Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Hiru ipuin-liburu eder

Hiru ipuin-liburu eder

Asier Sarasua 2012/04/22 23:40
Normalean ez dut ipuin-liburu askorik irakurtzen; eleberri eta saiakera artean erosoago sentitzen naiz. Baina ipuin-liburu bat ona denean... ai orduan! Hementxe azkenaldian irakurri ditudan hiru, benetan onak. Ezagunak, gehienentzat; ez oso berriak, gainera. Baina tira, hementxe nire 5 xentimokoa.

Bai, ipuin-liburu gutxitxo irakurtzen dut. Dendan edo liburutegian esku artean hartzen ditut, gaia edo idazlea erakargarri egiten zaizkit, kritika onak irakurtzen ditut... baina aukeran eleberrira jotzen dut errazago. Zergatik? Ez dakit. Izaera kontua, beharbada. 200 orrialdetan erosoago nabilela 20 orrialdetan baino, agian. Behin erosita ere, apalean izaten ditut, noiz irakurriko zain, koitaduak.

Baina azken asteotan 3 ipuin-bilduma eder-eder irakurri ditut, arrazoi ezberdinak zirela-ta. Ezagunak dira guztiak; ez oso berriak, gainera. Ez dut, beraz, aparteko misteriorik argituko, baina tira, hementxe nire 5 xentimokoa.

Azukrea belazeetan, Inazio Mujika Iraola (Erein, 1987)

Azukrea belazeetan

Klasiko bat, Inazio Mujika Iraolak (Donostia, 1963) 1987an argitaratutakoa eta hainbat berrargitalpen izan dituena harrezkero. Nik neuk ere aspaldi neukan etxean (1999ko edizioan), baina ez nuen astirik hartzen irakurtzeko. Aurten fakultatean "derrigortu" nauten arte. Liburu zoragarria da, euskal narratibagintzan ezohiko gai eta atmosfera duena.  Are gehiago, idazleak orduan zuen adina jakinik (20 urterekin idatzi zuen bilduma honetako lehena eta 24 urterekin argitaratu).

Liburua irakurtzen ari nintzela bi irudi etortzen zitzaizkidan burura, etengabe. Batetik Twin Peaks telesail amerikarra, misterio-giro ezin pertsonalagoa lortu zuen telesaila; bestetik, Puerto Urracon (Badajoz) 1990ean gertatutako sarraskia, Espainia beltzaren irudi bilakatu zena. Izan ere, ipuin-bilduma beltza da hau. Heriotzak, misterioak eta terralak ilundutako pasadizoz betetako bilduma paregabea, euskal literaturan antzeko atmosfera lortu duen bakarretakoa. Terrala etengabe; terralak irentsitako paisaia. Ez da liburu erraza, baina behin atmosferan murgilduta, ezinezko egiten zaizu bertatik askatzea.

Beltza eta heriotzez josia (ipuin guztietan baitago heriotzen bat edo antzeko gertakizun latzen bat kontakizunaren erdigunean), baina tremendismorik gabe eta oso modu zolian kontatuta. Izan ere, bilduma honetan, idazleak lortzen duen atmosfera eta ipuinetan darabilen kontatzeko teknika dira ororen gainetik gailentzen direnak. Baserri giroan eta euskal herri txiki euskaldun batean girotuta, baina ohiko diren idealizazioetatik erabat urrunduz, euskal baserri giro bukolikotik erabat urruti. Arruntak ez diren pasarteak eta kontakizunak ehunduz, baina erabat sinesgarri eginez. Horretarako teknikak ezin hobeto erabiliz. Tonu fantastikoa ere agertuko zaigu tarteka, keinuka, baina errealismoa nagusitzen zaio beti. Juan Rulforen lanekin alderatu izan dute, bai Gorka Bereziartuak, zein Xabier Mendigurenek edo Mari Jose Olaziregik.

Izenik aipatzen ez den arren, Tolosa-Albiztur inguruan kokatuta daude ipuin guztiak eta XX. mende erdialdean, gutxi gorabehera (gehienetan datarik ere aipatzen ez den arren). Mujika Iraola donostiarra da, baina baserriko giroa ezagun zaio, zalantza izpirik gabe. Ezin hobeto deskribatzen ditu garai bateko giroa eta bizimodua, pentsaera eta sineskerak. Transmisio luze bateko oinordeko da idazlea; guraso eta arbaso zaharrenetatik edaten du. “Azukrea belazeetan. Izenburu arraro horren baitan elurraren metafora dago, eta, elurraren baitan, nire lehen aberriarena: haurtzaroaaitortzen du egileak.

Hamaika ipuin biltzen ditu liburuak, guztiak ederrak, eta batzuk are ederragoak, esate baterako, 'Terralez bilduak', 'Begiak zabalik', 'Sagasti gazte, sagasti zuri', 'Mila bederatziehun eta hogeita hamasei' edo 'Regina'.

Atxagaren Obabakoak eta Sarrionandiaren Narrazioak liburuen alboan beste ipuin liburu bat jartzekotan, dudarik ez, Inazio Mujikaren Azukrea belazeetan da liburu hori. Halaxe irakurri dut nonbaiten. Eta talde horretarako laugarren hautagai bat ere badut, Pello Lizarralderen “Sargori”.

Sargori, Pello Lizarralde (Pamiela, 1994)

Sargori

Idazle berezia da Pello Lizarralde (Zumarraga, 1956). Gutxitxo argitaratzen du. Berezi idazten du. Euskal letretan ahots bakarrez. Orain gutxi “Larrepetit” irakurri nion eta orduan ere idatzi nituen hiru lerro.

Bere idazkera gustatuko zaizu ala ez, baina ezingo duzu esan beste edozein idazleren tankerakoa denik. Eta niri izugarri gustatzen zait. Atmosferak sortzeko duen erraztasuna, xehetasunik txikiena ere adierazteko duen gaitasuna, voyeur ukituarekin...

Sargori ere bide berean sortutako ipuin-bilduma da. Udako giro sapa horretan gertatzen diren kontakizun xumeak ekarriko dizkigu idazleak. Hamar ipuin txiki zoragarri, uda garaiko bazkalosteko giro itogarrian murgilduta daude pertsonaien eskutik. Askotan balirudike ezer gertatzen ez dela, baina Lizarralde maixu da elipsien bidez istorio zoragarriak kontatzen; edo kontatu gabe, irakurlearen eskuetan ezinegon sentsazioa uzten. Izen iradokitzaileak dituzte 10 ipuinok, eta horien artean benetako perlak aurkituko ditugu, “Barnetik”, “Bazterretik” edo “Azpian”, adibidez.

Izugarria da Lizarraldek irudiak, egoerak, ezenak... deskribatzeko duen gaitasuna. Irakurri ahala “ikusi” egiten dituzu gertakizunak. Eta ikusi ez ezik, usaindu, entzun eta sentitu egiten dituzu Lizarraldek kontatzen dituenak. Argazkilaria dirudi (edo zinemalaria, beharbada), idazlea baino gehiago, egoerak azaltzeko duen erraztasun eta gaitasun sutil eta handi horregatik.

Pello Lizarraldek ez du gehiegi idazten, baina hala ere ulergaitza egiten zait irakurle askorentzat ezezaguna izatea. Askoz ezagunagoak diren hainbatek baino leku handiagoa merezi du zumarragarrak, zalantzarik gabe.

Katu jendea, Eider Rodriguez (Elkar, 2010)

Katu jendea

Ez dut esango aurrekoen mailakoa denik, edo bai. 20-30 urte barru, beharbada, ez dugu gogoratuko, edo bai (aurreko biak, ostera, dagoeneko lortu dute denboran irautea). Baina Eider Rodriguezen hau ere gustatu zait. Asko. Aurrekoak baino  “modernoagoa”, beharbada, gaian eta planteamenduan; baina baita askoz klasikoagoa ere, gaian eta planteamenduan.

Atmosfera aldetik ere, ez du aurreko biek duten atmosfera berezirik lortzen. Baina giza hartu-emanak deskribatzeko eta gizon-emakumeen arteko erlazioen inguruan istorioak harilkatzeko gaitasun boteretsua dauka oreretarrak. Ipuin-liburu ederra.

Kontra-azaletik hartuta: "Hemen eta gaur giroturiko zazpi istorioetan barrena, gizon-emakumeen sentimendu esan gabeko eta ahultasun ezkutuetan arakatzen du Eider Rodriguezek: desiraren zirrikituak, edertasunaren on-gaitzak, sexualitatearen ernetzea, ilusioen itzaltzea...".

Postrerako beste bi

Hara hor, beraz, azken asteotan irakurri ditudan 3 ipuin-liburu eder. Eta oraindik gosez geratu bazara, udazkenean irakurri nituen beste bi, postrerako:  Ur Apalategiren "Fizkioaren izterrak" eta Joxean Arregiren "Zwei Frauen" (azken hori eleberria dela dioten arren).

etiketak: liburuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz