e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Utzi azalari", trans errealitateari buruzko komikia, Axpiren eskutik
Egunotan hizpide ditugu Maialen Lujanbio –hirugarrenez irabazi baitu Bertsolari Txapelketa Nagusia– eta trans pertsonak –Espainiako Kongresuak haien berdintasunerako eta eskubideak bermatzeko lege proiektua onartu baitu–. Bada, bi horiekin dauka zerikusia orain hizpide dakargun komikiak.
2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoetako batean “dena ondo zihoan argia piztu den arte” izan zen kartzelako gaia, eta Maialen Lujanbiok, gerora txapelketa irabaziko zuenak, hiru bertso gogoangarri bota zituen: parranda gau batean, ohekideak atzera egiten du trans pertsonaren genitalak ikustean, eta honen azalean jarrita aldarrikapen hunkigarria egin zuen.
Horien azken bertso-lerrotik hartzen du izenburua Ainara Azpiazu Axpik Hernaniko Dobera Euskara Elkartearen eskutik egin duen komikiak, Utzi azalari. Bertsootan kontatzen den istorioan has daiteke edo amai daiteke komikiko istorioa, bertsootakoa bezain kontakizun polit eta hunkigarria dena, eta bertsootan bezain modu ederrean kontatu eta marraztua.
Mikel Laboak merezi zuen komikia, haren maila eta estilokoa
Azken urteotan gure historia hurbila eta euskal pertsona esanguratsuen bizitzak komikira ekarrita ikusten ari gara: Burgosko auzia, Gabriel Aresti, Iñurrategi anaiak, Santi Brouard, Euskaltzaindia...
Lan erabat beharrezko honi jarraipena emanez, oraingoan euskal musikaririk garrantzitsuenetako baten bizitza komikiratu du Elkar etxeak, Mikel Laboarena hain zuzen ere. Komikia egitearen ideia eta ekimena EHUko Mikel Laboa Katedrarena izan da. Eta erronka garrantzitsu hori euskal komikigintzako dream team-ari egokitu dio: gidoia Unai Iturriaga eta Harkaitz Canok egin dute eta marrazkiak Joseba Larratxe Joseviskyk.
Ez zuen gutxiago merezi Ez dok amairu taldearen sortzaileetakoa zenak eta tradizioa eta esperimentazioa hain ederki uztartu zituenak. Emaitza, Ni ez naiz Mikel Laboa, pertsonaiaren mailakoa eta estilokoa: pasarte erreal eta alegiazkoak nahastuta, umore eta tragikotasunez, komiki-Lekeitioekin... Maisulana.
Eskola-jazarpena komikiratua
Iñaki Zubizarreta saskibaloi jokalariak (besteren artean Baskonian, Getxon eta Caja Bilbaon jokatutakoa eta bi metrotik gorako altuera duena), bere garaieragatik harrigarria dirudien arren, edo beharbada justu horregatik, eskola-jazarpena jasan zuen txikitan. Gaur egun ezaguna da gaitz horren kontra aritzeagatik fronte askotan, hitzaldiak emanez edo baita bere esperientzia lazgarria Subnormala – Eskola jazarpenari buruzko istorio bat komikian kontatuz ere. Komikiaren gidoia Fernando Llorekin batera idatzi du eta irudiak Miguel Portok egin ditu, eta euskaraz ere atera du orain Paninik.
Dinosauroei buruzko jakingarriak, komikian eta umorez
Harriet argitaletxearen komiki berri hau inoiz modaz pasatzen ez den gai bati buruzkoa da, izenburuan adierazten dena, alegia: Dinosauroak. Hauei buruzko informazio jakingarria ematen du (espezieak, ohiturak, datuak...) Frantzian oso ohikoa eta arrakastatsua den formatu batean, orri bateko umorezko istoriotxoen bidez hain zuzen ere. Blozek jarri dizkie irudiak Arnaud Plumeriren istoriotxo horiei.
Mattinek "Aska" komikia atera du
Azken hiru urteetan Udalbiltzak Geuretik sortuak programa martxan izan du, non zenbait kulturgilek egonaldiak egin dituzten Euskal Herriko zenbait herritan, haietan girotutako film, antzezlan edo liburuak egiteko euskaraz... eta baita komiki bat ere! Iñaki Martiarena Mattin komikigileak, Araitz-Betelu-Larraun eskualdean egon ondoren, Aska komikia egin du, uraren eta hark herriotan izan duen garrantziaren inguruan: ibaiak, latsagiak, iturriak, bainuetxeak... Doan irakurri edota deskarga daiteke esteka honetatik.
"X-Venture - Gorputza krisian", manga euskaraz!
Mundu guztiko gaztetxoen artean bezala, izugarrizko arrakasta du gurean ere mangak edo Japoniako komikiak. Haatik, inoiz ez da mangarik euskaraz argitaratu... orain arte! Izan ere, Kataluniako Ooso argitaletxeak uztailean euskaraz ere atera zuen (gaztelaniaz, katalanez eta galizieraz gain) X-Venture – Gorputza krisian – Erreskate handia 1 – Arnasketa eta digestio aparatua manga, Japonian 2021ean argitaratua eta Hot-Blooded Souls ezizeneko autoreak egindakoa. Eta abenduan etorri da jarraipena, sailaren bigarren zenbakia ere euskaraz atera baitu, X-Venture – Gorputza krisian – Erreskate handia 2 – Zirkulazio-aparatua. Manga pedagogiko edo zientifiko motakoak omen: fikzioa dira, abenturazkoak, baina bide batez zientzia kontuak ikasteko ere balio dute. Japonian haur eta gazteek irakurtzeaz gain eskoletan ere baliatzen dira. Komiki hauek ere, zehazki, arrakasta eta salmenta handiak izan dituzte. Darwin doktorea koman sartzean, Bennet doktoreak proba fasean dauden mikromediku robotikoak sartzen ditu haren arnas eta digestio aparatuetan, salbatzen saiatzeko...
Nabarraldek "Amaiur - Gaztelu baltza" komikia kaleratu du
Aurreko batean eman genizuen Asiskoren Amaiur! Libera State komikiaren berri, eta oraingoan Amaiurko setioaren inguruko beste baten berri eman beharrean gaude. Izan ere, aurten betetzen dira 500 urte Nafarroako Erresuma gaztelarrengandik berreskuratzeko saiakera egin zutenen arteko azken berrehun nafarrak Amaiurko gazteluan 10.000 soldadutik gorako armadari alferrik eusten saiatu zirenetik. Eta Nabarralde elkarteak, Nafarroako historia ezagutarazteko egiten dituen jardueren artean azken urteotan horren inguruko komikiak argitaratzen ari denak, ezin zuen aukera galtzen utzi, eta Amaiur - Gaztelu baltza komikia atera du, Angel Rekalderen gidoia eta Amaia Ballesterosen marrazkiekin.
Ekoline, txakur artista bat Parisen
Ekoline zaindari izateko bere egitekoa bete beharrean margolari izatera Parisera doan txakur emea da. Han ezagutuko ditu laguntasuna zein gaiztakeria. Harriet argitaletxearen komiki hau Stephen Desbergek idatzi eta Teresa Martínezek marraztu dute.
"Natasha", Koldo Almandoz eta Aritz Trueba
Natasha gaztearen bizitza goitik behera aldatu zen 16 urterekin, bera agertzen zen bideo sexual bat biralizatu zenean, eta orain unibertsitatean jende berriarekin bere bizitza eta burua berreraiki behar ditu. Farmazia Beltza argitaletxeak dakarkigun Natasha komiki honetan Koldo Almandoz zine zuzendariak (Oreina, Hondar ahoak) egin du gidoia eta Aritz Truebak (Buyan) irudiak. Zalantzarik gabe, urteko komikirik garrantzitsu, interesgarri eta onenetako bat.
HernaniKomik, euskarazko komikigintzaren azoka, ostiral eta larunbat honetan
Euskarazko komikigintza oso-oso indartsu dabil azken urteotan. Gero eta argitalpen gehiago ditugu kalitate oso onekoak. Baina falta izan zaio beraiei eskainitako jardunaldi batzuk edo azoka bat. Gaur egun badaude zenbait komiki-azoka Euskal Herrian, Getxokoa, Nafarroakoa edo Donostiakoa kasu, eta lehen bietan euskarazko komikigintza presente badago ere, gaztelaniazkoaren kopuru askoz handiagoaren artean galduta geratzen da, eta hirugarrenean apenas duen presentziarik... Hor daude Durangoko eta Ziburuko azokak ere (azken hau euskarazko produkzioari dedikatua), garrantzitsuak direnak euskal komikigintzarako, baina liburu eta diskoena ere badirenez, komikia difuminatua geratzen da beti...
2014an, Mikel Begoña nekaezinaren ekimenez, euskarazko komikigintzari eskainitako Parrapean Komiki-Egunak antolatzen hasi ziren Bilboko Mahatserrian, baina lau edizioren ondoren bertan behera gelditu ziren. Arrasto sakona utzi zuen, hala ere, eta hari edo antzeko bati berriz ekiteko asmoa eta gogoa beti izan dute arloko agenteek eta hainbat saiakera ere egin izan dira. Lan horrek azkenik eman du bere fruitua, HernaniKomik-en jaiotzarekin.
Ostiral eta larunbat honetan, hilak 18 eta 19, izango da HernaniKomik-en lehenengo edizioa, euskarazko komikiari eskainitako azoka. Hernaniko Udalak antolatzen du, baina Euskal Herriko (Harriet, Xabiroi, Mikel Begoña...) zein Hernaniko (Gaueko, Axpi...) komikigintzako zenbait eragilerekin elkarlanean.
Bi egunotan azoka egongo da goizez eta arratsaldez, eta bertako postuetan Astiberri, Harriet, Xabiroi, Elkar, Farmazia beltza, Txalaparta, Dobera Euskara Elkartea, Gure berriak, Jo Ta Ke Ekoizpenak eta Nabarralde etxeen argitalpenak egongo dira eskuragai, eta Kromiki lehiaketako lanak ikusgai ere bai. Egitarauko ekitaldien barruan aipatzekoa da Joseph Camino saria: Parrapean jardunaldietan sortutako sariari jarraipena emango zaio Hernanin, eta bosgarren edizio honetan Jon Zabaleta izango da omendua. Eta Kromiki lehiaketako sari banaketa ere egingo da, eta Dzirt-dzart zuzeneko marrazte-saio bat Asisko eta Eider Eibarren eskutik.
Arratsaldeetan, hasteko komikien aurkezpenak egingo dira, sei zehazki: Haur besoetakoa 3, Ni ez naiz Mikel Laboa, Black is beltza II - Ainhoa, Utzi azalari, Lurbinttoko ohoinak eta Sua. Egitarauz kanpo bada ere, beste komiki batzuk ere aurkeztuko dituzte, hala nola Gasteiz 1200 - Defentsa amaigabea eta Cube arts. Eta borobiltzeko, Black is beltza II - Ainhoa filmaren eta Su Ta Garren emanaldia.
Egitarau zehatza hemen duzue. Egitarau aberatsa eta interesgarria benetan. Eta ni, laneko eta bestelako hainbat kontu medio, ezin naiz egunetakoren batean ere hurbildu... Kaka zaharra!
Ongi etorria HernaniKomik, eta urte askotarako!