat, tentagarria, mendiartetik, ederra behar du izan, baina aukeraketa egin dugu, aurrez erabakitakoari jarraitzen diogu, erabaki orotan lez, zerbait ederra galduko genuen, baina beste zerbait ederra geureganatu. Gerora ikusmina sortarazten duten beste hainbat aukera aurkitu dugu, inguruagatik, herriengatik, ikuspegiengatik erakargarriak. Ia neurririk eta mugarik gabekoa da natura eta gizakiaren naturarekiko balizko harremana, gizakiok ordea erabat mugatuak gara. Aukerak egitea da bidaiatzea, eta gu gustura gaude gaurko aukerarekin.

 

Gainbehera egin dugu goi-bailararen ondoren, mendiarte pikoan, baso eta aitzarrez inguratuta, han behean urrutietan lautada zabala itxuratzen zaigu, ordoki zabala, erabat kolonizatua. Zirraragarria  izan da ikuskizun hau ere. Malda batetik bestera doa errepidea, zulogune sakonak zubi luze garaiz zeharkatuz, erdiko tontortxoez baliatuz sarri, mendia zulatuz hurrengo, mendi tontor mendi tontor tarteka. Malda goitik beti. Luze baina bizkor. Zubi sigi-sagakoaren bidez behera lasterrean egin dugun arte. Tarteka, zuloan, herri bat, garai bateko errepide zaharraren alboan jaio eta hedatutakoa. Herri arre haitz kolorekoa bat, teilatu gorriagoko gorria beste bat. Beste batean gainbehera datoz etxeak, inolako graziarik gabe, etxe arruntak, baina mailadi bat eginaz.  Ia sinestezina egiten zaigu, gorantz begira, han goitik etorri garenik, maldatik maldara ibili garenik, baina han daude zubitzarrak lekuko.

Behin behea hartu dugunean ez du inolako erakargarritasunik bideak, agian ingurua ere zuhaitzez berdea delako, berdez pintatuta du bidea gidaliburuak.

 

Sulmona. Mendikate garai arteko ordoki zabalean kokatua.  Aspaldikoa, kale zabaleko kaleartea, ez du xarmarik. Bai ordea ikusmina asetzeko ikusgai ederrik. Napoli atea: sarrerako atea, gotikoa, jantzia eta arku landuz eta horma loratzen duten apaindura borobilekin dotoretua. Plaza: zabala osagai paregabeekin, akueduktu edo ubidea, plazaren alde bata mugatuz, okertu egiten da alde batean eta iturri batean bukatzen, aldi berean plazara sarrerako ateak dira ubidearen begi bakoitza; mailadi zabalak, akueduktura doana bata, eliza atari aurreko arku batera bestea; S. Fratzizko eliza beste aldean, sarrera garbitu berri bikain landua erakutsiz; erdian iturri handi ederra. Hainbat eliza: fatxada ederrekoak hiruzpalau, bakoitza bera; merezi dute begirada bat; bat ikusi dugu barrutik, errenazimenduko jai aretoa dirudi honek ere: zuri-zuri argia, kofesategi iruditxoz beteak, bi balkoitxo edo palko, pulpitu dottorea, iruzurreko behatoki pintatuko kupula... ; korupean kontrastez emakume baten tankerako gerribuelta duen Kristoa alde batera, eta  fresko hondakinez bilduta santu bat.

 

Izozkia eman digu, Italiakoa, izaki nahitaez gozoa. Eguzkiari iheska ibili gatzaizkio, gerizpez gerizpe, beroari iheska etxean gordeta herritarrak mortu utzi dituzten kaleetan.

Hemengoa zen Ovidio, poeta erromatarra, latin klaseetako testu itzulgaitz kiribildutakoen egilea, baina  ez dugu bere aipamenik inon aurkitu.

“Spagna 1 Paraguay 1” entzun dugu irrati batetik kale batean; ona da puntu banaketa, nahiz Espainiak galtzea hobea izanen zen, etxerakoan telebistan giro bareagoa aurki dezagun, nork eutsi bestela abertzale espainiarrei!. Ez dezala jokalari euskaldunak ezer sonaturik egin, nork eutsi bestela euskal abertzaleei!.

Dozena bat soldadu kamuflaje uniformearekin kaleetan!. Estatu bortitzaren ikur.

 

Etxera egin dugu, bidean baden arren interesguneko monasterio bat. Beroak harrapatu gaitu Sulmonako arratsalde goizak. Denbora laburtzera behartzen gaitu beroak, ikusmina ere ahuldu egiten baitu, ganoragabetu alegia.

Autobidea aukeratu dugu, bizkorrena zaigulako, eramangarriena gure nekean. Inguru ederra du autobiak berak ere. Mendiz inguratuta alde bietatik, mendi-tontorrak hur nahiz urruti, biluzik batzuk, zuhaiztuak besteak, higatuak ere, naturak bitxiki itxuratuak. Arno Mendiaren itxurako tontorreria tarteka, antzerakoak itxuraz, erabat erraldoiak tamainaz. Arroila bat ere izan da, malkarretako haitz puntetan doa argindar tantaiteria erraldoia. Berriro Anibalek Alpeak zeharkatu zituela elefanteekin gogarazi digute.

 

Apalduz joan dira mendiok kostarantz heinean, ordoki uhindua bilakatu da lurraldea itsasertzean. Izan da bitxikeriaren bat bidean: etxeteria ilun bat gainbeherako harriz gordetako gaztelutxoaren oinetan,  harkaitzari itsatsi-itsatsitako herria, erabat planoa, gehiago zirudien, paper batean marraztutako mural bat. Gaztelutxo baten hondakinak, oraindik lerden haitz punta batean. Ikusi ditugun lehenengo eolikoak, pare bat, biak nagi. Tontorretako herri lur kolorekoak, kanpandorre lerdenak erakusten du nor den nor herrian. Malda piko-pikoetan daude zenbait galsoro, erabat gainbeheran, gureetako zenbait baserrietan zelaiak eta artasoroak garai batetan bezala. Naturak landutako malkorrak, bloke erraldoiak atera bailituzte, edo ziri erraldoiz zulatu, ziklope edo diganteren batzuk ibili ziren hemen Olinpoko jainkoei tenpluak egiteko harri bila.

 

Chieti,  beste aldetik ikusi dugu, itsasertzean: mendi osoa betetzen du etxetzarrez, ia hiru mendi-muino dira, eliza-dorre lerdena delarik gailen erdikoan.

 

Ikaratzekoak dira zenbait tunel, erabat itsu geratzen zara, ez baitu inolako argirik, eta zureak ezer gutxirako balio du, aurretik inor badator bere faroez gidatzen zara talka ez egiteko, eta bakarrik bazoaz argi luzeak bota behar dituzu alboko txatal brixt –brixtariez baliatzeko ia bazterra non.

 

Eta honenbestez bukatu dira aurtengo ibilbideak. Bada Naturgune bat mendiotan, baina erabat urruti geratzen zaigu, eguzkia dugu diktadore gupidagabea, laburtu eta egitasmoak  bideratzera behartzen gaitu. Bidaiari neurria hartzea da bidaiariaren dohainetariko bat, ia nagusia. Eguneko ibilbidearen lehen helburua berandu eta berotu aurretik etxera itzultzea behar du izan.

 

Gerra giroa mamitu da herrialde guztietan, bakea eta arazoak hitzez konpondu daitezkeela diotenek bihoaz bidaiatzera, ikus bezate herri ororen egitura: aldi eta herri guztietan izan da gerra, erasorako eta erasoetatik babesteko egitura dutela lehengo herriok, eta polizia da jainko nonahikoa bazter orotan. Harresiz eta goieraz babestu ziren garai bateko jauntxoak, poliziaz eta ejertzitoz babesten dira gaurkoak ere, bakeaz hitz egiten diguten horiek. Herri guztietan. Indarra da bakea aldarrikatzen duten politikarien hezurdura.

 

223 kilometro, aurrez erabakitako azkenak.

 

Trena dugu kanpaleku honetan ere, tarteka soilik entzuten dugu.

 

“Satorrak baino lurperago”. Pedro Alberdi:

* “(Bikila)Klandestinitatearen mundua erdi egiaz beteriko unibertsoan mugitzen da”. Herri baten ia mundu osoa da klandestinoa bidaiarentzat, oskola besterik ez baitu ikusi ahal.

 

 

Ekainaren 21a.   Ostirala     50.a

 

“Hyperion”. Friedrich Hölderlin:

* “Hemen, zioen Diotimak, ikasten du bakoitzak bere patuaz isiltzen, ona ala txarra bazen ere”.  Aurrera egiten dakiena da bidaiaria, onak ala txarrak etorri egunak eta gertaerak.

* “Bai, habeak eta estatuak hartu eta saldu egin dituzte eta figura noble hauek, beren bitxikeriagatik, papagai eta tximinoen pare baloratu dituzte”.  Turistei saltzeko, ikuskizun bezala.

* “Otoi, jaitsi Atenasa eta ohar zaitez hondakinen artetik gizakiak dabiltzala”: Bidaiariak sarri ahazten duen printzipioa, oinarri behar lukeena.

* “Baina bidaiatu egin behar dut ikasteko”: Bada hori bidaiatzeko helburu bat, baina ez nahitaezkoa, bidaiariak baditu beste zenbait helburu  ere.

* “Kasurik hoberenean, estatu libre bat lortu eta orduan esan: zertarako eraiki dut?”. Hiri aberats eder askotan hainbat artelan, bitxikeria eta edertasunez gozatu  ondoren, langile eta marjinatuen auzoak ikusiz, bidaiariak sarri egin ohi duen galdera.

 

Ametsa zen duela gutxi, iragana da jadanik gure bidaia. Baina bukatuaren poza uzten digu eta oroitzapenen altxorra.

 

Despentsa bete asmoz Ortonara, Ortonak eman ez digun “analkoholika”ren bila S.Vitora.

 

S. Vito Chietino. Iruditu dugun herria, muturrerainoko kale luzea mendi besoaren hegi-hegian, non izugarrizko ikuspegia eskaintzen duen behatokiak: beheko Marina eta inguruko itsasertza. Ohi denez, txukuna; ezer gutxi gehiago aipatzeko, bere Musolini uniformearekin faxiokoak diruditen herrizainak ezik. Elizan ere sartu gara: ezer ez duen handi-mandia. 1970 berritu zioten fatxada, diasporako herritarrek ere lagundu omen zuten berrikuntzan; fatxada ere barrenan jiteko handi-mandia, aipatzeko ezer gabe.

Merkatu txikiak aurkitu ditugu, hemen eta herri orotan, denean dira berdinak merkatuok, baita  erosleen jitea eta portaera ere.

 

23 kilometro, patxada adierazten dutenak.

 

Itzuleran pentsatzen hasiak gara, latza izan ohi zaigu eta: hegazkada luzea gure hego nekatuentzat. Hegazti migratzaileak lez, Firentzera joango gara pausalditxoa egitera, azken hegaldiaren aurretik.

 

“Septentrio”. Aurelia Arkotxa:

* “... mundua zein eder den, zein den handi kondatuko dizuet. Uste duzuen baino aise zabalagoa baita, sekula pentsa dezakezuen baino miresgarriagoa”. Irakurriak irakurri, eta telebistako erreportajeak erreportaje, bidaiatzeak gizarte eta mundu zabal eta miresgarriagoa aurkiarazten du.

* “Badakit anitzi gustatzen zaiela leku harrotzen berri ukatzea eta ere hara joateko bideen berri jakitea”. Bidaiatzea berezko barne harra da, duenari gauzatuko zaio bidaia luze motz zail ala nolakoa erratzea.

 

 

Ekainaren 22a. Larunbata.  51.a-I:49.a

 

“Hyperion”.  Friederich Hölderlin:

* “Dohatsua bere bizitza bihotzaren poztasun eta borroka freskoen artean ematen duena”. Borroka zaie bihotzeko poztasuna ia egunero aurkitzen dugu militarrei.

* “betiereko gaztetasuna da beti indarrik aski jokoan mantentzea eta atseginean, baita lanean ere, osoki irautea”. Herria esklabo hezteko filosofia.

* “... nire izpiritua sendo eta azkarragoa da, lan bizian murgildurik nagoenez geroztik!. Ordutegia ere badaukat”. Ia ordutegi eta arautegi gabeko egunotan sendoago dugu gorputza, azkarrago espiritua, nekea ez da lagun ona, laneko arazoak ahaztearena hesbide bat besterik ez.

* “Gizakiak ezin du gezurtatu, aspaldian zoriontsua izan zela”. Bidaiariak gezurtatzen du esaldi hori, gizakia beti zapaldua izan dela egiaztatzen baitu bidaia eta herri bakoitzean.

* “Guztiak bakoitzarentzat eta bakoitza guztientzat”. Herri orotako politiko oro bete ez dadin ahalegintzen den printzipioa.

* “Kemen alaiak ikasle onak egiten ditu”. Kemen alaiak bidaietan asko ikastea ahalbideratzen du.

* “Kasualitateari indarra kentzen diogu eta patua menderatzen dugu”. Kasualitateak eta patuak indar gutxi dute bidaietan, kasualitaterik gertatzen bada ere, baita sarri patuak jo duela uste badu ere bidaiariak.

* “Ailedi kontrarioa izan, eta denbora, baita ekintzak ere, pentsamenduaren gainetik hegan joan balitez”. Egin du bidaiarenak pentsamenduaren gainetik beste ezerk hegan egiten badio.

 

Goizeko 9ak, 30 graduko hozberoa. Goiz egin ditugu ibiliak, goiz egin dugu gerizpeko egonera. Eguzkiak baldintzatzen gaitu.

 

Itsasertz itsasertz doa errepidea, Marina guneetan soilik sartzen zaizkigu tartean etxeak. Ur-dermioa  alde batera urdin, lur-dermioa bestera, berde. Olio eta ardo kooperatiba eta fabrikak: olibondoa eta mahastiak baitira zuhaitz guztiak, tartetxoa utziz pikondo eta kanaberei. Hainbat arrantza-tramankulu itsasertzeko haitz puntetan, gehienetan etxe multzoen inguruetan; artisau tramankuluak dira, enborrak ebakitzeko zerra eta mailua, beste tresnarik ez da erabili tronko nahasmen hori organizatzeko: batek sarea zabaldua zuen airean, eguzkiaren parez pare, kontrargi erakargarria sortuz. Harri-lubetak daude hondar-gune ororen aurrean, alferrikakoak seguruenik, mediterraneoan antzera, baina jarri zirenean norbaiten negozio izanen zen; kentzen direnean beste batena edo beraiena izango da.

Hondartzan da bederatzitarako jendea, autoz lepo daude kamino ertzak eta aparkalekuak. Ohi denez, igandezale patxadatsuak sortarazten ditu errepidean gidarien erneguak eta urduriak, aurreratze hala-holakoak.

Dabid eta Goliat elkarren lehian errepidean, kamiotzarra eta isogurdia alegia; errepidea zibilizatu denez, Goliatek amore eman behar du, Dabiden atzean  gurdi nanoari jarraiki. Zorria elefantearen aurrean ere izanen zen irudi esanguratsua.

 

Vasto. Ez dago jendetzarik, baina bizi-bizi dago herria, inguruetatik etorri da jendea erosketetara; gerizpean daude nagusiak kontu-kontari, eta futbol zaleek ere badute ikuskizunik; Espainia da gaur jokatzen duena.

Kurbadura du alde batean plaza obalatuak, erromatar anfiteatroaren hormari jarraituz gidaliburuak dioenez; bi horma zati dira ikusi ahal direnak,  bata etxe bateko bebarruan, bestea denda bateko erakusleihoan: bitxia gutxienez. Erdi Aroko kaledia, oso murritza, berehala bukatzen da, eta ez du inolako graziarik, han dago bakardadean, ahaztuta lez, inguruko oinezkoen pasabidea da,  besterik ez. Gaztelua,  plazan bertan adreiluzko moinoino txikia, osoa, arkutxoez dotoretua,- agian arkuok hormei eusteko teknika betebeharrezkoa besterik ez dira-, ganorazkoa, inguratuzko lubaki eta guzti: bitxikeria bezala aipatzeko aurreko bi dorreek itsasontzi baten brankaren aho zorrotzaren antza dutela, bi dorreetatik batek itsasargiaren itxura du, besteak aldiz errege koroa irudikatzen. Dorretxoak, plazan bertan bata, herriko sarreran bestea, biak borobilak, bi hauek ere adreiluzkoak eta biak arkitekto beraren teknikaz arkutxoek eutsitako hormekin. Atea, arku zorrotzeko xumea, biluzia, baina itsas gaineko herriaren mendi-muturra inguratzen duen sekulako behatokira atea, bertan ahalbideratzen da itsasertzeko alderik alderako ikuspegi sekulakoa. Duomo: bitxia du fatxada, 1200.eko fatxadak nabarmen erakusten du bere egitura eta aspaldikotasuna; gehigarriei ere nabarmen igartzen zaie noizkotasuna, horma soila besterik ez baita; Erdi Aroko zatiak bere ukitu propioak ditu: errosetoi ez handia eta atea, biak zizelatuak, nahiz xume; barnealdeak  Toscana aldeko elizen itxura hartu nahi izan du, marra ilun eta argiko egitura eman nahi izan diote, baina pintatua da, ez harri kolore ezberdinekoz egina; triptiko nano eder bat litzake azpimarratzekoa, erakusteko dute, babestua ere. Sta Maria Maggiore: aldamioz estalia dago kanpoaldea; saloi, gorteko dantzaleku edo musika emanaldi aretoa dirudi barneak; oso argia; kupula pintatu pospolina, jostailuzkoa dirudien organoa presbiterioan, beste handiago moinonoa koruan, alboetan eta gangetan koadroak, oso itxura onekoak; kandelak piztu eta amatatzeko trastetxoak bizirik dirau, ez da ikusten dugun lehenengoa, konotxo beltza, kanaberari itsatsia  berari lotutako metxarekin.

 

Futbol zale mordoxka plaza ertzeko denda baten atarira atera duten telebistaren aurrean zutik eta adi, telebistak kristalezko gurutzetxoa du gainean biraka:  kamiseta gorriek erakarri gaituzte, Espainia ari da Hego Korearen aurka, berdinean doaz, baina zaletuok protesta egiten dute, eskandalagarria omen da arbitroarena Corearen aldeko jarrera, ez diren jokoz kanpokoak emanez; itzuli garenean nork aurrera penaltika hasi berriak ziren, denak ez dakigu Espainiaren alde ala Korearen aurka, baina algaraz onartzen zuten Espainiak sarera bidalitako baloia, erneguz Korearrek bidalitakoa, Espainiakoak huts egin duenean haserre zalaparta izan da. Albiste ona guretzat, etxeratzean baketsu izanen da telebista.

 

74 kilometro, Espainia munduko futbol lehiaketatik Koreak kanpoan penaltietan nola utzi duen ikusteko.

 

Ez da kaleetan bandera italiarrik ageri, ez da bidegurutzeetan eta kaleetan bandera saltzailerik ageri... agian Italia kanporatua izan da, agian herrialde honek ez du opio hori hain dosi handian behar, agian ez da atzerritarrik bandera salduz bizimodua atera behar duenik, agian ez da hemen etorkinik onartzen ez dituztelako, etorkinak ere herri pobreetan errotzen baitira errazen.

Kanpai-hots sarriak dira herri honetan.

 

Septentrio”. Aurelia Arkotxa:

* “Munduko lore ederrenak dira han heltzen eta xori arraroenen  txistuak entzuten”. Lore eta txori-kanta urriko gerta zaigu aurtengo Italia.

* “Gerlaritza hoberenetan dute hauteskundez hautatzen erregina, baina defendatzeko bakarrik dute gerla”. Politiko eta agintari gerrari guztien leloa.

* “Beti iruditzen zaie jendeei auzokoak baino zuzenago doazela eta guri gure azpian  direla iruditzen zaigun bezala, haiei kontrakoa zaie iruditzen”. Herri bakoitzak uste du bera dela hoberena.

* “Eta nola gauza berriak beti gustuko direla dioen jendeak, non litzake plazera batek dakien guztia balerra?”. Dakidan guztia baino  dakusan guztia diot, baina inori gustukoa zaion, hori da auziaren beste aurpegia.

* “Utz diezaiogun biharko bidaiariari berriari lur berrien deskubritzeko sua eta gero haien kontatzeko gustua”. Datoren udaberrian izanen gara leku berriren baten bila, kontatuko dugu aurkitutakoa.

* “Turista haiek... herriko etxeak eta herrikoak bederezka ontsa begiztatuz , zooan balira bezala ... Baina ez dira ohartzen ere haiek direla haiek, guretako ziminoak!”. Hala ohi da, bizipen hori sarri dugu turista-herrietan ere!.

* “Denak buruan ditut, amatxi zaharrak eta bertze herriko zaharrek erakutsi zizkidaten ipuinak, hitz batez, herri honen oroimena”. Dabilen herrietako altxorrik preziatuenak ihes egiten dio gehienetan bidaiariari.

* “Haurrei hizkuntza erakutsi behar zaie, beti. Aitzinakoen ispiritua gal ez dadin”. Herrien izpiritu hori da bidaiariak galtzen duena, are gehiago herri horretako hizkuntza ez badaki.

 

 

Ekainaren 23a. Igandea. 52.a-I:50.a

 

“Hyperion”. Friedrich Höldelin:

* “Gogotik erakutsiko nizuke herri libre bat, arimaz eta edertasunez beteriko herri bat ...”. Bidaiari pasokook inola ere ezin dugu jakin herri bat noraino den libre, ez noraino arimaz  eta edertasunez beterikoa. Ezer guti ikasi ohi du bidaiariak arte altxor eta kaleko giroaz  gain.

* “Milaka urtetan ibiliko naiz izaretan barrena, itxura guztiez mozorrotuko naiz, biziaren hizkuntza oroz, zurekin berriro, behin batez, topatzeko”. Herriarekin topo egin nahi nuke, baina badakit ia ezinekoa dela.

* “Han, Atenas sakratuaren hondakinetan, ikusi nuen orrialdea pasatua zela, orain hildakoak lur gainean dabiltzala eta biziak, jainkozkoak, azpian daudela”. Hori da bidaiariaren arriskua, hildakoak soilik ikustea, lur gainean dabiltzan biziez ez jabetzea ia.

* “Libertatera eraman zenituen eta gogoan lapurreta zuten”. Nork antzeman herri baten ametsa, gogoa eta grina!.

* “ Badakit munduarekin errazki haserretzen berdin adiskidetzen dela ere”. Italiaz ez nuen iritzi baikorra baina erabat adiskidetuta noa.

* “Nola esklabo hotsaren mila itxuratan zorroztu zen nire libertaterako maitasuna”. Nola jakin noiz den esklabo eta noiz libre herri bat!.

 

Pausa eguna, 7 asteen atseden eta azken hegazkadaren abiapuntu.

 

Ahalegin bizian prestatu zuten goitik behera bungalowa. Bikotea bi alabarekin heldu ziren arrats beranduan, argirik gabe aurkitu zuten bungalowa, presaren eta inprobisazioaren ondorioa. Bezeroek bageneki akatsen nondik norakoa!.

Zaplaztaka hartu ditu amak bi neskatoak gurasoen siesta garaian zarata gehiegi ateratzen zuelakoz. Hots handiagoa zerabilen gero berak arraskan!. Umeek noraezean dabiltza nagusien zentzugabekeriekin.

Agertokia du kanpinak, zementuzko eskenatokitxoa goian, zabalgunea aurrean eta mailadia parez pare:  erromatarren anfiteatro nanoa. Uztailetik dute kontratua ume eta gurasoen aisia orduak betetzeko arduradun gaztetxo bikoteak, baina hasiak dira jadanik lanean, prestaketa eta entseguetan: XX. gizaldiko esklaboak.

Zarata lekua bihurtzen da kanpalekua, inguruko auto eta trenen hotsetara ohitzen zara, badirudi zure inguruko osagai naturalak direla, baina hara non hasten dira tarteka bata lehenengo eta lasterrera gero ura ibaitik ateratzen duten punpa eskandalosoak, gortu ez ezik zure kapazitatea bera ere gogortzen dutenak.

Bi argindar hari-ilarak zeharkatzen du kanpina, bakoitzak burdinazko zutabetzar bana du kanpin erdi erdian, gure etxatoiaren gain gainean ditugu sei kabletzar lodiak, ez dute hotsik ateratzen, baina eskerrak nire taupada-markagailua ongi isolatuta egongo dela.

 

“Septentrio”. Aurelia Arkotxa:

* “ Ez dugu nahi lehengo gure arbasoen mundua gal dadin”. Gain behera dator arbasoen mundua gabiltzan herri orotan. Zibilizazio berriak  zahar dena irentsi du, harri zaharrak ere negozio bihurtuz.

 

Ekainaren 23a.  Astelehena. 53-I:51.a   

“Hyperion”. Friedrich Hölderlin:

* “Sinesten dut gu geurez garela eta soilik geure gogo libreak estekatzen gaituela hain sakonki unibertsoari”. Horrelako zerbaiten ondorioa da bidaiari sena.

* “Baina guri ez zaigu eman / inon atseden hartzea”.  Bidaiariaren sena eta izatea.

 

Ur jario oparoan zegoen konketako kanila duela gaur zortzi, hala egon da aste osoz, hala jarraitzen du alde egiten dugun egun honetan: nork sinetsi ura ontasun agorgarria dela?.

Bukatu zaigun sentipenarekin egin diegu agur elkarri ia hitzik egin ez diogun baina elkarren ia lagun egin ditugun auzokideei. Hitzik ez, baina beti zen “bon giorno” diosala usokoak edo irribarreren bat. Gizakiak ezagutzeke alde egiten dugun sentipen betikoarekin alde egiten dut orain ere, baina ezagutzea ezinezkoa dela ziurtasunarekin. Ezagutzara hurbiltzerik ere ez horrelako azaleko harreman lasterretan. Baina izan dira mila detaile, mila zehetasun: ama alaben harremanak, bikote baten portaera semetxoarekiko, mutikotxo exhibizionista bere bakardade unetan gure miresmena bereganatu nahian bizikleta gaineko abildadeak erakutsiz, atzo izan genituen aurrekoen guraso alabarekiko harreman kontrajarriak, garbitzaile etorkinak, bertako langile italiarrak, igandean eta astebarruko langileen jai egunetan kanpineko arduradunaren semea laguntzera etorri zen familia osoa, beti etzanda zeuden holandarrak, txakurren festa: aste buruan denak solte ugazaben inguruan libre ibili direnak zeinetako batek pisa ere egin zuen denda baten aurrean umetxoaren gurditxoaren gurpiletan, igerilekuko giroa: umeen gozamena eta gurasoen lasaitasuna, jantokiko neskatoaren titien gainezkakoa, haren lehen eguneko urduritasun eta ikasi beharra, ugazabaren dena kontrolatu beharra... mila xehetasun gizakion ezaugarri.

Etorri ginenean bezain erakargarria egiten zaigu herrialde hau aste bat beranduago alde egitean. Gaur ez du zimurrik itsasoak, agur iheskorra izan da berarekikoa, berehala baikinen autobidean, lur barruan. Itsas inguruko lurretako mahastiak: negutegiak dirudite askok plastikoen babesean, olibadiak barrurago, barrenago galsoroak, eta azkenik basoak eta mendiak. Baina batez ere herriak, tontor eta magaletako herri ilunak. Auskalo ze drama, ze bizi-ezin, ze alde egin behar bizi duten begientzat hain xarmantak diren herriok: idilikoak itxuraz, arantzadiak bihotzetan. Zoragarria izan da mendiarteko ibilia gaur ere, egunotako gain lagunok lausotu badizkigu ere ganduak; tarteka masa erraldoi baten zilueta besterik ez ziren Sasso eta Maiella mendiak; mendiartean egin dugu Abruzzo probintzia bukatu arte.

 

LAZIO

Mendiartean egin dugu lehen zatia ere. Mendiarteko errepidea, mendi-zintzurrak sarri, hurrengo bailara gainean behatoki bihurtutako zubitzarrak, edo menditzarra aldez alde zulatzen duen tunela. Izan da gaztelutxoa baino zela-toki izandako gotorlekutxo luze karratua, bera bezain haitz luze eta fin baten gainean mendi-zintzur batean, bidesari kobratzailea agian, Rin ibaiko gaztelutxo hura bezala. Bailarak etorri dira gero, bailara zabalak, nahiko industrializatuak mendi garaiez inguratuak, etxez josiak, erakargarritasun handirik gabekoak, teilatu gorriko herri eta etxe bakan argiak arren. Erromara hurbilduz bukatu zaizkigu mendiak, lautada nagusitu da, lautada gariek horitutako lautada.

Bide guztian tontor eta maldetako gaintxoetako herritxo eta herriak izan dira ikuskizun eta erakargarritasun nagusiak. Etxeak eurak bizpahiru ilara elkarren gainean kokatuak, herriaren harresi, labar izugarri garai perpendikularretan jasotako herriak. Orvieto haitz gainean ahaltsu, naturan babestua, amildegiz inguratuta... zenbait herrik hildakoaren hezurdura dirudi, hitsa, hila, bizirik gabea; zulo ilunak besterik ez dira bao-guneak, ez da ezer zerbait bizia adieraziko duenik, inor edo ezer bizidunik han denik.

Tevere, zabala eta azala dator ibaia, baina batez ere zikina, agian inguruko harrobi batek harez zikindua soilik. Hau ote Erromako Tiber mitikoa?.

 

UMBRIA

Olibondoa nagusitzen ari zaie LATIUMeko gari-sailei: bietatik zein pobretasunaren adierazgarriagoa?. Menditsu da, baina mendi apalekoa.

Bi ikusi ditugu Umbrian, Toscanan pila: ekilore sailak ugaldu, nagusitu,  dira Toscanan, baita arto-sailak ere: gariari alternatiba bila dabiltza nonbait nekazariak. Bi sega-makina lanean, aspaldi galdua nuen ikuskizuna. Lasto txikiko garia da.

 

TOSCANA

Lautu egin zaigu lurra. Maldatxo batean zeramista batek sekulako erakustoki erraldoia bihurtu du belartza, errepidean behar du orain erakustokia edo non-geratua, baita bertaratzeko bidearen nondikoa ere. Herritxo argiak dira, teilatu gorrikoak, herri arreek eurek ere bizi direla dirudite.

Valdarno bailara, “ardoaren ibilbidea” bezala iragarrita dago errepideko bidegurutzetan. Ardoaren hau, komodin bat bilakatzen ari da herrialde guztietan. Mendigunea bihurtu zaigu berriro bailara hau.

 

Ez dugu mendi bat bera erreta ikusi bidaia osoan.

 

Gaur hartu dio gaina beroak egunetako markei, ohiko beroarekin eman diogu hasera bidaiari, gorantz egin dute zenbakiak ibiliak aurrera ahala, amore eman du zerbait gainetan,  34ra heldu da Lazioko lautadetan, ainube behar zuen Umbriako mendiartean sua dakar aireak, eta su-lamak inguratzen gaitu Toskanan, kanpalekura heltzean 47 ziren eguzkitan, 38 gure etxatoian. Eta ez da erraza izan neurria hartzea. Lurralde errea da Italiako zati hau sasoi honetan.

Kanpalekua. Figline Valdarno herriaren inguruan, mendixka batean, adin eta nazionalitate oroko jendea gainezka dakarren izugarrizko muntaia. Lepo dago. Europa osoko herritarrak. Ez dugu ikusi espainiarrik. Daniarrak eta holandarrak dira nagusi. Herri handi bat dirudi, herri handi handia, mendi magalean sakabanatua, edo pilatua. Eten gabe doa dator dago jendea, igerileku ingurutik batez ere. Argazki makina eta  nota-bloka eskuetan, giza ikerketa bat egitekoa aparta. Denetik dago, hiri batek dituen osagai guztiak daude zerbitzu aldetik. Zerbitzariak ere piloa, dena dago kontrolatua, ez dizute inprobisaziorako aukerarik ematen: eurek esango dizute, noiz nola eta non. Bi ordu eduki gaituzte eguzki bizian atea arratsaldez noiz zabalduko zain. Guk ez genuen hainbestekoa nahi, baina ez ziren orduak beste ezer bilatzen hasteko. Ume eta gazte jendeak gozoro pasako du, bustiaz egunez, dantzan gauez.

 

453 kilometro, etxera usainekoak.

Beroaren beroz hozkailuak berak ezin du abastorik eman edariak freskatzen.

Enarak ehizan arratseko zeru freskatu gabean, lausotua genuen irudia.

“Septentrio”. Aurelia Arkotxa:

* “Ziburuko iturrian bi karabela /     ontzi handiak / Belak hanturik / urean hegaldatzen dira”. Gizaldi honetako karabela, errepidean hegaldatzen da gure etxatoi zuria.

 

 

Ekainaren 25a.  Asteartea. 54.a-I:52.a

 

“Hyperion”. Friedrich Höldelein:

* “Haien uztarria beren mundu bilakatu zaie; ez dute beren esklabo hotsa baino hoberik ezagutzen”. Herri ororen patua. Esklabo libre direlakoan. Eliteen iruzurra.

 

Valdarno, deitzen da bailara hau, Arnoren ibaia esan nahi du izenak, Arno ibaia baitoa bailara zuloan nahiko zabal, bere betikoan, ertzetako zuhaitzek ematen diote berde kolorea.

Bide-berritik egin dugu Hiriburura, ezina zen autobusez. Fardel berde borobilek ordezkatzen dituzte gaur egun gure gaztaroko gari meta haiek; azaoak zut, meta txikiak zut soldaduen fusilak lez osatzen zituzten meta nanoak soroetan, meta borobil handiak gero larrainean.

Dorretxe piloa dago batez ere mendi-muinoetan, inguruan beti zipres ilarak hegietan etxeraino: Laziokoak uste nituen nik zuhaitzok, Toscanakoak ere badira nonbait, aberaskien ezaugarri. Ia gain bakoitzak du bere jauregia, aberatsek aukeratutako lurraldea Firentzeko Medizitarren usainera. Arno Ibaia zabal eta lasai doa, berde. Lurralde atsegina, zerbaitegatik aukeratu zuten Errenazimentuko aberatsek. Herri atseginak dira Toscanakoak, argiak, teilatu gotikoak dituzte, kolore okrez pintatuak daude gehienak.

 

Firenze. Pausa egunaz baliatu nahi izan dugu Firentze birbisitatzeko. Firentzek ez du sekula joanaren damu izpirik uzten.

Joan eta ibili, planorik gabe, jende uhinari jarraitu, aurrez edo atzetik, edo jende multzora hurreratu. Hobe norberak bere planotxoa badu. Zehaztasun asko nahi duenak eros beza gida edo arte liburu bat, guk nahiago izan dugu begiratu, harriduraz begiak zabaldu, “eneba!” bat bota, eta aurrera jarraitu. Ez gara Bataiategian sartu, ezta Duomon ere, are gutxiago kanpandorrera igo, lehen bietan ilara multzo luzeak zeuden, eta lan harrigarriok ere ez zuten itxarote-galda hura merezi.

Kalediak ez du ezer apartekorik, harri zabalez lauzatuak daude kaleak Italiako herri esanguratsu gehienak bezala; nonahi aurkitu daiteke jauregi, eliza edo plaza apainen bat, ez zen alferrik hirurehun urtez Italiako hiriburu izan Errenazimentuan, non bildu ziren garaiko era guztietako artista nagusiak. Begiek aurkituko dute zertaz gozatuko artelanik.

Bisitaria uholdeka. Ez zekiten asko Meditarrek, Migel Angel, Gioto eta enparauek hogei eta hogei eta bat garren gizaldian munduko arte-gune bisitatuenak bilakatuko zirenik.

Harrapatu eta menderatu gaitu erabat gaur ere beroak; etxeratzea erabaki dugu eguerdi beranduan, ikusitakoarekin nahikoa dela esan baitigu gorputzak.

Duomo: zoragarria da bere lineen, masen, kolore ezberdineko marren armonia eta oreka; apartak santueriaren kokamolde, zizel eta brontzezko lanak. Begiratu, liluratu, ahozabalik begirada luzatu, eta gozatu. Bataiategia: austeroa, ia biluzia, marrei esker bitxia; sekulakoak, miratzekoak hiru brontzezko ateak. Kanpanila: luze karratu koloretsu  austero lerdena, xarmanta eta orekatua bere handitasunean, bikainak zizel lanak guztiak banaka ere: nire zerbikalek eurek ere ez dira kexatuko gaur gora begiratu beharraren beharrez. Logia: nanoa, inor gutxik erreparatzen dio plazan, baina xarmanta eta ederra da. Piazza de la Signoria, Palazzo Vechio, Galeria degli Ufizzi, Logia: sekulakoa dena, eskulturatzar sekulakoak, Palazzoko patioko zutabe eta ganga pintatuak, handiak edertasunean; bertako iruditzarrekin haina gozatzen du bisitariak sos batzuk ikusleei atera asmoz estatua bihurtutakoen irudiekin, zeintzuk diru soinua entzutean emaileari mila eratara eskertzen dioten oparia; Galeria bera egituraz sekulakoa da, luze garaia, giza irudi eder eta arkuteria garaiez dotoretua. Ponte Vecchio, bitxi-denda bihurtuta, berezia egituraz, erakusleihoz eta bitxikeriez. Arno Ibaia, presaren bidez handitua, dotoreagoak bihurtzen ditu zubiak eta inguruko alde bietako palazzo eta ibilbideak: Astigarrabia eta inguruko tontorrak ezagunak zaizkigunoi, halako ukitu berezia ezartzen digunak Arno izenak berak. Piazza Sta Croce: zabala, bada freskoz ederturiko fatxada bat: gaur dena dago bisitariei debekatua, begiratzea bera ere ezinezkoa da, tutueria nahasi batek hartu baititu ertzak, zorua ere metro erditik gora sendoerako hondarrak estalia dago. Santa Crocce eliza: marmolezko lauza zabal-luzez jantzita fatxada, santu-iruditzarrez edertua eliza aurrea:  S. Frantzizko pobrearen eliza!; Santuaren  abituaren zati batekin umeen abitutxoa egindako zatia erakusten dute haren bizitzeko gutxiaren adierazgarri. Barrutik austeroa da, ez da apainduegia, behatoki  estu bat du arkuen gainetik eliza osoa bilduz  arabiar jitea duten arkutxo gainean; inguru horretan, pulpitu landu ederra, agian hitzaren aberastasuna goraipatzeko; hil-lauzak, hilobi eta hil-kaperak, tartean Galileo ospetsuaren hilobia edo oroigarria, pobreen, fraide pobreena ere, aberatsekiko morrontza agerian utziz; freskoak: sekulakoak dira elizako zenbait kaperetakoak, baina eta batez ere sakristiakoak, beraiek bakarrik merezi dute elizari bisita.

Saltoki bihurtuta daude fraide pobreen sakristiako bazter zabal eta ederrak, kaleko gazte saltzaileek, beltz etorkinak denak, aldiz, korrika egiten dute poliziengandik, komentu inguruan eta hiri osoan. Gaur egungo pobreak baztertuta eta pertsegituak diraute, kartzelaratuak justiziaren alde altxatzen direnak.

Dozenaka autobus daude aparkatuta hiriko ertz batean, bisitarien bila noiz joango zain.

Ez da izan erraza etxeratzea; autobusez egitekotan ginen itzulera, eta ez dugu errepide maparik hartu. Bezperatik hartu behar zen autobuserako txartela, horregatik autoz joan gara, mapa etxean utzita. Herriko izena besterik ez dugu, baina hau ez da inon agertzen. Okerrekoa hartu dugu bidegurutze orotan, ohiturei jarraituz; galdetu hemen, galdetu han, bideratu gara, mendiarteko herritxo pila  ezagututa. Hortaz gain istripu bat dela eta, geldi eta geldo egin dugu kilometro pila, erabat geldo gindoazen geldi ez geundenean ere. Herritxo bateko letreroak zioen: “Operatore du pace”, eta “zona desnuklearizata”.

“Begira nor den” esan diot M. Luisari autoz herri bat zeharkatzean “Jesus” erantzun dit.  Astelehenean elkartuko gara berarekin ez dakit jadanik bi hilabeteren bueltan ze herritan tokatzen den presoen aldeko kontzentrazioan, baina gaurko hau Jesus Razkin, Arbizuko lagunaren bizkia zen.

Atzokoarekin lehian dabil hozberoa, 44 graduko hozberora dugu bidean.

Jelatua ere hartu dugu, baina ez zaigu atsegingarria izan, hain izan dira handiak non ezin izan ditugu menderatu eskuak erabat lorrindu gabe.

120 kilometro,

Zaparrada bota du arratsalde erdian, Italia Iparreko egun haiek gogaraztek edo.

Ardoa eta garagardoa erruz edaten da kanpalekuan, beira-ontzi handia egunero gainezka egiteraino betetzen da, egun guztikoa da “klink” botilok botatzen dituguneko musika hotsa.

Enarak eta saguzarrak afaritan hegaldi azkarretan, zozoak eta txolarreak lurrean, txori-kanta ozena airean... bidaia honetan galdua genuen naturaren aurpegi atsegina berriz ekarri digu iparrak eta mendiak.

 

“Septentrio”. Aurelia Arkotxa:

* “Pipounapi, l´Anse du Bon Désir /     ou les Basques / de tamps immemorial / puis les Francais et lez Indiens / on fait la chase aux loups marins /     hori diote harrian zizelkatuak diren hitzek”. Hainbat Pipounapi Europan zehar, jubilatuz gero gabiltza bertan bi euskaldun edadetu, ia zahar. Hori diote ordenagailuan puntutxoz marraztutako hitzek.

 

Ekainaren 26a.  Asteazkena.  55.a-I:53.a

 

Hyperion”. Friedrich Hölderlin:

* “ Hiltzen gara bizitzeko”. Naiz, eta kitto. Bidaiatzen dugu, beraz bizi gara. Naturak jakingo du zer egin nire oraingo osagaiekin. Izanen nai,z eta kito.

Baraua eta etzaneko egona, gorputza ekarri dut, bera etorri da, bere onera.

Milaka jende gaude mendi magal honetan, joan etorri etengabean,  ehunka auto... baina halaz ere lasaitasuna dago, isiltasuna nagusitzen da... belar ebakitzailea hasi den arte bere tramankuluaren motor hotsarekin inguru osoa kutsatzen. Agur gure oasia, agur gure bakea. Noizko berriro ere segalariak?. Kutsaduraren ezaugarria da aurrerapena.

Malda honetan ez da trenik, ez tren hotsik, baina gaueko isiltasun barean bailara zuloko trenaren traka-traka pausatua heldu zait, logalea sortaraziz, umeari sehaska-kantua lez.

Bikote gazte da ugariena, ume txikiekin edo gaztetxoekin datoz. Pozgarria da hainbeste ume inguruan, gozagarria umeen portaera, jokabidea, izaera bera, hain bere artean ere ezberdina, ikuskizun izatea egun osoan. Jarri etxola aurrean eta umeak eta bere gurasoak behatu. Esanguratsua eta aberasgarria. Liburuak, ikasgelak eta ikastaroak aldi batez utzi, eta hona etorri behar lukete psikologo, pedagogo eta enparauek, begiratu eta ikasi.

Napolin lehenengo eta Taorminan gero aurkitu genuen Espainiako egunkaria, eta pentsatzen ari nintzela holandar eta alemaniarrek edonon aurkitzen dutela bere herrietakoa, hara non aurkitu ditudan Espainiako egunkariak kanpalekuko dendan. Ez dugu ezer galtzen, betikoak baitirau han. Betiko lehiara itzuliko gara bihar, betiko osagaiez egokituriko egunerokora.

Gerra hegazkina izan dugu, agur gisa edo.

“Porompompero” kanpalekuko diskotekan, erritmo modernoan arren belarriko mina eragiten dit.

0 kilometro, azken hegaldirako jauzi-pausa

 

“Septentrio”. Aurelia Arkotxa:

* “ba ote daki norbaitek / Ophorportuko puntatik noorestean / bi arroken kontra / lehertu den / fleuitako jendeei zer gertatu zaien?”. Sarri esan ohi diot neure buruari errepidean, mundu bakar bakanak garela errepideko etxatoi bakoitza, bakoitza bere Ophorportu bila.

* “Arrain itsasoko handia / begi geldia / guri so / eguzkitan”. Inor ez so ez zain, ez egunotako sapan, ez iparreko hitsean, inor guri begira ez dugun sentipena da bidaiariaren nagusietako bat.

 

 

Ekainaren 27a.   Osteguna     56.a

“Hyperion”. Friedrich Hölderlin:

* “Izango naiz. Ez dut galdetzen zer bihurtuko naizen. Izatea, bizitzea, aski da”. Hurrengo bidaia  Cordobara izanen da udazkenean. Naizen eta izango naizen seinale. Naturaren osagai hauek forma hau bizi duten bitartean.

 

Ez da gozoa ez erraza izan Firenze inguratzea, hiriburu orok du auto metaketa errepidean, honek ere bai.

Mendi apal eta berdeak etxe eta basoz josiak. Artoa  soroetako uzta nagusia. Teilatu gorria nagusi den lautadak, beti beste bat mendiarte bakoitzaren ondoren. Beti da bitxikeriaren bat begien alegrantziarako: akueduktu bat... Viarreggio  ingurua dena da padura, lur barruraino zabala, mapak erakusten digunez muturtxoa besterik ez diogu ikusi, inguruan itsasoratzen den Arno ibaiak urez hartzen dituen padura zabaleko zatitxoa.

Aukera murritza dute begiek inguruaz jabetzeko, autobiako hesiak dira gure soa errepidera ia soilik estutzen dutenak.

Ibilbide ezaguna, honanzkoan geniona haranzkoan gogoratuz goaz.

Egiten dituzte auto bizkorrak, egiten dituzte autobide lasterrak... baina hemen gara takian-potian mantso-mantso bide bakarrera mugatuta ilara mantsoetan, edo ia geldik.

 

LIGURIA

Bukatu zaigu Toscana menditsua lurralde menditsuagoari hasera emateko. Eman dio hasera Liguriako mendietako herri argien ikuskizunak: tontor bakoitzak du bere herritxoa. Izan da tontor batetako gaztelua, garaia eta zabala, tontor dena hartuz, nork esan  harkaitz tontorra ez denik. Aldi berean bere gailurrera igo da zubien festibala. Tunel luzeetako zarata gorgarria  baino gorgarriagoa da, izugarrizko hots zurrunbiloa, kamioiak eta auto andana elkartzen garenean zuloan.

FRANTZIA. Arratsalde hasieran, uste baino goizago.

36 graduko hozberoa eta helikopteroa, Italiako osagai zenbaitek dirau.

Une batez harkaitz izugarriak, horma gorrizka egitura berezikoak izan zaizkigu deigarri, bestalderakoan, zein beste bidaietan, ikusi ez genituenak nonbait.

 

833 kilometro, ia 11 orduko lana

 

“Septentrio”. Aurelia Arkotxa:

* ”Ontzi beltza abian / haia-haia / itsaso ilunean”. Ontzi zuria abian, haia-haia, itsaso hori-berdean, etxera bidean.

* “Itsasturi zaharren itsaso / gehiago ez den / itsaso / oroitzan ere ez”. Bidaiako herri zaharren itsaso, oraindik dirauen, oroitzan lausotuko diren itsaso

 

 

Ekainaren 28a.  Ostirala. 57.a

 

“Hyperion”. Friedrich Hölderlin:

“Herri batek edertasuna maite duenean, jepinua bere artistengan ohoratzen duenean, orduan arnasten da, bizi aire bat bezala, izpiritu komun bat; sen itxia zabaltzen da, hutsalkeria desagertzen da, bihotz guztiak dira errukiorrak eta handiak, eta entusiasmoak heroiak sortzen ditu”. Beti herri esklabo baten kontura, herri zapalduaren bizkar, elite hurrupatzailearen gailena. Artez apaindurik arren, gizarte usteldua.

 

Laino beltzak, egun iluna, hozten joan zaigu giroa ibilian aurreratu ahala, euria ikusiko dugun itxaropena ez dugu galtzen, etxera heldu ondoren izan bedi, baina zaparrada baten nostalgia dugu.

Ebaki gabe daude gariak, ekiloreak burutu gabe oraindik sail askotan, burutxo nanoak besterik ez dira oraindik burutu direnak. gariak ebakita eta ekiloreak erabat zuri-hori utzi ditugu Toscanan. Altzifrea ugaria da lurralde hauetan ere, agian landetxeetako zuhaitz apaingarria bilakatu da,  altzifrearen globalizazioa.

 

LANGELOC

Galsoro helduen urre kolore bristadatsu dager ingurua. Izan dira, begien erregali, eliza-dorre eta herrixkak, apainak ez ezik xarmantak, errepidetik begiratuta, jakina.

Hurrengo udaberrian ez bada hurrengoetariko udaberri batean  Pau eta Tarbesetik hasi eta Pirineo alde guzti hau ezagutu behar dugu, herriz herri, hegada bizkorrean joan ohi gara-eta beti hemendik. Hurreko bidaiok azkenerako uzten ari gara, indarrak ere ahitzen hasten zaizkigunerako.

Oso berdea dago Toulousetik Tarbesera arteko tartea, artoa, belarra, fruta arboladiak... Tarbesetik aurrera dena da behi-taldeak, belarra eta basoa. Zoragarri dager Tarbes ingurua, oraindik hondatu gabeko lurraldea, jakin beharko sakonean, barnean, dauden arazoak, desberdintasunak, ezinak eta gehiegikeriak, gizartean, politikan nahiz ekonomian.

 

EUSKAL HERRIA.  Zirimiria genuen bertara ordurako.

SAKANA. 15 graduko hozberoz eta lainopean hartu gaitu herriak .

 

616 kilometro, bukatu dira ibiliak.

 

Denera, 11. 409 kilometro

 

“Septentrio”. Aurelia Arkotxa:

* “Ontzia / emeki-emeki / desagertuz doa / itsasoa / bakar / bazterra / huts”. Garaje barruan gordean, isil eta geldi, udazkeneko joaldiaren zain, etxatoia, gu aldiz barnea oroipen eta ametsez blai.

BIDAIAK. ITALIA 2002

Jon Etxabe 2023/06/05 10:25
Lucera, Troia, Monte S. Angelo, Foresta Umbra.

Ekainaren 14a. Ostirala. 43.a-I:41.a

 

“Hyperion”. Friedrich Holderlin:

* “pentsa ezazu hobe dela hiltzea bizi izan delako, ezen ez bizitzea sekula bizi izan ez delako”. Bizi garela sentiarazten du bidaiatzeak, zaila baita eguneroko monotonia asperdura ez bihurtzea.

* “Oso erraza da pozik eta lasai egotea bihotz idor eta gogo mugatuarekin”. Hori ez da, baina, bizi izatea, bidaiatzeak bizipoza dakar, aldi berean bizipozaren ondorioa ere bada bidaiatzea. Aldiz, bizi ahal daiteke pozik bihotz idor eta gogo mugatuarekin?.

* “Barrenean akabatzen zaretenean, ez galdetu zuen medikuei ezta apaizei ere”. Bidaiatzeko gai izaten ez garenean, sobra izanen ditugu mediku eta apaizak.

* “Ez nintzen erretzen neure garrean”. Bere baitan erre gabe bidaiatzen dakienak, bi aldiz gozatuko du bidaiaz.

 

Azkenaurreko kanpalekua gaur hartuko duguna itsas kontra. Bidaia bukatzear den sentipena. Guri geratzen zaizkigun egunen kopurua besterik ez dute izango askok oporretan, egun luzeak uste dituzte aurrean, guk aldiz azkenak deritzogu egun kopuru berdinari

 

Gizaldi berri honetako barbaroak izan ditugu goizez, mota ezberdineko altzairuzko helikoptero hiltzaileak, kaki kolorekoak bost, hori berdeak bi geroago, zilar koloreko hiru azkenez: txandaka, baina eten gabe, bere itzalek zeharkatzen dute une batez behin eta berriro kanpalekua eta trumoi hotsez gortzen airea.

 

Belar-gune berde atseginak zeharkatzen du kanpalekua, badu baina zerbait pozoitua, ez da bertara txoririk jaisten, alboko hondarrean dabil txolarre bat: belartza honetan ez da ez zizarerik ez zomorrorik bizi.

 

Giovinazzo, labarren gainean dagoela kokatua jabetu naiz, gaztelua dago labar ertzean, herria gainaren hegian. Kokagune atsegina behar du izan, ederra -tarterik utzi badute- itsasgaineko ikuspegia.

 

Mahastiak nagusitu dira erabat lurraldeaz Barletta ondoren, itsaso berde argia; aldiz, olibadien itsaso berde ilunak irabazi du berdeen lehia Cerignola ondoren, aldiz, itsasora hurreratuz galsoroen horia izan da jaun eta jabe ingurua urreztatuz, dena baita galsoro; ebakita daude gari-sail gehienak, ebakitzen ari dira hainbat, ebakitzeko puri-purian daude zut daudenak, urre distiratsu.  Nahiko antzinakoak dira edadez uzta-makinak, txiki zamarrak tamainaz, gorriak kolorez. Badira ureztatutako sailetan ezagutu ez dugun baina erremolatxa izan daitekeenaren sail zabalak.

 

Cerignola. Kupula nabari da mahastien gainetik, agerian dugun kupula bakarra, irudi bitxia; gerturatuz dorretzarraren kapela besterik ez da delako kupula.

Aita Pio: hemen inguruan dugu igandean santu eginen duten, bidaia guztian kide dugunaren santutegia; egin beharko diogu bisita, elizetan ez ezik, errepideetan, kaleetan, hormetan, plazetan, dendetan... mendiko herrietan eta itsasertzekoetan, nekazari zein industria herrietan, brontzezko edo paperezko, eskulturan zein argazkian... denean izan baitugu bidaia-kide Aita Pio. Beraz sor diogu bisita: debotek esango digute eskerrak eman behar dizkiogula onik gorde gaituelako.

 

Manfredonia Golkoa: arku luzea urrutitik begiratuta.

 

Gargano Mendia:  ilun, gune zabalak ikusi ahal dira, gidaliburuan dioen basoak dira agian; , mendia den lurmuturra, idor horixka kolorea du, mendi mortuarena; herri bat ageri zaio hegiko erdi erdian, Monte Angelo agian, bihar ziurtatuko dugu hala den. Padura da barruraino golko gaineko ordoki osoa, hustubidez zeharkatuta.

 

Kanpalekua: Itsas gain-gainean dago kokatua kanpina; oso xumea da, baina izugarrizko muntaia du, hemen ere hilaren azkenerako gertaketa lanetan ari dira: kafetegi, jatetxe, itsasertzeko dantzatoki eta kafetegi, langa automatikodun aparkaleku ordaindu beharrekoak... kanpalekuko zerbitzuguneei ematen diete hemen ere ardura gutxien. Ehun metrotara du hondartza, amaierarik gabeko luzea, hondar fin zaindukoa, aurrez aurre ditu hiria, hiriko portu izugarri handia eta itsas bazterreko industrigune edo fabrika erraldoia;  aurrez aurre ditugu Gargano mendiak ere. Izanen dugu non ibili eta non aurre egin beroari.

 

Napolitar bezala gabiltza Italian gure matrikularekin, kanpalekuko neska arduradunak galdetu digu napolitarrak garen, italieraz zuzentzen dizkigute ohizko diosalak alemaniarrek.

 

Manfredonia. Erosketak egin beharrak eraman gaitu hirira. Ez du itsas girorik. Guztiengatik esaten duguna  diogu honetaz ere: txukuna eta zaindua, kale artezkoa, magal leunean, gain beheran; laba zen eguerdian elizako plaza; plazan eliza, pintura biziak eta aita-santuren baten estatua tzarra elizaren fatxadan. Siponto deitzen dioten auzoa dago hiritik hur, hondartza du, badirudi hiriko jendearen igande-pasako leku aukeratua dela.

 

40 graduko hozberoa dugu auto barruan 12etan, 34koa kalean.

 

Santa Maria di Siponto, osagai erromanikoak agerikoak dituen eliza bakartia  hiritik kanpo, ez da ezer, baina nabarmenak dira arrasto erromanikoak.

 

Bufalo granja aurkitu dugu kanpalekura herri-bide gorde batetik egin dugunean.

 

160 kilometro, hondartza eta eguzkirakoak, dirudienez.

 

“Satorrak baino lurperago”. Pedro Alberdi:

“Jakina denez, halaber, irakurketa okerren zerrenda oso luzea da literaturaren historian”. Nire idazkiok ez dira literaturaren historian sartuko, dudarik gabe direla irakurketa okerren zerrendan sartzekoak, baina, hor konpon baliagarri bazaizkit nire barne bizipenak azaleratzeko. Literatur irakurketa zuzenagoa beste nonbaiten jarri ohi dut, liburuaren orri eta azaletan.

 

 

Ekainaren 15a. Larunbata.  44.a-42.a

 

“Hyperion”: Friedrich Holderlin:

* “Ezer ezin da gizakia bezainbat handitu eta hondoratu”. Zenbat, batez ere  gizonezko, ustez ospetsuren, estatua, oroitarri, herri eta hirietan, plazetan, kaleetan, hormetan  eta elizetan. Handiak ziren ala handi egin dituzte handi egin dituzten horien intereserako. Aldi berean, eskale, herri xume, bizipozik ere gabeko herriak dira asko. Gizarteak handitu eta hondoratu egiten ditugu pertsonak, pertsona bakunak handitu gehienetan, gizarte sail osoak hondoratu, gutxi horien  handitzaileen onerako. Bidaiari ororen lehen konstatazioa.

* “Jendea ikusten nuen egiazki haien artean poztu eta ekin beharko banu bezala”. Zenbat aldiz nahasten da herri batean bidaiaria jendearekin, kaleko ibilian edo jaialdi zein ospakizun batean, baina gehienetan ikusle giza, ikusminez eta jakin minez, herriko oskolean soilik.

* “Hildakoak deitoratzen ditugu, heriotza sentituko balute bezala, eta hildakoek bakea dute”. Bizion lorpen edo egoera bat da bakea, hildakoek ez dute bakerik, gehienez bakean uzten gaituzte, hildakoek jadanik ez dira izanaren hondakina besterik. Bakarren batzuk diraute memorian harri, hizki, edo irudi bihurtuta;  iraungo zutela pentsatu zuten harri edo brontze bihurtuz, baina jada heurek ez dakite dirautenik, higatu baitira harri leun eta metal herdoildu bihurtuta.

* “egon behean, istantearen umeak, ez ahalegindu altura hauetara etortzen, hemen ez baita ezer”. Istantearen umeak gara bidaiariok, pasokoak lur orotan, baina bidaiaria herrien goialdetara igotzen ahalegintzen da, sarri ezer aurkitu ez arren.

* “O, poetak zuzen dabiltza, ezer ez da hain txikia eta eskasa berarekin entusiasmatu ahal ez izateko”. Eliza, katedral, museo, jauregi, herriko plazak eta kaleak, kulturaren mila oihartzun, herri ekimen, herri artearen mila ezaugarri... zenbat xehetasun dituen  bidaiariak gozamenerako.

 

Okil dotorea dugu kanpalekuan, goiz agertu zaigu; berdegune itxurako bakanean, eukalitadian, aurkitu du zerbait, baina kendu dio mauka berehala mikak: arrain handiak ez ezik, txori handiak ere txikia menderatzen du.

Hustu egin da kanpalekua, arratsean agertuko dira berriak; kanpaleku orotan aurkituko duzu alemaniar adineko zenbait, eta holandar erretiraturen bat.

 

Foggian 29 graduko hozberoarekin gindoazen errepidean goizeko bederatzietan. 31 gradu genituen 15 minutu beranduago

Militarren basea Foggiara bidean, ohi dutenez lursail izugarri zabala dute, alanbrez gordea. Adriatiko bestaldeko Baltikoko herriak erasotzeko prest.

Galsoro artean izanda gaurko ibilia, itsaso horian, urrezko lurraldean, urrezkoago eguzki galda pean. Gari-ebaketan ari dira, sega-makina handiekin gaur, sekulako hautsa jasoz, batez ere lastoa fardeletan batzen ari direnek.

 

Santa Maria de Siponto.  Foggiara bidean ikusi dugun eliza izanen dela uste dugu, erromanikoa eta itxura onekoa da; atzo ikusi genuen hura ez zen Santa Maria de Siponto. Etzi eginen diogu bisita.

 

Lucera. Kale luze zabal artezko hiria. Handia, denak lez. Denek lez, harlauza sendoko zorua dute kaleok; beltzak dira harlauzok erdian, zurixkak ertzetan;  marmol horixka kolorekoak ohi dira gehienetan. Baditu gutxienez bi sarrera-ate, ohi denez  arku buru zorrotzekoak, gurutzatzen diren eta nagusiak diruditen kaleen iturburu. Historia handiko herria da nonbait, jauntxo asko izan zituena gutxienez, edo inguruan jaunxkila asko zituen jaun handiren bat bizi zen herria: palazzo pila daude, ez dira zoragarriak, bai handiak,  austeroak, baina era berean dotoreak, denak ate eder eta patio zabalekin; gotzainarena da jauregirik ederrena, pare bat arkuk argia egiten dien mailadi bana dituela sarrerako albo bakoitzean; bikaina, jauntxoa baitzen gotzaina ere. Ate oro da harrizkoa, ateburu borobila du orok: zenaren oroigarri; beheko leihoak edo balkoiak ere zabalak dira, atekontrako sendoekin estaliak asko, batez ere dendako ate eta erakusleihoak. Herri hauek ez daude utziak; ez dira dotoreak, xumeak baizik, kolorgetu xamarrak,  baina bizi diren herriak. Ez dago etxe utzi eta husturik, are gutxiago eroririk. Santutxo asko horma zuloetan, berriak, zainduak, badirudi kale bakoitzak duela bere santutxoa. Koadrilaka, kalean eserita dago adineko jendea, kontu-kontari; bazen merkatu txikia ere, bere uzta du salgai nekazariak bakoitzak; kinkila-dendak hemen ere, pobreen moda salgai.

Katedrala: adreiluzko sendoa, ia gotorra, harri zuriko ertz eta babesgarriekin; harri zuriko gargola mordoa, higatuak, baina lan bikainak zirela erakutsiz; badu errosetoi bao-gune borobil handia, baina adreiluz estalia ia dena. Barrutik: luzea, zabala, garaia, sendoa, oso austeroa, dotoretasunik gabea, baina era berean dotorea, nortasun handikoa: aipatzeko kristo gotikoa: gure ciceronea hurreratu zaigu berriro –renaniarra omen- lau kristo horrelako omen daude soilik munduan, bata Colonian, beste bi museoetan; Amabirginaren irudia ere ikusteko aholkatu digu, XIII.goa delako, hiriko Zaindaria; eta beste gabe utzi gaitu gogaikarri izan gabe, zintzo eta jator;  bada aldare bat freskoz edertua, freskoz edertua dago ere presbiterioko ganga; brontzezko argimutil erraldoia, lan bikaina;  ederra da bataiarria bera, horrez gain estalki erraldoi zurezkoa du, lau zutabetan oinarritutako harrizko estalki landua esparrun estaliz, begiei halako handi-mandiaren efektua eginaz, markesetik gorakoak izan behar zuten gutxienez  hor bataiatutakoak. Santa Katalina eliza, XIV mendekoa; kanpai-horma begiratzeko eskatu digu aditua itxuraz, cicerone lanetan hurreratu zaigun  adineko gizon batek,  bakarra dela dio, ez dela beste bat horrelako formarekin; hala izanen da izan ere: teilatu ertzean luzatzen da, benetan da kanpai-horma, lau bat kanpaientzako zuloekin; komentua da, beheko leihoak gaztelu bateko kanoi-zuloak dirudite, zabalduz doaz, horma izugarri sendoak erakutsiz; barrutik zuri-zuria da: aipatzekoa kofesategi eta pulpitua altzairu bakarrean bilduak, bata bestearen gainean. Jite ezberdin deigarria du mojen koruko burdineria berak, balkoiak bailira, koruan eta alboko horman. S. Leonardo:  umezurtz-tegia, adreiluzkoa, handia; elizako fatxada du aipagarria, harrizko zuriak ditu teilatu-ertz azpiko eusgarriak, efektu berezia sortuz, bitxia, ez pospolina. Gaztelua:  iragarrita dago, ez gatzaizkio joan, indusketa gunea da, 900 metroko harresia geratzen omen zaio, erromatarren hondakinak ditu barruan.

 

34 graduko hozberoarekin goaz errepidean Troiara bidean, beste inor ez dabilen herri-bide estu galduotatik, nondik ote goazen kezkaz, bidegurutzeetan inolako argibiderik aurkitu ezinik.

Txori txiki bat errepidean, arre-arrea, txuolarre kolorekoa baina fina, okilaren antzeko gandor luze ttenttearekin.

Herri gehienok dute industriguneren bat, laborantzari lotuta asko. Granjak ere ageri dira. Ez dira herri ponpoxoak, baina bai herri zainduak, kolorgetuak, baina osoak, herria bizi da bertan, herriaz arduratzen den herria. Herri biziak.

 

Troia. 463 metrotako goiera duela azpimarratzen dute zenbaki handiz bi lekutan ere herrian, garrantzitsua da nonbait datua: egon mendi gain batean dago, bertatik ikuspegi horia zabaltzen da lau norabidetara, lurralde osoa da gari-sail, urrutietan,  mendilerroek ordokia eteten duten arte, hori, urre kolore bristadatsu. Aurrean du itsasoa. Herri xumea baina osoa, galdu edo eroritako etxerik gabe, kolorgetu zamarra baina bizi dena, bizia izanen da. Kale nagusiak zeharkatzen du luzeran hegi osoa alderik  alde, bertatik jaisten dira alboetara aldatzean kaleak, estuak, erdi kurbatuak, bukaera ikusten ez zaiela. Ez dabil herritar askorik, ezta merkatutxoan ere, beroagatik edo itsasertzera emigratu dutelako agian: 40 gradu zeuden aparkalekuan eta 45 auto barruan. Katedrala: herriko altxorra, sekulakoa da kanpotik; fatxadako goiko triangelua batez ere, banan-banan irudi taila bakoitza da begiratzekoa: errosetoi erraldoia, gargolak, burutxoak, animaliak... zizel-lan sinfonia; alboetako hormetan ere bada zeri begiratu, kapitel batean ertzeko buru bakarrak egiten dituen alde bietara dauden bi animalien buru lanak, alde bateara estilo ezberdineko zatiak nabarmentzen dira, bada arabiarra dirudien arkuteria bat ere. Barrutik oso austeroa, hiru nabekoa, zutabe sail borobil ederra batez ere kapitel landuengatik, nahiz bitxikeriarik ez izan; fresko lanak  aldare batean eta presbiterioko bi alboetan, pulpitu ederra; pulpitua karratu handia ere deigarria da formaz tamainoz eta dituen zizel-lanengatik;  bi errosetoi handi ditu, bata sarrerako ate gainean, absidean bestea, biak inolako edertasunik gabe, baogune erraldoi soilak barrutik, sekulakoa sarrerakoa kanpotik; bataiarri landua; marmol txertatuko aldareak, dotore gorrixkak; bi giza aurpegiko animalia buruez eusten diote zutabe gainean hormari: oso bitxiak.

 

Kamioneta batek Troiako kale nagusian denda bateko toldoa eraman du kateatuta, toldoarekin, farola ere. Jende multzoa bildu da inguruan. Gazte bat zen gidaria eta lanean ari zen. Une batean ze nolako aberia!. Istant bat izan da, baina hondatua zegoen erabat estalkia.

40 graduko hozberoa aparkalekuan, 45 auto barruan.

 

Galduta ibili gara Lucerara bidean, galduta Toiara bidean, galduta Foggiarakaon ere, galduta etxera hartzerakoan, erabat aldrebestuta, bidegurutzeetan ez baita agertzen lagungarri izango zaigun herri izenik. Ernegu batzuk gorabehera buruan genuen ibilbidea osatu ahal izan dugu. Eta ez gara damu.

 

Lurralde laua, 11 kilometrotara genuen Foggia, bertan  zegoela zirudien!.

 

194 kilometro, urre koloreko beroak

 

Itsas barrura begiratu behar nuen nahitaez uretaratu naizenean, itsutu egiten ninduen hondartzak, ispilua baizen ondoko ura eguzkia behean jarri zaidanean. Eguzkia itsasotik jaikitzen zait hemen baina ezin dut etxetik ikusi, gorrizten ikusten dut baina zuhaitzek ostentzen didate bola gorria.

Atzo bidaltzeagatik zitaldu zitzaidan kanpalekuko txakurtxoa gaur etxatoi aurrean etzan zaigu, guri lagun egin baino gure konpainia bilatuz, ia bakarrak baikinen.

 

“Satorrak baino lurperago”. Pedro Alberdi.

* “Horra Jon Etxabe....”. Ez naute bidaiengatik gogoratuko, baina liburu batean izena agertuz luzarorako iraungo dut nahiz inork irakurri ez.

 

 

Ekainaren 16a. Igandea. 45.a-I:43.a

 

“Hyperion”. Friedrich Holderlin:

* “Nire bihotzeko kolorea darama. Nonahi begiratu eta ere, bada ehortzitako poz bat”. Baikorra izan behar du bidaiariak. Bere barne kolorez argitzen jakin behar du aurkitu eta ikusten duena. Ehortzitako poz horiek aurkitzen.

* “...harmonia miresgarriak hots egiten du nire baitan”. Barne musika nahitaezkoa du bidaiariak inguruaz gozatu nahi badu.

* “ez nuen ezer galdetu nitaz, ezta besteez ere”. Gidaliburuez ere ahalik gutxien baliatu  behar du bidaiariak.  Berak behar du bere bidaien gidaliburu eta antolatzaile.

* “Eta dena zen ongizate baten mintzoa,  dena erantzun  bat aire xarmantaren  fereka maitagarriei”. Mintzoak jaso eta erantzuten jakin, bidaiariaren premiazko bertuteetariko bat.

* “Desira eta bake ezin esanezko bat  nire baitan”. Desira bizia eta bake sakona, bidaiariaren baldintza ezinbestekoak.

* “Bizitza pobrea eta bakartia  da. Bizi gara diamantea putzuan bezala”. Bidaiak laguntzen du bizitza aberasten eta bakartasuna bidaia-kidez deuseztatzen .

 

Txolarrea da kanpaleku honetako txori bakarra, noizbehinka ikusten ditugu lurrean, gure apurren edo zomorroren baten bila, eukalitadiak ere ematen du zomorroren batentzat habitat egokirik nonbait. Goizean biziki abesten entzuten ditugu, goiko hosto artean, eguerdi arratsaldez, aldiz, pio motelez, bere lumajea bezain arre eta tristea da bere kantua, bizitasunik gabekoa, kexatia, negartia lez.

 

Zenbat eta hurrago orduan eta biluziago agertzen zaizkigu Gargano Promontorioko mendiak. Dena harri, amildegi, biluzi, idor eta horixka. Ez da uste genuen mendilerro jarraia, mendi-tontor ia konikoak dira, labar sakoneko ebakidura eta mendi-zulo bihurriz banatuak. Harritu gaitu hain mendi piko, gorri eta harritsuak mailakatuta  egoteak: zapaldaka datoz, mailaka, goitik beheraino, harriz eginiko hormez mailakatuta, nekazariek izerdi latzez ondutako lurra segur aski uzta urria ateratzeko. Dena da olibondo beheko itsasorainoko lautada, hala izanen da lur mutur osoa.

Sigi-sagari ekin diogu aldaz gora, eta hala izanen dira gaurko kilometro denak. Ia artezgunerik gabe;  dena bira ia  osoko bihurgune, bata bestearen ondoren, mendi bat igo eta zeharkatze-aldi baten ondoren jaisteko, berriz ere gorantz hasteko... gogaikarria egin zaigu azkenerako, aspertu egin gaitu; ezin dut gozatu inguruaz, arreta guztia eskatzen baitit errepideak, bertan iltzatuak daramatzat begiak eta arreta, bihurgune itsuengatik, baita italiar gidari eroengatik ere. Ez du zer eskaini handirik  mendiak, antzerakoa baita dena, monotonoa azkenik, errepikagarria bihurtzen da.

Igandezale asko atera da gaur etxetik, errepidean oso lasai doan asko dabil, izugarrizko arrisku-guneak sortuz.

 

Badia eta lautadako ikuspegi zabala eskaintzen du Monte S.Angelora errepideak.

 

Monte S. Angelo. S: Mikel Goiaingeruagatik darama izena, gotzainen bati agertu zitzaion, erregeren bati ere bai geroago, beraz eliza jaso zioten eta gurutzadarako buru oro etortzen omen zen hona santuari otoitz egitera gerran jende asko hil eta gudua irabaztea eskatzeko. Etxetzar berri handiak ikusten zaizkio tontor gainean errepidetik, badiara begira dauden behatzaileak; mafia eta espekulatzaileak ibili dira hemen  seguruenik, politikoak ere, goiotan hainbeste etxe eraikitzako. Herri xarmanta da, mendiko herria, mendian eginiko herri zuria, tontorreneko gazteluari babesa emanez eratutako kaledi  bihurria: kale oro, eskailerak, zokoak, bazterrak... dena  baitago pikoan. Atsegina. Hemen ere herria zen jauntxoaren babesgune, azken lubakia, defentsa nagusia. Hamaiketarako herri osoa zegoen kalean, batez ere adineko gizonezkoak, arbolapean eta kale bazterretako txoko gerizpetsuetan kontu-kontari. Turista-herria, bisitari pila datorkio, erruz, kale oro da kinkila-denda, okindegi asko dago, ugariak dira gozotegiak, baita jatetxe eta kafetegiak ere holakoetan ohi denez. Kinkila-dendetan gaur Pio Saindu berriaren tamaina eta kolore guztietako irudiak saltzen dira, estanpak nola ez:  salgai jarri dute denean gure saindu berria. Eten gabe jotzen dute kanpaiek, ia ordu laurdenero,  luzez, kalean kanonizatze zeremoniako telebistako ahotsa entzuten da, saltzaile batek telebista jarria du bere toldopean...

Herri-herrikoa da hirira datorren jendea, xumea, adin guztietakoa; herri guztietakoa bere portaera: eliza bisitatzen du, askok otoitz egiten dute, gehienek dirua botatzen dute, denera begiratzen dute…; gu bezalako begiluzea ere ugaria da, igande-pasa etorri eta bazterrak ikusi  nahian dabilena. Oso atzerritar gutxi ikusi dugu, bikote bakarren bat soilik. Pare bat ordu oso atseginak egin ditugu.

Bertako jendeak, nagusiak batez ere, hizkuntza, agian italiera bera, erabat ezberdina egiten dute, tonuz eta ahoskeraz. Ez diegu tutik ulertzen, kantuan bezala egiten dute, bokalak luzatuz. Beraien alboan beste batzuk italiera guretzat normalizatuaz egiten dute, italiera dela esateko modukoa behintzat.

Teilatueria bitxia ikus ahal da goitik,  behealdetik begiratuta itxura ezberdin berezia erakusten dute fatxadek; etxe erabat xumeak dira baina aldi berean deigarriak. Orain arte ikusitakoetatik ezberdinak dira herri osoko tximinia denak, sinfonia bat osatzen dute, eta petoenek arnas tutuak dituzte alboetako tiroa errazteko edo.

S.Michel eliza: zizel-lan eta brontzezko ate apartekoz edertua du sarrera; aparte, bereiz, apartekotasunik gabeko dorre hexagonala. Ez dute praka motzik onartzen eliza barnean, ezta argazki makinarik ere, baina nirekin iritzi malguz jokatu dute, bestela txalekoarekin estaliko bainituen berna, Sofiako Basilikan bezala. Mailadi luze batez jaisten da behera,  luze eta sakon, baina lurpean izanen zarela uste duzunean behera sartzen da eguzki argia ertz batetik. Eliza baino elizak dira: haizpean eginak, haizpe zulatua omen, batak dena du haitza, bestean ganga eta horma dira haitz; gorputz gotikoz estali dute haitza. Mailadian zein elizotan hainbat bitxikeria tailatu, artelan apartak, zaharrak eta betikoak, fresko hondakinak, kaperak, aldareak, hilobiak... begiek badute non gozatu; harrizko barroko ederra da eliza gotikoko erretaula. Kobazulo handi eta zulotxoz eta txokoz betetako batean jarri dituzte kofesategiak. Bada azpiko mundu horretan kinkila-denda bihurtu den elizatxoa. Dirua eskatzeko amu polita: S. Migelen harrizko irudi bikain bat jarri dute haitzeko zulo handizka batetan, aldare ostean, misterio kutsua du, zenbait Amabirjinaren Santutegietan bezala pasatzen da herria aldare ostetik santuarengana: kristal lodi batez estali diote ahoa, goian tarte zabal bat utzita; ikusi egiten da botatzen den dirua; txanpon dirua ez ezik, ugaria da paperezko dirua, borondatea pizteko aproposa, arau bat jarriz bezala; norbaitzuk paperak botatzen dituzte, uste dugu Santuari eskabideak direla: bitxia erabat, bere osotasunean, ñabarduretan ere. Bazen Santu berriari buruzko erakusketa bat: famatua izan zen gure santua bizitzan nonbait, jendetzak joaten zitzaizkion, eta estigmatizatua zegoen... jende ospetsua joaten zitzaion, izugarrizko hilobia du... Aita Sainduak ere egin zuen bisita hilobira... Rotari edo Bataiategia, S. Pedro, Sta. Maria Magiore, elkarren jarraian daude hiriko hiru altxorrok: Bataiategia karratua da, sarrera bikaina du, behe solairuan arku punta-luzeak ditu alde bakoitzean, hilobia daiteken kobazuloa ere bai, fresko hondakinak, eta putzua zitekeen zulo biribila zoruan; bigarren mailan arkuteria txikia eta zenbait zizel-lan nahiko higatuak, kupula, aldiz, sakon luzea da. S. Pedro: ezer gutxi geratzen zaio, abside biluzia eta zutabeen oinarri batzuk soilik. Sta Maria Maggiore: ederra da, sarrera aparta du: han ditu bi arranoak baina falta zaizkie azpiko zutabeak eta zutabeei eusten zieten lehoiak; badu zer miretsi, tartean hiru leihotxo imitatuzko harri landu bikainak; leihotxo bikaina du barruan, fresko hondakin ederrak bizantziar itxurakoak. Gaztelua: gotorra zela erakusten du, gaur egun herria dotoretu besterik ez du egiten.

 

Itsasoa eta itsas gaineko ordokia ikusi ahal da alde batera, lurmuturra osatzen duen menditeria bestera. S. Ageloren lur-barrualderako malda ere mailaka doa, zapaldaz zapalda, garai bateko ardura eta lana erakutsiz. Dena baso, dena berde. Mendi pila bata bestearen jarraian, erreka-zuloek elkarrengandik ebakiak, errepideak gora eta behera egiten du bestaldeko itsasora heltzen den arte. Leunak, gozagarriak eta atseginak dira mendiarteko bailarak, landuak daude lurrok, garia da nagusi. Artea da basoa, arte txankamehea eta txaparroa, ez du gerizarik egiten, eguzki galdan goaz nahiz basoan. Haritzak ere agertu dira ondoren. Ez dugu behirik ikusi, baina txintxarri hots ozena bai.

 

Txabolak edo nekazal etxeak: deigarriak dira, baina ez dira asko, basoan daude: kare-harriz eginak, fatxada hirukoitz punta-luzea dute, punta-luze zorrotzak, zuriz pintatuta, distiratsu. Izan da mendian bertan zulatuta edo mendiko lurrez estalitako txabola bat, zuhaitz artean harri tolestutako atetxoa zuen, mendi magalean. Hesiak: kareharri tolestuz eginiko hormek zeharkatzen dute basoa, garai batean arduratzen zen nekazaria bere lanbide eta bizibide zen lurrotaz. Intxusa: intxusa asko ikusi dugu mendiko azken zatian, orain arte hain gutxi ikusi dugun zuhaitz mota; loratuta dago.

 

31 graduko hozberoarekin goaz mendi-gainotan.

 

Foresta umbra. Nork esan Aralarreko S. Migel inguruan ez goazela. Hain zuzen foresta bai baina umbra ez zela esaten ari ginela, hasi da gure foresta umbra: pagadi ikaragarriak, lerdenak, sendoak, tantaiak. Mendi ibilbideak marra zuri-gorriz markatuta  daude, egonlekuak ugariak dira han-hemenka, jendea erruz dator, bazter guztietan dago jendea, sua piztu dute askok, mahaietan eserita, parrilla pare handi pare bat zeuden su gainean: gutxienez arkume osoa erre behar dute...  nabaria da jai giroa... bizitasuna, bizipoza... Mendi sail luzeak egin ditugu horrela. Leku izugarri erosoa ibiltzeko, egoteko, egun-pasarako. Behi aldra bat ere ikusi ahal izan dugu, pilatuta gerizpean, ugariak dira behiok errepideko plastadek erakusten dutenez. Ez dugu baserririk ikusi, baina bide ertz batean bada bertako produktuak eskainizko kartel eta gezia.

 

Pinuak hasi dira Foresta Umbra bukatzean, pinu mehe txikiak, itsasotik gertu gaudela iragarriz.

 

Peschici. Herri gris argia, mendi magal batean, tontor puntan itsasoari begira.

 

Errepidean kordetan daude salgai berakatzak, S. Ferminetan baino hilabete lehenago.

Bigarrenez bidaian,  gainbehera batean horma bertikal handi baten irudipena sortarazi dit itsasoak: horma urdina ikusi dut pinuen ostean.

Sarriak dira bidean labar pikoek bildutako kala eta hondartzak, kala eta hondartzotan pilatzen da jendea. Oso txoko atseginak dira. Pinuak dira mendi magaletan nagusi, Matinatara hurreratuz, olibondoa. Olioa da eskaintzarik nagusiena herriotan.

Motorzale pila dabil igandea denez errepideetan, motor hotsa da parafernaliaren osagai nahitaezkoa.

 

Manacore. Inguru zuri atsegina itsasertzean, udaleku petoa.

 

Vieste. Handia, zaindua, bizi dena; hemen ez dago etxe utzi eta hondaturik; plaza txukuna du eta eliz dorre jantzia. Portu zabala, morrua luzatzen ari dira. Hondartza luzea du iparrerantz eta hondartza luzeaz gain longomare bikaina hegirantz, haitz zuri zurien gainean ikusten dela herria. Izozki gozoa eman digu artisau  batek. Udaleku petoa, erakargarria.

 

Haitzak zuri zuriak dira, labarrak ere, S.Angelorako igoerakoak bezalatsu: kare-harrizkoa da mendi osoa berenez, baina halako haitz zuri bigun itxurako pila dago. Deigarria dira erabat itsas labar zuri zuriok. Bada irlatxoren bat tarteka.

Deigarriak dira ere tarteka haitz puntetan ageri diren arrantzarako uste ditugun nasak, tantai luzeekin, tronkoz edo habez, eginiko plataforma karratuak. Gaztelutxoak ere sarriak dira haitz punta luzeenetan, batzuk osorik besteak hondatuak.

Ugari-ugariak dira ibilbide osoan jatetxeak, hotelak eta kanpinak: udaleku, eta igandezaleen ingurua da hau. Txoko eta bazter atseginak ditu.

Etxe zuriak dira nagusi. Tarteka itsasoak tailatutako haitz zuri-zuri politak.

 

Matinata. Mendi magalean zuri. Lido erakargarria du.

 

Errepidea izan zaigu iruzur, gidaliburuak itsasgain, erlaitz dela diona, mendi barrura sartzen da sakon eta gorantz, mila etengabeko biretan. Aspertu eta nekatu egin gaitu itsasertzeko ibiliak, nahiz tarteka ikuspegi eta tarte atseginak badira ere itsasoari so. Nazkatu egin gara, aspertu samartu ere bai, luzatu egin zaigu espero ez genuen ibilbide menditsua.

 

198 kilometro, bakoitza mila bihurgune.

 

Bihar alde egitea erabaki dugu, ez dugu gaurko bihurgune eta gorabeherarik berritu nahi mendiotan,  Foggiak ere ez digu ezer gelditzeko haina deigarririk eskaintzen. Moskitoek ere bidali egiten gaituzte, kontaezinak eta oldarkorrak baitira.  Toskana alderako gordeko ditugu hemen aurreztutako egunok. Erabakia dugu Erromara ez joatea: oso gogoan dugu Erroma, bizi ditugu hango oroitzapenak, azalean egun haietako bizipenak. Bego dagoenean Erromari buruzkoa, gauden gauden horretan.

Zazpietarako alde egin du hondartzako jendeak. Gaur Garganoko mendiei begi ezberdinez begiratu diet, agurreko nostalgiaz, baita beren ezagupenaz ere, badakit zer diren hegiko tontorrak, badakit nolakoa den S. Angelo. Lagun ditugu mendiok, nekatu bagaituzte ere.

Moskito ehiza biziak antolatzen ditugu gauez etxatoi barruan.

 

“Satorrak baino lurperago”. Pedro Alberdi:

* “(Nemesio Etxanizek) Euskaldunok bide bat besterik ez dugu: israeldarrek hartu zutena”. Gaur egun daramatena behintzat zapaltzailea da. Eta ez nuke nahi zapaltzailea izan. Askatzailea bai. Bidaiariak sarri begiratzen dio bidean dituen herriei, herri langile zapaldu esplotatuari, gai izango ote den kateak hausteko, eta kateak indarrez hausten dira, zapaltzaileak ez baitu giltzarrapoaren giltzarik ematen derrigortu gabe.

BIDAIAK. ITALIA 2002

Jon Etxabe 2023/05/30 13:10
Bari, Polignano a Mare, Castellana Grotte, Alberobello, Barleta, Trani, Bitondo, Ruvo di Puglia,

Ekainaren 10a.  Astelehena.  39.a-I: 37.a

 

“Hyperion”. Friedrich Holderlin:

* “Ez ote ziren nire baitan errepikatzen haren baitako melodiak?”. Inguruko melodiak norbere baitan errepikatzen jakin behar  du ibiltariak bidaiari izateko. Musikaria izan behar du, zentzumenek ekarriko dien informazio orori barren musika jartzeko. Kanpoarekin afinatzen ez baitu barneko soka eta mihiak, barneak ez badu kanpoko informazioa sentsibilizatzeko fintasunik, musika gutxi entzun ahal izango du bidean, melodia monokorde aspergarria besterik ez du egingo.

 

Aldaketa eguna. Adriatikora goaz, bete betean, begirada batez ikusten diogu bukaera bidaiari, geratzen zaigun bidea erraz gorde ahal du irudimenak, kolpe batez. Zehatzak eta kontaerrazak dira azken pausook, hiru aste badira ere. Difuminatzen doaz lehen asteak, lehen kanpalekuak, lehen herriak. Irudimenean aztertu behar dugu bizipenak berpizteko. Geratzen zaiguna aldiz erabat mugatua dugu, plan orokorrean kokatua, gidaliburuan eta mapan zehaztua, zain dugun misterioa.

 

Paisaia ezaguna dugu, ez da mahastirik lurralde izendatu batean ezik, luze izan ditugu lagun harrizko txabolok; azken aldera agertu  zaizkigu “trulli” nekazal etxeok, itsasoraino heltzen dira.  Hur, baina ikusezin eta sentiezin eraman dugu ia azkeneraino itsasoa, lur barruko bidean baikindoaz.

Mendi-muino leun baten gainean zuri, zuri etxetzarrak eurak ere, zabal, ikusi dugu Lecce; lautada bat zen bertaratzean aldiz hiria, kale-arte zabal bat; gauzatu egin zaigu  genekarren kezka: kale-artetik zeharkatzen du hiria errepideak; uneoro argi gorrietan geldituz, eta pitojoleen musika urduriak bilduta egin dugu hirikoa: argi berdea piztu orduko badira, pare bat gutxienez, pit-pit hasiko direnak; sarri auto gehiena da orkestrako instrumentista; arreta osoz goaz gu, bidegurutze batean okerbidetik egin nahi ez dugulako: jolas bezala hartu dugu, adi goaz ia nor den lehengo hasten dena turutarekin; baina berdin gertatzen da presatia bat denean ere lerro-buru, berdin gertatzen da ilarako burukoa berehala jartzen bada ere abian: beti dago hanka baino behatz bizkorragoa duen gidariren bat erreskadan.

 

Bunker bat, nahiko lur barrutik gindoazela: armaz menderatzen du gizonak gizakia, indartsuak ahula, aberatsak pobrea, pobreak pobreagoa.

Bada argindar zentralaren bat Brinsisi aldean, hainbat burdinazko zutabetzar ilarak doaz lur barrura, Brindisi da ekonomikoki lurraldea suspertzeko aukeratutako hirietako bat; baina, aldi berean, zentrala ez ote Italiako hainbat lurralde aberatsentzat argindarra lortzeko aitzakia, lur haietan egin nahi ez duten lan-zaborra eragiteko aitzakia bat, zentralaren hondakinak esaterako: hain dira ugariak jokabide azeri, zuri eta zikoitzaren etsenpluak!.

 

Brindisi. Hiri honetan bukatzen zen erromatarren Via Apia famatua, Erroma itsaso honekin lotzen zuena;  Trajanoren zutabetzarra da bukaeraren ezaugarri. Industrigune ilun zikina ikusten zaio Brindisiri, herdoil koloreko eraikin piloa, ez dirudi industria modernoa jarri dutenik, herrialde aberatsek nahi ez duten industria kutsatzailea baizik. Halakoa zen Tarentokoa ere.

 

Trulliak agertu zaizkigu Monopoli inguru horretan;  hauek ez dira lehenagoko nekazal etxeak, azken egunetako txabola eta trullien konbinaketa bat baizik, kupulaz bukatutako txabolak, kupuladun harrizko txabolak.

Bari aurretik sare argiz estalitako mahastiek betetzen dute lurralde osoa, urruneko mendien maldak ere.

Horma urdin bat dirudi itsasoak une batez, berdegunearen ostean, zuhaitzen bestaldean jaso duten harresi urdina,  hain du piko itxura ordeka urdin bareak, hain ateratzen da gorantz itxuran lurra bukatzean. Efektu optiko bitxia.

 

Gazte jende asko dabil Mezzogiorno osoan auto txiki zahartxoetan.

 

Kanpalekua. San Giorgio herrian, Baritik oso gertu. Izugarrizko muntaia dago bertan, kirol mota pila egiteko aukerak aparkaleku ugarirekin, etxola pila, zementu gainean eguzkia hartzeko aukera itsasertzean, bainatzeko aukera... Eukaliptopea da etxatoi eta autokarabanen kokagunea. Bada fokoz erabat prestatuta dagoen oholeria ere, ikuskizunak eskaintzen dituzte nonbait. Ehunka dira aparkaguneak, ordu gutxiko bisitaria etorri ohi den seinale. Ez dago  paperik komunean, eta ordaindu egin behar da dutxa beroa.

Hondartzak espero genituen, Adriatiko goialdean bezala, baina dena da haitza, haitz zapala, ur barrura leun sartzen dena. Zikin planta du urak, lohituarena, kutsatu itxurakoa.

 

Bari. Badia zabal baten barruan kokatua, arrantza portua du, militarren nasa ere da nonbait, etxetzar handi dotorea dute behintzat Luongomarean, betan daude militar eraikinak. Luongomare ikaragarri luzeak koroatzen du itsasertza borobil osoan, ez du apaindurarik ibilbideak, baina itsasgaineko ber-bertakoak  ematen dion erakargarritasuna.

Alde Zaharrera mugatu ditugu pausoak ohi dugunez, ohiko hiri baten egitura baita Alde Berriarena: etxetzarrak lauki perfektuetan luze luzatu eta gurutzatzen diren kaleetan, tarteka eraikin berri eder bat edo plaza bat edo etorbide bat eskainiz.

Lurmuturtxo batean dago Alde Zaharra, nabari zaio gotortua zegoela itsasertz osoan. Barruko kale-sare bihurria,  kantoi edo bihurgune batean galtzen diren ikuspegi motzeko kale estuak…  hondatu samarra dago, zorua erabat zaindua dagoen arren; jende pobrea soilik bizi da bertan. Kale-kalean bizi dira behe solairukoak, gortina botata dute batzuk, besteek ez, baina kaleko luzagarri bezala da egongela. kalean bertan bezala entzuten dira etxe barrukoen elkarrizketak. Kale zaratatsuak dira, hitz-jario etengabeak betetzen du kale-artea; amona batek kalean erretzen du eguerdirako arraina; formagatik erromatar zutabeak erabiliz jasotako eliza edo kapera, nabaria baita absidearen oinarri borobila, nabariak alboko erromatar zutabeak; zutabeok lotzen dituen hormatxo gainean zuen amonak bere erretegia, lasai egiten zuen etxetik kalerakoa arrain erreari kontu hartzeko. Lehortzen jarritako arropak eta bandera italiarrek betetzen dute kaleartea, balkoietan zintzilikatuta, banderak doaz balkoitik balkoira sarri. Nabaria da futbol partidaren telebistako oihartzuna kaleotan, Italiak jokatu ez arren jada, futbola ikusten ari dira taberna eta etxeetan: pobreen droga. Erlijioa agian beste droga bat den bezala: kaleetan inon ez bezala ugariak dira santutxoak, hormetako santu-irudi zuloak,  forma eta tamaina guztietakoak, pila, eskulan xume-xumeak, irudiak zuloon neurrikoak, koadro eta iruditeria merkea, sarri nahasmen bizian, bada santutxo higaturik ere, kolorgetuak baina aldi berean zainduak, apainduak. Ez da inola ere ikusgarria alde zaharra, baina badu alde zaharrek duten xarma, sorgindu ukitua. Ikusi ahal dira jauregi, ate eta garai bateko oparotasunaren  hondarrak, batzuk oraindik dotore, gehienak hondatuak;  ez beste herrietan haina. Bi dira hiriko altxorrak, biak elizak, biak aurkitu ditugu itxita, pena handirik gabe ugaria izanen baita egunotako katedral eta elizen aukera: San Nikolas Basilika: “Bariko S. Nikolas”, txikitatik dut ezaguna, entzuna, izena bera soilik,  mila aldiz, debozio handiko santua zen nonbait elizetan eta apaizen sermoietan. Seminariotik ere gogoan dut: nonbait santutegiko ohoretsuenetarikoa zen. Erromaniko jitea du, baina eraldatuta; behien gainean oinarritzen dira fatxadako sarrerako bi zutabeak, lehoien gainean aldiz ezkerreko atekoak; fatxada zein abside austeroak, horma lauak baina aldi berean nortasun handikoak, baogune simetrikoekin; leihook dira apartak, baita sarrerak ere, izugarrizko artelanak, zizelez maisuki lortutako gizaki, abere eta lora irudiak, apartak: kameraren objektiboaz baliatzen naiz hur-hurretik ikusiz gozatzeko; elefanteak dira absideko leihoko azpi errematea, elefante buruak, leihoaren ertzen azpiko luzapen bezala, barrena dotoretuz; bada ezkerraldeko horman arkuteria bikain bat. Bere alboan dago kaperatxo erromaniko bat, itxia eta utzia: egitura eta absideko leiho landua ditu begiratzeko. Katedrala: sekulako fatxada du, erromanikoa, baina ez Soriako horietakoa, landua, beste eskola batekoa edo beste garai batekoa, beste kultura batzuen eraginpean egindakoa, begien gozamena nolanahi; absideak ere merezi du begirada on bat; arrosa-leihoak eskaintzen du bitxikeria nagusia, kanpoko azken harrizko xingolak taila bikaineko animalia irudiak ditu, oso irtenak, jauzi egin behar bailute; teilatu azpiko frisoek ere taila apartak ditu, sarrerako atea zizel-lan sekulakoa da... eta hainbat altxor, bana banan deskribatzeko aspergarria baina banan-banan begiratzeko gozagarriak. Eliza pila,  tartean bada ederrik ere. Gaztelua: tokatzen zaio, badu, itsas kontran, gotorra, indartsuen babes. Plaza argi zabal bat alde zaharrera sarreran xehetasun deigarriekin: marmolezko bi iturri leun baina eder, elizatxo baten abside erromaniko tankerakoa, eta zoruan agerian utzi duten erromatar galtzada argi-argia orokorrean ederra: galdetzen diogu elkarri luzeagoa ez ote den galtzada, beste hainbat altxor ere ez ote dagoen, agerira atera dutena itxurakeria soila ez ote den, plaza  edertu egin dutela zurikeria soilik; nolanahi dagoena hor dago, apaindura dotorea da.

 

Arrantzale koadrila elkartuta dago garagardo trago batzuk hartuz kalakan arrantzale portuan; beste pare batek mejiloi txosna zuen, bertan jateko aukera eskainiz, baina nabarmena zen gehiago egon direla goizean; arrantzaleen saltokia izan zen portu ertza, jadanik hondatutako zementu eta adreiluzko mahaitxoek erakusten dute.

Praka argi txukunen barrenak agerian uzten zituen eta gerrian korapilodun soka zuriak estutzen zuten abitu marroiko bi fraide gazte izan ditugu une batez kontu-kontari Basilika inguruko horma batean: uso bat zegoen beheragoko  kalean ibili ezinean, hil zorian itxura guztiz, biak jaitsi dira zakarrontziko kartoizko kaxa baten sartu arazi eta kale bazterrera eraman dute, eta bertan kaxan utzi, S. Frantziskoren izpirituak dirau oraindik.

Ezin itsasertzerago egin etxera itzulera, elkarri galdetzen genion zergatik bidali gaituen herrizainak ingurabidera eskurago ezin herri-bide atsegina eta motzagoa izanda: logika ez da udaltzain horren alde landuena.

 

Tonu ezberdina hartzen diet kanpalekuan etxolak taxutzen ari diren langileei eta inguruan jolasean ari diren umeei, hauek ez darabilte azentuazio bera, ez eta bokalak borobiltzeko era berdina. Bokalak asko luzatzen dituzte, eta azken bokalean indarra jartzen, luzatuz eta ozenduz. Kanariarren antza hartzen diet. Bada desberdintasun bat hauen italieran, baina ez dakit zer den.

Kanpalekuan lanean ari den batek, bere autoa eraman du zurezko hesiaren bestaldera, kanpotik, eta kanpalekuko mangerarekin eman dio garbitu on bat hesiaren gainetik: lanari atera dion etekin plus bat.

Eguerdi beroa gaurkoa ere, baina ez digu hutsik egin arratseko lainoteria eta zaparradatxoak.

 

209 kilometro, Adriatikoan bete-betean utzi gaituztenak

 

Tren hotsak harrapatu gaitu kanpaleku honetan, aspaldiko partez.

Okilaren kantu garratza izan da txori-kantu nagusi, ez dugu ikusi okilik, entzun aldiz garratz eta ozen, koru bat osatuz.

 

“Artemioren heriotza”. Carlos Fuentes.

* “zera dio, izan ausarta; izan zaitez heriotzaren beldur  arriskutik kanpo zarenean, ez arriskuan...”. Bidaiariak ez du bizitzarik ez osasunik ez ondasunik arriskatu behar, erabili baizik, mila arriskutan aurkituko da, ezusteko  egoera ateraezinetan, ausarta izan behar du, gainera beti ateratzen da egoera latzenetatik ere.

 

 

Ekainaren 11a.  Asteartea.  40.a-I:38.a

 

“Hyperion”. Friedrich Holderlin:

* “Nora egin nezake ihes, neure gaztaroko egun maiteak ez banitu”. Bidaia egunak badira urteko eguneroko monotonia edo itomenari ihesbidea.

* “Donak zahartzen eta gaztetzen da berriro”. Hain biziki azalean ditugun egunok distira galtzen joango dira, baina hurrengo bidaiak harrotuko du berriz bidaiatzearen irrika.

* “Hala ere, nork ez du nahiago bere baitan olio irakina bezala sentitu, zigor eta uztarrirako jaioa dela onartu baino?”. Barneko astindua da bidaiatzeko grina, hainbat lokarri hausteko aukera ematen duena.

* “Zer da nobleagoa, guda zaldi furiosoa ala belarri zintziliko zaldizka?”. Biak dira berdin nobleak, biak dira nahitaezkoak gizartean. Noblezia ezberdinena gizakiaren asmakizuna besterik ez da gizakia zapaltzeko. Bidaiaria zaldizkoa izan daiteke egunerokoan, zaldi irrintzilaria bidaiatzerakoan.

* “Ikasi jendalde zibilizatuen hizkuntzak, baita haien bizimodu, iritzi, aztura eta ohiturak ere; ikertu eta aukeratu hoberena!”. Bidaiariak ez du zergatik aukeratu edo kopiatu, edo beste edonongorik mimetizatu, berez joango da aldatuz kanpokoaren eta barnekoaren parekatze automatikoarekin batera.

* “Pazientzi pixka bat izaten ere ikasi!”. Bidaiariaren lehen ikasgaia. Gainditzen ez duena ez da sekula bidaiari izanen, gehienez ibiltari.

“Haren poema jainkozkoa ireki eta sekula ezagutu ez banu bezala zen, hain ezberdin baitzen nire baitan”. Naturaren eta gizartearen poema-liburu beti irekian irakurtzen dakiena da bidaiaria, bere baitan egoera ezberdin bakoitza ezberdin bizi izaten dakiena, ikusten duena poesia bihurtzen dakiena, nahiz poema tragikoa sarri, beste neurri bat ematen dakiena barnean kanpoak ematen dionari.

* “Animalia batzuk orroka hasten dira musika entzutearekin batera”. Eta hainbat gizaki ere bidaia bateko berritasunak ikusiaz batera, mila mailatako orroekin.

* “Enarak ere bilatzen du neguan eskualde abegitsua”. Hala bidaiariak ere, edozein arotan.

* “Ezer ez litzake biziko, ezer itxaroko ez balu”. Ametsik gabe ez dago bidaiarik. Berea du bidaiak ametsa.

* “Lili bat aire isilean dantzan ari den bezala, horrela zebilen bere elementuan, bereganako amets liluragarrietan, nire izatea”. Bidaiariaren izatea.

 

Begi oroikuslearen begiradapean geunden sentipena genuen aurreko kanpalekuan, neska zuzendari edo nagusia, italiar beltzaran airosa petoa, gainean geneukan uneoro, irribarrez  bazen ere, zerbitzugunean bertan ere bazekien noiz nork zer zerbitzu zerabilen. Aske sentitzen gara kanpin honetan, inor ez da gutaz arduratzen, joatean lastan eta eskua emanez agurtuko ez bagaituzte ere, ateratzen garen bakoitzean atea atezainek zabaldu behar badigute ere.

Txolarreak izan ditugu belartzan mokoka lehen orduko freskuran. Baita okil bakar bat ere. Ez da hemen beste txoririk. Emigratu egin dute nonbait hainbatek honantz emigratzen dutenen herrietara.

Hiru gerra-helikoptero ibili zaizkigu luzaroan pasa eta pasa buru gainean; beraien geriza azkarra ikusi dut kanpalekuan; gero  hiru ehiza-hegazkin, pasa dira, ilaran bata bestearen atzetik: gizakia beti dago prest gerrarako, herri pobreen ekonomia dominatu, arma-negozioaz aberastuz.

 

Olibadi, mahasti, almendrondo-sail, gerezidi, mertxikondo sail…, pikondo eta zipres ugari...: hainbat fruta-arbolen sail zabalen berde gama kromatiko oparoa,  galsoroetako lasto fardel borobil horiak, gainalde konikodun harrizko nekazal etxe eta txabola antzinakoak, etxetxo solte erosoak eta herri zuriak, harri zuriko hesi luzeak, trulli, txabola eta etxebizitzek zuriz zipriztindutako berdegune atsegina... hori izan da gaurko ibiliko paisaia. Berdegunea nagusitzen den lurralde erabat atsegina. Behi koadrilatxoa ere izan dugu horitzen doan larre batean. Lurralde aberatsa dirudi, erabat landua, erabilia, etekina ateratzen zaiona. Ondo-bizien lurraldea. Nekazari ondo-biziak dira hemengo biztanleak, edo ondo-biziak datoz inguru honetara patxada bila.

 

Oso adeitsua da jendea zerbait galdetzen zaionean.

 

Polignano a Mare. Bizitza berenez duen herria, baina turista eta bisitaria erakarri nahian dabilena. Argiteria. S. Antonio jaietarako gertatzen ari da herria; zuri pintatutako arkuz jantzi dituzte kale eta plaza nagusia, ezin areago apainduz;  eraikin publiko nagusi edo monumentu orori, elizei barne, jarri diote bere arku zuria; izugarria behar du izan gaueko ikuskizuna milaka eta milaka bonbillatxo, agian milioika kolore ezberdineko bonbillatxo, pizten direnean; sutan, gori, behar du herriak; kaleak berak brixt egiten du zuritasunez goizean, tunel zuria baitirudi perspektibaz begiratuta. Itsas haitzak: itsas haitz gainean dago herriaren behe aldea, itsasoak biltzen du barrenetik, izugarrizko labar bertikal sendoek, herriaren sekulako harresi naturala; itsasoa janez joan da haitza eta sekulakoak dira kobazuloak, sekulako harrizko arkuak sortaraziz,  herriaren azpira sartzen dira olatuak blaustaka; longomarea egin diote, ikuskizun aparta eskaintzen zaio bertatik ibiltariari. Zaharreko kiribilgunea: ghetto bat izana dirudi, txikia da, baina sekulakoa, dena da kalexka erdi-biribila, dena bihurgune, dena estura, dena etxeetarako eskailera, dena etxe arteko pasabide, tuneltxo... labirinto bihurri koadrikulatua den herrian, ezin atseginagoa ezustean harrapatu gaituelako. Katedrala: Lehengo zaharra berrituta, antzinako bitxikeria pila geratzen zaizkio erakusketa batean  baileude; zurezko apaindura pila ditu, sarrerako atea barrualdetik landua, korua eta organoa; zurezkoak dira eta pintatuta daude gurutzadurako eta gradako gangak, halako barroko giro atsegin exotikoa sortaraziz; aldare bat da presbiterio gain osoa, behatoki zurezkoarekin; presbiterioan, aldare ostean, trasteleku bihurtuta dagoela dirudi, aulkiteria, zurezko pintatua, eliza osoko giroan txertatua: bi ilara jarleku, atzeko jarleku  bakoitzak santu-irudi pintatua du bizkarraldearen buruan, ederra; pulpitua, zurezko pintatua hau ere, baina aparte aitatu beharrekoa: sermoi urrezkoak behar zuten hortikoak; aitatu behar erakusgai iraunkor duten jaiotza: irudia handiak dira, mutilatuak daude asko, Niñojesusari kokotsa ere falta zaio, baina irudi bikainak dira, ezberdinak, nortasun handikoak, artelana diruditenak, taila lana menderatzen zuen baten lana. S. Antonio eliza: emakumeak eten gabe doaz santuari errezatzera; hiru harri marroixka nabeko eliza txikia; presbiterioko eta alboko nabeetako ganga ertzak ditu ezberdinak: punta zorrotzena gorantz dituzten triangeluek ematen diote sostengua sabaiari; pintatua eta koadroz dotoretua du erdiko eta gurutzadurako ganga; mila bitxikeria zizelatu begien gozamen; koruko aulkiteria bikaina, pinturaz apaindua. Kala-portu: jadanik ez da ez kala eta ez portu; izanen zen; ebakidura sakon bat da haitz artean, turista eta igandezaleentzat egokitua, jatetxe, ibilbide eta apainduraz. Badu zaharrerako atea, baditu etxe ederrak... mila bitxikeria du begiratzen dakienarentzat. Katedral aurreko plazan jaso duten auskalo ze ekimenerako aldare bat, zutabe, iruditeria... dena plastiko disimulatu gabea: sekulakoa, ez da izanen Santua Prozesioan bertara ekartzeko, nork daki; jaietako erreginaren aukeraketa edo auskalo zertarako ere izan daiteke… ; han dago behintzat plastikozko sekulako monumentu greko tzarra. Gerran hildakoen oroigarria: lurraldeko herrietan ez dugu ikusi holakorik gaur arte.

Itsasgaineko plazan bada patata kaxetan komertzializatzen duen fabrika bat, herriko etxe baten behe solairuan, plaza erabiliz biltegi bezala.

 

Castellana Grotte.  Hiri handi bat berez, txukuna eta ondobizia; zorabiatu egin gaituzte kaleetan hara-hona kobazuloetara bideratzeko. Kobazuloak: sekulakoak, herriko ezaugarri eta altxorra, izena ere kobok ematen diote. Sekulako muntaia dute beraien inguruan, kanpoalde  txukun eta zaindua, kinkila-dendaz josia; erabat erraztu dute barneko ibilbidea, pasabide eta hormekin, izanen da zenbait herri-bide hori baina eskasagoa. Ibilbide laburrena aukeratu dugu, ordubetekoa: naturaren artelana, sekulako forma bitxien erakusketa, formazio koloretsu eta harrigarrien ohiko bilduma, estalaktita, estalagmita, pasabide eta zulotzar erraldoia zenbait katedralek hartuko luketenak; argien bidez lortutako efektu bitxiak, irudimenarekin jolasteko aukerak antzerakotasunak aurkituz; hemen ez dute sakilik aitatu baina bazeuden egon sakil itxurakook; amabirjina bat aipatu du gidak eta benetan hala zen, irudi pospolina zulotxo argitu batean; lehenengo areto edo zulo nagusia izan da berezia, kupulatzar izugarria, bobeda erdia zulatua, naturalki, irekidura borobil bat du, bertatik eguzkia sartzen zen bete betean eta barneko estalagmiteria sendoa bizi-bizi argitzen; berdexka da beheko egitura oro likenaren eraginez.

 

Alberobello. Trulli-en herria: truilli teilatu konikodun etxez egina da herritxo osoa, bakan eta bakar ikusi ditugun eraikinok lauzpabost kaleko herritxoa osatuz, elkarren jarraian, elkarri lotuta, mendi maldan, aldatzean. Gorenean teknika berdinez jasotako eliza. Turismoaren zain dago herria, denda bihurtuta  dago etxetxo asko eta asko, bertako oroigarri diren zeramika lan merke edo merke itxurakoak  eskainiz: bisitari pobrea dator hona. Ikusgarria izan da, teilatu konikoen erakustaldia, ia basoa dirudi, bata bestearen ondoren harrizko teilatu arre konikook, orratz-sail ikusgarri bitxia. Aitatu beharrekoa da hilerria ere: faraoien tenplu bateko sarrera dirudi, zutaberia sendo eta alboko horma leuneko eraikintzarrekin.

 

Berrogei gradutik gorako hozberoa genuen auto barruan  Alberobellon etxerako hartu dugunean.

Bide motxenetik egin dugu etxera.

Golf zelai izugarri zabala Bari aurrean. Aberatsen kirola, beti zaindua.

 

124 kilometro, egun beroan atseginez.

 

Pakebote zuriak zeharkatzen du arratsero itsasoa beherantz, Turkiarantz edo Frantzia eta Espainiako kostaldetarantz.

Hondartzarik ezean, zementu gainean hartzen du eguzkia itsasertzean inguru honetako jendeak ere.

Ez da garbigailurik Italiako kanpalekuetan, aurkitu dugun bakanetan inola ere ez eroso eta erabilerraz. Ez dago komunetako isurketa kimikoak egiteko hustubide berezirik ere. Gurea bezalako plurizerbitzuak eskaintzen dituen kanpalekuan ere butxatuta daude arropa zein ontziak garbitzeko arraskak, ura xurgatzen gutxiak zikinak daude; ez da inor arduratzen horrelako bezeroon premiez. Badira hauek herri bat zehazten dituzten ñabardurak.

 

“Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes:

* ”... eta barregura emango dit hondartzan mingain akitua baizik erakusten ez zuen itsasoa...”. Badirudi gutxietsizko opinioz  ari dela itsaso bareari buruz. Adriatikoko haitzotan beso elbarrituak  beste aukerarik ez dugunok, itsaso nagi hori gutiziatzen dugu.  Donostiako Paseo Berriko  orroak.

* “...zuen neurrikoa ez den mundua  bizirik mantentzea”. Bidaiaria berehala jabetzen da edozein herri eta herrialdean mundua ez dela gizartearen neurrikoa, nabariak baitira ikaragarrizko desberdintasunak. Halaz ere status bera mantentzeko lan egiten dugu herri eta herrialde guztietan.

 

Ekainaren 12a.  Asteazkena.  41.a-I: 39.a

 

“Hyperion”. Friederich Holderlin:

* “Bihotza batez ere gero eta nekatuagoa neukan”. Fisikoki indartsu arren,- atsedenez lortzen da gorputza oreka onean gordetzea-, arimaren flakezia nabari du bidaiariak bidaiak aurrera egin ahala. Oso zaila da barne oreka, kemena eta indarra, eskuratzea: itzuleraz pentsatzen hasteko ordua gertu dela esan nahi du une horrek.

* “Bizi iheslari horretatik neurekin eraman nahi nuen ahal bezainbat; kanpoan atsegin izandakoa nire baitan bildu nahi nuen, seguru bainengoen  hurrengo urtean ez nintzela zuhaitz eta mendi horien azpian ez nintzela egongo”. Bidaiariarena ez da iheslari izatea, iheslari dena ez da bidaiari, baina bidaiariak bere baitan eraman nahi du ahal bezainbat, horregatik argazki atera beharra, liburuak eta postalak erosi eta bidali beharra... Gure adinean seguru gaude ez garela itzuliko lurralde hauetara, azken agurra da gure eguneroko herri eta ikusgaiei agurra, bizitza ahituz doakigun sentipena, baina ez etsipena, zikloaren amaiera gozagarria baizik.

* “ni orotik urrunduta neure baitan, gizakien artean bakarrik eta arroztuta, munduko kaskabiloen hotsak nire barrengo melodia irrigarriak laguntzen zituelarik”. Tarteka urrundu behar du bidaiariak mundutik barne indarren osasuna elikatzeko, gizakien artean bakarrik eta arroztuta senti ez dadin, munduko korapiloen hotsek barrengo melodia armoniazkoak sor ditzaten, bidaia munduaren eta bidaiariaren barne munduaren artean sintonia gorde dadin.

* “Izpirituak eta handitasunak bat ere espiriturik ezta handitasunik  ere hazten ez duteneko herriak ez du zerikusirik oraindik gizakiak direnekin”. Herri aseegiak garelakoan nago Mendebal Europako herri zibilizatuok, ekialdean nabari da bizipozik, baina hegoaldekoon langa jarri diote bere bizimailari.

* “Zergatik egin zara hain isila”. Isila izaten ez dakien bidaiariak lehenago izanen du barne nekadura.

* “Eskualde beroetan eguzkitik hurbil, txoriek ere ez dute kantatzen”. Horregatik agian ez da ia txori hotsik eta txori presentziarik Italiako hegoaldean.

* “Beti ikusi nuen ilargiaren argia hartu nahi zuen haur bat; eskua luzatu arren, argiak segitzen zuen bere bidetik”. Ilargia hartu nahi duen haurra da beti bidaiaria, herrien arima atxiki nahi luke, baina berak bere bidetik segitu behar duenez, eta bidaiako egunak ere ihes egiten diotenez, izpi batzuez soilik betetzen ditu eskuko ahurrok.

* “aski duzu bidaiakideak ukitzea sakontasun ilunean erortzeko”. Bidaiariak lagun jator eta osagarriak egin ohi ditu, bidaiaren zama arindu, ibiliaz gozatu eta herriak ulertze bidean lagunduko diotenak. Bidaiariak jakin beharko du, era berean, lagun arriskutsuak, bidaiariak ez direnak, nahiz bidaia-kide izan, lagun ez hartzen.

* “Estatutik bere zerua egin nahi izan duen aldioro, gizakiak infernua egin du”. Infernua da gizarte hau,  ondo-bizientzat ere, infernura ohituak arren eta infernuaz gozatu arren.

 

Atzerritarrak dira nonbait gure langileok, ez dute beti italieraz egiten, eta egiten dutenean beraien hizkuntza horren doinu eta jite berarekin mintzatzen dira. Hori bera ziurtatzen digute egunero inguruan dabiltzan umeek ere, langileon seme alabek alegia, bai darabilen hizkuntzagatik, bai italiera doinuagatik.

USAF gezi marroia ikusi genuen honanzkoan, monumentu bat bailitzan, kolore bereziarekin!. Bost gerra helikoptero izan dira gaur ingurua burrunbaz kutsatu dutenak zarata gorgarriz. Vietnam dirudi kanpalekuak, behin eta berriro estaltzen gaitu hegaztion gerizak istant batez, eta motor-hotsak luzaro gortzen. Trebatzen ari dira USAko pilotuak.  Italiako lurralde zati honek munduko kapoari ordaindu behar dion zergaren zatitxoa da: Siziliako Cosa Nostrakoen filosofia bera.

 

Bidaiaren hondarrean gauden sentipena bizi dugu, bisitako oroitzapenez eta geratzen zaigunaren itxaropenaren orekaz. Jadanik ez gara mintzatzen Sizilia edo Calabriako lurralde eta gizarte mitikoek zer eskainiko, eguneroko errealitatea baitzaizkigu; bazkari oparo baten ondorengo postreari begiratzen zaion arreta kitzikagarriarekin begiratzen diogu orain aurrean dugunari.

 

S. Antonio Eguna. Ez da ezer berezirik nabari herriotan, kanpai-hotsik ere ez, besterik uste bagenuen ere, Italiako Santiago izanen zelakoan geunden.

Pare bat autoen talka eta bide-zaindarien garbiketa lanek erabat motela bihurtu dute Bari autobidez gainditzea. Jabetu gara ezagutu ez genuen beste Bari bat dagoela, kilometro luzeetan saihesten duguna.

Erotuak gaude: adineko gizonezkoa, praka motxetan, ahitu aurpegiarekin, korrika autobidean, kontrabidean!.

Olibondo lurraldea estaliz, mahasti amaierarik gabeak Trani aldean, hondatu samarrak dauden harrizko txabolak, etxe argiak lurraldean barreiatuta, eta itsasoa, horiek dira gaurko ikuskizuna. Ez da erakargarria, ezta atsegina ere, baina lurralde adeitsua ai behintzat. Olibondo asko eta askok kurbatuak dituzte goiko adarrak, biluztu okerrak, uztaren pisuz bezala, dingilizka dute orriteria berde berria. Txabolak, aldiz, hiruzpalau estaiez eginak daude, lau edo hiru harri zirkulu sendoz, goragokoa estuagoa, kanpoaldea mailakatuz, bobeda leuna da tontora.

 

Giovinazzo, Molfetta, Bisceglie, Trani, Barletta, kostan kokatutako herri zabal-zabal eta luze-luzeak dira, zuriak edo argiak, etxetzar berri asko dute. Jarraian daude herriok, elkarrengandik hur, bata gainditu ordurako begi-bistan dugu hurrengoa.

Manfredonia Golkoa, ikusi ahal dugu, lurmuturreko menditzarrak eta muturreko ertza. Bisitari eta auzokide izango gatzaizkie asteburuan.

 

Barletta. Harrizko leun austeroa. Ez dirudi uda-herria. Ez du itsas usainik ere, hurreratu ez bagina porturik duenez ere ez ginen jabetuko; bazter batean bezala, herritik deslotuta dago itsasoa, bertan arren. Herri handi bat, besterik ez; ohi denez, zaindua eta txukuna. Alde Zaharrak ere ez du aipatzekorik, kale zabal eta zuzenak ditu, herri orotako kale guztiak bezala Italiako banderez josita egunotan. Aurki  daitezke jauregi, ate, eliza eta antzerako ukituak, baina ez du ez liluratzen, ez erakartzen, ez kitzikatzen. Hilobi Santu eliza: harrizko leun austeroa, biluzia, kanpotik zein barrutik, harri zuriko zuria; gotiko goiztiarra dirudi, aurreko beste bat baliatuz jasoa; sarreran ikus daitezke bi estiloen zatiak, nabarmen utzi baitituzte agerian; korua du bitxia, apaindura gisa utzia; oso goian, pare bat arku eta pulpitua dirudien buruz beherako kono harrizkoa; fresko hondakin zenbait, apurrak baino ederrak; pare bat hilobi antzinako marmolezko auskalo zein Gotzainenak, zapalduaren zapalduz leunduta, irudi potxoloak diraute; erliki gordailuak aipatzen ditu gidaliburuak, beirategi arrunt batean begietatik ere urrutitxo gordetako erlikia-gordailu nano ezberdinak dira, apartekotasunik gabe  distantzia hartara. Katedrala:  aldi berean herrirako sarrera-arkua den dorre karratu lerden garaia du, harri zuriko argia, leiho landu ederrekin; gotiko eta erromanikoaren erdian dabilela dirudi, apulianoa omen; fatxada alboko ateko arkua zizel-lan zoragarria da; kantoian bada lehoi harrizko bat, zerbaiten ezaugarri; errosetoi ederra abside aldetik; alboko hormetan leihotxo landu erakargarriak: begiek badute ñabardura gozagarririk begiratzeko. Biluzi austeroa hau ere, beste baten gainean edo ordez eraikia hau ere: hiru nabekoa, egitura berezia du: ez du gurutzadurarik; arkuteria da deigarriena; atzealdean zutabe borobileko bi ilara kapitel xume samarrak baina zizel lanez loratuak, erromatar eraikinen batetik lapurtuak dirudite, gainean arkuteria ederra; aurre aldean, aldiz, arku garaiak sortarazten dituzten zutabe karratu sendoak; aurrekoaren hondakin mordoa dago erakusgai han-hemenka barreiatuta, lekuz kanpo, izanaren harrotasun itzalia, argirik gabeko izartxo, seguru aski osotasunean dirdira egiten zutenak. Kolosoa: ia bost metroko brontzezko morrosko militarra, inork zehatz ezagutzen ez duena, gizajoari espata izanen zuen eskuan gurutzea jarri diote, brontzezkoa, tokatzen zaion lez. Gaztelua: gotorra, hormatzar leun erraldoiko handia, itsas inguruan, albo batera, ez du tirarik.

 

Portu inguruko etxaurre bateko lorategitxoan zer den igarri ezin dugun santueria xelebre bat: harrizko estalpe batean jaiotza espero genuenak niñojesusaren ordez Pietat antzerako koadroa du barnean, eta hainbat irudi huntza artean ia gordeta, Jesusen Bihotz bat haitz baten gainean... Italian soilik halakoak.

Jubilatu zenbait taldeen hizkera-tonua gure kanpalekuko langileen antzerakoa izan da, azentua azkenean, bokalak luzatu, bokal oso irekiak... bada hemen berezitasunen bat,  italiera bitxiren bat.

Jubilatu koadrila zegoen Kolosoaren gerizpean goizerdiko eguzki orduetan: hara zertarako den baliagarri brontzezko morroskoa!.

 

Pikondo sail zabala. Taxuz sailkatu eta zainduak, pikondo gazteak.

 

Trani: Harri zuriko herri argi-argia da Alde Zahar osoa: zuritasuna eta harrizkoa, berehala nabarmentzen zaizkion ezaugarriak, ez dute graziarik kaleok; ate oro da ateburu borobilekoa, baina ez da ate landu askorik; pasabide ugari dago, garaiak eta zabalak, ia tunelak, inola ere ez deigarriak. Estalki bertako propioak dituzte ateek, atearen formako atal parea, alboetara zabaldutakoan halako jite sendoa ematen diote etxeari berari ere.

Katedrala: Sekulako fatxada, deigarria, erakargarria, eragiten zaituena; bi alboetako mailadietatik  igotzen da sarrerako atari nagusira: behatoki bat da, plaza zabalaren aurrean, jauregitzar aparta du aurrez aurre,  eta alboan itsasoa; marmolezko eserleku dotoreak atarian; dorre karratu lerden garaia balkoi landuekin; fatxadan bertan errosetoi zizelatu bikaina: irudi erabat irtenak ditu kanpoko eraztunean, Barikoaren antzera, zintzilikatuta baileude; atea, sekulako zizel artelana; bi alboetan seina arku bikain zizelatuak; zirraragarria bada fatxada, zirraragarria barnetik ere: kriptatik dago eliza barrurako sarrera; ikustekoak da kripta bera: bi zutabe ilara luze, elizako gradaren luzera osoan; presbiterio azpian, aldiz, zutaberia trinkoa, dena da bertan zutabe; kriptaren azpian, azpi-kripta bat, harri latz biluziko kaperatxoa pasabide batez inguratua, fresko hondakinak geratzen zaizkio oraindik; eliza bera, era bat biluzia, dena harri leuna; ez du gurutzadurarik; hiru nabe, bere zutabeak borobil leunak dira, garaiak, eta bikoitzak izatea da beraien ezaugarria; erdiko zutaberiaren kapitelak erabat zizel-kolpez janda daude, deseginda: seguruenik, beste era batera edertu asmoz, marmolez edo igeltsuz estaltzeko zulatu zituzten eragozpen ziren kapiteleko zizel-lanok apurtuz; alboko hormetako arkuteriak gorde ditu kapitelak osorik, zizel-lan bikainak dira; arkuteriaren gainean beste arku ilara bikaina; erakusgai soilik, bere funtzioa bete gabe, eliza barruan, brontzezko ate paregabea, lauki pilo landuz osatua; pulpitua eta aldarearen baldakin edo estalkia gradako zutabeen antzerako zutabetxoen gainean. S. Jacomo, XII. gizaldiko elizatxoa: lehoien gainean ditu ateko bi zutabeak, bi aberetzar ditu ateko arku ertzetan; bikain landuta dago ateko arkua; fatxadan eta teilatu ertzean hainbat eta hainbat gizaki eta animalien burutxo tailatu potxoloak, begien entretenigarri eta gozamen. Gaztelua: Itsas kontra eta katedralaren aurrean, bikaina da, ederra. Bikaina ere Artzapezpikuaren Jauregia, patio apartarekin, katedralaren eta gazteluaren inguruan, babes zibiletik gertu, pulpituak huts egiten badu.

 

45 graduko hozberoa genuen zain auto barruan alde egiteko joan gatzaizkionean.  Kanpoan 28 ditugu.

Gaurko nahikoa egin dugula erabaki dugu, garaiz etxeratzen jakitea da bidaiariaren zientzietako bat.

 Biscegli: katedralaren dorre karratu lerden ederra eta kupula nabarmentzen zaio.

 Molfetta: bi dorre piramide formako gailentzen dira.

Giovinazzo: kupula ilun handi bat ikus daiteke soilik: hor beharko dute, gure begiak kilikatu gabe, gure ikusminarentzat sekretu, guretzat betirako misterio.

 

Gerran hildakoen hilerria iragartzen dute autobidean. Ez dugu ikusiko, hor ibiliko zaizkigu bihar ere gerra makinok herri berriak eraikitzeko planoak airean trazatzen.

 

146 kilometro, eliza biluzi eta herri bizietara.

 

Gazitu dut azala itsasoan gaur ere.

 

“Artemioren Heriotza”. Carlos Fuentes:

* “ Zuk bezala, eta haietaz baliatu harrapakeria zuritzeko iraultzaren izenean, eta norberaren  goraldia iraultzaren goraldiaren izenean”. Herrialde orotan nabari den  errealitatea,  politikariei zein nazionalismo harroari dagokionez.

 

 

 

Ekainaren 13a. Osteguna.  42.a-I:40.a

 

“Hyperion”. Friedrich Holderlin:

* “Zer pentsatu behar dut zutaz?. Hauxe, naizena”.  Bidaiaria zintzoa behar du izan bisitatzera doan herriarekin, ezin du aurreiritziez juzgatu, edo aurreiritziak aldatzera joan, oihal zuri bat behar du izan eta bizitakoaren arabera joan koadroa betetzen. 

* “Nolatan ote da honek tratatu nahi nauela  bere nahikeriaren arabera?”. Zenbat aldiz juzgatzen dugun herri bat aurrez eraman ditugun iritziekin, iritziok filtro bezala jartzen ditugu, betaurreko bezala, gehienetan filtro eta betaurreko kutsatuak, eta ondorioztatzen ditugun irudi eta iritziak ere kutsatuta ateratzen zaizkigu, deformatuta, ez datoz errealitatearekin bat.

* “Isil egon, eta ez erabili nire izena nire kontrako puñal bat bezala”. Zenbat ibiltari eta udatiar datorren gaizki esaka egun apartak eskaini dizkion lurraldeetako herriaren aurka.

* “... hiri horretako zuhaitzak eta meskitak ikusten nituen, nire ibilaldi berdeak gaindi…” Hasiak gara atzera begiratzen, itzulerako laburbiltze lanetan, nolabait bizitakoak barnean ainguratu nahian.

* “Handitu nahi dugu eta gorantz zabaldu geure enborrak eta adarrak...”. Harroegi joan ohi gara atzerriko herrietara, ikastera ordez erakustera, ikustea nahiko ez eta, atzerriko herriak gure eredu harroarekin parekatu edo alderatzera.

* “ez bedi inor bere buruaz harro”. Apala behar du izan beste herri batetara doana.  

 

Eten zaigu nonbait patua, hirugarren eguna daramagu sekulako eguzki eta beroarekin.

 

Ez da nekazaririk ia ageri lurrotan, agian herrietatik hur gabiltza, edo ez da garaia olibondo azpiak garbitu eta lantzeko. Jubilatu bakarren bat ikusi dugu herriren baten inguruko baratzen batetan.

Zentzudunagoak dira gidariak lurralde honetan, batez ere errepidean, herrietan ere, baina lotsagabeagoak dira kale artean, ez baita posible zirkulatzerik muturra sartzen ez baduzu, aurrera egiten ez baduzu, hain da trinkoa zirkulazioa.

Industrialdea da ia errepide ertza Bitontoraino. Bariren industriagunea. Bere eraginez egin dute autobia. Diruak agintzen du, ez herriaren premiak edo erosotasunak.

 

Bitonto. “bi tonto”, “bi biderrez ondo”, “bisondo” ere ondo letorkioke, elizan eta kaleetan, bietan, ezin gozoago hartu baikaitu. Zein gozoro luzatu garen kaleetan ordu batez katedrala soilik ikustera joan gatzaion herri honetan. Han daude jubilatuak plazan eta kaleetan goizeko bederatzietarako  kalakan jarlekuak gastatzen. Herri bizia, agian hala dira herriok goizeko berotu aurreko orduotan. Alde Zahar orok ohikoak dituen kale, pasabide, arku, ate, zirrikitu...; ez da potxoloa, zaharkitua ere badago, baina Alde Zaharrak ohi duen xarma gordetzen du. Katedrala: erromaniko apulianoa, omen, guri gotiko eta erromaniko artekoa iruditzen zaigu, erromanikoa nagusi dela; zuriegia agian, berez edo garbitu berria, baina sekulakoa; brist egiten du zizel-lanen ikuskizunagatik harriaren argitasunagatik baino; zizel artelan erakusketa dira fatxada eta albo bietako hormak, paregabeak denak, begiak aspertzen ez dituena; galdu egiten dira bertan begiak  banan-banan bitxikeria orotara heldu ezinik; karratua eta lerdena du dorrea, dotorea, egituraren dotoretasunez, honek ez baitu aparteko apaindurarik. Fatxada: ate nagusia, bere alboko bi ateak, ate gaineko bi leihoak, gorengo errosetoia... sekulakoak dira, zein baino zein ederragoak, landuagoak, apartagoak, zizel-lan bitxikeriaz josia dena; lehoien bizkarra dute oin ateko zutabeek; zutabe gainean arranoa, harrapakinak erpetan, -baten ehiza behintzat aharia da-; ez zaio fatxadari atzean gelditzen mendebaleko horma: ia alderik aldeko sekulako arkuteria den behatoki edo korridore, leihotxoak, leihoak, leihoburuak, errosetoi bat... ikaragarrizko zizel-lan bitxia, neurririk gabeko lana, bitxikeria hutsak, ñabardura eta zehetasunez ikusi beharrekoak, begirada orokorrarekin erabat galtzen direnak; begirada orokorrarekin harrituta beste gabe gelditzen denak neurri gabeko aberastasuna galduko du; ekialdeko fatxada da biluzien edo austeroena, baina berak ere leiho-buelta eta leihotxo apartak ditu. Barnea:  hiru nabekoa, ia gurutzadurarik gabe, austeroa agertzen da baina bitxikeria eta artelan pila ditu erakusteko: bi zutaberi eder kapitel landuekin, kapitelen gainaldean arkuteria txikiko galeria, pulpitu landu aparta, atrila arrano  batek eutsia, arranoa, aldiz, gizaki batek eustendu; sabaia: habea horizontalak ez ezik gapirio eta gainerako habe zati oro kolore biziz pintatuak; bataiarri erraldoi landua; fresko hondakinak, aurpegiera  samur sarkorrekin.

Kale-artean murgildu gara berriro, joan-etorri handiko kale batek erakarri gaitu: S. Antonio eliza, meza ordua, jendez gainezka, erabat argiztatuta dago santua absidean, lazoz eta oihalez apainduta,;eliza lepo, apaiza errezatzen; ateko estanpa saltzaileari gaina hartzen dio eskakizunak,  kofradiako egoitzako opil banatzaileari ere: opil bedeinkatu bat du nonbait, opil horrekin ukitzen du banatzen duen opila hura ere bedeinkatuz seguruenik; guk ere jaso dugu gurea; etengabeko joan etorria dago plazatxoan.

Hainbat eliza dago, itxura ederrekoak kanpotik, baten sartu gara baina ez zuen ezer berezirik; jendea mezetan, aste egun baterako zaharteria zabala. Bada dorre borobil erraldoi bat,  berritzen ari dira.

 

Herri honetan ikusi dugu bidaian ikusi dugun lehenengo jatetxe txinatarra.

38 graduko hozberoarekin ginen eguzkitan goizeko hamarrak eta erdietan.

Egunero,  ia eliza orotan dugu ezkontzaren bat; katedralean zen gaurkoa, lora eta alfonbra prestaketetan goiz hasita zeuden.

 

Azal beltzekoak dira, edo eguzkiak belztutakoak, baina oso azalera beltzekoak dira biztanleak. Jantzian eta portaeran ez dago alde handirik herritik herrira, ez herrialdetik herrialdera: jantzi merkeekin uniformatu dute Europa osoa merkatutxoek.

Fruta saltzaile asko dago kalean, kale gorrian, plazan, edo denda aurrean.

Gidari bakar bati berari ere ez zaio burutik pasa ere egiten zebrabidean oinezkoari bidea eman behar dionik, zeu sartzen ez bazara kale erdira ez zaizu inor geratuko.

 

Ruvo di Puglia. Ezki lora usain sarkorrak betetzen zuen erabat kale nagusia. Katedrala: erromaniko apuliarra hau ere, XIII. Gizaldikoa. Kanpoaldea: dorre karratu luzea, nahiko kolorgetua eta inolako apainduriarik gabe, bristadarik gabe; fatxada aparta, nahiko austeroa berez, baina zizel-lan sekulakoez apaindua;  errosetoia, azpiko leihoa, leiho txikitxo borobil pospolin bat beherago, sarrerakoa eta bere alboko bi ateak: sekulako zizel-lanak, bitxikeriez gainezka, paregabeak,  begien gozamen bukaezinerako iturri, ikerketa lanerako aparta, non zein ederragoa edo bitxiagoa ote; ate nagusiak Bitontokoaren egitura bera du, arkuari eusten arranoa, arranoa zutabe gainean, zutabea lehoiaren gainean, baina hemen azpian dagenari eusten gizakia dago!; arranoetako bat ere gizaki baten gainean dago erpeak bizkarrean jartzen dizkiolarik; beste bi hormek ez dute aberastasun handirik, ez apaindurarik, baina bada hainbat ukitu eder, burutxo zizelatu eta antzerako; barnea:  ia biluzia, leuna, baina sekulako kapitelak dituzte zutabeek; estalki  edo estalpe harrizkoa du aldare nagusiak, zizel-lan bikainak dira zutabeen zenbait kapitel; burutxo eta gainerako pila hormako goi ertzean eta goitik behera bi hormetan doan frisoaren azpiko euskarriak ere zizel-lan ederrak dira; hilarri pila daude hormetan jarriak, baina hain daude leunak ze nabari da oinpean egon zirela. Kripta: erabat induskatu dute katedralaren azpia, burdineria jarri diote zoru bezala beraz gaur egun ikusgai dago azpi dena: lehenengo katedralaren zatiak, zutabe, hilobi, eskailera, kapera...; labe bat, ur putzua, ur-biltegia ...

Kale-artera sartu gara  ondoren, kale luzeko Alde Zaharra da, ez da kale bihurri horietakoa, kale zabalekoa baizik, baina mila zirrikitu, bazter eta pasabide ... dtu begiluzeon ikuskizun; nahiz xumea, beste aro batera jauzia gertatzen da. Udaletxeko plaza, zabala da; Udaletxea bera sekulako jauregitzarra, hemen ere S. Antonioren omenez zurezko  arkutxo zuriz eta ehunka bonbillaz apaindu zuten plaza, kioskoa barne; ezagun dira oraindik bilkura uneko kandela negarren arrastoak.

 

Isokarroak, fiatiloak... antzinako autoen museo mugikor biziak dira Italiako errepideok.

Bandera eta kinkila saltzaile asko errepideetako bidegurutzeetan ere, etorkinak dirudite.

 

89 kilometro, agurraren aurrekoak.

 

Geriza bila genbiltzan goizeko bederatzietarako, Bittonton, 38 gradu genituen eguzkitan 10´30etan,   37 gradu zeuden kanpoan Ruvon, 47 gradu auto barruan, 12etan. Etxatoi barruan dena irekita, gerizpean, 29 gradu..

 

Sekulako kanpai-hotsa hamabietan, San Antonioren hirurrena.

 

Bat batean sekulako eztarri piloaren garrasia entzun da kanpalekuan: Italiak sartu du nonbait golen bat. Isilune sakona dago denean, partidua bukaeran hasi dira motor-hotsak, jendea harantz honantz eta umeak “Italia”ka.

 

Gero jakin dugu frantsesa dela: ia nongoak eta antzerako betikoekin heldu zaigu gazte bat, pasaporte espainiarra dugula esan digu, eta ez garela independenteak. Baina izan nahi dugula!!!. Nahi dugu, eta horrek egiten gaitu herri.

Ia inork ez digu ingelesez galdetu edo erantzuten herrialde honetan, ez kalean ez dendetan, bai ordea Sizilia aldean. Honantz ez dator kanpotar askorik nonbait, beste herrialde bateko italiar kanpotarra ez bada. Kanpinean ere oso gutxi gara atzerritarrak, alemaniar eta holandar bakanen bat, gaupasarako datozenak eta doazenak, gu gara luzaroen gaudenak, frantziar gaztea ezik. Asteburuetan ere ez dator inor, Ingalaterran aldiz kanpinak bete egiten ziren sasoi honetan asteburuetan. Ez da kanpaleku kulturarik, edo ez dute behar adinako diru ekonomia mailarik.

 

Itsas-sartune batetan bateltxo mordoxka kulunkatzen da ainguratuta ur garbi urdinean. Arratsero ateratzen dira arrantzara, batel bakoitzean bat, motorrez zein arraunez, aurretxoan geratzen zaizkigu kulunkan; sare multzoa daramate. Gaur bi gazte atera dira, popa zabala branka zela, zut eta itsasora begira arraunei emanez, erabat mantso, joan galdoan urrutieneko bateltxoekin bat egin duen arte: “Piano piano se va lontano”, txikitako auskalo nori ikasitako esaldia, egia itsasoan ere.

 

“Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes:

* “Begiak kizkurtuko dituzu eta gauean egunean bezala ezin izango duzu ikusi munduaren benetako kolorea”. Begi kizkurtu gabeko ikusmina, bidaiariaren dohainik  zailena.

* “Denbora hori bizitzaz beteko da, ekintzez, ideiez, ...”. Eguneroko bizitza, ekintza eta ideiez gain erretiro denbora bidaiez osatzea onuragarria da.

Bidaiak: ITALIA 2002

Jon Etxabe 2023/05/22 08:55
BASILIKATA, Matera. PUGLIA: Ostumi, Trulli, Martina Franca, Otranto, Porto Miggiano, San Roca, Lecce, Gallipoli.

BASILIKATA

Probintziaz aldatu dugu, aldi batez, gaur. Aldatu egin da lurraldea bera ere: mendi-muino leun eta kare-harri itxurako tontorrak hasi zaizkio lautadari.

 

Matera. Tontorrean, nola ez, mendi-muino zabal garaian; oso gora egin behar du errepideak ere. Lekuz kanpo bezala utzi gaitu. Egitura guretzat ezohikoa du: erdigunea, bera ere erabat barreiatuta, han hemenka; hiru norabide ezberdinetan ere eman digute geziek erdigunera norabidea;  ez dugu jakin noiz izan garen erdigunean, ez diogu hartu alde zaharraren antzik ere, azkenik trogloditen eremua aurkitu, eta handik ikusi dugun arte. Sassien auzoa: ia etsita geundela aurkitu dugu; esplika ezina, joan eta ikusi; bi menditzar erraldoien arteko horma ia bertikalen bi haitzetan zulatutako etxez  josita, hiri osoa harkaitz zuloetan, bata bestearen gainean, zenbaiten gaina bestearen etxaurrea zelarik; ez edonolako etxe edo zuloak, taxuzko etxeak baizik, landutako ate arku edo ateburu lauekin. Mendi-gerri osoa hartzen dute, dena da ate,-zulo eta eskailera. Ikusi ahal izan dugu etxe bat barnetik: izugarrizko zuloa, beherantz eta aurrera, freskoa, etxe baten ohiko osagaiekin, ardandegia zuloen, sakonen.  Nabaria da hemen ere bazirela aberatsak eta pobreak: etxe moldeak, kokaguneak, harrian landutako apaindurek, erakusten dute zeintzuk ziren aberatsen etxebizitzak. Eremu edo auzo babestua zela dirudi ikus daitezken ate eta sarrerako tunelengatik; pikoan doaz bideak goiko tontorreko zabalgunetik magaleko etxeotara, etxe artean, sarrera ahalbideratuz. Labirinto harrigarria. 130 elizatik gora omen daude, lau erakusten dute, guk nahikoa izan dugu batekin: S. Antonioren Komentua, eta bertako eliza: egitura berezia du, pare bat kapera ere badira bertan, zenbait mosaiko hondar bere hormetan irudiok ohi duten koloretasun eta gizairudien begirada leun sarkorrarekin; behatoki antzerakoa dute bai elizatxook bai beste zenbait gelek ere; sakon zulatutako elizak, mailadi pikoekin. Bidaia osoa partzen du ikusi dugun altxorrak, berak soilik merezi zuen bidaia osoa. Zaharra: troglodita etxeon aurrez-aurre, eta alboan, zirraragarri, mailaz maila datoz gure harridurarako zuri-zuriak diren etxeak,  triangelua irudikatuz, elizako kanpandorre luzea dela goreneko gune zorrotzena, ikuskizun zirraragarri deskriba ezina, halako astindua ematen dizuna. Ahozabalik ibili gara ordubetez. Eguerdi berandua zen eta euria ari zen. Beraz etxerakoa egin dugu. Alde berrian ere ohiko fatxada eta arkuteria, sekulako jauregi, ate, leiho, plaza, fatxada eder baina higatuko eliza... eta zirkulazio kaosa.

 

Torturaren museoa iragartzen dute behin eta berriz kale-kantoi sarrietan. Espainiara eta Euskal Herrira joatea aholkatu genieke informazioa osatzeko. Itxita dago eguerdiko ordu beranduotan. Seguruenik Erdi Aroko Inkisizioko tresneria eta tortura motak erakutsiko dituzte. Gerora beranduan erakutsiko dituzte gaur egungoak, ordukoak gaindituz.

 

Bi herriotan herriaren kanpo aldean, goitik behera, plomuan ebakitako hormatzar leuna da mendiko haitza: ez dirudi harrobia denik, agian eraikinen baten horma izana edo harresien ordezko babesgunea da.

Ez zaigu erraza izan etxeratzea errepide sare labirintoan. Ibilbide berriak aztertu ditugu.

 

Leporano: harrizko arkua du kale sarreran, beste ertzean harrizko gaztelu edo jauregi galanta ikusten zaio, baita harrizko eraikin ederrik ere.

 

239 kilometro, trogloditen artera, atzera jauzia.

 

Inurriek teknika bera errepikatzen digute behin eta berriro, multzo osoa eramango ote duten guk alde egin aurretik, hori da dugun inkognita bakarra.

 

“Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes:

* “mailakatu egingo ditugu lorpenak, herriak ahogoza ditzan”. Bidaiariak herri askotan du sentipen hori: politikariek mailakatu egiten dituztela herri arazo ezberdinak gainditzeko pauso erabakigarriak, desoreka eta sufrimendu horiek mantendu eta administratzetik bizi direla hain zuzen, hori delako bere jokamoldearen funtsa.

* “Izan dezagun beti zerbait geroko gordeta”. Arazoei irtenbidea aurkitu eta emanez, norakoa asmatuz dabiltza politikariak, diru-iturri agortuei ordezkoa bilatzen ari diren  jauntxoak .

* “bizitzan zure kabuz molda zintezen, zeure arauak zeuk sor zenitzan”. Bere kabuz molda behar duena da bidaiaria, bidaiariak berak sortu behar ditu bidaia bakoitzeko eta bidaiatzeko arau propioak. Nortasun eta erabakikortasuna dira bidaiariaren bi osagai nagusienetarikoak.

* “Lurra. Lurra. Lurrak dirua esan nahi du”. Ez beti. Lurra beti izan dute Mezzogiorno  inguru honetako herriek, baina pobreek emigratu egin behar izan zuten masiboki.

 

 

Ekainaren 6a. Osteguna.  35.a-I:33.a

 

“Dendako leihotik”. David P. Tijero:

* “Mendi gailurretan haizeak ez du oztoporik / librea da azkar biltzeko / librea da moteltzeko / bere nahiak baino ez du gidatzen”. Bidaiaria haizea bezalakoa da, libre dabil baina meteorologiako arau zehatzek sortua eta gidatua. Bidaiaria bera ez da dirudien bezain libre.

* “loak hartzerik ez nauenean / haien esklaboa naiz / loaldia ote da askatasuna?”. Funtsezkoa zaio loa bidaiariari, nekearen esklabo izan nahi ez badu.

 

Erabat zakartu zaigu haizea, haserre tankeran dago itsasoa, apar marra zuriz, zaratatsu nahiz ez orroka. Hala iraungo du egun osoan, Martina Francako kaleetan bazirudien eramango gintuela. Patua dugu Italian eguraldi txarrarekin.

Herri denak dira herri zabalak, handiak, denak daude mendi-muino baten goieran, erabat bereizten dira alde zaharra eta berria, zaharrak bere lehengoan darrai, berria aldiz etxetzar handikoa da kale luze berdinetan gurutzatutako kalez egina, koadrikulatua. Denek dute urrutitik nabarmentzen den kupula handiko eliza. Elizotan errimea da zeramikazko azulejo kolorezkoa erabiltzea teilen ordez.

Andre-gizon bikotea, biak lodikote ederrak, motokarro baten kabinatxoan eserita, kabitu ezinik: arrimatu beharra dute, nahitaez.

 

Ceglie Messapica: errepideko argindar zutabe bakoitzak du bere eguzki panela: ideia interesgarria.

 

Lur laua, olibadiak, mahastiak, galsoroak... Aspaldiko sekulako olibondo sendoko olibadiak agertzen zaizkigu noizbehinka,.

Kaperatxoak, santutxoak, sarriagoak dira gaurko ibilbideko zatian. Izan da bat harri tolestatutako teilatuarekin: fresko higatu xamarra zen santa edo amabirjina irudia.

 

Ostuni. Ikusi eta gozatzeko alde zaharra. Herri zuri-zuria, zuritasunez brixt egiten du kaledi osoak. Hiru mendi-muinotan eraikia, erabat nabarmentzen zaizkio hiru tontorrak, hiru norabidetan hazten baitira kale-multzoak gorantz, erdigune edo herri-gurutzeko plazatik. Tontor bata zen jauntxoena nonbait, bertan daude katedrala, jauregi eta etxebizitza ederrenak. Dena da kaletxo, pasabide, eskailera, tunelpe, bazter, zoko, gorde gune, kale-gurutze... Erdi Aroko egitura petoa, baina aldi berean bitxia eta ezberdina hainbeste mailadi eta tunelperekin. Herri handia izana, dotorea eta boteretsua, ez zen, ez da, nolanahiko herritxo zaharra bere horretan utzi zuena historiak eta gizarteak. Turista-herria, erabat saltegi bihurtuta daude kale nagusiak, kinkila-denda zaindu dottoreak, bertako artisau lanekin, baita bertako lurraren ekoizpenekin ere, ardoa, olioa... Orduak eman daitezke kalerik kale, inolako altxorrik aurkitzeko egarririk gabe, bertako kale-arteaz gozatuz.

Katedrala: arku zabal ederra du aurreko plazara sarreran, errosetoi izugarri landuak fatxadan, irudi eta apaindura nano zizelatuz edertutako handia erdikoa, ederrak alboetako biak ere; barrutik badu bitxikeria bat, hiru lekutan utzi dute agerian lehengo egitura, zutabe, kapitel eta hormako zatitxoak, nabarmen ikusten da garai batean marmolez eta masa pintatuez estali zutela harrizko egitura osoa. Horrez gain, ohiko osagaiak. Eliza: pinturaz betetako argia. Udaletxea, sekulako palaziotzarra, harrizkoa, arkudun patio karratu tzarrarekin. Plaza, Udaletxe aurrekoa da aipatzekoa. Parkeak, baditu ere parke ederrak alde berriko mugetan; indusketa lanetan ari dira, hondakin arkeologikoak agertu dira, hor nabarmentzen dira horma eta gainerako hondakinak: ez dakigu argazkiak atera, ikertu eta zementu pean utziko dituzten Elgoibarren egin zuten eta Iruñan egin asmo duten bezala. Zutabea, udaletxe aurreko plazan, sekulako garaia, eta zizel-lanez edertua, sekulako santu-iruditzarra du gorenean: deigarria eta ederra.

Jauregiak, ateak, ateburuak, balkoiak... mila zehaztasun, baina batez ere kaledia bera, bihurria,  ere zuri-zuria.

Itsasoraino heltzen da alde batetik goitikako ikuspegia; ordeka urdin iluna, ordeka berde iluna beste lau aldetara, itsaso antzo, mugarik gabeko olibadia.

 

Trulli. Hurrengo astera arte espero ez genituelako edo, izugarrizko ezuste atsegina izan dira “trulli”ok. Harrizko etxeak dira, kupulatxok ditu etxe bakoitzak, bat handia besteak txikiagoak, etxeko gela bakoitzak omen bere kupula; harri zapalak tolestuz eginiko kono pikeak dira kupulok, badute eskailera bat gora igotzeko, -aletegira dio gidaliburuak-, badute ere patiotxoa alboan. Denek dituzte hiruzpalau kupula, zenbaitek gehiago. Bakanak dira, bakar daude, olibadiz  inguratuta. Badira bizpahiru etxe elkarren jarraian etxe multzoa sortuz, baina ez dira asko horrelakoak. Gehienak zuriz pintatuta daude, kontraste bizia eginez olibadiko berdegunean, zuhaitz artean; pintatu gabe dute harria askok, bere harri kolorean darraie eta zurien bezain dotore eta erakargarriak dira. Itxuraldatuta daude asko., horma egin diote, edo zabaltzak estaltzen duen etxetxo karratua egin diote aurrean. Nekazal etxeak dira. Harri zapal tolestuko hesi edo hormak banatuta dago inguruko lursail oro; harri argikoak, erabat zainduak dira hesiok. Bi horma ilaren artean doa errepidea bera ere.

 

Ceglien hasi da trullion festibala, lehenengo bakarra ikustea izan da lehen ezustea, gero gehiago agertu dira, azkenik lurralde osoan barreiatuta aurkitu ditugu. Ostuni, Martina, Alberobello eta Fasanoren inguruetako lurraldekoak dira trrulliok. Izango dugu beraz berriro ikusteko aukera, gozatzeko ere. Begiak eta barrena ase ezinik joan gara bide osoan, harriduraren morroi, begiak atseginez aseta. Nekazari bakoitzak bere etxea zuen, agian oraindik du, bere lurretan, gure baserritarrak baserria bezala, olibondoek inguratzen dute etxea, oliba delako seguru aski bere bizibidea. Zirrara eragiten du, lautada eta mendi-muino leunetan olibondo berdeen artean nola jaikitzen edo agertzen diren kupula zuriak.

 

Martina Franca. Hemen ere Alde Zaharrera mugatu dugu bisitaldia; autoz zeharkatu dugu Alde Berria. Zuria da hiri hau ere. Argia. Kaledi bihurria honena ere. Baina barrokoa. Erabat loratuak eta apainduraz beteak daude etxeetako behatoki azpiak eta gaineko burdineriak . Udaletxea, sekulako palaziotzarra da, barroko apainduraz edertua kanpotik, patioa aldiz biluzi leuna, handia eta karratua, besterik ez. Kale nagusia ez doa artez, kantoi bakoitzean zertxobait eteten du marra zuzena, zerra haginak bailira kale-kantoiak.

Sartu alde zaharrera, eta izozki bat dastatuz galdu kaleotan begiei gozamena emanez.

Ezkontza zibila aurkitu dugu Udaletxean. San Anonio eliza aurrean, erabat bonbillaz loratzen ari dira, San Antonio eguna baitator. Santua ez da izan ere euskaldunona eta Urkiolakoa soilik, baita italiarra ere, bere eliza nagusiak debozio gutxi sartu bazigun ere Paduan.

Maiatzean aurkitu nituen piku freskoak Sizilian, aurkitu ditut hemen ere Ekainean. Begiei ez ezik ahosabaiari ere eman diot zaporearen berri, sasoitik kanporako gozamena izan da.

 

Bide-berriak ikertuz egin dugu etxera, lortu dugu hiritzarretik ez egitea.

Bidaia orotan hiltzen zaigu norbait hurrekoa eta bihotzekoa. Tia Klara zendu da aurten. Bere etxera, Basaurira izaten ziren nire umetako eta gaztetako herritik ateraldiak, orduko nire bidaiak.

 

131 kilometro, Trulli nekazal etxeen ezuste pizgarria ekarri digutenak.

 

ArtemioCruzen heriotza”. Carlos Fuentes.

* “denborarik gabeko denbora ondo hartzen zuen hondartzara”. Denborarik gabeko denbora horiek aurkitzen eta gauzatzen dakien bidaiaria da bidaiaz gehien gozatzen duena. Une horiek ematen die bizigarritasuna bidaiari. Une horiek ez dira eguneroko hondartzaren batean egon hutsean egotea.

* “Begirada bere oin-marketan itsatsirik joan, ohartzeke itsasaldiak ezabatu egiten zituela eta oin-marka oro zela bere buruaren lekuko bakarra, ilauna”. Bidaiariak ez du bere lorratzetara begiratuz pausorik eman behar, atzera behatu behar baita horretarako. Oin-markak ondorengoek erabaki eta jakingo dute itsasoak orraztu dituen ala dirauten. Gizaki bakoitzak  erabakitzen du geroa baina inork ez daki bere erabakia erabakigarria izanen den geroarentzat.

 

 

Ekainaren 7a.   Ostirala. 36.a-I:34.a

 

“Dendako leihotik”. David P. Tijero:

* “inoiz ez naiz zirkuitu batean biraka ibiltzen / beti aurrera egiten dut / ihesaldirako ausardia aurkitu orduko / prest egoteko”. Aurrera begira joan behar du bidaiariak, ordu-mugarik gabe, bidaiak aurkeztuko dizkion ezusteko zirrikitu kilikagarrietatik egiteko

* “Isiltasuna apurtu nahian aritu ohi gara / dugun dohainik preziatuena dela ez dakigulako”. Barne isiltasuna apurtu nahian egiten duena errepidera, ez da behin ere bidaiaria izanen.

* “Ihes egin behar dut / hemendik atera eta aldendu ahalik eta azkarren”. Justu barne isiltasun horren bila. Tarteka ihes  egin beharra du gizakiak,  behar horrek bilakatzen du, zenbaitetan, ez nahitaez ez beti,  bidaiari iheslaria.

* “inondik ez dago ihes egiterik kartzela zugan bizi izanez gero”. Hortik dator hainbat bidaien porrota eta hainbat bidaiarien ase ezina.

* “Besteen oharpena behar dugu ahulak garelako”. Asko dira bidaiara abiatzen direnak, modan dagoelako, edo lagunarteko ohitura delako, edo gizarteko ohitura delako.

* “uzta oparoa behar dugu egunero / gauzak ondo ibili direla geure buruari esan ahal izateko / loak hartzerakoan / elkarrekiko esklabo hutsak gara”. Hori da bidaiariaren bekatuetariko bat, zenbaitetan begiak zabalik ibiltzea, tarteka egotea, nahikoa ez balitz bezala; “gaurko ibilia balekoa” esaldiak eguna laburbilduko itxaropenez ibili gabe.

* “posible al da mundu bien arteko hegian / egonkortasuna aurkitzea?”. Inondik ere, aberatsena eta ez dutenena dira hegiaren alde biak, bidaiariari egunero eta edonon irekiko zaio zauri hori, begiak itxi edo lasaigarriak hartzen saiatzen bada ere, berdintasunik ez den bitartean, gizakiak gizakia zapaltzen duen bitartean, gizartearen ikuspegia beti izanen da bortitza.

 

Inurriek ez dute mermelada multzo osoa eraman, baina gutxi falta zaie; langile gutxi dute  jadanik lantoki honetan, ez zaie nonbait beste meha hau besteren  baten bezain errentagarri.

Patua dugu euriarekin, ziur, haizea baretu da baina erabat lainotuta esnatu da eguna, behe laino antzerako lausoak itsasoaren azken marra ia bertaraino ekarri du eta lurraldearen ikuspegia ezin laburragoa da. Euri tantoak izan ditugu eguerdi aldera, etxatoian ziri-ziri, danborrada izan gabe, bateria joleek lez ferekatzen du zirimiriak sabaia. Lurralde eguzkitsura etorrita ez dugu jada eguzkirik eskatzen, ateria eskatzen dugu soilik, ez al dugu laster hotzik ez egitea eskatuko!.

 

Herriak zeharkatzea ekidinez, itsasertz-itsasertz goaz, lehen eguneko bideetatik abiatuta; hondartza luze orok du alboan herri edo Marina koskortuago bat. Esnatuz doaz udarako prestaketetan behe solairuko herritxo edo auzo zuriok; dunez babestutako hondarretako herriak dira, hondar horia zaie urre gorri. Nahiko sarriak dira urbanizazio berriak, herritik hur gehienak, txaletxo txikiak errepideak itsasotik banatuak, txaletxoak, xumeak, baxuak zuhaitz artean  hesi batez gordeak. Garai honetan, egun honetan, ordu honetan, ia ez da autorik errepidean, ezta ia isogurdirik ere, lasaia da bidea. Atsegina da ingurua, itsasoaren gainez gain.

Takian-potian, gaztelutxoa, gotorgune zelataria, agian garai bateko etorkin armatu konkistatzaileei eutsi asmoz eraikiak: gotorrak dira gazteluok, harrizko sendoak, itsasgaineko haitz muturrean gehienak.

 

Nardo herriaren inguruan, errepideak lur barrura egitean, padura jitea hartu du lurraldeak; itsasotik urrutiratu heinean  olibadi sailak datoz, baina batez  ere belartza lehor diren lur lauak, erabat utziak. Sekulakoak dira zenbait olibadi, aspaldiko olibondo kilikagarriz osatuak; lurraldea, baina, tristea da, utzia izan den lurralde pobre baten itxura hitsa du. Lehen ezer gutxi zena, ia ezerezera makurtua. Pikondoetatik jango duenik ere ez da gelditu nonbait. Harrizko hesiek banatzen dute jabegoa: ugariak dira, garai batean bakoitzak bere saila gogoz, indarrez, eta itxaropenez gordetzen eta lantzen zuela gogarazten digute. Ez belarik ez mikarik, ez da inolako animaliarik ageri, gidariak gara animalia bakarrak. Ezagutzen ez dugun barazkiren bat lantzen dute Nardo aurretxoan; berde iluneko ilara zabalak dira, tarte zabala batetik bestera, zaindua; traktore bidez harrotzen diote alboko lurra; lurrari itsatsitako mastra besterik ez da, oraingoz. Tarteka harrizko eraikin sendo gotorrak, berdin tolestutako harri sendoz eginak, ez diegu antzeman ez ate ez leihorik: ez dirudite txabolak direnik, teilatu edo estalkirik ez dute, belar lehorra gehienez.

 

Solidaritateak dirau errepidean, polizia zain geneukala abisatuz gurutzatu zaizkigu hainbat auto.

 

Hauteskundeak dira Italian, politikoen aurpegi-argazkiak daude horma guztietan, bozgorailuz iragartzen dituzte mitin kantaldi eta antzerako parafernaliak.

Kale-arteko zurrunbiloan eta trafiko nahasmenean sartu behar izan dugu Nardo herrian. Saihestezina zen. Ez zen erraza norabide matazari hari muturra aurkitzea.

 

Itsasertzera heldu gara, Adriatikoa behar duen itsasora, Tarento golkoko ertzaren gainaldean baitago, “Otrantoko kanala” ere deitzen diote inguru honi, agian Adriatikotik Tarentoko Kanalera eta Joniko Itsasora pasabidea delako, ez baitugu guk inolako kanalik ikusi. “Belvedere”a eskaintzen digute itsasgain batean, egokia dirudi geratu, lasaitu eta gozatzeko, baina erabat lausotu digu ingurua gure euriarekiko patu beltzak. Harkaitza da itsasertz osoa, labar garai, amildegi bertikal, edo itsasoraino luzatzen den mendi magal harritsu zurixka. Beherantz leun doan harri eta belar idorreko paraje tristea da itsas gaineko lurralde dena. Itsasoa, bere gaurko lausoan ere, eder dager, haitzen kontrako apar zuriko lotune biziarekin. Badira pinu sailak tarteka itsas gainetan. Zelatarien dorreek diraute, Tarentoko Golkoaren babes egituraketari jarraituz.

 

Kanpalekua. Ezagutzen ez genuen motako polizia koadrilari galdetu behar izan diogu norabidea;  praka marroi eta alkandora argiko polizia klaseren bat da, ez zuten kapelarik, agian basozain edo itsasertzain, edo auskalo ze polizia mota ziren. Behar ez zen tokian ari ginen bila.

Hankoker sartu gara, sasijakintsu batek okerreko bidetik bidali gaitu bidegurutze batean; senak beste bide batetik bidali gaitu zorionez; itxita aurkitu dugu kanpalekua, neska zaindaria ez dakit zertara alde eginda zegoelako; geu ginen lehenak, bezero bakarrak, baina ezin izan dugu guk nahi bezala jarri etxatoia, dutxak ez dit azkenik eman ur berorik neskari berogailuaren botoiren bat sakatzea ahaztu zaiolako.

Urbanizatuegia dago kanpina, zehaztuegia, berdinduegia, herritxo bat da, dena koadrikulatuta, betetzen denean nork arnasa hartu hain hur bata bestearengatik, etxatoiak, denak ilaran, elkarri ia itsatsia. Behatoki da itsas gaintxoan. Olibadi  batean dago, pinu eta bestelakorik ere sartu badute ere lurra berdintze lanen ondoren. Urrutitxo, baina itsas gainean, itsas labar bertikalak eta aparren haitzen kontrako sinfonia bisuala ditut begien jostagune nire mahaian eserita. Egun argiarekin aparta behar du itsasertz honek. Moskito -leku ere izanen da, padura tankerako belar-leku zakar bat ageria da itsasoa eta kanpaleku artean. Sare estu bat jarri dute, behatoki horman, bertan galdutako milioika ulitxo daude itsatsita. Beraz egun ilun honetan erabat lausoagoa dugu itsaso ikuskizuna. Leku zabal ikusgarrian moskito-sarea zaigu begien kartzela, presoei leiho aurrean jarri ohi dien burdina eta sareak bezala.

 

Etorri dira bezero berriak; jantzi eta alde egin dugu, badirudi bideratu garela.

 

Santa Cesarea Terme. Kanpalekuko herria. Bainu-herria izan zelako, agian udaleku bihurtu delako, baina herri ponposo dotorea dugu hau. Aratza, garbi usainekoa, txukuna, dottorea. Eraikin handizka dottoreak ditu, hotel edo bainuetxeak agian. “longomare” edo pasealeku potxoloak itsasgainean; kalatxo ezberdinen babesean solarium bilakatu dituzte kala barrenak itsas ertzetan, zementuzko zoru leunak, hondartzarik ezean; haitzartean sortu dute igerileku urdina itsasoari aurre egiteko ausardiarik ez dutenentzat.  Herri atsegina. Igandezalea ere erruz ekarriko duen horietarikoa.

 

Itsas bazter itsas bazter doa kosta-bidea, errepidea bera bezala, sigi-saga etengabean; erabat erakargarria egiten dute itsasertza haitzek; haitz beltza da, Taranto ingurukoa bezalakoa, laba harria dirudiena. Itsasertz bitxia, erakargarria gainetik labaintzen gatzaizkionentzat.

 

Porto Balisko, itsas beso edo kala sakon bat, estu luzexka, oso erakargarria, zenbait ontzien babesgunea.

 

Otranto.  Golkotxo baten barrenean, txukuna, zaindua, atsegina, zuri zuria, berria ere lehen solairuko etxez osatua gehiena, etxetzarrik gabe, gustura sentitzen zaren herria, turista-herria, igandezaleen herri bihurtuta.  Zaharrera, hiribildura, mugatu gara, hiriotan ohi dugunez. Harresiak nagusitzen dira hemen, sekulakoak, hiria osoki inguratuz,  nano uzten zaituzten harresi garaiak, ikaragarri sendo eta gotorrak. Hiriko ertz batean sekulako gaztelua dago izena ahaztu zaidan Aragoiko errege batek eraikia, sekulako sendo eta gotorra. Hainbat ate edo sarrera ditu, xumeak baina hiria girotzen dutenak, baita ateak izan zitezkeen bi borobiltzar ere, agian aro eta agintari ezberdinek gehitu edo aldatutako babes osagaiak. Horrelako hiribildu batek ohi duen kaledia, eta turista-herri batek ohi  duen denda, jatetxe eta kafetegiak. Katedralak errosetoi handi landua du fatxadan; barrua aberatsa da: herriko artistak 1165ean egin zuen mosaiko zorua, sekulakoa, elizako zoru osoa betetzen du, naif estiloa dute, nabari da ez zela erromatar artisten parekoa, baina hainbat irudi maitagarri aurki  daitezke; freskoak, gutxi geratzen zaizkio, baina irudi bikainak erakusten dituzte; itxita dago XI. gizaldikoa omen kripta.; organo antzinako potxoloa: badirudi oraindik erabiltzen dutela.  Bi aldare sekulako apainduak, zurezko pintatuak, aingeruz eta santu-irudiz loriatuak; kapitel zenbait, dotore zizelatuak; marmol gorrizka itsatsiz biziki deigarri diren bataiarri eta ur bedeinkatu harriak; sekulako ganga zurezko lauki ilunak urre kolorez brixt-brixt; eta azkenik martirien kapera: aldare pean, elizan gorde ziren 800 herritarri baina gehiagori moztu zien burua arabiarrek hiria hartu zutenean: horietako mordo baten burezur eta hezurtegia nahastua daude, ikusgai, 7 erakusleiho erraldoietan, artez eta makabroki tolestuak, lepook mozteko erabili zuten harria ere ikusgai dago, txikitan egurrak zatitzeko erabiltzen genuen trokotea gogoratu dit. Badu portua ere, arrantzaleena diona gidaliburuak, baina arrantzontzi guti gordetzen duena, gutxi eta txikiak.

 

183 kilometro, Tarento Golkotik Adriatikora.

 

Kanpalekuaren azpian kala izugarri tentagarria dago, harkaitz-hormek inguratzen dute; harkaitz tzarrek babesten dute itsasaldetik, irlatxoak antzo, hondartzatxoa ere, bertan lehertzen baitira olatuak;  ur garbiak, tentagarriak; ez dago nola jaitsi zuzenean, baina lortu daiteke joatea igerian kanpalekuak alboan haitzartea zementuz leunduz ezarri duen solariumean murgilduz, nora jaisteko mailadi luze arrosa jarri duten.Txoko atsegina.

Gure patu madarikatuari musika jarri dio oheratzean atabalaren tarrat-hotsak, atabal tenkatuan, kolpe lehor izan zaizkigu euri tantak, biharko itxaropenak melatuz.

Erabat nekatua, guztiz unatua, oheratu naiz azken egunotan, bota beharrik gabe erori egiten zen gorputza ohe gainean; gaur aldiz suspertu naiz, gorputzaren misterioak. Baina goiz noa ohera, loaren zain patxadan egoten ikasi nahi dut.

 

Artemioren heriotza”. Carlos Fuentes:

“Atzean utzi zuen beldurra, arriskua ohiko bizimodu eta lasaitasuna ustekabearen  zati bihurtu zuten enkontru haietan, ez estrainakoetan, baina bai behin eta berriz gertatutakoetan”. Bidaiaria ere ohitu egiten da ez arriskura, arriskurik ez duelako, baina bai eguneroko ezuste, zailtasun, eta dudetara.

 

 

Ekainaren 8a.  Larunbata. 37.a-I:35.a

 

“Hyperion”. Friedrich Holderlin:

* “Badia hauetariko batek bereziki poztu ninduen, mila urte lehenago egon izan banintz... Elurtutako ehunka mendi-buruen inguruan egunsentia jostetan ari zela, badia distiratsua, erdi jainko garaile gisa, Helikon eta Parnasoko basamortu bikainen artean”. Itsas hauetako badiek bereziki pozten dituzte begiak, baretzen barrena, hainbat eta hain antzerakoak izanik ere. Ez da egia bat ikusita denak ikusi dituzula. Bakoitza bera da maitagarria, bakoitzak tentatzen zaitu bertan gelditu eta orduak itsaso eta haitzen besarkada bihurriari so geratzera. Elurtutako mendi-buru horiek falta zaizkie gure kanpalekuko badiari, gure kostako badiei, baina ez badia gaineko basamortua, Holderlin liluratuko zuketen badiak.

 

Galdua jarraitzen dut geografiako norabideetan, hainbeste itsas aldaketekin. Gaur utzi gaitu patuak, eguzkiak goiz bisitatu gaitu, badakit itsasoa hegora dugula, ez dudala ez arrats ez egunsenti gorririk gure behatokitik. Itsasoa dut, zabal eta urdin aurrez aurre, zinta zuri bihurtuta hesia zaizkion harkaitz horma pikoak musukatzean.

 

24 graduko hozberoarekin ginen ibilian goizeko bederatzietarako.

 

Porto Miggiano. Gaztelutxoa dugu itsasertzean atzo aurkitu nuen kalatxoaren bestaldean. Gaurko ibiliaren hasieran joan gatzaizkio: ze nolako ezustea, han portutxoa egon behar zuenik ere!, ez baitzaio antzik ematen gure behatokitik: pikatxoiz ebakitako mazela leunak, haitz horma leun bertikal garaiek gorderiko harrizko kaxa itsasotik eta lurretik gordea; haitz bizian zizelatutako portua: hogei bat metroko kolpez kolpe zabaldutako sarrera, eta  ontzitxoak lotzeko lauki osoa den portu barrena; amildegi dira portu gaineko hormok; erdi erdian utzi zuten moila, moila forman zizelatutako haitza; itsasotik eta lur barruko begiradatik era bat gordeta portutxoa; haitzean irekitako bidez jaisten da moilara. Txundigarria.

 

Artaldea atzo Otrantora egin genuen bidean: osagai berria, maitagarria. Gainerako osagaiok ederragoak daude gaur eguzkiak argituta. Zoragarria zegoen itsasertz bihurritua.

Militarren informazio gune zabal hesitua, non radarra ari den eten gabe biraka itsasgainean; horrez gain bestelako gailuteria, kupulatzar artean  mundukooi arnasa ere kontrolatu nahiz, behar denean tiro egiteko. Komunikazio eremua, gerrarako tresna, boterea beti prest erasotzeko, hori baita militarren funtsa.

 

Lur barrutik egin dugu Otrantotik gorakoa, itsasertzetik izanen zela espero bagenuen ere.  Lurralde lehor tristea tarteka; pinudia nagusitu da, pinudi trinkoa, adartsua, ez da pinupeko lur landurik, badira soro ureztatuak, baita betiko pikondo eta olibadi sailak ere.

 

Txirrindularientzako ingurua, bide-gorri propio ugari dute: bide-gorria errepide nagusira sartzen denean, iragarri egiten dute txirrindu zaleak dabiltzan errepidea dela zolako irudi zurien bidez.

Itsaso-besoa izan da une batez ustekabe atsegina: pinudi barrenean sakon sartzen den beso luzea, itsasorik ikusten ez badugu ere. Itsasertza ukitzen dugu tarteka, ingeniariak inbidia sartu nahi izan baligu bezala.

 

Roca Vechia: benetan aspaldikoak deitu ahal dira herriaren itsasertzeko haitzok, erabat porotsuak, itsasoak farfaila balitza bezala zulotxo eta irtentxoekin landuak.

 

Ez gatzaizkio sartu herri barrura, baina damutu zaigu egin eza, baikenuen irtenbidea beste aldetik;  hala ohi da beti, baina noizbehinka lausotu egiten zaizkio ideiak bidaiariari.

 

San Roca. Hemen bai sartu gara herri barrura,  eta ez zaigu damutu. Uda-herria. Portu zabal babestua du, erabat ontziz lepo. Portu barrenean kostaldean hain sarriak diren gaztelutxoa, zelatari aukerak preso hartzean duen portuak kendu badizkio ere. Bertan gelditzera deitzen duen itsasertza, jenderik ez denean behintzat; haitz tontor, zapal, zabalak edo tontor luze borobilak ernetzen dira perretxikoak bailira ur gardenetan, -auskalo garbietan-, bertara joan eta uretara blaust egiteko dei etengabea igorriz bezala.  Bada bateltxoz joan eta haitz gainean dagoenik, eguzkitan, bere irlatxo propioan. Badu hondartza luze zabal borobila ere, goiz  eta ugari dago hondar zalea eguzkitan.

 

Kostalde osoan errepikatzen dira haitz biziko irlatxo nanook.

Nekazal turismoa sarri iragartzen da.

 

Barrura egin du errepideak. Ezuste kilikagarria ekarri digu lurralde berriak. Bat agertu zaigu lehenik, gure harridura piztuz, gero bestea, eta azkenik pila izan dira azkenik, ibiliko pizgarri: harresiz berezitutako olibadietan harrizko txabola bitxiak, bururik gabeko kono baten beheko zatia, borobilak gehienak, karraturik bada ere; berdin eta txukun tolesturiko harri gris lats berdindu gabez eraikiak, bi metro inguru zabalerako horma dute ateak erakusten duenez; egontoki edo gune zabala barnean, ganga borobil batez bukatua; gangaren erdi erdian estalita dago zulo bat, agian kearen irten bidea, kedar arrastorik ez badute ere harriok. Harrizko eskailera du sabairaino kanpotik. Pila dira; etxerakoan ere aurkituko ditugu lur barrutik, autobidez egiterakoan.

 

Erabat sendoak dira hondatuak ikusi ditugun itsasertzeko zelatari dorreok, ez dute ia hutsunerik barnean, beheko egon tokia eta zelatariaren behatokia eta lotzen dituen eskailera dira barnean dituen hutsune edo espazio bakarrak. Kanpaleku ondokoa, aldiz, hutsa da barrutik, espazio bakarrekoa, dena erabilgarria, horma ohizkoz egina.

 

Ikusten dugun lehena: trikua errepidean gurpilek zapalduta. Ez da belarik errepidea garbitzeko.

 

Lecce. Florentzia barrokoa deitzen diote. Hiri barrokoa da izan, eraikin zibilengatik baino gehiago elizengatik. Zimbalo familiakoak dira bere estilo hori bultzatu zutenak, barrokoa azken muturreraino eramanda, manierista ia. Gurutze Santuaren Basilika da lanik ezaugarriena: kanpotik zein barrutik harria azken arra beteko zabaleran ere zizelatua, dena da apaindura, dena irudi, dena buru, dena zizel-lan, dena artelan. Ikusgarria da. Ni ez nau bete, inondik ere, badirudi gotiko edo erromanikoaren paretsu egin nahi duela barrokoa, baina irudiek ez dute beste haien sakontasunik aurpegiera eta formetan, dena dago gainera berritua bezala, argia, zuria ia. Filigrana hutsa da fatxada. Berdin barrua. Aldare pila dena barroko landu harrizkoa. Harritzen zaitu, baina ez dizu zirrararik eragiten, ez du sentipen sakonik harrotzen, “zelako lana” ez bada. Anima falta zaio. Palazzo del Goberno: aurrekoaren alboan, arkitekto berarena, estilo berean. Elizak: hainbat, fatxada barroko dotorekoak denak; antikuarioen erakustoki eta saltoki bihurtuta dago Santa Irene elizan komentuaren patio zabal karratua. Plazak: aipatzekoak, loretoki arbolatsua da bat, aipatzekoa batez ere Oronzo: bertan daude kokatuak kapera landu ederra, barrokoa nola ez gaur bertako artisten erakustoki eta saltoki zena, artista hasiberrien lana iruditu zaigu; bertan brontzezko Aita Santu erraldoia auskalo zer esan nahian plazako jendeari, zut, leuna, kapitel landuko zutabe izugarri luzearen gainean; hainbat etxe koadro handi plaza handian; aipatzeko ere anfiteatro erromatarra: mutur bat soilik geratu zaio, seguruenik plaza egiteko lurpean gelditu zena, beste dena hiripean dago edo errotik desegin zuten harriez baliatzeko. Duomo plaza: jauregitzar ederrez inguratua, zabal zabala. Bertan dago Duomo: barroko barrokoa, urre kolore ukitu pila duten pintura eta zur landuz edertua.

Etxe koadro dotoreak ditu hiriak, handiak, palazio eta gainerako, behatoki-azpi... ez digute arretarik bereganatu ateek hainbat herritan bezala.

Etxe erraldoi multzo erraldoia, herria babestuz bezala, ez dakigu babes fisikoa emanez herri zaharrari ala barnealdea bizitoki bilakatu ez dadin: kapo espekulatzaileek herriari etxebizitza aukera ematea dela esango dute.

Ezkontza pila zen gaur, elizetan lehenengo, kaleetan gero, erru zebiltzan ezkongai, auto eta inbitatuak.

Futbola zegoen batez ere gaur hirian. Oronzo plazan bandera saltzaileak erabat ozen jarrita zuen irratia plazatzarra girotuz; Duomo Plaza tzarraren erdi erdian, bakarrik, irratiz entzuten zuen gazte batek, bakar, partida: keinu zalapartatsua egin duenean galdetu diot ia golik zen, “jokoz kanpo!!!” erantzun dit; kalean, denean entzuten da irrati edo telebisten ahotsa, kalean multzoetan ikusten dute ikusleek kafetegi edo dendetako telebista, dendari batek espaloira atera du telebista eta han dago koadrila batekin, izozki dendako neskatila barrutik salmahaira datorkio lagunari partiduaren berri ematera; izugarrizko harrabotsa izan da lehen gola sartzean, izugarrizko zalaparta etsia Italiari Croaziak bigarren gola sartu dionean, dendatik dendara, kalean batak besteri, golaren berri ematen dio, “ezinezkoa” eta antzerakoak entzuten dira, halako batean burrunba bat izan da Institutu Ikastetxe barne batean: agian partzeko gola sartu du Italiak; etxerakoan, bandera saltzaile bat bere banderak jasotzen ari zen, ez dugu jakin zer izan den partidaz, baina jabetu gara arazo nazionala zela. Hiriak badu bere zementuzko estadiotzarra,

 

Galatina: tentagarria zitzaigun herriko katedrala, baina ikusitakoekin nahiko eliza dugu gaurkoz.

 

Lur barrutik etxerakoan, ordeka, lur landu zenbait, utzitako lursailak eta olibadiak, indipikuak eta pikondoak... denak du lurralde pobrearen itxura, harrizko hesiak diraute, jabegoa irmoki defendatzen zela garai batean adieraziz, lurra zela nekazariaren itxaropena, erbestera, industrialdera eta hiri nagusietara lan berri batera, emankorrago eta erosoagora, alde egin zuten arte.

 

Otrantora bultza gaitu etxerakoak, maitagarria baitzaigu bertatik etxerako itsasertza.

 

138 kilometro, harrizko txabola pitxiak ezuste.

 

Tarte zabal batean, mailaz maila, artez, sakon ebakita, faraoi edo inka errege baten hil ondorengo panteoiko aretoak bailira, zulatuak daude itsasgaineko harkaitzak. Halako zirrara sortarazten dute. Misterio kutsua dute. Profanatutako antzinako hilobien misterioa. Harrobiak besterik ez ziren izan, harri bloke berdinak atera zituzten bertatik. Aspaldiko lana nire ustez, pikatxoiz edo zizel kolpez atera baitziren; zulotxoz betez dago harkaitz plano oro, gorrinak jotako orriak bezala.

 

Erraldoi bihurtu nau eguzkiak, jadanik behe-behean, nire itzala luzatuz: errealitatearen itxura ezberdinak. Itzalez gidatzen gara tamalez baina, itzaletan sinesten.

Bretainia Handian ez zen komuneko paperik ez zuen kanpinik, Italian baten ere ez dugu orain arte aurkitu paperik.

 

Artemio Cruzen heriotza.

* “Bietariko batek ere ez zuen sentimendurik. Hori, nork bere alderdian, zuen galdua, eguneroko ekintzek, borroka itsuaren etengabeko ekiteak marraskaturik”. Bidaiariak sarri ziurtatzen du egia horren egia   lurralde eta gizarteen arteko ezberdintasunak ikusiz, Italiako hauteskunde propaganda egunotatik at ere.

* “Zer izen zuten hildako guztiek?. Ez iraultza honetakoak bakarrik; iraultza guztietakoek eta heriotzak ohean harrapatutako guztiek. Nor gogoratzen da horietaz”. Inor ere ez. Herrietako gerrako hildakoen   oroitarriak politikarien kontzientzia baretzeko besterik ez dira, egin eta egingo  dituzten gerrak justifikatzeko.

* “Ikusi besterik ez dago nola atzean geratu diren uste zutenak iraultza herria askatzeko zela eta ez buruzagiak goresteko”. Gerrek ez dute herririk askatu, herriari zamaren ezaugarriak aldatu besterik ez dute egiten gerrek.

 

 

Ekainaren 9a. Igandea. 38.a-I:36.a

 

“Hyperion”. Friedrich Holderlin:

* “Denarekin bat izatea, hori da jainkotasunaren bizitza, hori da gizakiaren zerua”. Inguruarekin, natura zein gizarte, elkartzen den bidaiariak biziko du bidaietako zerua.

* “...arrotz baten gisan nago haren aurrean, eta ez dut ulertzen”. Bidaiarentzat ez ulertzea ez da arazoa, beti dagoelako ulermenerako zirrikituren bat, bestea edo norbera bestearen aurrean arrotz baten gisan tratatzea da arazo nagusia.

* “Bai!. Haurra jainkozko izakia da, helduen kamaleoizko koloretan mozorrotzen ez den artean”. Umeak edonon ume direla, denean antzerakoak, ondoriora helduko da udaberri beranduko bidaiaria, herri eta monumentu orotan aurkituko baititu ume saldoak txangoan edo kaleko ikasgairen bat lantzen.

 

Gerran hildakoez ez dago Italian ia monumentu edo oroigarririk herrietako plazetan, Europa gehienean aldiz ez da herririk gerran hildakoei oroigarriren bat jaso gabekorik. Musolini du oraindik gogoan herriak, agian.

 

Beroa baina lainotua, gaurko eguna ere. Patua.

Itsasertz-itsasertz joan zaigu gaurko ibilia lehen bi zatitan, lur barrutik hirugarrenean. Ikuspegi atsegina beti, itsasoa beherantz, herritxoak edo olibadiak gorantz. Errepide osoa da behatoki.

Harkaitz zuriz bukatzen da mendi-muinoa, beti itsas kontra, amildegi ikaragarriz jantzita tarteka, mazela bertikalak oro, mendia leun apaltzen denean ere uretarantz; itsasoak, aldiz, erabat zizelatu ditu harkaitz-hormok, erabat zulatu ere, famatuak dira bertako zenbait kobazulo. Ez dugu galdu itsasoaren ederra une batez ere. Autorik ia ez dabil, beraz ibilbide lasaia eta atsegina izan da. Gozagarria. Errepide goitiko aldean, errepidetik gorakoan, maldaz behera pikoetan, harrizko uhinak dirudite mailez hormek, zapaldaz zapalda olibadia ahalbideratuz: harri zuriko hesiz eusten diote lurrari,  harri zuriko hesiz doa, dator, mailaz maila, mendia, olibadia; dena da harri zuri begientzat, enbor arrea adarteria: ikuskizun bihurtuta harria katedraletan zizelaren poderioz, ikuskizun da hemen ere harria nekazarien tolestatze gaitasunez, bizibeharraren eraginez: urteetako izerdia eta kultura erakusten dute harresi zuriok. Hemen dira atzoko harrizko txabola konikook, Leuca gainditu arte izanen dira.

 

Kaleek, badiek  eta erreka-zuloek agintzen diote nondik norakoa errepideari, dena da bihurgune. Itsasoak agintzen duen sigi-saga bera onartzen du errepideak.

 

Herri zuriak,  maldan, nekazarien herria da seguruenik malda hedatzen den herri zuria, arrantzaleen auzoa, aldiz, itsasertzean Marina. Zabaltza dute estalkitzat teilaturik gabeko etxeek: herri argiak dira denak, alaiak, olibadien berdegunean, itsasora begira, badia edo kala baten gainean edo alboan beti. Itxura txukuna erakusten dute. Herri bakoitzak bertan geratzeko tentaldia dakar, bost minutuz bederen haitzarteko ur garbiotaz gozatzeko, edo -nahiz motzak- longomaretan ibilalditxoa egiteko. Kala barruko portu txiki pospolinak esaten digute badatorkiola bisitaria, baina hondartzarik ez da ia hemen, haitz gainetan jarri beharko du jendeak. Udatiar selektiboa izanen da hemengoa, ez masiboa.

 

Bizikletari asko dabil gaur errepide honetan, taldeka gehienetan.

 

Castro. Kanpalekutik itsasgaineko magal leunean marra zuri ikusten dugun herria da. Etxeteria zuria gazteluaren babesean, edo gaztelua bera herriak lurraldetik babestuz; amildegien gainean ikuspegi bikaina du plazako behatokitik. Portu pospolina kalatxo batean itsasertzeko Marinan, eta portu koskortu bat ondo-bizien ontzientzat zementuz babestua; itsasertzeko udatiarren etxeteria: multzoan pobreena, banakako txaletxoetan ondo-bizienak. Herritarrena da goiko aldea, turista auzoa Marina.

Castro Urdialeseko lagunak gogarazteaz gain, gaztainak erosteko aukera eman digu herriko plazan.

 

Leuca. Takoiaren mutur muturrean. Itsasertzeko laugunean. Erabat turista-herria, txukuna eta dottorea. Zuria, herri denak bezala. Hondartza ere badu nonbait. Bisitari asko datorkio, gu heldu garenerako, bazetorren igandezalea. Eliza bera ere handinahia, fatxada landu eta barneko harrizko arku zizelez dotoretuekin.

 

Itsasgainean diraugu, itsasoa auzo, lagun eta ikuskizun. Ez da mendirik, laua da itsasgaina, tristea, belartza utzi takarrekin, non kanabera, pikondo eta indipikuak ematen dioten lur pobrearen itxura. Badiek eta kalek ez dute huts egiten, itsasoa da bidaiako gatza. Zuriak dira herriak. Ugariak dira hondartzak lurmutur honetan. Barnealdeko herritar ugari dator hondartzotara zein Marinatara; hurrago dagoenez ugariago doa Gallipolira. Eguzkirik ia ez dagoen arren. Uda-giro nabarmena. Zabalik daude dendak.

Peskari asko haitzetan.

 

Alde honetan orain arte ikusi ez duguna: bunkerra; bakarra izan da baina gerraren oroimena  piztu digu. Bada gerra-film bat Gallipoli izena daramana.

 

Badia luze bat borobiltzen da Gallipoli hiri aurrean, hondartza da borobilera osoan: jende ugari  dago hiri aldeko zatian, auto ilarak errepidean, nabari da lepo dagoenean izugarria behar duela izan, alde bietako ertzak aparkaleku urdin ordainduak baitira. Ez da ez eraikinik ez inolako urbanizaziorik hondartza gainean; dunak besterik ez, belarrek kolonizatutako ondar muinotxoak.

 

Gallipoli. Badiaren ertzean. Luzea ikusten da hiria itsas ertzean, luzea eta garaia. Itsas kontrako ertzean nabarmentzen da Alde Zaharra, eguzki apurrak argitutako etxeteria, luzea gure beha-puntutik begiratuta. Arrain azoka aurkitu dugu sarreran, saltoki egonkorra,  arrantzaleek eurek eginiko eguneko arrantzaren eskaintza egiten da bertan: giro bizia, zaratatsua. Eten gabe ari dira arrantzontzi txikiak portura heltzen, arrantzaleek eurek konpontzen dituzte beraien sareak. Arrantzale gazteak dira. Ura du alde batetik zein bestetik hiri osoak, lurmutur baten punta puntan baitago; irla batetan dago Alde Zaharra, puntaren puntenean, zubi batez iristen da bertara. Irla osoa dago gotortua, gaztelu baten harresien antzerako hormekin, horma garaiak, mutur zorrotzak erakutsiz itsasoari, olatu edo gizaki erasotzaileengandik defendatzeko. Ez du zer kontatu handirik hiriak. T baten erara bukatzen den kale motzeko kaledi bihurria, denek dute etxe-horma bat aurrean, defentsa egitura seguruenik. Etengabeko durundioz betetzen dute kale-artea motorrek. Aipatzekoa da leiho denek dutela gainean irtentxo zabal babesgarria, ez dakigu hautsetik, euritik ala zeretik gordetzeko. Ez dira asko ate, balkoi eta jauregi deigarriak; gutxi, baina badira. Katedrala. Fatxada ederrekoa, dena zizel-lanez edertua, filigrana lana, Leccekoaren estiloan, barrokoa baina gotikoaren tankerako arrosa-leihoekin, ikusgarria, artelan bikaina; ganga du aipatzeko barnean,  urrezko landua, ohi denez; begiratzekoak dira koadroak, baita presbiterioko horma eta gangak estaltzen dituzten pinturak, pintura ilunak dira: 12etako meza zen, baina inor gutxi zegoen mezetan igande izanik ere. Arrosarioko Eliza: hondatu samarra, berritu nahian dabiltza: hara non aurkitu dugun Europako ez dakit zein herrialdetako pulpitutik gurutzea erakutsiz ateratzen zen eskua!; aldare barrokoak ditu, batzuk harri landuko bikainak; xarmanta da organo zaharra hondatua arren, xarmantak ere bitrinetan, kristalezko kaxetan sartutako santu-irudiak, ez dira ikusten ditugun lehenak; igeltsu lanez dotoretutako arku eta gangak esaten digute ze handikia zen eliza hau ere, hori bera erakusten dute fatxadako harrian bikain landutako leihoen ertzek.

 

Motoen kale-arteko joan-etorriak eta moto-hotsak ez du akaburik; osoki hartzen dute kalea, gehienetan neskalaguna atzean daramaten mutil gazteak dira; izugarria da, deserosoa bihurtzen da kale-arteko ibilia, berez gozagarria balitzake ere.

Hiri zaharretik kanpo, portuaren bestaldean dagoen elizkizunak hiri zaharreraino heltzen dira bozgorailuetatik.

Herritar oro da zaratatsua, kalean kalaka ari denean ere.

Dozenaka motorzale pasa da itsasgaineko kaletik, inguruan dute nonbait igande honetako hitzordua.

 

Lur barrutik egin dugu etxerakoa. Olibadiak nagusitzen diren lurralde laua da, artez gune luzeetan. Olibondo zaharren ikuskizuna izan dugu tarteka, sekulako olibondoak, naturak auskalo zenbat urtetan landutako gerri bihurritu, zimurtu, aparta, dutenak, forma ezberdin deigarria bakoitza, artista batentzako forma ikerketa iturri liratekeenak.

 

Parabita, herri zuria olibondoek berdetutako magal batetan.

 

Hilak daude herriok, jendea itsasertzera joana da nonbait, edo atzoko porrot nazionalaren dolua gordetzen dute, galdu egin baitzuen azkenez Italiak, tristuraz esan digutenez.

Nekazari ugari ateratzen da errepidera, huskeriatxoarekin, bakoitzak duena eskaintzen du, batek loreak zituen soilik, denak bere isogurdia saltoki eta salmahai bihurtuta.

 

140 kilometro, itsasertzeko gozagarriak

 

Euri punttua!. Gaueko ttanttok goizak hartuko ez dituen esperantza geratzen zaigu.

 

“Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes:

* “paralisia eta gehiegizko mugimenduaren artean dago bizitzaren lerroa: abentura”. Ez dakit zehatz  zer den abentura, baina abentura kutsua hartzen du aldizka bidaiak, bidaia bera abentura ez den arren berez. Bidaiariak bilatu eta aurkitu behar du bidaiaren lerroa, egon hutsaren eta ziztuaren artean dagoen lerroa.

* “abenturazale, zure abiadura denborarenarekin neurtuko duzu”. Neurketa arraz ezberdinak ditu bidaiak, denborarenarekin izan ohi da sarri, baina sarri beste neurketa batzuk ditu, bizipenekin, emozioekin… osatuak.

* “Zuk asmatu eta neurtuko duzu ez dagoen denbora bat”. Aldizka bidaiariak denboratik alde egin behar du, orduen ezinbestekoa hautsi, ordularirik gabeko bakardade eta isiltasunean babestu berrindartzeko.

* “eta joko dute amildegi berrien kontra, eta porrotetatik ikasiko dute”. Bidaiatzea ere eskarmentu bat da, porrot askoren ondorengo mundua denez gizartea, mundua ezagutu eta maitatzeko  zientzia.

* “aske, berehalako zentzumen eta oinarrizko beharrizanetatik harago pentsatzeko aske”. Barne askatasuna, bidaiariaren baldintzetako bat hau ere.

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.