Arretxinaga, Markina
Aspaldi juatekotan, eta Oier Txikillanaren aholkua jarraittuta, gaur juan gara.
San Migel Arretxinaga Markinan dago. Ermitta txiki bat da. Ermittiak berak ez dauka garrantzi berezirik. Neoklasikua da, ez ederregixa, eta ingurua be ez dago oso ondo zainduta: lantegi haundixak, parkerik ez...
Baina barrukaldia berezixa da, bai horixe. Ez dago holako beste ermittarik; gure inguruan ez, behintzat. Sei metro luze eta sei metroko alturia dauken hiru harritzar dagoz ermittian erdi-erdixan, trikuarri itxurako egituria sortzen. Erdixan, altara txiki-txiki bat eta San Migel; jendia jartzeko jarlekuak, inguruan, bueltan-bueltan.
Berezixa benetan.
Erretrato gehixago be laga dittut.
Aditz transitiboetan GUK, ZUK eta ZUEK-en marka errepikatzeko joera daukagu
Euskaraz, aditzaren lehenaldiko formetan, NORK ezaugarria aurre-adizkia da eta gramatika aldetik zuzen eratutako aditz-formek aurrean izango dute NORK marka hori. ZU eta GU kasuetan, adibidez, ge(u)n-, ze(u)n- gei-, zei-...
Adibidez: genkan (geneukan), zentsan (zenion), zeixan (zenezan), genkixan (genekien)...
Eibarren, baina, jatorrizko adizkien eraldaketa fonetikoen ondorioz, ahozko hizkeran azkenean HAREK eta ZUK adizkiak berdindu egiten dira; eta berdin, HAIEK eta ZUEK.
Adibidez:
- Harek emon zestan (zidan)
- Zuk emon zestan (zenidan)
Sortzen den anbiguotasun hori sahiesteko ZU eta ZUEK zutabeetako jatorrizko adizkien lekuetan adizki berriak agertzen dira, beraien zu(e) marka azpimarratuz. Ondorioz zestazun, zeizun, zeizuen, ziñozun, zerabizun... itxurako adizkiak sortzen dira. Gramatika aldetik ez zuzen-zuzenak, baina jatorrizkoak baino gehiago erabiltzen direnak (batzuetan jatorrizkoak guztiz ordezkatzera ere heldu dira Eibarren).
Hasiera batean ZUK eta ZUEK kasuetako anbiguotasun hori gainditzeko sortu den baliabidea, analogiaz, GUK zutabera ere heldu da, eta han ere adibide mordoa agertzen dira (gentsagun, genkagun, genkaguzen, gerabiguzen, genkiguzen, girudigun, gihardugun, geroiagun, gekarguzen...).
Azken batean, adizkiaren hasierako markekin nahikoa ez, eta GUK, ZUK, ZUEK adizkiak direla azpimarratzeko, birritan erabiltzen ditugu marka horiek.
Joera honek bigarren fase bat ere badauka: lehenengo, adizki zuzenari, erredundantziaz, atze-adizkia eransten zaio; bigarren fase batean, jatorrizko marka (aurrekoa) galdu (edo hirugarren pertsonaren marka hartu) eta atzekoa bakarrik geratzen da. Beraz:
gentsan > gentsagun > zetsa(g)un (genion
)
zentsan > zetsazun > (z)etsazun (zenion
)
zents(a)en > zetsazuen > (z)etsazuen (zenioten
)
geunkan > genkagun > zenka(g)un (geneukan
)
genkixan > genkigun > zeki(g)un (genekien
)
Badirudi lehenengoak desagertzen daudela eta bigarrenak direla nagusi Eibarren; hala ere, hirugarren mailakoak ere sarri entzuten dira.
Hamentxe nik topatu ditudan batzuk:
Nor-Nork-eko subjunktiboko lehenaldia
- zeixan > zeizun (zenezan)
- zeixen > zeizuen (zenezaten)
- ...
Nor-Nori-Nork subjunktiboko lehenaldia
- zeiran > zeirazun
- zeixon > zeixozun
- zeiguen > zeiguzuen
- zeixuen > zeixuezun
- ...
Nor-Nori-Nork Indikatiboko lehenaldia
- zestan > zestazun (zenidan)
- zentsen > zetsazuen (zenioten)
- zeskun > zeskuzun (zenigun)
- zetsezen > zetsazuezen (zenizkieten)
- ...
Nor-Nori-Nork baldintza
- bazesta > bazestazu; bazeskue > bazeskuzue.
Trinkoen lehenaldian
- EDUKI: ze(n)kan > zekazun; ze(n)kezen > zekazuezen, ze(n)kazen > zekazuzen
- ERABILI: zerabixan > zerabizun; zerabixezen > zerabizuezen
- ESAN: ziñuan > ziñozun; ziñuen > ziñozuen
- JAKIN: zekixan > zekizun; zekixen > zekizuen; zekixazen > zekizuzen; zekixezen > zekizuezen
- IRUDITTU: zirudixan > zirudizun; zirudixen > zirudizuen
- JARDUN: ziharduan > ziharduzun; ziharduen > ziharduzuen
- ERUAN: zeroian > zeroiazun; zeroien > zeroiazuen; zeroiezen > zeroiazuezen...
- EKARRI: zenkarren > zekarzun; zenkarzen > zekarzuzen; zenkarrezen > zenkarzuezen...
Eta hementxe ahozko jardunean aurkitu ditugun adibideetako batzuk:
Eta... ene! Guk pentsatzen genduan "Gernikako Arbola" nazionalistiena zala! Txokauta geratu giñan! Baina bagenkigun!
Ikusi eben hasieran guk ez genduala ezautzen ha armamentua, abiaziñokua. Baina segiduan konturau ziran biharrian bagenkigula, konozimientua, prinzipixuak... onak genkaguzela, eta segiduan ein ginduezen "jefe de escuadrilla", "jefe de tal"... Ixa danok, e... jefe izan gintzan.
Madriden -eibartar mordua eta euskaldunak asko- kuartelian guk alkarregaz euskeraz eitten genduan! Eta illuntzietan, dirurik bagenkagun, pixkat eraten genduanian, kantau eitten genduan. Eta gure ofizialak eta, entzutzen egoten ziran!
"Viva la República"-k eta esan genduzen eta laga ein genduan hori bailiori aurrera segitzen. Baina orduan guk gaztiok hartuta zekagun ustia Republikan sartuta geuazela.
Baina kooperatiba Mondragokua bastante diferentia da. Hor hitz asko ein leikez. Ormaetxea eta Larranagari irakurtzen zetsazun, eta...
Tontuak girudigun, tontuak. Danok alkarri begira, eta zain, eta zain... eta bera agertu bez.
Mezu-kate musikala
Danok bardiña diñozue: "bost kantu? zelako zaila! Nik askoz gehixago daukaraz". Bai, neretzat be zaila da, baina kontrako errezoiangaittik: ez naizelako gauza bost kanturen tituluak gogoratzeko.
Musikazalia naiz, bai, baina melodixazalia; berihala ikasten dittut melodixak, baina sekula ez dot ikasi letra bat edo abesti baten izenburu bat. Taldien izenak be, juxtu-juxtuan.
Baina tira, Maitek enbidua bota, eta nik hartu, itsu-itsu.
Testigua nork eman didan:
Etiamek, ekainaren 10ean.
Nire ordenagailuan dauzkadan musika artxiboen tamaina:
Oso gitxi. Gehixena CDetan dakat. Ordenagailuan 100-200 kantu besterik ez dakaraz. Ez da Gb batera helduko.
Erosi dudan azkenengo diska:
Ni ez naiz Noruegako errege eta Ruperren beste pare bat. Zorretan nenguan.
Orain entzuten ari naizen kantua:
Orain ezebez, baina ipini doten azkenengo CDa, atzo gabian: O primeiro canto (Dulce Pontes).
Sarritan entzuten ditudan edo niretzat esanahi berezia duten 5 kantu
Izenburuak baino gehixago taldiak emongo dittut. Esangura berezi-berezirik ez dake neretako, baina nerabezaroko sasoian bidaide izan nittuan, eta hementxe egotia merezi zeben.
- Itoiz Edozein. Aukeran, Ezekiel edo Alkolea diskoko edozein.
- Dire Straits. Lehelengo hiru diskuetako guztiak, baina aukeran, Sultans of swing, lehelengo diskoko bertsiñuan.
- Police. Bat aukeratzekotan, Roxanne. Baina gehixen gustatzen jatana, Sting-ek zuzeneko disko baten jotako Bring on the night. Inpresionantia.
- Radio futura. Zenbat dantza eta zenbat kantau talde honekin! Españako talderik onena, duda barik.
- Una furtiva lagrima, L'elisir d'amore Gaetano Donizetti. Entzutzen doten bakotxian oillo-ipurdixa ipintzen jata.
Zein 5 pertsonari pasatzen diedan testigua
Eibar primerara (eta Eibarko udal erdalduna)
Eibarrek irabazi egin dau. Aupa! Zailena eginda: Eibarrek Vigon irabazi, eta Recrek etxian bardindu.
Baina partidua ETBn ikusten nenguala, ezin neban sinistu: Eibarko udalak iragarkixak ipini dittu ETBn. Lehelengua ikusi eta erderaz; bigarrena ikusi, eta erderaz, hirugarrena, eta erderaz... Laupabost aldiz ikusi dot, eta danetan ERDERAZ!
Lotsagarrixa. Bateron batek Eibartarrak zerrendan aittatu daben moduan, txartel gorrixa Eibarko udalari.
Eskerrak ETB1en izan dan, bestela...
Artobero, Artamaluta, Artaburu...
Aste honetan erderazko jebo eta borono berben inguruan jardun dogu eibartarrak zerrendan.
Horren antzerako berba batzuk be badakaguz Eibarren, euskeraz.
Batetik, aurreko hitzen alderdi "etnikuena" azpimarratzeko (aldeano, rústico...), "Abarkaduna" erabiltzen da.
Abarkaduna: basarrittarra, jakintza gitxikua. (Eta basarrittarrak herrikueri, kalekumiak, mendiko kontuetaz ezjakittun diranak).
Bestetik, jebo eta borono berbak be badake memelo, mozolo, bobalicon esanguria. Eta horren harittik beste hiru berba be badakaguz, hirurak arto berbian eratorrixak.
Artobero: izan be, borona da artoberua, arturunakin egindako ogixa. Mozolo esanguria be badaka, baina.
Artaburu: honek be antzerako esanguria.
Artamalutia: artaburua batzen daben ostruak dira malutak edo artamalutak. Maluta bakarrik be erabiltzen da, Hiztegi Etnografikuan ondo agertzen dan moduan:
Hori adarra joteko be bai: "malutia haix!" esaten zan, "mozoluori!" esatia moduan. Lehen kostunbria zan. (Emilio Azurmendi, Sagarbitsa).
Juan San Martin. Informazio mordoa eta grabazioa
Orain dela astebete inguru hil zen Juan San Martin "Juanito" eibartarra. Juxtu-juxtu Eibarko herriko seme kutun izendatu behar zutenean. Merezi zuen, bai horixe.
Eibarko udalaren Egoibarra webgunean izendapen horren inguruko informazio mordoa zeukaten, Juan San Martin izeneko atalean.
Orain, atala berrantolatu, eta audio-fitxategi batzuk ere gehitu dizkiote. Pello Zabaletak 1998an Euskadi Irratian egindako elkarrizketaren pasarte batzuk entzuteko aukera dugu.
Grabazio hori Eibarko udal artxiboko ahozko bilduman dago, hainbat eibartarri egindako beste grabazio batzuekin batera, eta transkribapena zein digitalizazioa Eibartarren Ahotan proiektu barruan egin dira.
Oharra: azken orduko berrien arabera, urrian egingo da Juan San Martin herriko seme kutun izendatzeko ekitaldia.
"Ibiltarixanak", Toribio Etxebarria
Datorren astian aurkeztuko da "Viaje por el pais de los recuerdos" liburua, Toribio Etxebarria idazlearen liburu zoragarrixa.
Hurrengo batian jardungo dot luziago lan horren inguruan, baina gaur Toribioren poema bat ekarri nahi dot hona. Alderdi literarixotik ez da izango kristona, baina Toribioren ideak eta euskeriari zetsan maittasuna ondo be ondo erakusten dau.
Neri behintzat izugarri gustatzen jata, eta hamentxe zuek guztiondako:
Zer, ai, gure aldietako
mendi ederren illaria,
zer sagasti kerizatsuak,
zer baserrixen bakia,
zer gure lur zorioneko
guk maitte dogun guztia,
euskeraz ez izatera
ango alkarren aitzia?
Arno, Oiz eta Anboto;
Udalaitz ta Aizgorria;
Elosu, Izarraitz, Ernio,
Aralar da Larrunarria,
Zer biotz-ikara izen onek
Juanda balitz euskeria?
Beizabal eta Eguarbitza,
Otola eta Olerria;
Mandiola eta Gorosta,
Arrate eta Akondia.
Loixola, Azittaiñ, Aixa,
eta Kiñarra ballia,
zeren itxura alde onek
an balitza erderia,
eta ordez, aintzakotzat bez
gurasuen euskeria?
Ibiltarixanak liburutik hartuta (156. orrialdia).
Puspillo, puspillua
» PUSPILLO burbuja, pompa; ampolla.
Eibarren sarri erabiltzen dogu berba hau. Jaboiakin egindakuak, edo txikliakin, edo erretzeruzkuan urtetzen dabenak...
Hiztegi batuan ez da agertzen. Elhuyarrek be ez dakar. "Burbuja" bilatuta: Burbuila; bunbuilo, anpulu, maskuilo; (ur-)begi.
Hiztegia 3000k, betiko moduan, sinonimo edo aldaera gehitxuago emoten dittu: burbuila, burbuilo, puspulo, anpulu, maskulo, maskuilu, punpuilu, pustila, muskulu.
Ia Euskaltzaindiak Hiztegi Batuaren bigarren itzuli honetan hiztegixan sartzen daben. Izan be, behin baino gehixagotan pasau izan jata, testu bat idatzi nunbaitterako, eta "zuzentzailiak" puspiloren ordez burbuila hobestia. Batzuetan garbizale gara ba... baina beste batzuetan...
Hiztegi Etnografikuak hauxe dakar:
puspillo burbuja; ampolla. Esate baterako erretakuan urtetzen dabenak, edo ezpanetan agertzen diranak... Ik. baba.
Eta Eibarko Euskara Toribioren adibide pare bat topau dittut:
Puzpilluak urten desta ezpanian, hotzikaria ezkero.
Puzpilluak eitten zan lasto bategaz.
Eta zelan idatzi behar? Hiztegi Etnografikorako PUSPILLO hobetsi genduan; Toribiok PUZPILLO dauka. Um??
Euskal bizikletan, bizikleta gutxi... eta helikoptero bat
Amaitu da Euskal Bizikleta. Edizio kaskar samarra aurtengoa. Azken urtean txirrindularitzan izandako aldaketek eragin handia izan dute, eta bigarren egunean Eladio Jimenezek tropelari ateratako 10 minutuek, zer esanik ez. Etapak mugituak izan omen dira, gorabehera askokoak, txirrindulari gazte batzuk gogotsu... baina oro har maila gutxiko lasterketa izan da, eta ikusleentzat ez da izan edizio onegia: talde handi gutxi, izen handi gutxiago, eta etorri diren handi horiek gogo gutxi baino gutxiago.
Gaur Arrateko igoera izan da eta hor ere aldaketak izan dira: arratsaldez izan beharrean, goizez izan da. EITBek eta arratsaldeko pilotak aginduta. Ez dakit ordu aldaketagatik izan den, edo edizio kaskarra izan dugulako aurtengoa, baina jende gutxitxo zegoen Arrate inguruan. Ea datorren urtean... antolatzaile batzuen artean hasi dira esaten, datorren urteetarako aldaketa handiak egin beharko direla. Ikusiko dugu.
Eskerrak azkenean helikopteroa agertu den
Ba bai. Gaur Arraten albistea ez da izan italiar baten garaipena, ez Jimenezek itzulia irabaztea, eta ez antolatzaileen hasarrea. Gaur albistea EITBren helikopteroa izan da. Karrera amaitu bezain azkar, Santa Kurutz inguruan hasi da jira ta buelta, gure buruen gainean. "Zer ibiliko ete dok hau?"
Jira ta buelta, eta gero eta beherago, eta azkenean, Iturruaabeletxe baserri gaineko zelaira jaitsi da. Eta hantxe agertu dira dozenaka ume (eta ez hain ume), helikopteroa ikustera, pozik. Helikoptero amerikarra lurrera bota duen irakiar taldea ziruditen, denak saltoka eta argazkiak ateratzen.
Hogei minutu izan dira. Piloto "amerikarrek" bizirik irten dute, eta gu guztiok bazkaltzera joan gara, pozik, helikopteroaren gorabeherek eguna alaituta.
Gauean, etxean, Maddi lo zegoela bere gelara sartu naiz, azken laztana ematera. Lo zegoen, zorro-zorro, baina une batez begiak ireki ditu eta eskutxoa zerura jaso ondoren "baddoia! baddoia!" esan du.
Aurtengo Arrateko igoera, sekula izan denik eta onena izan da. Ez dago dudarik.
Argazki gehiago ere jarri ditut, jarraitu irakurtzen.
Juan San Martin hil da
Juan San Martin hil da. Juan San Martin (Eibar, 1922), euskaltzaina, euskaltzalea, arartekoa, idazlea, artean aditua, itzultzailea, poeta... eta beste milaka gauza. Euskal kulturak eman duen izen handienetako bat, bai berak egindako lanengatik, bai sustatutako guztiengatik.
Milaka sari eta omenaldi jasotakoa, datorren ostiralean jaso behar zuen falta zitzaion bakarrenetako: "Eibarko herriko seme kutun" izendatzea.
Pleno berezia berdin egingo da datorren ostiralean, baina oraindik erabakitzeke dago plenoaren inguruko ospakizun eta ekitaldiekin zer egingo den.
Juan San Martinen inguruko informazio gehiago, Eibarko udaleko Ego Ibarra batzordeak bere webgunean jarritako atalean: Juan San Martin