Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

2022an behatutako hegaztien zerrenda

Asier Sarasua 2023/01/14 23:10

Urte berezi samarra izan da joan berri den 2022. urtea hainbat arrazoigatik, baina tira, zaletasunentzat beti dago tartetxo bat eta, oso modu aktiboan ez bada ere, iazkoan ere gustura ibili gara txoritan.

Oraingoan oso urrun joan barik, Euskal Herritik ia ez garelako irten (eta ia Gipuzkoa-Arabatik ere ez), are gutxiago behaketa-zerrendak potolatzen dituzten txoritoki interesgarrietara bidaiatu (Doñana, Deltebre, Villafafila, Le Teich...), eta argazkirik ere ia ez dut atera.

Ondorioz, zerrenda orokorrak ohikoak baino pixkat beherago geratu dira, baina Euskal Herri mailakoak nahiko txukun (normalean gurea ikusten ditudanak baino gehixeago, egia esateko). Bertatik bertarako txoriketa, azken batean, tokiko ornitologia; han edo hemen antzera gozatzen dugulako zaletasun honekin.

  • Guztira, urtean zehar: 199 espezie eta 21.267 txori identifikatu ditut.
  • Euskal Herrian: 176 sp.
  • Gipuzkoan: 145 sp.
  • Araban: 120 sp.
  • Bizkaian: 82 sp.
  • Iparraldean: 77 sp.
  • Nafarroa Garaian: 67 sp.

Horra, beraz, iaz ikusitako hegaztien laburpen-zerrenda, azken urteotako ohiturari jarraituz (2014, 2015, 2016, 2017, 2018, 2019, 2020 eta 2021). 

Audouin kaioa (Ichthyaetus audouinii) Audouin kaioa (Ichthyaetus-audouinii), Ibizan.

1 Abozeta - Recurvirostra avosetta
2 Ahate buztanluzea - Anas acuta
3 Ahate gorrizta - Netta rufina
4 Ahate mokozabala - Spatula clypeata
5 Ahate musketaduna - Cairina moschata
6 Aliota handia - Gavia immer
7 Aliota txikia - Gavia stellata
8 Amilotx mottoduna - Lophophanes cristatus
9 Amilotx urdina - Cyanistes caeruleus
10 Antxeta burubeltza - Ichthyaetus melanocephalus
11 Antxeta hankabeltza - Rissa tridactyla
12 Antxeta mokogorria - Chroicocephalus ridibundus
13 Antxeta txikia - Hydrocoloeus minutus
14 Antzandobi arrunta - Lanius collurio
15 Antzandobi handi iberiarra - Lanius meridionalis
16 Antzandobi kaskagorria - Lanius senator
17 Antzara egiptoarra - Alopochen aegyptiaca
18 Antzara hankagorrizta - Anser anser
19 Apo-hontza - Otus scops
20 Arabazozo beltza - Sturnus unicolor
21 Arabazozo pikarta - Sturnus vulgaris
22 Argi-oilarra - Upupa epops
23 Arrano arrantzalea - Pandion haliaetus
24 Arrano txikia - Hieraaetus pennatus
25 Atalarra - Burhinus oedicnemus
26 Audouin kaioa - Ichthyaetus audouinii
27 Basahatea - Anas platyrhynchos
28 Baso-txinboa - Sylvia borin
29 Belabeltza - Corvus corone
30 Belatxinga mokogorria - Pyrrhocorax pyrrhocorax
31 Belatxinga mokohoria - Pyrrhocorax graculus
32 Belatz gorria - Falco tinnunculus
33 Belatz handia - Falco peregrinus
34 Bele txikia - Corvus monedula
35 Beltxarga arrunta - Cygnus olor
36 Beltxarga beltza - Cygnus atratus
37 Beltzarana - Plegadis falcinellus
38 Benarriz arrunta - Acrocephalus schoenobaenus
39 Benarriz nabarra - Locustella naevia
40 Berdantza horia - Emberiza citrinella
41 Bernagorri arrunta - Tringa totanus
42 Birigarro arrunta - Turdus philomelos
43 Birigarro hegagorria - Turdus iliacus
44 Bonelli arranoa - Aquila fasciata
45 Borrokalaria - Calidris pugnax
46 Buztangorri argia - Phoenicurus phoenicurus
47 Buztangorri iluna - Phoenicurus ochruros
48 Buztanikara horia - Motacilla cinerea
49 Buztanikara zuria - Motacilla alba
50 Buztanluzea - Aegithalos caudatus
51 Buztanzuri arrunta - Oenanthe oenanthe
52 Buztanzuri beltza - Oenanthe leucura
53 Common Waxbill - Estrilda astrild
54 Dilindaria - Remiz pendulinus
55 Ekaitz-txori handia - Hydrobates leucorhous
56 Enara arrunta - Hirundo rustica
57 Enara azpizuria - Delichon urbicum
58 Enara ipurgorria - Cecropis daurica
59 Eper gorria - Alectoris rufa
60 Erregetxo bekainzuria - Regulus ignicapilla
61 Errekatxindorra - Cettia cetti
62 Erroia - Corvus corax
63 Eskinosoa - Garrulus glandarius
64 Etxe-txolarrea - Passer domesticus
65 Etze-txinboa - Curruca undata
66 Euli-txori beltza - Ficedula hypoleuca
67 Euli-txori grisa - Muscicapa striata
68 Gabai arrea - Calonectris diomedea
69 Gabirai arrunta - Accipiter nisus
70 Gailupa - Pyrrhula pyrrhula
71 Galeperra - Coturnix coturnix
72 Gari-berdantza - Emberiza calandra
73 Garrapoa - Sitta europaea
74 Garraztarroa - Turdus viscivorus
75 Gerri-txori arrunta - Certhia brachydactyla
76 Haitz-enara - Ptyonoprogne rupestris
77 Haitz-usoa - Columba livia
78 Harkaitz-txolarrea - Petronia petronia
79 Harkaitz-zozo urdina - Monticola solitarius
80 Harri-iraularia - Arenaria interpres
81 Hegabera - Vanellus vanellus
82 Hegatxabal arrunta - Alauda arvensis
83 Hesi-berdantza - Emberiza cirlus
84 Ihi-txoria - Cisticola juncidis
85 Ipar-ahatea - Mareca strepera
86 Istingor arrunta - Gallinago gallinago
87 Kaio beltza - Larus marinus
88 Kaio hankahoria - Larus michahellis
89 Kaio iluna - Larus fuscus
90 Kardantxiloa - Carduelis carduelis
91 Kaskabeltz handia - Parus major
92 Kaskabeltz txikia - Poecile palustris
93 Koartza gorria - Ardea purpurea
94 Koartza hauskara - Ardea cinerea
95 Koartza zuria - Ardea alba
96 Koartzatxo itzaina - Bubulcus ibis
97 Koartzatxo txikia - Egretta garzetta
98 Kopetazuri arrunta - Fulica atra
99 Kukua - Cuculus canorus
100 Kuliska buztanbeltza - Limosa limosa
101 Kuliska gorria - Limosa lapponica
102 Kuliska iluna - Tringa ochropus
103 Kuliska txikia - Actitis hypoleucos
104 Kuliska zuria - Tringa nebularia
105 Kurlinta handia - Numenius arquata
106 Kurrilo arrunta - Grus grus
107 Kutturlio arrunta - Galerida cristata
108 Kutturlio mokolaburra - Galerida theklae
109 Landa-txolarrea - Passer montanus
110 Larre-buztanikara - Motacilla flava
111 Lepitzulia - Jynx torquilla
112 Lezkari arrunta - Acrocephalus scirpaceus
113 Lezkari karratxina - Acrocephalus arundinaceus
114 Malkar-sorbeltza - Apus melba
115 Marikaka handia - Stercorarius skua
116 Marikaka isatslaburra - Stercorarius parasiticus
117 Martin arrantzalea - Alcedo atthis
118 Martin arrunta - Uria aalge
119 Mendebal-txori mokolodia - Phalaropus fulicarius
120 Mendi-berdantza - Emberiza cia
121 Mendi-erregetxoa - Regulus regulus
122 Mendi-txirta - Anthus spinoletta
123 Mika arrunta - Pica pica
124 Mirotz zuria - Circus cyaneus
125 Miru beltza - Milvus migrans
126 Miru gorria - Milvus milvus
127 Mokozabal zuria - Platalea leucorodia
128 Monk Parakeet - Myiopsitta monachus
129 Murgil handia - Podiceps cristatus
130 Murgilari arrunta - Aythya ferina
131 Murgilari lepokoduna - Aythya collaris
132 Murgilari mottoduna - Aythya fuligula
133 Negu-txirta - Anthus pratensis
134 Negu-txonta - Fringilla montifringilla
135 Oilagorra - Scolopax rusticola
136 Okil berde iberiarra - Picus sharpei
137 Okil ertaina - Dendrocoptes medius
138 Okil handia - Dendrocopos major
139 Okil txikia - Dryobates minor
140 Pagausoa - Columba palumbus
141 Paita arrunta - Tadorna tadorna
142 Pinu-kaskabeltza - Periparus ater
143 Pirripioa - Lullula arborea
144 Pitxartxar burubeltza - Saxicola rubicola
145 Pitxartxar nabarra - Saxicola rubetra
146 Rose-ringed Parakeet - Psittacula krameri
147 Sai arrea - Gyps fulvus
148 Sai zuria - Neophron percnopterus
149 Sasi-txinboa - Curruca communis
150 Sasi-txori arrunta - Hippolais polyglotta
151 Sorbeltz arrunta - Apus apus
152 Tarina - Spinus spinus
153 Tuntun arrunta - Prunella modularis
154 Txantxangorria - Erithacus rubecula
155 Txenada hankabeltza - Thalasseus sandvicensis
156 Txenada txikia - Sternula albifrons
157 Txepetxa - Troglodytes troglodytes
158 Txilinporta txikia - Tachybaptus ruficollis
159 Txinbo burubeltza - Curruca melanocephala
160 Txinbo kaskabeltza - Sylvia atricapilla
161 Txinbo papargorrizta iberiarra - Curruca iberiae
162 Txio arrunta - Phylloscopus collybita
163 Txio horia - Phylloscopus trochilus
164 Txio iberiarra - Phylloscopus ibericus
165 Txio lepazuria - Phylloscopus bonelli
166 Txirri arrunta - Calidris alpina
167 Txirri grisa - Pluvialis squatarola
168 Txirri zuria - Calidris alba
169 Txirriskila arrunta - Serinus serinus
170 Txirritxo handia - Charadrius hiaticula
171 Txirritxo hankabeltza - Charadrius alexandrinus
172 Txirritxo txikia - Charadrius dubius
173 Txoka arrunta - Linaria cannabina
174 Txonta arrunta - Fringilla coelebs
175 Txoriandre arrunta - Calandrella brachydactyla
176 Txorru arrunta - Chloris chloris
177 Ubarroi handia - Phalacrocorax carbo
178 Ubarroi mottoduna - Gulosus aristotelis
179 Uda-txirta - Anthus trivialis
180 Udako zertzeta - Spatula querquedula
181 Uhalde-enara - Riparia riparia
182 Ur-zozoa - Cinclus cinclus
183 Uroilanda handia - Rallus aquaticus
184 Uroilo arrunta - Gallinula chloropus
185 Urretxindorra - Luscinia megarhynchos
186 Urretxoria - Oriolus oriolus
187 Urubi arrunta - Strix aluco
188 Usapal europarra - Streptopelia turtur
189 Usapal turkiarra - Streptopelia decaocto
190 Zanga arrunta - Morus bassanus
191 Zankaluzea - Himantopus himantopus
192 Zapelatz arrunta - Buteo buteo
193 Zapelatz liztorjalea - Pernis apivorus
194 Zata arrunta - Caprimulgus europaeus
195 Zertzeta arrunta - Anas crecca
196 Zikoina zuria - Ciconia ciconia
197 Zingira-mirotza - Circus aeruginosus
198 Zozo arrunta - Turdus merula
199 Zuhaitz-belatza - Falco subbuteo

 

Euskal Herrian azkenaldian ikusi den hegaztirik arraro eta bereziena agertu da Lapurdin, 'Ixobrychus sturmii' amiltxori txiki afrikarra

Asier Sarasua 2023/01/05 20:25
Gure lurraldean sekula ikusi den espezierik arraroena ez bada, gutxi faltako zaio.
Euskal Herrian azkenaldian ikusi den hegaztirik arraro eta bereziena agertu da Lapurdin, 'Ixobrychus sturmii' amiltxori txiki afrikarra

'Ixobrychus sturmii' amiltxori txikia (Wikipediatik, CCBYSA)

Ornithomedia webguneak argitaratu du albistea: Euskal Herrian sekula ikusi gabeko espezie bat agertu da Gabon hauetan Getarian (Lapurdi), Afrikar jatorriko amiltxori txiki bat da, Ixobrychus sturmii espeziekoa. Urtarrilaren 1ean, Urteberri egunean, auto batek jota batu zuten Getariako erdigunean. Handik faunaren babeserako Hegalaldia etxera eraman zuten, osatze aldera, baina itxura ona zuen arren (pisu egokia eta arazo larririk ez), biharamunean hil zen, zoritxarrez.

Ixobrychus sturmii koartzen taldeko amiltxori bat da, Euskal Herriko amiltxori txikiaren lehengusua eta bere generoko txikiena. Kolorez iluna da, azpialde argiagoarekin eta Sahara hegoaldeko hezeguneetan bizi da, Afrikako lurralde tropikaletan. Bere bazka nagusia uretan aurkitzen dituen anfibioak, arrainak eta ornogabeak dira. Hegazti migratzailea da eta tarteka ikusi izan dira ale gazteak euren lurraldeetatik kanpo (batez ere Kanaria Uharteetan), baina Afrika iparraldean erabat ezohikoa da eta Europan are gehiago (esku batekin konta daitezke Europan behatutako aleak).

Eta orain Euskal Herrian agertu da, aurrenekoz, ezbehar baten ondorioz. Izan ere, ezohiko behaketa hauek oso deigarri dira txorizaleontzat, baina ezbeharra dago horien atzean, ia beti: ezohiko baldintzak, hegaztiarentzat egoera estresagarria, noraeza, ezbeharra eta, gehienetan, heriotza.

Bestalde, izenaren "arazoa" ere utzi digu orain bisitariak. Euskarazko zein izen arrunt ipiniko diogu? Amiltxori iluna, amiltxori txiki iluna, Sturm amiltxoria... heldu beharko diogu gaiari! ;)

Afrika tropikaletik Euskal Herrira, zelan eta zergatik?

Horrelakoetan beti geratzen da zalantza txikiren bat, ea norbaiten lorategiren batetik ihes egindakoa izango ote den, baina kasu honetan ia erabat baztertu daiteke hori. Besteak beste, espezie hau etxean haztea oso zaila delako, erabat ezohikoa delako bilduma pribatuetan eta, gainera, ez zeukalako inolako marka edo eraztunik.

Orduan, zelan eta zergatik heldu da Afrikako hegazti tropikal hau Euskal Herrira? Tira, ezin ziur jakin, baina seguru asko azken asteotan Europan izan ditugun tenperatura erabat ezohiko eta tropikalekin egon daiteke lotuta. Inoizko Gabonik beroenak izan baditugu gurean, Afrikatik iritsi zaizkigun haizeen eraginez izan da, hainbat astez oso gogor joten ibili direnak, hemen ez ezik, baita Afrikan ere. Ez litzateke harritzekoa haize horiek bultzatu eta ekarri izana amiltxori tropikal hau gurera, berak nahiezta.

Batez ere, amiltxori honen historia ez delako azken egunotako ezohiko albiste bakarra. Afrikako beste 2 hegazti oso arraro ere heldu dira Kantauriko itsas ertzera, Galiziara hain zuzen ere, Allen uroilo bat (Porphyrio alleni) eta oilanda ipurgorri bat (Porzana marginalis) eta, hiru kasuak berdin-berdinak ez diren arren, bai dira oso antzekoak: uretako 3 espezie tropikal eta afrikar, Europan erabat-erabat ezohikoak direnak eta hego haize gogorren ostean Kantauri itsasoan agertu direnak. Hirurak hil dira, ezohiko behaketa hauen atzean ohiko den historia errepikatuz: hegaztiarentzat egoera estresagarria, ezbeharra eta, gehienetan, heriotza.

Hegazti hau Euskal Herrian ikustea, beraz, demaseko albistea da, ia-ia pinguino bat ikustea bestekoa. Esango nuke azken urteotan gure lurraldean behatu den espezierik harrigarriena izan daitekeela amiltxori txiki hau, nahiz eta Lapurdin aurkitu izanak asko ixildu duen albistetzarra. Urdaibain edo Txingudin azaldu izan balitz sutan leudeke hemengo txoriburuen whatsapp talde eta blogak, baina badakizue, "beste" Getaria hori hain dago urrun batzuen herritik...

Ixobrychus sturmii amiltxoria, Getaria (Lapurdi)

Getarian aurkitu zuten amiltxori afrikarra, Ixobrychus sturmii, Uztaritzeko Hegalaldia etxean sendatzen saiatu zirenean. Argazkia: Ornithomedia.

 

2022an irakurritako liburuen zerrenda

Asier Sarasua 2022/12/30 10:30
2022an irakurritako liburuen zerrenda

2022ko liburu-uzta

Urteroko errituala jarraituz, hementxe azkenengo 12 hilabeteetan irakurritako liburuen zerrenda. Esango nuke aurtengo uzta gehienbat komikiek salbatu dutela (Sally Heathcote, Los ignorantes, Hierba...); eta hegaztien zein bidaien inguruko hiruzpalau liburuk (Owls of the Eastern Ice, A parrot without a name, La gran migracion...).

Azkenaldiko gurpilean sartuta, aurten ere gutxitxo irakurri dut eta blogean ere liburuetaz gutxitxo idatzi, baina tira, hementxe hamairugarrengoz, 2010, 2011, 2012, 2013, 2014, 2015, 2016, 2017, 2018, 2019, 2020 eta 2021eko zerrenden ostean.

Etorkizuna, Iban Zaldua (Elkar, 2005)
Etokizunaz (eta iraganaz) diharduten 20 ipuin, biak banaezinak baitira, hari finez lotutako joan-etorriak. Baliteke ez izatea Zalduaren ipuin-libururik onena, baina bere ipuinek inoiz ez dute hutsik egiten: gustagarriak dira (batzuk oso onak kasu honetan ere), betiko errezetarekin: harremanak, musika, zientzia fikzioa, ironia, eztenkadak...

Sally Heathcote. Sufragista, Mary M. Talbot, Kate Charlesworth, Bryan Talbot (La cúpula, 2015)
Izen bereko pelikulak komiki honetatik edan zuela iruditu zait, gehiena ezaguna bainuen, filmean ikusita. Hasieran nekesa, astun samarra, baina aurrera egin ahala gero eta hobea eta amaierarako oso gomendagarria.

Ten Thousand Birds: Ornithology Since Darwin, Tim Birkhead, Jo Wimpenny, Bob Montgomerie (Princeton University, 2014)
Ten Thousand Birds provides a thoroughly engaging and authoritative history of modern ornithology, tracing how the study of birds has been shaped by a succession of visionary and often-controversial personalities, and by the unique social and scientific contexts in which these extraordinary individuals worked.

Gabeziaren Khantoria, Tere Irastortza (Pamiela, 1995)
Betiko moduan, poesiak gainditu egin nau ;(

Montevideanos, Mario Benedetti (1959)
Ondo dago, ipuingile aparta da Benedetti. Ipuinetako batzuk benetan onak. Beharbada, gehienak antzekoegiak, idazkeran, antolaketan zein muinean.

***Owls of the Eastern Ice, J. Slaght (2020)
Ornitologo gazte bat Errusia ekialdeko Primorie eskualdeko haranak exploratzen, munduko hontzik handi eta arraroenaren bila. Natura basatia, pertsonaia-sorta sailkaezina eta hontz mantxuriarra protagonista Dersu Uzalaren lurraldean. Blogean lerro batzuk.

Feliz final, Isaac Rosa (Seix Barral, 2018)
Bikote-harreman baten historia da, atzetik aurrera kontatuta: banaketaren egunean hasi eta ezagutu ziren egunera arte. Ondo dago. Idazle fina da Rosa, duda barik; erraz, soli eta sotil idazten dakiena. Gizakion barnea eta egoerak ondo jaso eta plazaratzen dituena. Edozein bikotek ikusiko ditu bere harremanean gertatutako gora-behera eta joan-etorriak eleberri honetan. Tarteka errepikakor; beharbada luxexka. Gustura irakurri dut, halere.

Leturiaren egunkari ezkutua, Txilardegi (Euskaltzaindia, 1957)
Erdi-bidean gelditu naiz. Ez zait gustatu, ez idazkera (gaur egungo ikuspegitik zaharkitu eta artifiziala), ez erritmoa, ez gaia planteatzeko modua... Aspertu egin nau eta ez dut amaitu.

Voices of Marrakesh, Elias Caneti (1967)
Ez da beste kunduko ezer. Edo gehiegi espero nuen, agian. Baditu pasarte ederrak, eta tarteka ondo islatzen du 1950 inguruan Marrakeshek europarrentzat izango zuen xarma hura, baina bestela, oro har, ipuin solte bezala irakur daitezkeen pasarte ez bereziki zoragarriak iruditu zaizkit.

El muñeco de nieve, Jo Nesbo (RBA, (2007)
Tira. Akzioa eta tentsioari kolabait eusten dion eleberria (Nesbo ona da horretan), baina gaizkilea nahiko hasieratik dago garbi eta idazleak bidean jartzen dizkigun tranpak ebidenteegiak dira.

A parrot without a name. Don Stap (University of Texas, 1990)

John O'Neill eta Ted Parker munduko ornitologorik ezagunenetakoak dira, besteak beste hainbat espezie berri aurkitu dituztenak Hego Ameriketako oihanetan 1955-1990 bitartean. Liburu honek euren zaletasun obsesioa erakutsiko digu eta tropikoetan lan egiteak dituen zailtasunak aurkeztuko, hiruzpalau espezidiotan gertatutako abenturak azalduz. Blogean lerro batzuk.

Hamabost zauri, Karmele Jaio (Elkar, 2004)

El año de la muerte de Ricardo Reis, Jose Saramago (1984)

Auto-stopeko ipuinak, Pako Aristi (Erein, 1999)

***Pastoral americana, Phillip Roth (1997)

Tibet's Hidden Wilderness, George B. Schaller (1997)

Fellini en Roma, Tyto alba (Astiberri, 2017)

***La gran migracion, Agustí eta Antón (Crítica, 2013)
Giza eboluzioaren inguruko dibulgazio-liburu interesgarri atsegina. Azken 4 milioi urteen laburpena; garai bakoitzeko klima eta fauna; eta Home generoa (bere hainbat espezieren bidez) nola adaptatu den aldaketa horietara. Noiz, nola eta zergatik. Eta Afrikatik kanpo egindako 3 migrazioak. Espezie migratzailea gara. Txioa Twitterren.

Els noms dels ocells en llenguatge popular català, Andreu Carretero (Cossetania, 2022)
Ornitonimia maite dugun txoriburuontzat, besterik gabe.

El perro enamorado de las estrellas; Hoshi Mamoru Inu, Takashi Murakami (Ponent Mon, 2008)
Tristura japoniar erdiragarri, gozo eta nostalgiko hori... Historia nagusia bezain onak bere inguruan harilkatzen diren bigarren mailakoak. Hasi eta amaitu egin dut, gure txakurrak eskua miazkatzen zidan bitartean. Txio Twitterren.

How birds migrate, Paul Kerlinger (Stackpole Book, 2008)
Naturan dagoen fenomeno ikusgarri eta konplexuenetako bat den hegaztien migrazioari buruzko laburpen-lan egokia egiten du  Kerlingerrek liburu honetan. Ikuspegi "amerikanoegia" tarteka, egia da. Aukeran, beharbada, gehiago gustatu zitzaidan orain urte batzuk irakurritako "Atlas of bird migration" (Elphick, 1995), askoz bisualagoa dena, baina egia da 15 urte lehenago ere idatzi zela... eta nire memoria ez dela fidagarriegia. Biak onak, edozelan ere. Txio Twitterren.

Los ignorantes, Etienne Davodeau (La cúpula, 2012)
Oporretako arratsalde super atsegina eskaini dit "Los ignorantes" komikiak (Davodeau, LaCupula, 2011). WarOnDrugs-en musika eta ardo kopatxo bat lagun, komikilari eta ardogile diren bi lagunen munduan murgildu gara. Txioa Twitterren.

***Hierba, Keum Suk Gendry-Kim (Reservoir Books, 2022)
Historia beltz mingarria, soldadu japoniarrek "kontsolatzeko" erabilitako emakumeena, Lee Ok-Sun korearraren biografiaren bidez komiki honetara artez ekarria, bistaratzea eta erreparazioa helburu. Txioa Twitterren.

Arrajolatik Sosolarako harbidea (Mandiolaballe, Eibar); delicatessen bat

Asier Sarasua 2022/12/27 15:50
Arrajolatik Sosolarako harbidea (Mandiolaballe, Eibar); delicatessen bat

Arrajolatik Sosolara doan harbidea (Eibar, Gipuzkoa)

Eibarko Mandiolaballean daude Arrajola eta Sosola baserriak, elkarren parean, Urkotik behera datorren erreka-zuloak banatuta.

Ba, nonork, nonoiz, harlozaz ('harlauzaz') estalitako harbidea egitea erabaki zuen, baserri bien arteko igarobidea errazteko. Nonork eta nonoiz, ez dagoelako oso garbi noiz egindakoa den (Sosola eta Arrajola baserrietako arbasoek, itxura denez). Garbi dagoena da niretzat Eibarko leku politenetakoa dela 80 metro eskas dituen harbide hau, Urko magalean sortzen den baso mixto eta artadiaren azpian, Abontza ('Abauntzaga') errekaren ainubean.

Inguru pikar eta aldapatsua izanik, lehenengo muga ederra eraiki zuten, aldatsari koska bat jan eta lurrari eusteko. Eta, ondoren, harlauzaz estali zuten, seguru asko bide bazterrean bertan dagoen harrobi txiki batetik ateratako lehengaiarekin. Ez dira harri-xafla bereziki zabal eta zainduak, baina bai gizaldien joan-etorriari aurre egiteko adinakoak, XXI. gizaldira arte iraun eta, gaur egun ere, pasabide eta gozaleku ederra gordez mendizalearendako eta baita inguruko baserri-lanetarako ere. Delicatessen bat!

Eibarko ondarean zer zaindua baldin badago, honetxek beharko luke lehentasunetako bat.

..................................................................

Eranskina (2022-12-28): erantzunetan jasotako iruzkin bat ekarriko dut hona (pixkat egokituta), informazio osagarri oso interesgarria ematen du eta: "Sosolari ere mesede, baina batez ere Arrajolako ortu handiek premiazko zuten ira garraiatzeko egina izan daiteke. Izan ere, Arrajolak ira-tokia Lindariko hegian dauka eta haraino igotzeko Intsausti izeneko amildegia igaro behar zuten, mugaz eta harlozaz baino gandi ezin zitekeena. Garaia zehaztekotan, artoaren etorrerarekin bateratsu egindakoa izan liteke. Horrek emango lieke nahikoa indar horrelako lanetan jarduteko. Eibarko populazio eta tailerretako langileen janari eskaera gero eta handiagoak baratzaren emankortasuna ziurtatzea eskatzen zuen ongarri on eta ugariaren bitartez".

Sosola baserriko Enrike Gisasolak ere aipatu izan du harbide hau bere blogean, hemen eta hemen, esate baterako.

..................................................................

Arrajola - Sosola harbidea, Eibar

 

Arrajola - Sosola harbidea, Eibar

 

Arrajola - Sosola harbidea, Eibar

 

Arrajola - Sosola harbidea, Eibar

 

Arrajola - Sosola harbidea, Eibar

 

Arrajola - Sosola harbidea, Eibar

 

Arrajola - Sosola harbidea, Eibar

 

Arrajola - Sosola harbidea, Eibar

 

Arrajola - Sosola harbidea, Eibar

 

Arrajola - Sosola harbidea, Eibar

Elizmendiko Andra Mari eliza, Kontrastan (Araba)

Asier Sarasua 2022/12/09 06:05
Elizmendiko Andra Mari eliza, Kontrastan (Araba)

Elizmendiko Andra Mari

Euskal Herrian makinatxo bat baseliza aipagarri ditugu eta horien artean sartu dezakegu Kontrastako Elizmendiko Andra Mari, Harana udalerrian (Araba) aurkituko dugun XI. mendeko baseliza erromanikoa.

Eliza bera polita da eta egoera onean dago. Gainera, Harana ibar zoragarrian dago kokatuta, Lokiz eta Iturrieta mendilerroen magalean. Baina Elizmendiko Andra Mariaren baseliza honen konturik aipagarriena bere hormetan aurkituko dugu, ezen II. mendeko hilarri erromatarrak ikusiko ditugu, euren idatzi eta apaingarriekin.

X-XI. gizaldietan, baseliza eraiki zutenean, inguruko nekropoli erromatar batetik ekarri zituzten hainbat harri elizaren hormak eraikitzeko, tartean 20 hilarri inguru, eta hantxe ikus ditzakegu oraindik ere, 1000 urte geroago. Nekropolia, ostera, ez dute oraingoz aurkitu.

Hauexek dira hilarri horietan dauden testuen transkripzio proposamenetako batzuk:

Turaesamus Cantabri filius annorum L hic situs est.
Hemen datza Turaesamun, Cantaber-en semea, berrogeita hamar urtekoa.

Minicius Florus annorum LXX hix situs est. [a]anica Flori ancilla annorum V hic sita est.
Hemen datza Minicius Florus, hirurogeita hamar urtekoa. Hemen datz []anica, Florus-en esklaboa, bost urtekoa.

Elizmendiko Andra Mari eliza, Kontrasta (Harana, Araba) - 04

Hilarrietako bat. Testuak dio: Minicius Florus annorum LXX hix situs est (Hemen datza Minicius Florus, hirurogeita hamar urtekoa).

Elizmendiko Andra Mari eliza, Kontrasta (Harana, Araba) - 05

Kontrastako Elizmendiko baselizan 20 hilarri aurkituko ditugu.

Elizmendiko Andra Mari eliza, Kontrasta (Harana, Araba) - 06

Beste hilarrietako bat.

Elizmendiko Andra Mari eliza, Kontrasta (Harana, Araba) - 07

Hilarriak non dauden azaltzen duen planoa, elizpean bertan dagoen paneletik hartuta. Horietako batzuk oso nabarmenak dira gutako edonorentzat; beste batzuk ikusteko aditu izan beharra da, edota oso bista zorrotza.

Elizmendiko Andra Mari eliza, Kontrasta (Harana, Araba) - 01

Elizmendiko Andra Mari, Lokiz eta Iturrieta mendilerroen artean.

Elizmendiko Andra Mari eliza, Kontrasta (Harana, Araba) - 02

Elizmendiko Andra Mari.

Elizmendiko Andra Mari eliza (Kontrasta, Harana, Araba)

Ondorengo testua baseliza alboko paneletik kopiatu dut (moldaketarik gabe).

Hilarri edo estelak abside erdizirkularrean, eraikinaren alderik zaharrenean, aurki ditzakegu, eta baita nabean ere, Erdi Aroaren ondoren berreraiki zen zatian. Hilarrietako asko apurturik daude eta ez daude egoera onean, aire zabalean baitaude eta hormen behealdean.

Batzuk idazkunak dituzten zatiak besterik ez dira;  beste batzuetan, aldiz, apaingarriak ere badituzte. Apaingarrien artean aurki ditzakegu, batez ere, mahatsondo hostoak eta zurtoinak (Arabako ekialdean eta Nafarroa mendebaldean ohikoak) eta disko erradiatuak. Horiez gain, gizaki figurak, ilgorak eta arku multzoak ere ikus ditzakegu.

Elizmendiko estelak bezalaxe, Araban aurkitutako idazkun aztarna gehienak hiletekin loturik daude. Zenbait formula diren arren, normalean, hildakoaren izena eta adina duen epitafioa izaten dute, eta batzuetan idazkuna eskaini zion pertsonaren izena eta zuten harremana ere jartzen zuten. K. o, II mendetik aurrera, Manés direlakoei, heriotzaren jainko erromatarrei egindako aipamenak ere agertzen dira D.M. siglak erabilita.

Abiside erromatarrean borobil formako hamar harburu daude. Horietako seik apaingarri geometrikoak dituzte, eta batzuk hilarri erromatarretan agertzen diren elementuak. Horiez gain, badira gurutziltzatu bat eta animalia bat, ziur asko otso bat, Erdi Arokoak.

Elizaren barrualdean XVIII. mendeko erretaula barrokoa dago, buruan Andra Mari baten XVI. mendeko tailua duena. Alboetako erretaulak San Adrianen eta San Juanen omenezkoak dira, eta biak zeuden gaur egun jada ez diren baselizetan.

Elizmendiko Andra Mari eliza, Kontrasta (Harana, Araba) - 03

Kontrasta hiribildu txikia, Harana udalerrian (Araba)

Perikia, karta-jokoetako komodina edo jokerra

Asier Sarasua 2022/12/08 17:20
Perikia, karta-jokoetako komodina edo jokerra

Perika, perikia. Komodina edo Jokerra.

Luistxok atera zuen gaia aspaldi Eibartarrak posta-zerrendan, Karta honi 'Perika' edo 'Perikia' esaten dionik bada hor nonbait? eta, Iñaki Irazabalbeitiaren txio bat aitzakia, hona ekarri ditut zenbait ohar, ikusita berba honi buruzko informazio gutxi dagoela sarean.

Eta bai, 'perikia' esaten diogu Eibarren karta horri, komodinari, esate baterako Heraclio Fournierren karta zaharretan clown koloretsu dantzari baten irudia daukana, nahiz eta beste hainbat forma eta itxurarekin ere agertuko zaigun.

Eibarren ez ezik, pentsatzen dut beste inguru batzuetan ere halaxe izango dela, euskaraz zein erdaraz, baina, esan bezala, sarean ez dugu aurkitu erreferentzia larregirik.

Elhuyar hiztegiak ez du perikarik jasotzen (komodin eta joker maileguak ematen ditu euskarazko ordaintzat) eta Euskaltermek ere gauza bera (kasu honetan informatikara egokituta).

Eibarko Hiztegi digitalean ere ez da ageri (harrigarria, mea culpa! gehitu beharko dugu!), baina gure herrian berba arrunta izan da gure adinetik gorako belaunaldientzat. Euskaraz zein erdaraz, hainbat karta-jokotan (txintxoia, kulepea, pokerra...) jokoaren beraren saltsa dira perikak.

Orotariko Hiztegiak bai du jasoa 'perika' terminoa, ohar honekin: caballo de bastos usado como comodín. Ohar hori ez dakit erabat zuzena den, ordea, komodin funtzioa ez duelako beti txaldunak egiten, beste beltzekoren bat (txota, erregea) edo batekoa (gure kasuan bateko kopa) izan daitekeelako perika hori, jokoaren (eta kuadrilaren, herriaren, ohituraren...) arabera.

Berba horren jatorriari buruz, ezin datu larregi eman. Gaztelaniazko mailegua dela dirudi lehen begiratuan... baina ez dirudi gaztelaniaz ere hedadura zabalegirik duenik, Googlen oso aipu gutxi daudelako azalduz perika hori zer den eta izena nondik datorren. Hego Ameriketan jokatzen den Truco venezolano jokoaren azalpenetan aurkitu dut gure perikaren antzeko zeozer izan daitekeen ganorazko aipu bakarra: El perico es el 11 que tenga la misma pinta o palo de la vira y la perica es el 10.

Pentsatzen hasita, eibartar dexente joan zen garai batean Venezuelara... ;)

"A parrot without a name" (Stap, 1990), Parker eta O'Neill ornitologo ezagunen ibilerak Hego Ameriketan

Asier Sarasua 2022/12/07 19:10

Don Stap kazetari eta idazlea Peruko oihanetan barneratuko da, John O'Neill eta Ted Parker ornitologoekin batera, hegazti ezezagunen bila egindako pare bat espezidiziotan. Hego Amerikako oihanetan landa-lana egitea zer den erakutsiko digu A parrot without a name liburuan, ezustekoz eta egoera latzez betetako bidaia, baina baita edertasun eta aurkikuntza apartekoen topaleku ere.

John O'Neill eta Ted Parker munduko ornitologorik ezagunenetakoak dira, besteak beste hainbat espezie berri aurkitu dituztenak Hego Ameriketako oihanetan 1955-1990 bitartean. Liburu honek euren zaletasun obsesioa erakutsiko digu eta tropikoetan lan egiteak dituen zailtasunak aurkeztuko, hiruzpalau espezidiotan gertatutako abenturak azalduz.

Nire gusturako gehiegi sartzen da kontu logistikoetan (bidaia, akanpalekuaren antolaketa eta abarra), eta eskertuko nuke alderdi ornitologikoa gehiago lantzea (badu horretatik ere, e?). Gainera, liburua zatika dago idatzita: O'Neillen eta Parkerren abenturak kontatzen dizkigu, baina bi protagonistek ez dute topo egiten une batean ere, eta horrek ere hankamotz uzten du kontakizuna, nolabaiteko batasun faltan.

Hala ere, txorizaleentzat egokia eta gozagarria da A parrot without a name, gertaera historiko eta zientifikoz beteko liburua, baina fikziozko edozein narrazio bezain irakuterraza.

Perura joateko gogoa piztuko zaizu bai ala bai.

Epinecrophyla amazonica 

Epinecrophyla amazonica (Hector Bottai, CCBYSA)

Txorixentzat habixa-kutxak ipintzen Aasuaerreka eta Santa Kurutz bittartian (Gorostaballe, Eibar)

Asier Sarasua 2022/11/09 17:25
Eibarko Baso Biziak elkartiak antolatuta, mendi-urteera politta egin genduan joan dan zapatuan.

Joan zan asteburuan ekitaldi eder batian parte hartzeko aukeria euki neban. Eibarko Baso Biziak elkarteak antolatuta (ez dauke webgunerik, baina bai Twitter, Facebook eta Youtube kontua), txorixentzat habixa artifizialak ipini genduzen Gorosta eta Mandiola inguruan.

45 lagun inguru alkartu giñan Urkuzuan eta, Aasua errekatik gora, Santa Kurutzeraino igo giñan, bidian 12 habixa ipinitta. Politta izan zan.

Ekitaldixan parte hartzera gonbidatu ninduen, habixak ipini ahala Eibarko txorixen inguruan historixak eta pasartiak kontatzeko. Zer txori ikusten diran Eibarren, nun eta noiz agertzen diran, bidian entzundako hegaztixak zeintzuk ziran...

Ez zan urteera ornitologiko bat, berez (talde haundiegixa, sasoia bez onena...); asmua ez zan txori asko ikustia eta horretan zentratzia, txorizaletasunari buruzko oinarrizko datu gitxi batzuk emotia baizik. Horretan saiatu nintzan, nere zaletasuna bestieri transmititzen. Halan da be, 20 bat espezie ikusi eta entzun ahal izan genduzen (eBird plataforman ikusgai), eta hurrengo batian urteera espezifikuagua eitteko gogoz geldittu giñan (edo ni, behintzat!).

Eskerrik asko Oregiri, Manexi eta Baso Biziak elkarteko guztieri euren laguntziagaittik eta ekitaldi honetan parte hartzeko aukeria emotiarren.

Hementxe argazki gitxi batzuk.

 

Eibarko Baso Biziak - Txorientzat habiak ipintzen 01

Santakurutzen, habixia txingilizka ipintzen.

Eibarko Baso Biziak - Txorientzat habiak ipintzen 02

Bidian azalpen gitxi batzuk emoten.

Eibarko Baso Biziak - Txorientzat habiak ipintzen 03

Auzuan ipini genduzen habixa-kutxak.

Eibarko Baso Biziak - Txorientzat habiak ipintzen 04

Zozo-habixia be topatu genduan, Manexek ezagutzen zeban pago zahar batian.

Eibarko Baso Biziak - Txorientzat habiak ipintzen 05

Ume talde zabala etorri zan, batzuk ikasteko oso gogotsu.

Eibarko Baso Biziak - Txorientzat habiak ipintzen 06

Taldia Santa Kurutzera heltzen. Azkenengo laupabost habixak bertan ipini genduzen.

Eibarko Baso Biziak - Txorientzat habiak ipintzen 07

Santa Kurutzen.

Eibarko sozialistek jasotako Tomas Meabe aterpetxea, Kalamuan

Asier Sarasua 2022/08/06 14:05
Eibarko sozialistak 1934ko udan zabaldu zeben aterpetxia. Gerrara arte iraun zeban. Gaur egun iradixak estali dittu azkenengo hondarrak.
Eibarko sozialistek jasotako Tomas Meabe aterpetxea, Kalamuan

Tomas Meabe aterpetxia Kalamuan.

Indalecio Ojangurenen funtsian (GureGipuzkoa, CC-by-sa lizentziapean) topatu nittuan hurrengo argazkixak (Eibartarren Ahotan proiektuan be jaso genduan kopixaren bat). "Tomas Meabe" aterpetxian inauguraziñua da, Kalamuako maldan.

Lehenago be txabola moduko bat euki zeben sozialistak inguru horretan, baina Errepublika sasoian harrizko ganorazko aterpetxe bat jasotzia erabagi zeben. 1934ko uztailan 29an inauguratu zeben, "La Romeral" bandian musikiakin eta pelota-partiduakin.

Jendetzia ikusten da erretratuetan; andrazko askotxo, gainera, orduan sasoirako. Aterpetxe ederra zan, pisu bikua, terraza zabala, frontoia etxostian. Lotarako katriak ipintzen zittuen (norberak beria eruanda) eta fonografua be bazeguan, dantzarako.

Asteburuetan jende asko alkartzen zan bertan, bai egun pasan, bai zapatu arratsaldian igo eta domekara arte bertan lotan.

Eibartarren Ahotan proiektuan makinatxo bat argazki eta erreferentzia jaso genduzen aterpetxe honen inguruan. Esate baterako, Gloria Lizundian hurrengo hau:

Kalamuako lautik Kalamuako tontorrera bittartian, gorutz igotzen hasi eta ezkerretara zeguan, Eibarren baino Markinako lurretan (oso oker ez banago). Eta Tomas Meabe sozialista historikuan izena ipini zetsen, Eibarko sozialistentzat garrantzi haundiko pertsonajia. Indalecio Prieto eta Toribio Etxeberrian laguna zan Meabe; Bilbotarra, baina Eibarren bizi izan zana (eta andria be eibartarra zekan). XX. gizaldi hasiera haretako Eibarko sozialistentzat erreferentzia nagusi bihurtu zan, duda barik.

1934ko urriko iraultzan kalte haundixak izan zittuan aterpetxiorrek, baina hurrengo hilabetietan konpondu egin zeben. Ostera, 1936-1937 bittartian gerrako frentia bertan egon zan eta eraikina txiki-txiki eginda geldittu zan, behia jota. Behin Francok gerria irabazitta, ez zan berreraiki, bistan da. Urte batzuk geruago Klub Deportibuak beste batzuk jaso zittuan Kalamuan (pare bat pixkat beherago, beste bat Kalamuako Parlamentuan), baina askoz txikixaguak dira.

 

Tomas Meabe aterpetxea, Kalamua, Eibar - 03

 

Tomas Meabe aterpetxea, Kalamua, Eibar - 04

Tomas Meabe aterpetxea, Kalamua, Eibar - 02

 

Tomas Meabe aterpetxea, Kalamua, Eibar - 01

 

Gure gaztaruan oindiokan hormak ikusten genduzen, erdi-tente, gaztion jolasleku. Gaur egun iradixak jan dittu azkenengo hondarrak. Arbola ihar batek eta huntzak jandako horma zati batek gogoratzen deskue sasoi bateko aterpetxia (erretratuetan ikusten da horma zatixa, huntzak jantzitta, eta bere alboko zuhaitz enbor zaharra.

 

Eibarko sozialistek 1934an jasotako Tomas Meabe aterpetxearen hondarrak Kalamuan (Eibar, Elgoibar eta Markina Xemein artean).

 

Eibarko sozialistek 1934an jasotako Tomas Meabe aterpetxearen hondarrak Kalamuan (Eibar, Elgoibar eta Markina Xemein artean).

 

Eibarko sozialistek 1934an jasotako Tomas Meabe aterpetxearen hondarrak Kalamuan (Eibar, Elgoibar eta Markina Xemein artean).

 

Eibarko sozialistek 1934an jasotako Tomas Meabe aterpetxearen hondarrak Kalamuan (Eibar, Elgoibar eta Markina Xemein artean).

 

Eibarko sozialistek 1934an jasotako Tomas Meabe aterpetxearen hondarrak Kalamuan (Eibar, Elgoibar eta Markina Xemein artean).

 

Eibarko sozialistek 1934an jasotako Tomas Meabe aterpetxearen hondarrak Kalamuan (Eibar, Elgoibar eta Markina Xemein artean).

 

Eibarko sozialistek 1934an jasotako Tomas Meabe aterpetxearen hondarrak Kalamuan (Eibar, Elgoibar eta Markina Xemein artean).

 

Tomas Meabe aterpetxea, Kalamua, Eibar - 06

 

Tomas Meabe aterpetxea, Kalamua, Eibar - 05

 

Eibarko sozialistek 1934an jasotako Tomas Meabe aterpetxearen hondarrak Kalamuan (Eibar, Elgoibar eta Markina Xemein artean).

 

Iratiko oihanean, Harsüdürra mendilerroan barrena: Harsüdürra (*Eskaleramendi), Arthanolatze, Xardeka, Ataramatze eta Mendibeltz

Asier Sarasua 2022/07/04 18:35
Hegi eta bixkarren gainti kurritzez, üngürü honek ezinagoko ikusmen ederrak eskentzen dütü Eüskal Herriko eta hürrünagoko bazter eta bortüer bürüz.
Iratiko oihanean, Harsüdürra mendilerroan barrena: Harsüdürra (*Eskaleramendi), Arthanolatze, Xardeka, Ataramatze eta Mendibeltz

Harsüdürra mendilerroa

Iratiko bazter zabaletan hoinez ebilte ederrik egiteko parada badükezü, bortü gorenen ikusmenaz begiak bazkatzez, Xiberoa bai Baxenabarreko bazterrak eta Orhi altzoan den Larraineko herriari gainetik mirestez, Europako bagadoi handiaren xendak gozatzez...

Horrelaxe dio Bagargiak lepoan dauden Iratiko Txaletetan jaso genuen turismo-orriak, Zuberoako administrazioak argitaratuak. Izan ere, leku paregabea da Irati, bere zabaltasunean, oihan, tontor eta erreka. Jente saldo animaletako turismatik kanpo baratü da Irati. Hala, eüskal bortüez üngüratürik, egonaldi aberasgarria gozatüren düzü. Adibidez, Harsüdürra mendilerro txiki, samur eta atsegina, ezinagoko ikusmen ederrak eskentzen dütüena.

Iratiko etxoletan asteburua pasa genuela aprobetxatuta, ibilaldi zoragarri hau egin genuen Harsüdürra mendilerroan barrena, Zuberoa eta Nafarroa Beherea artean, 9 km guztira: Iratiko etxolatik bertatik irten, Iratzabaletako lepotik igaro eta handik gora Harsüdürra mendilerroko 5 tontorrak josi genituen erreskadan: mendilerroari izena ematen dion Harsüdürra bera (*Eskaleramendi) (1.477 m), Arthanolatze (1.531 m), Xardeka (1.440 m), Ataramatze (1.370 m) eta Mendibeltz (1.411 m). Handik behera egin genuen, zuzenean Etxola izeneko taberna ondoko aparkalekura (kotxe bat bertan laga genuen goizean, gero itzulera kotxez egiteko).

Ibilbide erraz, atsegin eta ederra; erabat gomendagarria, adibidez familian eta gaztetxoekin egiteko (mendizale arituentzat laburra, agian).

* Inguru honetako toponimia ez dakit erabat estandarizatuta dagoen. Sardeka/Xardeka/Txardeka, Mendibel/Mendibeltz, Eskalera/Eskaleramendi/Harsüdürra... formak aurkitu ditut han eta hemen. Egokiena edo onartuena iruditu zaidana erabili dut. Allande Socarrosek utzi zigun argibideren bat, zorionez (Jonmikel Intsaustik helarazi dit). Mila esker.

Harsudurra mendilerroa - Mapa

Ibilbidearen mapa, Bagargiak lepoan dauden Iratiko etxoletatik irten (eskuinaldean) eta tontorrez tontor Etxola tabernaraino (ezkerrean). 9 km inguru dira guztira. Itzulerako bidea kotxez egin genuen guk, goizean auto bat Etxola taberna ondoan utzita.

Harsudurra mendilerroa 01 - Iratiko txaletak

Iratiko etxolen albotik irteten da ibilbidea, Iratzabaletako lepotik igarota.

Harsudurra mendilerroa 02 - Iratzabaletako lepoa

Iratzabaletako lepoa, ibilbidearen hasiera.

Harsudurra mendilerroa 03 - Eskaleramendi

Hasiera-hasieratik ikuspegi ederra begien aurrean: Arlas, Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Petretxema... atzeko aldean.

Harsudurra mendilerroa 04 - Eskaleramendi

Larreak dira nagusi Harsüdürra mendilerroan. Mendi-txirtak, galeperrak, hegatxabalak eta abarrak kantuan.

Harsudurra mendilerroa 05 - Eskaleramendi tontorra

Harsüdürra (1.477 m), mendilerroari izena ematen dion tontorra, garaiena izan ez arren. 100 mendien lehiaketarako ere ez da puntuagarria. Ederra. Eskalera edo Eskaleramendi izenez ere agertzen da mapetan, baina erdaratik hartutako izena omen da, Allande Socarrosek argitu zigunez.

Harsudurra mendilerroa 06 - Harsudurra/Eskaleramendi tontorrean

Talde-argazkia atera, Nafarroa Behereko parajeak atzean ditugula, eta bagoaz aurrera.

Harsudurra mendilerroa 07 - Lepo tipia

Lepo ttipia izeneko mendatera jaisten. Harsüdürra eta Arthanolatze bereizten ditu lepo ttipiak.

Harsudurra mendilerroa 09 - Lepo tipia - Arthanolatze

Arthanolatzera bidean. Orhi izango dugu atzean aldi oro, paraje honetako nagusi eta zaindari.

Harsudurra mendilerroa 10 - Arthanolatzetik

Iparralderantz, Behorlegi eta Ahuzki inguruko belardiak eta mendi borobil ederrak.

Harsudurra mendilerroa 12 - Arthanolatze tontorrean

Arthanolatze (1.531 m). Hamarretakoa. Mendilerro honetako tontorrik garaiena. Beharbada ez ederrena edo ikusgarriena, baina bai garaiena.

Harsudurra mendilerroa 13 - Arthanolatzetik Xardekara bidean

Arthanolatzetik beherantz abiatuta, parean ikusiko ditugu egunean zehar igoko ditugun gainontzeko 3 tontorrak: Xardeka, Ataramatze eta Mendibeltz. Bidezidorra garbia da ibilbide osoan zehar; ez dago galbiderik.

Harsudurra mendilerroa 16 - Xardeka

Xardekara heltzen, atzean, zelan ez, Orhi (2.019 m), Pirinioetako lehenengo bimilakoa.

Harsudurra mendilerroa 17 - Xardeka tontorra

Xardekako gailurra (1.440 m) luxexka da, iparralderantz eskegitzen da. Oraindik ere Zuberoan gaude, baina gure oinetan ikusiko ditugu Nafarroa Behereko haran eta mendiak: Behorlegi ingurua, Lauribar errekak sortutako ibarra, eta abar.

Harsudurra mendilerroa 18 - Atharamatze

Xardeka atzean laga eta Ataramatzeren magalean. Lanbro-lainoa sartu zaigu kostaldetik. Han parean Mendibeltz, gure azkenengo geldiunea.

Harsudurra mendilerroa 19 - Atharamatze

Ataramatze gainditu eta Mendibeltzerantz. Harri artean egin beharreko zati bakarra dugu hau.

Harsudurra mendilerroa 20 - Mendibeltz lainopean

Lanbro artean egin ditugu Mendibeltzera igotzeko azkenengo metroak. Hala ere, galbiderik ez.

Harsudurra mendilerroa 21 - Mendibeltz

Mendibeltz (1.411 m), Nafarroa Behereko mugan (Mendibe udalerrian). Behelainoak tartetxo bat eman digu argazkirako.

Harsudurra mendilerroa 22 - Iratiko errekan

Mendibeltzetik zuzenean egin dugu beherantz, bidezidor nagusienak baztertu eta larre artean biderik laburrena aurkituz. Horixe izan da zatirik gogorrena, malkarra eta belaunentzat mingarriena. Bainu txikia irabazi dugu Iratiko lautadan, Burdinkurutxeta eta Iratzabaleta errekek bat egiten duten inguruan.

Harsudurra mendilerroa - Tontorrak

Harsudurra mendilerroa, Organbidexka aldetik ikusita. Eskuinaldean Eskaleramendi dago. PeakFinder aplikazioaren bidez etiketatu ditut mendiak; izenak eta garaierak ere APP horrek ematen dituenak dira.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

cc by sa 4.0 - ikonoa

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz