Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Helduleku askoko maisu-lana

Helduleku askoko maisu-lana

Amatiño 2015/12/25 20:35
“Ars vivendi” bat eskaini digu oraingoan Andu Lertxundik. “Heriotzari bizkarra erakustea ezinezkoa denez, zergatik ez heriotza biluztu?”. Kontakizun limurgarria, taxuz eta zentzuz. Irakurgai gozagarria, eraz eta moldez. Helduleku askoko maisu-lana.

Narratzailearen emazteari (Zu) pankreako minbizia diagnostikatu izanak, munduaz zuen perzepzioa aldatzen dio senarrari eta “ordutik beste bat du munduan egoteko eta munduan sentitzeko modua”.

Saionobela gisako dietario hibridoa omen, obraren egikera. Kazetaritzatik hurbilago, nonbait, autorearen begirada, fikziotik baino. Haatik, “Kazetaritza Berria” (Non-fiction Novel) delakoaren ildotik, eta, horretara, zer gerta ere, beti, Lertxundiren beraren ikuspegitik.

Idazleak badaki bera dena, hain zuzen, “biluztea eta aitortza lizunkeriatzat hartzen dituen gizarte bateko parte”. Baita aitortu ere, idazlearen beraren literatura-gaixotasuna “Zuren minbizia baino lizunagoa dela, ez baitu ezer errespetatzen. Ezta Zuren gaixotasuna ere”.

Inondik ere itxaro ez zuen trantze horretatik abiatuz, Lertxundi literato helduak eta Lertxundi kazetari behatzaileak elkarlanean hausnartu dute makinatxo bat "helduleku", emaztea bereak galtzen joan ahala, oinazeaz, sufrimenduaz, eutanasiaz zein osasun-sistema publikoaz, baina baita duintasunaz, sinesmenaz, arteaz, literaturaz, umoreaz edo bizitzaren ederraz ere.

Horren ataka gordin eta latzaren aitzinean durduzatzeke, saioa ez da inondik ere goibel edo etsigarria, adoretsua baizik. Gogotik inarroslea bai, baina beti ere erabat suspergarria. Errotik baiesten duena zein “harrigarria den gizakiok daukagun egokitzapenerako ahalmena”.

Funtsean amodio-historia sakona, inbidiagarria, maitasun-aitortza zehatzik inon aipatu ez arren: “Laster berrogei urte egingo ditugu elkarrekin”.

Kontakizun limurgarria, taxuz eta zentzuz. Irakurgai gozagarria, eraz eta moldez. Maisu-lana.

anjel-lertxundi

ZU. Anjel Lertxundi. Erein argitaletxea, 2015

jaime
jaime dio:
2015/12/28 16:51
Maisu lana da liburu hunkigarri hau, baina, batez ere, eredugarria. Guretzat, hirurogeita hamar urteko muga atzean utzi dugunontzat, eta, etxeko damaren heriotzaren lekuko izatearen beldurrez bizi garenontzat – momentuz osasunez betea izan arren – sekulako eredu humano, bihoztun eta eskergarria eskaintzen digu Anduk, eskuzabaltasun handiz, ezinbesteko liburu honen bidez.
Zinez, poztekoa da, hainbeste kanpoko best-sellerren artean, gure Herriko idazle batek euskaraz idatzitako liburu sakon bat, eta halere irakur erraza, topatzea. Amatiñok dioen bezala, ez da testu goibel edo etsigarria, adoretsua baizik; bizitzari eta heriotzari neurriak hartzen jakin izan duen idazle, eta senar, kementsu baten oparia! Milesker Andu!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: