Guía del autoestopista galáctico (Douglas Adams, 1979)
Guia del autoestopista galáctico
Douglas Adams
Anagrama 2007 (jatorrizkoa, 1979)
188 orrialde
Ford Prefect, Betelgause planetan jaiotako bidaiari bat, Galaxian barrena dabil joan-etorrian, Galaxiako Autoestopistaren Gida eguneratzen (galaxian barrena dabiltzan bidaiarientzat ezinbesteko gida, Lonely Planet gida sideral moduko bat). Lurrean dagoela Arthur Dent ezagutuko du, Londres ondoko herritxo batean bizi den pertsona "normal" bat. Baina Vogondarrek beste plan bat dute lurrarentzat: suntsitu egingo dute gure planeta autopista hiperazkar bat eraikitzeko. Hortik aurrera, Ford eta Arthur hara eta hona ibiliko dira galaxian zehar eta hainbat abentura biziko dituzte elkarrekin.
1978an irrati-komedia moduan sortu zuen Douglas Adams idazle britainiarrak eta hurrengo urtean kaleratu zen "The Hitchhiker's Guide To The Galaxy" eleberri ezaguna. Umorezko zientzia fikzioaren barruan libururik ezagunetarikoa (eta salduenetakoa). Izandako arrakastaren ondorioz beste produktu batzuk ere sortu ziren ondoren (komikia, telebista-seriea, bideojokoak, filma...).
Liburu ganberroa, imajinazioz gainezka egiten duena, umore ironiko eta absurdoz josia. Iban Zalduaren Si Sabino viviría edo Eduardo Mendozaren Sin noticias de Gurb gogorazi dizkit. Gustura irakurri dut. Aukeran, laburregia (188 orrialde, nik irakurritako edizioan). Jarraitzeko gogoa geratu zait. Eta badut lana, idazleak beste 4 liburu ere idatzi baitzituen (trilogia bat bost liburukitan, horrelaxe definitu izan zuen idazleak bere lana): El restaurante del fin del mundo, La vida, el universo y todo lo demás, Hasta luego, y gracias por el pescado, eta Informe sobre la Tierra: fundamentalmente inofensiva.
Eskerrik asko gomendioagatik, @filoblogia eta @jozulin.
Hemen filmaren trailerra: