1948ko pilota finala: Gallastegik 22 - Atanok 6 [bideoa]
Hortxe Gallastegi jo-ta-apurtu; hortxe Atano nahi-tta-ezin. Pelotamano.com webgunian 1948ko finaleko irudixak hartu dittue eta, argazki batzuekin dotoretu ostian, hemen ikusgai.
Nere aitxitxa Antonio Sarasua teknofilo hutsa zan. Artista haundixa izatiaz gain, teknologixazale amorratua zan. Beran lehenengo soldatiakin (edo soldatekin) argazki-kamara bat erosi zeban, oindiok 16 urte zekazela, 1928 inguruan. Gerra ostian tomabistasa lortu zeban, pelikulak grabatzeko. Kolorietako lehenengo telebistia be beran etxian ezagutu neban; eta lehenengo Betamax grabagailua, eta lehenengo VHS grabagailua,... 90 urte betetzekotan be, hortxe jarraitzen zeban gabeko ordu txikixetan telebista saiuak grabatzen.
Berari eskerrak, familixako dozenaka pelikula-ordu daukaguz, eta baitta milaka argazki be.
Etxian grabautako irudixekin batera, baina, sasoiko hainbat ekitaldi grabau zittuan. Eibarko jaixak, bizimodua, sasoiko kultura eta kirol munduko zenbait kontu,... eta pelota partiduak! Ez zan alperrik izan munduko pelotari onenan laguna. Migel Gallastegina, jakina!
Super8 eta Super16 formatuetan grabautako irudi guztiak Euskadiko Filmategian laga zittuan hil baino pixkat lehenago, edozeinen esku egon zeittian. CC-by-sa, aupa aitxitxa! ;)
Hantxe dagoz, bestiak beste, Gallastegik eta Atanok 1948xan jokatutako finalan irudixak. Hortxe Gallastegi jo-ta-apurtu; hortxe Atano nahi-tta-ezin. Pelotamano.com webgunian finaleko pelikulako irudixak hartu (aitxitxak grabautakuak) eta, argazki batzuekin dotoretu ostian, sarian ipini dittue.
"Tiempo de silencio" (Martin-Santos, 1962), Espainiako gizartearen argazki zorrotza
Tiempo de silencio izan zen Martin-Santos idazle donostiarrak argitaratutako eleberri bakarra. 1962an zentzurak kazkamoztuta argitaratu ondoren, 1981ean argitaratu zen osorik.
Madril, 1949. Gosea eta analfabetismoa; itxurakeriak eta moral ertsi (eta aldi berean ezin malguago) premiak bultzatua. Garaiko gizartearen eta bizimoduaren erradriogafia ia mediko primerakoa. Madrilgo txabola-auzoetako bizimoduaz eta hango familiez egiten duen deskripzioa, edo Don Pedro doktore protagonista bizi den apopilo-etxeko familiaren argazkia, edo gerra osteko goi mailako familiena, edo polizia munduaren zulo erreal zein metaforikoena,...
Nabarmena da estilo pertsonala lantzeko idazleak egiten duen ariketa, ahots eta tonu ezberdinez eraikia, lexikoari zein sintaxiari garrantzi izugarria eskainiz, orain prosa jaso esaldi superluzeduna harilkatuz, eta ondoren behe mailako jario zarpaila txertatuz; orain barne bakarrizketan, orain bigarren pertsonan edo zeharkako estiloan.
Horixe izan da liburu honi buruz gehien azpimarratu den ezaugarria, garaiko estiloaren aurrean zekarren berrikuntzarena. Idazleak ere liburuan bertan nolabaiteko aitormena egiten duela esango nuke, Cervantesen inguruan zera aipatzean (eta, zeharka, nik uste, bere helburuez):
¿Qué es lo que realmente él quería hacer? ¿Renovar la forma de la
novela?, ¿penetrar el alma mezquina de sus semejantes?, ¿burlarse del
monstruoso país?, ¿ganar dinero, mucho dinero, más dinero para dejar
de estar tan amargado como la recaudación de alcabalas puede amargar a
un hombre?
Hara Martín-Santosen asmoetako batzuk, beharbada. Estilo-ariketa bat, baina gerra osteko gizartearen (eta, oro har, Espainiaren) erradiografia zorrotza eginez. Idazkera berezi samar horren ondorioz, ez da ez liburu erraza Tiempo de silencio; pixkat astuna ere gerta daiteke tarteka (edo horrelaxe iruditu zait niri, behintzat), gehienbat loratu beharraren loratuaz parrafo eta deskribapen amaigabeetan itotzen denean. Baina bai interesgarri eta erakargarria, hainbat pasarte zoragarrirekin eta garaiko bizimoduaren/gizartearen kritika zorrotzak uzten digun hausnarrerako gaiarekin. Gogoratzen den lan horietako bat, azken batean.
Luis Martín-Santos Marruecosen jaio zen 1924an (aita ejerzitoarekin bertan zela), baina umetan iritsi zen Donostiara (1929an). Medikuntza ikasi ondoren, Gipuzkoako ospital psikiatrikoaren zuzendari egin zuten 1951. urtean. Eleberri bakarra idatzi zuen, hemen aipatu dugun hau 1962an argitaratua, eta handik gutxira hil zen Gasteizen, trafiko istripu batean. Fikziozko lan bakarra argitaratu zuen arren, Espainiako literaturaren historian eta XX. mendeko berrikuntzan giltzarri izan zela aitortu izan zaio, eta Tiempo de silencio joan zen gizaldiko lanik onenen artean aipatu izan da behin baino gehiagotan.
..........................
"Tiempo de silencio", Luis Martín-Santos (Seix Barral, 1962)
«Mi marido podía haberme dejado algo más pero no dejó sino su recuerdo, lleno para mí de encanto, con sus grandes bigotes y sus ojos oscuros y su marcialidad esquiva que nunca me permitió estar tranquila, porque él con su apostura gozaba en corretear tras las faldas, aunque más bien creo que eran ellas las que caían embobadas, pues a él no me lo imagino corriendo por ninguna; el caso es que siempre se encontraba con una en sus brazos, máxime cuando iba de uniforme que nunca dejó de gastar íntegra la masita en eso, en el adorno de su belleza y en su apostura. Además del recuerdo de su brillante estampa y de la niña –que ahí la tengo tan parecida a él con su apostura también y casi con su bizarría y por lástima incluso con un bozo moreno que me recuerda su bigote- me dejó la pensión del Estado para los caídos en el campo del honor y una medalla que, añadida a las trescientas veinticinco con cincuenta, sigue siendo muy poca cosa para dos mujeres solas. Había también algunas figulinas de China, que él había traído de su campaña de Filipinas que hizo tan joven y en la que no obtuvo medallas por culpa de las envidias. Y gracias a que me había hecho mi niña ya antes de ir a las islas porque cuando volvió estaba inútil para la fecundación, no -gracias a Dios- para el amor, sino solamente para que yo pudiera quedar otra vez en estado, a mí que me hubiera gustado tener tres o cuatro, pero él que era muy hombre y que no podía retenerse tuvo que ver con una tagala convencido de que era jovencita pura y de que estaba limpia, pero le tuvo que pegar la infección la muy sucia y se la pasó toda a caballo, sin lavados y sin cuidado ninguno hasta que se le emberrenchinó y le llegó a tupir los conductos y aunque luego hizo lo que pudo y el médico naval de la fragata que era tan amigo suyo le quiso corregir, como a otros que habían ido con él y habían caído por ser hombres con otras tagalas, pero no hubo nada que hacer y nos quedamos sólo con mi Carmencita que tenía ya veintiocho años cuando él cayó definitivamente a manos de moros, cuando la catástrofe".
..
La vida puede ser dura pero, a veces, la gente del pueblo qué carnes tan apretaditas tienen y qué bien saben andar o hacer gestos o reír disparatadamente cuando nada provoca a la risa o estremecerse como de voluptuosidad, cuando lo único que ocurre es que hace sol y que el aire está limpio. Esa engañosa belleza de la juventud que parece tapar la existencia de verdaderos problemas, esa gracia de la niñez, esa turgencia de los diecinueve años, esa posibilidad de que los ojos brillen cuando aún se soportan desde sólo tres o cuatro lustros la miseria y la escasez y el esfuerzo, confunden muchas veces y hacen parecer que no está tan mal todo lo que verdaderamente está muy mal. Hay una belleza hecha de gracia más que de hermosura, hecha de agilidad y de movimiento rápido, en la que puede parecer que es sólo vivacidad lo que ya empieza a ser rapacidad y en la que la fijeza hipnótica de la mirada puede equivocadamente suponerse más debida al brío del deseo que a la escasez de la satisfacción.
Eibarko Euskal Jaiko kartelak (1965-1968)
Eibarko Euskal Jaixa 1965. urtian antolatu zan aurrenekoz. Batetik eta bestetik, lehenengo urtietako kartelak lortu ahal izan dittut, 1965-1968 bittarteakuak.
Horretan 4 urtietan Sagalá izeneko marrazkilari batek egin zittuan kartelok (ez dot lortu bere izena ziur jakitzerik; Juan Luis?). 1968an, Sagalá hil barri, aurreko 3 urtietako kartelak hartu eta danak batera ipini zittuen 68ko ediziñoko kartelian, Sagalari omenaldi moduko bat eitteko. Flickr-eko album honetan dagoz danak.
1965eko kartela. Inprentako probat bat dirudi, ez azkenengo bertsiñua. Artistian firmia daroia, "Sagalá".
1966ko kartela. Hau benetako kartela da, elebidun, antolatzaillien datuekin eta abar.
1967ko kartel orijinalik ez dot lortu, baina bai 1968ko kartela. Gorago esan dogun moduan, aurreko 3 urtietako kartelak batu zittuen (tartian 1967ko eder hori), eta collage estilora sortu zeben 1968ko kartela. Gure aman papel zaharren artian agertu jaku oin dala egun batzuk.
2015. urtian Eibarko Euskal Jaixak 50 urte bete zittuan eta, ekitaldi berezi horretarako 1965eko kartela berrerabili zan, pixkat moldatuta. 50 urteko historixiari eta tarte luze horretan antolatzaile lanetan ibilittako ehundaka laguneri egindako kiñua.
Kontua da ez dugula ezer ikasiko
Kontua da, matxoteek ez dutela uste ezer larririk egin dutenik; arazoa "filtrazioa" izan dela.
Kontua da, borreroek "kluba, herria, zaletuak eta euren buruak" jarri dituztela kaltetuen lehenengo multzoan; eta bigarren maila batean benetako biktima izan dena.
Kontua da, sare sozialetan irakurtzen diren txaloek lotsa eta beldurra sortarazten dutela.
Kontua da, klubarentzat garrantzizko bakarra, klubari eragindako kaltea dela. "Klubari eragindako kaltea". Klubari? Benetan?
Kontua da, Ipuruako hurrengo partiduan, jokalari horiek ez dutela txisturik jasoko. Zaletuek "babestu" egingo dituztela, "gureak" direlako, "gure koloreak" defendatzen dituztelako. Eta hori da futbola, beste guztiaren gainetik. Gogoratzen Betiseko Castrorena?
Kontua da, Eibarko gaztetxo guztiek ikusi dutela dagoeneko bideoa, eta inori ez diodala entzun hor ezer kezkagarririk egon daitekeenik.
Kontua da, gure seme-alabek futbolari horien argazkiak dituztela sakelakoan; euren follower direla sare-sozialetan; kalean ikusi eta gelditu egiten dituztela autografoak eskatzeko. Eta hemendik aurrera ere berdin jarraituko duela horrek. Gure seme-alabek ez dutela arrazoirik ikusten futbolari horienganako miresmena lausotzeko.
Kontua da, aukera ederra izan zitekeela gai honen inguruko hausnarketa egiteko Eibarko ikastetxeetan. Matxismoaz, intimitateaz, pribatutasunaz, besteen borondatea errespetatzeaz, egungo gizarteko ereduez, sare sozialen erabileraz... Etikaz. Baina, kontua da, ez dela aukera hori aprobetxatuko. Nahi bai oker banengo!
Kontua da, eskandalosoa iruditzen zaigula guztia, baina gure artean ere barreiatu ditugula irudiak, neskaren izena eta morboa.
Kontua da, aukera ederra daukagula eibartarrok (hiri guztiz eredugarri den Eibarko hiritarrok) eredu izateko. Kontua da, beldur naiz, kasu honetan ez garela eredugarri izango.
Kontua da, oraingoan ere, ez dugula ezer ikasiko.
............
Eranskinak (2016/10/15)
- Pare bat irakurlek aipatu didate, ikastetxeetan ez ezik, familietan landu beharreko gaia ere badela. Jakina. Uste dut ez dagoela esan beharrik ere. ;)
- Testuaren ezkortasuna ere aipatu didate (tonuan eta izenburuan). Bueno, tira, barren-barrenean uste dut beti ikasten dugula zeozer, eta gizarteak aurrera egiten duela, gutxinaka. Baita gai honetan ere. Hala ere, testuak "hobeto funtzionatzen" zuen izenburu horrekin. ;)
- Twitterren bideo hau izan dugu hizpide. Uruguayko kanpaina bat, intimitateaz eta pribatutasunaz. Ondo dagoela iruditzen zait.
Gazeo eta Alaitzako eliza erromanikoak (Iruraitz-Gauna, Araba)
Arabako lautadaren erdi-erdian, Iruraitz-Gauna udalerrian, Eusko Jaurlaritzak kultur ondasun izendatutako eliza erromaniko eder bi aurkituko ditugu: Gazeoko San Martin Toursekoa eta Alaitzako Andre Mariaren Jazokundearena.
Biak ere erromaniko; biak ere garaikide; biak ere hainbat mendez ezkutuan egon diren margolan ikusgarriz apainduak... eta, hala ere, zein baino zein ezberdinagoak.
Aukera izanez gero, bisita erabat gomendagarria. Argazkiak Flickr-en.
Gazeoko San Martin Toursekoaren eliza
Gazeoko elizan XIV. mendeko irudi "klasikoak" aurkituko ditugu: santuak, Jaungoikoa, zeru-infernuak, bibliako pasarteen iruditeria,... Margoak oso ondo kontserbatuta daude eta benetan ikusgarriak dira. Margoen inguruan info gehiago, aurkitzailearen eskutik.
Alaitzako Andre Mariaren Jazokundearen eliza
Alaitzako elizako irudiak, berriz, "marrazki" dira "margo" baino gehiago; xumeagoak, baina askoz bereziagoak. Ustez, lanbidez margolari ez zen norbaitek egindako lana omen da, eta egunerokotasunean oinarritutako irudiak aurkituko ditugu (betiere kutsu erligiotsuz jantzita, jakina), gerrako hainbat irudirekin batera, eta elementu geometrikoekin tartekatuta.
Teoria baten arabera, eliza oraindik margotu gabe zegoela, elizan aterpe hartutako soldaduren batek egindako "grafiti" modukoak lirateke (nolabait esateko). Ondoren, gainetik hainbat kare eta margo gotiko gainezarri ziren, duela hamarkada gutxi azpiko ondare berezi-berezi hori aurkitu zuten arte.
Hemaris generoko kolibri-sitsa
Hemaris generoa (Lepidoptera, Sphingidae). Tximeleta esfingidoen arteko talde berezia, nik neuk behintzat gutxitan ikusi dudana. Hemaris generoak 17 espezie ditu, guztiak ere Ipar Hemisferioan, Europan zein Ipar Ameriketan bizi direnak. Kolibri-sitsen taldea osatzen dute (hummingbird moths). Larbak gehienbat karduen taldeko landareetaz elikatzen dira.
Heldu eder hau Bonansan ikusi dugu (Ribagorza, Huesca). Erdi-hilda zegoela ematen zuen, hegan egiteko ere indarrik gabe.
Kolibri-sitsak ez dira nahastu behar Euskal Herrian askoz arruntagoak diren kolibri-esfingeekin (Macroglossum stellatarum), familia berekoak diren arren (Sphingidae).
Xoldokogaina (486 m), Txingudiko begiraleku paregabea
Pirinioak mendilerro zabal eta luzea dira, 450 km-tan barrena 3000 metrotik gorako hainbat gailur dituena. Baina erraldoirik handienak ere badu bere hasiera xumea, eta Pirinioena Xoldokogaina da (486 m, Biriatu). Lapurdi eta Gipuzkoako mugan, Txingudiko badiak osatzen duen panorama ederraz gozatzeko mendi samur eta erakargarria. Bere txikian, mendi gozagarria. Pirinioetako lehenengo gailurra.
Herritik bertatik abiatu eta ordu bete eskasean izango zara tontorren, neke eta zailtasun handiegirik gabe. Bidea ondo markatuta (izan ere, GR-10 transpirenaikoa bertan hasten da), haurrekin egiteko ere mendi aproposa. Alde batera Aiako Harriak; bestera Larrun; pare-parean, uneoro, Kantauri itsasoa eta Txingudiko badia.
Neguan igo genuen; udarako ere egoki-egokia. Behin gailurrera igota, inguruko beste mendi batzuetara hurreratzeko ere aprobetxatu daiteke, Ibardineraino.
Biriatu, Lapurdi.
GR-10 ibilbidearen lehenengo kilometroak.
Ikuspegi zoragarria behetik goraino.
Agur sasoi oso bati
Kasetekin batera, sasoi oso bat geldittu da Garbigunian. Nere gaztaro osua, neurri batian. Garbigunian geldittu dira nerabetxo giñaneko Hertzainak eta Itoiz hasibarrixak, Bartzelonan grabau eta gastau arte entzundako Sopa de Cabra eta Els Pets, lagun arteko jaialdi baterako grabautako maxi-mixa, Portugaleko ikasketa-bidaian ordu txikixetan erosittako Bob Marley... honek eta harek erregalautako beste makina bat kasete kutun. Sasoi oso bat; oroitzapen asko; bizitza erdi.
Neriak ez ezik, aittanak eta aitxitxanak izandakuak be hantxe juan dira. Teenager letra lodixakin idatzittako neriak; txukun-txukun grabau eta gordetako aittanak; letra txiki ahaztezinakin "artxibautako" aitxitxanak. Dozena erdi gorde dittut rekuerdorako; beste ehundaka juan dira zakarretara.
Ez dakit gaur egungo gaztiak zerekin lotuko dittuen euren oroitzapen sentimental eta musikalak, baina gure adinekuok, behintzat, radiokasete zaharren inguruan irudikatzen dittugu gure gaztaroko hainbat eta hainbat momentu, on eta txar. Modurik kaskarrenian alkarri grabautako zintten inguruan. Alkarri erregalautako kaseten inguruan.
Hantxe juan dira zinttak zabortegira. Ez ostera oroitzapenak!
Basf eta Sony, Agfa eta TDK. Agur eta ohore.
Azkonarra bide baztarrian
Azkonarra (Meles meles) nahiko ugarixa da Euskal Herrixan, baina ez da errez ikusten dan animalixia. Lotsati eta gautarra, ikusi izan doten guztietan gabaz izan da, kotxeko faruen parian agertu jatanian.
Atzo hobeto ikusi ahal izan genduan, nahiz eta itxura txarraguakin. Santa Kurutzen (Eibar, Gipuzkoa) agertu zan, bide baztarrian, kotxe batek jo eta hilda.
Egixa esateko, gure txikixak emoziñoz bizi izan zeben zorigaitza. Gezurra dirudi holako animalixak bizi diranik gure inguruan, etxe albuan bertan. Hain gertuko eta hain ezezagun. Horren lekuko, inguruko pasiante guztiak hantxe genbizela, erretratuak atara eta atara.
Argazki batzuk Flickrren.
Hostazuria (Sorbus aria), zuri-zuri Urko magalean
Hostazuriak (Sorbus aria) hedadura zabala dauka Euskal Herrian, eta eskualderik gehienetan aurkitu dezakegu. Hala ere, esango nuke ez dela zuhaitz ezagun-ezaguna gehientsuenontzat.
Beharbada normalean bakarka hazten delako, beharbada askotan mendi labarretan bizi delako, edo handiegia ere ez delako. Hala ere, esan behar da nahiko arrunta dela, parkeetan ere aurkitu dezakegula, eta urteko sasoi honetan (apirila-maiatzean) oso nabarmena eta ikusgarria dela, zuri-zuria baita.
Izena nondik datorkion garbi geratzen da (hostazuria), hostoak berriak direnean zurixkak direlako (heldu ahala, gaineko aldea berdetu egiten da, azpitik zurixkara geratzen den arren). Lore zuri deigarria eta fruitu gorriak ematen ditu.
Eibarren Urko inguruan daude banaka batzuk, tontorrera heldu baino pixkat lehenago nabarmen-nabarmen geratzen direnak euren orri zuriekin. Ahaztuta neukan han zeudela, harik eta aste honetan, zuri-zuri jantzita aurkitu ditudan arte. Dozena erdi inguru, elkarren alboan, Urkoko 2. tontor azpian, hegoaldeko maldan, Abanzabalegi alderantz sakabanatuta.
Wikipediatik hartuta, laburpen txiki bat: 20 m arteko zuhaitza, baina altitude garaietan ez da zuhaixka neurritik pasatzen. Enborra grisaxka eta leuna du eta, zartatu egiten da ale zaharretan. Adakerak forma oboidea du eta oso adarkatua da. Loreak, multzo handietan bilduak, eta pedizelo eta kalizan ilaun zuriz estaliak. Korola 5 petaloz osatua eta, petaloak zuriak eta ilaundun azazkal batekin. Apirila eta maiatza artean loratzen da eta fruitua iraila eta urria artean heltzen da.
Europako zatirik handienean, Asia mendebaldean eta Afrika iparraldean hedatuta dago. Euskal Herri ia osoan ageri da, altitude ertaineko mendietan bereziki, eta, hegoaldera hurbilduta gero eta urriagoa da leku lehorrenetan desagertu arte. Horiez gain, beste leku askotan ere aurkitu daiteke, baina apaingarritzat asko landatzen delako.
Hosto-erorkorren nahiz koniferoen basoetan agertzen da talde txikitan, bereziki harri biluzia agertzen den tokitan. Hareharritan eta kareharritan hazi daiteke, baina bigarrenean hobeto. Hazkunde motelekoa da baina zepatik oso ondo hazten da eta oso sustrai-sistema indartsua duenez lurzoruak finkatzeko oso landare egokia da.