"Mo - Behi euskaldun baten memoriak" komikia atera du Pamielak
Nire adinekoak nerabezaro betean ginen Bernardo Atxagak Obabakoak-ekin txunditu gintuenean, eta urtetxo batzuk geroago iritsi zen, jada gaztaro-helduaroan edo geundela, irrikaz itxaroten genuen bere hurrengo eleberria: Behi euskaldun baten memoriak. Lan arinagoa, gaztetxoei zuzendua, errealistagoa (neurri bateraino), baina berdin ederra eta gozagarria. Hala, poz handiz jaso nuen honen komiki bertsioaren argitaratzearen berri, Pamielak aterea (jatorrizko liburua bezala), Pello Varelaren gidoia eta Juan Suárez-en irudiak dituena eta Mo - Behi euskaldun baten memoriak izenburua duena. Ia 200 orri ditu komikiak, eta irudi politez eta kolore biziki biziz hornitua dago.
Duela 30 urte baino gehiago irakurri nuenetik berrirakurri gabea nuen nobela, eta oso oroitzapen lausoak besterik ez nituen, zehaztasunik gabeak, asko gustatu izanaren akorduaz harago. Baina frogatu dut gaztetako gomutak indar bereziz gordetzen direla gure memorian, irakurri ahala arrapaladan itzultzen baitzitzaizkidan izen eta gertaeren gogorapenak (Balantzategi, Mo, Gerra Zibila, Genobeba, La Vache qui Rit, Setatsua, Soeur Pauline, Karral...) eta orduko hartan bezainbeste gozatu dut orain ere. Eleberriaren izpirituaz osoki zipriztindurik dagoen seinale. Hura irakurrita bazenuen, berriz gogoratuaz gozatzeko aukera emango dizu komikiak, eta ezagutzen ez bazenuen, besterik gabe gozatuko duzu ziur.