Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Txorien kantuak identifikatzeko aplikazio bi: Merlin eta BirdNet

Txorien kantuak identifikatzeko aplikazio bi: Merlin eta BirdNet

Asier Sarasua 2023/04/02 20:45
Txori kantuak ikasteko eta zalantzak argitzeko oso erabilgarri diren bi aplikazio: Merlin Bird ID eta BirdNET. Ez dira perfektuak, baina txori kantuak ikasteko prozesuan oso lagungarri izan daitezke. Hori bai, gogoratu ez dutela beti asmatzen, proposamenak bakarrik egiten dizkigutela.
Txorien kantuak identifikatzeko aplikazio bi: Merlin eta BirdNet

BirdNet, hegaztien kantuak

Teknologiak jauzi handiak ematen ditu oso denbora laburrean eta txorien kantuen identifikazioan ere izugarri hobetu da kontua azken 2-3 urteotan. Gaur egun, mugikorrean instalatutako aplikazio batek izugarri lagunduko digu mendian entzuten ari garen txori horien kantuak identifikatzen eta zalantzak argitzen.

Bi dira normalean erabiltzen ditudanak: Merlin Bird ID eta BirdNET, biak ere hegazti kontuetan mundu mailan erreferentzia den Cornell unibertsitatearen tresnak.

BirdNET izan zen erabiltzen hasi nintzen lehenengoa. Uste dut jatorriz app europarra dela (Chemnitzeko unibertsitate teknologikoarena), baina une honetan Cornellek kudeatzen du. Tresna xinple-xinplea eta erabilterraza da, bere mugekin. Azkenaldian, berriz, Merlin da gehien erabiltzen dudana, une honetan askoz erabilgarriagoa egiten zaidalako. Hala ere, biak deskargatzea izan daiteke lehenengo urratsa eta bakoitzaren gustuaren arabera (edo egoeraren zein beharren arabera) bata ala bestea erabiltzea. Nik neuk biak ditut instalatuta. Jaisteko eta instalatzeko, hementxe Androiderako estekak: Merlin Bird ID eta BirdNET.

Orain gutxira arte ez ziren oso fidagarriak Europako espezieentzat (batez ere Merlin, Estatu Batuetan garatutako APPa delako), baina une honetan biek dute antzeko fidagarritasuna, nire ustez. Merlin 1054 espezie identifikatzeko gai da, tartean Europako gehienak eta BirdNETek ere gure inguruko gehienak ezagutzen ditu. Oraingoz ez daude euskaraz, baina Merlinen txori-izenak, behintzat, euskaraz ikus ditzakezu (ez da gutxi!). Eta uste dut lortuko dugula egunen batean APPa ere euskaratzea, tresna-multzo berdineko kide diren eBird.org eta eBird APPa euskaratu ditugun moduan.

Hortaz, tresna erabilgarri eta praktikoak dira biak, nola Merlin hala BirdNet. Ezaugarri eta desberdintasun handienak hauexek dira:

  • BirdNET zuzenean kantuak identifikatzeko tresna bat da. Oso xinplea eta erabilterraza. Merlinek, ostera, aukera gehiago ditu (adibidez, irudiak ere identifikatzen ditu).
  • BirdNETek identifikazioaren ziurtasuna zenbatekoa den zehazten dizu (oso ziurra, nahiko ziurra, batere ziurra...); Merlinek ez dizu zehazten proposamenaren fidagarritasunik (hala ere, fidagarritasun maila txikia bada, ez dizu ezta proposamen zehatzik egiten ere).
  • Merlinen txorien izenak euskaraz ikus ditzakezu (APPa erdaraz izan arren).
  • Merlinek entzun ahala identifikatzen ditu txori-kantuak (hauxe da Merlinen abantailarik handiena, niretzat). Martxan ipini eta Merlinek esango dizu zeintzuk diren kantuan ari diren hegazti-espezieak. BirdNET-ek ez du hori egiten: zuk aukeratu behar dituzu pasarte-zatiak eta identifikatzeko eskatu.
  • BirdNET-ekin kantu-zatiak gordetzea errazagoa da. Baina kantu-zati laburrak izan behar dira, hori bai.
  • Merlin konektatuago dago eBird plataformarekin eta hango datuekin erkaketak egiten ditu eta behaketak batetik bestera eraman ditzakezu.

Orduan, esan bezala, uste dut txorizaleontzat oso tresna erabilgarriak direla bata zein bestea eta merezi duela instalatu eta probatzea. Hori bai, beti ere kontuan izanda APP hauek proposamenak egingo dizkigutela. Eta ezin dugu itsu-itsuan sinetsi aplikazio hauek proposatzen digutena. Akatsak egiten dituzte, eta ez gutxitan, gainera; batez ere soinu-egoera kaxkarretan (haizea, trafikoaren zarata, txori asko elkarrekin kantuan...). Hartara, txorizalearen esku dago app hauek ematen diguten informazioa aztertzea eta iragaztea, hori ezin dugu inoiz ahaztu.

Goian duzue BirdNETen pantaila-irudi bat. Hurrengoak Merlinenak dira, azkenaldian gehiagotan darabildan aplikazioarenak.

Merlin APPa, hegaztien kantuak ezagutzeko aplikazioa 01

Goiko irudian Merlin aplikazioa martxan eta grabatzen ari denean ikusten duzun pantaila. Grabatzen ari zaren bitartean entzuten ari zaren hori zer txori den esango dizu Merlinek. Stop sakatu arte grabatzen jarraituko du, entzun dituen espezie guztien zerrenda osatzen joango da eta unean unean kantari dagoen txoria nabarmenduko dizu.

Merlin APPa, hegaztien kantuak ezagutzeko aplikazioa 03

Behin grabazioa amaituta, grabazio hori non eta noiz egin den adieraziko dizu Merlinek, eta entzundako txoriak zeintzuk izan diren. Espezie bakoitzean sakatuta txori horren kantu-zatia entzuteko aukera izango duzu eta txori horren fitxara ere joan ahalko zara (eBird-ekin konektatzen da). Fitxategiak betirako gorde ditzakezu aplikazioan, datu guztiekin. Goiko hori joan zen udaberrian Debako Artzabal hezegunean egindako grabazioa da, txori-multzo politarekin, besteak beste, benarriza, ihi-txoria, baso-txinboa, eta abar.

 

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz