Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / "El reloj de Mr. Darwin" (Juan Luis Arsuaga, 2009)

"El reloj de Mr. Darwin" (Juan Luis Arsuaga, 2009)

Asier Sarasua 2012/12/30 18:35
2009. urtean "Darwin urtea" ospatu zen mundu osoan (bere jaiotzaren 200. urteurrena eta "On the Origin of Species" liburuaren 150. urteurrena). Data horren harira, Juan Luis Arsuaga paleontologo ezagunak liburu interesgarria argitaratu zuen Darwinen bizitzaz. Darwin gogoan baina, gehienbat, eboluzioa hizpide.

Charles Darwin (1809-1882) artista hutsa izan zen, genio bat. Zientziak tarteka-marteka ematen dituen izen handietako bat, historia aldatzen duten horietakoa, Galileo, Newton edo Einstein, adibidez. 1859. urtean argitaratutako "On the Origin of Species" liburuak mundua aldatu zuen, gure espezieaz eta bizitzaz ordura arte genuen ikuspuntua irauliz.

Alde batetik eboluzioaren kontzeptua erabat errotu eta finkatu zuen (lehenago ere gai hori zientzilarien artean aipatu izan zen arren); bestalde, eboluzio hori eman zedin beharrezko mekanismoa adierazi zigun: hautespen naturala (bere liburuak, izan ere, horixe du benetako izenburu: "On the Origin of Species by Means of Natural Selection"). Baina hori baino askoz gehiago ere egin zuen Darwinek. Espezieen eboluzioaz gain (berak espezieen transmutazioa deitzen dio) eta gizakiaren jatorria mahai gainean jartzeaz gain, beste hainbat gai eta lan ere plazaratu zituen eta diziplina mordoa landu, besteak beste, botanika, etologia, geologia, paleontologia... Betiere zehaztasun eta metodo zientifiko paregabearekin.

Juan Luis Arsuagak (Madril, 1954) ondo azaltzen ditu horiek guztiak 2009ko lan honetan (Darwinen jaiotzaren 200. urteurrenean argitaratua). Bere bizitza eta lana azaltzen ditu; modu dibulgatiboan, baina oinarri eta zehaztasun zientifiko egokiarekin. Egia da liburua batzuetan ez dagoela ondoegi egituratuta, eta kontzeptu batzuk errepikatu egiten direla, baina hala ere lan gomendagarria da, oso gustura irakurtzen dena eta eboluzioaren gaia eta Darwinen joan-etorriak ezagutzeko aukera ona eskaintzen duena. Izan ere, Arsuaga bera ere dibulgatzaile bikaina da (gaztelaniaz eta gai hauetaz onentsuenetakoa, nik uste); hor daude, besteak beste, El collar del Neandertal eta beste hainbat lan, edo Atapuercako aurkikuntzen inguruan idatzi dituen hainbat liburu dibulgatibo. Gogoan izan bera dela Atapuercako aztarnategiko zuzendaria, paleontologoa eta giza eboluzioan espezialista handia.

Charles Darwinen bizitza kontatu ahala (non, noiz eta nola bizi izan zen), batez ere haren lana eta pentsaera azaltzen dira liburu honetan (kasu honetan, gainera, neurri batean berdinak dira lana eta pentsaera, karga ideologiko handiko liburuak izan zirelako garai hartarako). Zientzilariaren argitalpenen zerrenda izugarri luzea da, baina 4 lan dira oinarrizkoak eta Arsuagaren lan honetan azpimarratzen direnak: The Voyage of the Beagle (1839), On the Origins of Species (1859), The Descent of Man (1871) eta Autobiography of Charles Darwin (1887).

Horrela, eboluzioaren ideiaren sorreraz eta garapenaz mintzatuko zaigu Arsuaga, Darwinen hitzen bidez, gehienetan. XIX. mendean zehar nola joan zen pizten eta zabaltzen eboluzioaren inguruko ideia, Darwinen aurretik nola aipatu izan zuten gaia, Darwinen ekarpena (eboluzioaren kontzeptua finkatzeaz gain, eboluzioa gidatzen duen mekanismoa adieraziz, hautespen naturala eta baliabideengatik bizidunek egin beharreko borroka Malthusen ideiak oinarri), eta era berean, harrezkero eta XX. mendean zehar, nola irakurri eta moldatu den Darwinen teoria (teoria sintetikoa, neodarwinistak, eta abar).

Bide horretan, izen asko azalduko zaizkigu euren ekarpena egiten, bai XIX. gizaldikoak (Cuvier, Malthus, Lyell, Lamarck, Wallace, Huxley...), zein XX.ekoak (Lorenz, Mayr, Dobzhansky, Goldschmidt, Dawkins, Gould...). Zein da bakoitzaren ekarpena? Nola uztartzen dira euren ideiak Darwinen ideiekin? Nola ikusi eta ulertu behar dugu Darwin XXI. mendean?

Amaitzeko, gaur egungo ideia eta zalantza nagusiak ere aztertzen ditu. Oraindik ere, eta gezurra badirudi ere, asko-asko dago ezagutzeko eboluzioaz eta eboluzio hori gidatzen duten mekanismoez. Geneen erregulazio-mekanismoak, isolamendu reproduktiboa nola gertatzen den, espeziazio sinpatrikoaren koxka, karaktere ez adaptatiboen inguruko zalantzak, hautespen sexualaren papera, deriba genetikoaren garrantzi maila, saltazionismoa eta oreka puntuatua (bai? ez? zer mailatan?), Kanbrikoko eztandaren arrazoiak (eta harrezkero fillum berririk azaldu ez izana), anagenesia vs. kladogenesia, eta abar.

Laburbilduz, eboluzioaren inguruko oinarrizko ikuspegia izateko liburu polita. Eta baita Darwinen figura hobeto ezagutzeko eta aldarrikatzeko ere. Oinarri zientifiko sakonekoa, baina nahiko modu errazean kontatua.

Esan bezala, Darwinen ideiek mundua aldatu zuten; mundua eta gizakia ikusteko modua aldatu zuten. Darwinik gabe ere, beste norbaitek ekarriko zuen eboluzioaren ideia mahai gainera, seguru (izan ere, beste ahalegin batzuk ere izan ziren garai beretsuan). Baina Darwin izan zen ideia horiek ongien jaso, aztertu, landu eta plazaratu zituena. Gainera, horretarako garai egokiegia ez zenean:

  1. erlijioak zuen zama izugarriarengatik,
  2. data paleontologikoak oraindik oso urriak zirelako (gaur ere ez dira izugarriak, baina atera kontuak duela 175 urte),
  3. eta karaktereen transmisio genetikoa ezezaguna zelako (garai hartan ziharduen Gregor Mendelek bere probak eta teoriak garatzen, baina bere lana ez zen ezaguna).

Lana pazientziaz egin zuen. Datu-kopuru izugarria batuz eta hari guztiak ondo lotuz (jakin bai bazekien gizartearen zatirik handiena kontra izango zuela). 1838 ingururako bere ideia nagusiak prest zituen, baina gutxinaka joan zen, hariak ondo lotuz eta ideiak gutxinaka plazaratuz eta kontrastatuz. "On the Origin of Species" liburuaren lehenengo bertsioa 1844an idatzi zuen, baina 1859ra arte ez zuen argitaratu, badaezpada (dena lotu arte); eta lan horretan animalien eboluzioa (etengabeko aldaketak) aipatzen den arren, gizakiaren eboluzioaz ez dio larregi (zeharka ez bada). Gizakiaren jatorriaz 12 urte beranduago hitz egin zuen ("The descent of man", 1871), eboluzioaren gaia ordurako nahiko onartuta zegoenean.

Bai, gizakia ere animalia da, beste forma guztiak bezala, jatorrizko aitzindari baten aldaketaz eta eboluzioz sortutakoa; eta seniderik hurbilenak tximinoak ditu. Are gehiago (Darwinek zehaztu zuen moduan): gizakia ez dator tximinotik, beste tximino bat besterik ez da.

etiketak: liburuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz