Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Euskara Interneten: ondo gabiltza

Euskara Interneten: ondo gabiltza

Asier Sarasua 2013/03/22 10:05
Euskara berandu iritsi omen zen aurrerapen teknologiko gehienetara, dela inprentara, prentsara, irratira edo telebistara. Zalantzan jarri daiteke Internetekoa garaiz hartu ote genuen; ez, ordea, gaur egun tren horretan goazenik. Bizi-bizi dabil euskara Interneten azkenaldian.

Horrela iruditzen zait, bai: proiektu zaharrak sendotzen, berriak jaiotzen, irudimena handitzen, esparru berriak jorratzen... Trenean goaz, ez daukat zalantzarik.

Duela aste batzuk aipatu nuen, esate baterako, oso albiste ona zela www.31eskutik.com blog kolektiboa. Euskarazko hamaika izen erreferentziazko, egunero gu guztiondako idazten. Bikain!

Beste produktu interesgarri eta berritzaile batzuk ere jaio/sendotu dira azkenaldian, eta ez bakarrik betiko euskal eredu solemne transzendentalean. Adibide garbiak dira, esate baterako, umorea ardatz duten www.izparringia.net edo www.barretartia.com: gehiago edo gutxiago gustatuko zaizkizu, baina berritzaileak dira, txistu eta danboriletik urruti. Euskarak edozein esparrutan aurkitu du bere txokoa. Politikaz eta euskalgintzaz hitz egiteko ez ezik, baita umorerako, edo horrelako gauza polit eta xumeak argitaratzeko, edo gaur ezagutu dudan beste proiektu hunkigarri hau bultzatzeko. Ez dago aitzakiarik.

Blogak berrindartuta

Blogak ere indartsu (edo berrindartuta) dabiltzala uste dut. Desagertu egin behar omen zirela... eta begira! Gorago aipatu dugu 31eskutik blog kolektiboa, baina beste hainbat sintoma ere badira (ber)indartze horren lekuko:

Kazetari eta abarrak ez ezik, hortxe ditugu hainbat euskal idazle, berriki blogari bihurtuta (edo 2. blog batekin):

Eta saretik kanpoko ekimenek ere, gero eta hobeto islatzen dute euren lana sarearen bidez, webgune eta blogetan. Adibide ezin hobeak izan dira, esate baterako, Badubada erakusketaren kronikak, AEDk eta Zumaiako Euskara Zerbitzuak Sustatun egin dutena, edo Bidea marraztera goaz ekimenarena. Sarea nola erabili, lau adibide sendo blogetan irudikatuta.

Alderdi negatiboren bat aipatzearren: zergatik joaten zaizkigu euskal blogari gehienak Wordpressera? Zergatik ez dituzte euskarazko plataformak erabiltzen? (makinatxo bat dituzte aukeran). Ezta, Turutarena?


Sare sozialetan ere bai

Sare sozialetan ere hor gabiltza euskaldunok, batean zein bestean, Facebook, Pinterest, Tumblr, Flick, edo dena-delakoan.

Zer esanik ez Twitterren; jarduna bero-bero, bizi-bizi. Eta umap.eu, hori guztiori batzen, euskarari bisibilitatea ematen, euskarazko komunitatea eta jarduna bistaratzen. Bizi garela!

1000 euskal intelektual Twitterrera, aldarrikatzen zuen duela urte batzuk @luistxo-k. Ez, ez du lortu, baina panorama oso urruti dago basamortu izatetik. Horren lekuko dira, Twitter Euskaraz kanpainaren arrakasta, #hitzokei eta #hitzmoloia traolak, edo Trinkotzaindia (bere #daitort, #datsegit eta #daflipat guztiekin). Euskara Twitterren dago; ergo, euskara bizirik dago. Denek ezin dute berdina esan.

Euskara bizirik dago, eta ez da gutxi

Eta tira, askoz gauza eta berrikuntza gehiago. Hemen gutxi batzuk besterik ez ditut aipatu. Proiektu asko, gehienak txukunak, eta munduko beste hizkuntza batzuekin homologagarri egiten gaituztenak. Zer esanik ez lehendik datozen "beterano" guztiak (blog plataforma honek beronek, esate baterako, 10 urte beteko ditu laster; marka da, gero!).

Wikipedian aurreneko 50 hizkuntzen artean omen gaude; Googlerentzat ere existitzen gara (Google translaten, adibidez, 45. hizkuntza izan ginen); Twitterrek ere aintzat hartu gaitu eta 40. hizkuntza gara. Tira, azken batean, Calvet barometroaren isla: munduko 50. hizkuntza "bizienen" artean gaudela.

Baietz; ondo gabiltzala Interneten. Hobeto egon nahiko genukeela? Nork ez. Baina trena hartu dugu: euskara bizirik dago Interneten, eta ez da gutxi.

Serafin Basauri
Serafin Basauri dio:
2013/03/23 11:02
Bikain Asier. Eskerrik asko.
gauzapolitak
gauzapolitak dio:
2013/03/24 14:47
Bultzada polita Asier, mila esker!
Josi
Josi dio:
2013/03/27 16:49
Ez dadila trena gelditu Asier ;-)
Hurrengo geltokira iristerakoan, ordutegia begiratu eta... ea sasoiz ote gabiltzan ikusi beharko!
Eskerrik asko positiboki begiratzeagatik :)
Josi
Urtzi
Urtzi dio:
2013/04/12 23:38
Aupa Asier!

Bai egia da gauza asko eta interesgarriak ari direla plazaratzen interneteko mundu honetan. Baina hedabide eta tresnak euskaraz edukitzea bezain garrantzitsua iruditzen zait twitter edota facebooken ikusi ditudan azken fenomeno batzuk: memeak. Batzuk hasi dira memeak (edota "txisteak" esan liteke) euskaraz egiten. Facebooken adibidez, bereziki interesgarria iruditu zaidan kontu hau aurkitu dut: https://www.facebook.com/[…]/480672531963686. Bertan, irudiak esaldi epiko edota metaforikoz beteak zabaltzen dira.

Gazteengan urrea bezain preziatuak direnak. Eta gezurra dirudi baina horrelako gauzatxoek eragina dute 14 urtetik gorakoengan. Nire sorpresarako arrakasta izaten ari da facebook kontu hau gainera... Eta harridurarako baita, @euskarazEH, @esaldiakeuskaraz, @betieuskaraz... bezalako twitter kontuek duten zabalkundea. Aztertu beharreko fenomenoa noski!

Antzerako gauzatxoak eta hizkuntzarekin egiten diren jolasak oso garrantzitsuak dira. Ea gehiago ateratzen diren!!
Elixabete
Elixabete dio:
2013/06/03 12:51
Joxepa Antoni Aranberri Petriarena bertsolariaren gaineko lan hau ere Sarean jarri dugu: http://www.errenteria.net/eu/html/58/4015.shtml
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz