Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Txolarrea, hormatxoria, artatxoria,... Txori honen zenbait sinonimo eta euren hedadura.

Txolarrea, hormatxoria, artatxoria,... Txori honen zenbait sinonimo eta euren hedadura.

Asier Sarasua 2013/03/24 20:45
Maite Goñiren #gaurkoHitza ekimenean txoritxo bati egokitu zaio gaurkoan, "txolarreari". Berak ondo dioen moduan, hainbat sinonimo ditu txori txiki ezagun honek. Izan ere, leku gutxitan deitzen zaio berez "txolarrea".

"Txolarre" dakar gaur #GaurkoHitzak. Hiztegi eta testu-liburu nagusietan ere txolarreak agertuko zaizkigu nagusiki, baina hegazti gehienen moduan, txori honek hainbat sinonimo ditu, eta gehienak txolarre bera baino dexente hedatuagoak (Elhuyar hiztegiak txolarre hobesten duen arren, besteen aurretik).

Eskualde batzuetako datuak falta zaizkidan arren (ia Iparralde guztikoak), hona hemen azken urteotan jaso ditudan izenetako batzuk, eta gutxi gora-beherako hedadura. Kontuan izan, hain txori ezaguna izanda, arrunta dela herri bakoitzean bizpahiru izen izatea.

Besteren bat ezagutzen edo erabiltzen baduzu, gustura jasoko nuke!

Hemen, ba:

  • Artatxori: Bizkaieraren ia eremu guztian (Durangaldean, Mungialdean, Busturialdean, Legution...) Eibar ingururaino. Hauxe da, hedaduraz, berbarik zabalena, baina eskualderik gehienetan beste sinonimoren batekin batera agertzen da.
  • Burgoi, burrigoi, burgoitxori: Beasain.
  • Elizatxori (eleitxori, eliztxori...): Arratian, Otxandion, Aretxabaletan, Getarian, Errezilen, Gizaburuaga-Ea-Aulesti inguruan, Lapurdin, Zuberoan (herririk gehienetan).
  • Etxetxori: Nafarroa garaiko eskualde askotan (Leitza, Baztan, Oitz, Imotz,...), Gipuzkoako mugako herri batzuetan (Berastegi, Ataun...) eta Lapurdiko alderdi batzuetan.
  • Etxolar: Andoain
  • Galartxori: Etxarri-Aranatz.
  • Garaitxori: Aezkoa.
  • Gorrilloi, gorrillota: Bergara-Antzuola.
  • Hormatxori: Ermua-Eibar-Elgeta-Soraluze... Azpeitia-Errezil-Aia...
  • Kaletxori: Aretxabaleta-Eskoriatza... Zerain.
  • Kurloi, kurrilloi: Lea-Artibai (Munitibar, Berriatua, Markina,...), Durangaldea (Elorrio, Abadiño, Berriz, Mallabia...), eta Debagoiena (Arrasate, Oñati, Antzuola...), eta eskualde horien alboko zenbait herritan (Muxika, Mendata, Azkoitia...).
  • Lapurtxori (txorilapur): Beasain, Olaberri... Errezil.
  • Larratxori: Mutriku.
  • Mokomotz (txorimotz): Azpeitia, Beizama, Aia, Zestoa, Errezil, Beasain...
  • Metatxori: Zuberoa.
  • Murrutxori (murruxori, murruzori): Nafarroa Beherean.
  • Pardel: Ondarroa.
  • Paretatxori (paatzoi...): Oiartzun, Errenteria, Hondarribia, Bera...
  • Patxizar: Deba, Zumaia, Aizarnazabal, Zestoa.
  • Teilatxori: Ubidea.
  • Torretxori, torrotxori: Mendexa, Amoroto, Ispaster, Ea, Lekeitio, Nabarniz... Zerain. Legutio.
  • Txau, ttau, txantxau...: Pasaia, Hondarribia.
  • Txolarre, txoarre, txuarre: Zarautz. Hernani-Arano.
  • Txorrotxori: Orio.
  • Txuerra: Elgoibar-Mendaro-Deba.

Horra, ba, orain arte jaso dudana. Horko batzuk, beharbada, bateratzeko aukera legoke (txolarre-txuerra; gorrilloi-kurloi-burrigoi;...), baina oraingoz beude horrela.

    Horietaz gainera, beste izen batzuk ere jaso ditut, erreferentzia bibliografikoetatik edo lekukoren baten ahotik, baina ezin ditut ziurtatu, ez sinesgarritasuna, ez hedadura geografiko posiblea. Adibidez: abadetxori, ganbaratxori, garitxori, garraio, karatxori, karrato, kurroe, lastatxori, parratxori, txirlu, txorilarri.

    Irudia: Wikimedia.

    gorkaazk
    gorkaazk dio:
    2013/03/29 10:23
    Artikulua asko gustatu zait; eu.wikipedia.org-ra zatitxo bat kopiatu dut. http://eu.wikipedia.org/wiki/Txolarre#Euskal_izenak

    (Lehenengo kopiatu eta gero baimena eskatu ;-)

    Nahi baduzu, jakina, aldatu edo ezabatuko dut kopiatutakoa. Bestela eu.wikipediari oparituriko zure emaitza hortxe geratuko da.
    gorkaazk
    gorkaazk dio:
    2013/04/01 11:04
    Nire informatzaile batek, Gososarri baserriko (42.994823,-2.563207) azken umeak, 1932. urtean jaiotakoak, hitzari buruz galdetu nionean bururatu zitzaion lehen hitza "tximintxa" izan zen. Tximintxa hormetako zuloetan habia egiten zuten txori txikiak ziren. Gero konturatu zen tximintxa beste antzeko txori bat zela, haiek ere "artatxori" hitza erabiltzen zutela.
    Bide batez, Gatzaga-Eskoriatza artean dagoen baserri horretan, habia, kabia esateko "afixia" hitza erabiltzen zuten.
    gorkaazk
    gorkaazk dio:
    2013/04/01 11:10
    Txarto idatzi dut *Gososarri. Benetan Gorosarri du izena. Inguruko askok Gorotzarri (Garaikua) esaten zioten.
    Anonimoak dio:
    2013/04/02 23:23
    Blog honetako eduki guztia CC-by-sa lizentziakin banatzen dot (kontrakorik ez badiñot, behintzat). Pozten naiz Wikipediara be heldu dalako ;-)

    Eskoriatza-Gatzaga inguruan Kurrilloi eta Artatxori jaso dittut. Tximi(n)txak edo Tximu(n)txak "Parus" familixako txorixak dira Leintz aldian (beste eskualde batzuetan burubaltzak edo kaskabeltzak deitzen diranak).

    Eskerrik asko komentarixuengaittik, Gorka.
    Rafa Saiz Elizondo
    Rafa Saiz Elizondo dio:
    2013/04/08 10:14
    Apunta hau ere, Asier:

    Etxolarra (Andoain)
    Eñaut Agirre Goia
    Eñaut Agirre Goia dio:
    2013/10/01 13:55
    Hernanin Txoarria esaten zaio, eta badira txoarriya esaten diotenak ere. Hernaniko Kronikako artikulu bat bidatzen dizuet: http://www.kronika.net/inde[…]=txoarri&buscar=txoarri

    Ondo segi!
    asier
    asier dio:
    2013/10/07 21:24
    Eskerrik asko, Eñaut eta Rafa! Apuntatuta!
    Alberto Mtz. de la Cuadra
    Alberto Mtz. de la Cuadra dio:
    2014/06/30 09:02
    Artikuluan ez duzu aipatu, baina Euskaltzaindiaren "Euskararen Herri Hizkeren Atlasa"n baduzu mapa bat (167. zenbakikoa), eta han beste hainbat izen ageri dira:
    http://www.euskaltzaindia.net/[…]/167.pdf
    Iruzkina gehitu

    Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

    Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
    Erantzuna:
    Aurkezpena

    Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

    Asier Sarasua Aranberri

    Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

    ..........................

    Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

    Somerights20

    ..........................

    Blog honetako gai nagusiak

    Sarean

    Asier Sarasua Aranberri Twitter

    Asier Sarasua Aranberri Flickr

    Asier Sarasua Aranberri Facebook

    Liburu eta proiektuak
    Lehen Hitza Euskaraz