Hemen zaude: Hasiera Blogak e-gorblog Artxiboa 2007 Uztaila 02 Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
Dokumentu Akzioak

e-gorblog

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin

Azkenean, erabat "linuxeratu" naiz!

Linuxzaletzat dut nire burua eta badira urte batzuk Linux erabiltzailea naizela maila handi baten (lanean, etxeko bideo grabagailu eta multimedia erreproduzigailuan), baina onartu beharra dut etxeko ordenagailuan, Windows-Linux abio duala aspaldi izan arren, batez ere Windows erabili izan dudala. Hardwarearekin nituen arazotxo batzuk eta ditudan behar berezi batzuk izan dira horren arrazoia.

Baina duela hilabete pare bat kaleratu den Ubuntu Linux banaketaren bertsio berriak, 7.04 edo Feisty Fawn izenekoak, hainbat hobekuntza ekarri ditu, justu nire arazo eta beharrak konpontzen dituzten batzuk tartean. Horri esker, orain Ubuntu Linux da etxeko ordenagailuan ia beti erabiltzen dudan sistema. Artikulu honetan kontatuko dizkizuet lehen nituen arazoak eta nola konpondu ditudan, eta Linux-en gaur egungo ikusgarritasunaz, abantailez eta erraztasunaz jabetu zaitezten saiatuko naiz, horretarako screencast edo nire ordenagailuaren bideo-kaptura bat lagun dudala. Ea konbentzitzen zaituzten!

Orain arte Linux-ekin nituen arazoak

Urte batzuetatik hona etxeko ordenagailuan abio-duala daukat: Windows eta Linux sistema eragileak instalatuta partizio banatan, eta ordenagailua piztean zeinetan lan egin nahi dudan galdetzen dit. Baina orain arte Linux-ekoa gutxi erabili izan dut, hardware arazoengatik batez ere. Batzutan gertatzen da hau Linux-en: hardware ekoizle gehienek Windows-erako driver-ak soilik egiten dituzte, eta software librearen aldeko komunitateak garatu behar izaten ditu Linux-erako, atzeranzko ingeniaritza erabiliz; horregatik gauza batzuetarako ez da egoten driver-ik, edo ez dabiltza ongi, edo berandu ateratzen dira. Zorionez, hau aldatzen ari da poliki-poliki.

Hasierako urteetan Mandrake izaten zen instalatzen nuen banaketa, eta hardware asko ezin izaten nuen erabili (soinu-txartela, SATA disko gogorra...). Baina duela urte eta erdi inguru Ubuntu banaketara pasatu nintzen. Mark Shuttleworth milioidunaren, espaziora bidaiatu zuen bigarren zibilaren, azken kapritxoa da Debian-en oinarritutako Linux distribuzio hau, baina onartu beharra dago oso ongi egindako kapritxoa dela. Gaur egun Linux banaketarik ezagun eta erabiliena da. Eta merezimendu osoz irabazi du postu hori, polita izateaz gain oso erraza baita erabiltzeko eta instalatzeko, eta hardwarea askoz hobeto kudeatzen du. Ubuntu-rekin aurretik nituen hardware arazoetako batzuk amaitu ziren. Gainera Ubunturen bertsio berri bakoitzarekin (sei hilabetero ateratzen da bat) arazo gehiago konpontzen ziren. Hala ere, Ubunturen azken bertsioarekin, 6.10 edo Edgy Eft izenekoarekin, oraindik hiru arazo nagusi nituen, Windows gehiago erabiltzea zekartenak:

  • Nire azken inprimagailua eta eskanerra (Canon PIXMA iP2000 eta Canon CanoScan Lide 25) ez zebiltzan ongi Linux-en.
  • Nire ordenagailuak hiru disko gogor ditu, guztira 500 GB-eko edukiera dutenak, eta erosi nituenean Windows soilik erabiltzen nuenez, Windows-en NTFS formatua dute (bi sistemekin lan egin ahal izateko dudan FAT32 partizio batek izan ezik). Linux-ek NTFS formatuko partizioak irakur zitzakeen, baina ez idatzi. Beraz, horietako datuetan lan egin behar banuen, Windows-en egin behar nuen. Eta diskook musika, argazki eta bideoekin ia beteta nituenez, formatuz aldatzea ez zen erraza, aurrez informazio guztia grabatu beharko bainuen...
  • Semeak asko ibiltzen dira Ikastolen Elkarteko multimedia CDekin (Argitxo, Ttantto, Txirritx...). Horiek Windows-en bakarrik funtzionatzen dute (ea hori aldatzen hasten diren eta CDak multiplataforma egiten dituzten, entzun, Ikastolen Elkartea?). Beraz, ordenagailua Linux-en bazegoen (ni lanean, edo aMule zerbait jaisten) eta haurrek CDekin ibili nahi bazuten, itzali eta Windows-era pasatu behar... Azkenean, beti Windows-en ibiltzea erosoagoa da.

Ubuntu berriarekin, akabo arazo guztiak!

Duela hilabete-edo, Ubuntu-n sartu nintzen (6.10, Edgy) eta berak abisatu zidan Ubuntu-ren bertsio berri bat atera zela (7.04, Feisty) eta ea automatikoki eguneratzea nahi nuen. Baietz esan nion eta berak egin zuen dena: jaitsi, instalatu, konfiguratu...

Bertsio berriarekin inprimagailua detektatu zuen eta geroztik primeran dabil. Eskanerrarekin probatzea erabaki nuen, eta hain automatikoa izan ez bazen ere, apur bat bilatuta lortu nuen martxan jartzea.

Horrez gain, entzuna nuen duela hilabete batzuk NTFS-3G paketea atera zela, NTFS partizioak Linux-etik erabiltzeko, idatzi eta guzti. Begiratu nuen Ubuntu-ren pakete zerrendan, eta bazegoen! Di-da baten instalatu zidan, eta geroztik arazo gabe idatz dezaket NTFS diskoetan. Horrela, aMule-rekin edo Azureus-ekin gauzak jaits ditzaket, GRip-ekin musika ripeatu, argazkiak kudeatu...

Hiru arazoak konpontzeko Windows-erako CDena bakarrik falta zitzaidan. Entzuna nuen badaudela Linux-en Windows-eko programak exekutatu ahal izateko programak, baina beti ez zebiltzala, edo instalatzeko zailak zirela... Hala ere, azken arazo hau konpontzen saiatzeak merezi zuela pentsatu nuen.

Lehenengo Wine emuladorea probatu nuen, erraz instalatu eta probatzen dena, eta aipatutako CDetako atal gehienak ongi bazebiltzan ere, jokoren bat ez zebilen eta gainera ezin ziren egindako marrazkiak inprimatu, eta semeek asko egiten dute hori...

Ondoren VirtualBox probatu nuen. Hau ez da Windows-erako programak Linux-en exekutatzeko emulatzaile bat, gure Linux-eko disko gogorrean Windows makina birtual oso bat instalatu eta exekutatzeko aukera ematen digun birtualizazio softwarea baizik. Programa zoragarri bat da, oso dotorea izateaz gain ederto dabilena: azkar, arazorik eman gabe... Linux barruko Windows instalazio horretan nahi ditugun programa guztiak instalatu ditzakegu, eta nik probatu ditudan guztiak oso ongi dabiltza. Ez multimedia CDak soilik, baizik eta baita Office eta horrelakoak ere. Gainera, Linux eta Windows bi sistemen artean karpetak, internet konexioa, clipboard edo arbela, inprimagailua, beste USB gailuak eta abar konpartitu daitezke. Benetan harrituta eta maiteminduta utzi nau software honek. Instalatzeak denbora pixka bat eta arazotxo batzuk eman zizkidan (nire ezezagutzagatik guztiak), baina emaitza benetan ikusgarria da. Azkenean, arazorik gabe exekuta ditzaket Windows-erako multimedia CDak edo bestelako programak Linux-en.

Beraz, lehen nituen hiru arazoak konponduta, orain Ubuntu Linux da etxean ia beti erabiltzen dudan sistema eragilea. Badaude oraindik gauza gutxi batzuk Windows-en soilik egin ditzakedanak: badut hainbat hardware berezi Windows-en soilik dabiltzanak eta ezin direnak VirtualBox-en exekutatu software honek ez duelako hardwarearen konexio mota onartzen (portu paraleloa eta FireWire portua, zehazki). Baina horiek oso noizean behin behar ditut, beraz esan dezakegu ia erabat linuxeratu naizela! Eta hori egin dudanetik asko gozatzen ari naiz, gauza berriak ikastea beti baita ederra. Hiru bat aste daramat Ubuntu-n ia esklusiboki, eta Linux-en inoiz egin ez dudan gauza berri bati ekin behar diodan bakoitzean, plazer hutsa da horretarako zein software erabil dezakedan deskubritzea, software hori instalatu eta probatzea, eta orain arte Windows-en erabiltzen nuen softwarea bezain ongi edo hobeto dabilela ikustea!

Ezin errazagoa

Beti pentsatu izan da Linux informatikarientzat dela, komando-lerroarekin dabilen sistema zail eta itsusi bat, eta Windows-ek, aldiz, erabiltzeko erraza izatearen fama du. Baina aspalditik ez da horrela. Nire ustez, gaur egun Linux Windows bezain erabilterraza da.

Eta komentatutako arazoen inguruan, ez zaiteztela nik kontatutakoagatik Linux probatzeko desanimatu, e! Ikusten duzuenez, nire ordenagailuaren eta erabileraren berezitasunengatik dira arazoak. Ordenagailu askotan hardwareak ez du arazorik ematen, beraz zure kasua hori bada eta ez baduzu informazioa NTFS partizio baten eta ez baduzu Windows-eko multimedia CDrik erabiltzen, Linux-ekin eguneroko gauzak ederto asko egin daitezke (ofimatika, internet, posta, txateatu, CD eta DVDak grabatu, irudi eta argazkiekin ibili...). Gainera, hainbat lan mota egiteko (bideoak ripeatzeko adibidez) askoz tresna hobeak daude Linux-en, horrelakoak egiteko Linux-era pasatu izan naiz aspalditik.

Horrez gain, Linux-i aurpegiratzen zaion beste gauza bat da instalatzeko zaila dela Linux-en aldean. Eta zer daki jendeak hortaz ba? Jende gehienari dendatik etortzen zaio instalatuta edo gu moduko pringatuek instalatzen diote. Eta nik benetan diot, Windows instalatzea oso lan astuna da, eta badakit zertaz ari naizen, informatikaria izanik makinatxo bat instalazio egin izan baitiet lagun eta familiakoei. Instalazio bat egiteko, CD pilo batekin joan behar dut (Windows, Office, Adobe Reader...) eta dena instalatu, eta ondoren web gune ezberdin pilo batetik gauzak jaitsi eta instalatu... Total, arratsalde osoa galduta! Gainera, zenbat gastatzen duten lizentzietan? Edo crack-ak lortzeko denboran bestela...

Linux sistema bat instalatzean, aldiz, ez da sistema eragilea soilik instalatzen, behar diren programa guztiak ere sartzen dira (ofimatika, irudi edizioa, PDF ikustailea, CD/DVD grabagailua...) ordu erdi baino gutxiagoan CD bakarretik. Eta defektuzko instalazioan instalatzen ez den beste edozein programa nahi badugu, programa bat dakar existitzen den software libre ia guztiaren informazioa zentralizatzen duena. Hor behar dugun softwarea aurkitutakoan nahikoa da botoi bati ematea, berak dagoen tokitik jaitsi, instalatu eta konfiguratu dezan. Eta aurrerantzean, instalatu dugun guztia automatikoki eguneratzen joango da. Zoragarria, ez?

Efektu ikusgarriak: Beryl

Itsusia izateari ere aspaldi utzi zion Linux-ek, baina gaur egun Windows baino ikusgarriago eta Mac bera bezain ikusgarria izan daiteke, Beryl programari esker.

Beryl-i buruz asko berba egiten da azken aldian, informatika eta Linux munduan. Baina zer da zehazki? Beryl-ek gure Linux-eko mahaigainean hainbat hainbat efektu ikusgarri jartzen ditu, batzuk 3D-n:

  • Leihoak irekitzean, ixtean, minimizatzean, maximizatzean edo mugitzean adibidez oso efektu deigarriak erakusten ditu.
  • Leihoak transparentzia maila ezberdinekin erakuts ditzake, atzekoa ikusteko.
  • Menuak desplegatzean ere hainbat efektu sartzen ditu.
  • Linux-en lanean erabil ditzakegun mahaigain ezberdinak 3 dimentsiotako kubo baten aurpegiak bailiran erakusten ditu, eta sagua mugituz bira dezakegu kuboa, bitartean leiho ezberdinak ere 3D-n ikusten direlarik.

Eta hauez gain, beste gauza asko. Gainera efektu bakoitzarentzat aukera piloa eskaintzen ditu, eta asko jolastu dezakegu aukera ezberdinekin, mahaigain ikusgarri eta erabat pertsonalizatu bat izateko.

Beryl-ek egin dezakeenaren demo gisa jendeak grabatutako bideo piloa ikusi daitezke interneten. Horrek animatu ninduen instalazioa saiatzera, eta baita erraz lortu ere. Hala ere, esan behar da duzun txartel grafikoaren arabera errazagoa edo zailagoa izan daitekeela. Beryl programa bera Ubuntu-ren programa-bilduman dago eta erraz instalatzen da, baina txartel grafikoen 3D aukerak aprobetxatzeko driver-ak eta liburutegiak ere instalatu behar dira, eta horiek instalatzea, gure txartelaren arabera, errazagoa edo zailagoa izan daiteke. Nik esteka honetako argibideak jarraitu nituen (errepositorioen aldaketarena izan ezik, Beryl jada Ubuntu-renetan baitago). Bestela, txartelaren arabera nola instalatu behar den jakiteko, beste esteka honetan duzue oso ongi azalduta.

Emaitza, benetan ikusgarria, goiko bideoan ikus daitekeenez. Abiadura onean dabilkit gainera, txartel zaharra eta normaltxoa izan arren (bideoan mantsoago ikusten da, pantaila halako erresoluzioan kapturatzeko pantaila-kaptura softwareak mantsotzen duelako). Gainera, uneren baten programa asko exekutatzen ari naizelako sistema mantso badabil, klik batekin desaktibatu dezaket Beryl, eta nahi dudanean berriz aktibatu.

Beryl-en praktikotasuna? Hutsa, eye candy besterik ez da. Baina behintzat Linux-en itsusitasun mito hori apurtzeko balio du, eta agian hainbat jende Linux-era erakartzeko.

Bideoari buruz

Nire lehen screencast hau gtk-recordmydesktop erabiliz egin dut. Beste software ugari (xvidcap, Istanbul, vnc2swf, Wink, ffmpeg, VLC...) eta hainbat web zerbitzu (Screencast-o-matic adibidez) daude pantailaren bideo-kapturak egitea ahalbidetzen dutenak, baina niri honek funtzionatu dit hobekien. OGG formatuan grabatzen ditu bideoak, eta lehenago AVI-ra bihurtu behar izan dut MEncoder erabiliz YouTube-ra igo ahal izateko. YouTube-k kalitatea eta erresoluzioa jaisten dio bideoari, jatorrizko kalitatean ikusi nahi baduzue xehetasunak ere nabaritzeko, jaits ditzakezue OGG formatuan eta AVI formatuan ere Windows Live Skydrive zerbitzutik.

Bideoan ikus ditzakezue, alde batetik, Beryl-en efektuak (leihoak maximizatzean, minimizatzean edo mugitzean, aplikazioz aldatzean, mahaigain batetik bestera 3D kuboarekin mugitzean...), eta bestetik Linux-eko hainbat aplikazio martxan: aMule (fitxategiak jaisteko), Firefox (interneten nabigatzeko), GThumb (argazkiak kudeatzeko), VirtualBox (Windows exekutatzeko, Ikastolen Elkarteko CDak martxan ikus daitezke bertan), Comix (komikiak irakurtzeko)... Agerian gelditzen da ez direla aplikazio batere konplikatuak, ezta? Windows-ekoek bezala interfaze grafiko erabilterraza dute, aplikazio berriei ohitzea besterik ez da.

Ikusten duzue, beraz. Sistema erraza bai erabiltzeko, bai instalatzeko eta mantentzeko. Gainera, Windows ere exekuta dezakezu barruan. Hori guztia ere baduzuela Windows-ekin? Ados, baina software guztia legalki erosiko bazenute zenbat kostatuko litzaizueke hori guztia izatea? ;-) Linux-ekin, behar duzun guztia duzu, doan eta libre!

e-gor 2007/07/02

Re: Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin

pello — 2007/07/05 22:29

Gustora irakurri dut artikulua. Baina...


Ubuntura pasa banaiz ere oraindik hainbat zalantza ezin izan ditut uxatu. Hainbat bideo ikusteko -BBCrenak esaterako- real player programa beharko nuke eta hori ezinezkoa da...
Bestetik Xuxen zuzentzaileak badu linuxerako den bertsioa, bere instalatzeko azalpenak eta guzti. Eta hala ere ez dut lortzerik izan ez dudalako baimenik aldaketarik egiteko...


Jarrai nezake: Google earth...


Ez dakit nire ezjakintasunaren seinale den, baina beldur naiz muga gehitxo dituela.


Pello



Re: Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin

e-gor — 2007/07/06 06:36

Gauza gehienak egiteko badaude alternatibak software librean, baina egia da programa askoren Linux-erako bertsiorik ez dagoela. Nire kasuan normalean egiten ditudan gauza gehienak Linux-en ere egin ditzaket, baina gauza zehatz batzuetarako, noizean behin (oso noizean behin) Windows-era pasatzea beste erremediorik ez dut. Norberaren erabileraren arabera Linux nahikoa izan daiteke edo ez.


Hala ere, justu zuk aipatzen dituzun kasuak ez dira arazo. Real Player badago Linux-erako , Xuxen instalatu daiteke OpenOffice-n eta Google Earth-ek ere badu Linux bertsioa .


Eta Linux-erako bertsiorik ez dagoen kasuetan, nik artikuluan diodana egin dezakezu: VirtualBox-en bidez Windows instalazio bat egin dezakezu Linux-en barruan, eta Windows horretan behar dituzun aplikazioak instalatu. Horrela beti Linux-en ibili zaitezke, eta Windows-eko aplikazio baten ibili behar duzunean Linux-etik bertatik erabil dezakezu. Nik hori egiten dut umeek Ikastolen Elkarteko CDekin ibili nahi dutenean.



Re: Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin

ander — 2007/07/06 11:01

Aspaldian nuen gogoa beryl hau probatzeko. Intel txartel grafiko batekin, apt-get install beryl egitea bezain erraza izan da dana!.
Hori bai, ezarpenekin jolasten aste pare bat eman dezake batek. Nire lankide windowseroak flipatzen jarri behar ditut!
Eskerrik asko Igor.



Re: Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin

pello — 2007/07/12 08:28

Mila esker informazioagatik.
Hala ere, beldur naiz, beste linuxetan ez bezala hainbat baimen behar direla Ubunturen tripetan eskua sartzeko. Kontu zehatz batez arituko naiz: Xuxenen instalazioaz.
Xuxen instalatzeko dauden jarraibideak oso argiak eta zehatzak dira. Eta hala ere zerbait sartu edo aldatu nahi dudanean hiztegien karpetetan ez nagoela baimendua esaten dit.
Nork eman behar dit baimena Ubuntu neronek instalatu baldin badut?


Eskertuko nuke argibideren bat.
Pello


Oharra: Ubuntu oso erabil erraza eta eraginkorra iruditzen zait informatikoak ez garenontzat. Eta halako softwarea behar dugula uste dut.



Re: Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin

e-gor — 2007/07/12 21:01

Egia da Linux-en sistemako karpetetan aldaketak egiteko administratzaile baimenak behar dituzula. Ubuntu-k administratzaile baimenak sudo komandoaren bidez kudeatzen ditu. Baimen bereziak behar dituen komando bat exekutatu nahi baduzu aurretik sudo idatzi behar duzu, orduan badaezpada ere zure erabiltzailearen pasahitza eskatuko zaizu, eta ondoren komando hori administratzailearen baimenekin exekutatuko da.


Zuk diozun kasuan, hiztegiaren fitxategiak OpenOffice-ren hiztegiak egoten diren karpetara mugitzeko, honela egingo litzateke: sudo mv eu_ES.dic /usr/lib/openoffice/share/dict/ooo/ eta sudo mv eu_ES.aff /usr/lib/openoffice/share/dict/ooo/. Lehenengoan, esan bezala, erabiltzailearen pasahitza eskatuko dizu. Edo fitxategi horiek karpeta horretara grafikoki mugitzea nahiago baduzu komando lerrotik baino, sudo nautilus egin eta fitxategi arakatzailea irekiko dizu, baina administratzaile baimenekin, eta hor lasai kopia ditzakezu fitxategiok karpetan. Edo zuzenean destrinkotzailearekin hor destrinkotu nahi badituzu, sudo file-roller eu-ES-hunspell.tar.gz egin behar duzu. Ondoren egin beharrekoak (dictionary.lst fitxategia editatu eta abar) berdin egin behar dira, editorearen komandoari aurretik sudo emanda eta abar.



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Egunkaria libre!
Bidegabekeria salatzeko. Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko. Hemen torturatu egiten dela esateko. Auzipetuei elkartasuna adierazteko. Epaiketarik ez genuela nahi gogorarazteko. Epaiketa egingo dutenez, Egunkaria eta auzipetuak libre nahi ditugula erakusteko.
Egunkaria.info
Sustatu - Egunkaria libre

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Honi buruz
Kontaktua
Lizentzia: Creative Commons License Attribution-ShareAlike
Artxiboa
Informatika atalaren aurkezpena
Komikien atalaren aurkezpena
Harpidetza
Harpidedunak:
RSS jarioa
E-mail harpidetza
Azken erantzunak
Giancarlorena patxi lurra, 2012/01/22
Ñooooo txu, 2012/01/22
Squareup haritz, 2012/01/14
Re: Gartxot e-gor, 2011/12/05
Gartxot darko, 2011/12/04
Erantzunen harpidetza
Harpidedunak:
RSS jarioa
E-mail harpidetza
Etiketa lainoa
1512 Nafarroa - Amets urratua 300 30x30 3D 3D inprimagailuak 7K APIE-EIEP Adèle Blanc-Sec Agence barbare Aitor Arana Aitor I. Eraña Alan Moore Alfonso Azpiri Alfonso Zapico Alhóndiga Bilbao Aljebra Alokairuan American Splendor AnHitz Android Angoulême Anti- liburudenda Apple Arturo Erregea Asisko Asterix Astiberri Asus EEE PC Atiza Atzipen multimodala Avatar, azken aire maisua Azken garaipena Azken mohikanoak hemen gaude Barakaldoko lehiaketa Bartzelonako komiki-azoka Basaurikomik Batman Bego Montorio Bideo-jokoak Bilboko barrea Bill Watterson Bitcoin Blogs & beers Bordados Bruselako komikiaren museoa Bécassine CSS Café Budapest Calvin & Hobbes Clara-Tanit Arqué Cloud computing Crash comic DRM DTMLCalendar Dani Fano De rerum natura Disney Donostiako komiki-jardunaldiak Dublinés E-book ETB Egunkaria El País El invierno del dibujante El jueves Elhuyar aldizkaria Elkar Emakumeak Errealitate areagotua Escrivá de Balaguer Euskal Encodings Euskal rock Euskaltel Euskomik Facebook Fanxinoteka Firefox Fontanarrosa Francisco Ibáñez Frank Miller Franquin Fructuoso Gaizka Barandiaran Galtzakomik Ganorabako Gartxot Gaston Gauzen Internet Gazteak Geokokapena Getxoko komiki-azoka Giza eskubideak Giza eskubideen lehiaketa Goienkaria Gon Google Google Chrome Google TV Google Wallet Google Wave Gorka Velasco Guillermo Zubiaga HTML 5 Habeko Mik Harriet Hartos de arte Hergé Heroiak Hizkuntza-teknologiak Homosexualitatea IEB IP Ihes ederra In the shadow of no towers Inodoro Pereyra Interneteko bilatzaileak Ipurbeltz Irati Irungo komiki-azoka Iñaki G. Holgado Jacques Tardi Joanes Josep Domingo Nadar Josevisky Joyas literarias juveniles Juan Carlos Egillor Juan Luis Landa Justin Hiriart KKLRD Kinect Komik 10 Krea Kristalezko hiria La fiesta dibujada Le crochet à nuages Les Godillots Linux Literaktum Little Nemo Luis Durán Luis Gasca bilduma Mangamore Mantxi Marjane Satrapi Marko Marrazkirri Martín Romero Marvel María y yo Max Medikuntza alternatiboa Microsoft Miguel Gallardo Mikel Valverde Mikroformatuak Mis tebeos favoritos Moblogging Motsukora Mundu digitala Muraille MythTV Métal Hurlant NFC Nabarra Nafarroako komiki azoka Napartheid Nick dut nik Numenak OLPC Okatxu Otsobeltz Ovni Paco Roca Patxi Gallego Patxi Lurra Paul Auster Pernan Goñi Persepolis Peyo Piztia otzanak Plaza elíptica Poker Face Pololoak Portugaleteko lehiaketa Pottokiak Preso nago RSS Ralf König Raquel Alzate Rekalde-Ortzadar komiki lehiaketa Retine Rober Garay Ruben Arozena Santiago Valenzuela Sare sozialak Sarearen neutraltasuna Sasizientziak Sauré Sautrela Scanlation Scott McCloud Sendabide ala iruzurbide Senez Sherlock Holmes Shin-Chan Sin City Snoopy Star Wars Steve Jobs Supergrupo Tabary Tablet Tanaka Thorgal Tintin Tokitan.tv Torrentocracy UEU Ubuntu Udaberririk ankerrena V for vendetta Watchmen Watson Web semantikoa Willy Roa X-Men XHTML XO Xabiroi ZX Spectrum Zaragozako komiki-azoka Ziberkomikiak Zope bestelakoak e-gorblog gogoetak informatika komikiak
Artikulu aipagarriak
"Pololoak" sorta 2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03
Monoblogoa 2005/01/11
"Watchmen" sorta 2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07
OLPC sorta 2007/12 - 2008/01
5 urte 5! 2009/12/15