Asko maitte dogu Korrika
Ondo gogoratzen dot lehenengo korrika. 10 urte inguru eukiko nittuan, eta hantxe ikusten dot nere burua, Arrateko bidian gora, tipi-tapa korrika.
Gero etorriko ziran gazte denporako Korrikak. Sasoian, luziago; Eibartik urten eta Elgoibar, Soraluze edo Mallabiraiñokuak. Batzuetan egunez, beste batzuetan gabaz; astebarruan, asteburuetan.
Azken urtiotan seme-alaben (eta euren lagunen) irriparria dakagu bidelagun. Ikastolako Korrika Txikixa arratsaldez, eta gero orduetako emoziñua, badatorrela, badatorrela!!
Aurten ordutegi egoki-egokixa euki dau (arratsaldeko 18.30etan Eibarren), eta ez da larregi atzeratu, gaiñera. Egualdixa be aparta. Jendian erantzuna ezin hobia. Sekula ez dot ikusi holako jendetzarik Eibarren. Zenbat lagun izango giñan atzo Korrikan antxitxiketan? Zer diño Udaltzainguak? Milatik gora bai, behintzat. Errez.
Jende ezagun asko; arpegi urduri eta alai asko. Elkartiak, erakundiak, gaztiak eta nagusixak. Hantxe Kontxa Laspiur, dozenaka urtez AEKko irakasle izandakua, bere larogetaka urtiekin, urtiotako kontuak kontatzen eta antxitxiketarako prest.
Haundi eta txiki, baltz eta zuri, ezker eta eskuma, aurrelari eta atzelari, realista eta athletista... danok zain. Urtiak juan eta urtiak etorri, euskerian alde korrika eitteko prest.
Asko maitte dogu #korrika!
#korrika #korrika18