Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Udazkeneko irakurketak: Oilarraren promesa, Savolta, Tunela, Hiriart eta beste

Udazkeneko irakurketak: Oilarraren promesa, Savolta, Tunela, Hiriart eta beste

Asier Sarasua 2016/12/30 22:20

Liburuak irakurri eta amaitu ahala, saiatzen naiz, labur-labur bada ere, liburuak laga didan inpresioa 4-5 lerrotan zirriborratzen. Azkenaldian ez dut hartu tarterik iruzkin horiek blogera ekartzeko eta, tira, udazkeneko uzta nahiko oparoa izan denez, hona hemen azken asteetan irakurritako liburuen inguruko iruzkin edo ohar batzuk, guztiak elkarrekin eta labur bada ere.


Odessa, Forsyth"Odessa", Frederick Forsyth (Plaza y Janes, 1973)

Mundu gerra amaitu ondoren, Alemaniako nazi eta SS-ko kide askok ihes egin zuten; izena aldatu zuten eta bizitza zibilari ekin zioten inolako zigorrik gabe. Thriller eta espionaje trama baten bidez gai horri heltzen dio F. Forsythek. Kazetari bat "Rigako Harakinaren" atzetik hasiko da, eta begi bistan utziko digu gerrako hiltzaile askoren inpunitatea. Nola lasai asko bizi izan ziren, 80-90 urtera arte, batzuk Ameriketan, baina beste asko baita Alemanian bertan ere.

.............................

Justin Hiriart"Justin Hiriart", Fructuoso eta Harriet (Erein, 2015)

Gregorio Muro Harriet eta Francisco Fructuosok 80ko hamarkadan egindako balea-arrantzaleei buruzko serieko bost albumak integral batean atera zituen Erein argitaletxeak orain dela urte bete. Igor Leturiak aipatu zuen moduan, luxu handia da euskal komikigintzaren klasiko handi hau horrelako edizio oso batean izatea. Zoragarria! Ez galdu! 

...........................

Farenheit 451"Fahrenheit 451", Ray Bradbury (1953)

Zein gertu gauden liburu honetan irudikatzen den etorkizun konformista tristetik. Fahrenheit 451º: liburuek su hartzen duten tenperatura. Duela 65 urte idatzia, gero eta hurbilago daukagun gizarte eredua deskribatzen digu idazleak; massmediek eta botikek narkotizatutako gizarte eredua. Etxeetako hormetan pantaila erraldoiak daude, TV baino youtube estiloko "pastillak" ikusten direlarik gau eta egun; kotxeak gero eta bizkorrago doaz, nora joan ez duten arren; ez dago inon libururik (hasieran debekatuta zeudelako, baina dagoeneko benetan jendeak irakurri nahi ez dituelako); hausnartzea eta baita berba egitea edo pentsatzea ere ezohiko bilakatu da. Zoriontasuna ia "derrigorrezko" bihurtu duen gizarte bat, baina konformismo triste batek erabat estalita bizi dena.

..........................

Tunela, Sabato"El túnel", Ernesto Sábato (1948)

Liburu beldurgarria, gogorra. Kapitulu laburrez osatua, depresioaren tunelean harrapatuta dagoen protagonistak kontatuko digu nola eta zergatik hil zuen bere bikotekidea. Protagonista horren bakarrizketaren bidez pertsonaia sobera analitiko, biolento, inseguru eta korapilotsu bat aurkituko dugu, Sabatoren esku arinek bikain deskribatua. Liburu existentzialista eta psikologikoen artean katalogatuta aurkituko duzu, baina gaur egungo ikuspegitik, emakumeen aurkako biolentziaren inguruko eleberri bat dela azpimarratu behar da; depresioaren eta analisi psikologikoen gainetik, horixe da nagusitzen den gaia. Kontakizun latza, pertsonaia gorrotagarria,... baina, hala ere, liburua ezin askatuta ibili naiz pare bat egunez. Ahazten ez diren liburu horietako bat. Gaztelaniaz irakurri dut; euskaraz ere badago.

.................................

Nemesis, Jo Nesbo"Nemesis", Jo Nesbo (RBA, 2009)

Polizia eleberri entretenigarria, ohiko idazkera lau eta prebisibletik pixkat aldentzen dena, Nesboren lanetan ohitura den bezala. Traman gertatzen diren txiribueltak larregikoak dira kasu askotan, baina 520 orrialdeetan barrena interesa mantentzen laguntzen dute. Laburbilduz, polizia eleberri eskandinabiar tipiko bat, nahiko ondo harilkatua eta entretenigarria.

 

 ..............

Oilarraren promesa"Oilarraren promesa", Joan Mari Irigoien (Elkar, 2003 / Gero, 1976)

Espekulazio urbanistikoa errealismo magikoaren printzekin zipriztinduta eta saga historiko txiki baten inguruan harilkatuta. Tarteka Babilonia edo Poliedroaren ostoak gogoratuko digu, baina askoz maila apalagoko lana da "Oilarraren promesa. 1976an argitaratua lehenengoz, 2003ko edizio eraldatuan (Elkar) irakurri dut nik. Esan bezala, espekulazio urbanistikoa da eleberriaren erdigunean dagoen gaietako bat, Azpil izenez bataiatutako Altza delarik urbanismo zoroak jan nahi duen auzoa/herria. Horrekin batera, "handien" prepotentzia eta zapalkuntza salatzeko nahia ere ageri da orrialdeetan barrena, baita Frankismoaren eta Euskal Herriaren nolabaiteko metafora bat ere. Borroka nahiaren aldarri bat ere badago, nahiz eta borroka galdua izan hasieratik. Beharbada, "eusteari" buruzko gogoeta bat da. Eutsi beharra; itxaropenari eta borrokari eutsi beharra (inozente samarra).

........................

La verdad sobre el caso Savolta"La verdad sobre el caso Savolta", Eduardo Mendoza (1975)

Trama sozial-poliziala 1917ko Bartzelona burges/anarkistan. Eduardo Mendoza gazteak idatzitako lehenengo eleberria, irakurri dizkiodanen artean, beharbada onena. Javier Miranda izeneko gaztea da protagonista. Abokatu baten bulegoan hasiko da lanean eta bere eskutik XX. mende hasierako giro soziala eta politikoa ezagutuko ditugu (anarkismoa, grebak, eskaera sindikalak, gizarte erabat hierarkizatua, burgesia katalana,...). Trama sozial horrekin batera, trama poliziakoa ere badago (zenbait hilketa gertatzen dira) eta baita maitasun historia naif samar (pare) bat ere. Hari kronologikoari muzin eginez, Mendozak txatalka aurkeztuko dizkigu gertaerak, horretarako hainbat ahots eta forma narratibo erabilita. Amaiera erdizpurdikoak zertxobait zapuzten du funtsean oso eleberri interesgarria iruditu zaidana.

............................

NonNonBa"NonNonBa", Shigeru Mizuki (Astiberri, 2010)

Shigeru Mizuki marrazkilari ezagunaren kontakizun autobiografikoa, bere txikitako urteetan zentratua (1930eko hamarkada Sakaiminaton, Japonia hegoaldeko herri txiki bat). Nostalgia, samurtasuna eta umorea nahasten ditu, kontakizun itxuraz xume baina sakon batean. Liburuan zehar pertsonaia baten oihartzun etengabea izango dugu, NonNonBa-rena, Shigeruren etxe ondoan bizi zen amona xaharrarena. Berari esker, Japoniako kondairen eta izpirituen berri izango du Shigeru umeak. NonNonBak aurkeztuko dizkion pertsonaia fantastiko horiek erabat baldintzatuko dute Shigeruren bizitza, ez soilik umezarokoa baizik eta baita bere lan guztiarena ere. Azken asteotan irakurri ditudan beste komiki batzuen mailara heldu barik (Etxea, Hiriart edo Persepolis), baina hau ere gustatu zait.

.............................

Nafarroako-artizarra

"Nafarroako artizarra", Joxemari Iturralde (Elkar, 1984).

Erramun euskaldun judu bilakatuak, dagoeneko zahartuta dagoelarik, bere bizitzaren historia kontatzen die Aixa eta Jonah seme-alabei. Euskal literatura modernoaren hastapenetako lan ezagunenetako bat (Elkar, 1984), ziurrenik horixe da gaur egungo ikuspegitik gordetzen duen xarma nagusia.

 

..........................

Mecanoscrit del segon origen

"Mecanoscrit del segon origen", Manuel de Pedrolo (Edicions 62, 1974)

Literatura katalanak eman duen eleberririk ezagun eta arrakastatsuenetakoa, salmenta aldetik marka guztiak gainditu dituena (horretan eragina du gazteen artean duen harrerak). Zientzia fikziozko eleberria, 1974an argitaratua (aspalditxo, beraz). Etorkizun apokaliptiko bat aurkezten digu: extralurtarrek gure planeta suntsitu dute eta gizaki gehien-gehienak hil dituzte. Alba (14) eta Didac (9) gazteak bakarrik geratzen dira eta eleberrian zehar ikusiko dugu nola lortzen duten aurrera ateratzea hurrengo urteetan zehar. Liburuak hutsune handi-handiak ditu: egoera gehienak ez dira sinesgarriak, idazleak ez du inongo xehetasunik eta deskripziorik ematen (ez inguruneaz, ez gertaeretaz, ez pertsonaien sentimenduetaz,...), pertsonaiak ere ez daude ondo eraikiak,... eta, hala ere, gustura irakurri dut eta esango nuke "funtzionatzen duela". Horretan zeresana du, liburuaren erritmoak eta antolaketa bereziak (beti berdin hasten diren 300 parrafotan), eta lanak iradoki nahi duen berpizkunde nahia. Katastrofearen aurrean, inolako loturarik gabeko 2 gaztek mundu berri bat eraiki nahi dute, arrazismorik gabea (Didac beltza da), berdintasunean (protagonista emakumea da), eta tabu sexual eta erligiosorik gabe. Hautsi ditzagun orain arteko arauak eta hasi gaitezen berriro (liburuaren amaieran argiago ulertzen da mezu hori). Hori dela eta, ulergarria da oraindik ere gazte katalanen artean duen harrera. 

................................

Txernobilgo Ahotsak, Svetlana Aleksiebitx"Voces de Chernobil", Svetlana Aleksiebitx (2006)

Sariak gainbaloratuta daudela. Baina ze lan puska nobel saridunarena. Demasa Txernobilgo Ahotsak. Historia ofizialaren ordez, ezkutuko lekukoei eman die ahotsa kazetariak; gertakizunen kronikaren ordez, sentimenduei eman die lehentasuna Aleksiebitxek. Forma aldetik ere, idazleak bere burua erabat ixiltzen du, eta Txernobilgo katastrofearen biktimen ahotsen transkribatzaile huts bilakatzen da. Horrela ezagutuko ditugu suhiltzaileen, "likidatzaileen", zientzilarien, kazetarien, militarren, gaixoen eta politikoen lekukotasunak. Eta, batez ere, gaixoen eta hildakoen guraso, seme-alaba eta alargunen negarra. Txernobilek mundua, historia, neurria eta gizakia bera aldatu zituelako. Oso-oso liburu gogorra, Txernobilek Ukrainian eta Bielorrusian utzi duen egoera bezain bestekoa.

.............................

X hil da (Alaine Agirre, Elkar)"X hil da", Alaine Agirre (Elkar, 2015)

Maitasun tristura dolu beldur obsesibo baten bariazio musikalak. Prosa ederrez jantzia, idaztea zer den menperatzen duen idazle baten eskutik; sintaxi eraginkorra, berba doiak, erritmo musikala; lirikotasunerako (eta irudietarako, sinonimiarako...) joera ondo aukeratuaz. Liburu gordin eta intentso bat.

 

..........................

 

Ondorengo hiru liburu hauen iruzkinak lehenago ere ekarri ditut blogera, zabalago. Hala ere, iruzkinak irakurri ez bazenituen, ona hemen laburtuta, oso liburu interesgarriak begitandu zaizkit eta.

 

Zu, Lertxundi"Zu", Anjel Lertxundi (Erein, 2015)

Pankreako minbizia diagnostikatu zioten Zu-ri, Lertxundiren emazteari, 2012ko uztailean. Gai latz horretatik abiatuz, lan ederra sortu du Lertxundik. Liburu sakona, hari asko josten dituena, baina gehienbat mezu nagusi bat zabaldu nahi duena: oinaze eta minaren aurrean ere aurrera jo beharra. Izan ere, Zuk asko du oinaze eta minetik, eta badu beste horrenbeste hausnarketatik. Baina badu, baita ere, itxaropenetik; eta bizipozetik; eta bitalismotik. Eta badu, gainera, maitasunetik, maitasun historia ederra aurkituko dugulako orrialdeetan barrena. Liburu arin eta alai bat? Ba, ez. Baina bai liburu eder bat, barruraino sartuko zaizuna. Iruzkin luzeagoa orain egun batzuk: "Zu", Anjel Lertxundi.

...........................

Etxea, Paco Roca"Etxea", Paco Roca (Astiberri, 2016)

.............................

Persepolis, Marjane Satrapi"Persepolis", Marjane Satrapi (2000)

Irango herriaren historia, 1975-1983 bitartean, idazlea bera den neskatila iraultzailearen begiekin ikusia. Maila ertaineko familia ezkertiar bateko alaba da Satrapi. 1969an jaioa, haur-gazte zela bizi izan zituen Iranek 70. hamarkada amaieran bizi izan zituen aldaketak. Sha diktadorea botatzeko iraultza, islamistak indartu eta boterera igotzea, Iraken aurkako gerra, eta abar. Familia ezkertiar batean jaioa, Satrapik ikusi zuen nola arxismoa eta punk musika hizpide izatetik, erdi arora igaro ziren herria eta etxea 6-8 hamar urte eskasean. Haur zela bizi izandako oroitzapenetan oinarrituta, garai haren kronika bikaina egiten du Satrapik. Laztasuna umorez eta zorroztasunez kontatua. Erabat gomendagarria. Iruzkin luzeago orain aste batzuk blogean: "Persepolis", Marjane Satrapi.

........................

etiketak: komikiak, liburuak
xme
xme dio:
2017/01/04 11:18
Pedrolorena ere euskaratuta dago, aspaldi: "Bigarren jatorriko makinizkribua" http://www.armiarma.eus/emailuak/elkar/pedrolo.htm
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz