Hemen zaude: Hasiera Blogak e-gorblog OLPC

e-gorblog

OLPC

I. Euskal OLPC Party-aren kronika

Joan den ostegunean egindako Euskal Herriko OLPC jabeen eta zaleen topaketaren kronika, argazkiak eta Irutxuloko Hitzako artikulua

I. Euskal OLPC Party-ko argazkiak

Apirilaren 23an, joan den asteko ostegunean alegia, elkartu ginen OLPC (One Laptop Per Child) proiektuaren XO ordenagailuaren jabe edo zale batzuk, Euskal OLPC Party deitu dugun topaketa informalean. Party horien lehenengo edizio horren kronika duzue hemen, topaketen wikian ere aurki dezakezuena. Bertan ateratako argazkiak ere ikus ditzakezue hemen, eta Irutxuloko Hitzan idatzitako artikulua hemen.

Donostiako Doka Kafe Antzokian elkartu ginen arratsaldeko 18:00etan zazpi lagun: Arrasatetik, Mikel Lopez de Arkaute, Xabat Amiano eta Igor Leturia, Errenteriatik Itziar Nogeras, Adur Bengoetxea eta Izaskun Aldezabal, eta Zarauztik Inko Illarramendi. Guztira 5 OLPC-XO.

Lehenengo ultrasoinu bidez bi XO-ren arteko distantzia kalkulatzeko aplikazioa probatu nahi izan genuen. Horretarako, baina, XO-ak elkarrekin konektatu behar ziren euren WiFi konexioen bidez, eta une jakin batzuetan eta XO konkretu batzuen artean izan ezik, ez genuen sarean elkar ikusten, beraz hori probatu gabe gelditu zen... Gero beste aplikazio batzuk konpartitzea probatu nahi genuen eta hiruren artean lortu genuen testu prozesagailua partekatzea eta hiruen artean editatzea, eta asko gustatu zitzaigun. Hala ere, gehiagotan eta beste aplikazioen artean ez genuen lortu, eta horrek zapore gazi-gozoa utzi zigun...

Gero ez genuen lortu Dokako Wifi sarera konektatzerik (arraroa, e-gorrek probatua zeukalako Fish&Txips bilkura baten eta ondo zebilen), beraz Tamarindo tabernara joan ginen. Han ordenagailuari aplikazio berriak Internetetik nola instalatu ikusi genuen.

Gero e-gorrek ekarritako Ubuntu sistema Itziar, Mikel eta Izaskunen ordenagailuen SD txarteletan instalatzen jarri genituen. Hori banan-banan egin behar zen eta nahikoa tardatzen zuenez, bitartean Ubuntun nola ibili ikasten aritu ginen e-gorren ordenagailuan: OpenOffice, Pidgin, bideoak, musika... Hala ere, horiek instalatzen amaitu ondoren, ezin izan genuen ordenagailu horiek SD txarteletik Ubunturekin arrankatzea, horretarako garatzaile klabe pertsonalizatua eskatu behar baitzaio OLPC erakundeari, eta 24 ordu behar da eskuratzeko... Hala ere, denok eskatu zituzten beraien klabeak, eta iritsitakoan instalazioaren jarraipena e-mailez egitekotan gelditu ginen.

Bokata batzuk afaldu eta gero 23:00ak aldera etxera joan ginen. Esperientzia polita izan zen, ederto pasa genuen eta lehenengo lekzio horiek eta gero, norberak gehiago saltseatu eta esperientziak elkartrukatzeko berriz biltzekotan gelditu ginen.

e-gor 2009/04/28

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian

Euskal Herriko OLPC ordenagailuen jabeak edo proiektuan interesa dutenak XO-arekin esperimentatu eta ikasteko zita

Euskal OLPC Party-aren wikia

OLPC (One Laptop Per Child) garapen bidean dauden herrialdeetako haurren hezkuntza eta etorkizuna hobetzen lagundu nahi duen proiektu bat da, horretarako XO izeneko ordenagailu merke baina zoragarri bat diseinatu duena. Azken bi urteetako udazkenetan kanpaina bana jarri dute martxan bi ordainduta bat eskuratu eta beste bat hirugarren munduko haur bati oparitzeko. Nik 2007koan eskuratu nuen nirea, eta 2008koan (agian nik blog honetan egin diodan propagandak bultzatuta ;-) nire beste ezagun batzuk erosi dute. XO-ak dituen elkarlanerako aukerak probatzeko, beroni ahalik eta probetxurik onena ateratzen ikasteko eta, azken finean, elkarrengandik ikasi eta ondo pasatzeko, OLPC Party bat egitea pentsatu dugu.

AEBetan 2007ko kanpainan 80.000 XO inguru banatu ziren, eta geroztik horrelako topaketa informalak sarri samar egiten dituzte bertako hiri handi guztietan. Euskal Herrian jada XO-a dugun hainbat jende bagaudela aprobetxatuta, I. Euskal OLPC Party-a egingo dugu apirilaren 23an, arratsaldeko 18:00etan, Donostiako Doka kafe antzokian.

OLPC XO bat dugun bost lagun behintzat egongo gara bertan, baina deialdia irekia da. XO bat duen beste edonor ere ongi etorria izango da, eta proiektuan edo ordenagailuan interesa edo kuriositatea duen edonor ere gonbidatuta dago.

Hau da egin asmo ditugun gauzen zerrenda irekia:

  • Sugar sistema eragilearen azken bertsioa instalatu
  • Sugar sistemari programa berriak gehitzen ikasi
  • Sugar sistemaren elkarlanerako aukerak probatu
  • Ultrasoinu bidez bi XO-ren arteko distantzia neurtzeko programa probatu
  • Sugar sistemakoak ez diren programak instalatzen ikasi (Firefox, Flash, Skype, MPlayer, Pidgin...)
  • Ubuntu instalatzen ikasi

Esan bezala, edonor etor daiteke, baina etortzeko asmoa baduzu, topaketaren wikian zure izena gehitzera eta egin nahiko zenituzkeen gauzak edo landu nahiko zenituzkeen gaiak adieraztera gonbidatzen zaitugu. Animatu, ondo pasatuko dugu eta!

e-gor 2009/04/16

OLPCk ustekabean amaitu du "Give One Get One" kanpaina

Aurtendik, jada ezin da XO bat eskuratu bi ordainduz

Garapen bidean dauden herrialdeetako haurren alfabetatze digitala helburu duen One Laptop Per Child erakundearen Give One Get One kanpaina, zeinaren bidez beraien XO ordenagailua eskuratu dezakezun hirugarren munduko haur batentzako beste bat ordainduz, amaitu da momentuz.

Kanpaina hasi zenean ez zioten amaiera datarik jarri, eta denbora aurrera joan ahala kanpainan herrialde gehiago (AEBak, Kanada eta Europaz gain) sartzeko asmoa zutela esan zutenez, luzerako kanpaina zela uste zuen mundu guztiak. Baina abenduaren 29an iragarri zuten euren blogean, guztiz ustekabean, 2008aren amaierarekin bat amaituko zela kanpaina.

Beraz, jada ez dago aukerarik XO ordenagailurik eskuratzeko. Ea 2009aren amaieran berriz ere jartzen duten martxan kanpaina...

e-gor 2009/01/02

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!

Azaroaren 17an abiatuko da berriz bi ordainduta bat eskuratzeko kanpaina

Ximun eta Hur XO ordenagailuarekin

Aspaldi samartxotik nekien One Laptop Per Child erakundeak azaroaren 17an berriz ere Give One Get One kanpaina (XO ordenagailu bat eskuratzeko aukera, hirugarren munduko haur batentzako beste bat ordainduz gero) martxan jarri behar zuela, baina ez nuen ezer publikatu artean ez baitzegoen argi kanpaina, iaz bezala, AEBetarako soilik izango zen edo zabalagoa. Izan ere, gaur arte erakundearen wikian zioten hasieran AEBetarako soilik izango zela, eta saiatuko zirela aurrerago Canada eta Europako beste herrialde batzuetara zabaltzen (ikusi Google-en katxean)...

Atzo Nicholas Negroponte erakundearen zuzendaria Euskaldunan egon zen Zientziaren Astea inauguratzen, eta han egondako lankide baten arabera (eskerrik asko Eider!), esan zuen hemen ere izango zela kanpaina berrian parte hartzeko aukera. Eta gaur jakin da Europan ere aukera egongo dela kanpainan parte hartzeko hasieratik bertatik. Beraz, atzo Euskal Herrian eman zuen Negropontek primizia mundu mailan! Eta hemengo medioetan ez dut uste hori aipatu ere egin dutenik. Kazetari hauek...

Give One Get One kanpainan emango duten ordenagailua iazko bera izango da, nik dudan XO-1 zoragarria alegia, baina bere sistema eragilearen bertsio berrienarekin, eta Windows gabe. Iazkoak ez bezala, orain hasiko den kanpaina honek ez dauka amaiera datarik, eta aurrera doan heinean herrialde berriak gehitzeko asmoa omen dute. Europako prezioa 312 euro izango da. Banaketa ez du OLPC erakundeak egingo (azpiegitura faltagatik, iazko banaketan arazo ugari izan omen ziren), Amazonek baizik. Beraz, aitzakiarik ez duzu zurea ez erosteko!

OLPCren XO-2 ordenagailua

Bide batez, OLPC erakundean ari dira euren ordenagailuaren hurrengo bertsioa, XO-2 delakoa, prestatzen. 2010erako atera nahi dute 75 dolarreko kostuan. Eta hau ere, aurrekoa bezala, guztiz iraultzailea eta zoragarria da. Liburua irekitzean, bi orriak dira ukimenezko pantailak. Beraz, orri bikoitzeko benetako liburu gisa erabil daiteke, edo ordenagailu gisa teklatu birtual baten bidez.

Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariko artikuluan bagenion OLPCren ordenagailuaren lehenengo bertsioak gaur egungo ordenagailu aukeren panorama aldatu zuela (oraingo netbook guzti horiek nondik datoz bestela?), beste honek ere ziur izango duela eraginik etorkizunean... Negropontek atzo Euskaldunan esan zuenez, XO-2 ordenagailua kaleratzeko 2 urte falta direla, jada hasi diete kopiatzen...

e-gor 2008/11/12

OLPC, beste bi artikulutan

Kontaizu.net aldizkariko elkarrizketa eta Zientzia.net-eko artikulua osorik

OLPCri buruz hitz egiten duten beste bi artikuluren berri eman behar dizuet gaurkoan ere. Lehenengoa, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak ateratzen duen Kontaizu.net hilabetekari digitalerako Gorka Julio Teketenek egin zidan elkarrizketa da. Bertan hainbat gauzetaz egiten dut berba, ez OLPCz soilik: blog hau, laneko gauzak, Elebila, Ikasys proiektua...

Bestalde, Zientzia.net-erako OLPCri buruz idatzi nuen artikulua jada osorik irakur daiteke online. Baina nik jatorriz idatzitako artikulua luzeegia geratu zen, eta paperezko aldizkarian ateratzekoa zenez, ia erdiraino moztu behar izan nuen. Jarraian irakur dezakezue artikulua osorik.

Hirugarren munduko haurrentzako ordenagailua, aurrerapen teknologikoaren aitzindari

"Emaiozu gizon bati arrain bat, eta gaur jango du; erakutsi iezaiozu arrantzan, eta egunero jango du", dio txinatar esaera zahar batek. Eta horri kasu eginez dihardute One Laptop Per Child (OLPC) proiektukoek. Hirugarren munduaren garapena eta aurrerabidea hezkuntzaren bidez etorriko delakoan, eta hezkuntzan atzera ez gelditzeko IKTak eta Internet beharrezkoak direla sinetsita, herrialde behartsuetako haurrei ordenagailu eramangarri bana helarazi nahi dien proiektua jarri zuen martxan GKE horrek. Horretarako, ordenagailu merke baina ahaltsu eta funtzional bat diseinatu zuten. Eta, poliki-poliki, OLPC proiektua, hirugarren mundukoa ez ezik, mundu osoko teknologia iraultzen ari da.

Hirugarren mundu edo Garapen bidean dauden herrialde esaten zaie ezaugarri hauek dituzten herrialdeei: nekazaritzan oinarritutako ekonomia, lehengai gehienak esportatzea, herrialde industrializatuagoekiko zorra, azpiegitura urriak, analfabetismo-tasa altua, teknologia atzeratua... Eta, azken urteetan, beste ezaugarri bat ere gehitu zaie aurrekoei: IKTen (Informazio eta Komunikazio Teknologien) eta Interneten eskuragarritasun eta hedapen-maila txikia, eta, horren ondorioz, gizartearen alfabetizazio teknologiko apala. Herri garatuen eta azpigaratuen arteko ezberdintasun berri hori sortzen duen fenomenoari haustura digital deritzo.

OLPC proiektua

Haustura digitalak etorkizunean beste ezberdintasunak areagotu besterik ez dituela egingo sinetsita, hura txikitzen laguntzeko eratu zuten One Laptop Per Child edo OLPC (Ordenagailu Eramangarri Bat Haur Bakoitzeko) izeneko fundazioa 2005eko urtarrilean. Haren helburua hirugarren munduko haurren hezkuntza da, IKTak erabiliz eta alfabetizazio teknologikoaren bidez.

Proiektuak hainbat enpresa ezagunen laguntza ekonomikoa jaso du, tartean AMD, eBay, Google eta Red Hat -bakoitzak bina milioi dolar jarri du-. Baina OLPCren ernamuina eta arima MIT (Massachusetts Institute of Technology) ezaguna da, harekin modu batean edo bestean lotutako informatikaren hainbat pisu astunek osatzen baitute fundazioa, teknologiaren benetako dream team bat: fundatzaile eta zuzendaria Nicholas Negroponte da, MIT-eko Media Lab-eko zuzendaria, Wired aldizkariaren sortzaileetako bat eta informatikako guru famatua; sistema eragilearen arduraduna Jim Gettys da, X leiho-sistemaren eta HTTP 1.1 protokoloaren sortzaileetako bat; zuzendari teknikoa Mary Lou Jepsen da, pantailetan eta sistema holografikoetan aditua; softwarearen eta edukiaren arduraduna Walter Bender da, argitarapen elektronikoetan aurrendaria; beste arduradunetako bat Seymour Papert da, inteligentzia artifizialaren aitzindarietako bat, Logo lengoaiaren sortzaileetako bat eta Piaget-en irakaskuntza konstruktibistaren teoriaren garatzaileetako bat; eta, azkenik, Alan Kay-k ere parte hartzen du proiektuan, objektuei orientatutako programazioaren asmatzaileetako bat, leihodun erabiltzailearen interfaze grafikoen diseinatzaileetako bat eta liburu elektronikoaren kontzeptuaren sortzailea.

XO ordenagailua

OLPC proiektuaren helburua lortzeko ezinbestekoa da garapen bidean dauden herrialdeetako haurrek ordenagailuak eskura izatea eta, haien bidez, baita Internet ere. Jomuga hori buruan, ordenagailu eramangarri bat diseinatzeari ekin zioten, baina ez ohiko irizpideen araberakoa, herrialde behartsuetako haurren beharren araberakoa baizik: arina, kontsumo txikikoa, iraunkorra, eguzki argitan ere pantaila ongi ikusiko dena... Eta hori guztia, gainera, prezio merkean lortu beharra zegoen. Asmoa zen hirugarren munduko gobernuek kantitate handietan erostea, gutxienez milioi bat unitateko lotetan, eta kantitate horietan ekoitzita kostua 100 dolarrekoa izatea. Hortik etorri zaio proiektuari bere ezizen ezagunenetako bat, 100 dolarreko ordenagailua.

Esan eta egin, 2005eko azarorako diseinatuta zuten lehen prototipoa, eta geroztik garatzen eta hobetzen joan da, gaur egun produkzioan dagoen XO izeneko modelora iritsi arte. Ikuspuntu askotatik begiratuta, oso ezaugarri onak ditu XO ordenagailuak:

  • 1,5 kg besterik ez du pisatzen.
  • 7,5 hazbeteko pantaila du, 1200x900 pixeleko erresoluziokoa. Baina ez da LCD edo TFT pantaila, tinta elektronikozkoa baizik. Pantaila mota horretan, paperean inprimatuta balego bezala ikusten da, baita kanpoan eta eguzki-argitan ere. Gainera, beste pantailek baino askoz gutxiago kontsumitzen du. Horrez gain, pantaila biratu daiteke eta, tapa ixtean, liburu elektroniko baten gisan gelditzen da, teklaturik gabe, liburuan zehar mugitu ahal izateko geziekin soilik.
  • Oso kontsumo txikia du. Ohiko eramangarriek 10-45W artean kontsumitzen badute, XO-ak 2W besterik ez du behar; gutxiago liburu elektroniko gisa funtzionatzen duenean, 0,3-0,8W baino ez (funtzionamendu-modu honetan dena itzaltzen da, pantaila izan ezik; beste orri batera mugitzen garenean, ordenagailua esnatu, egin beharrekoa egin eta berriz itzaltzen da, baina pizteko segundo-hamarren bat besterik behar ez duenez, nabaritu ere ez da egiten). Kontsumo-maila horrekin, orduak edota egunak egin ditzake bateria kargatu gabe. Horrez gain, bateriak 2.000-3.000 karga onartzen ditu, normalek baino 4-5 aldiz gehiago. Entxufatuta bateria kargatzeko osagarria ere badu, korrontearen gorabehera altuentzako prestatuta. Eta, hori gutxi balitz, soka bati tiraka karga daiteke, karelez kanpoko motordun txalupa bailitzan. Horri esker, elektrizitaterik ez dagoen tokietan ere erabil daiteke.
  • Internetera konektatzeko Wi-Fi erabiltzen du. Bi antena ditu, ordenagailuaren tapa irekitzeko derrigorrez altxa behar direnak, eta antenon bidez ohiko Wi-Fi txartelek baino irismen handiagoa du. Gainera, ekipoa itzalita dagoenean ere, Wi-Fi sistemak router gisan funtzionatzen du, eta konexio-puntutik urrutiegi dauden beste haurren ordenagailuei konexioa ahalbidetzen die. Hori guztia ohiko Wi-Fi konexioek baino askoz gutxiago kontsumituz.
  • Ordenagailuaren teklatua iragazgaitza da, eta ura edo lurra lasai bota dakioke, ez da barrura sartzen. Eta ez da beste ordenagailu eramangarriak bezain hauskorra, lurrera erorita ez da apurtzen.
  • Bideokamara, mikrofonoa, bozgorailuak, 3 USB ataka eta SD txartelarentzako slot-a ere baditu.

Noski, horrelako ezaugarriak prezio txikian lortzeko, beste gauza batzuk sakrifikatu behar izan dituzte. Beste osagai gehienak ez dira ohiko ordenagailuenak bezain azkarrak edo ahaltsuak:

  • Mikroprozesagailua AMD etxeko bat da, 433 MHz-ko abiadurakoa, eta kontrolatzaile grafikoa integratuta du
  • 256 MB-eko DDR memoria du
  • Ez du disko gogorrik, 1 GBko flash memoria bat baizik

Gainera, kontsumo txikia lortzeko, XO ordenagailuak ez du inongo parte mekanikorik: ez du disko gogorrik, diskete unitaterik edo CD/DVD irakurgailurik (horrelako periferikoak USB portutik konektatu daitezke nahi izanez gero). Eta haizegailurik ere ez du, ez baitu behar; prozesagailuak duen abiadurarekin ez da apenas berotzen.

Laburbilduz, XO ordenagailua gaur egun merkatuan dagoen beste edozein baino askoz ahalmen txikiagokoa izanagatik, ez du ezer horiei inbidiatzekorik. Ordenagailu batek egin ditzakeen ia gauza guztiak egin ditzake, ia besteen abiadura berdinean. Informatikaren azken urteetako joera izan da ordenagailu gero eta azkarragoak eta ahalmen handiagokoak egitea, eta softwareak ere gero eta makina-ahalmen gehiago eskatzea. Proiektu honetan hardware aldetik ordenagailu merke bat behar zenez, softwarearen optimizazioa ere bilatu behar izan dute, informatikaren lehenengo garaietan bezala, eta baita lortu ere. Ingeniaritza-lan ikusgarria egin dute, eta geek eta teknologiazale ugari liluratuta ditu XO txikiak.

Hezkuntza helburu

Baina Negropontek berak sarritan esan duen bezala, OLPC ez da ordenagailu eramangarri baten proiektua, hezkuntza-proiektu bat baizik. Horregatik, oso garrantzitsua da softwarearen aldea ere. Daukan guztia software librea da, normala denez hirugarren mundurako proiektu batean. Linux sistema eragilea du, Fedora banaketa zehazki. Interfaze grafiko gisa, proiektu honetarako berariaz diseinatutako Sugar izenekoa dauka, ohituta gaudenetatik oso ezberdina baina haurrentzat edo ordenagailu bat lehen aldiz hartzen duen batentzat oso intuitiboa.

Hainbat software orokor ditu instalatuta, ikasteko balio dutenak: Internet nabigatzailea, RSS-irakurgailua, testu-prozesadorea, txat-programa, audio- eta bideo-grabaziorako eta -erreprodukziorako programak, komando-lerroko terminala, marrazteko programa, dokumentu-irakurgailua, kalkulagailua... Eta hezkuntzarako beste programa asko, horietako asko jokoak, Piageten irakaskuntza konstruktibistaren teorian oinarrituak: bikoteen jolasa, musika konposatu eta ikastekoak, programatzen ikasteko jokoak, osziloskopioa, bi XOren arteko distantzia neurtzeko programa... Horrez gain, mundu osoko laguntzaile askok XOrako sortutako programa ugari oso erraz jaits eta instala dakioke, eta egunetik egunera berriak agertzen dira. Eta hori gutxi balitz, Linux sistema bat denez, Linuxerako egindako edozein software jaits eta instala dakioke.

Gainera, XOarentzat diseinatutako programa guztiek kolaboratzeko aukera ematen dute: nahikoa da aplikazioa konpartitzea, jarduera taldeka egin ahal izateko, norbera bere ordenagailutik arituta.

XO ordenagailuaz gain, OLPC proiektua tokian tokiko beste hainbat betekizunekin osatzen da:

  • Ordenagailuaren lokalizazioa egin behar da, hau da, sistemaren eta programen menuak, mezuak eta testuak bertako hizkuntzara itzuli eta egokitu
  • Wi-Fi bidezko Interneterako sarbidea jarri behar da eskoletan eta herrixketan
  • Curriculumerako edukiak sortu behar dira, hau da, testu-liburuak, ikus-entzunezko materiala... Baina paperean, plastikoan eta banaketan asko aurreztuz, formatu digitalean sortu eta zerbitzari baten jartzea nahikoa baita
  • Eskoletan zerbitzariak jarri behar dira (irakasleek lanak banatzeko, ikasleen lanak biltegiratzeko...)
  • Irakasleak trebatu behar dira

Azken bi urteetan, hainbat herrialdetako herrixka batzuetan esperientzia pilotuak egin dituzte XOaren prototipoak eskoletan banatuz, eta badira hilabete batzuk produkzioko modeloa erosi duten herrialdeetako eskola batzuetara XOak iritsi direla. Haurrek egin dioten harrera eta balorazioa ezin hobea omen da. Bizitza aldatu die, mundu berri bat ireki. Aurrez imajinatu ezinezko erabilerak ematen dizkiete, batak bestearengandik ikasiz. Herrixka askotan, XOa iristeak benetako aldaketa ekarri du, eta esperientzia oso politak irakur daitezke sarean. Adibidez, Peruko Arahuay herrixkan eskolara doazen haurren kopurua 10 aldiz handiagoa da XOa iritsi zenetik, lehen txikitatik nekazari-lanetan hasten baitziren haurrak. Eta Indiako Khairat herrixkan bueltaka dabiltzan behiak erabiltzen dituzte dinamo baten bidez eskolako XOentzako elektrizitatea lortu eta haurrak eskuz kargatzen ez ibili behar izateko.

Hedapena, ez behar bezalakoa

Beraz, OLPC proiektuaren balorazio kualitatiboa ezin hobea da. Makina bikaina diseinatu dute, eta helburuak ederto bete ditzakeela erakutsi du. Alabaina, proiektuaren balorazio kuantitatiboa ez da hain ona. Tunisian 2005eko azaroan izandako Informazioaren Gizarteari buruzko Goi Bileran lehen prototipoa aurkeztu zutenean, oso harrera ona izan zuen, eta gobernuburu askok adierazi zuten interesa. Eta Davosen 2006ko urtarrilean izandako Munduko Ekonomia Foroan, Nazio Batuen Garapenerako Programak OLPC proiektua babestu zuen. Hori guztia ikusita, oso aurreikuspen baikorrak egin zituen OLPCk: 2007an 10 milioi eta 2008tik aurrera urtero 100 edo 150 milioi unitate saltzea espero zuten. Eta oraindik milioi batera ere ez dira iritsi salmentak...

Horren arrazoiak asko dira. Hasteko, behin betiko lehen modeloaren fabrikazioa 2007ko azarora arte berandutu da. Gainera, ez dute 100 dolarreko kostuaren helburua bete, eta ia bikoitza balio du. Igoeraren zati handienaren errua, baina, ez dute OLPCkoek, azken urteetako dolarraren jaitsiera etengabeak baizik. Dena dela, kostuaren igoera hori ez da guztiz erreala, orain dolar gehiago kostatu arren, dolarrak gutxiago balio baitu... Alabaina, igoerak atzera bota ditu hitza emandako hainbat herrialde, Txina adibidez, eta ordenagailu merkeak egiteko euren programa propioak garatzen hasi dira batzuk, India eta Venezuela kasu.

Beste arrazoi nagusietako bat, zalantzarik gabe, konpainia handi askok proiektuaren aurka dituzten interesak dira. Orain arte herrialde behartsuengatik batere kezkatu izan ez diren ordenagailu- eta software-ekoizle askok, etorkizuneko merkatu potentzial handi bat beste batek eraman ez dezan, euren produktuak eta kontraeskaintzak atera dituzte. Microsoft, adibidez, Windows eta Office hiru dolarretan eskaintzen hasi zen iazko apirilean garabidean dauden herrialdeetako haurrei. Eta Intel-ek, OLPCri lehia egiteko, Classmate ordenagailua atera du, erabiltzaile berdinei zuzendutako ordenagailua, eta ezaugarrietan antzekoa izan nahi duena, nahiz eta lortu ez (garestiagoa da, 10 aldiz gehiago kontsumitzen du, Wi-Fiak irismenaren herena du eta ez du proxy gisa funtzionatzen...).

Bi produktu horiek ez liokete round bat ere eutsiko XOari, baina, hala ere, hainbat herrialde eurenganatu dituzte, bi enpresa erraldoiok OLPCk ez duen beste gauza batzuk dituztelako: azpiegitura komertziala lurralde askotan, lehentasunezko tratua medioetan eta, zergatik ez esan, multinazional guztiek bezain eskrupulu gutxi. Eroskeria eta intoxikazio-kanpainetan adituak izan ohi dira multinazionalak, eta kasualitatea izateko gauza gehiegi gertatu dira: OLPCren aurkako teoria konspiranoikoak (Negroponteren anaia John AEBetako inteligentzia-zerbitzuen zuzendaria delako, XOen kokapena satelite bidez jakin dezaketela eta XOen edukiak ikusi ditzaketela esan izan da), Nigerian XOaren teklatuak patente bat hausten omen duelako auzitara eraman dute eta ezin da bertan banatu, herrialde batzuk Windows instalatuta izatea eskatu diote...

Eragozpen eta arazo hauek guztiak medio, OLPC proiektuak egin nahi ez zituen hainbat gauza egitera behartuta ikusi du bere burua. Esate baterako, OLPCk kritikak jaso zituen AEBn bertan ere badituztelako IKTak eta hezkuntza arloan beharrak dituzten zonaldeak, eta nahiz eta Negropontek pentsatu AEBek, benetan nahi izanez gero, badutela dirua IKT azpiegitura egokiak ezartzeko, azkenean XO batzuk bertako eskola batzuetan saldu behar izan dituzte. Edo proiektua bera finantzatzeko Give One Get One kanpaina martxan jarri behar izan dute, AEBn eta Kanadan erabiltzaile indibidualei XO ordenagailua prezio bikoitzean erosteko aukera emanez eta, hala, hirugarren munduko haur bati beste bat oparituz. Edo azkenaldian Microsoft-ekin elkarlanean hasi behar izan dute Windows-en bertsio bat XOan instalatzea lortzeko, hainbat herrialdetan Windows instalatuta izatea eskatzen baitzieten, Linux pobreentzakoa eta txarragoa delakoan edo. Hau izan da erabaki zail eta gogorrena, proiektuaren filosofia eta hasierako helburuekin guztiz aurka baitoa: batetik, proiektuari beharrezkoa ez den kostua gehitzen dio, eta, nahiz eta hasieran Microsoft prest egon XOrako Windows doan lizentziatzeko, etorkizunerako sistema garesti batera lotzen ditu hirugarren munduko haurrak; eta, bestetik, proiektuaren aprobetxamendu egokirako eta etengabeko hobekuntzarako software librea da aukera onena. Baina OLPCk exijentzia horietara makurtu behar izan du...

Aldaketa teknologiaren munduan

Edozein modutan, dela XOren bidez nahiz beste batzuen ordenagailuen bidez, hirugarren munduko haurren alfabetatze teknologikorako helburuan aurrerapenak egingo direla ez dago dudarik, eta dena OLPCk irekitako bideari esker. Baina hirugarren munduko hezkuntzaren panorama ez da OLPCk aldatzea lortu duen gauza bakarra, teknologiaren munduan orokorrean ere eragin du.

Izan ere, ordenagailu eramangarrien ekoizleak hasi dira herrialde garatuetarako ere modelo merke eta arinak komertzializatzen. Lehenengoa eta ezagunena Asus-en EEE PC da, baina beste batzuk ere badira: Longmeng txinatarra, VIAren Nanobook... Eta mahai gaineko ordenagailuetan ere 200 dolarretik beherakoak ateratzen hasi dira AEBn, azalera handiko denden bidez banatuta: Everex gPC (Wal-Mart), Mirus Linux PC (Sears), Shuttle KPC... Urtarrilean Apple-k aurkeztutako Macbook Air famatuak ere, gutun-azal batetik aterata aurkeztu zuten munduko ordenagailurik meheena omen den horrek ere, asko zor dio XOari. Noski, ezin dira biak konparatu, Macbook Air askoz ahaltsuagoa da (beharko, 10 aldiz gehiago balio baitu!), baina XOaren iturrietatik asko edaten du: arina, prozesagailua ez hain potentzia handikoa, disko gogor txikia, CD/DVDrik ez, Ethernet porturik ez...

Azken finean, XOa diseinatzean erabilitako irizpideak (merkea, arina, kontsumo txikikoa) eta hori lortzeko bidea (flash memoriak disko gogorren ordez, CD/DVDrik ez, potentzia baxuagoa) ez dira egokiak hirugarren mundurako soilik; herrialde garatuetarako ere egokiak dira, zalantzarik gabe. Hemen, merkatuak edo kontsumitzaileek ez, baizik ordenagailu eramangarrien ekoizleek markatu izan dute orain arte bidea: beti gero eta ordenagailu azkarragoak, disko ahaltsuagoekin eta gaitasun grafiko hobeekin egin izan dituzte, baina pisutsuak eta garestiak. Auskalo zergatik egin duten hori, inertziagatik, edo ekoizleen arteko lehiagatik, edo prezioak ez jaistea justifikatzeko...

Behintzat, orain, ordenagailu ekoizleak konturatu dira potentziagatiko lasterketa zoroaren antzuaz eta, neurri baten bederen, irizpide praktikoagoekin hasi dira lanean (prezioa, pisua, kontsumoa, baliabideen aprobetxamendua eta optimizazioa...). Azkenean, OLPC apalaren XO txikiak enpresa teknologiko handien mundua ere irauli du.

Give One Get One kanpaina

OLPC proiektuaren finantzaketan laguntzeko, Give One Get One kanpaina (hau da, Bat Eman Bat Eraman) martxan jartzea bururatu zitzaien. 2007ko azaroan eta abenduan AEBko eta Kanadako hiritarrek aukera izan zuten, bi XO ordenagailu 400 dolarretan ordainduta, bat beraientzat lortzeko eta beste bat hirugarren munduko haur batentzat emateko.

Kanpainaren bidez 83.000 pertsona inguruk erosi dute bere XOa, ia 17 milioi dolar lortuz, eta beraz beste 83.000 XO iritsiko zaizkie Afganistan, Kanbodia, Haiti, Ruanda eta Mongoliako haurrei (momentuz azken honetan ari dira banatzen). Baina lortutako onura hori baino gehiago da: jende pila bat hasi da XOarentzako hezkuntzako software berria garatzen, edo erabilera berriak asmatzen, edo informazioa sarean jartzen... Kanpainak izandako arrakasta ikusita, beste herrialde batzuetara zabaltzea pentsatzen ari dira, Europa ere tartean.

Orain arteko salmentak

Orain arte, herrialde eta kantitate hauetan saldu edo banatu da XO ordenagailua:

  • Uruguai: 100.000 unitate (2007ko urrian)
  • Alabamako Birmingham hiria: 15.000 unitate (2007ko azaroan)
  • Peru: 270.000 unitate (2007ko abenduan)
  • Mexiko: 50.000 unitate (2007ko abenduan, Carlos Slim aberatsak bere herriko haurrentzat erosita)
  • AEB eta Kanada: 83.000 unitate (2007ko azaroan eta abenduan, Give One Get One kanpainaren bidez)
  • Afganistan, Kanbodia, Haiti, Mongolia eta Ruanda: 83.000 unitate (2007ko azaroan eta abenduan, Give One Get One kanpainaren bidez)

Eta beste herrialde hauek erosteko asmoa dute, edo interesa agertu dute:

  • Nigeria: 2006ko uztailean milioi bat XO erosiko zutela iragarri zuten, baina geroztik hauteskundeak izan dira, eta erosketa ez da oraindik gauzatu; gainera, teklatuak bertako patenteren bat hausten omen duelako epaitegiek galarazi dute XOa herrialde horretan banatzea
  • Libia: 1,2 milioi erostea adostu zuten OLPCrekin, baina oraindik ez da gauzatu
  • Thailandia: OLPC proiektuarekin bat egin zuen, baina 2006ko estatu-kolpearen ondoren ezarritako gobernu berriak berriz aztertu behar duela esan zuen
  • Argentina: adostuta zuten, baina berriz aztertzen ari dira
  • Brasil: 150.000 erostea adostuta zuten, baina lehiaketa publikoa egin behar izan zuten, eta, oraingoz, bertan behera gelditu da laguntza-zerbitzu eta berme eskakizunengatik
  • Etiopia: Italiako gobernuak Etiopiara bidaltzeko 50.000 XO erosiko zituela esan zuen
  • Costa Rica, Dominikar Errepublika, Egipto, Grezia, Pakistan eta Tunisia: interesatuta daude, baina oraindik ezer adostu gabe
e-gor 2008/05/12

OLPC Norteko Ferrokarrillean

Aurreko astean egin zidaten elkarrizketa online entzun daiteke

Aurreko astean Willy Roa lankideak zuzendu eta aurkezten duen Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrilla saioan izan nintzen, OLPCri buruz hitz egiten. Irratsaioaren elkarrizketa nagusia izan zen, ordu erdi ingurukoa beraz, baina hala ere oso gustura eta azkar pasatu zen denbora, gauza interesgarriei buruz hitz eginez...

Elkarrizketa jada online entzungai duzue Elhuyarren web gunean. On egin!

e-gor 2008/04/09

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta

Esku artean bat izan ondoren, hemen azterketa eta OLPCrekin konparaketa

OLPC XO eta Asus EEE PC-ren argazkiak

Lankide txapas batek ;-) Asus EEE PC bat erosi du AEBetatik zuzenean eskatuta. Subnotebook motakoa da Asus EEE PC ordenagailua, hau da, txiki-txiki horietakoa, baina aspalditik existitzen diren Sony Vaio eta antzekoak ez bezala, merke-merkeetakoa ere bada, OLPC proiektuak irekitako lineakoa beraz.

Nik OLPC XO bat dudanez, ekidinezina da bien arteko konparaketa. Abantaila hauek ditu XOak EEErekiko:

  • Pantaila zertxobait handiagoa du XOk, baina erresoluzioa askoz handiagoa: 1200x900, eta EEEk 800x480 besterik ez (argazkian ikusten da blog honen lehen orria nola ikusten den bakoitzean)
  • Gutxiago kontsumitzen du XOk (irakurritakoagatik diot, EEEa ez baitut konprobatzeraino bezainbeste erabili) eta gutxiago berotzen da (hau bai da nabarmena, oso gutxi erabilita ere nabaritzen zaio beroa EEEari, eta OLPCri bat ere ez)
  • Liburu elektroniko moduan erabili daiteke XOa pantaila biratuta
  • XOa merkeagoa da, bestearen erdia baino gehiago; hori bai, hemen lortzeko orain arte egon den modu bakarra bikoitza ordainduta izan denez, antzera kostatu zaizkigu

Aldiz, gauza hauetan da EEE hobea XO baino:

  • Nabarmen arinagoa da (eta hori XO ere oso arina izanik!), eta txikiagoa ere bai (irekita antzekoak dira, baina itxita XOa handiagoa da heldulekuagatik)
  • EEE azkarragoa da (amen jesus baten pizten da!), memoria handiagoa du (512 MB, bestearen bikoitza) eta kapazitate handiagoko Flash memoria (2 GB-tik 8 GB-ra, XOk 1 GB soilik)
  • Biek dituzte bozgorailuak, mikrofonoa, bideokamera (2 GB-ko EEE modeloak ez), hiru USB ataka, SD txartelarentzako slot-a, Wi-fi konexioa eta mikrofono eta bozgorailu konexioak, baina horiez gain EEEk monitore eta Ethernet konexioak ere baditu
  • EEEk gure eguneroko erabilerarako ohikoak diren aplikazio gehiago dakartza instalatuta (Xandros Linux banaketaren gainean, Skype, Firefox, OpenOffice eta horrelakoak baditu, eta nahi izanez gero Windows XP ere instala dakioke); OLPCk hezkuntzarako software gehiago du, baina ez horiek (nahiz eta norberak instalatu diezazkiokeen)

Guztia honela laburbilduko nuke nik: OLPCa ingeniaritza lan guztiz iraultzailea da kontsumoan, aprobetxamenduan, kostuan eta abarretan eta hezkuntzarako zoragarriak diren aplikazio mordoa ditu, eta beraz bikaina da pentsatuta dagoenerako, hau da, hirugarren munduko haurren hezkuntzarako (nahiz eta guk eman diezaiokegun erabilerarako ere prestatu daitekeen); Asus EEE PCa, aldiz, beste moldaketa edo instalaziorik gabe lehen munduko edozein erabiltzaile asetzeko moduko benetako eramangarria da (benetakoarena azpimarratuz, ez orain arte eramangarritzat saldu dizkiguten ladrilo garesti horiek bezala).

Edonola, konparazio honek ez du zentzu gehiegirik ere, liga ezberdinetan baitaude biak. OLPCak hirugarren munduko haurrentzat soilik dira, beraz, 1x2 promozio kanpainaren bat salbu, Asus EEE PCa da lehen munduko publikoak eskura dezakeen bakarra. Eta, zalantzarik gabe, oso-oso aparatu majoa da. Nik erosiko nuke, bestea ez banu (edo izanda ere bai, agian... ;-). Ikastolen Elkarteak aukera ona egin du IkaSYS proiekturako.

Oraindik ez dago Espainian salgai, baina inportatzaile batzuen bidez lor daiteke. Hala ere, horien bidez AEBetako  prezioa baino dezente garestiago ateratzen da. Lankideak eBayn erosi du 4 GB-ko modeloa 300 eurotan (AEBetako prezioan), eta hori bera aipatutako inportatzaile horretan 60 euro garestiagoa da (bidalketa gastuak antzekoak dira batean zein bestean).

e-gor 2008/03/11

Gure XO, Berrian eta Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian

OLPCri buruzko artikulu bana agertu da bi medio horietan gure XO-aren argazkiekin, Elhuyarren aldizkarikoa nik idatzita

Bi artikuluen irudia
Irudia: Berria / Elhuyar

Bi asteren tartean, paperezko bi mediotan OLPCri buruzko artikulu bana agertu da, eta biak ilustratzeko gure XOri egindako argazkiak erabili dira.

Lehena Berrian agertu zen, otsailaren 21eko kontraportadan. OLPCri buruzko artikulua egin nahi zuen Irune Lasa kazetariak, eta etxera etorri zen argazkilari batekin batera (ez dut bere izena gogoratzen, barkatu) XOri, Ximuni eta Hurri argazkiak ateratzeko eta haurrei eta niri galderak egiteko. Artikulua argazkiarekin hemen duzue PDF formatuan.

Bigarrena Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian agertu da, martxoko alean. Nik idatzitako bost orriko artikulua da, eta honek, gure XOaren argazkiez gain, berau daukaten hirugarren munduko hainbat tokitako irudi ederrak ere baditu (Mongolia, India, Uruguay...). Sarean osorik oraingoz harpidedunentzat soilik dago, beraz irakurri nahi baduzue paperezkoa erosi beharko duzue, edo harpidetu. Ez zaizue damutuko, benetan (eta ez diot nire artikuluagatik, aldizkariaren kalitate eta interesgarritasunagatik baizik).

e-gor 2008/03/07

Iritsi da!

OLPC proiektuaren XO ordenagailua etxean dugu jada

Ximun eta Hur XO ordenagailuarekin

Duela gutxi OLPC proiektuari buruz idatzi nuen artikulu baten komentatu nuen nola eskatu nuen nire XO ordenagailua Give One Get One kanpainaren bidez (bi ordenagailu eramangarri ordaindu, bat norberarentzat eta bestea hirugarren munduko haur batentzat). Ba gaur iritsi da!

Irikitakoan, pena pixka bat hartu dut bateria kargatzeko biradera edo tiratzeko soka ez duela ikusita... Gero interneten begiratuta ikusi dut horrela abisatuta zeukatela, hori hirugarren munduko haurrentzakoetan soilik dagoela. Baina tira, berdin dio!

Bestela, lehen inpresioa ona izan da, egia esan dena espero nuen bezala izan da: txikia eta arina da, eramangarriak behar duen moduan; ez ditu beste sistema batzuk adina aplikazio, baina beharrik ere ez, eramangarri baten behar diren aplikazioak baditu, nahiz eta bertsio arinagoak izan, eta bestela web aplikazioak erabil daitezke; kamera, mikrofonoa eta wi-fi konexioa ditu; disko gogorrik edo CD/DVD irakurgailurik ez du, baina USB portuak horiek konektatzeko bai.

Gehien harritu nauena izan da hezkuntzarako eta ikasteko zein aplikazio onak dituen, eta elkarlanerako zein ondo prestatuta! Aplikazioak bai baina elkarlanerako aukera ezingo dute gure haurrek erabili, gelan edo inguruan beste inork ez baitu (nik dakidala behintzat;-)

Orain osagarriak lortu, jarri eta probatu behar ditut (entxufe estatubatuarrentzako egokigailua, wi-fi router-a, sagua...) eta gero askoz gehiago erabili eta probatu, ondoren blog honetan azterketa sakonago bat idazteko. Stay tuned!

e-gor 2008/01/02

OLPC proiektuaren alde

Hirugarren munduko haurrentzako ordenagailu eramangarrien proiektuaren aurka argitaratutako artikuluei erantzuna

XO ordenagailuaren irudia
Irudia: Wikipedia

Gara eta Gaur8 medioetako kolaboratzaile Iratxe Esnaola tematuta dabil OLPC (One Laptop Per Child) proiektuaren aurka, bi artikulu idatzi baititu berriki berau kritikatuz: bata Garan urriaren 30ean eta bestea Gaur8n azaroaren 30ean.

One Laptop Per Child proiektuak, izen bereko irabazi asmorik gabeko fundazioaren bidez, ordenagailu eramangarriak jarri nahi ditu hirugarren munduko haurren eskura, mundu garatu eta azpigaratuaren arteko eten digitala txikitu asmoz. Ekimen oso interesgarria, zinez txalogarria eta laguntzeko modukoa dela uste dut. Eta aipatutako kontrako artikuluak zehazgabetasunez, oinarririk gabeko zurrumurruez eta okerrez beteak daudenez, eta euren web guneetan erantzuteko aukerarik ematen ez dutenez, artikulu hau idaztea pentsatu dut OLPC proiektua jendeari azaltzeko eta jendearengan beraren aldeko jarrera bultzatzeko, baina datuetan eta frogatutako ekintzetan oinarrituz.

OLPC proiektua

MIT (Massachusetts Institute of Technology) prestigiotsuak eta bertako langile den Nicholas Negroponte informatikaren guru ezagunak bultzatutako ekimena da. Bere helburua hirugarren munduko haurren hezkuntzan IKTen bidez laguntzea da, horretarako euren eskuetan ordenagailu eramangarriak (eta, beraren bidez, Internet ere bai) jarriz. Ordenagailuen profesional eta zale naizen aldetik, ekimen honi zinez interesgarria deritzot. Bati baino gehiagori entzun edo irakurri diot herrialde azpigaratuetako haurrek, ordenagailuena baino, beste gauza batzuen behar handiagoa dutela, hala nola janaria, sendagaiak... Baina nire ustez horiek bezain garrantzitsua da haur horien hezkuntza, horren bidez lortu ahal izango baita, etorkizunean, herrialde horien garapen ekonomikoa eta ezberdintasunak murriztea. "El saber nos hará libres"!

Proiektuaren helburua lortzeko, ordenagailu eramangarri bat diseinatzeari ekin zioten, baina ordenagailu ekoizleek ohiko eramangarriak diseinatzerakoan kontuan izaten dituzten irizpideen arabera egin beharrean (azkarra, potentea, disko gogor handia, 3D grafikoetarako prestatuta...), beste irizpide batzuk izan zituzten kontuan. Herrialde pobreetako haurrek erabiltzeko moduko ordenagailua izan behar zen: arina, kontsumo txikikoa, erraz hausten ez dena, eguzki argitan ere pantaila ongi ikusiko dena... Eta hori guztia, gainera, prezio merkean. Asmoa zen hirugarren munduko gobernuek milioi bat unitateko lotetan eros zitzatela, eta kantitate horietan ekoitzita kostua 100 dolarrekoa izatea.

XO, zoragarria!

Diseinatu duten ordenagailua XO bataiatu dute, eta teknologiaren miraria da. Ni guztiz maiteminduta nauka. Begira zein ezaugarri dituen:

  • 1,5 kg pisatzen ditu.
  • 7,5 hazbeteko pantaila du, 1200x900 pixeleko erresoluziokoa. Baina ez da LCD edo TFT pantaila, tinta elektronikozkoa baizik. Pantaila mota honetan paperean inprimatuta balego bezala ikusten da, baita kanpoan eta eguzki argitan ere. Gainera, beste pantailek baino askoz gutxiago kontsumitzen du. Horrez gain, pantaila biratu daiteke eta tapa ixtean, liburu elektroniko baten gisan gelditzen da, teklaturik gabe eta soilik liburuan zehar mugitzeko geziekin.
  • Oso kontsumo txikia du. Ohiko eramangarriek 10W eta 45W artean kontsumitzen badute, XO-ak 2W besterik ez du behar erabilera normalean eta 0,3W eta 0,8W artean liburu elektroniko funtzionamenduan (funtzionamendu modu honetan dena itzaltzen da pantaila izan ezik, eta beste orri batera mugitzen garenean ordenagailua esnatu, egin beharrekoa egin eta berriz itzaltzen da, eta pizteko segundo hamarren bat besterik behar ez duenez, nabaritu ere ez da egiten). Kontsumo-maila horrekin, orduak edota egunak iraun ditzake bateria kargatu beharrik gabe. Baina gainera eguzki-plaka dauka etengabe kargatzen joateko. Eta hori nahikoa ez balitz, soka bati tiraka kargatu dezakegu, Zodiac bat bailitzan! Ikusten duzuenez, elektrizitaterik ere ez dagoen tokietan erabil daiteke. Eta entxufatuta bateria kargatzeko modu tradizionala ere badu, 2000-3000 karga onartzen dituen bateriarekin gainera, normalak baino 4-5 aldiz gehiago.
  • Internetera konektatzeko Wi-Fi erabiltzen du. Bi antena ditu, ordenagailuaren tapa irekitzeko derrigorrez altxa behar direnak, eta antenon bidez ohiko Wi-Fi txartelek baino irismen handiagoa du, 2,3 km-rainokoa oztoporik gabeko lautadan. Gainera, ekipoa itzalita egonda ere, Wi-Fi sistemak router gisan funtzionatzen du, konexio-puntutik urrutiegi dauden beste haurren ordenagailuei konexioa ahalbidetuz. 10 saltotara dagoen ordenagailu batek ere seinale oso ona izan dezake. Eta hori dena 0,8W kontsumituz, beste Wi-Fi konexioek 10W behar izaten dutenean!
  • Ordenagailuaren teklatua iragazgaitza da, eta ura edo lurra lasai bota dakioke, ez da barrura sartzen. Eta ez da beste ordenagailu eramangarriak bezain hauskorra, lurrera erorita ez da apurtzen.
  • Bideokamara, mikrofonoa, bozgorailuak eta 3 USB ataka ere baditu.
  • Linux sistema eragilea dauka, zehazki Fedora banaketaren bertsio murriztu bat, Sugar interfaze grafikoarekin. Ondoko softwarea dauka: Internet nabigatzailea, testu-prozesadorea, txat programa, VoIP programa, Python programazio-lengoaia, audio eta bideo erreproduzigailuak... Programa guztiek kolaborazio aukera ematen dute. Eta edozein programatan zaudela, nahikoa da tekla bat sakatzea bere Python iturburua ikusi edo aldatzeko (edo, zeozer hautsiz gero, dena lehen bezala uzteko).

Ez naiz ni XO-ari laudorioak abesten dizkion bakarra, nahi baduzue ikusi hemen eransten dizuedan The New York Times-ek egindako bideoa, edo irakurri Fox News-en artikulu hau .

Hala ere, dena ezin perfektua izan, eta baditu gauza batzuk ez daudenak hain ongi:

  • Biltegiratze-unitate gisa 1GB-eko flash memoria dauka, agian txikiegia izan daitekeena. Hala ere, beti konektatu diezaiokegu pendrive bat USB portuan edo on-line biltegiratze sistema bat erabili...
  • Ez dauka CD edo DVD irakurgailurik. Baina honetan ere kanpoko bat konektatu diezaiokegu USB portutik...
  • Software gutxi dauka, nahiz eta egunetik egunera Internetetik jaitsi daitezkeen aplikazio gero eta gehiago dauden XO-rako . Eta gainera, beti erabili ditzakegu web aplikazioak, eta gaur egun ia edozertarako daude aplikazioak web-ean... Baina horrez gain, beste edozein sistema eragile eta software instalatu dakiokeela diote euren wikian...
  • Kostuan ere ez dute lortu 100 dolarren helburua, etengabe igoaz joan da, batez ere dolarraren jaitsieragatik (Taiwanen fabrikatzen da-eta). Oraingoz 188 dolarretan dago kostua, baina eskari gero eta handiagoak izanez gero jaisten joango dela espero dute. Eta hala ere, beste edozeinek baino askoz merkeagoa izaten jarraitzen du!

Puntu negatibo eta guzti, hau bai dela benetako eramangarria! Berau ikusi eta gero, ikuspegia aldatzen zaizu. Nik jada ez dakit beste ekoizleak nola ez diren lotsatzen "eramangarri" deitzean saltzen dituzten mamotreto horiei: apur batez sorbaldatik eskegita eramanez gero klabikula fastidiatzen dizute, bateria segituan bukatzen da eta entxufe bila hasi behar duzu... Eta gainera hain garesti!

Gara eta Gaur8-ko artikuluak

Iratxe Esnaolak bi artikulu idatzi ditu berriki Garan eta Gaur8n OLPC proiektua kritikatuz eta ezbaian jarriz. Artikuluotan proiektu humanitario gisa sortutakoa helburu komertzialeko ekimen bihurtu dela salatzen da, 100 dolarretako hirugarren mundurako ordenagailuak 300 eurotan mundu guztirako salgai jarri dituztela esanez, beste hainbat puntu ilun eta esku beltz iradokitzeaz gain. Bertan esaten diren gauza asko oker daude eta beste askorekin ez nago batere ados, eta horiek banan-banan komentatuko ditut:

  • "...Hasiera batean "100 dolarreko ordenagailua" izenarekin jaio zen. Gero "OLPC" deitzea erabaki zuten ("One Laptop Per Child" edo "ordenagailu eramangarri bat haur bakoitzeko"). Eta, azkenean, "XO" izenarekin merkaturatu dute..." dio lehen artikuluak, eta ez da zuzena. Proiektuak hasieratik izan du OLPC izena, medioek eta jendeak deitu zioten 100 dolarreko ordenagailua, eta XO proiektu horrek banatuko duen lehen ordenagailu modeloaren izena da.
  • "...ordenagailu txiki, berde eta berezi bat jarriko dute salmentan mundu mailan...", "...izenarekin merkaturatu dute..." eta "...izango da erosgai..." dio lehen artikuluan, eta "...dagoeneko salgai dago..." bigarren artikuluan. Hau ez da zehatza. Proiektuaren helburuak hirugarren munduko haurrei ordenagailu eramangarriak helaraztea izaten jarraitzen du, gobernuei lote handitan salduz. Baina helburu hori finantzatzen laguntzeko hasieratik onartu dituzte laguntzak, eta euren web gunean hasieratik egon da edozein partikularrek hirugarren munduko haur bati ordenagailu bat (edo gehiago) finantzatzeko aukera. Orain martxan jarri dutena beste laguntzeko eredu bat da, Give one get one izenekoa, zeinaren bidez bi ordenagailuren kostua ordaintzeko aukera ematen dizuten, eta bat zuk jasotzen duzu eta beste bat herrialde azpigaratu bateko haur batek. Baina laguntzeko promozio kanpaina mugatu bat da, ez dituzte ordenagailuok salgai jarri.
  • "... jarriko dute salmentan mundu mailan..." dio lehen artikuluan, baina kanpaina Ameriketako Estatu Batuak eta Kanadarako soilik da. Eta hau ziur dakit, ni saiatu bainaiz egiten eta ez dit utzi...
  • "...300 euro inguru balioko dituen ordenagailu humanitario berde hauetako bi erosi..." dio lehen artikuluak eta "...dagoeneko salgai dago 300 bat eurotan..." bigarrenak. Hau ez da horrela. Ordenagailuaren prezioa 200 dolarretan zehaztu dute kanpainarako. Bi ordaindu behar dituzu, eta bidaltze-gastuak gehituta 423,95 dolar da guztira (289 euro inguru une honetan). Hau ere ziur dakit, egin baitut eskaera nire Boise konekxionaren bitartez (eskerrik asko Nere eta Chris!). Beraz, ez dira 300 euroko bi ordaindu behar inondik inora.
  • "...MIT erakundeak Luxemburgoko enpresa bat kontratatua du, zeinak ordenagailuen satelite bidezko kokapena kontrolatzen duen..." dio lehen artikuluan. MIT erakundeak hasieratik daukan kezka da ordenagailu hauek ez ote diren saldu edo lapurtuko, eta ez ote den gero horien inguruan merkatu beltz bat eratuko. Hori ekiditeko, horrelako kasuetan ordenagailuak blokeatuko dituen sistema bat daukate, eta hau ez da sekretuan gordetzen duten zerbait. Baina hori lortzeko ez da GPSrik behar... Eta XO-k ez dauka GPSrik; benetan izango balu, erraz frogatu ahal izango lukete zurrumurruen asmatzaileek...
  • "...XO ordenagailuak duen zerbitzari sistema baten bitartez, Wi-Fi bidezko sare-konexioa ahalbidetzen duen neurri berean, beste ekipoetako edukiak ikusi eta kontrola ditzakete..." dio lehen artikuluak. Hezkuntzarako pentsatuta daudenez, XO-k dituen tresna guztiak oso kolaboratiboak dira, eta gelakideek euren lagunek egindakoa ikusi eta osatu dezakete. Hori horrela da, ez da ezkutuko ezer, feature bat da, eta NY Times-eko bideoan ikusten da. Baina MITek edo Luxenburgoko enpresa horrek ere ikus dezaketela esatea, konspiranoikoegia iruditzen zait. Eta egia balitz, hau ere erraz frogatu ahal izango litzateke, komunikazioak aztertze hutsarekin...
  • "...Diotenez, Nicholas Negroponte zientzia informatikoetan guru edo aditua da. Baina John Negroponteren anaia, AEBetako inteligentzia zerbitzuen zuzendaria omen da..." dio lehen artikuluan. Hori zen, beraz! Tira, ez da serioa proiektuarekiko mesfidantza eta kritika guztiak ahaidetasun horretan oinarritzea...
  • "...software librea oinarri hartuta garatu bada ere, MITekoek sistema itxi eta bertan aldaketak egiteko aukera mugatu omen dute..." dio lehen artikuluak, eta ez da egia. Sistema software mugatuarekin dator, bai, eta ez dauzka beste distribuzioek adina erraztasun berria instalatzeko, egia da, baina instalatu daitezke gauza berriak (euren wikitik software gehigarria jaitsi daiteke) edo baita beste sistema eragile bat ere (wikian diote Debian-ekin hardware guztiak funtzionatuko duela). Eta nahi duenak software berria garatu dezake (ikusi wikiko garatzaileentzako informazioa) edo instalatuta dakarrena aldatu (NY Times-eko bideoan ikusten da aski dela tekla bat sakatzea iturburu-kodea ikusteko eta aldatzeko).

Ikusten duzuenez, oker gehienak lehenengo artikulukoak dira. Baina gainera berau zurrumurru, iritzi eta zehazgabetasunetan soilik oinarritzen da, inongo iturririk aipatu gabe. "Bada bestelakorik pentsatzen duenik ere", "badu alderdi ilunik", "badirudi zerbait ezkutatzen duela", "kutsu ekonomikoa hartu dionik ere bada", "diotenez", "webgune fidagarri bat baino gehiagotan irakur daitekeenaren arabera", "itxuraz", "zurrumurruek gehiago ere esaten dute"... Prentsa arrosa edo sentsazionalista dirudi gehiago, kazetaritza serioa baino!

Bigarren artikulua txukunagoa da, gehiago oinarritzen da datuetan eta datu horietako gehienak zuzenak dira, aipatu diren biak izan ezik (salgai eta 300 eurotan dagoela esatea). Bat nentorke bertan salatzen duenarekin, hainbat ordenagailu enpresa hirugarren mundua merkatu gisa ikusten hasi direla alegia, ez balu OLPC proiektua ere zaku berean sartuko...

Zurrumurruen jatorria

Egia da OLPC proiektuak aurkako zurrumurru eta eraso ugari izan dituela. Baina Iratxek jakin beharko luke, informatikaren mundua jarraitzen duen edozeinek dakien bezala, bigarren artikuluan aipatzen dituen moduko multinazionalek (Intel, Microsoft, ASUS...) zein taktika erabiltzen dituzten negozioa izorratu diezaiekeen edozeren aurka (Microsoft urteetan ari da Linux-en inguruan FUD-a, hau da, Fear, Uncertainty, Doubt, zabaltzen), eta imajinatu beharko luke nondik datozen eraso eta zurrumurruok.

Izan ere, enpresa handi askok dituzte interesak OLPC proiektuaren aurka: Intel -ek, XO-k AMD prozesagailua daramalako; Microsoft-ek, XO-k Linux sistema eragilea eta berea ez den ofimatika paketea daramalako; eta edozein portatil ekoizlek, ez soilik merkatu potentzial bat kentzen dietelako (nahiz eta OLPC etorri arte okurritu ere ez zitzaien egin hirugarren mundurako ordenagailu merkeak egitea), baita ipurdia agerian uzten dituelako ere (posible bada ordenagailu hain onak hain merke egitea, zertan hostia dabiltza guri beste ladrillo garesti horiek saltzen?).

Iratxek ez ditu bere informazio-iturriak aipatzen, beraz ezin zehatz kontrastatu berak dioena. Baina nik banuen hainbat eraso eta zurrumurruren berri, eta Internetera jo dut gehiagoren bila. Eta noski, ia guztiak enpresa interesatuetatik datoz: Intel contra el portátil de los 100 dólares, Gates contra el portátil de los 100 dólares, Intel y Microsoft, contra el proyecto OLPC, El proyecto OLPC, amenazado por una patente...

Aurkitu dudan serio hartzeko moduko kritika bakarrak Daniel Oliverak egindakoak dira, baina nahikoa funsgabeak direla esan daiteke, aski ongi errefusatu izan baitituzte toki askotan, ikusi Deustuko Unibertsitateko software libreari buruzko blog bikaineko artikulu hau.

Proiektuaren egungo egoera

Tamalez, OLPC proiektua ez doa eurek nahi bezain ongi. Batetik, ordenagailuaren kostua 100 dolar izatea nahi zuten, eta ez dute lortu. Bestetik, 2008 urtearen amaierarako 150 milioi ordenagailu banatzea espero zuten, 2005ean proiektua aurkeztean hainbat gobernuk agertutako aldeko asmoak ikusita, baina ez dira horretara inondik inora iritsiko, herrialde askok atzera egin baitute edo erosketa atzeratu baitute.

Momentuz, Peruk eta Uruguaik soilik erosi dute XO ordenagailua, eta erosteko asmoekin jarraitzen dute Argentina, Kanbodia, Costa Rica, Dominikar Errepublika, Egipto, Grezia, Libia, Nigeria, Pakistan, Ruanda eta Tunisiak.

Hau gertatzearen arrazoiak hainbat dira. Batzuk azken prezioa bikoiztu egin delako egin dute atzera. Tailandian estatu kolpearen ondoko gobernu berriak atzera bota zuen aurrekoaren erabakia. Beste batzuk multinazionalen ohiko taktiken erruz izan dira: batzuengan FUDak efektua izan du, beste batzuk kontraeskaintzak onartu dituzte eta beste batzuk pasiloetako jukutria eta eroskerien erruz erori dira, ziur.

Azken apologia

OLPC proiektuaren asmoei guztiz txalogarriak deritzet, eta uste dut argi geratu dela ez dagoela arrazoirik asmook benetakoak ez direla pentsatzeko. Pena da proiektuak bidean hainbeste eragozpen aurkitzea eta nahi bezain ongi ez joatea, eta horiei gainera Gara eta Gaur8ko artikuluak gehitzen bazaizkie... Nik, artikulu honen bidez, horiek egindako kaltea konpontzen saiatu nahi dut, nahiz eta ez diren konparagarriak Gararen eta blog honen audientzia eta influentzia. Irakurritakoarekin ados bazaude eta zuk ere OLPC proiektuari lagundu nahi badiozu, zabaldu mezua ahal duzun neurri eta moduan!

Eta gabon hauetarako opari egoki bakarra ez dira komikiak... Give one get one kanpaina urte amaiera arte dago indarrean. Nik egin dudan bezala, Estatu Batuetan lagunik baduzu, 300 euro baino gutxiagogatik kristoren ordenagailu eramangarria izan dezakezu (txikia, pisu gutxikoa, ekologikoa, kontsumo gutxikoa, erresistentea, WiFi konexioarekin, software librearekin...), beste ordenagailu bat hirugarren munduko haur bati oparitu, eta munduko eten digitala eta bestelako ezberdintasunak gainditzen lagundu. Bikain, ez? Ba zeren zain zaude? Animo!

Post Scriptum: Hau ez diot nik bakarrik. Masi Oka, Heroes telesail arrakastatsuan Hiro Nakamura-ren rola egiten duen aktorea, OLPC proiektuaren enbaxadore ofizialetako bat ere bada . Horrek esan nahi du proiektuaren alde hitz egiten duela ahal duenetan, telebistarako iragarki batzuk egingo dituela eta abar. Eta Masi Oka ez da edonor, aizu! Informatikaria da izatez, eta Industrial Light and Magic efektu berezien estudio famatuko I+G-ko Zuzendari Teknikoa da! Bere laguntzarekin, OLPC proiektua ongi aterako da. Hiro Nakamurak, bere denbora eta espazioa aldatzeko botereekin animatzailea eta mundua salbatu zituen bezala, laster denboran atzera bidaia egingo du eta proiektua okertzen joan den uneak aldatuko ditu, horrela munduaren etorkizuna berriz aldatuz, ziur! Baina lortzen badu, artikulu hau da ez da inoiz existitu izango...

e-gor 2007/12/10
Egunkaria libre!
Bidegabekeria salatzeko. Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko. Hemen torturatu egiten dela esateko. Auzipetuei elkartasuna adierazteko. Epaiketarik ez genuela nahi gogorarazteko. Epaiketa egingo dutenez, Egunkaria eta auzipetuak libre nahi ditugula erakusteko.
Egunkaria.info
Sustatu - Egunkaria libre

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Honi buruz
Kontaktua
Lizentzia: Creative Commons License Attribution-ShareAlike
Artxiboa
Informatika atalaren aurkezpena
Komikien atalaren aurkezpena
Harpidetza
Harpidedunak:
RSS jarioa
E-mail harpidetza
Azken erantzunak
Giancarlorena patxi lurra, 2012/01/22
Ñooooo txu, 2012/01/22
Squareup haritz, 2012/01/14
Re: Gartxot e-gor, 2011/12/05
Gartxot darko, 2011/12/04
Erantzunen harpidetza
Harpidedunak:
RSS jarioa
E-mail harpidetza
Etiketa lainoa
1512 Nafarroa - Amets urratua 300 30x30 3D 3D inprimagailuak 7K APIE-EIEP Adèle Blanc-Sec Agence barbare Aitor Arana Aitor I. Eraña Alan Moore Alfonso Azpiri Alfonso Zapico Alhóndiga Bilbao Aljebra Alokairuan American Splendor AnHitz Android Angoulême Anti- liburudenda Apple Arturo Erregea Asisko Asterix Astiberri Asus EEE PC Atiza Atzipen multimodala Avatar, azken aire maisua Azken garaipena Azken mohikanoak hemen gaude Barakaldoko lehiaketa Bartzelonako komiki-azoka Basaurikomik Batman Bego Montorio Bideo-jokoak Bilboko barrea Bill Watterson Bitcoin Blogs & beers Bordados Bruselako komikiaren museoa Bécassine CSS Café Budapest Calvin & Hobbes Clara-Tanit Arqué Cloud computing Crash comic DRM DTMLCalendar Dani Fano De rerum natura Disney Donostiako komiki-jardunaldiak Dublinés E-book ETB Egunkaria El País El invierno del dibujante El jueves Elhuyar aldizkaria Elkar Emakumeak Errealitate areagotua Escrivá de Balaguer Euskal Encodings Euskal rock Euskaltel Euskomik Facebook Fanxinoteka Firefox Fontanarrosa Francisco Ibáñez Frank Miller Franquin Fructuoso Gaizka Barandiaran Galtzakomik Ganorabako Gartxot Gaston Gauzen Internet Gazteak Geokokapena Getxoko komiki-azoka Giza eskubideak Giza eskubideen lehiaketa Goienkaria Gon Google Google Chrome Google TV Google Wallet Google Wave Gorka Velasco Guillermo Zubiaga HTML 5 Habeko Mik Harriet Hartos de arte Hergé Heroiak Hizkuntza-teknologiak Homosexualitatea IEB IP Ihes ederra In the shadow of no towers Inodoro Pereyra Interneteko bilatzaileak Ipurbeltz Irati Irungo komiki-azoka Iñaki G. Holgado Jacques Tardi Joanes Josep Domingo Nadar Josevisky Joyas literarias juveniles Juan Carlos Egillor Juan Luis Landa Justin Hiriart KKLRD Kinect Komik 10 Krea Kristalezko hiria La fiesta dibujada Le crochet à nuages Les Godillots Linux Literaktum Little Nemo Luis Durán Luis Gasca bilduma Mangamore Mantxi Marjane Satrapi Marko Marrazkirri Martín Romero Marvel María y yo Max Medikuntza alternatiboa Microsoft Miguel Gallardo Mikel Valverde Mikroformatuak Mis tebeos favoritos Moblogging Motsukora Mundu digitala Muraille MythTV Métal Hurlant NFC Nabarra Nafarroako komiki azoka Napartheid Nick dut nik Numenak OLPC Okatxu Otsobeltz Ovni Paco Roca Patxi Gallego Patxi Lurra Paul Auster Pernan Goñi Persepolis Peyo Piztia otzanak Plaza elíptica Poker Face Pololoak Portugaleteko lehiaketa Pottokiak Preso nago RSS Ralf König Raquel Alzate Rekalde-Ortzadar komiki lehiaketa Retine Rober Garay Ruben Arozena Santiago Valenzuela Sare sozialak Sarearen neutraltasuna Sasizientziak Sauré Sautrela Scanlation Scott McCloud Sendabide ala iruzurbide Senez Sherlock Holmes Shin-Chan Sin City Snoopy Star Wars Steve Jobs Supergrupo Tabary Tablet Tanaka Thorgal Tintin Tokitan.tv Torrentocracy UEU Ubuntu Udaberririk ankerrena V for vendetta Watchmen Watson Web semantikoa Willy Roa X-Men XHTML XO Xabiroi ZX Spectrum Zaragozako komiki-azoka Ziberkomikiak Zope bestelakoak e-gorblog gogoetak informatika komikiak
Artikulu aipagarriak
"Pololoak" sorta 2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03
Monoblogoa 2005/01/11
"Watchmen" sorta 2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07
OLPC sorta 2007/12 - 2008/01
5 urte 5! 2009/12/15