Scanner, Leire Bilbao (Susa, 2011)
Ez dut (ia) sekula poesiarik irakurtzen. Tarteka, liburu zatiren bat edo beste, asko jota, poesia solte batzuk, lantzean behin. Oraingoan, baina, Leire Bilbaoren azkena, "Scanner", deika etorri zait. Azken egunotan han eta hemen agertu zait, kukuka: liburu-denda bateko erakusmahaian, Sautrelako kapitulu batean, Twitterreko komentario batzuetan... eta ezin izan dut ihes egin.
Opor bezperan Eibarko liburutegira egindako bisitaldian, hantxe zegoen gomendatutako liburuen artean, goi-goian, pare-parean. Eta nirekin etorri zen etxera (Tabucchiren beste batekin batera).
Leire Bilbao Barruetabeña (Ondarroa, 1978). Zuzenbide ekonomikoan lizentziatua da eta banketxe batean dihardu lanean. Haur literatura idatzi du, gehienbat, eta hauxe du bere 2. poesia-liburua (Ezkatak argitaratu zuen 2006an). Zenbait hedabidetan ere idatzi izan du (info pixkat, Zubitegian, Wikipedian eta Argiako elkarrizketa batean).
Tira, poesiaz dudan ezjakintasunetik esan dezaket gustura irakurri ditudala Bilbaok idatzitakoak. Poema pertsonalak, familiarrak asko, etxe barruan urteetan zehar pilatutako irudi horituak, scanner bidez papereratuak. Xabier Mendigurenek esan zidan ederra, sakona, ausarta eta aztoratzailea zela "Scanner". Ez dut erreferentziarik "ausardia" epaitzeko, baina gainontzeko 3 adjetiboekin ados nago. Dena dela, poesiarik xinpleenak gustatu zaizkit gehien. Minimalistenak, xume, zuzen eta gordinenak; batez ere “Amaz erditu naiz” eta “Zakurrak labadoran” izeneko atalak, ez horrenbeste garraioen ingurukoa, adibidez.
Nire lehenengo aldia izateko,... ez da gaizki egon ;-)
Hona hemen Hasier Etxeberriak Leire Bilbaori Sautrelan egindako elkarrizketa.
Adibiderako, hementxe poemetako bat:
Zu hil zinen egunean labadora bat erosi nuen.
Atexka zabaltzean
oinak busti zitzaizkidan,
ezustean harrapatu ninduen urak.
Erreka urdinak ditut bularrean, badakizu,
itsasoak gainezka egiten dit ahotik.
Labadoraren eskotillatik itsasoari begira izan zen,
bat-batean xaboi eta trapu artean
olatuak eraman zintuela jakin nuen,
garbigailu barrura atzamarrak sartu
eta zure bila aritu nintzen alferrik.
Ahotik egin nuen negar
belarrietatik zilborretik
eskuetatik azaletik,
eta orain hildako ibaiak ditut zainetan,
eta labadora berri bat.