Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Hitzei mugak ipini behar hori

Asier Sarasua 2013/04/11 19:55
Ez dut gehiegi/larregi ulertzen/aditzen hitzei/berbei mugak/hesiak jarri/ipini behar hori. Zabal ditzagun leihoak!

Santi Leonek ere antzeko zerbait izan du mintzagai aste honetan bertan. Euskara "estua" darabilgu; euskara "estua" irakasten dugu. Meharra, mugatua, llaburra.

Horregatik ez dut ulertzen oraindik ere muga gehiago jarri behar hori. Adibidez, Hiztegi Batuan zein sarri jartzen zaien euskalki baten marka berba batzuei (eta batzuetan, gainera, neurriz kanpo). Hau Bizk. da; beste hori Naf.; hurrengoa Zub. Nolabait esanez, horiek hiztegi batukoak direla, bai, baina baina! Kontuz, badaezpada ere.

Esan beharrik ez dago, Gip. marka oso bakan agertuko zaigula; gehixeago Naf.; mooordoa Bizk. eta Ipar. (oso bilaketa azkar eta azalekoan: Gip.: 182; Naf.: 363; Bizk.: 995; Ipar.: 2674). Hiztegi osoaren %12 inguru.

Zergatik mugatu behar hori? Eta are gehiago: zergatik murriztu hitzen benetako erabilera-eremua? Izan ere: zergatik dira bizkaiera (eta hortaz, Gipuzkoan kontuz erabili beharrekoak) hur (gertu, hurbil), txikot (soka lodia), sastar (zabor; eskas, txar), edo dandarrez (arrastaka); zergatik Bizk. marka, Gipuzkoa erdialdean ere erabiltzen badira?

Eta zergatik da kardantxilo Bizk. eta ez Karnaba Gip.?

Zergatik darama Ipar. marka heia hitzak (atzoko #GaurkoHitza), Nafarroako eta Gipuzkoako zenbait eskualdetan erabiltzen bada? (besteak beste, Urolan, Beterrin, Txingudi buelta osoan,... eta Nafarroa iparraldean). Zuberoan beste bai, bederen, Gipuzkoan edo Nafarroan.

Zergatik euskara "estutu" beharra?

Tira. Jakin badakit lehenago ere eztabaidatu izan dela hau guztiau. Marka horiek erabili edo ez; Hiztegi Batuan adierazten den informazio hori baliagarria ote den ala oztopo (baliagarria ere bada eta!). Euskaltzaindiak ere, Hiztegi Batuaren Argibideetan garbi esaten du hitzok edonork/edonon erabiltzeko modukoak direla ("nori bere senak agintzen dion eran"). Baina garbi ote dugu hiztunok? Garbi ote dugu euskara estu hori erabiltzen, mintzatzen, idazten, transmititzen, ikasten eta irakasten dugunok? Edo beldurrez hartzen ditugu hitzok? (edo asko jota, exotismo bila ari garenean?).

Holaxe ba! Purrustada (Bizk. eta Gip.) txiki bat, periferiatik. Badakizue, bazterrekoen mainak ((gral.; Dv, H; -añ- Lar, Añ, H). Ref.: A; Etxba Eib; Asp Leiz2 (mañe); Elexp Berg (maiña)).

A! Guzti honen errudun Maite Goñi da, txio honen ondorioz etorri direlako goiko hitzok: " 'heia' da. Iparraldeko hitza ei da. Ezagutzen zenuen? ". Iparraldekoa? Azpeitian bertan ere entzun izan dut, barren!

Zabal ditzagun leihoak eta egin dezatela hegan kardantxori eta karnabek, txolarre eta hormatxoriek.

Parkeko hiztegia reloaded: "zibili-zabuluak" eta "parra-parrak"

Asier Sarasua 2013/04/07 23:40
Twitter gabeko garaietako artikulu zahar batzuk berreskuratu eta eguneratu ditut. Betiko hitzak berreskuratu eta eguneratzeko premia dugun moduan.

Blog hau nagusitzen hasi da; laster 9 urte beteko ditu. Horrek aukera ematen du Twitter-aurreko artikulu zaharrak berreskuratu eta eguneratzeko. Seme-alaba txikiak nituela idatzitako bi hauek, esate baterako, biak ere parkeko lexikoarekin lotutakoak: zibili-zabuluak eta parraparrak.

Zibili-zabulua

Zibili-zabulua columpio. • Soka birekin txingilizka dagoen ohola, bertan kulunkatzeko.

Euskara batuan zabu dago hobetsita; eskualde batzuetan txintxaun darabilte (Durangaldean? Debagoienean?); gure inguruan zibili-zabulu eta antzeko aldaerak erabiltzen dira gehienbat. Eibarren bertan hamaika aldaera dauzka: zibiri-zaburua, ziburua, zinbili-zanbulua, ziburi-zaburua, zabulua, zibili-zaublia... Jende nagusiak ondo ezagutzen du, eta baita natural-natural erabili ere. Gazteen artean, berriz, ia ezezaguna da; kolunpixo nagusi.

Sasoi batean normalak ziren zibili-zabuluak baserri atarietan; gaur egun ugariak edozein parketan. Kolunpixua esaten duzula? Ba, bada ordua euskarazko berbak erabiltzen hasteko, ez duzu uste?

Parraparra Sautsin (Eibar)

Parra-parra

Eibarko Hiztegian holaxe agertzen da:

  • parrapar (ald. parrapas). Txirrista. Tobogán. Parrapasian ibilitta, hor dator gure granujia ipurdi bueltia zihero lokaztuta (EEE). / Edozein lekutan parraparra gertatzen genduan (IL).
    parraparrian. iz. (ETNO). Bajar patinando sobre el culo, deslizarse patinando. Gaztetan frakak apurtu artian ibiltzen giñan parraparrian. / Fraka barrixokin parraparrian habil?! Joko haut gero!. Umien jokua da. JSMek holan diño: "Generalmente juego de chiquillos que preparaban una pendiente arcillosa con agua (en ocasiones orina) para patinar más rápidamente en el tramo preparado al efecto" (in TE, 777).

Parraparra edo parrapasa, horren inguruko eztabaida ere izan genuen (behin baino gehiagotan) Eibartarrak zerrendan (zein ote zen jatorrizko hitza). Tira, nik ez daukat duda handirik: jatorrizkoa parra-parra dela esango nuke, eta horren aldaera (berria-edo) izango da parrapasa. Hiru arrazoi ematearren:

  • Zaharrek horrela darabilte, eta hiztegietan ere horrela jaso da.
  • Jatorri etimologiko/onomatopeiko garbi samarra dauka: parra-parra (barra-barra, purra-purra, tarra-tarra... gorago aipatutako txin-txaun eta zibili-zabulu)
  • Eibarko erdaldunek "parrapas" darabilte.

Amets Arzallus, taliban koherentea

Asier Sarasua 2013/04/02 20:35
Bertsolari lapurtarrak hitzaldi eder bi bota ditu azken 10 egunotan. Lehena Korrikaren amaieran; eta azkena asteburuan Itsasun, abertzaleon inkoherentzia linguistikoa salatuz.

Euskararentzat arnasguneak aldarrikatzen diren garai honetan, Amets Arzallus bera bilakatu da arnasgune horren lekuko. Ez du beste munduko ezer esan lapurtarrak (euskaldunok euskaraz egin beharko genukeela, eta kitto), baina gaur egungo abertzaletasunaren baso diglosiko asimilatuan haize freskoa izan dira egunotako bere hitzak.

Duela 10 egun, Korrikaren amaieran, hitzaldi ederra egin zuen, esaldi bikain batekin burutua: "Herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen" (hemen bideoa).

Bigarrena asteburuan izan da, Itsasun, Enbataren 50. urteurrena ospatzen zen Aberri Egun bezperan (kronika Berrian. Oraingoan sakonago mintzatu da eta hitzaldi ederra bota zigun han geudenoi. "Badira sobera ulertzen ez ditudan gauzak" hasi zen, ondoren gehitzeko "abertzaletasunak ez du euskararen gaia serioski hartu. (...) Kontra egiteko gai gara subprefetari, poliziei, lege arrotzei, estatu bati, biri... guztiei kontra egiteko gai gara, gure buruei izan ezik". Politikariak izan ziren hitzaldiaren abiapuntu, baina abertzale guztiak zituen jomuga.

Esaldi borobil batekin ere burutu zuen hitzaldiaren lehenengo zatia: "Batzuk diote integrista bat naizela; taliban ere entzun izan dut. Ez nekien hemen koherente izateari 'talibana' esaten zitzaionik".

Ondoren, hitzaldiaren bigarren zatian, berebereak ekarri zituen gogora, izenik ere aitortzen ez zaien herria, eta analogia eta lotura politak egin zituen euskararekin eta Euskal Herriarekin.

Lehenengo zatia Euskalirratiak.info webgunean jarri dute goizean, eta irudi batzuk gehituta, Youtubera igo dut. Hemen:

Azken batean, euskaldunak garela eta euskara dela gure hizkuntza. Baina diskurtsotik haratago, praktikan ere erakutsi behar dugula hori, koherentziaz.

Larunbat iluntzean, behin Itsasuko ekitaldia amaituta, ondo-ondoan izan nuen Amets. "Bikain Amets" esan nahi izan nion, baina ez nintzen ausartu. Gaur damu naiz. Horregatik, gaur hemendik, nire "bikain Amets!"

EGUNERAKETA: Ametsen hitzaldi osoa, berebereak barne, Euskalirratiak.info webgunean.

Nik ere, ahal dudano segituko dut berebere euskalduna izaten, munduari marmarrean.

EGUNERAKETA 2: Ametsi elkarrizketa Faktoria irratsaioan, gai guzti honen inguruan:

Eguneraketa 3: Lagun baten lagun batek Itsasuko testua bidali dit, Ametsek irakurritakoa (bi zatiak). Hementxe:

Itsasuko harriari

Badira gauzak ulertzen ez ditugunak, edo bederen, ulertzen ez ditudanak. Itsasuko harrian, Enbataren oinarrian, ez da frantsesezko hitzik ikusten, har ezazue azken Enbata aldizkaria, aski lan izan dut hitz bat atxematen euskarazkoa. Min eginen die batzuri, eni ere mingarri zait, iruditzen zait 50 urtetan abertzaletasunak ez duela euskararen gaia serioski hartu. Militante abertzale engaiatu ainitz entzun izan dut ene inguruan, bai eta politikariak, frantsesez.

Ez dut sekula ulertuko, nola hizkuntza bat transmititzeko bideak zabaltzen hainbeste eman duen jendeak hain indar guti duen gero erabilerarako. Nola gizarteko diglosia bat uzkaltzeko dena emateko prest den jende bera gero hain ez gai den bere baitako diglosia iraultzeko. Nola euskara hain gartsuki aldarrikatzen duen jendea gero frantsesez mintzo den.

Euskaldunak izan nahi dugu, frantsesez biziz. Errexago zaigu ainitzez. Kontra egiteko prest gara; suprefet harro bati, hezkuntza eredu frantses bati, hizkuntza politika jakobino bati, poliziari, intelektualen teoria chobinistei, lege arrotzei, burokrazia administratibo amaigabeari, gure poltsiko hutsei, estatu oso bati, biri, kontra. Gure buruari izan ezik. Gure baitako karriketan ez dugu manifestatuko. Ministroekin hitz egitera eseriko gara, presidentearekin behar baldin bada, baina gure buruarekin ez dugu aurrez aurre jarri nahi. Ez gara hainbestetaraino apalduko!

Alta, hizkuntzak ardazten du ene izatea eta ene herria ardatza hautsirik daraman gurdi bat da, okerrena da, ez dudala nik konpontzeko borondate handirik ikusten bazterretan. Batzuk diote, hizkuntzaz ari naizelarik, integrista bat naizela, talibana ere entzun izan dut, ez nekien hemen koherentea izateari talibana esaten zitzaionik. Bada, talibanen lurraldera pusa nautenez, Afrika iparraldean zehar kasik haraino zabaldua den berebere herriaz nahiko nizueke hitz egin, frantsesez berbère deitzen den horretaz. Ea koherentzia ariketa bat egin dezagun balio duen bederen.

Berebereak

Guri ikastolan erakutsi ziguten gu euskaratik heldu ginela, baina ez genekiela euskara nundik heldu zen. Filologoak eta genealogistak lanean ariko dira, gure izateari karbono frogak eginez, eta horiek lanean ari diren bitartean pentsatzen dut libre izanen dugula hitz joko batzuk egitea, ez?

Hitz jokoak esan dut, hitzekin egin daitekeen joko bat baita, bere sabel semantikoa ireki, eta labirinto historiko horretan barna zure izatearen bila nekatzea. Hitzak aztarrika ibiltzeko dira, eta arkeologia linguistikoa jolas polita da, seinale du, denbora fite pasatzen baita.

Hala, deserriko behelainoetatik iritsi zen liburu batek lagundurik, saiatuko naiz esplikatzen euskaldunak zergatik garen berebereak.

Bereberea ez da, izatez, izen bereberea. Bere burua izendatzerik ez duena baino zapalduagorik ez da; autodeterminazioak baino lehen behar luke autodenominazioak, horra euskaldunak berebere egiten gaituen lehen pista. Gu ere munduarentzat bask gara, ez gara euskaldunak, amazighak ere ez dira amazigh, berbère baizik. Eta horra, esplikatuko dizuet, berbére edo berebere hitz hori nundik datorkeen.

Arrotzak euskaraz ere badu bere istoriotxo okerra, hitzak berak ez dio harrera berorik egiten kanpotik heldu denari, deserria beti da harri hotza. Greziarrek “barbaroi” hitza asmatu zuten arrotzarentzat, eta hitzak salatua utzi zuen haien beldurra; hala arrotz izendatzeko inor, zerk zituen bada ikaratzen greziarrak? Ez azal kolore gaztainezkoak, ez begien forma bitxiak, “barbaroi” hitza bar-bar onomatopeiatik sortua daiteke menturaz, eta bar-bar da zakurrak bezala mintzo den hura, ahoskatu gabe ari dena, barbaro da elbarritasun berbal bat duena, ulertzen ez den hura, eta haren berbaroa, horra non hasten den arrotzaren territorioa. Baina nor da bietan barbaroen? Bar-bar era horretan airostasun osoz komunikatzen den jendea, edo hura aditzeko gai ez dena? Eta hargatik barbarotzat duena, beti bestea... nor da bietan barbaroen? Hori da nehoiz greziar zilbor haundiak konprenituko ez duena, ez eta erromatarrak ere, Afrika iparralderaino eraman baitzuen barbaro hitza, Erromak zuen eraman beraz, greziarrei harturik, bere menpeko territorioak markatzeko arma bailuen; han barbaro herria, latinez konprenitzen ez zuen jendea bizi zen lurra. Berberia izena jarri zioten itsas ertz hari. Hangoak dira berebereak. Konkistatzaile arabiarrek al bar-bar deitu zioten zerumuga hari, eta haien mintzoari al barbariia; arabieraz ere berberat aditzak “modu ulertezinean hitz egin” edo “marmarrean aritu” adierazten baitu; are latzago, marmartiak, mesfidantzaz armatuak, haiek gainera.

Horra nola garen gu ere berebereetarik. Gure burua izendatzeko lizentziarik ez, eta berbakera zakar ulergaitzeko herria, gure artean ere ezin aditu, barbaroak, hemen ere, barra-barra.  

Genealogistek lanean segituko dute, eta deskubrituko dute, agian, egun batean, amazighak gure ahaideak direla, edo gu haietarik, edo ez garela ere badaiteke, nahiz denak Afrikatik heldu garen, omen, segi dezatela lanean genealogistek, presarik gabe. Ez dut nik horren beharrik, lotura mitokondrialik gabe ere, defendatuko dut gure berbére-tasuna. Eta erderaz ere eginen dut ulertzen ez nauen jende jantzi horren aitzinean, ene gizakitasunaren froga emanez, baina ahal dudano segituko dut berebere euskaldun bat izaten munduari marmarrean.

Zeren eta munduari bere zilborretik begiratzen dion jendeak ikara berdinetan segitzen du, ez du beltzak ikaratzen, ez du ikaratzen begi zapalak, ikaratzen du gure berbak, gure hitzak.

Gure marmarrak.

Txolarrea, hormatxoria, artatxoria,... Txori honen zenbait sinonimo eta euren hedadura.

Asier Sarasua 2013/03/24 20:45
Maite Goñiren #gaurkoHitza ekimenean txoritxo bati egokitu zaio gaurkoan, "txolarreari". Berak ondo dioen moduan, hainbat sinonimo ditu txori txiki ezagun honek. Izan ere, leku gutxitan deitzen zaio berez "txolarrea".

"Txolarre" dakar gaur #GaurkoHitzak. Hiztegi eta testu-liburu nagusietan ere txolarreak agertuko zaizkigu nagusiki, baina hegazti gehienen moduan, txori honek hainbat sinonimo ditu, eta gehienak txolarre bera baino dexente hedatuagoak (Elhuyar hiztegiak txolarre hobesten duen arren, besteen aurretik).

Eskualde batzuetako datuak falta zaizkidan arren (ia Iparralde guztikoak), hona hemen azken urteotan jaso ditudan izenetako batzuk, eta gutxi gora-beherako hedadura. Kontuan izan, hain txori ezaguna izanda, arrunta dela herri bakoitzean bizpahiru izen izatea.

Besteren bat ezagutzen edo erabiltzen baduzu, gustura jasoko nuke!

Hemen, ba:

  • Artatxori: Bizkaieraren ia eremu guztian (Durangaldean, Mungialdean, Busturialdean, Legution...) Eibar ingururaino. Hauxe da, hedaduraz, berbarik zabalena, baina eskualderik gehienetan beste sinonimoren batekin batera agertzen da.
  • Burgoi, burrigoi, burgoitxori: Beasain.
  • Elizatxori (eleitxori, eliztxori...): Arratian, Otxandion, Aretxabaletan, Getarian, Errezilen, Gizaburuaga-Ea-Aulesti inguruan, Lapurdin, Zuberoan (herririk gehienetan).
  • Etxetxori: Nafarroa garaiko eskualde askotan (Leitza, Baztan, Oitz, Imotz,...), Gipuzkoako mugako herri batzuetan (Berastegi, Ataun...) eta Lapurdiko alderdi batzuetan.
  • Etxolar: Andoain
  • Galartxori: Etxarri-Aranatz.
  • Garaitxori: Aezkoa.
  • Gorrilloi, gorrillota: Bergara-Antzuola.
  • Hormatxori: Ermua-Eibar-Elgeta-Soraluze... Azpeitia-Errezil-Aia...
  • Kaletxori: Aretxabaleta-Eskoriatza... Zerain.
  • Kurloi, kurrilloi: Lea-Artibai (Munitibar, Berriatua, Markina,...), Durangaldea (Elorrio, Abadiño, Berriz, Mallabia...), eta Debagoiena (Arrasate, Oñati, Antzuola...), eta eskualde horien alboko zenbait herritan (Muxika, Mendata, Azkoitia...).
  • Lapurtxori (txorilapur): Beasain, Olaberri... Errezil.
  • Larratxori: Mutriku.
  • Mokomotz (txorimotz): Azpeitia, Beizama, Aia, Zestoa, Errezil, Beasain...
  • Metatxori: Zuberoa.
  • Murrutxori (murruxori, murruzori): Nafarroa Beherean.
  • Pardel: Ondarroa.
  • Paretatxori (paatzoi...): Oiartzun, Errenteria, Hondarribia, Bera...
  • Patxizar: Deba, Zumaia, Aizarnazabal, Zestoa.
  • Teilatxori: Ubidea.
  • Torretxori, torrotxori: Mendexa, Amoroto, Ispaster, Ea, Lekeitio, Nabarniz... Zerain. Legutio.
  • Txau, ttau, txantxau...: Pasaia, Hondarribia.
  • Txolarre, txoarre, txuarre: Zarautz. Hernani-Arano.
  • Txorrotxori: Orio.
  • Txuerra: Elgoibar-Mendaro-Deba.

Horra, ba, orain arte jaso dudana. Horko batzuk, beharbada, bateratzeko aukera legoke (txolarre-txuerra; gorrilloi-kurloi-burrigoi;...), baina oraingoz beude horrela.

    Horietaz gainera, beste izen batzuk ere jaso ditut, erreferentzia bibliografikoetatik edo lekukoren baten ahotik, baina ezin ditut ziurtatu, ez sinesgarritasuna, ez hedadura geografiko posiblea. Adibidez: abadetxori, ganbaratxori, garitxori, garraio, karatxori, karrato, kurroe, lastatxori, parratxori, txirlu, txorilarri.

    Irudia: Wikimedia.

    Euskara Interneten: ondo gabiltza

    Asier Sarasua 2013/03/22 10:05
    Euskara berandu iritsi omen zen aurrerapen teknologiko gehienetara, dela inprentara, prentsara, irratira edo telebistara. Zalantzan jarri daiteke Internetekoa garaiz hartu ote genuen; ez, ordea, gaur egun tren horretan goazenik. Bizi-bizi dabil euskara Interneten azkenaldian.

    Horrela iruditzen zait, bai: proiektu zaharrak sendotzen, berriak jaiotzen, irudimena handitzen, esparru berriak jorratzen... Trenean goaz, ez daukat zalantzarik.

    Duela aste batzuk aipatu nuen, esate baterako, oso albiste ona zela www.31eskutik.com blog kolektiboa. Euskarazko hamaika izen erreferentziazko, egunero gu guztiondako idazten. Bikain!

    Beste produktu interesgarri eta berritzaile batzuk ere jaio/sendotu dira azkenaldian, eta ez bakarrik betiko euskal eredu solemne transzendentalean. Adibide garbiak dira, esate baterako, umorea ardatz duten www.izparringia.net edo www.barretartia.com: gehiago edo gutxiago gustatuko zaizkizu, baina berritzaileak dira, txistu eta danboriletik urruti. Euskarak edozein esparrutan aurkitu du bere txokoa. Politikaz eta euskalgintzaz hitz egiteko ez ezik, baita umorerako, edo horrelako gauza polit eta xumeak argitaratzeko, edo gaur ezagutu dudan beste proiektu hunkigarri hau bultzatzeko. Ez dago aitzakiarik.

    Blogak berrindartuta

    Blogak ere indartsu (edo berrindartuta) dabiltzala uste dut. Desagertu egin behar omen zirela... eta begira! Gorago aipatu dugu 31eskutik blog kolektiboa, baina beste hainbat sintoma ere badira (ber)indartze horren lekuko:

    Kazetari eta abarrak ez ezik, hortxe ditugu hainbat euskal idazle, berriki blogari bihurtuta (edo 2. blog batekin):

    Eta saretik kanpoko ekimenek ere, gero eta hobeto islatzen dute euren lana sarearen bidez, webgune eta blogetan. Adibide ezin hobeak izan dira, esate baterako, Badubada erakusketaren kronikak, AEDk eta Zumaiako Euskara Zerbitzuak Sustatun egin dutena, edo Bidea marraztera goaz ekimenarena. Sarea nola erabili, lau adibide sendo blogetan irudikatuta.

    Alderdi negatiboren bat aipatzearren: zergatik joaten zaizkigu euskal blogari gehienak Wordpressera? Zergatik ez dituzte euskarazko plataformak erabiltzen? (makinatxo bat dituzte aukeran). Ezta, Turutarena?


    Sare sozialetan ere bai

    Sare sozialetan ere hor gabiltza euskaldunok, batean zein bestean, Facebook, Pinterest, Tumblr, Flick, edo dena-delakoan.

    Zer esanik ez Twitterren; jarduna bero-bero, bizi-bizi. Eta umap.eu, hori guztiori batzen, euskarari bisibilitatea ematen, euskarazko komunitatea eta jarduna bistaratzen. Bizi garela!

    1000 euskal intelektual Twitterrera, aldarrikatzen zuen duela urte batzuk @luistxo-k. Ez, ez du lortu, baina panorama oso urruti dago basamortu izatetik. Horren lekuko dira, Twitter Euskaraz kanpainaren arrakasta, #hitzokei eta #hitzmoloia traolak, edo Trinkotzaindia (bere #daitort, #datsegit eta #daflipat guztiekin). Euskara Twitterren dago; ergo, euskara bizirik dago. Denek ezin dute berdina esan.

    Euskara bizirik dago, eta ez da gutxi

    Eta tira, askoz gauza eta berrikuntza gehiago. Hemen gutxi batzuk besterik ez ditut aipatu. Proiektu asko, gehienak txukunak, eta munduko beste hizkuntza batzuekin homologagarri egiten gaituztenak. Zer esanik ez lehendik datozen "beterano" guztiak (blog plataforma honek beronek, esate baterako, 10 urte beteko ditu laster; marka da, gero!).

    Wikipedian aurreneko 50 hizkuntzen artean omen gaude; Googlerentzat ere existitzen gara (Google translaten, adibidez, 45. hizkuntza izan ginen); Twitterrek ere aintzat hartu gaitu eta 40. hizkuntza gara. Tira, azken batean, Calvet barometroaren isla: munduko 50. hizkuntza "bizienen" artean gaudela.

    Baietz; ondo gabiltzala Interneten. Hobeto egon nahiko genukeela? Nork ez. Baina trena hartu dugu: euskara bizirik dago Interneten, eta ez da gutxi.

    Asko maitte dogu Korrika

    Asier Sarasua 2013/03/21 22:55
    Atzo egun politta izan zan. Korrika heldu zan gurera. Bizi eta jendetsu.

    Ondo gogoratzen dot lehenengo korrika. 10 urte inguru eukiko nittuan, eta hantxe ikusten dot nere burua, Arrateko bidian gora, tipi-tapa korrika.

    Gero etorriko ziran gazte denporako Korrikak. Sasoian, luziago; Eibartik urten eta Elgoibar, Soraluze edo Mallabiraiñokuak. Batzuetan egunez, beste batzuetan gabaz; astebarruan, asteburuetan.

    Azken urtiotan seme-alaben (eta euren lagunen) irriparria dakagu bidelagun. Ikastolako Korrika Txikixa arratsaldez, eta gero orduetako emoziñua, badatorrela, badatorrela!!

    Korrika18 - Eibar

    Aurten ordutegi egoki-egokixa euki dau (arratsaldeko 18.30etan Eibarren), eta ez da larregi atzeratu, gaiñera. Egualdixa be aparta. Jendian erantzuna ezin hobia. Sekula ez dot ikusi holako jendetzarik Eibarren. Zenbat lagun izango giñan atzo Korrikan antxitxiketan? Zer diño Udaltzainguak? Milatik gora bai, behintzat. Errez.

    Jende ezagun asko; arpegi urduri eta alai asko. Elkartiak, erakundiak, gaztiak eta nagusixak. Hantxe Kontxa Laspiur, dozenaka urtez AEKko irakasle izandakua, bere larogetaka urtiekin, urtiotako kontuak kontatzen eta antxitxiketarako prest.

    Haundi eta txiki, baltz eta zuri, ezker eta eskuma, aurrelari eta atzelari, realista eta athletista... danok zain. Urtiak juan eta urtiak etorri, euskerian alde korrika eitteko prest.

    Asko maitte dogu #korrika!

     

    #korrika #korrika18

    Sardandeixa

    Asier Sarasua 2013/03/10 21:40
    Sagardotegi sasoian gaoz, bete-betian. Astigarraga, Hernani, Usurbil... jendez lepo. Eibarren ez, Eibarren ez dago oin sagardotegirik. Baina sasoi batian bai, makiñatxo bat. Tira, sagardotegirik ez; "sardandeixak" edo "sardautokixak" euki dittugu Eibarren.

    Sardandeixa (III)

    Bai. Gaur egun, euskera estandarreko 'sagardotegi' berbia guztiz hedatu bada be, oin dala gitxira arte Eibarren ez zan larregi erabiltzen hori berbiori. Eibarren ez ezik, ezta inguruko hizkera eta eskualdietan be. Horren ordez, 'sardau' ('sagardao') erroko beste forma batzuk erabili izan dira, bestiak beste: sardandegi, sardautegi edo sardautoki.

    Eibarko sareko hiztegittik hartuta, esate baterako:

    • sardandegi (sardandei, sardaunde(g)i). Sidrería. Ik. sardautegi, sardautoki, txakolindegi, ardandegi.
    • sardautegi (sardautei, sardaunte(g)i) [sagardotegi]. Sidrería. Egualdi txarra danian, egun guztia emoten dabe sardauteixan sartuta. / Olagarrua erreta jaten dabe sardaunteixetan.
    • sardautoki. Sidrería. Guazen Buruneko sardautokira, barrika barrixa hasten ei dabe gaur eta.

    Orotariko hiztegixak be jasota dakaz horrek guztiok (eta beste bakarren bat):

    sagardotegi (V-gip, BN; Lar, H), sagarnotegi (H), sardandei (V-gip), sardantei (V-gip), sardautei (V-gip), sardaotei (V-gip), sagardotei, sagardoteri, sagardantegi, sagardoteki. Ref.: Lh; Etxba Eib (sardautei); Elexp Berg (sardandei); AntzHizk (sardantei, sardaotei).

    Hiztegi arautzailietan, ostera, ez dago ez sardandegirik, ez sadautokirik (ez Elhuyarrek, ez Labayruk, ez Hiztegi Batuak berak be).

    Eta ez bat eta ez bi. Makiñatxo bat sardandegi egon ziran Eibarren 1950. urtera arte. Handik aurrera, akabo. Oin sortalderuntz jo bihar izaten dogu sagardao bila; sagardotegi gero eta estandarraguetara.

    Sardandeixa (I)

    Berba-multzo berekuak dira, gaiñera:

    • iputegi (iputei, upatei) [upategi]. Bodega. Bukoi, barrika eta kupelak gordetzeko antxiñako basarri askotan zeguan gela umel eta freskua. Gehixenetan lur azpixan edo mendixan kontra. Sardaua urte guztian iputegixan egoten da, fresko-fresko.
    • ardandegi (ardandei, ardaunde(g)i). Vinotería; bodega.

    Jaitsi Twitterretik zure txio guztiak

    Asier Sarasua 2013/02/23 13:25
    Twitterrek abenduan iragarri zuen aukera hori, baina bakarrik erabiltzaile batzuentzat. Nik gaur probatu ahal izan dut eta bikaina da.

    Bai, Twitterrek Gabonen bezperan iragarri zuen bere feature berri hori: zure txio guztien fitxategia deskargatzeko aukera. Hala ere, Sustatun ondo azaldu zuten moduan, hasiera batean erabiltzaile gutxi batzuek bakarrik izango zuten aukera hori.

    Gabonetan saiatu nintzen, baina oraindik ez neukan aukera hori aktibatuta. Atzo berriro saiatu nintzen (Microsiervosen aipu honek gogoa berpiztuta) eta ekilikua! Nire txio zahar guztien bilduma mahai-gainean daukat.

    Oraindik ere ingelesezko konfigurazioa dutenei bakarrik azaltzen zaie, baina erraza da:

    1. Ezarpenetarako joan
    2. Hizkuntza aldatu eta Twitter ingelesez jarri.
    3. Ezarpenen orrian bertan aukera berria azalduko zaizu behe-behean: Your Twitter archive
    4. Bertan klik egin eta handik gutxira (nire kasuan minutu bat ere ez) zure artxibo osoa jasoko duzu postontzian, ZIP formatuan.
    5. Hortik aurrera berriro itzuli zaitezke Twitterreko euskarazko interfazera.

    Hortik aurrera, ZIPa deskonprimitu, eta orain arte idatzi dituzun txio guztiak zure esku izango dituzu. Gainera, HTML orrialde bat ere bidaltzen dizute eta horri esker zure txio (eta bertxio) guztietan nabigatzeko aukera izango duzu: hilabeteka, #traolaren arabera, bilaketak eginez, eta abar. Eta jatorrizko txio hartarako lotura ere erabilgarri izango duzu. Bikain!

    Berez, onena litzateke hori guztiori sarean izatea, Twitterren bertan eta beti eguneratuta, baina tira, hori heltzen den bitartean, gutxienez hortxe izango dugu gure historial guztia gure mahai-gainean.

     

    Michael "Air" Jordan

    Asier Sarasua 2013/02/21 22:41
    50 urte bete dituela sekula izan den jokalaririk onenak.

    Ez naiz sekula mitomanoa izan. Ez dut jarraitu, ez kirolaririk, ez musika-talderik,... ezta poetarik ere, pentsa! Baina beharbada bada salbuespen bat: Michael Jordan. Nire gelako ate ostean neukan, saskia birrintzen, poster handi batean.

    Jordanek aste honetan bete ditu 50 urte, eta bere jokaldirik onenak errepikatu dizkigute han eta hemen. Telebistan eta Youtuben berriro entzun dugu Unbelivable, o my god, he did it again! Horrelakoa zen Jordan. Ez behin eta ez birritan, egunero txunditzen gintuena.

    80ko hamarkadan gazte ginenok (eta saskibaloi-zale) zorte izugarria izan genuen: NBAk bizi izan duen garairik onentsuena bizi ahal izan genuen. Ordu txikietan, gaupasa eginda; Lakers eta Bulls, Celtics eta Pistons ikusten. Zenbat aldiz jarriko nuen alarma goizeko 3etan edo 4etan ez-dakit-zer partidu ikusteko.

    Ez dut esango inoiz izan den belaunaldirik onena ezagutu genuenik (ez da urrun ibiliko), baina bai glamuroso eta magikoena, behintzat. Larry Bird, Hakeem Olajuwon, Julius Erving, Kareem Abdul-Jabbar, Isiah Thomas, Magic Johnson, Karl Malone, Pat Ewing, Moe Malone, david Robinson, Charles Barckley...Belaunaldi horrek Bartzelonako joko olinpikoetan jo zuen gailurra, Dream Team zoragarriarekin.

    Eta izar konstelazio handi horren gainetik, izen bat eta bakarra: Michael Air Jordan. Izan ere, beste kirol askotan (gehienetan), gaitza izaten da historiako onena aukeratzea, baina saskibaloian ez dago zalantzarik. Jordanek ez du izan parekorik.

    Arina eta dotorea, plastizitate hutsa; lehiakorra eta irabazlea, baina gehiegikeriarik gabe (ez gaur egungo gazte harroputsen estilora); bizkorra, atletikoa, teknikoa; jaurtitzaile paregabea eta ezinezko sarreren artista. Handiena.

    Magic Johnsonen hitzak dira: "Jordanek egiten dituen gauzak guk ezin ditugu egin; are gehiago, lo gaudela ametsetan ere ezin ditugu irudikatu".

    Beste planeta batekoa izan da. 50 urte bete ditu. Eta garai batean, gaueko ordu txikietan etxeko sofan erdi-lo geundela, Bullsekin jokatzen ikusi genuenok, jarraitzen dugu esaten: O my godness! Unbelivable, he did it again!

    Ezetz? Ikusi hau, bestela:

    Korrika Kulturala Eibarren

    Asier Sarasua 2013/02/21 19:10
    Aste batzuk barru hasiko da Korrika, eta Eibarko AEK-k beheko mezua zabaldu dau. Korrika Kulturalan egitaraua Eibarren.


    Martxoaren 2an, mendi irteera eskualdeko historia ezagutzeko

    • 09:08etan Eibarko Ardantzako tren geltokian elkartuko gara (bestela, 09:45an Debako tren geltokian).
    • Ibilbidea: Deba-Mutriku-Deba. Gidatua izango da. Garbiñe Aizpuruak, AEKko irakasle ohiak, Debako Casa Campori buruzko azalpenak emango ditu eta Mutrikun, fosilen museoan bisita gidatua 12:30etan.
    • Kalbarixon atseden hartu eta mokadutxua jateko aprobetxatuko dugu.
    • EIBARKO KLUB DEPORTIBOko mendi taldeak lagunduta.
    • Izena eman behar da: Eibarko AEK, 943201379 edo eibar@aek.org.


    Martxoaren 7an, Hitzaldia: Kuba eta Venezuela, kontatzen ez dizutena.

    • Hizlariak: Salvador Gonzalez eta Lazaro Oramas.
    • Arratsaldeko 19:00etan Portaleko areto nagusian.
    • ETA KITTO euskara elkartearen laguntzarekin.

    Martxoaren 10ean, Antzerkia: Lingua Nabajorum

    • Eibarko Antzerki Jardunaldietan: Lingua Nabajorum
    • Coliseoan, 20.30etan
    • EIBARKO UDALA eta ANTZERKI JARDUNALDIen laguntzarekin

    Martxoaren 14an, Bertso Saioa

    • Tabernako Bertso Saioa: Miren Amuriza eta Beñat Gaztelurrutia
    • 19:00etan Kultu tabernan
    • Kultural Arratek antolatuta.

    Martxoaren 16an, Bertso Bazkaria

    • 14:30etan Arrate Kultur Elkartean.
    • Kultural Arratek antolatuta

    Martxoaren 20an, Korrika Eibarren

    • Korrika Txikia: arratsaldeko 15:00etan. La Salle Isasiko sarreran hasita. Bukaera ekitaldia Eibarko Bizikleta Plazan.
    • Korrika nagusia Eibarren: Arratsaldeko 18:00etan. Unibertsitatean lekukoa hartuko dugu. 17.30etatik musika kalean. www.korrika.org.


    Martxoaren 24an

    • KORRIKA BUKAERA: DENOK BAIONARA!!!
    • Goizeko 09:00etan autobusa Ego-Gainetik

     

    Animatu eta eman euskara elkarri!

    Aurkezpena

    Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

    Asier Sarasua Aranberri

    Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

    ..........................

    Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

    cc by sa 4.0 - ikonoa

    ..........................

    Blog honetako gai nagusiak

    Liburu eta proiektuak
    Lehen Hitza Euskaraz