Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Euskal blogosfera baso bihurtzen

Euskal blogosfera baso bihurtzen

Asier Sarasua 2005/07/11 09:35

Texone.org webgunean aurkitu dut aplikazio hau. Zure webgunearen helbidea eman eta webgunearen orrialdeekin zuhaitz itxurako irudia marrazten dizu. Hori ez ezik, zure webgune "lagunen" zuhaitzak ere jartzen dizkizu alboan, zuhaitz bakartia baso bihurtuz.

Euskal blogosferaren basoa

Eibar.org atari honekin egin dut proba, eta hona hemen Texonek marraztu didan basoa: "euskal blogosfera". Ez galdetu nola egiten duen, baina hortxe aurkitu eta marraztu dizkit Eibar.org blog-komunitateko blogak (Mendigreen, Teknosexua, Etiam, eta beste guztiak), Goiena.net blog-komunitate osoa, IKTeroak, Sustatu, eta gainontzeko guztiak. Ezkerreko haritz tantai luzea Goiena.net da, eta eskumako pago inausi txaparrotea Faroa, eta atzeko lizar lepaluzea Sustatu.

Honezkero, euskal blogariak ez gara basamortuan galdutako zuhaiska galdu eta soilduak, enbor zabal eta ostotsuz betetako zuhaitzak gara, baso ederra sortu dugu, eta oraingoek ematen duten gerizpean datozen urtaroetan ere jaioko dira kimu berriak, euskararen baso hau edertzeko eta ugaritzeko. Ernetuko dira gorostiak eta ezpelak, otsalizarrak eta ereinotzak, intsusak eta kuku-frakak; etorriko dira txori berriak eta subilandarak, satanderak eta lepazuriak, azkonarrak eta basahuntzak; sortuko da euskal blogosferaren zuhaizti aberats eta anitza, kolorez betea, usain ezberdinez josia.

Patxi
Patxi dio:
2005/07/11 12:34

Motel motel!

Bai poetikoa - Eta ederra - atera zaizula azken parrafotxoa. Zer eta... internet bezelako gauza grixa gai hartuta!

Arrazoi dezu. Baso hau ugaltzen ari da, eta ederretik asko du, gero eta gehiago.

Animo ba!

asier
asier dio:
2005/07/26 14:00

Zabalaren artikulua interesgarria, betiko moduan. Eta zuk diozuna ere egia, jakina. Kantitatea baino, hobeto kalitatea. Dudarik ez. Baina askoren artean kalitate hobea lortzea ere errezagoa izaten da; eta ikuspegi zabal eta anitzagoa. Ez goaz bide txarretik, ez horixe. Datozen Gabonetan Zabalak beste laburpenen bat egingo digu? Ea zer dioen orduan...

Magic
Magic dio:
2005/07/22 12:52

Aupa Asier:

Oso polita euskal blogosferari buruz egin duzun deskribapena. Egia da gure blogosfera hazten ari dela eta gero eta ederragoa dagoela baina, ez dut uste hazkundearekin "obsesionatu" behar dugunik. Ez ahaztu basoa, zaintzen ez denean, sasiz eta sastrakaz betetzen dela (suteak izateko arrisku handitzen delarik). Basamortuko palmondoek ere fruitu ederrak ematen dituzte eta eguzkiak kupidarik gabe erasotzen duenean itzal ederra ematen dute.

Ene iritziz, kopuruari baino gehiago egiten duten ekarpenari begiratu beharko genioke. Euskalduna izateak ez du esan nahi baliagarria denik. Hezkuntzan ere, urte askotan, Euskaraz egiten zen edozer gauza ontzat ematen zen, gure hizkuntzari mesede egingo ziolakoan baina, errealitateak oso bestelako datua eman zigun: gogoratu Euskal Herriko ikasleen Euskararen ezagutzari buruzko datuak nolakoak izan diren.

Ez dut uste blogosferaren errealitatea hori denik baina, komeni da itsu itsuan ez ibiltzea.¡Piano piano si va lontano!

Oso interesgarria iruditu zait Jabi Zabalak idatzitakoa: http://www.sarean.com/sarean/703#more-703

Animo eta jarrai ezazu basoa ereiten.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz