Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / "Zu", Anjel Lertxundi (Erein, 2015), ontsa bizitzeko bidia

"Zu", Anjel Lertxundi (Erein, 2015), ontsa bizitzeko bidia

Asier Sarasua 2016/12/27 23:20
"Ontsa hiltzeko bidia" idatzi zuen Joan Tartasek 1666. urtean. Lertxundiren lanak ere heriotza du gai nagusi, baina Tartasek ez bezala, "ontsa bizitzeko" manuala laga nahi izan du idazle oriotarrak. Bizitzak (gehiago edo gutxiago) berezko duen sufrimenduaren aurrean, gure mundualdi labur hau zukutu eta gozatzeko bidia.
"Zu", Anjel Lertxundi (Erein, 2015), ontsa bizitzeko bidia

"Zu", A. Lertxundi (2015)

Pankreako minbizia diagnostikatu zioten Zu-ri, Lertxundiren emazteari, 2012ko uztailean. Ia-ia hasierako unetik, idazlea apunteak eta oharrak hartzen hasiko da, nahiz eta ez duen uste sekula liburu bilakatuko denik. Hasiera hartan moleskine pribatuko ohar solte ziren haiek, baina, liburu forma ederra hartu zuten handik eta hilabeteetara, Lertxundik Zu (Erein, 2015) aurkeztu zuenean.

Lau ardatz nagusitan kiribilkatuz garatzen du lana Lertxundik. Batetik, gaixotasunaren prozesua kontatuko digu, idazlearen familian duen eragina, ospitalerako joan-etorriak, kimioak sortutako gora-beherak,... Bestetik, hausnarketarako tarte zabala ere hartzen du idazleak, bizitzaz eta heriotzaz sakon jarduteko. Gainera, literatura unibertsalean heriotzaren gaia nola landu izan den ere erudizioz eta trebetasunez txertatuko du testuan zehar. Eta, amaitzeko, liburua osatzeko darabilen 4. ardatza, liburuaren sortze-prozesuaren ingurukoa da, zeharka eta tarteka bakarrik aipatzen duena, baina idazlana borobiltzeko erreminta aproposa iruditu zaidana.

Liburu sakona da, huntaz eta hartaz luze mintzo dena, baina esango nuke mezu nagusi bat zabaldu nahi duela, ozen, Lertxundik: oinaze eta minaren aurrean ere aitzin jo beharra. 

Izan ere, Zuk asko du oinaze eta minetik, eta badu beste horrenbeste hausnarketatik. Baina badu, baita ere, itxaropenetik; eta bizipozetik; eta bitalismotik. Eta badu, gainera, maitasunetik, maitasun historia ederra aurkituko dugulako orrialdeetan barrena, hasieratik amaierara. Ia hitzik erabili barik, tonu batere erromantiko edo ñoñorik gabea, baina maitasun historia ederra dena.

Alderdi literariotik ere erakargarri egin zait eleberria. Idazleak 1. pertsona eta 3.a tartekatzen ditu kontakizuna osatzeko eta nire gusturako ederto josten ditu gorago aipatu ditugun 4 lerro narratiboak. Azken batean, Lertxundik txatal laburrez osatzen duelako bere kontakizuna, blog edo eguneroko baten estilora, baina adabakinak ondo josiz eta ehundura sendoa lortuz. Lertxundiren prosan ohiko denez, idazleak esaldi eta parrafo gogoangarriak ere utziko dizkigu, horretarako prosa joria esaldi xume eta gardenekin tartekatuta, betiere hitz doiak aurkituz.

Liburuan bada, hala ere, garapen moduko bat idazkeran, edo horrela iruditu zait. Hasieran ikusle eta kontatzaile da, gehienbat, Lertxundi. Amaierarako, ordea, hausnarketak pisu handiagoa hartuko du eta, gainera, batzuetan badirudi bere heriotzaz ere badiharduela idazleak. Azken atal horietan aitortzatik ere asko du lanak.

Liburu arin eta alai bat? Ba, ez. Baina bai liburu eder bat, barruraino sartuko zaizuna.

Eibarko irakurle taldean izan genuen Anjel Lertxundi eta han jaso nizkion berba batzuekin amaituko dut: "Jardun naiz bizitzaren aldarri bat egiten. Bizitza goza daiteke baita trantze txarretan ere. Hasieran ez nuen asmorik argitaratzeko; azkenean, nolabait, emazteak bultzatuta egin nuen aurrera. Testua osatzeko orduan, saiatu naiz hainbat lerro lantzen; aipu literarioak zuzenean ekarri ditut, disimulu gabe txertatuz, ekarri nahi nuelako mendebaleko literaturak sufrimenduaz izan duen ikuspegia. Lana izan da narratibidadea eta hausnarketa uztartzea. Han aritu naiz, testua loditu eta flakatu".

Lehenago ere asko esan da liburu honetaz. Hemen esteka batzuk:

Anjel Lertxundi Sautrelan.

"ZU" liburuaren aurkezpen ekitaldia. Anjel Lertxundi from Erein argitaletxea on Vimeo.

etiketak: liburuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz