Irteera ornitologikoa Eibarren, Baso Biziak taldearen eskutik, txoritan lehenengo urratsak emateko gogoz
Hogei bat lagun elkartu ginen domeka goizean Urkuzuko parkean irteera ornitologikoari ekiteko. Mota askotako jendea, interes desberdinekoa, baina denak naturzaleak eta txori-behaketaren munduan lehenengo urratsak emateko prest.
Sekula txoritan ibili bariko 20 laguneko talde batekin txori "asko" ikustea ezinezkoa da. Horrexegatik, kasu honetan, irteera praktiko eta oso oinarrizko moduan planteatu nuen saiakera hau. Txoriak ikusi eta identifikatzen ikastea baino, txoriketan hasteko oinarrizko kontuak zeintzuk diren azaldu nahi izan nuen eta, gehienbat, begirada aldaketa bat proposatzea.
Izan ere, txoritan ibiltzeak hori baitakar, beste begirada eta jarduera mota bat, mendian ibiltze hutsa baino lasaiagoa, kontenplatiboagoa, arnasa luzeagokoa. Erritmoa jaitsi beharra dago, gora begiratu, belarriak ixotu eta naturak ematen digun guztia jasotzen hasi.
Eta halaxe jardun genuen 3 bat orduz, Aasuatik gora Mandiolaballean sartu eta Santa Kurutzeraino, lasai, patxadaz, zuhaitz artetik zetorzkigun kantuak adituz, gozatuz eta tarteka begien artean agertzen zitzaizkigun txori txikiak beste begi batzuekin behatuz. Txioak, txinboak, txantxangorri eta zozo-birigarroak, miruak, garrapo eta gerri-txoriak, erregetxoak eta txepetxak... Uste dut gehienok gustura ibili ginela txio artean.
Prismatikoen inguruko hiruzpalau kontu azaltzeko aprobetxatu nuen (modelo eta motak, prezioak...) eta, batez ere, Merlin aplikazioa probatzeko aprobetxatu nuen. Uste dut app horrek herritar asko erakarriko dituela txoriburuon mundura. Ez dakit nola etorriko diren eta zein asmorekin, beharbada ez gure belaunaldian hazitako txorizaleon asmo eta begirada berdinarekin, baina ziur txorizaletasuna ernetzen duela gure inguruko hainbat lagunen artean (Twitterren ere halaxe iruditu zait, orain arte jaso ditudan hainbat erantzunen arabera, adibidez bat, bi eta hiru).
eBird eta Ornitho plataformen inguruan ere esan nahi nituen berba batzuk, eta hegazti gida interesgarrienen laburpena egitea ere bai, eta hegaztien munduaren inguruko azalpen zabalagoak... baina ez zen egon tarterik gehiagorako. Hurrengo batean izan beharko du! Eta izango da, txorizaletasunaren ekimen apologista hauekin asko disfrutatzen dudalako ;)
Irteeran ez genuen argazkirik atera. Goiko hau azaroan egindako beste irteera batekoa da, hori ere Baso Biziak elkarteak egindakoa, dozena bat habia kutxa ipintzeko Eibar inguruan.
Oinarrizko eskema bat sortu nuen irteera honetarako. Hemen lagako dut, aurreragorako (edo edozeinek erabili nahi badu).
- Erritmoa, begirada... zer da txoriak behatzea?
- Belarriaren garrantzia (txoriak behatzea ez da bakarrik ikustea; lehenbailehen komeni da kantuak identifikatzen ikasten hastea)
- Katalejoak. Nola erabili, zer diren 10x40 bezalako zenbakiak, markak eta prezioak...
- Teknologiaren laguntza, APP interesgarrienak (Merlin, BirdNet, Naturalist eta abar).
- Hegazti gidak. Mugikorrean bai, baina paperean ere bai (ikaste-prozesuan ezinbestekoa).
- Zientzia hiritarra. eBird eta Ornitho moduko plataformen garrantzia; SACRE, SACIN eta antzeko programak; Itsas Enara elkarte ornitologikoa.
- Zelan identifikatzen dira hegaztiak? Koloreak, forma eta neurria, jarkera eta mugimendua, portaera, hegaztada, kantuak... Eta probabilitate kontua ere bada!!
- Txorien euskarazko izendegia.