Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
Komikizalea bazara ezagutuko duzu Alfonso Azpiri, Lorna, Mot edo Goomer pertsonaien sortzailea. Eta komikizalea izan gabe ere urteetan aurrera doan informatikaria bazara, ziur ezagutzen duzula Alfonso Azpiri, agian horretaz jakitun ez bazara ere.
80ko hamarkadan ordenagailu pertsonalekin ibiltzen bazinen, ezaguna izango duzu Sinclair ZX Spectrum ordenagailu mitikoa (nire lehenengo ordenagailua hura izan zen, nire lanbidea eta afizioa bideratu zituena). Ba Azpirik egindakoak dira ordenagailu bikain horretarako joko asko eta askoren karatulak; Espainian egindako gehien-gehienak berak egindakoak dira, 200 baino gehiago egin baitzituen. Eta gehienak marrazki eder-ederrak dira, benetako artelanak. Bereak dira adibidez Dinamic enpresaren Abu Simbel profanation eta Army Moves jokoen azalak.
Ba orain Planeta DeAgostini argitaletxeak liburu bat atera du Azpirik Spectrum-arentzako egindako jokoen azalak biltzen dituena. Orri batzuk ikus ditzakezue Entrecomics webgunean. Kristoren harribitxia, ni bezalako nostalgiko porrokatuentzat derrigorrezko erosketa!
Edonola ere, Azpiriren karatulak onak baziren ere, garai hartan nire gustukoenak hau, hau eta hau ziren. Azken bien posterrak neuzkan jarrita gelako paretan, nire amaren atsekaberako. Nerabezaroa, badakizue... ;-)
Atzo bertan enteratu nintzen Azpirik oraindik ere Spectrumerako jokoentzako azalak diseinatzen dituela:
http://www.relevovideogames.com/2009/07/la-corona-encantada.html