Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog / Juanjo Guarnido: “Samingarria da ikustea arazo sozialak ez direla asko aldatu 50eko hamarkadatik; gizakiak hain doilorra izaten jarraitzen du...”

Juanjo Guarnido: “Samingarria da ikustea arazo sozialak ez direla asko aldatu 50eko hamarkadatik; gizakiak hain doilorra izaten jarraitzen du...”

e-gor 2021/05/29 19:19
"Blacksad" komiki-sail ospetsuaren marrazkigileari Xabiroi aldizkarirako egindako elkarrizketa
Juanjo Guarnido: “Samingarria da ikustea arazo sozialak ez direla asko aldatu 50eko hamarkadatik; gizakiak hain doilorra izaten jarraitzen du...”

Argazkia: Dani Fano

(Xabiroi aldizkariko 36 zenbakian, 2015ko ekainekoan, argitaratutako elkarrizketaren jatorrizko extended bertsioa)

Frantzian luzaz bizi izan den komikigile arrakastatsua eta Disneyn aritutako animaziogilea izanagatik, Juanjo Guarnidok ez ditu galtzen andaluziar izaeratik datozkion azentua, apaltasuna eta umorea. Ederki egon gara berarekin kafetegi batean elkarrizketa egiten. Bere lanik ezagunena den Blacksad komikiaz, bere beste afizio eta lanbideez eta hango eta hemengo kontuez hitz egin digu, beti interesgarri.

Konta diezagukezu gure irakurleen adina zenueneko garaia? Noiz hasi zinen marrazten, nola etorri zitzaizun zaletasuna, noiz edo nola erabaki zenuen honetan arituko zinela...

Nik betidanik marraztu izan dut. Nerabezaroan, Granadako beste marrazkilari batzuk ezagutu nituen eta denok gauza bera nahi genuen, hau da, argitaratzea. Eta garai hartan, fotokopiagailu batekin (beno, orriak fotokopiatzeko diruarekin) aldizkaritxo bat egin zitekeen, fanzineen garai loriatsua zen. Hala hasi nintzen fanzineetan, fakultatean hasi baino lehentxeago. Fakultatearen azken urteetan Forum argitaletxean hasi nintzen, superheroiak egiten.

1990ean, gutxi gorabehera 23 urte zenituela, komikia utzi zenuen animazioaren munduan hasteko. Zergatik gertatu zen hori?

Oso erraza: Arteko karrera amaitu nuen eta lan egin, arduratsu bihurtu eta aitatxo eta amatxorengandik independizatzeko beharra inposatu zen. Orduan, Madrilera animazioan lan egitera joandako fanzineen garaiko burkide batek deitu ninduen. Eta marrazki bizidunetan lan egitea burutik inoiz pasatu ez bazitzaidan ere, hara joan nintzen mundu hori ezagutzera, eta giroa ikusi nuenean liluratuta geratu nintzen. Pentsatu nuen beharbada karrera egin nezakeela animazioan. Eta horrela 3 urte egin nituen Madrilen eta beste 10 Disneyn.

“Blacksaden lehen albuma egitea erabaki nuenetik 7 urtera atera genuen”

2000 urtean, artean Disneyn ari zinela, Blacksad argitaratu zenuen Madrileko garaietan ezagutu zenuen Juan Diaz Canales gidoilariarekin.

Bai, pare bat urtez ikasten eta lanean egon nintzen lehen animazio-estudioan ezagutu nuen Juan, bera ere marrazkilaria, eta segituan sortu zen elkarrekin komikia egiteko gogoa. Nik oraindik komikiaren harra neukan barnean, nahiz eta bizimodua egiteko bide gisa alde batera utzita izan. Eta Juanek animatuta, poliki-poliki joan nintzen proiektu gero eta anbiziotsuago batean murgiltzen eta album oso bat ateratzeak suposatzen duen saltsa ikaragarrian sartzearen ideia onartu nuen. Azkenean, erabaki nuen Blacksaden lehen albuma egiteko denbora eta esfortzua hartzea, eta lehen albuma une horretatik 7 urtera atera genuen. Urte asko eman nituen zirriborroak egiten, teknikak probatzen, akuarelak egiten... Gidoia bagenuen, storyboard osoa egin nuen, eta gero han gelditu zen, kaxoi batean zain. Azkenean aurrera egitea erabaki nuen arte, nire buruari esan bainion mugitu ezean mendea amaituko zela eta ez genuela ezer egingo. Beraz, apur bat sineskeriagatik atera zen! Beno, baita ere lagunek eta beste jende batzuek animatzen nindutelako. Orduan, probarako hainbat orri egin nituen, hainbat editoreri aurkeztu nien eta harrera ona izan zuen. Tira, ez denak, baina Frantziako argitaratzaile handi batengandik erreakzio on bat izatearekin, jada bikaina zatekeen, beraz gustura ginen.

Harritzen du komikiaren munduan curriculumik ez duten bi egile espainiarrek zuzenean Frantziako merkatuan argitaratzea.

Proiektu nahikoa interesgarri bat baduzu, ongi pentsatua dagoena, atentzioa emango dio edozein editoreri. Editore bati bost axola dio nondik zatozen. Areago, badaki Espainiatik datorren egile batek gehiago lan egingo duela eta ordainketekin, kontratuaren baldintzekin eta abarrekin ez dela hain aldarrikatzailea izango. Ze, egia esan, nik hogei urte daramatzat Frantzian bizitzen, eta hemen irabazten dudan herenarekin Espainian hemen bezain ongi bizi ahal izango nintzateke. Orduan, argitaratzaileak interesgarria eta indartsua den edozein proiekturi irekita daude, datorren tokitik datorrela. Baina ongi komunikatu behar duzu, eta hizkuntza traba bat izan daiteke. Europako komikiaz hitz egitea, komiki franko belgikarraz edo frankofonoaz hitz egitea da. Merkatua eta argitaratzaileak Frantzian eta Belgikan daude. Eta askok ezin dute beraien proiektua ongi azaldu ingelesez egin behar dutelako. Orduan, edo pilak jartzen dituzu frantsesarekin edo kaka jaten duzu, hori hala da. Eta nik jada hitz egiten nuen. Ez da faktore bakarra, jakina, eta horrek ez du zertan proiektu bat aurrera ateratzea eragotzi, baina traba bat bada.

“Editore frantses batek badaki Espainiatik datorren egile batek gehiago lan egingo duela eta ez dela hain aldarrikatzailea izango”

Baina normalean merkatu frantsesean sartzeko pixkanak hasi behar da, enkarguzko lan txikiak eginez argitaletxe batentzat... Eta zuek curriculumik gabe eta zuen proiektu propioarekin, egile-lan batekin, animatu zineten frantziar merkatu zailean saiatzera.

Egia da apustu arriskutsua zela, baina ez genuen ezer galtzekorik. Ni Disneyn lanean nengoen eta kristoren soldata irabazten nuen, eta Juanek bere animazio-estudio propioa zuen, une hartan handia zena eta etengabe lanean ari zena. Beraz, abantaila genuen, ez dut esango gure baldintzak inposatzeko moduan geundela, baina argitaletxearekiko egoera ezberdinean geunden. Ez zen argitaratu nahi duen eta nola edo hala egin nahi duen eta inposatzen dioten edozein baldintza onartzeko prest dagoen hasiberri baten egoera bera. Lehenengo albumarentzat minimo batzuk jarri genituen. Ez ziren eskakizun edo baldintza bereziki ameslariak, baina gauza batzuetan ez geunden prest amore emateko. Baina proiektua interesgarria zen eta hainbat editoreri gustatu zitzaien. Editore batzuek ez zizkiguten baldintza horiek onartu nahi, baina askok ikusi zuten ez genuela ezer galtzeko, aurrez ezer argitaratu ez arren beste egoera batean geundela, ez genuela hori behar, jada bagenuela lan bat, hau egitearen plazeragatik soilik egiten genuela, “baldintza hauetan ez bada ez dugu egingo” esateko posizioan geundela. Azkenean, batek baldintza hauek onartzen badizkizu eta besteak ez, ba kito, badakizu zein den lan egin nahi duzun editorea. Hainbat argitaletxek interesa agertu zuten eta baldintzak onartu zizkiguten, eta azkenean Dargaud aukeratu genuen. Egia da kristoren muturrekoa har genezakeela, baina zorionez ez zen hala izan.

Blacksad, atera zenetik eta zenbaki guztietan, arrakastatsua izan da salmentetan, kritikan, sarietan... Zergatik uste duzu dela?

Ez dut arrastorik ere! José Luis Munueraren arabera, Blacksadekin helduek txikitan Disney-ren filmekin sentitzen zuten gozamena berriz bizi dezakete, baina helduentzako produktu batekin, haurrentzako zerbait irakurtzen egotearen errudun sentsaziorik gabe. Hau da, helduentzako Disney bat irakurtzen ari dira, eta horregatik harrera ona. Eta ez dut uste oso oker dabilenik (Munuera oso gutxitan dabil oker, murtziarra izan arren, arrazoia izan ohi du, kar kar kar...).

 

Blacksad
Irudia: Juanjo Guarnido
“Editore frantsesari proiektua ongi komunikatu behar diozu, eta hizkuntza traba bat izan daiteke”

Blacksad, nobela beltz ohikoan ez bezala, ez da AEBko hiri handi tipikoan soilik gertatzen. Seriean 50eko hamarkadako AEBen erretratua egiten da: hiri handiak, hegoaldea (New Orleans), Amerika landatarra (Texas, Oklahoma...). Hori izan daiteke bere arrakastaren arrazoietako bat, Hollywood-eko zineari esker hori denon subkontzientean baitago eta familiarra egiten baitzaigu?

Oso zuzena iruditzen zait diozuna, hala baita, AEBko hamarkada baten erretratua da. Gaien aldetik batetik, baina hor dago ere alderdi fisikoa, garai haren xarma bisuala. Une edo hamarkada hori da, hainbat arrazoirengatik (gerraostea, kultura popularra, kontsumo-gizartearen sorrera, Yves Saint Laurent edo Luther King bezalako pertsonaiak...), mendebaldea gaur egun duen itxura edo look-a hartzen hasten da. Oso gutxi aldatu da Cary Grant-en Con la muerte en los talones [North by Northwest, 1959] filmeko janzkera gaur egungo trajeetaraino, kasik molde berbera dute. Aldiz, 40ko hamarkadako trajeek ez dute zerikusirik gaurkoekin, eta 30ekoek zer esanik ez! Nahiz eta egia den gaur egungo autoak kaka zaharra direla ordukoekin konparatuta, kar kar kar...

AEBen erretratu horren alderdi bisuala egiteko, nola dokumentatzen zinen?

Sarri bidaiatu dut hara. Hainbatetan izan naiz New Yorken, New Orleans-era berariaz joan nintzen Blacksadentzat... Midwest-a eta 66 ruta ez nituen bere garaian egin baina azken uda honetan 66 rutaren parte batean izan nintzen, ez Texasen baina bai Utah-n eta beste toki batzuetan, oso bidaldi interesgarria. Eta ezagutzen ez nuen paisaia amerikar batera ohitu nintzen. Oso interesgarria da zuzeneko dokumentazioa, zuk ateratako argazkiak. Zure zeure argazkiek beste ikuspegi bat dute beste argazkilarienengandik. Baina dokumentazioan funtsezkoa da beste argazkigileen lana, bereziki gizartea den bezala islatzen duten argazkilari handien erreportaje fotografikoak: Andreas Feininger, William Klein eta abar. Garaiko filmak ere bai. Norman Rockwell pintorea beste erreferentzia bat da, dokumentaziorako erabiltzeaz gain, keinu eta omenaldiak egiten dizkiot aukera dudan bakoitzean.

“Apustu arriskutsua egin genuen Blacksadekin, baina ez genuen ezer galtzekorik [...] Gure egoera ez zen edozein baldintza onartzeko prest dagoen hasiberri batena”

Nobela beltzarekiko beste ezberdintasuna da hartan apenas agertzen dela garaiko testuinguru sozial, politiko edo ekonomikoa, Blacksaden gai horietako asko lantzen dituzuen bitartean: arrazakeria, drogak...

50eko hamarkadako AEBak gaien, inspirazio-iturrien, anekdoten, une historiko interesgarrien, mendebaldearen historiako momentu giltzarrien... iturri agorrezina dira. Garai hori oso aberatsa da berez, eta aberastasun hori esplotatzen dugu. Eta atsegina da garaiko gai sozialak kontatzea, orduko gizartearen pentsamoldea, gertatu ziren gauzak, gerta zitezkeenak... Bestalde, gai sozial hauek betierekoak dira, samingarria da ikustea honek ez duela asko aldatu 50eko hamarkadatik. Badaude gauzak aldatu direnak, Jainkoari eskerrak, baina oinarrizko arazo askok jarraitzen dute. Nola izan daiteke gaur egun, jendeak duela 60 urte zeukala zirudiena baino adimen gehiago izanik, gertatzen diren gauzak gertatzen jarraitzea? Gizakiak hain doilorra izaten jarraitzen du...

Zergatik erabaki zenuen kolorea eskuz egitea? Hasieratik argi izan zenuen, edo kolore digitalarekin ere probatu zenuen?

Garai hartan nik ez nuen arrastorik ere digitalaz. Zerbait ibilia nintzen Photoshop-ekin baina soilik betiko lau baliabide berak erabiltzen amaierako konponketentzat. Garai hartan ez zen kolorea ordenagailuz egiten, hasten ari zen hori, baina orduko ordenagailuko koloreak ziren, oso itsusiak, dena degradatu- edo aerografo-efektua... Gaur egun ia inork egiten ez duen hori. Hark ez ninduen inoiz interesatu, hasieratik neukan akuarela erabiltzeko asmoa, horren gogoa neukalako. Iruditzen zitzaidan mugatua egon arren gustura egongo nintzen teknika bat zela. Eta bost album izan ditut teknika hobetzen joateko.

“Blacksadekin helduek txikitan Disney-ren filmekin sentitzen zuten gozamena berriz bizi dezakete, baina helduentzako produktu batekin, haurrentzako zerbait irakurtzen egotearen errudun sentsaziorik gabe”

Blacksaden album bakoitzean kolore bat da nagusi: beltza, zuria, gorria, urdina eta horia hurrenez hurren. Hori gidoilariaren ideia da edo zure kontua da?

Poliki-poliki etorri zen eta oso modu naturalean, bere kabuz inposatu zen, une jakin batean jabetu ginen fenomenoa izan zen. Lehen albuma oso iluna atera zen, sekuentzia asko gauez gertatzen ziren, orduan azala beltza izatea logikoa zen. Bigarrenean elur ugari zegoen eta azalari zuria ongi zihoakion. Hirugarrenaren izenburua Alma roja (Arima gorria) zen eta azala gorria zen, eta orduan konturatu nintzen: “Juanek norabait narama honekin”. Orduan ikusi nuen izenburuetan ere zegoela, Un lugar entre las sombras (Nonbait itzalen artean), Arctic nation (Nazio artikoa)... Intentzioa ez zegoen hasieratik, uste dut bigarrenetik aurrera baietz, baina ni hain naiz trauskila, ez bainintzen hirugarrenera arte konturatu. Eta gero jarraitu egin genuen. Baina behin zuria, beltza eta oinarrizko koloreak erabili ondoren, amaitu da.

Ez da album berde bat egongo?

Marrazkigile garenez, berde bat badago, more bat eta laranja bat ere egon behar dira, beraz ez.

Guarnido - Komikiak
Irudia: Juanjo Guarnido
“50eko hamarkadako AEBak gaien, inspirazio-iturrien, anekdoten, une historiko interesgarrien, mendebaldearen historiako momentu giltzarrien... iturri agorrezina dira”

Pertsonaia bakoitzarentzako animaliaren aukeraketa gidoilariak egiten du, edo zuk aukeratzen duzu bakoitza marrazten duzun moduaren arabera bere izaerara moldatzeko?

Ez, Juanek egiten du hori. Animalia bakoitzaren rola izaeraren araberakoa da, ez da rol fisikoa. Beno, batzuetan beharbada bai, baina normalean ez, normalean Juanek deskribatzen du gidoian. Eta nik pentsatzen nuen, laugarren albumera arte, Juani ideiak agortzen ari zitzaizkiola, txikitan ez zituela animalien liburuak nik adina ikasi, animali gutxiago ezagutzen zituela eta apurka-apurka, eta bereziki laugarren albumean, gero eta iradokizun gehiago egin behar nizkiola, hau zergatik ez animalia hura, beste hau zergatik ez beste hura... Baina bosgarren tomoan Juanek casting-ean jarritako animali guztiak, lehenengotik azkenengora, errespetatu ziren. Batzuetan, ez bazait ongi iruditzen edo beste aukera batzuk ikusten baditut, eztabaidatzen dugu. Adibidez Oteroren pertsonaia, zeina hirugarren tomoan hontz zuri bat den, hasiera batean ahuntz bat izan behar zen, baina Lieber hontzarekin nahastuta hil behar zuten pertsonaia bat zenez, esan nuen, “zergatik ez hontz zuri bat?”. Pentsatu nuen hiltzaileari esango ziotela “akabatu hontza”, eta logikoagoa da hontz zuria hontzarekin nahastea, are gehiago bere txapela eramatean.

Zure beste serieetako bat Brujeando [Sorcelleries] da, beste estilo batean, beste publiko batentzat (haur edo gaztetxoena) eta umorezkoa. Erabat aldatzen duzu marrazteko estiloa. Zein estilo nahiago duzu?

Blacksadena. Niri munduan gehien marraztea gustatzen zaidana Blacksad da, oso argi daukat hori. Baina beste marrazketa-erregistro batzuk esploratzea ere gustatzen zait, adibidez cartoon eran marraztea ere atsegin dut (nahiz eta horretan aritu izan naizenetan ez zaidan hain ongi atera izan). Blacksadek estilo errealista du, argi dago, baina badaude pertsonaia komikoak eta egoera esajeratu edo karikatureskoagoak. Weekly pertsonaia, adibidez, karikatura samarra edo cartoon motakoa izan daiteke batzuetan, baina mugatu egin behar dut koherentziagatik. Horregatik asko gozatu nuen garai batez Brujeando egiten, cartoon estiloa egin ahal izateko. Pertsonaia oso errealistak oso cartoon motakoekin nahasten nituen, ia erabat estilizatuak, guztiz abstraktuak, katua bezala, zeina batzuetan orban beltz huts bat zen, hau da, ez dauka barruan zuriz ezta bibotea ere, silueta beltz bat da begi, aho eta belarriekin, baina ez zaio nabaritu behar inongo formarik orban beltzaren barruan, erabat abstraktua da.

“Nire arazoa ez da gauza asko egin nahi ditudala, gauza asko izan nahi dudala baizik: komikigilea, ilustratzailea, animatzailea, zuzendaria... Eta ezin da hainbeste gauza ezberdin izan”

Pierre Christinek iaz esan zigun berak izaera, zaletasun, gustu... anitz zituela, eta serie ezberdinetan marrazkigile ezberdinekin lan egiteak bere alderdi horietako bakoitza garatzea ahalbidetzen ziola. Berdin gertatzen al zaizu zuri, gidoilari eta serie bakoitzarekin?

Ezberdina da idazlearen lana, non beste norbait bilaka zaitezkeen eta beste eskema mental bat izan dezakezun. Marrazkigilea mugatuta dago egin dezakeenaren aldetik. Nik seriez aldatzean beste erregistro batzuk esploratu nahi ditut, pertsonaiak adierazteko beste forma batzuk, beste narrazio-teknika batzuk... Gainera, nire kasuan, nire komiki-erregistro ezberdinez gain, nire animazioko lanbidea dut, pintatzea gustatzen zait, noizbehinka ilustrazioa egitea atsegin dut, batzuetan teknika piktorikoago batzuk aplikatu nahi ditut (nahiz eta ez zaidan ongi ateratzen, oso gaizki pintatzen baitut)... Beraz, nire arazoa ez da gauza asko egin nahi ditudala, gauza asko izan nahi dudala baizik: komikigilea, ilustratzailea, animatzailea, zuzendaria (orain egin dudan bideoklip musikalarekin)... Eta ezin da hainbeste gauza ezberdin izan.

Zure komikiek arrakasta itzela duten arren, ez duzu maiztasun handiz argitaratzen.

Beste gauza askotan aritzen naiz. Aurten animaziozko film labur bat egin dut, bideoklip musikal bat, abentura handia izan dena. Nik neuk zuzendu dut, finantziazioaren sasiartean sartu naiz, produktorea izan naiz, storyboard osoa egin dut, Freak pertsonaiaren animazioaren erdia egin dut... Esperientzia oso atsegingarria izan da, baina aldi berean oso zaila, oso proba gogorra. Merezi izan du, jakina, baina oso gogorra izan da. Arazo nagusia baldintza ekonomiko onekin ez egin ahal izatea izan da. Daukazun ia edozein proiektu mota egiteko baliabide ekonomikoak behar dituzu. Komikiaren onena da ia baliabiderik gabe egin dezakezula, aurreko komikitik sobratu zaizun materialarekin (gehi papera, hori bai da apurtxo bat garestia) beste bat egin dezakezu. Marrazki bizidunak egiteko baliabideak behar dituzu. Bideoklipa egiteko baliabide asko behar izan ditut, talde bat, aurrekontu bat... Hori izan da zailena.

“Egin ditudan lan mota denak atsegin ditut, bat aukeratu beharko banu dohakabea nintzateke”

Komikiaren munduan hasi zinen, animaziora pasatu zinen gero, komikira itzuli zinen animazioa erabat utzi gabe, zuzentzen aritu zara... Zein lan da gehien atsegin duzuna? Zer aukeratuko zenuke batekin gelditu beharko bazina?

Denak atsegin ditut, hori da okerrena. Bat aukeratu beharko banu, dohakabea nintzateke. Komikia da gehien atsegin dudana, baina horretan urte asko daramatzadanean animazioaren harra sartzen zait, horregatik egin nuen klipa. Eta noiztenka ilustrazioa egin eta ilustrazioaren lengoaia gehiago esploratu nahi izaten dut, pintatzea ere nahi izaten dut... Ilustrazioa egiten dudanean, komikiaren teknikarekin egiten dut gehienetan, baina modu piktorikoagoan egiten saiatzen naiz beste batzuetan. Baina hau gehiago kostatzen zait ez delako nire lengoaia, ez dut hain ongi menperatzen (edo ez dut batere menperatzen), baina nahiko nuke eta erakartzen nau.

Zertan ari zara lanean orain, beste Blacksaden baten asmorik ba al duzue?

Proiektu bat daukat gidoilari frantziar batekin, Alain Ayroles, Kapak eta letaginaken gidoilaria [Sauré argitaletxeak atera zuen albumen bat euskaraz duela hamar urte baino gehiago]. One-shot bat egin behar dugu, liburu autokonklusibo bat, oso anbiziotsua, kolore zuzenean, 100 orrialdekoa gutxienez, eta itxura oso ona duena. Hau da hurrengo proiektua, gero beste Blacksad bat, eta gero gerokoak.

Juanjo Guarnido (Granada, Espainia, 1967) ikasle zela hasi zen komikigintzan, lehenengo fanzineetan eta ondoren Forum argitaletxean. Animazioan aritu zen gero, hiru urtez Madrilen eta ondoren beste hamar urtez Disneyn, Parisen. Han zela, Juan Diaz Canales gidoigilearekin Blacksad komiki-saila hasi zuen, animali antropomorfoak protagonista dituen genero beltzekoa, XXI. mendeko komiki-serie arrakastatsuenetako bat salmenta, kritika zein sari aldetik. Komikian Brujeando edo Sorcelleries komiki-saila ere egin du, eta animazioan, ilustrazioan eta pinturan ere aritzen da tarteka. Azkenaldian Freak Kitchen taldearen Freak of the week abestiaren animaziozko bideoklipean aritu da, zuzendari, produktore, storyboard egile eta beste hainbat lanetan.

Juanjo Guarnido karikatura
Irudia: Dani Fano
Willy
Willy dio:
2021/05/30 21:41
Handia, Guarnido!!!!!!!!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
Erantzunen harpidetza
Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10