Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Amets Arzallus, taliban koherentea

Amets Arzallus, taliban koherentea

Asier Sarasua 2013/04/02 20:35
Bertsolari lapurtarrak hitzaldi eder bi bota ditu azken 10 egunotan. Lehena Korrikaren amaieran; eta azkena asteburuan Itsasun, abertzaleon inkoherentzia linguistikoa salatuz.

Euskararentzat arnasguneak aldarrikatzen diren garai honetan, Amets Arzallus bera bilakatu da arnasgune horren lekuko. Ez du beste munduko ezer esan lapurtarrak (euskaldunok euskaraz egin beharko genukeela, eta kitto), baina gaur egungo abertzaletasunaren baso diglosiko asimilatuan haize freskoa izan dira egunotako bere hitzak.

Duela 10 egun, Korrikaren amaieran, hitzaldi ederra egin zuen, esaldi bikain batekin burutua: "Herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen" (hemen bideoa).

Bigarrena asteburuan izan da, Itsasun, Enbataren 50. urteurrena ospatzen zen Aberri Egun bezperan (kronika Berrian. Oraingoan sakonago mintzatu da eta hitzaldi ederra bota zigun han geudenoi. "Badira sobera ulertzen ez ditudan gauzak" hasi zen, ondoren gehitzeko "abertzaletasunak ez du euskararen gaia serioski hartu. (...) Kontra egiteko gai gara subprefetari, poliziei, lege arrotzei, estatu bati, biri... guztiei kontra egiteko gai gara, gure buruei izan ezik". Politikariak izan ziren hitzaldiaren abiapuntu, baina abertzale guztiak zituen jomuga.

Esaldi borobil batekin ere burutu zuen hitzaldiaren lehenengo zatia: "Batzuk diote integrista bat naizela; taliban ere entzun izan dut. Ez nekien hemen koherente izateari 'talibana' esaten zitzaionik".

Ondoren, hitzaldiaren bigarren zatian, berebereak ekarri zituen gogora, izenik ere aitortzen ez zaien herria, eta analogia eta lotura politak egin zituen euskararekin eta Euskal Herriarekin.

Lehenengo zatia Euskalirratiak.info webgunean jarri dute goizean, eta irudi batzuk gehituta, Youtubera igo dut. Hemen:

Azken batean, euskaldunak garela eta euskara dela gure hizkuntza. Baina diskurtsotik haratago, praktikan ere erakutsi behar dugula hori, koherentziaz.

Larunbat iluntzean, behin Itsasuko ekitaldia amaituta, ondo-ondoan izan nuen Amets. "Bikain Amets" esan nahi izan nion, baina ez nintzen ausartu. Gaur damu naiz. Horregatik, gaur hemendik, nire "bikain Amets!"

EGUNERAKETA: Ametsen hitzaldi osoa, berebereak barne, Euskalirratiak.info webgunean.

Nik ere, ahal dudano segituko dut berebere euskalduna izaten, munduari marmarrean.

EGUNERAKETA 2: Ametsi elkarrizketa Faktoria irratsaioan, gai guzti honen inguruan:

Eguneraketa 3: Lagun baten lagun batek Itsasuko testua bidali dit, Ametsek irakurritakoa (bi zatiak). Hementxe:

Itsasuko harriari

Badira gauzak ulertzen ez ditugunak, edo bederen, ulertzen ez ditudanak. Itsasuko harrian, Enbataren oinarrian, ez da frantsesezko hitzik ikusten, har ezazue azken Enbata aldizkaria, aski lan izan dut hitz bat atxematen euskarazkoa. Min eginen die batzuri, eni ere mingarri zait, iruditzen zait 50 urtetan abertzaletasunak ez duela euskararen gaia serioski hartu. Militante abertzale engaiatu ainitz entzun izan dut ene inguruan, bai eta politikariak, frantsesez.

Ez dut sekula ulertuko, nola hizkuntza bat transmititzeko bideak zabaltzen hainbeste eman duen jendeak hain indar guti duen gero erabilerarako. Nola gizarteko diglosia bat uzkaltzeko dena emateko prest den jende bera gero hain ez gai den bere baitako diglosia iraultzeko. Nola euskara hain gartsuki aldarrikatzen duen jendea gero frantsesez mintzo den.

Euskaldunak izan nahi dugu, frantsesez biziz. Errexago zaigu ainitzez. Kontra egiteko prest gara; suprefet harro bati, hezkuntza eredu frantses bati, hizkuntza politika jakobino bati, poliziari, intelektualen teoria chobinistei, lege arrotzei, burokrazia administratibo amaigabeari, gure poltsiko hutsei, estatu oso bati, biri, kontra. Gure buruari izan ezik. Gure baitako karriketan ez dugu manifestatuko. Ministroekin hitz egitera eseriko gara, presidentearekin behar baldin bada, baina gure buruarekin ez dugu aurrez aurre jarri nahi. Ez gara hainbestetaraino apalduko!

Alta, hizkuntzak ardazten du ene izatea eta ene herria ardatza hautsirik daraman gurdi bat da, okerrena da, ez dudala nik konpontzeko borondate handirik ikusten bazterretan. Batzuk diote, hizkuntzaz ari naizelarik, integrista bat naizela, talibana ere entzun izan dut, ez nekien hemen koherentea izateari talibana esaten zitzaionik. Bada, talibanen lurraldera pusa nautenez, Afrika iparraldean zehar kasik haraino zabaldua den berebere herriaz nahiko nizueke hitz egin, frantsesez berbère deitzen den horretaz. Ea koherentzia ariketa bat egin dezagun balio duen bederen.

Berebereak

Guri ikastolan erakutsi ziguten gu euskaratik heldu ginela, baina ez genekiela euskara nundik heldu zen. Filologoak eta genealogistak lanean ariko dira, gure izateari karbono frogak eginez, eta horiek lanean ari diren bitartean pentsatzen dut libre izanen dugula hitz joko batzuk egitea, ez?

Hitz jokoak esan dut, hitzekin egin daitekeen joko bat baita, bere sabel semantikoa ireki, eta labirinto historiko horretan barna zure izatearen bila nekatzea. Hitzak aztarrika ibiltzeko dira, eta arkeologia linguistikoa jolas polita da, seinale du, denbora fite pasatzen baita.

Hala, deserriko behelainoetatik iritsi zen liburu batek lagundurik, saiatuko naiz esplikatzen euskaldunak zergatik garen berebereak.

Bereberea ez da, izatez, izen bereberea. Bere burua izendatzerik ez duena baino zapalduagorik ez da; autodeterminazioak baino lehen behar luke autodenominazioak, horra euskaldunak berebere egiten gaituen lehen pista. Gu ere munduarentzat bask gara, ez gara euskaldunak, amazighak ere ez dira amazigh, berbère baizik. Eta horra, esplikatuko dizuet, berbére edo berebere hitz hori nundik datorkeen.

Arrotzak euskaraz ere badu bere istoriotxo okerra, hitzak berak ez dio harrera berorik egiten kanpotik heldu denari, deserria beti da harri hotza. Greziarrek “barbaroi” hitza asmatu zuten arrotzarentzat, eta hitzak salatua utzi zuen haien beldurra; hala arrotz izendatzeko inor, zerk zituen bada ikaratzen greziarrak? Ez azal kolore gaztainezkoak, ez begien forma bitxiak, “barbaroi” hitza bar-bar onomatopeiatik sortua daiteke menturaz, eta bar-bar da zakurrak bezala mintzo den hura, ahoskatu gabe ari dena, barbaro da elbarritasun berbal bat duena, ulertzen ez den hura, eta haren berbaroa, horra non hasten den arrotzaren territorioa. Baina nor da bietan barbaroen? Bar-bar era horretan airostasun osoz komunikatzen den jendea, edo hura aditzeko gai ez dena? Eta hargatik barbarotzat duena, beti bestea... nor da bietan barbaroen? Hori da nehoiz greziar zilbor haundiak konprenituko ez duena, ez eta erromatarrak ere, Afrika iparralderaino eraman baitzuen barbaro hitza, Erromak zuen eraman beraz, greziarrei harturik, bere menpeko territorioak markatzeko arma bailuen; han barbaro herria, latinez konprenitzen ez zuen jendea bizi zen lurra. Berberia izena jarri zioten itsas ertz hari. Hangoak dira berebereak. Konkistatzaile arabiarrek al bar-bar deitu zioten zerumuga hari, eta haien mintzoari al barbariia; arabieraz ere berberat aditzak “modu ulertezinean hitz egin” edo “marmarrean aritu” adierazten baitu; are latzago, marmartiak, mesfidantzaz armatuak, haiek gainera.

Horra nola garen gu ere berebereetarik. Gure burua izendatzeko lizentziarik ez, eta berbakera zakar ulergaitzeko herria, gure artean ere ezin aditu, barbaroak, hemen ere, barra-barra.  

Genealogistek lanean segituko dute, eta deskubrituko dute, agian, egun batean, amazighak gure ahaideak direla, edo gu haietarik, edo ez garela ere badaiteke, nahiz denak Afrikatik heldu garen, omen, segi dezatela lanean genealogistek, presarik gabe. Ez dut nik horren beharrik, lotura mitokondrialik gabe ere, defendatuko dut gure berbére-tasuna. Eta erderaz ere eginen dut ulertzen ez nauen jende jantzi horren aitzinean, ene gizakitasunaren froga emanez, baina ahal dudano segituko dut berebere euskaldun bat izaten munduari marmarrean.

Zeren eta munduari bere zilborretik begiratzen dion jendeak ikara berdinetan segitzen du, ez du beltzak ikaratzen, ez du ikaratzen begi zapalak, ikaratzen du gure berbak, gure hitzak.

Gure marmarrak.

etiketak: euskara, diglosia
Serafin Basauri
Serafin Basauri dio:
2013/04/03 10:28
Entzuten zegoen Abeberrik ulertu ote zuen?
ALOTS GEZURAGA
ALOTS GEZURAGA dio:
2013/04/03 15:51
Espainolek espaineraz, fratsezak fratsezez, esan behar ote da baina euskaraz mintzo ez dena ez dela euskalduna? Baina, zergatik ez da mintzo? Inperialismoa bitarteko.
xabier
xabier dio:
2013/04/03 21:08
Aupa Asier, gorantziak Serafin (nik ere hori bera pentsatzen nian...)
Pozik ikusi dut hain esaguratsua zen hitzaldi-poema horri egindiozuen tokia zuen blogean. Ez dakit nahiko duzuenez, baina jakinik ere idazkiak ez duela nehundik ere ordaintzen ez giroa, ez Ametsen doinu eta sentimendua, iruditzen zait testua bera ere interesgarria dela. Ametsek berak igorririk eskuratu dut testu osoa. Hala nahiz geroz bialiko dizut gogotik.
Agur bero bat Baionatik
tusfo
tusfo dio:
2013/04/03 21:35
Hona nire aldetik ere "Bikain, Amets, bejondeiala!!" ozen-ozena eta bihotz-bihotzez. Ametsena entzunda gogora etorri zitzaidan Hego Afrikar ekintzaile sutsu Steve Biko (https://en.wikipedia.org/wiki/Steve_Biko) zenaren esaldi sendo eta argigarri hura: "zapaltzailearen armarik eraginkorrena zapalduaren burua da". Jakingo ahal dugu barne borroka hau, borrokarik garratntzitsuena eta gainontzeko guztien oinarria den hau irabazten? Baietz espero dut, edo desiatzen dut bederen.
Eskerrik asko bideoagatik, Asier, eta den-denoi ondo bizi eta eutsi goiari!
Gari
Gari dio:
2013/04/04 11:19
-Aupa Ametx!
Latz hitzetan eta esanahiean.Zintzoki bota dituan hitz hauek baditek belarri askoren beharra.Imperioen erru bakartzat euskara ez erabiltzearena duten belarri horiek.Askotan ez gaituk konturatzen geure bihotz onak bazterrarazten dikela euskararen erabilera.Taldean 10 lagun bagaituk eta batek ezbadik euskaraz jakinen beste bederatziek bixotz onez erdarari ekiten zioagu.Euskara erabilarazi beharrean ez dakien horri.Beraz geure barnean dela hizkuntza beraren etorkizuna ahazturik.
ongi izan!
Iñaki
Iñaki dio:
2013/04/04 12:47
Kohereteak izaten ahalegintzen bagara, integristak.
Eta gauza bat aldarrikatu eta beste bat egiteari zelan deitzen zaio?
Geure buruaren aurka borroka gaitezen hipokrisia bertan behera utzita!
Artizar
Artizar dio:
2013/04/05 10:43
Zein da euskaltasunaren indikadorea euskaldunon hitza ala mintzoa? Sakonago, barnean begiratu behar dugu, bi hots entzun. Zergaitik hitz egin euskaraz? Zerk bultzatzen gaitu hizkuntz batean ala bestean berba egitera? Koherenteak bagara, euskaldunon eleanitzak, horixe da euskaldunon hizkuntza eta mintzoa. Guk ahal dugu nahi dugun hizkuntzatan, askatasuna jakintasunean datza. Inoiz ez nintzake harrotuko nire 3 urteko semea elebakarra izateaz... horixe da penagarria. Gora euskaldunon bihotzaren handitasuna, bertan datza gure aberria! Vivan los vascos que sienten Euskal Herria en su corazón. Vivent les basques qui ont la patrie gravée sur le coeur. Eta orain... jarrai dezagun lanean. Besarkada
Aitor
Aitor dio:
2013/04/07 03:00
Euskaltzale guztientzat eta bereziki Artizarrentzat, zuretzat erantzuna.

Pertsonak dira eleanitzak ez herriak. Ez ditzagun beraz kontzeptuak nahastu.

Iraganak gure ohituretan indar handia du. Nahiz eta iragan hori bizi ez izan batzuetan sinestezina duen indarra dauka. Orain arte leku askotan euskera baserritar ezjakinen hizkuntzatzat hartzen zen eta horrek nonbait putzu sakon bat dauka euskaldun askoren barnean, askotan era inkontzientean bada ere.

Aspaldi gartzelan dagoen Otegi, Arzalluz (zaharra), ELAko batzuk, LABekoak, ni neu, agian zu zeu… euskararen aurka egin dugu, batzutan. Nahita edo nahi gabe.

Otegiren kasuan bere autobiografia gaztelaniaz euskerako bertsioa baino lehenago atera zuelako. Arzalluzen kasuan biografia gaztelania hutsez dagoelako.

Beste kasuetarako orain dela hilabete bat inguru gertatutako anekdota aipagarri bi besterik ez ditut kontatuko.

LABeko idazkari nagusia, Ainhoa Etxaide, bere neskalagunarekin zegoen umeen ikuskizun batetan neskatxo batekin. Ikuskizuna euskaraz zen eta bi nagusiek euskaraz hitz egiten zioten 7 urte inguruko umeari. Bitartean beraien artean gaztelaniaz barra-barra hitzegiten zeuden.

ELA sindikatuko buruzagi bat den Mikel Noval Bilboko Alondegiko edo Alhondigako igerilekuetan. Bere 6 urte inguruko alabarekin zegoen aldageletan. Alabari: “Sartu arropak poltsan eta goazen igerilekura… Bueno, eso también… no olvides el gorro…” eta gaztelaniaz etengabeko esaldiak esaten. Eta alaba, jakina, gaztelaniaz erantzuten.

Gaztelaniaz dioten moduan: “Es lo que hay”. Hau da bizitza publikoko eta sindikatu abertzale batzuen partaideek duten koherentzia. Beraiek bezelako milaka abertzale euskaldunek horrelako eredu penagarria dira (gara?) hurrengo (eta gaur eguneko) belaunaldientzat.

Ni neu eta Ametsek dioenarekin guztiz ados banago ere kontradizio batzuk baditut: kostata euskaldun sendagileak lortu ditugunean, ni ezagutzen dudan erdaldun sendagile jatorrarekin gustora nabil eta agian okerragoa dena, gure eskubidea (eta moralki betebeharra den) pediatra euskalduna eskatu beharrean, gustora gaude gure alaben pediatra erdalduna baina oso jator eta profesionala denarekin. C´est la vie.

Laburbilduz:

 “English came, Irish went. If Irish is to come, English must go” esaten zuten irlandar abertzale askok independentzia lortu baino lehen.

Gure kasurako “Gaztelania eta frantsesa etorri ziren eta euskara joan, euskara etorriko bada, gaztelaniak eta frantsesak alde egin beharko dute. Bai, horrela. Eta horrela egin behar da, pausoka baina irmo eta sendo. Gauzak argi esanez. Belaunaldiz belaunaldi. Euskara lehenetsiz eta gaur egun euskararekiko hizkuntza etsaia ez den ingelesa bigarren hizkuntza moduan erakutsiz.

Hizkuntzen borroka honetan (askotan borroka delako, era gogorrenean esanda), horrela egin zuten besteak beste Finlandian (suedieragatik desagertzearen arriskupean zegoenean), Quebec-en (Ingelesaren mehatxupean zegoenean), Frandian (frantsesaren mehatxupean zegoenean) eta Estonian (errusiaren mehatxupean zegoenean). Horrela egiten hari dira Katalunian ere bai.

Kontua ez da berria, Txillardegik, Txepetxek, David Cristalek esaten zuten.

Konturatu baino lehen, munduko 6000 hizkuntzetatik 3000 bakarrik geratuko dira.
Mende honetan geratuko diren hizkuntzetatik, lehenengo10 super hizkuntza boteretsuenen artean gaztelania eta frantsesa egongo dira.

Eta Euskal Herrian? Amets Arzallus bezelako “Taliban” gutxi batzuk, 5000? 10.000? agian 20.000? asko dugu esateko eta egiteko 3 milioi biztanleko herri honetan.

Artizarrek dio “Guk ahal dugu nahi dugun hizkuntzatan, askatasuna jakintasunean datza” baina gauzak ez dira horrela. Eleaniztasuna opari bat da eta osasungarria. Baina Euskal Herrian hizkuntza nagusia euskara behar du izan. Herri moduan eman behar den erantzuna, orain dela mende bateko irlandarren esaldiak laburbiltzen du, hori betetzean eta beraien inkoherentzian ez erortzean, jakina.
asier
asier dio:
2013/04/08 10:24
Eskerrik asko guztiei parte hartzearren eta zuen iritzia lagatzearren. Eta Xabier, testua bidaltzerik bazenu, hementxe bertan argitaratuko nuke. Eskerrik asko.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz