Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog / Hermann: “Nahikoa politikoki-ez-zuzena naiz, atsegin dut hazka egitea, atzaparka egitea, erasotzea”

Hermann: “Nahikoa politikoki-ez-zuzena naiz, atsegin dut hazka egitea, atzaparka egitea, erasotzea”

e-gor 2016/05/12 21:35
2014ko Angulemako azokan elkarrizketatu nuen Hermann komikigile belgiar ezaguna, "Jeremiah" serie entzutetsuaren egilea, agian Xabiroi aldizkarian ateratzeko asmoarekin. Baina Xabiroik, irizpide egokiz, batez ere euskal komikigileei ematen die lehentasuna, gehienez urtean nazioarteko egile batentzako lekua dugu, eta urte hartan Pierre Christin-i egin niona atera genuenez, Hermann-ena inon argitaratu gabe geratu zen. Aurten Angulemako Sari Nagusia eman diotenez, momentu egokia da egile handi honen pentsamoldea eta mundua apur bat hobeto ezagutzeko balio lezakeen elkarrizketa hura berreskuratzeko.
Hermann: “Nahikoa politikoki-ez-zuzena naiz, atsegin dut hazka egitea, atzaparka egitea, erasotzea”

Argazkia: Adur Larrea

Hermann Huppen (Bévercé, Belgika, 1938), izen artistikoz Hermann, lan munduan ebanista eta barne-dekoratzaile gisa hasi zen, eta ez da komikiaren munduan hasiko 26 urterekin bere koinatuaren gidoi batekin eskauten aldizkari batean istorio bat argitaratu zuen egunera arte. Urte askoan Greg gidoilariarentzat Bernard Prince eta Comanche serieetan aritu zen. Gero egile oso gisa hasi zen, bere albumen gidoilari eta marrazkigile, Jeremiah seriearekin. Hala aritu izan zen urte luzez serieak (Jeremiah, Les Tours de Bois-Maury...) zein album bakarreko istoriotan (Sarajevo Tango, Caatinga...). Azken urteetan bakarkako lanak eta bere seme den Yves H. gidoilariarekin egiten dituenak tartekatzen ditu. 2016An Angulemako Sari Nagusia eman zioten.

Gaztetan zure lehenbiziko lana ebanista gisa izan zen...

Ez, ez, ebanista titulua dut, baina hamabost egunez soilik aritu nintzen horretan. Aldi berean arkitekturako eta barne dekorazioko marrazkiak ere egiten nituen. Eta tailer oso ezatsegin batean lanean ari nintzenez, hamabost egunen buruan lanez aldatu nuen.

Baina arkitekturan eta barne-dekorazioan lan egin zenuen hasieran, eta 26 urte izan arte ez zinen komikiaren munduan hasi. Normalean, marrazteko edo komikia egiteko bokazioa dutenak lehenago hasten dira...

Justu beste lan hori nuelako izan zen horrela. Eta nire konbertsioaren istorioa oso sinplea da: nire emaztegaiaren anaia komikiaren eta edizioaren munduan zegoen; gure apartamentua apaintzeko egin nuen marrazki bat ikusi zuen eta esan zidan esku ona nuela, hau da, ongi marrazten nuela, eta ea zergatik ez nintzen horretan lan egiten saiatzen. Eta segituan hasi nintzen argitaletxeekin kontaktuak egiten. Hasieran kostatu zitzaidan horretan lana aurkitzea, baina nire koinatuak noizbehinka gidoiak ere idazten zituen eta gidoi txiki bat egin zidan. Bazegoen serie belgikar bat Kastoreen patruila izenekoa, eta horren istorio apur bat ironiko bat egin zuen. Belgikako eskauten aldizkari batean atera zen eta han irakurri zuen gero luzaroan nire gidoigile izango zenak, Greg-ek. Horrela hasi nintzen lanbidean. Beranduago, nire istorio propioak egiten hasi nintzen, nire gidoien gainean. Eta horrela, apurka apurka, joan naiz eraikitzen nire etxea.

Beste gidoigile batzuekin abentura-serieak egiten hasi zinen: Bernard Prince, Comanche, Jugurtha...

Greg-ekin lan asko egin nuen Bernard Prince eta Comanchen, bai. Baina Jean Luc Vernal-ekin (Laymilie sinatzen zuen orduan) soilik lan egin nuen Jugurtharen bi albumetan, eta hori soilik jan ahal izateko egin nuen. Greg-ek ez zuen denborarik nire marrazteko denbora guztia betetzeko gidoiak egiteko eta esan zidan “begira, oso txarra ez den gidoi bat jaso dut, horrela zure denbora bete ahal izango duzu oso txarra ez den zerbait egiten”. Eta horrela egin nuen Jugurtha, baina hori ez zen nire helburua, ez zen egin nahi nuena, nik Greg-ekin lan egin nahi nuen. Urte batzuk beranduago nire gidoigile bilakatu nintzen.

Zure serierik luzeena eta ezagunena Jeremiah da...

Hala da, 35 urtez egin dut!

...eta serie horretan bi pertsonaia oso ezberdin daude, Jeremiah eta Kurdy.

Bai, apur bat Dr. Jekyll eta Mr. Hyde bezala dira, baina ezta guztiz hori ere, ez baitago bat guztiz Mr. Hyde denik. Ez dira berdnak, baina ezta hain ezberdinak ere.

Apur bat Tintin eta Haddock bezala? Bakezale idealista eta indarkeriazale zinikoa...

Bai, nahi baduzu, baina ezta hori ere. Konparazio edo definizio zehatzago baten bila ari naiz, baina ez dut aurkitzen...

"Sentimenduei obeditzen diet, bulkadei"

Jeremiahren mundu post-apokaliptikoan mikromunduak sortzen dituzu, fikziozko familiak, herriak, antolaketa-ereduak...

Bai, batere ziurra ez den unibertso batean kokatuta dauden tribu txikiak dira, non indarkeria dagoen, pirateria...

Eta horrek aukera ematen dizu antolaketa ezberdinak (sozialak, politikoak, erlijiosoak, arrazistak...) kritikatzeko.

Egia da nahikoa politikoki-ez-zuzena naizela. Atsegin dut hazka egitea, atzaparka egitea, erasotzea.

Esan izan duzu Jeremiah serieari amaiera emango zeniokeela soilik zure karrera amaitzera zihoala ikusiko bazenu. Beharbada zure bakarkako ibilbidearen hasiera izan zelako, egile oso bezala egindako karrera guztian lagundu dizuna?

Hain zuzen ere. Beste norbaiten esku uzten badut, uste dut oso zaila litzatekeela hark giroa zehazki harrapatzea. Horren froga da nire semeak, orain nire gidoigile denak, argi eta garbi esan didala: “ez egidazu eskatu Jeremiahrentzako gidoi bat egitea, pertsonalegia da, zu zeu zara, eta beste inork ezin du Jeremiahren gidoirik egin”. Eta hala da, egia da. Beraz, nik gehiago jarraitu ezin dudanean hilda egongo da.

Zure beste serie famatua, non berriz zaren gidoigile eta marrazkigile, Les Tours de Bois-Maury da, Erdi Aroko abenturak.

Hori ere ni neu naiz. Gauzak aurkezteko, gauzak sentitzeko nire modua da, horra. Alferrik da galdetzea zergatik egin dudan hau edo beste hori. Azaldu al daiteke benetan sentitzen dena? Sentimenduei obeditzen diet, bulkadei. Bakoitzak bere izaera du, bere burua, eta hori da azalpena, ez dago besterik.

Eta gero album bakarreko istorioak egin dituzu, one-shotak alegia.

Bai, one-shotak egitea ere maite dut. Duela ez hainbeste hasi nintzen, berriz onartu nuen Jean Van Hamme-rekin istorio bat egitea, bat bakarrik. Eta apurtxo bat berandutxoago Yves H.-rekiko kolaborazioari heldu nion, zeina gertatzen den nire semea dela.

One-shot hauetan gaur egungo gaiak edo modernoagoak landu dituzu, adibidez Caatinga, Sarajevo Tango...

Bai, berriagoak, baina ez da nahita hartutako erabakia. Edozein gai lan dezaket, berriak nahiz mila urte dituztenak.

Hermann elkarrizketatzen
Argazkia: Adur Larrea

Ados, baina esango nuke horietako gehienetan XX. mendeko gertakari historiko eta politikoak lantzen dituzula.

Bai, hala da, batez ere nire gidoigileagatik, berak asmatzen ditu istorio horiek eta normalean iragan hurbil samarrean kokatzen ditu.

Baina zuk ere bai, ez? Adibidez, Sarajevo Tangon Bosniako gerra kritikatzen duzu edo, hobe, beste herrialdeek gerra horrekiko izandako pasibotasuna.

Bai, Nazio Batuak kritikatzen ditut, herrialde “onak” deituriko horiek. Maite dut kritikatzea. Nire istorioekin ez dut gure gizartearentzako irtenbidea aurkitu nahi; jendeari erakutsi nahi diot gizateria zer den, zeinarengan ez dudan esperantzarik.

Sarajevo Tangoren kopia bat bidali zenien politikari eta agintari ugariri...

Ez nintzen ni izan, argitaletxea baizik.

Eta erantzun al zizuen norbaitek?

Argitaletxeari erantzun zion bakarra Michael Rose jenerala izan zen, Sarajevon egondako ingelesen azken jenerala. Esaten zuen ergelkeriak zirela, ez nekiela ezer gaiaz, dena asmatu nuela... Baina gobernuaren aginduak betetzen zituen, ulertzen? “Hijo de puta” bat zen [hitz horiekin esan zuen frantsesezko elkarrizketan], putakume bat. Beste guztiek, baita beranduago ezagutu nituen Nazio Batuetako soldaduek ere, esan didate: “zehazki gertatu zena kontatu duzu”. Inoiz inor ez da ausartu esatera gezurra zela, ez baitzen.

One-shot horietako batzuk, esan bezala, zure seme Yves H.-ren gidoien gainean egin dituzu. Nolakoa da esperientzia hori? Polita dirudi, baina agian zaila ere bada...

Primerakoa da, oso ongi, arazorik gabe. Jakina, badaude eztabaida txikiak, ohikoak diren arazotxoak, baina haserrerik ez. Harmonia totala da.

Esan izan duzu “nire komikietan, beti erasotzen dut edo defenditzen dut zerbait; istorio dibertigarri hutsak egiteak ez nau interesatzen; gauzak esan beharra dut, horrek ezinikusi sakonak sortzen badizkit ere”.

Tira, istorio barregarriak kontatzea interesatzen ez zaidala ez da guztiz egia. Erran nahi baitut, egunen batean istorio barregarriren bat etortzen bazait burura egingo dut, baina ez zaizkit etortzen. Baina esan duzun beste dena zuzena da, bai.

"Jendeari erakutsi nahi diot gizateria zer den, zeinarengan ez dudan esperantzarik"

Zuretzat pertsonaiak oso garrantzitsuak omen dira istorio batean.

Erabat. Pertsonaien izaera garrantzitsua da, bai.

Album berri bat egiten duzunean, istorioa egiten duzu lehenago, pertsonaiak...?

Orokorrean, ideia txiki batzuk izaten ditut, eta lehenbiziko lau edo bost orriak marrazten hasten naiz. Orduan, jada badut elementu bisual bat eta elementu bisual horrek nire buruan beste ideia batzuk sortzen ditu, eta orduan hasten naiz istorioa eraikitzen. Beraz, esan daiteke normalean lehen hamar edo hamabost orrietan oraindik ez dela korapiloa edo misterioa hasi, baina badakit etorriko dela. Nire istorioak dira apur bat behe-lainotan joango banintz bezala eta aurrera egin ahala zehaztasunak ikusten noa. Baina behe-lainoa niretzat beharrezkoa da. Ez dut guztia hasieratik ezagutu nahi. Apur bat ezagutzen dut, baina kolorea ematen duten elementuak ibili ahala agertzen doaz.

Euskarara itzuli diren komiki-egile garaikide apurretakoa zara. Euskaraz daude Caatinga eta Fusila urpean.

Euskaraz ere bai? Ez nekien... Ez dakit euskaraz, gaztelania apurtxo bat soilik...

Lan gutxi daude euskarara itzulita: Asterix, Tintin, Corto Maltese...

Uste dut ez naizela kristoren arrakasta komertziala duen egilea, baina bai nahikoa nazioartekoa.

Ba al dago generorik gehiago atsegin duzuna? Zientzia-fikzioa, garaikidea, abentura, intimista...

Asko maite ez dudana garaikidea da. Jantziak, hiriak, eraikinak... Nahiago ditut gaizki jantzitako jendea, landa-eremua, animaliak, basoa... Natura maite dut.

Eta nahiago dituzu serieak edo album bakarreko istorioak?

Biak.

Jeremiah
Irudia: Hermann

jarduera gisa hasi zen; geroago, diru asko ematen zuela ikusirik, jarduera kapitalista bihurtu zen"

Eta zure pertsonaietarik gogokoena?

Ez dut pertsonaia gogokoenik, denak atsegin ditut. Beharbada beti ez dut asmatuko, baina normala da. Kirolariak bezala, ez zabiltza ongi egunero, hori onartu behar da. Baina pertsonaia bat badago atsegin ez dudana, utzi egiten dut.

Eta marraztea edo gidoigintza nahiago duzu?

Momentuaren arabera. Marrazkia ongi doanean, asko gustatzen zait marraztea. Baina gidoi baterako ideia onak ditudanean, plazera da hori ere.

Zein proiektu duzu eskuartean orain?

Ez dago proiekturik, inoiz ez dut etorkizunerako proiekturik. Istorio bat amaitzen dudanean, beste bat hasten dut. Une honetan, hilabete duela-edo hasi nuen western bat nire semearen gidoi baten gainean [ziurrenik Sans pardon izango da, 2015ean agertua].

Zein da egin duzun azken lana?

Jeremiahren album bat, erabat amaituta dago, Un gros chien avec une blonde du izenburua, udazkenean aterako da, oporren ondoren [2014ko irailean atera zen].

Eta Angulemako jaialdi honetara zer aurkeztera etorri zara?

Station 16, Artikoko ipar muturrean, Errusian, gertatzen den istorio bat.

Willy
Willy dio:
2016/06/08 09:07
Zorionak elkarrizketarengatik!!!
Bide batez... kazetari-paperan ez zaitut inoiz ikusi..!!! Oso ondo aukeratuta bigarren argazkia!!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10