Justin Hiriart, osorik berrargitaratua
Gregorio Muro Harriet izango da, ziurrenik, euskal komikigilerik emankor, ezagun, saritu eta esportatuena. 70eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran hainbat komiki bakarrean egin zituen Ipurbeltz aldizkarian eta Erein argitaletxean (Iker eta Ixone saila, Tom eta Wandi saila...). Baina gero beste marrazkigile batzuentzat gidoiak soilik egitera pasatu zen, eta 80ko hamarkadan lan asko egin zituen, Ipurbeltz eta Habeko Mik aldizkarietan zein album formatuan hemen edo kanpoan argitaratu zirenak: 3 sudurluzeak, Duk Rampy, Sorgin seinalea, Eguzkiaren izerdia, Simon Besaluze eta Ion eta Mirka sailak, Hontza, Hermes, Indianoa... Gero, 90eko hamarkadatik aurrera zinemagintzara pasatu zen.
Hala ere, komikigintzari dagokionez, segur aski Justin Hiriart seriea izango da Harrieten lanik ezagunena, Francisco Fructuosok marraztua. Nik behintzat (eta badakit beste askok ere baietz) txikitan irakurri genituen euskal balea-arrantzale honen istorioen oso oroitzapen onak ditut. Bere garaian euskaraz lehen hiru albumak atera zituen Ereinek (Itsas gorritan, Izotzetako tranpa eta Sekretua) eta azken biak (Brulota eta Satanen itsasontzia) Ipurbeltzen atera ziren atalka, baina beste hizkuntza eta herrialde ugaritan ere argitaratu zen. Hainbat nazioarteko sari ere jaso zituen, eta laugarren albuma Angulemako sari nagusirako ere egon zen izendatuta. Orain, Ereinek bost albumak atera ditu edizio oso baten.
Abenturazko komikia izan arren, eta genero horren barruan oso ona izan arren, Justin Hiriart ez da ohiko abentura-komiki hutsa. Harrieten hitzetan, euskal balea-arrantzaleei buruzko komiki serie bat egitea erabaki zuen, baina aldi berean horrek kontzientzia txarra sortzen zion, garai hartan Muro bera mugimendu ekologistetan militatzen ari baitzen, justu baleak salbatzearen aldeko kanpainak egiten zirenean. Horregatik, beste ikuspegi bat ematea bururatu zitzaion, eta Justin protagonistak, Amerikako indiarren bitartez, naturarekin bat bizitzeko eta behar dena soilik ehizatzeko kontzientzia hartzen du. Hala, naturarekiko harremana, Amerikako indigenak (indiarrak, inuitak...) eta abarrak oso presente daude Justin Hiriarten.
Itsasoa da komikiko beste protagonistetako bat. Izan ere, itsasoa bera, itsasontziak, baleak, txalupak... errealismo handiz marraztu ditu Fructuosok. Bourgeonen lanarekin (Les passagers du vent) konparatu izan dute. Dokumentazio lan handia dago horren atzean.
Luxu handia da euskal komikigintzaren klasiko handi hau horrelako edizio oso batean izatea. Ez galdu.